122. ALDIZKARIA - 2009ko urriaren 2a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

697/2009 EBAZPENA, irailaren 2koa, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendariak emana, Ingurumen ukipenetarako baimena zenbait baldintzarekin ematen duena, Ablitasko udal mugapeko "La Degollada" legarra ateratzeko proiekturako, Ablitasko ureztatzaileen batasunaren ureztaketa lurrak gaurkotzeko mailegu gisa. Vías y Construcciones, S.A.k sustatu du.

2009ko ekainaren 5ean, espediente honen Ingurumen ukipenetarako baimena lortzeko eskaera sartu zen Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuan.

Proiektua abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2.C eranskineko O letran sartuta dago. Beraz, Ingurumen ukipenetarako baimena behar du. Dekretu horrek Ingurumena babesteko esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamendua onetsi zuen.

Proiektua Ablitasko lurzati berrantolamenduari eta ohiko ureztaketa berritzeari buruzko erabakiaren 90. lurzatian gauzatuko da. Lurzati hori Ablitasko katastro zaharraren 10. poligonoko 875etik 881era, 918 D eta E, 921 A eta 923 A lurzatiei dagokie. Jarduketa nekazaritzako lurzatietan eginen da baina, bigarren mailan, utzitako zenbait labore eta arbeldon sail ukituko ditu. Azken hauetan, partzialki, Nafarroako eremu honek ezaugarri dituen landaredi mediterraniarreko formazioak jarri dira.

Proposatzen da 65.000 m3 inguru legar ateratzea, 50.000 m2 inguruko lehorreko nekazaritza lurretan eta bizkar leun bat beheratzea, terraza ia lau bat eratzeko. Horrek eskatzen du, lurzatiko landare lurra kendu ondoren, lurra berdintzea, bizkarreko erdialdean gehienez ere 3 metro eta lurzatiaren kanpoko alderantz pixkanaka gutxiago zulatuz. Hortaz, proiektuaren eremuan ez da erauzketa zulorik, topografia etenik, ezta ezpondarik ere sorraraziko. Lehengoratu eta gero, erauzketako lurzatia lehorreko nekazaritzan erabiltzeko utziko da.

Lan horiek burutzeko aurreikusi den epea 6 hilabete ingurukoa da eta obra nagusiari doituko zaio.

Obra ibilgailuen mugimenduak Pozo del Bizarroko bidean barna eginen dira, lanek irauten duten bitartean konponduta izanen baita, eta hortik obra eremu ezberdinetara.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 33. artikulua eta hurrengoak betez, espedientean Ingurumen ukipenen azterlana sartu da, eta bertan biltzen da proiektuaren eta ingurune hartzailearen deskribapena, baita ingurumen integraziorako aurreikusi diren kontrol, zuzenketa, lehengoratze eta jarraipen neurrien zerrenda ere.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuarekin bat, 2009ko ekainaren 25ean espediente honen inguruko txostena eskatu zaie Nafarroako Gobernuko Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuari eta Ablitasko Udalari.

2009ko uztailaren 20an Ablitasko Udalak aldeko txostena eman zuen, indarra duen udal planeamenduarekiko egokitzapenaz.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du eskaera aurkeztu eta lau hilabeteko epean Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak Ingurumen ukipenetarako baimena eman ala ukatzeko ebazpen arrazoitua eginen duela.

Osoa eta nahikoa den espedientean dauden txostenak ikusita eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak urriaren 10eko 426/2007 Foru Aginduaren bidez eman dizkidan eskumenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena zenbait baldintzarekin ematea, Ablitasko udal mugapeko "La Degollada" legarra ateratzeko proiekturako, Ablitasko ureztatzaileen batasunaren ureztaketa lurrak gaurkotzeko mailegu gisa. Vías y Construcciones, S.A.k sustatu du.

2. Baimena izateko, sustatzaileak proposatu dituen neurri zuzentzaileak bete beharko dira, baita baldintza hauek ere:

-Aurkeztutako Ingurumen ukipen azterlanean aurreikusitako jarraipen arkeologikoa eginen da, obra nagusiaren gainerakoarentzat egiten ari denarekin bat.

-Lurzatiko landare lurra erauzketa egin baino lehen kenduko da eta bertako bazter batean pilatuko, aurreikusitako lehengoratze lanen barruan berriro jartzeko.

-Erauzteko moduan edo lurzatia lehengoratzekoan ezer aldatuz gero, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuari jakinaraziko zaio, gainbegiratu, txostena egin eta espedientean artxiba dezan.

-Aurkeztutako dokumentazio teknikoan aipatzen den babesteko 5 metroko perimetroko zerrendari jarraikiz, Ablitasko lurzati berrantolamenduari eta ohiko ureztaketa berritzeari buruzko erabakiaren 90. lurzatiaren mugakide diren ezpondak mugatuko dira, bertan dauden landaredi naturaleko formazioak ez ukitzeko.

3. Ingurumen ukipenetarako baimena eskuratzeko ezinbestekoa da 3.128 euroko fidantza jartzea, baimendutako jarduerak kalterik sortzen badu, horiek konpondu edo murriztuko direla bermatzeko, abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluan ezarritakoari jarraikiz. Foru dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen.

Fidantza jarri izanaren frogagiria eduki beharko da, lanek iraun bitartean ikuskatzaileei aurkeztu ahal izateko.

4. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, horren kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du alde batera uzten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita zenbatuko dira.

5. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

6. Ebazpen hau sustatzaileari, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuari, Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuari, Nekazaritzako Azpiegituren Zerbitzuari, Ingurumeneko Basozaintzari eta Ablitasko Udalari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2009ko irailaren 2an.-Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.

Iragarkiaren kodea: F0922131