122. ALDIZKARIA - 2009ko urriaren 2a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

504/2009 EBAZPENA, irailaren 9koa, Nafarroako Kirolaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak emana, Nafarroako XXIII. Kirol Jokoetarako dei egin eta lehiaketa arautzen duten oinarriak onesten dituena.

Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 44.14 artikuluak Nafarroako Foru Komunitateari erabateko eskumena esleitzen dio kirola sustatzearen eta aisialdia egoki erabiltzearen arloetan.

Urtarrilaren 24ko 335/1986 Errege Dekretuaren bitartez, kirolaren arloko eginkizun eta zerbitzuen transferentzia egin zen Estatuko Administraziotik Nafarroako Foru Komunitatera. Foru Komunitateari esleitu zaizkion eginkizunetako bat, espresuki aipatua, eskolako kirol jardueraren sustapena eta antolaketa da.

Nafarroako Kirolari buruzko uztailaren 5eko 15/2001 Foru Lege onartu berriak kirol politikaren helburuak aipatzen ditu 3.5 artikuluan; besteak beste, oinarrizko kirola bultzatzea eskolan, beste edozein kirol jardueraren aurretik, funtsezkotzat jotzen baita hori kirolak maila guztietan aurrera egin dezan Nafarroan.

Orobat, aipatu foru legearen 6.2.g artikuluan ageri denez, Foru Komunitateko kirol administrazioaren eskumena da Nafarroako kirol lehiaketa ofizialak antolatzea, edo antolatzeko baimena ematea, kirolariak nahitaezko eskolatze aldian direnean.

Nafarroako Kirolaren Institutuaren estatutuak onesten dituen martxoaren 17ko 18/2008 Foru Dekretuak honako hau ezartzen du: erakunde autonomoak, Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuko titularraren planifikazio, zuzendaritza eta babesaren pean, Nafarroako Gobernuari dagozkion kirol arloko eskumenak gauzatuko ditu, estatutuek berek ezartzen duten irispidearekin.

Honako hauek dira Kirol Zuzendariordetzaren eginkizunetako batzuk:

a) Kirola bultzatu, koordinatu eta sustatzea.

b) Nafarroako kirol federazioak eta beste kirol entitate batzuk, esleitu zaizkien eginkizun publikoak betetzen ari direnean, koordinatu eta begiratzea, haien jarduera pribatua ezertan eragotzi gabe. Nafarroako kirol federazioei, elkarte gisa antolatutako entitate pribatuak direnei, administrazio arloko eginkizun publikoak esleitu zaizkie, eta onartuak dituzte beren eginkizunen artean, apirilaren 14ko 80/2003 Foru Dekretuaren bidez, bakoitzari dagokion kirol mota bultzatu eta garatzekoak, baita Nafarroa mailako lehiaketa ofizialen antolaketa ere.

c) Nahitaezko eskolaldian daudenentzat Nafarroako kirol lehiaketa ofizialak antolatzea edo antolatzeko baimena ematea.

Azaldutakoa kontuan harturik, bidezkoa da Nafarroako XXIII. Kirol Jokoetarako dei egin eta joko horiek arautzeko oinarrizko irizpideak finkatzea, Foru Komunitatearen esparruan lehiaketa ofizial gisa bilduz eta bateratuz parte-hartzaileek, eskolalditik kanpo, kimuen, haurren, kadeteen eta gazteen kategorietan egiten dituzten kirol jarduerak. Aurreko edizioetan halaxe egin da, eta finkaturik dago dagoeneko. Hala, egiten dena kirola denez gero, kirol federazioek hartu behar dute parte, esleituak dituzten eginkizunak betez.

Nafarroako Kirol Jokoen antolaketa Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuari dagokio, Nafarroako Kirolaren Institutuaren bidez, Nafarroako Kirol Federazioekin eta Toki Entitateekin batera.

Bidezkoa da, halaber, Nafarroako Kirolaren Institutuak eta jokoetan parte hartzen duten kirol federazioek izenpetu beharreko itunen testua onestea.

Nafarroako Kirolaren Institutuaren estatutuak onesten dituen martxoaren 17ko 18/2008 Foru Dekretuaren 12. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Nafarroako XXIII. Kirol Jokoen deialdia eta lehiaketa arautzen duten oinarrizko irizpideak onestea, ebazpen honen eranskinean azaldu bezala, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

2. Nafarroako Kirolaren Institutuak eta jokoetan parte hartzen duten kirol federazioek izenpetu beharreko itunen testua onestea.

3. Ebazpen honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

4. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan, eta ohartaraztea ebazpenaren kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dela, Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

5. Ebazpen hau igortzea Nafarroako Kirolaren Institutuari, Kirol Zuzendariordetzari, Idazkaritza Nagusiaren eta Kide Anitzeko Organoen Zerbitzuari, Gai Ekonomikoak eta Prozedurak Kudeatzeko Bulegoari eta Nafarroako kirol federazio interesdunei, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2009ko irailaren 9an.-Nafarroako Kirolaren Institutuko zuzendari kudeatzailea, José Javier Esparza Abaurrea.

I. ERANSKINA

XXIII. Kirol Jokoen araudia

Nafarroako Gobernuak, Nafarroako Kirolaren Institutuaren bitartez, Nafarroako XXIII. Kirol Jokoetarako dei egiten du, 2009-2010 ikasturterako. Ondoko arau orokorrei jarraituz gobernatuko dira:

OINARRIAK

1.-Esparrua.

Nafarroako Kirol Jokoak ("NKJ" hemendik aitzina) Nafarroako lehiaketa ofizial bakarrak dira, deialdian sartutako kirol eta kategorietako Nafarroako txapeldunak nor diren erabakitzen dutenak. Adin horietako haurrei Nafarroako kirol federazioetatik beste edozein jarduera eskaintzeko, Nafarroako Kirolaren Institutuaren (NKI hemendik aitzina) oniritzia beharko da.

NKJren programa normalean larunbat goizetan eginen da eta sustatzeko jarduerak eta jolasak biltzen ahalko ditu.

2.-Parte hartzea.

NKJren programan Nafarroan eskolaturik dauden edo bertan bizi diren kirolari guztiek hartzen ahalko dute parte, baldin eta Nafarroako Kirol Entitateen Erregistroan inskribatuta dagoen kirol elkarte bateko kideak badira. Adinaren arabera, kategoria hauetan sailkatuko dira:

-"Ki'' Kimua: 1998-99an jaiotakoak.

-"H" Haurra: 1996-97an jaiotakoak.

-"K" Kadetea: 1994-95ean jaiotakoak.

-"G" Gaztea: 1992-93an jaiotakoak.

Aipatu adin eta kategoriak kirolen ezaugarrien eta arauen arabera aldatzen ahal dira. Bestalde, Benjamin kategoria gehitzen ahal da, Adingabearen Kirol Araudia pixkanaka betetzearren. Hori kasuan kasuko erregelamendu teknikoan adieraziko da. Modalitate/espezialitate desberdinetan parte hartu nahi duten ikasleen parte-hartzea bideratuko da.

Betebehar horiek bete gabe parte hartu nahi duten kirolarien kasuan, Antolaketa Batzordeak eman beharko die baimena.

Salbuespen gisa, osaera mistoko taldeek ere hartzen ahalko dute parte, hala komeni bada eta Antolaketa Batzordeak balorazioa egin ondoren NKIko zuzendari kudeatzaileak baimena ematen badu, ebazpen baten bidez.

Nafarroako Kirol Jokoen modalitate desberdinak zabaldu eta ezagutzera emateko, antolakundeak, kirol jarduerak egiten diren bitartean, bideo grabaketak edo argazkiak egiteko beharrezkoak diren baliabideak jarriko ditu, eta ondoren horretarako prestatutako web gunean argitaratuko. Talde edo kirolariren batek bere irudia agertzea nahi ez badu, idatziz eskatu beharko dio antolakundeari parte-harte inskripzioa egiterakoan, dagokion kirol federazioaren bidez.

3.-Helburuak.

a) Nafarroako herritar guztiei deialdiko kategorietan eta modalitateetan kirola egiteko bide ematea, eta kirolaren heziketa eta hezkuntza arloak bultzatzea.

b) Parte-hartzaileen ezaugarrien araberako kirol jarduerak eskaintzea, integrazioa ahalbidetuz eta kiroltasuna bultzatuz.

c) Gutxi errotutako kirol motak edo jolas gisakoak bultzatzea adin horietan.

d) Kirolean etorkizuna izan lezaketen haurrak nabarmentzeko bidea ematea.

e) Teknikariak prestatzeko plan bat ezartzea, parte hartzen duten kirol elkarte eta taldeen arduradunak, zentzuzko epe batean, prestatuagoak egon daitezen beren eginkizunak hobeki gauzatzeko.

4.-Antolaketa.

NKIri dagokio NKJen antolaketa orokorra, baina Nafarroako kirol federazioen esku utziko du, nork berea antola dezan. Bestetik, Nafarroako toki entitateen laguntza izanen du.

Parte-hartzaileek inskripzio kuotak ordaindu beharko dituzte eta, hala denean, gordailuak, inskripzioa egiten dutenean.

Gazte, kimu eta benjamin kategoriak eta zelaiko futbol modalitatea ohiko modalitate eta kategorietatik bereizten ahalko dira programan, horretan sartu ahala.

Kirolen egutegia gehitu da, parte hartzeko baldintzak zehaztuta: inskripzio epea, jokalari kopurua, inskripzio kuotak eta gordailuak.

NKJen gaineko informazio eta komunikazio guztietan programaren logotipoak erabiliko dira; halaber, antolatzaileak eta laguntzaileak adieraziko dira.

a) Antolaketa Batzordea: kirol bakoitzak bere batzordea izanen du, NKIko bi ordezkarik eta dagokion federazioko beste bik, gutxienez, osatua. Eginkizunen artean, honako hauek izanen dituzte:

Kirol bakoitza antolatu, garatu eta ebaluatzea, baita Lehiaketa Sistema, Araudi Teknikoa eta Diziplinakoa, adinari egokitua eta federazioek proposatua, onestea ere.

Lehiaketa hasi aurretik, kirol federazioek Lehiaketa Sistemak, Araudi Teknikoak eta Egutegiak argitaratuko dituzte, inskribitutako elkarteen eskura egon daitezen.

b) Jarraipen Batzordea: kirol guztietarako Jarraipen Batzorde bana sortuko da, Antolaketa Batzordearekin bat heldu dena ala ez.

Batzordeak ondoko eginkizunak izanen ditu, besteak beste:

-Laguntzaileak izendatzea, programaren garapena gainbegiratu, jarraitu, informatu eta hobekuntzak proposatzeko. Batzordea eta laguntzaileak kreditatuak egonen dira eta gaitasuna izanen dute NKJen helburuak eta kirol balioak betetzen diren begiratzeko.

-Jarduera egitean diziplinaren kontra gertatzen ahal diren salbuespenezko ekintzak aztertu eta, komenigarri baderitzote, kasu horietan izan litezkeen kirol zehapenak betetzeko aukerak diziplina batzordeei proposatzea.

-Programaren garapen egokian eta haren kalitatean sortzen diren arazoak konpontzea.

c) Joan-etorriak: kirol modalitate bakoitzaren berariazko ezaugarri eta inguruabarretara egokitutako joan-etorri sistema zehaztuko da eta horren berri parte-hartzaileei emanen zaie, inskripzioa egiten dutenean.

Hauek dira joan-etorrien arau aipagarrienak:

1) Talde bakoitzak elkarteko arduradun bat bederen, adin nagusikoa, beharko du, nahitaez, joan-etorria bukatu arte.

2) Elkartea/taldea behartuta dago, astero, joan-etorria nola eginen den jakitera, ezartzen diren baliabideak erabiliz.

3) Parte-hartzaileak bidaiaren plana betetzera behartuta daude.

4) Antolakundeak programatutako garraioa erabili behar ez duten taldeek kasuan kasuko federazioari jakinarazi beharko diote, partida eguna baino bost egun lehenago, gutxienez. Antolakundeak programatutako joan-etorrietan, taldeek hori erabiliko dute bai joateko bai itzultzeko.

Joan-etorrien araudia betetzen ez duen taldeak bere gain hartu beharko du erabili ez duen joan-etorri programatuaren gastu proportzionala, hala gertatzen den lehen aldian. Bigarrenean, joan-etorri programatuaren gastu proportzionala bere gain hartzeaz gainera, garraio antolatua eta horretarako diru-laguntzak izateko eskubidea galduko du.

Honako hau da araudia ez betetzea:

-Bidaien programazioa argitaratu ondoren jakinaraztea garraioa ez duela erabili behar, justifikatutako arrazoiren bat izan ezean. Halakotzat ez jotzea partidaren programazioaren aldaketa.

-Autobusa joateko erabiltzea baina itzultzeko ez.

-Programatutako bidaiako autobusa ez erabiltzea.

Salbuespenez, Jarraipen Batzordeak joan-etorrien araudia urratzea dela-eta alegaturiko arrazoiak baloratzen ahal ditu.

d) Instalazioak: NKJetan parte hartzen duten talde guztiek instalazio egokiak izanen dituzte lehiaketan aritzeko; bestela, antolatzaileekin moldatuko dira beste instalazio batzuk erabiltzeko. Ez da inoiz instalazioen alokatze gasturik sortuko NKJen programaren kargura. Instalazioetan jokatzeko ordu finkoa duten taldeek hura egokitu egin beharko dute beste taldeak garraio ofiziala erabiltzen badu.

e) Osasun laguntza eta aseguruak: NKJetako kirol modalitate guztietako parte-hartzaileei, kirola egiteagatik, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren osasun laguntza dagokie, oro har (Osasuneko kontseilariaren 64/2003 F.A., maiatzaren 15ekoa).

NKIk istripuetarako aseguru poliza izanen du kontratatua, heriotza eta/edo istripuko galera anatomikoak zein funtzionalak babesteko. Nafarroako Gobernuak erantzukizun zibilaren inguruan ezarritako estaldura orokorrean (Kirolari buruzko Legearen 67. art., 55. or.) sartuta dago programatutako jardueraren ondoriozko erantzukizun zibila.

f) Garaikurrak eta dominak: NKIk erabakiko du zenbat garaikur eta domina eta nolakoak eman NKJetako finaletan, baita protokoloa eta haien dekorazioa ere. Kirol federazioek behar dutena eskatuko diote NKIri, horiek eman baino 20 egun lehenago gutxienez.

5.-Kirol programa.

Modalitateak/Espezialitateak: Urpeko jarduerak (igeriketa hegatsekin), Xakea, Atletismoa, (krosa eta pista), Badmintona, Saskibaloia, Eskubaloia, Beisbola, Txirrindularitza (BTT, errepidea eta pista), Kirol egokituak, Neguko Kirolak (iraupen eskia), Mendiko kirolak eta eskalada (orientazioa, ibilaldi neurtuak eta eskalada), Futbola (zelaiko futbola, aretoko futbola eta emakumezkoen 7ko futbola), Gimnastika, Herri Kirolak, Zaldiketa, Judoa eta A.K., Karatea, Igeriketa (igeriketa eta waterpoloa), Padela, Irristaketa (abiadura eta hockeya), Pilota (pilota eskuz, zesta punta, erremontea, paleta -gomazko pilota eta larruzkoa-, pala motza eta guantea-laxoa), Errugbia, Taekwondoa, Tenisa, Mahaiko Tenisa, Triatloia (triatloia eta duatloia), Bela eta Boleibola.

NKIko Kirol Zuzendariordetzak aldatzen ahalko ditu NKJen kirol modalitateak, hala komeni denean.

KIROL MODALITATEAK

INSKRIPZIO EPEA

INSKRIBATUTAKO JOKALARIAK

GUTXIENEZ-GEHIENEZ

JOKALARI KOP.

GEHIENEZ AKTAN

KUOTA

GORDAILUA

EGUTEGIA

Urpeko jarduerak

Proba baino 10 egun lehenago

-

-

5 euro

-

Otsaila-maiatza

Xakea (Taldea)

Federazioaren arabera

4 edo gehiago

4

20 euro

30 euro

Urria-maiatza

Xakea (Banakakoa)

Federazioaren arabera

-

-

5 euro

-

Urtarrila-maiatza

Atletismoa (krosa)

Federazioaren arabera

-

-

5 euro

-

Azaroa-otsaila

Atletismoa (Pista)

Federazioaren arabera

-

-

5 euro

-

Urtarrila-maiatza

Badmintona

Proba baino 10 egun lehenago

-

-

5 euro

-

Otsaila-apirila

Saskibaloia

Urriaren 9ra arte

8-15

12

75 euro

90 euro

Urria-maiatza

Eskubaloia

Urriaren 2ra arte

12-18

14

75 euro

90 euro

Urria-maiatza

Beisbola

Irailaren 25era arte

12-18

12

45 euro

60 euro

Urria-ekaina

Txirrindularitza

Proba baino 10 egun lehenago

-

-

5 euro

-

Urria-abuztua

Kirol egokituak

Federazioaren arabera

-

-

5 euro

-

Urria-maiatza

Neguko kirolak

Proba baino 10 egun lehenago

5 euro

Otsaila-apirila

Mendiko kirolak

Proba baino 5 egun lehenago

-

-

5 euro

-

Azaroa-maiatza

Areto futbola

Urriaren 2ra arte

8-15

12

75 euro

90 euro

Urria-maiatza

Zelaiko futbola

Federazioaren arabera

16-25

16

75 euro

90 euro

Urria-maiatza

Emakumezkoen 7ko futbola

Urriaren 2ra arte

10-16

14

75 euro

90 euro

Urria-maiatza

Gimnastika

Federazioaren arabera

-

-

5 euro

-

Herri kirolak

Otsailaren 12ra arte

10-16

10

20 euro

90 euro

Martxoa-maiatza

Hockeya

Abenduaren 18ra arte

5-15

10

20 euro

60 euro

Urtarrila-martxoa

Zaldiketa

Proba baino 10 egun lehenago

-

-

5 euro

-

Urria-ekaina

Judoa eta A.K.

Proba baino 10 egun lehenago

-

-

5 euro

-

Otsaila-maiatza

Karatea

Proba baino 10 egun lehenago

-

-

5 euro

-

Azaroa-maiatza

Igeriketa

Proba baino 10 egun lehenago

-

-

5 euro

-

Azaroa-maiatza

Padela

Proba baino 10 egun lehenago

-

-

5 euro

-

Urria-maiatza

Irristaketa

Proba baino 10 egun lehenago

-

-

5 euro

-

Otsaila-apirila

Pilota (Eskuz/Buruz burukoa)

Abuztuaren 25era arte

-

-

5 euro

-

Iraila-abendua

Pilota (Eskuz/Binaka)

Irailaren 28ra arte

-

-

5 euro

-

Urria-maiatza

Larruzko pilotako paleta

Irailaren 28ra arte

-

-

5 euro

-

Urria-maiatza

Gomazko pilotako paleta

Irailaren 28ra arte

-

-

5 euro

-

Urria-maiatza

Pala motza

Irailaren 28ra arte

-

-

5 euro

-

Urria-maiatza

Pilota (Zesta Punta)

Irailaren 28ra arte

-

-

5 euro

-

Urria-maiatza

Pilota (Erremontea)

Irailaren 28ra arte

-

-

5 euro

-

Urria-maiatza

Pilota (Guantea-Laxoa)

Irailaren 28ra arte

4

4

5 euro

30 euro

Urria-azaroa

Errugbia

Federazioaren arabera

15

9-12-15 (S.A)

45 euro

60 euro

Azaroa-apirila

Taekwondoa

Urtarrilaren 15era arte

-

-

5 euro

-

Urtarrila-maiatza

Tenisa

Urtarrilaren 29ra arte

I 3-8/CD 4-8

-

20 euro

30 euro

Urtarrila-maiatza

Mahai-tenisa (Taldeak)

Urriaren 16ra arte

3-6

3

20 euro

30 euro

Azaroa-maiatza

Mahai-tenisa (Banakakoa)

Otsailaren 26ra arte

-

-

5 euro

-

Otsaila-maiatza

Triatloia

Proba baino 10 egun lehenago

-

-

5 euro

Ekaina-iraila

Duatloia

Proba baino 10 egun lehenago

-

-

5 euro

Apirila-iraila

Bela

Proba baino 10 egun lehenago

-

-

5 euro

-

Uztaila-iraila

Boleibola

Federazioaren arabera

10-16

13

45 euro

60 euro

Urria-maiatza

Waterpoloa

Federazioaren arabera

18

13

45 euro

60 euro

Otsaila-ekaina

b) Inskripzioak: elkarteek eginen dituzte inskripzioak Nafarroako kirol federazioetan, ezarritako epeetan; inprimaki ofizialetako datu guztiak beteko dituzte eta kuotak eta gordailuak pagatuko. Tramitatu ondoren, parte hartzeko eta kasuan kasuko lizentzia emateko baimena emanen da. Horren bidez NKJetan kirolari, delegatu, entrenatzaile eta arbitro gisa parte hartzeko gaitasuna lortuko da.

Antolaketa Batzordeak, salbuespen gisa, parte hartzeko baimena ematen ahalko die gutxieneko kirolari kopurua osatu gabe ere eskaera egiten duten taldeei, aldez aurretik arrazoitu eta justifikatuz gero.

Kadete kategoriako talde parte-hartzaileetako entrenatzaileek, talde edo maila gorenetan, hasierako mailako ikastaroa behintzat egina dutela frogatu beharko dute inskripzioa egitean, modalitate hauetan: futbola, areto-futbola, saskibaloia, eskubaloia, atletismoa, judoa, karatea, igeriketa, taekwondoa eta waterpoloa. Hori ezinezkoa bada, NKJen XXIII. edizioan zehar aurkeztu beharko dute dokumentazio hori. Hori egiten ez badute ezin izanen dira inskribatu hurrengo edizioan entrenatzaile gisa parte hartzeko.

Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan ezarritakoarekin bat, antolakundeak datuen isilpeko tratamendua bermatzeko beharrezkoak diren neurriak hartuko ditu. Nafarroako Kirol Jokoetako parte-hartzaileek emandako datu pertsonalen bilketaren, tratamenduaren eta lagatzearen helburua inskripzioaren kudeaketa administratibo hutsa da. Parte-hartzaileak datuak ikusi eta zuzentzeko eskubidea izanen du une oro. Horretarako, eskabidea egin zueneko kirol federazioara jo beharko du.

c) Kuotak eta gordailuak: elkarteek kuota bakarra pagatuko dute, inskripzio gisa.

Ondoko taulan ezarritakoak dira elkarteek pagatu beharko dituzten kuota eta gordailu guztiak; non ez dituen Antolaketa Batzordeak aldatzen.

Parte-hartzaileen erantzukizunei aurre egiteko ezarri dira gordailuak; ezarritakoa halako bi pagatuko da elkarteko talde kopurua bitik gorakoa denean modalitate berean.

Arauzko zehapenen bidez gordailua osorik galduz gero, berehala berritu beharko da taldeak lehiaketan jarraitu ahal izateko. Lehiaketa amaiturik, kirol federazioek gordailua itzuliko diete elkarteei, araudiari jarraituz erabakitzen diren kopuruak deskontatu ondoren.

d) Topaketak: ez da partidarik jokatu gabe geldituko. Taldeek ez dute zilegi arrazoirik alegatzea partida ez jokatzeko bi taldeak aurkeztu direnean eta instalazioek arauzko baldintzak eta segurantzakoak betetzen badituzte. Taldeak partida jokatzeari uko eginez gero, ez agertutzat jotzen ahalko da. Partida bakoitza hurrengoa egiteko ezarritako orduan bukatuko da, baldin eta gero beste talde batek erabili beharreko kirol eremu batean egiten bada.

e) Geroratzeak: partida bat atzeratzeko, idatzita egin beharko da eskaera hura jokatu baino sei egun lehenago gutxienez. Bi elkarteen adostasun idatzia beharko da, data, tokia, ordua eta instalazioa zehaztuta, eta federazioko organo eskudunak onetsi beharko du.

f) Emaitzen jakinarazpena: NKJen erregelamendu teknikoan araututa ez badago: etxean jokatzen duen taldeak kasuan kasuko federazioari jakinaraziko dio partidaren emaitza, egiten denetik gehienez ere 48 orduko epean. Epe horretan akta igorriko da, arbitro federaturik ez badago. Arau hori bete ezik, isuna ezarriko da eta, behin baino gehiagotan gertatuz gero, lehiaketatik baztertzen ahalko dira.

6.-Espainiako txapelketetan parte hartzea.

Kirol Kontseilu Nagusiak antolatzen dituen Espainiako Txapelketetan eskolako adinekoak autonomia erkidegoetako selekzioen bidez inskribatzea eta parte hartzea NKIari dagokio, txapelketa horietarako deialdian sartzen diren kirol modalitateetako Nafarroako selekzioen bidez edo deialdian zehazten den moduan.

NKIk zehaztuko du selekzioen araberako parte hartzea, Nafarroako kasuan kasuko kirol federazioak proposaturik. Horiek NKJen araudi teknikoetan hautatze irizpideak ezarriko dituzte puntuazioen bidez egiten diren kiroletarako.

Inskribatzeko, agiriak igortzeko eta joan-etorriak antolatzeko tramiteak NKIko Kirol Zuzendariordetzari dagozkio.

7.-Kirolaren balioak kanpaina.

Kirol balioak sustatzeko kanpainak joko garbia eta kiroltasuna bultzatu nahi du NKJen adinetan eta haien inguruan (gurasoak, entrenatzaileak, delegatuak, arbitroak eta ikusleak); horregatik, parte-hartzaile guztiei dei egiten zaie jokaera zintzoa izan dezaten joko-zelaian eta kanpoan, eta kirolaren barreneko jokabide aipagarrien proposamenak aurkezteko eskatzen da. Halaber, parte hartzen duten federazioei eskatzen zaie beren kiroletan kiroltasuna sustatu eta saritzeko sistemak proposa ditzatela.

8.-Kalitatea.

NKJen programaren helburuak betetzeko eta pixkanaka bere alderdiak hobetzeko, zuzeneko edo zeharkako parte-hartzaile guztien laguntza eskatu da, modu honetan ezarritako arauak bete eta programaren alderdiekin zerikusia duen edozein iradokizun, salaketa edo ekarpen egiteko, bai bulegoetan bai www.deporte.navarra.es web gunean.

Iragarkiaren kodea: F0922230