122. ALDIZKARIA - 2009ko urriaren 2a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

1806/2009 EBAZPENA, irailaren 4koa, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiak emana, Ingurumen ondorioen adierazpena egiten duena "Ablitasko lurzati berrantolamenduko 2. poligonoko 78. lurzatian turismoko kanpaleku bat egiteko plan bereziari" buruz. Promociones Urbanas Mendianike, S.L.k sustatu du.

Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen 31. artikuluak ezarritakoaren arabera, plan bereziei Ingurumen ebaluazio estrategikoa (3A eranskina, B.3 atala) eta Ingurumen ondorioen adierazpena egin behar zaie, plan horiek onestearekin batera edo lehenago.

Ablitasko Udalak, 2008ko azaroaren 7ko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Plan Berezia. 149. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, abenduaren 8koan, azaldutako iragarkiaren bitartez jendaurrean jarri zen. Queilesen erriberako natur ondarea babesteko plataformak egindako alegazioak jaso ziren. Alegazio haietan eskatzen zen Ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioko prozedurari jarraikiz tramita zedila espedientea. Eskaera horri erantzunez adierazi behar da lurraldea eta hirigintza antolatzeko tresnak, hala nola Plan Bereziak, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen 31. artikuluak gidatzen dituela eta horrek Ingurumen ebaluazio estrategikoaren prozedura arautzen duela.

2008ko abenduaren 16an, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuan Plan Bereziaren dokumentazio osoa aurkeztu zen, Ingurumen ondorioen azterlana biltzen zuena, eta hasiera eman zitzaion Ingurumen ebaluazio estrategikoari. Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuak 2009ko otsailaren 18an egindako txostenaren bidez, turismoko kanpalekuari buruz proposatutako antolamendua aldatzeko eskatu zen, ingurumenaren aldetik ahulena den eremua, Lor aintzira, ahalik eta gutxien ukitzeko. Txosten horretan adierazten da Ingurumen ondorioen azterlaneko prebentzio eta zuzenketa neurriak Plan Bereziko araudi agirian jaso behar direla.

2009ko apirilaren 2an, Plan Bereziaren dokumentazio aldatua aurkeztu zen eta, kontuan harturik ingurumen eragina murrizten duten aldaketa nabarmenak egin direla, nahikotzat jo eta jendaurreko bigarren epe bat ireki da (2009ko 65. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, maiatzaren 27koa). Ez da alegaziorik jaso.

Plan Bereziaren xedea da turismoko kanpaleku bat egitea "viñas nuevas" alderdian, eta Nafarroako Erriberan turismoko halako instalazio bat sortzea. Plan Bereziaren funtsezko helburuak dira eremu horrek naturaren, paisaiaren, nekazaritzaren eta oihanaren aldetik dituen balioak zaintzeko behar diren neurriak ezartzea eta kanpalekua behar diren hirigintza zerbitzuez hornitzea eta, horretarako, lurzoru urbanizaezinean kokatu ahal izateko hirigintza arloko baldintzak arautzea.

Plan Bereziaren proposamenean Ablitasko udalerriko lurrak sartzen dira, eta lur horien mugak Lor aintzira ekialdean eta nekazaritzako bideak, erretenak eta lurzati mugak dira. Proiektua gauzatzeko eremua lurzoru urbanizaezin generikoa da, babes berezikoa Lor aintzirari dagokionez, eta ureztaketa ere babestekoa. 944.860 m² hartzen ditu eta horietatik 116.880 m² 2. poligonoko 78. lurzatian, turismoko kanpalekua jartzeko eremuan hain zuzen.

Ingurumen ondorioen azterlanak ingurune fisikoko datuak jaso ditu ingurumen inbentarioan: klimari, geologiari eta geomorfologiari, hidrologiari eta edafologiari buruzko datuak. Plan Bereziko eremua, klima mediterranear kontinentalizatukoa, Ebroren arroan dago, Queiles ibaiaren terrazako gai tertziarioen gainean. Erliebea leuna da eta, Plan Bereziaren eremuan, lurrean egindako aldi baterako erretenak baizik ez dira ageri azaleko hidrologian. Azterketa bioklimatikoan eta geobotanikoan oinarriturik, eremu mediterranear horretan berezkoa den landarediaren serieak eta geoserieak identifikatu dira. Hala ere, nekazaritzarako erabiltzen da gehienbat, olibadiak eta zerealak aldizkako ureztaketarekin.

Lor aintzirak garrantzia du, uretako hegaztientzako interesa duelako. Aintzira hori Nafarroako Hezeguneen Inbentarioan sartuta dago (4/1997 Foru Dekretua, urtarrilaren 13koa). Aintzirak uretako hegaztien habiagintzarako duen garrantziak eta turismoko kanpalekuaren hurbiltasunak erabateko eragina izan dute Plan Berezian sartu diren aldaketetan, Ingurumen ebaluazio estrategikoaren prozedura osoan. Interesa dute, halaber, lurzati horretan dauden ehun urtetik gorako olibondoek, eta bere horretan utzi edota lurzatiaren barrenean birlandatuko dira.

Turismoko kanpalekua antolatzeko proposamenean biribilgune bat agertzen da, NA-3042 errepidetik sartzeko, eta Ablitastik hasitako oinezkoentzako sarbidea, bertan dauden lurzati berrantolamenduko bideetan barna. Barneko diseinuan eta antolamenduan trazadura organikoa agertzen da, inguru horretako topografiari egokitua.

Plan Bereziaren araudi agirian Ingurumen ondorioen azterlaneko prebentzio eta zuzenketa neurriak jaso dira. Hartu diren neurrien artean honako hauek dira nabarmentzekoak: turismoko kanpalekuaren antolamendua eta sarbidea aldatzea, erabilera intentsiboko eremuak Lor aintziratik urrunduz, faunarentzako garai kritikoak errespetatzea exekuzio fasean, ehun urtetik gorako olibondoak bertan uztea, Plan Bereziko eremua E1 eremu gisa sailkatzea argi kutsaduaren eraginari dagokionez, ur kontsumoa murrizteko sistema eraginkorrak instalatzea eta urak berrerabiltzeko neurriak aplikatzea.

Neurri konpentsatzaile gisa, ur bazterreko landareak sartuko dira Lor aintziraren ekialdean, begi-inpaktuaren kontrako hesi moduan. Ingurumen ondorioen azterlanean ingurumena zaintzeko plan bat sartu da. Azkenik, ingurumen eraginak bateragarri eta moderatutzat jo dira eta neurri zuzentzaileak aplikatu beharko dira, bai obren fasean bai ustiapenekoan.

Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuak txostena egin du eta bertan azaldu du nola gauzatu den Ingurumen ebaluazio estrategikoaren prozedura eta nola gehitu diren ingurumen baldintzak, eta proiektuaren aldeko txostena eman du.

Espedientean dauden txostenak ikusirik, Ingurumen ebaluazio estrategikorako prozedura osorik bete dela kontuan harturik eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak urriaren 10eko 426/2007 Foru Aginduaren bidez emandako ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Ingurumen ondorioen adierazpena, aldekoa, egitea "Ablitasko lurzati berrantolamenduko 2. poligonoko 78. lurzatian turismoko kanpaleku bat egiteko plan bereziari" buruz. Promociones Urbanas Mendianike, S.L.k sustatu du.

2. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen 34. artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

3. Ebazpen hau Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuari, Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuari, Basozaintzari, Ablitasko Udalari, alegatzaileei eta sustatzaileari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2009ko irailaren 4an.-Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusia, Andrés Eciolaza Carballo.

Iragarkiaren kodea: F0922133