122. ALDIZKARIA - 2009ko urriaren 2a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

UNANU

Hilerriaren erabileraren gaineko ordenantza.
Behin betiko onespena

Unanuko Kontzejuak, 2009ko ekainaren 20an egin bilkuran, erabaki zuen hasiera batean onestea Kontzejuko hilerriaren erabilera eta hura erabiltzeko tasak arautzen dituen ordenantza, jendaurreko epea alegaziorik gabe bukatu baita.

Hasierako onespenaren erabakia 2009ko 92. Nafarroako Aldizkari Ofizialean eman zen argitara, uztailaren 27an.

Jendaurreko epea inolako erreklamazio, kexa edo oharrik jaso gabe iragan denez, behin betiko onetsita gelditu da ondoren ematen den ordenantza; hori guztia, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 325 c) artikuluan ezarritakoari jarraikiz, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legean eman zaion idazketaren arabera.

Unanun, 2009ko irailaren 8an.-Kontzejuko burua, María Soledad Mozo Galarza.

UNANUKO UDAL HILERRIAREN ERABILERA ETA HURA ERABILTZEKO ETA HARTAN ZERBITZU EGITEKO ESKUBIDE ETA TASAK ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZA

I. KAPITULUA

Hilerriaren erabilera eta erabiltzeko eskubideak

1. artikulua. Toki Araubidearen Oinarriei buruzko Legearen 4, 25 eta 26. artikuluetan, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 4 eta 29.etan eta Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Foru Legearen 12. artikuluan ezarritakoaren arabera, udal hilerriaren administrazioak, zuzendaritzak eta zaintzak Unanuko Udalaren esku egon behar dute, deusetan ukatu gabe beste administrazio batzuek alor berean esleiturik izan ditzaketen legezko eskumenak.

2. artikulua. Administrazioak, zuzendaritzak eta zaintzak ahalmen hauek dakartzate berekin:

a) Hilerriko higienearekin eta osasungarritasunarekin ikusteko duen guztia.

b) Hilotzak eramateari dagokiona eta hilerriaren barne araubidea ukitzen duen guztia.

c) Lurren eta hilobien antolaketa, banaketa, erabilera eta aprobetxamendua.

d) Eskubideak eta tasak kobratzea.

3. artikulua. Kontzejuaren ardurapekoak izanen dira hilerriaren antolaketa eta funtzionamendua.

4. artikulua. Hilerrian hilobi hutsak izanen dira udalerriko biztanleriaren zentsuaren araberako kopuruan, edo horietarako lur aski bederen bai.

5. artikulua. Hilerrian, ehorzteko ekartzen den edozein hilotzi lur emanen zaio, betiere legezko tramiteak bete badira.

Hildakoaren senideek edo hurbilekoek bere kabuz egokitu beharko dute hilobia lurperatzea behar bezala egin ahal izateko. Zerbitzu hori egiteko inor topatu ezean, hilobiko gastuak ordaindu beharko dituzte, tasen eranskinean zehazten den bezala.

6. artikulua. Ordenantza honek arautzen dituen zerbitzuak emategatik udal tasak ordaindutakoan erabiltzen ahalko dira hilerriko lursailak, banakako lurreko hilobietarako.

7. artikulua. Beste hilerri batera eramateko ateratzen ahalko dira gorpuzkinak hilobietatik.

Nolanahi ere, osasunari buruz indarra duten xedapenetan ezarritakoari jarraituz atera behar dira, osasunaren aldetik behar diren neurri guztiak hartuta.

8. artikulua. Hilotzak ateratzea, beste ehorzketa batzuk egiteko.

Hilerriko zein aldetan dauden hilobi zaharrenak, handik hasiko da. Kasu horretan, zein den Kontzejuko biztanleen zentsua, haren araberako hilobi kopurua adinako lurra utziko da libre.

Hilotzak hobitik zein egun eta ordutan atera behar diren jakinaraziko zaie eskatzen dutenei, lan hori ikusi ahal izan dezaten, nahi badute.

Epea amaitzeagatik hilotza atera behar denean, ez da inolako gaztigurik eman beharko.

Eskatzaileak hilotza ateratzeko lanak bere kontura kontratatu beharko ditu. Kontzejuari jakinarazi beharko dio aitzinetik, horrek baimena eman eta lanak ikuskatu beharko baititu.

9. artikulua. Hiltzeko moduak osasun arriskurik sortu ez badu, baltsamatu gabeko hilotzak baldintza hauetan ateratzen ahal dira:

a) Lurpean ehortzitako hilotzak lurperatu zirenetik gutxienez ere bost urte iraganda atera daitezke, hezur hutsa baldin badira.

Horiek baino epe laburragoetan ez da hilotzik ateratzeko baimenik emanen, epaile baten aginduz ez bada.

Ekainetik irailera bitarte, biak barne, ez da hilotzik aterako epaileak agindu ezean.

10. artikulua. Hilotz baltsamatuak atera eta lekuz aldatzeko baimena noiznahi eman daiteke, baina zerraldoaren kanpoko kutxa berria ezarri beharko da, ongi kontserbaturik ez badago.

11. artikulua. Lekuz aldatzeko ateratzeak dagokien liburuetan idatzi beharko dira.

12. artikulua. Hilerriko lurrak ehortzeko eta hilobietako elementuak paratzeko erabiliko dira bakarrik, betiere hildakoari aipu egiten dion hilarria bada gehienez.

Egungo ilaren hurrenkerari jarraituz eginen da ehorzketa. Hilarriak lerrokatu behar dira eta gehienez 2,10 m.eta 0,90 m.ko neurriak izanen dituzte.

13. artikulua. Kontzejuak ezarriko du hilobien kokapena.

14. artikulua. Hilobiak segur, xahu eta apain atxikitzea hildakoen senideen betebeharra da.

15. artikulua. Kontzesioak eta aprobetxamendua honako hauengatik ere buka daitezke:

a) Hilerria kentzeagatik.

b) Interes publikoagatik.

c) Ehorzketa gehiago egiteko, hobiak behar direlako.

II. KAPITULUA

Tasak hilerrian zerbitzu egiteagatik

16. artikulua. Zergapeko egintza ondoko zerbitzuak ematea da:

1.-Ehorzketak.

2.-Hobitik ateratzea.

17. artikulua. Ordenantza honetan araututako zerbitzuren bat eskatzen dutenak dira tasa hauen subjektu pasiboak, pertsona fisiko, juridiko edo, nortasun juridikorik gabe, batasun ekonomikoa edo ondare banatua eratzen duten entitateak izan.

18. artikulua. Zerga-oinarria ordenantza honen tarifen eranskinean agertzen da. Tributu-kuota eta zerga-oinarria berdinak dira.

23. artikulua. 16. artikuluko 1 eta 2 zenbakietan aipatzen diren zerbitzuei dagozkien tasak zerbitzuak eman baino lehen ordaindu behar dira, premia larriko kasuetan edo udal bulegoek jaieguna dutenetan izan ezik. Horrelakoetan langileak oharra jasoko du eta horren berri emanen die udal bulegoei, behar den tarifa ordainarazteari ekin diezaioten.

Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Legearen 108. artikuluan xedatutakoari jarraituz, tasak autolikidazio bidez eskatuko dira.

ERANSKINA

1.-Ehorzketak.

-Unanun erroldatutakoak. Hileta zerbitzuen gastuak enpresa esleipen-hartzailearen fakturaren arabera.

-Erroldatuen tratamendu bera izanen dute hiltzean erroldaturik ez daudenek, betiere Unanun lehenago erroldatuta zeudela frogatzen badute eta Udal Erroldan baja eman zutenetik bi urte igaro ez badira.

-Erroldatu gabeak eta aurreko baldintza egiaztatzerik ez dutenak: Hileta zerbitzuen gastuak enpresa esleipen-hartzailearen fakturaren arabera eta 300 euro, Unanuko Kontzejuko kontuan sartzeko.

2.-Hobitik ateratzea.

Hilerriko hilobi guztietarako tarifa: hileta zerbitzuen gastuak enpresa esleipen-hartzailearen fakturaren arabera eta 300 euro, Unanuko Kontzejuko kontuan sartzeko.

Prezio horiek urtero eguneratuko dira, erakunde eskudunak Nafarroarako ezarritako KPIren arabera.

Iragarkiaren kodea: L0922192