122. ALDIZKARIA - 2009ko urriaren 2a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

1807/2009 EBAZPENA, irailaren 4koa, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiak emana, Villatuertako Planeamenduko Arau Subsidiarioetako AR2 banaketa eremuan (jarduera ekonomikorako eremua) egiturazko aldaketa puntualaren Ingurumen ondorioen adierazpena egiten duena. Sustatzailea Villatuertako Udala da.

Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen 31.1 artikuluan ezarritakoaren arabera, udal plan orokorren aldaketek, lurzoru urbanizaezina ukitzen dutenean, Ingurumen ebaluazio estrategikoa eta Ingurumen ondorioen adierazpena behar dute, aldaketak onestearekin batera edo lehenago.

2007ko irailaren 4an Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuan aurkeztu zen Villatuertako Planeamenduko Arau Subsidiarioetako AR2 banaketa eremuan (jarduera ekonomikorako eremua) egiturazko aldaketa puntualari buruzko espedientea, Ingurumen ondorioen adierazpen honen xede dena.

Aldaketa Villatuertako Udalak hasiera batez onetsi zuen 2007ko abuztuaren 30ean egindako osoko bilkuran eta 2007ko 118. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, irailaren 21ean. Ondoren, proiektuaren aldaketa bat egin zen, hasiera batez onetsitako planaren egitura organikoan funtsezko aldaketa ekarri zuena. Hortaz, jendaurrean berriro paratu zen hilabete batez behin-behineko onetsi baino lehen. Iragarkia 2008ko 6. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, urtarrilaren 14an. Ez zen ingurumenari buruzko alegaziorik aurkeztu.

Aldaketaren eremuak 923.700 m²-ko azalera hartzen du, horietatik 584.957 m² lurzoru urbanizaezina dira eta industrialdea ipar-ekialdera zabaltzea ekarriko du, eta Muskilda mendiko hego-mendebaldeko hegala barnean hartuko du. Jarduketa eremuak mugak hauek izanen ditu: iparraldean A-12 autobia, ekialdean Muskilda mendia, eta hegoaldean eta hego-mendebaldean NA-132 errepidea eta egungo industrialdea. Lur zorua mahastirako eta zereal laboreetarako erabiltzen da nagusiki, eta, tartean, erkamezti, abarizti eta sastrakadi azalera txikiak daude. AR-2 banaketa eremua lau etapatan gauzatuko da. Etapa horiek plan partzial batean bilduko dira.

2008ko otsailaren 22an, Ingurumenaren gaineko Eragina Aztertzeko Atalak txostena eman zuen. Bertan ezartzen zuen, martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legeari jarraikiz, aldaketa Ingurumen ebaluazio estrategiko gisa tramitatu behar dela eta Ingurumen ondorioen azterlana barnean hartu beharko duela. Hauek aztertuko ditu: eremuko landaredia eta egungo erabilerak; egungo eta azkeneko profil topografikoak; beharrezko azpiegitura eta zerbitzuetarako aurreikusitako irtenbideak; eta hura gauzatzen duten proiektuen eragina, bereziki lurraren maldak eragindakoa, murrizteko aplikatu beharreko jarraibideak. 2008ko ekainaren 17an, Ingurumen Zuzendaritza Nagusian sartu ziren aldaketaren agiri guztiak, Ingurumen ondorioen azterlana barne.

Dokumentazioa azterturik eta Planeamenduko Arau Subsidiarioetako AR-2 banaketa eremuan (jarduera ekonomikorako eremua) egiturazko aldaketaren ondoriozko eraginak ikusirik, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuak proposatu zuen aldaketa ezarritako moduan ukatzea. 2008ko urriaren 21ean, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuak aldaketa ingurumenaren aldetik desegokia dela dioen Ingurumen ondorioen adierazpena igorri zien Villatuertako Udalari eta Lurraldearen Antolamendu Zerbitzuari eta 15 eguneko entzunaldia ireki zen. Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Legearen 33.3 artikuluan ezarritako epea iraganda, alegaziorik aurkeztu ez zela ikusirik, aldaketa ingurumenaren aldetik desegokia zela zioen Ingurumen ondorioen adierazpena egin zen, abenduaren 23ko 2448/2008 Ebazpenaren bitartez.

2009ko apirilaren 3an, Villatuertako Udalak Ingurumen ondorioen azterlan aldatua aurkeztu zuen. Apirilaren 29ko 0280/2009 Ebazpenaren bidez, jendaurrean paratu zen eta ez zen ingurumenari buruzko alegaziorik aurkeztu.

Dokumentazio berriak La Zorrera parajean natura lehengoratzea izeneko azalera handitzea sartu du, landatutako eremuak landarediaren bilakaera naturalera eta/edo landaketa eta/edo ezkurren ereintzara pasa daitezen. Eremu honetako gutxi gorabeherako azalera 15,5 hektareakoa da eta bere baitan gaurko landarediaren zainketa eremu gisa mugatutako erkametzetako baso txikia eta larreak hartzen ditu.

Ingurumen ondorioen aztarlanean ingurune fisikoa eta biologikoa deskribatzen dira, bai eta egungo erabilera eta landaredia, maldak eta eremuko paisaia ere, eta azterketa sozioekonomikoa hartzen du barnean. Ukipenak identifikatu eta ezaugarritzen ditu eta prebentziorako zenbait neurri sartzen ditu, honela zehaztuta: gaurko landarediaren zainketa eremuak mugatzea (erkameztiak, abariztiak, zuhaixka-sastrakadiak eta larre xerofiloak), landare pantailak eta natura eta landaredia lehengoratzeko eremuak.

Azpimarragarria da neurri zuzentzaile hau: ingurumena eta paisaia lehengoratzeko plan bat egitea, urbanizazio proiektuan sartu beharko dena. Plan horren helburua ingurumen irizpideak eta landaketak zein eremutan eginen diren zehaztea izanen da. Azkenik, ingurumena zaintzeko plan bat ezartzen du.

Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuak Ingurumen ebaluazio estrategikoaren prozedura egiteari buruzko eta ingurumen baldintzak gehitzeari buruzko informazioa eman du. Aldeko txostena ere eman du, betiere zenbait baldintza betetzen badira. Aldaketaren ukipen orokorrak neurritsutzat hartu dira industrialde eta NA-132 errepidearen ondoko handitze eremuan, eta gogortzat altitude handiagoko eremuetan, iparrerantz, aldakuntza topografikoak direla kausa. Hortaz, plan partzialean, Ingurumen ondorioen azterlanak definitzen duen Ingurumena lehengoratzeko planarekin eta Ingurumena zaintzeko planarekin batera, neurri prebentibo eta zuzentzaileak sartu beharko dira.

Espedientean dauden txostenak ikusirik eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak urriaren 10eko 426/2007 Foru Aginduaren bidez eskuordetutako ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Villatuertako Planeamenduko Arau Subsidiarioetako AR-2 banaketa eremuan (jarduera ekonomikoetarako eremua) egiturazko aldaketa puntualaren Ingurumen ondorioen adierazpena egitea. Sustatzailea Villatuertako Udala da.

2. Udal Planean honako alderdi hauek gehitu beharko dira Ingurumen ondorioen adierazpen hau onesteko:

-Neurri prebentibo eta zuzentzaileak, bai eta Ingurumen ondorioen azterlanak ezarritako Ingurumena zaintzeko plana ere sartuko dira. Ingurumena eta paisaia lehengoratzeko proiektu bat eginen da Ingurumen ondorioen azterlanak ezartzen duenari jarraikiz (2009ko apirila).

-El Ginebral baso txikia gaurko landaredia zaintzeko eremu gisa mugatuko da.

-Paiasaiari buruzko azterlan espezifikoa eginen da. Horrek jarduketak paisaiarekin bat egiten duela bermatzeko beharrezko neurriak ezarriko ditu eta kontuan hartuko ditu berdeguneen diseinua eta antolamendua, industria esparru eta haren ingurunearen arteko trantsizioa erraztuko duten egitura osagai gisa.

-Isurketa urak tratatzeko sistema espezifikoa izanen da, eremu zolatuetatik iristen diren euri uren ondorioz lur gaineko uretan (Ega ibaia) kutsadurarik ez dagoela bermatzeko. Olioak, koipeak eta arrastatutako solidoak bereiziko dira eta isuritako uren kalitatea kontrolatuko da. Isurketa uraren kalitateak ez luke urbanizazioa egin aurreko balioa baino kaskarragoa izan behar.

-Drainatze sistema iraunkorrak ezarriko dira, lurraren irazgaiztea eta azaleko isurketa-uraren emaria gutxituko dituztenak, eta urbanizatu aurretik izandako hidrologia ahalik gutxien aldatuko dutenak. Lehentasuna emanen zaio zoladura drainatzaileak, batez ere landaredunak, erabiltzeari.

-Kaleko argien instalazioa Argiteria Gaueko Ingurumena Babestearren Antolatzeari buruzko azaroaren 9ko 10/2005 Foru Legearen arabera eginen da.

3. Ingurumen ondorioen adierazpena Plan partziala Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentura igortzearen mende geldituko da, han aipatutako baldintzak betetzen diren egiazta dezaten.

4. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen 23. artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

5. Ebazpen hau Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuari, Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuari eta Villatuertako Udalari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2009ko irailaren 4an.-Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusia, Andrés Eciolaza Carballo.

Iragarkiaren kodea: F0922132