122. ALDIZKARIA - 2009ko urriaren 2a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

TEBAS

Ordenantza fiskala, herriko jabari publikoko zoruan, hegalkinean eta zorupean horniduren zerbitzu publikoen enpresa ustiatzaileek egiten dituzten aprobetxamendu berezien tasak arautzen dituena. Behin betiko onespena

Tebasko Kontzejuko Batzarrak, 2009ko ekainaren 16ko bilkura berezian, hasiera batean onetsi zuen Herriko jabari publikoko zoruan, hegalkinean eta zorupean horniduren zerbitzu publikoen enpresa ustiatzaileek egiten dituzten aprobetxamendu berezien tasak arautzen dituen ordenantza fiskala. Dagokion iragarkia 2009ko 91. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, uztailaren 24an argitaratu ondoren, jendaurreko epean inork ez du espedientearen kontrako alegazioarik aurkeztu.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluari jarraikiz, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatu baitzuen, jendaurreko epea inork alegaziorik aurkeztu gabe iraganik, ordenantza hori behin betiko onetsi eta osorik argitaratzeko agindu da, behar diren ondorioak izan ditzan.

Tebasen, 2009ko irailaren 8an.-Kontzejuko burua, Francisco Rodríguez Martínez.

ORDENANTZA FISKALA, HORNIDURAKO ZERBITZU PUBLIKOAK USTIATZEN DITUZTEN ENPRESENDAKO HERRIKO JABARI PUBLIKOKO ZORU, HEGALKIN ETA ZORUPEAREN APROBETXAMENDU BEREZIEN TASAK ARAUTZEN DITUENA

1. artikulua. Nafarroako Toki Ogasunei buruzko 2/1995 Foru Legearen 12. artikuluaren eta hurrengoen babespean, ordenantza honen helburua da kontzejuko bide publikoetako lurzoru, zorupe eta hegalkinen aprobetxamendu berezia edo erabilpen pribatiboa egiteko tasak arautzea zerbitzu enpresa ustiatzaileen alde, herritar guztiei edo ugariri eragiten badiete.

2. artikulua. Tasa honen zergapeko egintza dira Kontzejuaren eremu publikoko lurzoru, hegalkin eta zorupearen erabilera pribatibo edo aprobetxamendu bereziak, enpresek edo entitateek jabari publikoa interes orokorreko zerbitzuak egiteko erabiltzen badute, edo herritar guztiei edo ugariri eragiten badiete.

Bereziki, zerbitzu horien barruan ur, gas, argindar, telefonia finko eta mugikor eta beste komunikabide moten hornidurak egonen dira, Kontzejuaren jabari publikoa okupatzen duten sare edo antena finkoen bitartez, osorik nahiz partez, ematen badira.

3. artikulua. Tasa horren subjektu pasiboak dira aurreko ataleko hornidurak ematen dituzten zerbitzu enpresak, bai hornidurak ematerakoan kasuan kasuko sareen titularrak badira, bai, sare horien titularrak izan gabe, sareak erabiltzeko, haietara iristeko edo elkar lotzeko eskubideen titularrak badira.

Horri dagokionez, zerbitzu horien enpresa ustiatzailetzat hartuko dira haiek banatzen eta merkaturatzen dituzten enpresak.

4. artikulua. Tasa horren zenbatekoa, hurrengo atalean jorratuko den telefonia mugikorreko kasuan izan ezik, Tebasko kontzejuaren mugapeko enpresek urtero lortzen duten fakturazioaren diru-sarrera gordinen %1,5ekoa izanen da, tasa horri lotuta badaude.

Ondorio horietarako, diru-sarrera gordinen artean ez dira sartuko egindako zerbitzuak kargatzen dituzten zeharkako zergak, ezta hirugarrenen kontura kobratutako kontu-sail edo zenbatekoak, tasaren zenbatekoa zehazteko araubide hau aplikatzen zaion entitatearen diru-sarrera berariazkoak ez badira. Orobat, Ekonomia Ministerioaren Energia elektrikoa sortzeko instalazioen administrazio erregistroaren 1. edo 2. ataletan energia sortzeko beharrezko lehengaitzat hartutako instalazioetan (araubide berezi honetan tributatzekoak) erabiltzen diren hornidura-zerbitzuen zenbatekoak ez dira fakturazioaren diru-sarreren barnean hartuko.

Hornidurak egiteko kanpoko sareak erabiltzen dituzten enpresek beste enpresa batzuei haien sareak eskuratzeagatik edo haiekin lotzeagatik ordaindu dituzten zenbatekoak kenduko dituzte beren fakturazioko diru-sarrera gordinetatik. Sare horien titulartasuna duten enpresek kontzeptu horregatik eskuratzen dituzten zenbatekoak sartu beharko dituzte beren fakturazioko diru-sarrera gordinetan.

Erabilera pribatiboak edo aprobetxamendu bereziak berekin dakartenean toki erakundearen jabari publikoaren suntsiketa edo narriadura, onuraduna, behar den tasaren ordainketa ukatu gabe, aipatu horiek berreraiki edo konpontzeko gastuen kostu osoa ordaintzera beharturik dago, baita aurretik zenbateko hori gordailutako uztera ere.

Kalteak konponezinak badira, suntsitutako ondasunek zenbat balio duten edo kaltetutakoen baliogalera norainokoa den, horrenbeste emanen du ordainetan onuradunak.

5. artikulua. Telefonia mugikorreko enpresek tasa zehazteko araubide orokorra hartu beharko dute bere gain jabari publikoaren erabilpen pribatibo edo aprobetxamendu bereziarengatik. Horretarako, erabilpenetik edo aprobetxamendutik eratorritako erabilera merkatuan izanen lukeen balioa hartuko da oinarri, ukitutako ondasunak jabari publikokoak ez balira.

Tasa zehazterakoan, gainera, ondoko irizpide hauek hartuko dira kontuan: aprobetxamenduaren iraupena eta operadore bakoitzari egotz dakiokeen berariazko koefizientea merkatu-kuotaren arabera. Hala, tasa lortuko da merkatuaren balorea iraupenarekin eta operadore bakoitzaren berariazko koefizientearekin biderkatuz.

6. artikulua. Tasa urte guztietako urtarrilaren 1ean sorraraziko da, eta zergaldia urte naturalekoa izanen da erabilpen pribatiboa hasteko edo uzteko kasuetan izan ezik, urte naturalaren zenbatekoa proportzionalki banatuko baita.

7. artikulua. Tasa ordaintzera beharturik dauden zerbitzu publikoak ustiatzen dituzten enpresek hiruhilero aurkeztu beharko dute Kontzejuaren mugapean erdietsi diru-sarrera gordinen aitorpena, aurreko hiruhilekoari dagokiona hain zuzen ere.

Aipatu aitorpen horretan tasaren zenbatekoa kalkulatu beharko da, arau honetan ezarritakoaren arabera.

Aitorpena aurkeztearekin batera, dagokien tasaren zenbatekoa ordaindu beharko dute enpresek.

8. artikulua. Ordenantza honetan arautzen den tasa independientea izanik, bateragarria da zerbitzuak emateagatik edo toki erakundearen eskumeneko jarduerak egiteagatik ezar daitezkeen beste tasa batzuekin, salbu eta erabilera pribatibo edo aprobetxamendu bereziarekin ikusteko duten tasekin, horiexek baitira ordenantzaren berezko xedeak.

9. artikulua. Tasa hau kudeatzeko, toki entitate honek beste entitate batzuekin bat egiten ahalko du hitzarmenen bidez, kudeaketa eta likidazioa errazagoak eta arinagoak izan daitezen.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Bakarra. Indarrik gabe uzten dira, baliorik eta eraginik ez dutela, ordenantza hau osoki betetzeari kontra edo traba egiten dioten kontzeju mailako lehenagoko xedapen guztiak.

AZKEN XEDAPENA

Bakarra. Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 262.2 artikuluan xedatutakoari jarraikiz, ordenantza honek indarra hartuko du Nafarroako Aldizkari Ofizialean osorik argitaratu eta biharamunean.

Tebasen, 2009ko irailaren 8an.-Kontzejuko burua, Francisco J. Rodríguez Martínez.

Iragarkiaren kodea: L0922216