117. ALDIZKARIA - 2009ko irailaren 23a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.2. Oposizioak eta lehiaketak. Lan publikoaren eskaintza

152/2009 EBAZPENA, irailaren 3koa, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak emana, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko zaintzaile gerontologiko izateko 9 lanpostu, hasiera batean, oposizio bidez betetzeko (horietatik 7 funtzionario araubidekoak; 2 lanaldi partzialeko kontratuarekin, asteburuetan aritzeko). Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiak maiatzaren 4ko 1288/2009 Ebazpenaren bidez onetsitako lekualdatze lehiaketaren bidez betetzen ez direnak, tramitatzen ari baita, gehituko zaizkio.

Urtarrilaren 29ko 8/2007 Foru Dekretuaren bidez (2007ko 17. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, otsailaren 7koa), Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen 2007ko enplegu publikoaren eskaintza onetsi zen. Bertan zaintzaile gerontologiko izateko lanpostu huts bat ageri da, funtzionario araubidekoa, D mailakoa eta plantilla organikoan 3040 zenbakia duena.

Deialdia, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak irailaren 3ko 152/2009 Ebazpenaren bidez onetsia, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko zaintzaile gerontologiko izateko 9 lanpostu, hasiera batean, oposizio bidez betetzeko (horietatik 7 funtzionario araubidekoak; 2 lanaldi partzialeko kontratuarekin, asteburuetan aritzeko). Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiak maiatzaren 4ko 1288/2009 Ebazpenaren bidez onetsitako lekualdatze lehiaketaren bidez betetzen ez direnak, tramitatzen ari baita, gehituko zaizkio.

Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak irailaren 3an emandako 152/2009 Ebazpenaren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko zaintzaile gerontologiko izateko 9 lanpostu, hasiera batean, oposizio bidez betetzeko deialdia onetsi da (horietatik 7 funtzionario araubidekoak; 2 lanaldi partzialeko kontratuarekin, asteburuetan aritzeko). Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiak maiatzaren 4ko 1288/2009 Ebazpenaren bidez onetsitako lekualdatze lehiaketaren bidez betetzen ez direnak, tramitatzen ari baita, gehituko zaizkio.

Hautapen prozesua honako hauetan xedatutakoari jarraikiz eginen da: Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bategina, abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsi zena, aipatu estatutua garatu eta betearazteko Sarrera Erregelamendua, gainerako aplikazio arauak eta deialdi honetako oinarriak.

1.-Deialdiaren xedea.

1.1. Deialdi honen xedea da zaintzaile gerontologiko izateko 9 lanpostu, hasiera batean, oposizio bidez betetzea. Lanpostuak D mailakoak dira eta atxikipen hauek dituzte:

9 lanpostu Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuko Gizarte Gaien eta Garapenerako Lankidetzaren Zuzendaritza Nagusiari atxikiak:

-6 lanpostu Nafarroako Mendekotasun Agentziaren El Vergel zahar-etxean, Iruñean: horietako 4 funtzionario araubidekoak, plantillan 7979, 7980, 8138 eta 8139 zenbakiak; 2 lanpostu lanaldi partzialeko lan araubidean, asteburuetan aritzeko, plantillan 7981 eta 7982 zenbakiak.

-3 lanpostu Nafarroako Mendekotasun Agentziaren Santo Domingo zahar-etxean, Lizarran; funtzionario araubidea dute eta plantillan 2823, 3040 eta 3059 zenbakiak.

Deialdian hasiera batean sartu diren lanpostuei gehituko zaizkie Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiak maiatzaren 4ko 1288/2009 Ebazpenaren bidez onetsitako lekualdatze lehiaketaren bidez betetzen ez direnak, tramitatzen ari baita lekualdatze hori.

Deialdiko lanpostu guztien zerrenda eta, bertan, plantilla organikoko identifikazio zenbakia, araubide juridikoa, atxikipen eremua eta destinoa zehaztuta, eraskin gisa argitaratuko da, hautapen prozeduran onartu eta baztertutako behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenari gehituta, txanda librekoen eta igoerakoen artean banatuta, Langileen Estatutuaren Testu Bateginaren 15. artikuluan ezarritako formulari jarraituz:

-lehenbiziko lanpostua txanda irekikoa izanen da.

-bigarrena, igoera txandakoa.

-hirugarrenetik aurrera, bakoitiak igoera txandakoak eta bikoitiak txanda irekikoak.

1.2. Igoera txandako lanpostuak hutsik geldituz gero, izangaiek hautaprobak gainditzeko behar den gutxieneko puntuazioa atera ez dutelako, txanda irekikoei gehituko zaizkie.

Bestaldetik, igoera txandan, hutsik dauden lanpostuak baino izangai gehiagok gainditzen badute, txanda horretan lanpostuak eskuratzen ez dituztenek aukera izanen dute txanda irekiko lanpostu hutsak eskuratzeko, txanda horretako izangaiekin lehian eta eskuratutako azken puntuazioaren arabera.

Era berean, deialdiaren 7.2 oinarrian agiriak aurkezteko ezarritako epea bukatzen denean, deialdiaren 2.1.2 oinarriko betebehar berariazkoak betetzen ez dituzten igoera txandako izangaiek txanda irekiko lanpostuak eskuratzeko aukera izanen dute, aurreko lerroaldean adierazitako modu berean.

1.3. Lanpostuak uztailaren 4ko 158/1984 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Ordainsariei buruzko behin-behineko Erregelamenduan eta "Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioa eta haren erakunde autonomoak" izeneko enpresako hitzarmen kolektiboan izaera orokorraz D maila edo talderako ezarritako ordainsariez hornituko dira.

1.4. Gainera, deialdi honen bidez, hautapen prozesua gainditu arren, lanposturik lortzen ez duten izangaiekin zerrendak osatuko dira, Nafarroako Mendekotasun Agentziaren esparruan aldi baterako kontratazioak egiteko.

Aldi baterako kontratatuak izateko izangaien zerrendak 3. eta 10. oinarrian xedatu bezala egin eta kudeatuko dira.

2.-Betebeharrak.

2.1. Oposizio honetan onartuak izateko, izangaiek, eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean eta agiriak aurkezteko epea bukatzen denetik (deialdiaren 7.2 atalean adierazia) lanpostuaren jabetza hartu arte, betebehar hauek izanen dituzte:

2.1.1. Txanda irekiko izangaiek bete beharreko baldintzak.

a) Espainiarra izatea, edo Europar Batasuneko beste estatu batekoa, edo Europar Batasunak sinatu eta Espainiak berretsitako nazioarteko itunak direla medio, langileen zirkulazio librea aplikatzen den eremuko estatu batekoa.

Orobat, espainiarren eta Europar Batasuneko beste estatuetako edo aipatu nazioarteko itunek ukitutako estatuetako herritarren ezkontideek parte hartzen ahal dute, zuzenbidez bereizita ez badaude; halaber, haien ondorengoek eta ezkontidearen ondorengoek, zuzenbidez bereizita ez badaude, 21 urtetik beherakoak badira, edo, gorakoak izanda, haien kontura bizi badira.

b) Hamasei urte beteta izatea eta erretiroa nahitaez hartzeko gehieneko adina gainditua ez izatea.

c) Lanbide Heziketako Erizaintzako Zainketa Lagungarrien teknikari titulua, Osasunaren lanbide arlokoa, Laguntza Soziosanitarioko teknikari titulua, Gizarte eta Kultur Zerbitzuen lanbide arlokoa, edo titulu baliokide bat izatea, edo eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean titulu hori eskuratzeko moduan egotea.

Atzerrian lortutako tituluak badira, homologazioaren frogagiria eduki beharko da.

d) Bete behar dituen eginkizunetan aritzeko adinako gaitasun fisikoa eta psikikoa izatea.

e) Eginkizun publikoetan aritzeko ezgaitu edo gabetua ez egotea eta administrazio publikoren baten zerbitzutik bereizia ez izatea.

Espainiako nazionalitatea ez duten izangaiek frogatu beharko dute beren estatuko funtzio publikoan sartzea eragozten dien diziplina zehapenik edo zigor penalik ez dutela.

2.1.2. Igoera txandako izangaiek bete beharreko baldintzak.

Igoera txandako izangaiek baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Nafarroako edozein administrazio publikotako langile finkoa izatea, edo Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari transferitutako Justizia Administrazioaren zerbitzuei atxikitako langile finkoa, eta abiapuntuko lanpostuan borondatezko edo nahitaezko eszedentzian ez egotea.

b) Deialdiko lanpostu hutsen maila berekoa edo apalagokoa izatea.

c) Administrazio publikoetan bost urteko antzinatasun aitortua izatea, Nafarroako polizia kidegoetako kideen kasuan izan ezik, horiek frogatu beharko baitute zortzi urtez eman dituztela zerbitzuak kidego horietan.

Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutuaren zortzigarren xedapen gehigarrian ezarri dena aplikatuz, igoera txandan esku hartzeko betebeharrak betetzen dituzten Nafarroako Parlamentuko funtzionarioek ere txanda horretan parte hartzen ahalko dute.

d) Lanbide Heziketako Erizaintzako Zainketa Lagungarrien teknikari titulua, Osasunaren lanbide arlokoa, Laguntza Soziosanitarioko teknikari titulua, Gizarte eta Kultur Zerbitzuen lanbide arlokoa, edo titulu baliokide bat izatea, edo eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean titulu hori eskuratzeko moduan egotea.

2.2. Deialdiaren 3.3 oinarriaren B) letran aipatzen den salbuespena salbuespen, izendatuak izateko proposatzen diren izangaiek deialdiaren 7.2 atalean ezarritako epean eta moduan frogatu beharko dituzte betebehar horiek.

3.-Eskabideak.

3.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak Nafarroako Gobernuak Nafarroako Larrialdietako Agentzian duen Erregistroan (González Tablas kalea, zk.g. 31005 Iruña) aurkeztu beharko dira, edo Nafarroako Gobernuaren gainerako erregistro bulegoetako edozeinetan (zerrenda 2008ko 14. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, urtarrilaren 30ean), edo, bestela, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan adierazitako bideetakoren bat erabiliz, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hogeita hamar egun naturaleko epean.

Eskabidea posta bulego batean aurkeztuz gero, gutun-azal irekian eginen da, postako langileek, ziurtatu aurretik, data eta zigilua jar ditzaten.

Eskabideak deialdiaren eranskinean argitaratutako ereduaren araberakoak izanen dira eta, horietan, izangaiek adierazi beharko dute eskatutako baldintza guztiak betetzen dituztela. Eredu hori Nafarroako Gobernuaren edozein erregistro bulegotan dago eskuragarri. Internet bidez ere lortzen ahal da, www.navarra.es helbidean, bai argitaratzen deneko aldizkari ofizialetik abiatuta bai aipu honetatik abiatuta: "Zerbitzuak", "Enplegu publikoa".

3.2 Probak gainditu arren lanposturik lortu ez dutenen zerrendan sartzeko, izangaiek beren eskabidean adierazi beharko dute zaintzaile gerontologiko izateko lanpostuak aldi baterako betetzeko Nafarroa osoan lehiatu nahi duten edo, bestela, eskabide horretan aipatzen diren eskualdeetako batean edo denetan. Hori III. eranskina betez adieraziko dute, 3. oinarrian eskabideak aurkezteko ezarri den epean. Eskabidean zer eskualde hautatzen diren, horrek ondorioak izanen ditu zerrendek indarra duten denbora guztian.

Eskualderik hautatzen ez den kasuetan, izangaiak eskualde guztietako zerrendetan sartuko dira.

Eskabideak aurkezteko epean baizik ez dira onartuko hautatutako eskualdeak aldatzeko eskaerak.

3.3. Eskabideari, behar bezala bete ondoren, agiri hauek erantsiko zaizkio:

A) Izangai guztiek aurkeztu beharreko agiriak:

Bat.-Nortasun agiri nazionalaren fotokopia, edo izangaiaren nortasuna egiaztatzen dituen beste agiri baliokideren batena.

Bi.-Espedientea formalizatzeko eta azterketa eskubideetarako 15 euro ordaindu izanaren jatorrizko ziurtagiria. Azterketa eskubideen tasa ordaintzen ez bada, izangaia baztertu eginen da.

Sistema hauetako bat erabiliz ordaintzen ahalko da tasa hori:

-Behar den bezala betetako ordainketa gutunaren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko banku entitateetan ordaintzeko. Interneten, deialdiaren iragarkian, arestian aipatutako helbidean ordainketa gutunaren eredua dago.

-Banestoko (Banco Español de Crédito) 0030 8124 87 0870002271 kontuan eskudirutan edo bankuko transferentzia bidez ordainduz; horrelakoetan, ordainagirian datu hauek jarri beharko dira nahitaez:

-Izangaiaren izen-deiturak.

-NANa/IFZ.

-Ordainketa zein kontutan egiten den, haren zenbakia.

-Kontzeptua: oposizioak.

-Deialdiaren xede den lanpostua.

Honako hauek ez dute tasarik ordaindu beharko:

a) %33ko edo hortik gorako ezgaitasun aitortua duten pertsonek, oinarri honen C atalean ezarri bezala frogatuz gero.

b) Hautaproben deialdia argitaratu aurretik hilabete batez edo luzaroago lan eskatzaile gisa inskribaturik egon diren pertsonek. Salbuespen hori aplikatzeko baldintza izanen da inskribaturik egon diren bitartean eskainitako inolako lan egokiri uko egin ez izana eta lanbide sustapen, prestakuntza edo aldaketarako ekintzetan parte hartzeari uko egin ez izana, justifikatutako kasuetan izan ezik, eta, horrez gainera, lanbide arteko gutxieneko soldatatik gorakoa den diru sarrerarik ez izatea hilabetero.

Lan eskatzailea dela frogatzeko, enplegu bulegoak emandako agiria aurkeztu beharko du. Bertan, lan eskatzaile gisa inskribatu zeneko data agertuko da eta, orobat, adieraziko da inskribaturik egon den bitartean ez diola uko egin handik eskainitako inolako lan egokiri, ez eta lanbide sustapen, prestakuntza edo moldaketarako ekintzetan parte hartzeari ere, justifikatutako kasuetan izan ezik.

Interesdunaren adierazpenaren bidez frogatuko da ez duela hilabetero lanbide arteko gutxieneko soldatatik gorako diru-sarrerarik. Adierazpen eredua Nafarroako Gobernuko Informazio Bulegoan eskuratzen ahalko da edo, bestela, Interneten bidez, arestian emandako helbidean.

B) Igoera txandako izangaiek aurkeztu beharreko agiri berariazkoak:

A atalean aipatzen diren agiriez gain, igoera txandako izangaiek honako hauek aurkeztu beharko dituzte:

Bat.-Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioa ez beste Nafarroako administrazio publiko bateko langile finkoek edo Nafarroako Foru Komunitatera transferitutako Justizia Administrazioko zerbitzuei atxikitako langile finkoek:

-Deialdi honen 2.1.2. ataleko a), b) eta c) letretan aipatzen diren betebeharrak frogatzen dituzten agiriak.

C) Ezgaitasunak dituzten izangaiek.

3.3 oinarriaren A) atalean (tasekiko salbuespena) eta 8. oinarrian (lanpostuak aukeratzeko lehentasuna) xedaturikoari dagokionez eta denborak eta baliabideak egokitzeko eskaera egiteko, %33ko edo hortik gorako ezgaitasuna duten izangaiek hori agiri hauetariko baten jatorrizkoaren edo kopia konpultsatuaren bidez frogatu beharko dute egoera hori:

-IMSERSOk edo autonomia erkidegoan eskumena duen organoak luzatutako ziurtagiria.

-Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalaren ebazpena, ezintasun iraunkor osoa, ezintasun iraunkor absolutua edo baliaezintasun handia izateagatik prestazio bat jasotzeko eskubidea onartzen diona.

Ezgaitasun aitortua duten izangaiek, ariketak egin ahal izateko denbora edo baliabideetan egokitzapenik behar badute, zilegi izanen dute eskabidean eskatzea, eta hartarako, aparteko orri batean adierazi beharko dute nolako ezgaitasuna duten eta zer egokitzapen eskatzen duten. Interesdunen eskura dago egokitzapenak eskatzeko eredu bat www.navarra.es web orrian, deialdiaren aipamenean, "Zerbitzuak", "Enplegu Publikoa" atalean.

3.5. Eskabideak aurkezteko epea ezin izanen da luzatu.

3.6. Eskaeran atzematen diren akats materialak edo egitezkoak ofizioz edo interesdunak eskaturik zuzentzen ahalko dira, noiznahi ere.

4.-Izangaien onarpena eta erreklamazioak.

4.1. Eskaerak aurkezteko epea bukatuta, Sarrerarako Hautapenaren Zerbitzuko zuzendariak, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak eskuordetuta (103/2008 Ebazpena, ekainaren 26koa), ebazpena emanen du izangai onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila aginduko.

4.2. Izangai baztertuek hamar egun balioduneko epea izanen dute, behin-behineko zerrenda Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik, erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik egin badute, zuzentzeko.

4.3. Erreklamazioak aurkezteko epea bukaturik eta haien gainean ebatzi ondoren, Sarrerarako Hautapenaren Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak, Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak eskuordetuta (103/2008 Ebazpena, ekainaren 26koa) ebazpena emanen du, izangai onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila aginduko.

4.4. Izangaiei egotzitako arrazoiengatik baztertzen diren izangaiei ez zaizkie azterketa egiteko eskubideak itzuliko.

5.-Epaimahaia.

5.1. Epaimahaia kide hauek osatuko dute:

-Mahaiburua: María Carmen Aguirre Hernández, Mendekotasun Egoeretarako Prestazioen zuzendariordea.

-Ordezkoa: María Pilar Elcarte Elcarte, Autonomia Pertsonalaren Sustapenerako eta Mendekotasunaren Prebentziorako zuzendariordea.

-Mahaikidea: Alberto Sola Mateos, Nafarroako Mendekotasun Agentziari atxikitako medikua.

-Ordezkoa: Silvia Pilart Medina, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuari atxikitako OLT/EUD.

-Mahaikidea: Francisco Javier de Prada Pérez, "El Vergel" zahar-etxeko zuzendaria.

-Ordezkoa: María Teresa Escosteguy Goñi, "Santo Domingo" zahar-etxeko zuzendaria.

-Mahaikidea: langileen ordezkari bat, Nafarroako Mendekotasun Agentziako Langileen Batzordeak proposatua.

-Ordezkoa: langileen ordezkari bat, Nafarroako Mendekotasun Agentziako Langileen Batzordeak proposatua.

-Mahaikide idazkaria: Miguel Ángel Calvo Herrero, "El Vergel" zahar-etxeko Erizaintzaren Koordinaziorako Bulegoko burua.

-Ordezkoa: Alicia Izcue Argandoña, Osasun Departamentuko Lan Osasunaren Institutuari atxikitako OLT/EUD.

Hautaprobak hasi baino lehen eratuko da epaimahaia.

5.2. Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta jardun ere, kideen gehiengo osoa bildu gabe.

Kide anitzeko organoaren eraketak eta jardunak balio izateko, mahaiburuak eta mahaikide idazkariak edo haien ordezkoek egon beharko dute bertan.

5.3. Epaimahaiko kideek ez dute parte hartuko, eta organo dei egileari horren berri emanen diote, baldin eta Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean parte ez hartzeko aipatzen diren egoeretakoren batean badaude.

Izangaiek, halaber, zilegi dute mahaikideak errefusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean.

5.4. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiaren oinarriak interpretatu eta aplikatzeko moduari buruz sor daitezkeen gorabehera guztiak.

5.5. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza izan dezake proba batzuetan nahiz guztietan. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko eta haietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.

6.-Oposizioa nola eginen den.

6.1. Oposizioa 2010eko urtarrilean hasiko da. Onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenean berean finkatuko dira probak hasteko tokia, eguna eta ordua.

Ondoren, epaimahaiak gainerako probak egiteko iragarkiak argitaratuko ditu, arauz egin behar den moduan.

6.2. Oposizioak ariketa bakar bat izanen du, teoriko-praktikoa. Zenbait erantzuneko galdera sorta bat emanen da eta horietan bakarra izanen da baliozkoa. Gai zerrendako gaiei buruzko galderak izanen dira. Erantzun okerrengatik puntuak kenduko dira. Epaimahaiak ariketa hori egiteko zenbat denbora dagoen adieraziko du haren hasieran.

6.3. Ariketa horretan gehienez ere 50 puntu lortzen ahalko dira. Puntuen erdiak gutxienez lortzen ez dituzten izangaiak baztertu eginen dira.

6.4. Ariketa zuzendu ondoren, epaimahaiak jendaurrean jarriko du, Nafarroako Gobernuaren iragarki oholean eta ariketa egin den tokian, hura gainditzen duten izangaien zerrenda, lortutako kalifikazioekin. Zerrenda Interneten bidez ere kontsultatzen ahalko da, www.navarra.es helbidean, Zerbitzuen Katalogoan, Enplegu Publikoaren atalean, deialdiari buruz dagoen aiputik abiatuta.

6.5. Ariketa bakoitzerako deialdi bakarra eginen da. Izangaiek nortasun agiri nazionala, pasaportea, gidabaimena edo epaimahaiaren iritziz identifikaziorako balio duen beste agiriren bat aldean dutela agertu beharko dute. Azterketara agertzen ez direnak edo arestian aipatutako agirietako baten bidez beren nortasuna frogatzen ez dutenak oposiziotik baztertuko dira.

6.6. Hautaproba egiteko, ezgaitasun aitorturen bat dutenentzat bidezkoak diren denbora eta baliabide egokitzapenak eginen dira, eskabidean azaldutakoaren arabera.

7.-Probak gainditu dituztenen zerrenda, izendapen proposamena eta agirien aurkezpena.

7.1. Hautaprobak bukaturik, epaimahaiak jendaurrean jarriko du probak gainditu dituztenen zerrenda, oposizioan lortutako kalifikazioekin, probak egin diren tokian eta Nafarroako Gobernuaren iragarki oholean. Gero, zerrenda hori Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzaileari igorriko dio, puntuaziorik altuenak izateagatik deialdiko lanpostuetan sartzen ahal diren izangaiak izendatzeko proposamenarekin eta espediente osoarekin batera. Proposamen hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da. Zerrenda Interneten bidez ere kontsultatzen ahalko da, www.navarra.es helbidean, Zerbitzuen Katalogoan, Enplegu Publikoaren atalean, deialdiari buruz dagoen aiputik abiatuta.

Berdinketarik gertatuz gero, gai zerrendaren bigarren zatiaz proposatzen diren galderetan puntu gehien lortzen dituztenen alde joko da.

7.2. Izendapen proposamena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoko 30 egun naturaleko epean, proposatutako izangaiek inprimaki berariazko batzuk jaso eta honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko Sarrerarako Hautapenaren Zerbitzuan:

7.2.1. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langile finko ez diren izangaiak:

a) Nortasun agiri nazionalaren bi fotokopia konpultsatu, edo izangaiaren nazionalitatea eta nortasuna frogatzen dituen beste agiri baliokideren batenak.

b) Deialdiaren 2. oinarrian eskatzen den tituluaren fotokopia konpultsatua edo lortzeko eskubideak pagatu direla frogatzen duen gordekinarena; bestela, eskabideak aurkezteko epean titulua eskuratzeko moduan dagoela frogatzen duen ziurtagiria.

c) Laneko Arriskuei Aurrea Hartzeko Atalak emandako txostena, interesdunak karguan aritzea eragozten dion eritasun edo akats fisiko edo psikikorik ez duela frogatzeko.

Ezgaitasunen bat alegatu duten izangaiek, gainera, ezgaitasuna deialdiko lanpostuarekin bateragarria dela dioen frogagiria aurkeztu beharko dute, balorazio eta orientazio talde eskudunek emana.

d) Eginkizun publikoetarako ezgaitua edo gabetua ez izatearen eta inongo administrazio publikoren zerbitzutik bereizia ez izanaren zinpeko aitorpena.

Izangaiek Espainiako nazionalitatea ez badute, zinpeko aitorpen bat aurkeztu beharko dute, adierazteko ez dutela beren estatuko funtzio publikoan sartzea eragozten dien diziplina zehapenik edo zigor penalik.

e) Zin egin edo hitz ematea Nafarroako Foru Araubidea errespetatuko duela, Konstituzioari eta legeei men eginen diela eta karguari dagozkion eginkizunak zuzen beteko dituela.

Deialdi hau egin ez duen Nafarroako beste administrazio publikoren bateko langile finko edo Nafarroako Foru Komunitateari eskualdatutako Justizia Administrazioko zerbitzuei atxikitako langile finko diren izangaiek, gainera, aurreko administrazioko espediente pertsonalean ageri diren inguruabar eta aurrekari guztiak frogatzen dituen ziurtagiria aurkeztu beharko dute, hots, sarrerari, antzinatasunari, mailari, egoera administratiboari eta abarri buruzkoa.

7.2.2. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren edo haren erakunde autonomoen zerbitzuko langile finkoak diren izangaiak:

a) Deialdiaren 2. oinarrian eskatzen den tituluaren fotokopia konpultsatua edo lortzeko eskubideak pagatu direla frogatzen duen gordekinarena; bestela, eskabideak aurkezteko epean titulua eskuratzeko moduan dagoela frogatzen duen ziurtagiria.

Ezgaitasunen bat alegatu duten izangaiek, gainera, ezgaitasuna deialdiko lanpostuarekin bateragarria dela dioen frogagiria aurkeztu beharko dute, balorazio eta orientazio talde eskudunek emana.

7.3. Aipatu epearen barrenean, eta aski justifikaturik dauden ezinbesteko kasuak salbu, arestiko agiriak aurkezten ez dituztenak ezin izanen dira funtzionario izendatu edo lan araubide finkoan kontratatu, eta ordura arteko egintza guztiak baliorik gabe geldituko dira, beren eskabidearen faltsukeria dela-eta legokiekeen erantzunkizuna galarazi gabe.

7.4. Aurreko atalean ezarritakoa gertatuz gero, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak probak gainditu dituztenen zerrendan, 7.1 atalean aipatutakoan, hurrengoa den izangaiarekin beteko du baja, eta horrekin ere aurreko ataletan adierazitako moduan jokatuko da.

7.5. Deialdi honen xede diren lanpostuetarako izendatu edo kontratatzeko eskakizunak eta baldintzak frogatzeko nahitaezko agiriez gainera, Funtzio Publikoaren Zuzendaritza Nagusiak besteren bat eskatu nahi izanez gero, proposatzen den izangaiari eskatuko dio, eta horrek deialdi honen 7.2 oinarrian ezarritako moduan ekarri beharko du.

8.-Lanpostu hutsak hautatzea.

8.1. Aurreko oinarrian xedatu dena betetzen duten izangaiek Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko Sarrerarako Hautapenaren Zerbitzuak hartarako jartzen dien epean aditzera eman beharko dute eskaintzen zaizkien lanpostuetatik zein hautatzen duten. Aukeratu beharreko lanpostuak hasieran deitutakoak izanen dira, edo beste batzuk, zerbitzuaren beharrei jarraikiz horiek aldatzea erabakitzen bada.

8.2. Lanpostu hutsak aukeratzerakoan, %33ko ezgaitasun aitortua edo handiagoa duten izangaiek lehentasuna izanen dute gainerako izangaien aurretik, zein txandaren bidez parte hartu duten kontuan hartu gabe.

Ezgaitasuna duen izangairik bada, eta horrek eragina badu lanpostu bat edo bestea hautatzeko, aukeratzen hasi aurretik, ezgaitasunarekin hobekien egokitzen direnak esleituko zaizkie, horren gainean balorazio eta orientazio talde eskudunek egindako txostenaren arabera.

8.3. Hautaprobak igoera txandan gainditzen dituzten izangaiek deialdiko lanpostuak betetzeko lehentasuna izanen dute txanda irekiko izangaien aldean, 8.2 atalean adierazitako salbuespena salbuespen.

9.-Izendapena, lanpostuen esleipena eta jabetza hartzea.

9.1. Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiak, ebazpen bidez, aurreko oinarrietan ezarritakoa betetzen duten izangaiak Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioko funtzionario izendatuko ditu eta lanpostuak esleituko dizkie, edo haien lan kontratazioa baimenduko du, zaintzaile gerontologikoen lanpostuak betetzeko.

9.2. Izendatuak, izendapena egin eta lanpostuaz jabetzen direnetik aurrera, nomina eta plantillako funtzionario bilakatuko dira eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko funtzionarioentzat indarra duten xedapenetan ezarrita dauden eskubide eta betebehar guztiak izanen dituzte.

Kontratatuek dagokien araubide juridikoaren ondoriozko eskubide eta eginbehar guztiak izanen dituzte.

Izendatzen diren izangaiak Gizarte Segurantzako Araubide Orokorrean afiliatuko dira eta, bidezkoa bada, alta emanen zaie bertan, araubide horretan ezarritako babesaren pean.

Aurrekoa gorabehera, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutua onetsi zuen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren bederatzigarren xedapen gehigarriaren 3. puntuan xedatutakoa aplikatzearen ondorioz, Nafarroako administrazio publikoen edozein mutualitatetako eskubide pasiboen araubidekoak direnen kasuan, bi aukera izanen dituzte: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko mutualitatean segitzea, martxoaren 5eko 10/2003 Foru Legearen bidezko eskubide pasiboen araubideak babesturik, edo Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean sartzea.

9.3. Izendatzen edo kontratatzen diren izangaiek destinoko herrian bizi beharra dute eta, horretarako, udalerri horretan finkatuko dute bizilekua. Administrazio organo eskudunek destinoa aldatzen ahalko dute, aplikatzekoa den araudian ezarritakoarekin bat.

9.4. Lanaldia zerbitzuaren beharretara egokituko da eta noiznahi aldatzen ahalko dute administrazio organo eskudunek, aplikatzekoa den araudian ezarritakoarekin bat.

9.5. Izendapena eta, bidezkoa bada, kontratatzeko baimena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko dira. Izangai izendatuek hilabeteko epean jabetu beharko dute beren lanpostuaz, izendapenaren jakinarazpenetik kontatzen hasita. Lan loturarik izanez gero, interesdunek epe horretan kontratua izenpetu beharko dute.

Aipatu epean eta ezinbesteko kasuetan izan ezik, izangairen bat lanpostuaz jabetzen ez bada, Foru Komunitateko Administrazioaren funtzionario izateko eskubide guztiak galduko ditu.

Halaber, kontratua izenpetzen ez duten izangaiek eskubide guztiak galduko dituzte lan araubideko langile finko bihurtzeko.

Bi kasuetan, 7.4 atalean ezarritakoari jarraikiko zaio.

9.6. Izangai bat funtzionario bihurtu eta lanpostuan batere aritu gabe, zuzenean eta berak eskatuta, borondatezko eszedentzia ematen bazaio jabetza hartzearen egunetik beretik, data horretan beste administrazio publiko batean ari delako, kasuko lanpostu hutsa ere deialdiaren 7.4 atalak agintzen duen moduan beteko da.

9.7. Aurreko bi ataletan aipatutako kasuetan, izendapena egin aurretik hautaturiko lanpostua ez da aldatuko. Beraz, funtzionario berriei, zuzenean, egoera horien ondoriozko lanpostuak esleituko zaizkie.

10.-Aldi baterako kontratuetarako izangaien zerrenda.

10.1. Nafarroako Administrazio Publikoetan Sartzeko Erregelamenduaren 42. artikuluan ezarritakoarekin bat eta oinarri honetan ezarritako prozedurari jarraikiz, sartzeko prozeduran ariketa guztiak gainditu arren lanposturik lortzen ez duten izangaiekin zerrenda bat osatuko da, Nafarroako Mendekotasun Agentziaren esparruan aldi baterako kontratazioak egiteko.

10.2. Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko Sarrerarako Hautapenaren Zerbitzuak espedientea igorri ondoren, Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiaren ebazpenaren bidez, ariketak gainditu arren lanposturik lortu ez duten izangaien zerrenda onetsiko da. Zerrenda Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Nafarroako Gobernuko iragarki oholean (Karlos III.aren etorbidea, 2, atalondoa, Iruña) argitaratuko da.

10.3. Sartzeko hautapen prozesuan ateratako puntuazio handienaren arabera erabakiko da zerrendako hurrenkera. Berdinketa dagoenean, nor nagusitzen den erabakitzeko, deialdi honetan kasu horietarako ezarritako irizpideak hartuko dira kontuan.

10.4. Izangaien zerrendan egoteak ez dakar berarekin interesdunek deialdian ezarritako betebeharrak betetzen dituztela onartzea.

Sarrera prozedurako eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunerako bete beharko dira baldintzak, eta orobat, hautaprobak egin bitarte eta kontratazioaldiak iraun bitarte.

10.5. Funtzio Publikoaren Zuzendaritza Nagusiak Nafarroako Mendekotasun Agentziari igorriko dio zerrenda hori, eta erakunde autonomo horrek kontratazioetarako zerrendak kudeatzeko 2000ko urtarrilaren 17an hartu zuen Erabakian xedatutakoaren arabera kudeatuko du.

10.6. Deialdiaren 2.1 oinarrian adierazten diren titulazio betebeharrak betetzen direla frogatzeko agiriak kontratatuak izateko deia jasotzen duten izangaiek bakarrik aurkeztu beharko dituzte, kontratua formalizatzen denean, jatorrizko agiriak edo behar bezala konpultsatutako kopien bitartez.

Eskatzen diren agiriak aipatu epean aurkezten ez dituzten izangaiek, aski justifikatutako ezinbesteko kasuetan izan ezik, eta eskatutako baldintzak betetzen ez dituztenek deialdian parte hartzetik eratorritako eskubide guztiak galduko dituzte, betiere parte hartzeko eskabidea faltsutzeagatik legokiekeen erantzukizuna galarazi gabe.

11.-Errekurtsoak.

Epaimahaiak ematen dituen egintza eta ebazpenen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzaileari zuzendua, errekurtsoaren xede den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.

Deialdiaren, oinarrien eta horiek aplikatzeko egintzen kontra, epaimahaiak hartutakoen kontra izan ezik, zilegi izanen da gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariari zuzendua, errekurritu nahi den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

Hori guztia Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 57. artikuluan eta urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak aldatutako Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 114. eta 115. artikuluetan xedatutakoari jarraikiz.

Iruñean, 2009ko irailaren 3an.-Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko (NAPI) idazkari nagusia (Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen postua hutsik dagoelako, abenduaren 11ko 135/2007 Ebazpena), Tomás Rodríguez Garraza.

I. ERANSKINA

Eskaera

Nafarroako Gobernua. Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentua - Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutua.

Izen-abizenak: ........................., adin nagusikoa, nortasun agiri nazionalaren zenbakia (edo horren baliokidea den nortasun agiriarena): ..........., jaioteguna: ..........., jaioterria: ............. (................), nazionalitatea: ................, oraingo helbidea: .............., herria: ...................., probintzia: .................., posta kodea: ................., telefonoa: ..............................., laneko telefonoa: ......................

ADIERAZTEN DUT:

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko .............. izateko ..... lanpostu ................... bidez betetzeko deialdian parte hartzeko onar nazatela eskatzen dudala, behean aipatzen den txandan. Deialdia ...... (e)ko ..... zenbakiko Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, ..............(e)an.

  • Txanda irekia
  • Igoera txanda*
  • Ezgaitasunen bat dutenentzako txanda*

Hautapen probak gainditzen ez baditut, lanpostuak behin-behinekoz betetzeko aukeraz baliatu nahi dudala, esparru hauetakoren batean (deialdiaren 1. oinarrian ezarritakoarekin bat):

  • Administrazio erroa *
  • Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzua *
  • Nafarroako Mendekotasun Agentzia *

Ez dudala karguan aritzea galarazten didan eritasunik edo akats fisikorik nahiz psikikorik.

Indarra duten xedapenetan ezarritako ezintasunik ez dudala.

Ez naizela diziplinako espediente bidez ezein administrazio publikoren zerbitzutik bereizia izan eta ez nagoela desgaitua eginkizun publikoak betetzeko.

Deialdian eskatzen den tituluaren jabe naizela.

Azterketa eskubideak ordaindu ditudala, deialdian ezarritako moduan, eta horren gordekina erantsi dudala, edo erantsitako agirien bidez frogatzen dudala tasa ordaintzetik salbuetsita nagoela.

Eskaerak aurkezteko epearen azken egunean beharkizun guztiak betetzen ditudala.

  • Ezgaitasuna dudala eta, horrenbestez, orri bereizi batean adierazten ditudan denbora eta baliabide egokitzapenak eskatzen ditudala.
  • Ezgaitasuna frogatzen duen agiria aurkezten dudala, erakunde eskudun batek emana.
  • Euskararen gaitasun agiria edo ofizialki baliokidea den beste titulu bat aurkezten dudala.*
  • Euskara maila neurtzeko proba egitea eskatzen dudala.*
  • Frantses eta ingeles maila neurtzeko probak egitea eskatzen dudala.*

Horrenbestez,

Eskaera hau ontzat har dezatela eta aipatu deialdian onar nazatela eskatzen dut.

Iruñean, .......(e)ko ................ (a)ren .... (e)an. Sinadura

(*) Bidezkoa denean bakarrik.

II. ERANSKINA

Gai zerrenda

Lehen zatia.

1. gaia.-Espainiako 1978ko Konstituzioa: Estatuko aginteak. Koroa. Gorte Nagusiak. Gobernua eta Administrazioa. Botere judiziala Konstituzioan. Konstituzio Auzitegia.

2. gaia.-Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoa. Lanketa prozesua. Izaera eta esanahia. Egitura eta sistematika. Atariko titulua.

3. gaia.-Nafarroako Parlamentua edo Gorteak: osaera, antolaketa eta eginkizunak.

4. gaia.-Nafarroako Foru Komunitateko arartekoa. Comptos Ganbera. Nafarroako Kontseilua.

5. gaia.-Administrazio prozedura. Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 1992ko azaroaren 26ko Legea. Printzipioak eta aplikazio eremua. Administrazio prozeduraren faseak. Administrazio errekurtsoak.

6. gaia.-14/2004 Foru Legea, abenduaren 3koa, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzkoa: egitura eta edukiaren azterketa.

7. gaia-15/2004 Foru Legea, abenduaren 3koa, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzkoa.

8. gaia-Nafarroako administrazio publikoen zerbitzuko Langileen Estatutua (I): langile motak. Funtzionario publikoak hautatzea. Funtzionario bilakatu eta funtzionario izatetik gelditzea.

9. gaia-Nafarroako administrazio publikoen zerbitzuko Langileen Estatutua (II): administrazioko karrera. Egoera administratiboak. Lanpostuak betetzea. Ordainsariak.

10. gaia.-Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 14ko 15/2006 Foru Legea.

Bigarren zatia.

1. gaia.-Zentro soziosanitarioak. Kontzeptuak. Osasun laguntzaren helburuak. Zentroen eta erabiltzaileen sailkapenak.

2. gaia.-Egoitzen ingurune ezaugarriak.

3. gaia.-Zaintzaile gerontologikoa egoitzetan. Talde lana egoitzetan.

4. gaia.-Eritasunaren ezaugarriak zaharrengan. Seinale eta sintoma ohikoenak.

5. gaia.-Geriatria-balorazioa. Eskalak. Arautegia Nafarroan.

6. gaia.-Eria aztertu eta baloratzea larrialdietan. Oinarrizko larrialdietan jarraitu beharreko jokabidea.

7. gaia.-Nahaste psikiatrikoak. Alderdi orokorrak. Atzematea. Nola jokatu nahaste psikiatrikoen aurrean.

8. gaia.-Erorketak eta istripuak.

9. gaia.-Inkontinentzia. Eri inkontinentearen zainketak.

10. gaia.-Dietetika eta elikadura. Kontzeptu orokorrak. Akats ohikoenak. Elikadura eta hidratazio beharrak. Nutrizio enterala.

11. gaia.-Ariketa fisikoa. Onurak. Gomendio orokorrak.

12. gaia.-Azalaren eta mukosen zakinketak. Jarrera aldaketak. Etzaneko ultzerak.

13. gaia.-Ohean dagoen eriaren zainketa orokorrak. Mugiezintasunaren ondorioak.

14. gaia.-Zaintzailea erabiltzailea garraiatu eta mugitu behar denean. Jarrera aldaketak. Prebentzio neurriak.

15. gaia.-Ibiltzea. Laguntza teknikoa. Motak eta argibideak.

16. gaia.-Gela prestatzea, ohea txukuntzea eta egoiliarraren higienea eta garbitasuna.

17. gaia.-Eri terminalaren ezaugarriak. Arazo ohikoenak. Zainketak bizitzaren bukaeran.

18. gaia.-Profesionalaren eta adinez nagusikoen arteko harremanak. Tratu egokia eta jarrera zuzena. Sekretu profesionala. Azken borondatea.

19. gaia.-Tratu txarrak adineko pertsonari. Motak. Atzematea eta prebentzioa.

20. gaia.-Lan bidezko terapia. Eguneroko jarduerak.

Oharra: gai guztiak bat etorriko dira deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean indarrean den legeriarekin.

III. ERANSKINA

Eskualdeak eskatzeko orria

Aldi baterako kontratuetarako izangaien zerrenda.

Izen-abizenak:

NAN zenbakia:

Nazionalitatea:

Jaioteguna:

Helbidea:

Herria:

Probintzia:

Posta kodea:

Telefonoak: (3 gehienez)

Adierazten dut zaintzaile gerontologikoen lanpostuak oposizio bidez betetzeko deialdian parte hartzeko eskaera egin dudala eta, hautaprobak gainditu baina lanposturik eskuratu gabe geldituz gero, hurrengo eskualdeetako lanpostuak aukeratzen ditudala aldi baterako betetzeko:

  • Nafarroako eskualde guztiak.
  • Iruñeko eskualdea.
  • Lizarrako eskualdea.

Iruñean, .......(e)ko ................ (a)ren .... (e)an. Sinadura

NAFARROAKO GOBERNUA. LEHENDAKARITZA, JUSTIZIA ETA BARNE DEPARTAMENTUA. NAFARROAKO ADMINISTRAZIO PUBLIKOAREN INSTITUTUA.

Iragarkiaren kodea: F0921938