104. ALDIZKARIA - 2009ko abuztuaren 24a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

360/2009 EBAZPENA, uztailaren 3koa, Antolamenduaren, Kalitatearen eta Berrikuntzaren zuzendari nagusiak emana, Haur Hezkuntzako bigarren zikloa, Lehen Hezkuntza, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza eta Batxilergoa ematen duten ikastetxe publikoen antolaketa eta jarduna 2009-2010 ikasturtean arautzeko jarraibideak onesten dituena.

Ebazpen honen xedea jarraibide batzuk onestea da, zenbait alderdi zehatzen gainean xehetasunak eman eta garatzeko balio dutenak, ikastetxeen antolaketa egokia eta funtzionamendu ona lortzeko 2009-2010 ikasturtean.

Hori horrela, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1. d) artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Ebazpen honen eranskinean ageri diren jarraibideak onestea. Jarraibide horiek Nafarroako Foru Komunitatean Haur Hezkuntzako bigarren zikloa, Lehen Hezkuntza, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza eta Batxilergoa ematen duten ikastetxe publikoen antolaketa eta jarduna arautuko dituzte 2009-2010 ikasturtean.

2. Ebazpen honetan aipatutako jarraibideak ikastetxe pribatu itunduei edo diruz lagunduei aplikatuko zaizkie, indarra duten arauei jarraikiz, dagozkien afera orotan.

3. Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Hezkuntzako kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

4. Ebazpen hau eta eranskina igortzea Ikasketak Antolatzeko Zerbitzuari, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuari, Aniztasunaren, Orientazioaren eta Kultura-aniztasunaren Zerbitzuari, Prestakuntzaren eta Hezkuntza Berrikuntzaren Zerbitzuari, Eskolako Hizkuntza Plangintzaren Zerbitzuari eta Antolamenduaren eta Tituluen Atalari, behar diren ondorioak izan ditzaten.

5. Foru agindu hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Iruñean, 2009ko uztailaren 3an.-Antolamenduaren, Kalitatearen eta Berrikuntzaren zuzendari nagusia, Teresa Aranaz Jiménez.

ERANSKINA

Sarrera

Ikasturte hasierako jarraibideen helburuetako bat indarreko araudiko alderdi batzuk zehaztea eta argitzea da eta bestea arautu gabeko batzuk arautzea, ikastetxeen antolaketa eta jarduna hobetzeko. Horrez gainera jarraibideek ikasturterako lan ildo nagusiak ezartzen dituzte.

Aurtengo jarraibideetan bi kapitulu daude:

Lehenengo kapitulua Urteko Programazio Orokorrari dagokio: ikastetxeek berrikusi, eguneratu eta garatu beharreko proiektu edo planei buruzko jarraibideak dira.

Bigarrena HLOren ondoriozko arautegiari dagokio: funtzionamenduaren inguruko antolamendu alderdi batzuk zehaztu dira.

I.-Urteko programazio orokorra.

Urteko programazio orokorra oinarrizko tresna bat da eta ikastetxeko plangintza, antolaketa, jarduna eta hobekuntza plana biltzen ditu. Prozesuak eta dokumentazioa zorroztasun, erraztasun eta erabilgarritasunaren eskakizunei lotu behar zaizkie.

Autonomiaren eta erantzukizunaren printzipioekin bat etorriz, zuzendaritza taldeak indarreko arautegiari lotuta kudeatu behar ditu bere baliabideak eta harekin bat etorriz egin behar du plangintza (antolamendua, ordutegia, barruko eta kanpoko koordinaziorako egutegia, etab.).

HLOren ezarpenerako egutegiari jarraituz, 2009-2010 ikasturtearen hasierarako, ikastetxeek prestatua izan behar dute ikasturte horretan ezartzen diren ikasketen curriculumen zehaztapena: Lehen Hezkuntzako bosgarren eta seigarren mailetakoa eta Batxilergoko bigarren mailakoa. Lehen Hezkuntzako maila horietan, oinarrizko gaitasunak garatzeko neurriak hartuko dira.

Ikastetxeek, halaber, jada ezarritako mailen curriculumen zehaztapena berrikusi beharko dute ikasturte honetan, bai Lehen Hezkuntzan bai Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan. Berrikuspen horrek lagungarria izan behar du ikasleek oinarrizko gaitasunak lor ditzaten nahitaezko eskolatzealdiaren amaierarako.

1.-Ebaluazioa eta hobekuntza.

Ebaluazioa etengabeko hobekuntzari lotuta dago, eta funtsezko laguntza eta baliabidea da, gainera, errealitatea eta ikastetxeetan izaten diren hezkuntza jarduketen ondorioak hobeki ezagutzeko.

Inguru horretan, ebaluazio diagnostikoa hartu behar da ongi dauden eta, beraz, mantendu eta areagotu behar diren alderdien eta hobetu behar direnen elementu identifikatzaile gisa. Diagnostikorako eginkizun horretaz gain, ebaluazioaren bidez ikuspuntuak aldera daitezke, eta ikastetxeak berak egiten duen barne ebaluazioari kanpoko erreferente bat eman.

Ikastetxeetara egiten dituen ohiko bisitetan Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak aholkuak emanen dizkie barruko ebaluazioaz, eta hobekuntza arloak kontrolatu eta gainbegiratuko ditu.

1.1. Haur eta Lehen Hezkuntza.

Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeen hobekuntza planak ikasleen oinarrizko gaitasunen garapenari buruzkoak izanen dira; hortaz, pixkanaka programazioak, metodologiak eta ebaluazioak gaitasun horien lorpenera bideratu behar dira.

Ildo horretako hobekuntzak ondoko jarduketen bitartez lor daitezke:

a) Irakasleen ekintzak koordinatzea eta baterako neurriak hartzea ekintza horiek ez daitezen puntualak izan, aitzitik, zikloko eta ikastetxeko planteamendu bateratuari erantzun diezaioten.

b) Arlo guztien ikuspegia aberastea, alegia, ikasten diren gauzak egiazko egoeretan aplikatzeko jarduerak eranstea irakaskuntzari (hori programazioan jaso behar da).

c) Landutako edukiak aplikatzeko gaitasuna balioesten duten jarduerak sartzea ebaluazio arruntetan.

d) Erabakiak hartu eta gauzatzea, ea nolako ekarpenak egin daitezkeen arlo bakoitzetik gaitasun komunak lantzeko, hala nola irakurmena, ideien ahozko eta idatzizko adierazpena, ikasten ikastea, ohitura eta balio hezitzaileak: ahalegina, inplikazioa, konpromisoa, erantzukizuna, ikaskideenganako begirunea, laneko eta bizikidetzako ohiturak, etab.

e) Tutoreen ekintza antolatzea ikasle guzti-guztien hezkuntza arrakastaren bidean; horretarako koordinatu egin behar dira irakasleen ekintza, familiena eta ikasleena berena, eta ekintza hori laguntza eta konpromiso gisa ulertu behar da, ikasle bakar bat ere ez dadin atzean geratu.

Jarduketa orokor horiek ikastetxe bakoitzean zehaztu behar dira hobekuntza plana eginez. Plan horrek erantzuna eman behar die ebaluazio diagnostikoaren emaitzei, ikastetxe bakoitzaren benetako premiei eta haren hezkuntza proiektuari, eta hura egiteko abiapuntutzat hartu behar da irakasleak, gurasoak eta ikasleak inplikatu beharra dagoela, zalantzarik gabe, etengabeko hobekuntzarako konpromisoaren bitartez.

Ikastetxe bakoitzak bere hobekuntza plana eginen du, eta ondoko irizpideekin bat datozen formatuak eta ikuspegiak aukeratuko ditu:

-Hobekuntza planaren jarraitutasuna.

-Planaren errealismoa eta soiltasuna.

-Haren eraginkortasuna: argitasuna helburuetan eta jarduketetan.

-Ziklo eta mailetarako neurri orokorrak beste batzuekin konbinatzea, zailtasun gehien dituzten ikasleak direla-eta ebaluazioetan detektaturikoekin, hain zuzen ere.

-Emaitzen hobekuntzari begira aritzea.

-Planaren emaitzak egiaztatu ahal izatea balio-judizio subjektiboetatik harantzago.

1.1.1. Ebaluazio diagnostikoa.

Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 21. artikulua aplikaturik, ikastetxeek ebaluazio diagnostikoa eginen diete Lehen Hezkuntzako 4. mailako ikasle guztiei.

Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuko Ebaluazio Atalak koordinatuko du ebaluazio hori. Oinarrizko gaitasunak ebaluatzeko probak eginen dira kanpoan, eta ikastetxeetan aplikatu eta zuzenduko dira.

Ikasturtearen hasieran, ikastetxeko zuzendaritza plangintzan arituko da eta behar diren neurriak hartuko ditu, bai proben aplikazioan bai zuzenketan, datu grabaketan eta txostengintzan parte hartu behar duten irakasleek zeregin horiek beren lan ordutegian bete ahal ditzaten.

Probak martxotik maiatzera bitartean eginen dira. Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak egun zehatzak ezarriko ditu behar adina denbora lehenago.

Gaitasun hauek ebaluatuko dira:

a) Irakurtzeko gaitasuna (proba G/A eta D hizkuntza ereduetara egokituko da).

b) Matematikako gaitasuna.

c) Hizkuntza gaitasuna Atzerriko Hizkuntzan (Ingelesa). Lagintzat hartuko diren ikastetxe batzuetan ahozko komunikaziorako gaitasuna ebaluatuko da.

Ikastetxeak mundu fisikoa ezagutzeko eta harekin elkarreraginean aritzeko gaitasuna (gaitasun zientifikoa) ebaluatzen trebatuko dira. Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuko Ebaluazio Atalak ikastetxeei probaren eredua bidaliko die, behar bezala pilotatua eta barematua, jakinaren gainean egon daitezen. 2010-2011 ikasturteko ebaluazio diagnostikoak barnean hartuko du alderdi hori, oinarrizko gaitasunaren ebaluazioaren atalean.

Ikastetxeek erabakiko dute noiz eta nola helarazi txostenak familiei ikasturtea amaitu baino lehen. Gomendagarria da hori tutoretzaren inguruan egitea. Halaber, ikastetxeek erabakiko dute nola helarazi txosten horiek hurrengo ikasturteko irakasleei, ikasturtearen hasieran.

Ebaluazio diagnostikoaren emaitzak kontuan hartuko dira hurrengo ikasturterako hobekuntza ildoak ezartzerakoan.

Etapako lehen zikloa eta hirugarren zikloa amaitutakoan ikastetxeek barruko ebaluazioa prestatu eta burutuko dute, hobekuntza planari atxikita eta irizpide hauek aplikatuta:

-Lehen zikloa: gutxienez hizkuntza gaitasuna ebaluatu behar da (irakurmena eta idazmena).

-Hirugarren zikloa: gutxienez hizkuntza gaitasuna (irakurmena eta idazmena) eta atzerriko hizkuntza (irakurmena, idazmena eta ahozkoaren ulermena) ebaluatuko dira. Gainera, matematikako gaitasunaren eta mundu fisikoa ezagutzeko eta harekin elkarreraginean aritzeko gaitasunaren probak eginen dira.

Ikastetxeek aurreko ebaluazioetan aplikatutako proba ereduak erabil ditzakete edo beren probak presta ditzakete.

2009-2010 ikasturtearen amaierako memorian ikastetxeko emaitza orokorren balorazioak eginen dira ebaluazio diagnostikoaren eta barneko ebaluazioen aldean. Ebaluazio horiek direla-eta, hobekuntza planaren barnean, 2010-2011 ikasturteko Urteko Programazio Orokorrean, hartu beharreko hezkuntza-, curriculum- eta antolaketa-neurriak jasoko dira.

Apurka-apurka, ikastetxeek curriculumean ezarritako oinarrizko gaitasunak txertatu behar dituzte arloetako programazioan eta ebaluazioan.

1.2. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza.

2009-2010 ikasturtean, bigarren urtez garatuko da irakurmena hobetzeko erakunde plana, eta DBHko maila guztietara zabalduko da. Hezkuntza Departamentuak erakunde plan hori ikasturtean zehar garatzeko baliabideak, metodologia eta helburuak ezarriko ditu.

Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako hobekuntza plana ikasleen oinarrizko gaitasunen garapenari buruzkoa izanen da; hortaz, pixkanaka programazioak, metodologiak eta ebaluazioak gaitasun horien lorpenera bideratu behar dira.

Ildo horretako hobekuntzak ondoko jarduketen bitartez lor daitezke:

a) Neurri bateratuak hartzea eta irakasleen jarduketak koordinatzea departamentuen artean nahiz departamentu bakoitzaren barnean, ikastetxearen planteamendu orokorrari erantzun diezaioten.

b) Irakasgai guztien ikuspegia aberastea, alegia, ikasten diren gauzak egiazko egoeretan aplikatzeko jarduerak eranstea irakaskuntzari (hori programazioan jaso behar da).

c) Landutako edukiak aplikatzeko gaitasuna balioesten duten jarduerak sartzea ebaluazio arruntetan.

d) Erabakiak hartu eta gauzatzea, ea nolako ekarpenak egin daitezkeen irakasgai bakoitzetik gaitasun komunak lantzeko, hala nola irakurmena, ideien ahozko eta idatzizko adierazpena, ikasten ikastea, ohitura eta balio hezitzaileak: ahalegina, inplikazioa, konpromisoa, erantzukizuna, ikaskideenganako begirunea, laneko eta bizikidetzako ohiturak, etab.

e) Tutoreen ekintza antolatzea ikasle guzti-guztien hezkuntza arrakastaren bidean; horretarako koordinatu egin behar dira irakasleen ekintza, familiena eta ikasleena berena, eta ekintza hori laguntza eta konpromiso gisa ulertu behar da, inor ez dadin atzean geratu.

Jarduketa orokor horiek ikastetxeetan zehaztu behar dira hobekuntza plana eginez. Plan horrek erantzuna eman behar die ebaluazio diagnostikoaren emaitzei, ikastetxe bakoitzaren benetako premiei eta haren hezkuntza proiektuari, eta hura egiteko abiapuntutzat hartu behar da irakasleak, gurasoak eta ikasleak inplikatu beharra dagoela, zalantzarik gabe, etengabeko hobekuntzarako konpromisoaren bitartez.

Hobekuntza plana egiteko, irizpide hauek hartuko dira kontuan:

-Hobekuntza planaren jarraitutasuna.

-Planaren errealismoa eta soiltasuna.

-Haren eraginkortasuna: argitasuna helburuetan eta jarduketetan.

-Irakasgai eta mailetarako neurri orokorrak beste batzuekin konbinatzea, zailtasun gehien dituzten ikasleak direla-eta ebaluazioetan detektaturikoekin, hain zuzen ere.

-Emaitzen hobekuntzari begira aritzea.

-Planaren emaitzak egiaztatu ahal izatea balio-judizio subjektiboetatik harantzago.

1.2.1. Ebaluazio diagnostikoa

Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 29. artikulua aplikaturik, ikastetxeek ebaluazio diagnostikoa eginen diete Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 2. mailako ikasle guztiei.

Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuko Ebaluazio Atalak koordinatuko du ebaluazio hori. Oinarrizko gaitasunak ebaluatzeko probak eginen dira kanpoan, eta ikastetxeetan aplikatu eta zuzenduko dira.

Ebaluazio diagnostikoa ikastetxe osoaren zeregina da, ez bakarrik bigarren mailako irakasleena. Horregatik, ikasturtearen hasieran, ikastetxeko zuzendaritza plangintzan arituko da eta behar diren neurriak hartuko ditu, bai proben aplikazioan bai zuzenketan, datu grabaketan eta txostengintzan parte hartu behar duten irakasleek zeregin horiek beren lan ordutegian bete ahal ditzaten.

Probak martxotik maiatzera bitartean eginen dira. Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak egun zehatzak ezarriko ditu behar adina denbora lehenago.

Gaitasun hauek ebaluatuko dira:

a) Gaztelaniaz irakurtzeko gaitasuna (G/A eta D ereduak).

b) Euskaraz irakurtzeko gaitasuna (D ereduan).

c) Matematikako gaitasuna.

d) Mundu fisikoa ezagutzeko eta harekin elkarreraginean aritzeko gaitasuna (gaitasun zientifikoa).

e) Hizkuntza gaitasuna Atzerriko Hizkuntzan (Ingelesa).

Ikastetxeek erabakiko dute noiz eta nola helarazi txostenak familiei ikasturtea amaitu baino lehen. Gomendagarria da hori tutoretzaren inguruan egitea. Halaber, ikastetxeek erabakiko dute nola helarazi txosten horiek hurrengo ikasturteko irakasleei, ikasturtearen hasieran.

Ebaluazio diagnostikoaren emaitzak kontuan hartuko dira hurrengo ikasturterako hobekuntza ildoak ezartzerakoan.

2009-2010 ikasturtearen amaierako memorian ikastetxeko emaitza orokorren balorazioak eginen dira ebaluazio diagnostikoaren aldean. Ebaluazio hori dela-eta, 2010-2011 ikasturteko hobekuntza planaren barnean, hartu beharreko hezkuntza-, curriculum- eta antolaketa-neurriak jasoko dira.

Apurka-apurka, ikastetxeek curriculumean ezarritako oinarrizko gaitasunak txertatu behar dituzte irakasgaietako programazioan eta ebaluazioan.

2.-Kalitatea.

Martxoaren 6ko 230/2006 Ebazpenak abian jarri zuen kalitatea kudeatzeko sistemak (SGCC-2006 Araua) ikastetxe publikoetan zabaltzeko programa. Oraindik ere erronka da ikastetxeentzat: erabateko kalitatea kudeatzeko sistemak ezartzea.

Hezkuntza Departamentuak ondoko oinarriak dituzten ereduak bultzatzen ditu ikastetxeen kudeaketarako eta berrikuntza pedagogikorako: sare-lana, aholkularitza, jardun onaren inguruko informazioa trukatzea, eta beste erakunde batzuekin lankidetzan aritzea irakaskuntzaren kalitatea hobetzeko. Hauexek dira helburuak: ahalik eta ikastetxe gehienek SGC eta EFQM ziurtagiriak edukitzea; sareko ikastetxeak aitzindari izatea berrikuntza pedagogikoaren eta kudeaketaren inguruko proiektuetan; lankidetza akordioak sinatzea hezkuntza erakundeekin eta profesionalen elkarteekin; ikastetxeak koordinatzeko eta haiei aholkuak emateko lanetan aditutako trebatzaile kualifikatu asko izatea.

SGCC-2006 Arauak ikastetxeetan nahitaez egin beharreko jarduerak jaso ditu. Gainera, berariazko prozesu bat ezarri du EFQM autoebaluaziorako, hau da, Hezkuntza Departamentuak erabateko kalitatea sustatzeko hautatu duen eredurako, eta beste bat zerbitzuen gutunak abian jartzeko.

Ikastetxeei SGCC-2006 Arauan ezarritako sistema oso-osorik ezartzen laguntzeko, ikastetxeek prestakuntza eta jardun onaren inguruko informazioa trukatzeko sareak abiarazi dira, eta kalitatearen arduradunaren orduak aintzatetsi dira.

Ikastetxeko kalitatearen arduradunak SGCC ezartzen lagunduko dio zuzendaritza taldeari eta agirien eta adierazleen kudeaketaren ardura hartuko du.

Horretarako irakastorduak murriztuko zaizkio sareko prestakuntzan aritu ahal izateko eta postuari dagozkion lanak egiteko. Murrizketa ikastetxe motaren araberakoa izanen da: 6 irakastordu BHIetan, 4 irakastordu DBHIetan eta zuzeneko irakaskuntzako 4 saio HLHIPetan. Ahal dela, irakastorduen murrizketa astearte goizetan aplikatuko da, zuzendaritzakoei prestakuntzarako eta koordinaziorako egiten zaien bezala.

Programaren ezarpenaren eta garapenaren eta baliabideen erabileraren jarraipena Hezkuntza Kalitatearen Bulegoaren ardura izanen da (Prestakuntzaren eta Hezkuntza Berrikuntzaren Zerbitzua). Ikasturtea amaitutakoan, sarean lan egiten duten ikastetxeek txosten bat eginen dute ikastetxean egindako lanaz. Txosten horretan hurrengo ikasturterako konpromisoak jasoko dira. Txostena Hezkuntza Kalitatearen Bulegoari bidaliko zaio; gero honek betetze maila egiaztatuko du eta, haren arabera, hurrengo ikasturterako kalitatearen arduraduna ematearen alde eginen du, ala ez.

Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak ikastetxeko kudeaketa sistema ebaluatuko du (diseinatu eta ezarri bada eta eta SGCC Arauak ezarritakoarekin bat badator). Ebaluazioaren emaitza positiboa bada, "Ikastetxe bikaina" aitorpena ematea proposatuko da.

3.-Prestakuntza.

Ikastetxe bakoitzak irakasleentzako prestakuntza plana eginen du, hauek kontuan hartuta: beharrak, ikastetxeak prestakuntzaren arloan egin duen ibilbidea eta Hezkuntza Departamentuak proposatutako lerro estrategikoak.

Irakasleentzako Laguntza Zentroetan (ILZ) irakasleentzako prestakuntza kontseiluak abian jartzearen ondorioz, beharrezkoa da ikastetxe bakoitzean prestakuntzako arduradun bat izatea. Ahal dela, zuzendaritza taldeko edo Koordinazio Pedagogikorako Batzordeko kide bat izanen da. Eginkizun hauek edukiko ditu, besteak beste: ikastetxeko prestakuntza plana prestatzeko prozesua sustatzea, plan horren ondoriozko beharren berri ematea berari dagokion ILZko aholkulariei, ILZko prestakuntza kontseiluan parte hartzea eta ILZ horretan irakasleen ordezkari izatea, hala behar denean. Ikastetxeak ordu erabilgarririk izanez gero, prestakuntzako arduradunaren ordutegian ordu osagarri bat edo bi ezar litezke eginkizun horietan aritzeko.

4.-Berdintasuna.

Indarreko araudian genero berdintasunaz ezarritako jarraibideak aintzat hartuta, Hezkuntza Departamentuak 2009-2011 Berdintasun Plana egin du; bi helburu estrategiko ezarri dira eta garatu egin da. Hain zuzen ere, berdintasuna eta genero ikuspegia Nafarroako hezkuntza sisteman txertatzeko esparrua finkatu da eta Hezkuntza Departamentuko langileak, baliabideak eta zerbitzuak kudeatzeko politikak diseinatu eta garatu dira.

Hain zuzen ere, 1. helburu estrategikoan hiru ekintza-lerro hauek daude:

-Berdintasunaren inguruko helburuak txertatzea arlo, gai eta maila guztietan, eta oinarrizko gaitasunen garapenean.

-Berdintasun Planaren garapena sustatzea Nafarroako ikastetxeetan eta irakasleak prestatzeko zentroetan.

-Sinergiak eta aliantzak sortzea: eskola komunitatea eta gizarte ingurua informatzea, sentikortzea eta inplikatzea berdintasunerako hezkuntzaren arloan bizitzan zehar hartu behar den konpromisoari buruz.

Ekintza-lerro horien garapenean laguntza eta aholkua emateko ekintza prestatzaile bat hasi da 2008-2009 ikasturtean. Horretan parte hartu duten ikastetxeek, ikastetxearen diagnostikotik abiatuta, beren hobekuntzarako konpromisoak zehaztu ahal izan dituzte, berdintasuna eta hezikidetzaren ikuspegia pixkanaka beren urteko programazio orokorretan sartzeko. Ikastetxe horiek beren konpromisoen ezarpenean aurrera egin ahal izanen dute 2009-2010 ikasturtean zehar. Horretarako Departamentuaren laguntza izanen dute, prestakuntzari eta behar diren material eta baliabide didaktikoen garapenari dagokienez.

Nafarroako ikastetxe guztiek parte har dezaten 2009-2011ko Berdintasun Planaren garapenean, ekintza prestatzaile horretarako deialdia eginen da berriz ere hurrengo ikasturteko lehen hiruhilekoan, lehen aldiz beren buruaren diagnostikoa egin eta beren urteko programazio orokorretan berdintasuna eta hezikidetzaren ikuspegia txertatzeko hobekuntza-konpromisoak ezarri nahi dituzten ikastetxeei zuzendua.

Hezkuntza Departamentuak behar den koordinazioa antolatzen lagunduko du sareko lana eta ikaskuntza partekatua sustatzeko eta ikastetxeen artean praktika eta esperientzia onak trukatzeko. Halaber, ikastetxe bakoitzaren Urteko Programazio Orokorrean jasotako konpromisoen eta horien garapenaren jarraipena eginen du; konpromiso horiek nola egin duten aurrera azalduko da ikasturte amaierako memorian.

5.-Bizikidetza.

632/2005 Ebazpenak Ikastetxeetako Bizikidetza Hobetzeko Plana ezarri zuen. Harrezkero elkarbizitza planak prestatu eta abiarazi dira ikastetxeetan eta denetariko garapen mailak lortu dira.

Prestakuntzako mintegiek zabalik jarraituko dute sareetan parte hartzeak berarekin dakartzan konpromisoak onartzen dituzten ikastetxeentzat.

2009-2010 ikasturtean ikastetxe bakoitzeko bizikidetzarako batzordeak bizikidetza plana prestatu eta ebaluatuko du.

Bizikidetzaren arduraduna ezartzen den ikastetxe publikoetan, arduradun hau bizikidetzarako batzordean ariko da eta zuzendaritza taldeari ikastetxeko bizikidetza plana prestatzen, abian jartzen, aplikatzen eta suspertzen lagunduko dio. Horretarako, 2 - 4 irakastordu gutxiago izaten ahal ditu.

Bizikidetzaren arduraduna ezartzen den ikastetxeek konpromiso hauek hartu behar dituzte:

-Irakastordu murrizketa bizikidetza sareei buruzko prestakuntza jaso duen pertsona bati aplikatzea.

Bizikidetza funtzionalerako batzordea sortzea diziplina-jarduerak soilik egiten dituen egituratik kanpo.

-Bizikidetza plana aplikatzea 2009-2010 ikasturtean. Berrikuntzarako joera bultzatzea: ikasleen prestakuntza eta parte-hartze aktiboa, prebentzioa ardatz hartzea, estrategia zehatzak ezartzea gatazkak konpontzeko (batez ere hezkuntzako bitartekotza), eta hezkuntza komunitateko agenteen inplikazioa lortzea.

Bizikidetzaren arduradunak egiteko hauek edukiko ditu:

-Bizikidetzarako batzordearen jarduna eta proiektuak bultzatzea, zehapenen esparruan bainoago hezkuntzaren eta prebentzioaren arloetan.

-Bizikidetza plana prestatzen, ezartzen, ebaluatzen eta eguneratzen parte hartzea, bai eta hezkuntza komunitatea inplikatzeko mekanismoetan ere, ezinbestekoa baita hura garatzeko, abiarazteko, ebaluatzeko eta gauzatzeko.

-Ondokoak antolatzea bizikidetza planaren esparruan: ikasleen prestakuntza eta parte-hartze aktiboa, prebentzioa eta estrategia zehatzak ezartzea gatazkak konpontzeko, eta hezkuntza komunitateko agenteen inplikazioa.

-Irakasleen prestakuntza sustatu eta bultzatzea arlo honetan.

-Bizikidetzako arduradun aritzeko prestakuntza hobetzea (Bizikidetzarako Aholkularitzak hainbat trebakuntza-jarduera eskaintzen ditu).

-Ikastetxeak, bere beharrak kontuan hartuta, ezartzen eta bultzatzen dituen bitartekaritza taldeak eta/edo bizikidetza hobetzeko programa guztiak (ikasle laguntzaileak, tutoreak, ...) koordinatzea eta beraien lana sustatzea, eta haietan aritzea, behar izanez gero.

-Ikastetxeko lehengo taldeak eta beste kolektibo batzuk bizikidetzaren arloan prestatzeko ardura hartzea.

-Ikastetxeak erabakiz gero, agiri hauek idaztea eta haien ardura hartzea:

-Ikastetxeko bizikidetza plana.

-Planaren urte bakoitzeko gauzatzea; honen barruan arduradunaren lan plana sartu behar da.

-Urteko memoria.

Bizikidetzarako Aholkularitzak planaren betetze maila aztertuko du ikastetxe bakoitzean, eta emaitzaren arabera ontzat emanen du bizikidetzako arduradunak hurrengo ikasturtean lanean jarraitzea edo figura hori sortzea.

Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak 2009-2010 ikasturteko planean ondokoak jasoko ditu: bizikidetza planaren ebaluazioa, honen urteko gauzatzea eta bizikidetzako arduradunak egindako azken memoria. Ikastetxe bakoitzak Urteko Programazio Orokorreko lehen bi dokumentuak aurkeztu behar dizkio Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuari.

6.-Aniztasunari erantzutea.

Aniztasunari Erantzuteko Planean ikastetxeak ikasle guztien hezkuntza premia orokorrei eta ikasle bakoitzaren premiei ahalik eta ongien erantzuteko diseinatzen, aukeratzen eta gauzatzen dituen neurriak biltzen dira (curriculum egokitzapenak, antolaketa neurriak, laguntzak eta indartze neurriak).

Bertan zehaztu behar dira ikastetxearen analisia eta unean uneko egoera, lortu beharreko helburuak, jarriko diren neurriak, aldi baterako edo behin betiko beharko diren langileak, materialak eta baliabide didaktikoak, eta planaren jarraipen, ebaluazio eta berrikuspenerako prozedura.

Prozedurak eta baliabideak ezarriko dira ikasleen hezkuntzako laguntzaren premia berariazkoa goiz aurkitzeko, eta familien parte-hartzea kontuan hartuko da ikasle horien eskolatzeari eta hezkuntzako prozesuei eragiten dieten erabakietan.

Ikasle horientzako laguntza-baliabide egokiak emanen zaizkie funts publikoekin ordaindutako ikastetxeei. Baliabideak ahalik eta gehien hobetzearren, lankidetza ezarri ahal izanen da beste administrazio edo irabazi-asmorik gabeko entitate publiko zein pribatu (erakunde, elkarte) batzuekin.

Ikasle guztiek, bai hezkuntza premia bereziak dituztenek, bai berandu hasten direnek, gaitasun handikoek, egoera sozial eta kultural ahulean daudenek, eta, oro har, inguruabar pertsonal eta sozialengatik edota familiaren egoeragatik eskolatzealdiko uneren batean hezkuntzako laguntzaren premia berariazkoa izan dezakeen edozeinek, arreta egokia jaso behar dute, eta haien onurarako erabakiak hartu behar dira antolamenduaren eta pedagogiaren arloetan, betiere haiek guztiak hezkuntza sisteman sartzearen printzipioari jarraituz.

Irakasgairen bat gainditu gabe duten ikasleentzako indartze-programa prestatu behar da; programa honetan proposatutako neurriek ukitzen dituzten departamentuek parte hartu behar dute.

Curriculum Aniztasuneko irakasleek aurreko mailetan gainditu gabeko irakasgaien indartze programak prestatu eta ebaluatuko dituzte beren eskumeneko irakasgai, esparru eta proiektuetan.

Ikasleek gainditu gabeko irakasgaien ebaluazioa positiboa izan behar da eduki progresiboak dauzkaten programetako irakasgaia, esparrua edo proiektua kalifikatu ahal izateko.

Curriculum egokitzapenak direla medio curriculum arrunta ikasle edo talde batentzat egokitu eta moldatzen ahalko da, curriculumeko alderdi jakin batzuk lehenetsiz, ordeztuz, aldatuz edo kenduz, oinarrizko gaitasunen garapena errazteko.

Curriculumeko egokitzapenak egitea kurtsoetan irakasgaiak ematen dituzten irakasleen ardura izanen da. Lan hori kasuan kasuko zikloko koordinatzaileek edo departamentu didaktikoetako buruek koordinatuko dute. Berariazko egiturei atxikitako ikasleen curriculum egokitzapenak Pedagogia Terapeutikoko irakasleek egin behar dituzte. Nolanahi ere, egokitzapen horien koordinazioa eta jarraipena egitea ikaslearen tutoreari dagokio. Orientazio arloko langileen aholkuak jasoko ditu horretarako.

Curriculum egokitzapenak dituzten ikasleen ebaluazioari dagokionez, Hezkuntzako kontseilariaren 216/2007 eta 217/2007 Foru Aginduetan ezarritakoari eutsiko zaio. Hurrenez hurren Lehen Hezkuntzako ebaluazioa eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ebaluazioa arautzen dituzte, eta Hezkuntzako kontseilariak 2008ko ekainaren 13an emandako 93/2008 Foru Aginduaren xedapen gehigarrien bidez aldaturik daude.

7.-Tutoretza.

Tutoreek eskola ordutzat hartutako bi ordu izanen dituzte astean Haur Hezkuntzan eta Lehen Hezkuntzan, eta hiru ordu DBHn.

Haur Hezkuntzan eta Lehen Hezkuntzan, ikasketaburuarekin edo zuzendariarekin eta orientatzailearekin batera Tutoretza Planaren garapenean tutoreek parte hartu ahal izateko, ziklo bakoitzeko tutoreak eta orientatzailea hilean behin bilduko dira.

Tutoretzak ondokoak bermatuko ditu gutxienez:

-Talde bakoitzeko irakasle taldea modu egokian koordinatzea, behar adina bilera eginez.

-Ikasleei taldean edo/eta ikastetxean integratzen laguntzeko estrategiak eta jarduerak prestatzea eta bizikidetza hobetzeko jarduerak sustatzea.

-Hezkuntza premia bereziak dauzkaten ikasleentzako curriculum egokitzapenak eta hezkuntzako esku-hartzea koordinatzea, orientazioa emanez eta laguntzako irakasleak jarriz.

-Familiekin eta hezkuntza komunitateko beste eragile batzuekin lankidetzan aritzea, elkarrizketak, bilerak eta zehazten diren gainerako tresnak direla medio.

DBHn, tutoretza planeko jardueren garapenaz arduratuko da Tutore Ekintzako Departamentuarekin lankidetzan; ondokoak bermatuko ditu, gutxienez:

-Talde bakoitzeko irakasle taldea modu egokian koordinatzea, behar adina bilera eginez.

-Ikasle bakoitzaren banakako tutoretza; tutorea gutxienez hiru hilean behin bilduko da ikasle bakoitzarekin, ibilbide pertsonala eta akademikoa aztertzeko.

-Gainditu gabeko irakasgaiak errekuperatzeko indartze planaren jarraipena, plana aplikatzeko ardura duten irakasleekin koordinatuta.

-Hezkuntza premia bereziak dituzten ikasleentzako curriculum egokitzapenak prestatzeko eta haien jarraipena egiteko koordinazioa.

-Familiekin eta hezkuntza komunitateko beste eragile batzuekin lankidetzan aritzea, elkarrizketak, bilerak eta egokitzat jotzen diren gainerako tresna guztiak direla medio.

8.-Ingurune osasungarriak, osasun hezkuntza eta osasunaren sustapena.

Ikastetxeek ikasleen eta eskola komunitateko kide guztien osasuna babestu eta sustatuko duen eskola ingurunea sortzen ahalegindu behar dute eta bizimodu osasungarriak sustatu behar dituzte, bai ikuspegi biologikotik bai psikologikotik eta sozialetik begiratuta.

Ikastetxeek bizimodu eta aztura osasungarriak sustatzeko proposamenak sartu behar dituzte beren planetan, ondoak landuta: elikadura (ez da komeni ikastetxean litxarreria eta opil industrialak saltzen dituzten makinak izatea), ariketa fisikoa (eskolaz kanpoko jarduerak edo jolasak), gorputzeko higienea (azala, ilea, hortzak), postura higienea (bizkarra), segurtasuna eta istripuen prebentzioa, drogazaletasunaren prebentzioa, eta hezkuntza afektibo-sexuala.

Proposatzen diren jarduerak Urteko Programazio Orokorrean jasoko dira, Eskola Kontseiluak onets ditzan.

Orobat, ikastetxeetako eskola kontseiluek erretzeko debekua (indarreko legeriak ezartzen duena) betearazi behar dute eta neurri egokiak ezarri behar dituzte ikastetxean edari alkoholdunik ez saltzeko eta ez kontsumitzeko. Baldintza horiek kontuan hartuko dira ikastetxeko barne araudia prestatzerakoan.

II.-Antolamendu alderdiak.

1.-Irakaskuntza partekatua Lehen Hezkuntzan eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako lehen eta bigarren mailetan.

Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako lehen eta bigarren mailak behin-behinekoz ematen diren Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe publikoetan eta herriko ikastetxe publikoarekin batera aritzen diren Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako institutuetan, gerta liteke Lehen Hezkuntzako irakasle batzuek noizbait Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako lehen eta bigarren mailetan aritu beharra.

Halaber, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako lehen zikloari atxikitako maisu-maistren kidegoko irakasleek beren ordutegia osatzen ahalko dute Lehen Hezkuntzako jarduerekin.

2.-Ordutegi malgua Lehen Hezkuntzan.

Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeek, kudeaketarako duten autonomiaz baliaturik eta beren behar eta helburuekin bat, malgutasun handiagoa izanen dute ikastetxeko ordutegia prestatzeko. Gerta liteke irakasleen ordutegia ez etortzea guztiz bat ikasleen ohiko eskola ordutegiarekin.

Ikastetxeen arteko koordinazioa hobetzeko eta prestakuntzako programetan parte hartzea areagotzeko, Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeetako zuzendariek astearte goizak libre eduki ditzakete, irakastordurik gabe, ikastetxearen beharren arabera.

3.-Ordutegi osagarriaren inguruko azalpenak.

Plangintza instituzionaleko tresnak prestatzen edo espezialitatearekin zerikusia duten prestakuntza jardueretan nahitaez eman beharreko denboraren erdiak (horren edukia zuzendaritza taldeak ezarriko du) lehentasuna izanen du irakasleen beste edozein aukeraren aurretik.

Aldi horretan, Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako ikasketak ematen dituzten ikastetxeetan, lan plana ezarriko da oinarrizko gaitasunen inguruko gogoetak eta azterketak errazteko, bai eta barruko ebaluazioak gaitasunak ardatz hartuta programatzea eta prestatzea errazteko ere.

Aldi horretan, BHIetan hileko lehen eta hirugarren asteazkenetan curriculuma baloratu eta berrikusiko da, eta lan plana ezarriko da DBHko oinarrizko gaitasunen gaineko gogoeta eta azterketa errazteko. Koordinazio didaktikorako departamentuek mailaka txertatuko dute oinarrizko gaitasunen ikuspegia programazio didaktikoetan, gelako programazioetan eta barruko ebaluazioetan.

4.-Departamentuko burutza.

Departamentu bakoitzeko buruak Erregelamendu Organikoan eta 258/1998 Foru Aginduan aipatzen diren eginkizunak bere gain hartuko ditu eta, horretaz gainera, 2009-2010 ikasturterako Urteko Lan Planaren garapenean buru eta arduradun izanen da; plan horretan, zuzeneko eta zeharkako eragina duten hobekuntza arloen inguruko jarduketak sartuko dira.

5.-Informazioaren eta komunikazioaren teknologiak.

Hauexek dira teknologia berrien arduradunaren lanaren ardatzak: ikastetxeko ekipo informatikoak eta ikus-entzunezkoak koordinatzea eta mantentzea, gorabeherak konpontzeko laguntza teknikoa ematea, material informatikoa eta ikus-entzunezkoa behar bezala erabiltzeko irizpideak ezartzea, eta informazioaren eta komunikazioaren teknologien erabilpena koordinatzea.

Teknologia berrien arduradunak ordu kopuru hau edukiko du bere lanak egiteko:

a) Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako lerro bateko zein biko ikastetxeetan: bi irakastordu astean, zuzeneko irakaskuntzakoak ez direnak, eta bi osagarri (ikastetxearen beharren arabera).

b) Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako hiru lerro edo gehiagoko ikastetxeetan: hiru irakastordu astean, zuzeneko irakaskuntzakoak ez direnak, eta hiru osagarri (ikastetxearen beharren arabera).

c) Bigarren Hezkuntzako ikastetxeak, 30 irakasle artekoak: bi irakastordu astean, eta bi osagarri (ikastetxearen beharren arabera).

d) Bigarren Hezkuntzako ikastetxeak, 31 - 60 irakasle bitartekoak: hiru irakastordu astean, eta hiru osagarri (ikastetxearen beharren arabera).

e) Bigarren Hezkuntzako ikastetxeak, 60 irakasle baino gehiagokoak: lau irakastordu astean, eta lau osagarri (ikastetxearen beharren arabera).

Bestalde, Hezkuntza Departamentuak abian jarri du Integra-IKT izeneko proiektu esperimentala, informazioaren eta komunikazioaren teknologiak curriculumean txertatzeko, ikasgelan bertan, eta aukeratutako ikastetxe publikoetako Lehen Hezkuntzako hirugarren zikloko ikasleen gaitasun digitala garatzeko.

Ikastetxe horiek proiektuko IKT koordinatzaile bana izanen dute, ikastetxean esperientziaren koordinazio pedagogikoaz arduratuko dena. Gainera, koordinatzaile horiek prestakuntza ekintzetan, esperientzia trukeetan eta prozesu orokorren jarraipenean eta ebaluazioan parte hartuko dute, ikastetxean bertan, ordutegi arruntaren barnean. Horretarako, zuzeneko irakaslaneko 4 saio izanen dituzte astean.

6.-Salbuespenak eta egokitzapenak Gorputz Hezkuntzan.

Indarra duen araudian xedatutakoa ezertan galarazi gabe, 25 urtetik gorakoak edo matrikularen aldian 25 urte betetzen dituztenak Batxilergoan Gorputz Hezkuntza irakasgaia egin beharretik salbuetsiko dira. Horrez gain, Batxilergoko Gorputz Hezkuntza egitetik salbuesteko eskaera egiten ahalko dute mugikortasun arazo larriak dituzten ikasleek, hala komeni denean ohiz kanpoko kasuetan eta behar bezala frogatuta.

Curriculum egokitzapenak egiteko eskabideak ikasleek edo, adingabeak baldin badira, beren gurasoek edo legezko ordezkariek aurkeztuko dituzte ikastetxeko zuzendaritzan, eta medikuen ziurtagiriak erantsiko zaizkie.

7.-Batxilergoko 2. mailaren amaiera.

2009-2010 ikasturte honetan lehen aldiz eginen da graduko unibertsitate ikasketa ofizialetarako sarrera proba HLOko ikasketen arabera. Orain arte bezala, proba hori deialdi arruntean nahiz deialdi berezian gainditzeko aukera izanen da, eta deialdi berezia uztailera aurreratuko da.

Hori dela-eta Hezkuntza Departamentuak Batxilergoko 2. mailako deialdi berezia ere aurreratu behar izan du, 2010eko irailetik 2010eko ekainaren 18ra, 21era eta 22ra, hain zuzen ere. Batxilergoko 1. mailako deialdi berezia, aldiz, irailean egiten jarraituko du.

Batxilergoko 1. mailan gainditu gabeko irakasgaien ebaluazioei dagokienez, ikastetxeek horiek antolatzerakoan kontuan hartuko dute beti egin behar direla 2. mailako ebaluazio arruntaren eta bereziaren aurretik.

Ikastetxeek datuak unibertsitatera bidaltzeko azken eguna maiatzaren 31 izanen da. Egun horretatik ekainaren 8ra bitartean, ikastetxeetan selektibitatearen deialdi arrunta eta Batxilergoko 2. mailako azterketa bereziak prestatuko dira ikasleekin batera. Ordutik ekainaren 17ra arte, ikastetxeak ezartzen duen ordutegian, deialdi bereziko azterketak egin behar dituzten ikasleen zalantzak argitzen arituko dira irakasleak.

Batxilergoko 2. mailaren amaierako egun seinalatuak

a) Deialdi arrunta

Maiatzaren 25a: deialdi arrunteko azterketak egiteko azken eguna.

Maiatzaren 27a: ikasleei notak emateko azken eguna.

Maiatzaren 31: datuak unibertsitatera bidaltzeko azken eguna (12:00ak baino lehen).

Ekainaren 9a, 10a eta 11: selektibitatearen deialdi arrunta.

b) Deialdi berezia

Ekainaren 18a, 21a eta 22a: Batxilergoko 2. mailako deialdi bereziko azterketak.

Ekainaren 24a: ikasleei notak ematea.

Ekainaren 25a: datuak unibertsitatera bidaltzea (12:00ak baino lehen).

Uztailaren 1a, 2a, 3a eta 5a: selektibitatearen deialdi berezia.

8.-Erreklamazioak.

8.1. DBH eta Batxilergoko 1. maila.

Ikasleei beren errendimendu akademikoaren balorazio objektiboa bermatzeko, beharrezkoa da ikasleek aurretik izatea helburuen, edukien eta ebaluazio irizpideen berri, hala nola balorazio positiboa izateko eskatutako gutxieneko emaitzena, kalifikazio irizpideena eta ikasketak ebaluatzeko ikasturtean erabiliko diren prozedurena.

Irakasle titularrak ikasleek, haien gurasoek edo legezko ordezkariek programazio didaktikoei buruz eskatzen dituzten argibideak emanen dizkie. Ebaluazioa egiteko tresnei buruzko informazioa ere emanen die eta ikasleek zilegi izanen dute egin dituzten idatzizko proba, ariketa eta lanak ikusi eta irakaslearekin batera aztertzea.

Ebaluazioa egiteko tresnak azken erabakiak hartu edo ikasturte amaierako kalifikazioak eman ondoko hiru hilabeteetan gordeko dira gutxienez.

Ikasle guztiek eskubidea dute beren kalifikazioan eragina izanen duen edozein azterketa edo proba idatzi zuzendua eta kalifikatua ikusteko.

Ikasleek, haien gurasoek edo legezko ordezkariek zilegi izanen dute balorazio eta kalifikazioei buruzko argibideak eskatzea irakasle titularrari. Kalifikazio partzialen inguruko erreklamazioak ikastetxean bertan ebatziko dira. Irakasleak argibideak eman ondoren ikaslea mailako azken kalifikazioarekin ados ez badago, berriz aztertzeko eskatzen ahalko dio idatziz ikasketaburuari jakinarazpena egin eta bi egun balioduneko epean.

Azken ebaluazioaren inguruko erreklamazioetan bi bide daude:

a) Azken kalifikazioa eta/edo agiria eskuratzekoa berraztertzea: zikloko lantaldeek, koordinazio didaktikorako departamentuek edo, kasua bada, epaimahaiek, hurrengo egun baliodunean, berraztertzeko eskabideak aztertuko dituzte eta txostenak eginen dituzte; txostenetan erreklamazioaren inguruko erabakia jasoko dute eta horretarako arrazoiak azalduko dituzte. Txostena ikasketaburuari igorriko zaio eta hark kopia bat bidaliko die ikasleei edo, hala behar denean, haien gurasoei edo legezko ordezkariei.

b) Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako titulua emateko erabakia berraztertzea: berraztertzeko eskaera aurkezteko epea bukatzen denetik bi eskola egun igaro baino lehen irakasle taldeak aparteko bilera eginen du eta bertan erabakia aztertuko du aurkeztutako alegazioak kontuan hartuta. Tutoreak aparteko bilkura horretako aktan honakoa jasoko du: aurretiazko gorabeheren azalpena, egitateak eta jarduketak, ebaluazio batzordearen edo irakasle taldearen deliberoen alderdi nagusiak eta berraztertu den erabakiaren aldaketa edo berrespena. Ikasketaburuak idatziz jakinaraziko die ikasleari eta haien gurasoei edo legezko ordezkariei hartutako erabakia berretsi edo aldatu den, horretarako arrazoiak emanda. Horrek amaiera emanen dio erreklamazio bideari.

Ikastetxean berraztertzeko prozesua agortzen duten ikasleek zilegi izanen dute, dela nork bere kasa, dela guraso edo legezko ordezkarien bitartez, ikastetxeko zuzendariari eskatzea erreklamazioa Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura igor dezala, azken jakinarazpena egin eta bi eguneko epean.

Ikastetxeko zuzendaritzak hiru egun igaro baino lehen Ikuskapenaren eta Zerbitzuen Zuzendaritza Nagusira bidaliko du erreklamazioaren espedientea. Zuzendari nagusiak ebazpena emanen du -eta horrek administrazio bideari amaiera emanen dio- hamabost egun balioduneko epean espedientea jasotzen denetik hasita, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuaren txostena kontuan izanik.

Ikaslearen erreklamazioaren aldeko ebazpena ematen baldin bada arestian aipatutako instantzietakoren batean, bidezko zuzenketa agerraraziko da ebaluazio agirietan, ikastetxeko idazkariak sinatutako eta zuzendariak ikus-onetsitako eginbidearen bitartez.

Kalifikazioen kontrako berraztertze eskaerak eta erreklamazioak jarraibide hauetan ezarritakoari lotuko zaizkio, eta, jarraibide hauetan arautu ez diren aferetarako, 1995eko abuztuaren 28ko Aginduari (1995eko irailaren 20ko Estatuko Aldizkari Ofiziala).

8.2. Batxilergoko 2. maila.

8.2.1. Deialdi arrunta.

Ikasleek, haien gurasoek edo legezko ordezkariek zilegi izanen dute argibideak eskatzea irakasle titularrari. Ikasleari eman zaion azken kalifikazioarekin ados ez badaude, berriz aztertzeko eskatzen ahalko dute, notak banatzen diren egunean bertan (luzeenik ere maiatzaren 27an), idatziz, ikasketaburuari zuzendurik, eta honek kasuan kasuko departamentuko buruari igorriko dio eskaera. Erreklamazioetarako epea antolatzean, ikastetxeek kontuan hartu behar dute eskaerak ebazteko eta ikasleei erabakia jakinarazteko azken eguna maiatzaren 28a izanen dela.

Ikasleak azken kalifikazioa onartu gabe jarraitzen badu, zuzendariari idatzizko eskaera aurkeztu ahalko dio, ikastetxean bere erreklamazioa ebatzi eta hurrengo lanegunean. Zuzendariak egun berean eskaera Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuari bidaliko dio eta honek ebatziko du. Ebazteko epeak, betiere, ikasleari graduko unibertsitate ikasketa ofizialetarako sarrera probara aurkeztu ahal izateko eskubidea bermatuko dio.

8.2.2. Deialdi berezia.

Ikasleek, haien gurasoek edo legezko ordezkariek zilegi izanen dute argibideak eskatzea irakasle titularrari. Ikasleari eman zaion azken kalifikazioarekin ados ez badaude, berriz aztertzeko eskatzen ahalko dute, notak banatzen diren egunean bertan (ekainaren 24an), idatziz, ikasketaburuari zuzendurik, eta honek kasuan kasuko departamentuko buruari igorriko dio eskaera. Egun berean, departamentuak erreklamazioa ebatziko du eta erabakia ikasleari jakinaraziko dio.

Ikasleak azken kalifikazioa onartu gabe jarraitzen badu, zuzendariari idatzizko eskaera aurkezten ahalko dio, beraren erreklamazioa ebatzi eta hurrengo lanegunean (ekainaren 25ean). Zuzendariak egun berean eskaera Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuari bidaliko dio eta honek ebatziko du. Ebazteko azken eguna ekainaren 28a izanen da, ikasleari graduko unibertsitate ikasketa ofizialetarako sarrera probara aurkeztu ahal izateko eskubidea bermatzeko.

Ikasleak ebaluazio arruntaren edo ebaluazio bereziaren emaitzen aurka jarritako erreklamazioaren aldeko ebazpena ematen baldin bada arestian aipatutako instantzietakoren batean, bidezko zuzenketa agerraraziko da ebaluazio agirietan, ikastetxeko idazkariak sinatutako eta zuzendariak ikus-onetsitako eginbidearen bitartez.

Ikaslea, aldeko ebazpen horren ondorioz, graduko unibertsitate ikasketa ofizialetarako sarrera proba egiteko moduan badago eta probarako matrikula egiten badu, ikastetxeak matrikula hori unibertsitatera bidaliko du, gainerako agiriekin batera, kontuan har dadin, ikasleak proba hori egiteari dagokionez.

9.-Hizkuntza eskola ofizialetan ikaspostu presentzialak erreserbatzea.

Iruñeko eta Tuterako hizkuntza eskola ofizialek, ohiko eskaintzaren barruan, araubide ofizialeko plaza kopuru jakina erreserbatuko dute Nafarroako ikastetxe publikoetako irakasle funtzionarioek ingelesa, frantsesa edo euskara ikasteko. Hizkuntza eskola ofizialek berek ezarriko dute inskripziorako eta esleipenerako prozedura.

10.-Nafarroako Urrutiko Hizkuntza Eskola Ofizialarekin koordinazio bilerak egitea.

NUHEOrekin hitzartutako lankidetza programa ematen duten irakasleek nahitaez agertu beharko dute eskola horrek aipatu programarako ezartzen dituen koordinazio bileretara. Bilerak hilean behin izanen dira gutxienez. NUHEOren antolaketa eta jarduna arautzen dituzten jarraibideetan ageri dira irakasle lankideen eginkizunak.

Irakasle lankide guztiek beren eskola orduetatik astero ordu bat hartuko dute HEOko maila bereko bi taldeko edo irakasten duten maila desberdin bakoitzeko, probak zuzentzeko edo koordinazio lanak egiteko.

Gainera, irakasle lankideek bukaerako azterketengatik zehaztuko diren ordain ekonomikoak jasoko dituzte.

11.-Araudia.

11.1. Haur Hezkuntzako bigarren zikloa.

-23/2007 Foru Dekretua. (Curriculuma). 2007ko apirilaren 24ko Nafarroako Aldizkari Ofiziala.

-51/2007 Foru Agindua. (Ordutegia). 2007ko ekainaren 15eko Nafarroako Aldizkari Ofiziala.

-47/2009 Foru Agindua. (Ebaluazioa). 2009ko maiatzaren 1eko Nafarroako Aldizkari Ofiziala.

-93/2008 Foru Agindua. (Aniztasunari erantzutea). 2008ko uztailaren 30eko Nafarroako Aldizkari Ofiziala.

11.2. Lehen Hezkuntza.

-24/2007 Foru Dekretua. (Curriculuma). 2007ko maiatzaren 23ko Nafarroako Aldizkari Ofiziala.

-51/2007 Foru Agindua. (Ordutegia). 2007ko ekainaren 15eko Nafarroako Aldizkari Ofiziala.

-216/2007 Foru Agindua. (Ebaluazioa). 2008ko urtarrilaren 23ko Nafarroako Aldizkari Ofiziala.

-93/2008 Foru Agindua. (Aniztasunari erantzutea). 2008ko uztailaren 30eko Nafarroako Aldizkari Ofiziala.

11.3. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza.

-25/2007 Foru Dekretua. (Curriculuma). 2007ko maiatzaren 25eko Nafarroako Aldizkari Ofiziala.

-52/2007 Foru Agindua. (Ordutegia). 2007ko ekainaren 15eko Nafarroako Aldizkari Ofiziala.

-53/2007 Foru Agindua. (Aukerakoak eta curriculum aukerak). 2007ko ekainaren 13ko Nafarroako Aldizkari Ofiziala.

-51/2008 Foru Agindua. (52/2007 Foru Agindua eta 53/2007 Foru Agindua aldatzen ditu). 2008ko apirilaren 4ko Nafarroako Aldizkari Ofiziala.

-217/2007 Foru Agindua. (Ebaluazioa). 2008ko urtarrilaren 25eko Nafarroako Aldizkari Ofiziala.

-169/2007 Foru Agindua. (Curriculum aniztasuneko programak). 2007ko azaroaren 21eko Nafarroako Aldizkari Ofiziala.

-93/2008 Foru Agindua. (Aniztasunari erantzutea). 2007ko uztailaren 30eko Nafarroako Aldizkari Ofiziala.

11.4. Batxilergoa.

-49/2008 Foru Dekretua. (Curriculuma). 2008ko ekainaren 6ko Nafarroako Aldizkari Ofiziala.

-66/2008 Foru Agindua. (Egitura eta ordutegia). 2008ko ekainaren 9ko Nafarroako Aldizkari Ofiziala.

-191/2008 Foru Agindua. (Ebaluazioa). 2009ko urtarrilaren 23ko Nafarroako Aldizkari Ofiziala.

-201/2009 Ebazpena (Bigarren mailara igarotzea). 2009ko ekainaren 10eko Nafarroako Aldizkari Ofiziala.

-46/2009 Foru Agindua. (Modalitate aldaketa). 2009ko apirilaren 29ko Nafarroako Aldizkari Ofiziala.

Iragarkiaren kodea: F0919588