122. ALDIZKARIA - 2009ko urriaren 2a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

TUTERA

Alkatetzaren 17/2009 Dekretua, irailaren 7koa

Gaurko egunez, Tuterako Udaleko alkate udalburuak ondoko dekretua eman du:

Udal honek, 2009ko urtarrilaren 30ean egin osoko bilkuran, Tuterako Udalaren antolaketa administratiboaren Erregelamendua onetsi zuen, 2009ko martxoaren 11ko Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara eman zena.

Erabaki horretan Alkatetza honen esku geratu zen egitura berria arian-arian ezartzeko ardura, ongi funtzionatzeko behar diren giza baliabideak eta baliabide materialak egokitu ahala, batik bat zerbitzuen mendekotasun organikoetan edo funtzionaletan aldaketak egonez gero.

Alde horretatik, 2009ko abuztuaren 31n, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen Tuterako Udalaren eta haren erakunde autonomoaren plantilla organikoaren behin betiko onespena, aplikatzeko azken tramitea. Haien egitura egokiturik dago aipatutako erregelamenduan agertzen denera.

Horrenbertzez, bidezkoa da bere garaian Alkatetza honek egindako eskuordetza orokorrak eta bereziak egokitzea xedapen horiek onestetik datorren egoera berrira.

Alkateak egin ditzakeen eskuordetzei dagokienez, Udalaren erregelamendu organikoaren 23.4. artikuluan ezartzen da ezen udal jardueraren alor jakinetan aritzeko eskuordetza orokorrak ematen ahal dizkiela Tokiko Gobernu Batzordeko kideei, eta edozein zinegotziri eskuordetza berezia ematen ahal diola alor horien barneko gai jakinak zuzendu eta kudeatzeko, nahiz eta Gobernu Batzarreko kide ez izan.

Azaroaren 28ko 2568/1986 Errege Dekretuaz onetsitako Toki Entitateen Antolaketari, Funtzionamenduari eta Araubide Juridikoari buruzko Erregelamenduaren 43.4 artikuluan, eta Udalaren Erregelamendu Organikoak, 23.6 b) artikuluan, ezartzen denez, zerbitzu jakin baterako izan daitezke eskuordetzak, eta delegatzen diren ahalmenetan zerbitzuen barne zuzendaritza eta kudeaketa sartzen dira, baina ez hirugarrenei eragiten dieten administrazio egintzak agintzekoa, hori alkatearen edo, behar denean, alorreko zinegotzi delegatuaren ardura izanen baita, Udalaren Erregelamendu Organikoaren aipatu artikuluan ezartzen den bezala.

Tuterako Udaleko Antolaketa Administratiboaren Erregelamenduan ezartzen da Udalaren administrazio zerbitzuen antolamendua alorren eta gainerako administrazio unitateen mailetarako. Horregatik, bidezko eta beharrezkotzat jotzen da zenbait eskuordetza berezi ematea hartan oinarriturik, hura osatzen duten unitate administratiboek beren ohiko funtzionamenduan segitu ahal izateko.

Ahalmen horiek erabiliz eta gaia arautzen duten toki araubidearen arloko gainerako legezko xedapenak ikusita,

Dekretatu dut:

Lehenbizi.-Fernando Ferrer Molina jaunaren esku uztea Gazteriaren, IKTren, Antolamenduen eta Kalitatearen inguruko gaien barne zuzendaritza eta kudeaketa, hirugarrenei eragiten dieten egintza administratiboen bidez ebazteko ahalmena kanpo delarik.

Bigarren.-Eskuordetza berezia duen zinegotziak aldez aurretik txostena emanen du Alkatetza honek Gazteriaren, IKTren, Antolamenduen eta Kalitatearen inguruko gaiei buruz hartu behar dituen ebazpenetarako. Halaber, Tokiko Gobernu Batzarrera eraman behar diren txosten-proposamenak zinegotzi delegatua jakinaren gainean dagoela eta bere sinadura dutela tramitatuko eta formalizatuko dira.

Hirugarren.-Eskurantzen eskuordetzak, dekretu honen bidez formalizatuko baita, ondorioak sortuko ditu dekretu honen dataren biharamunean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu beharko bada ere.

Horretaz gainera, eragina izateko, zinegotzi horren onarpena izan beharko du. Eskuordetza onartutzat hartuko da, inolako adierazpenik egin beharrik ez duela, baldin eta, dekretu hau jakinarazi eta biharamunetik hiru egun balioduneko epean, ez badio Alkatetzari berariaz adierazten ez duela onartzen eskuordetza.

Laugarren.-Dekretu honen berri ematea Udaleko osoko bilkurari; ukitutako zinegotziari jakinaraztea; eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, nahiz eta horrek ez duen eragozten sinatu ondoko egunetik aitzina dekretua indarrean egotea.

Tuteran, 2009ko irailaren 7an. -Alkatea, Luis Casado Oliver.

Iragarkiaren kodea: L0922404