104. ALDIZKARIA - 2009ko abuztuaren 24a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

LEITZA

Ordenantza behin betikoz onetsirik

Leitzako Udalak, 2009ko apirilaren 24an egindako osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Auzobide, pista eta mendi bideen erabilera arautzen duen ordenantza.

Erabaki hau ekainaren 10ean argitaratu zen, 2009ko 71. Nafarroako Aldizkari Ofizialean.

Jendaurrean egoteko epea iragandakoan eta inork erreklamazio, kexa edo oharrik aurkeztu ez duenez, behin betikoz onetsirik gelditu da aipatu ordenantza; hori guztia Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325 c) artikuluan ezarritakoari jarraikiz, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legean eman dion idazketaren ariora.

Leitzan, 2009ko abuztuaren 1ean.-Alkatea, Javier Zabalo Betelu.

ORDENANTZA, LEITZAKO AUZOBIDE, PISTA ETA MENDI
BIDEEN ERABILERA ARAUTZEN DUENA

Leitzako herribide publikoen sarea leitzar guztien ondarearen zati da. Berebiziko garrantzia du udal mugapeko mendi eta landetako aberastasuna zaintzeko eta hartara sarbide izateko.

Funtsezkoa da herritarren arteko komunikaziorako eta bisitarien nahiz pasadizokoen harat-honatak errazteko. Herriko pista eta bide publikoak gero eta gehiago erabiltzen baitira, beharrezkoa da haien erabilera arautzea. Xedea hirukoitza da: Leitzako natur ondarea zaintzea, erabiltzaile guztiek eta bereziki herritarrek modu orekatuan erabiltzea eta erabiltzeko egoera onean mantentzea. Helburua horixe dela, Leitzako Udalak ordenantza hau onetsi du:

1. artikulua. Ordenantzaren xedea.

Ordenantza honek, indarra duen araudiarekin bat, Leitzako herribide publikoen sarearen eta mendi bideen erabilera arautuko du.

2. artikulua. Herribideen kategoriak.

Leitzako herribideen eta mendi bideen erabilera haien izaerara egokituko da, eta debekatuta egonen da bertan kalteak eraginen dituen erabilera ez-ohiko edo neurriz kanpoko oro.

Leitzako herribideak honako kategoriatan sailkatzen dira, haien erabilera nagusiaren arabera:

1. 2 metro zabaleko bideak edo zabalagoak.

a) Auzobideak: horrela sailkatu dira herriko baserri multzo bakoitzera joateko bide nagusiak. Asko erabiltzen diren bideak dira eta horregatik zoru irmoa, agregakinak, asfaltoa edo hormigoia dute. Halakoak dira hauetarako bideak: Erreka, Erasote, Sakulu-Maieta, Arkiskil. Baita baserrietarako bideak ere, auzoetako bide nagusiak ez direnean.

b) Abeltzaintzarako bide azpiegitura: Aritz, Leitzalarrea, Baztarla, Larbaidegi, Erreka Beheikoa, Lapurren Kaltzada.

c) Abeltzaintzarako dira, edo halakotzat hartu dira, bordetara sarbide ematen duten pistak.

d) Mendi bide nagusiak: garraiorako azpiegitura gehiena haietan bermatzen da. Luzerako nahiz zeharkako drainatzeak dituzte, baita, zati gehienetan, zoru malgua edo zurruna ere.

e) Bigarren mailako mendi bideak: maila txikiagoan egiten dute zerbitzu, eta haien kalitatea aurrekoak baino kaskarragoa da; drainatze lanak dituzte, baina gehienetan zoru irmorik ez.

f) Oihangintzako bideak, basotik oihangintzako produktuak ateratzea dute xede, eta haien egoera on samarra izan ohi da, nahiz eta zenbait puntutan zirkulazioa baldintzaturik dagoen. Fabrikako obrak izan ditzakete baina zoru irmorik ez dute. Halako tarte franko dago, gehienetan mendi bide nagusietatik, abeltzaintzarako bideetatik edo are errepideetatik ateratzen direnak.

g) Bidezidorrak: denbora baterako irekidurak dira, halako lote bateko oihangintzako produktuak ateratzeko direnak. Ez dute fabrikako obrarik ez zoru irmorik izaten, eta sarrera mugatua izan ohi dute, oihangintzarako traktoreentzat bakarrik. Mendi guztian barrena daude gisa honetako bidezidorrak, hondatu samarrak, gehienetan.

2. Bide meharrak, 2 metro zabal baino estuago direnak.

a) Bideak, orgabide zaharrak eta bidexkak, erabilera eta eginkizun bat baino gehiago dutenak, lasterbideak eta turismorako bidexkak barne.

3. artikulua. Zainketa.

Leitzako Udalak begiratuko du 2.a), b), c), d), e) eta f) ataletan zehazten diren herribide publikoak beti egon daitezen erabiltzeko moduan. Horretaz gain, behar diren neurriak hartuko ditu gal ez daitezen interesgarritzat jotzen diren bestelako bideak (besteen adar direnak, bidexkak).

4. artikulua. Ibilgailu motordunetan ibiltzeko debeku orokorra.

Debeku da pistetatik kanpora eremu irekietan barna ibilgailu motordunetan ibiltzea, bai bi metro zabal baino estuago diren pistetan barna bai hori baino zabalagoak diren pistetan barna, non ez diren nekazaritzarekin, abeltzaintzarekin, basogintzarekin edo behar bezala baimendutako bestelako jarduerekin zerikusia duten ibilgailuak.

5. artikulua. Auzoetako bideetan eta baserrietako sarbideetan ibiltzeko baimen orokorra.

Sailkapeneko lehenbiziko bi pistetan (auzoetako pistak eta baserrietako sarbideak), baimentzen da motozikletak eta ardatz bakoitzeko 3,5 tonatik beheitiko pisua duten ibilgailu motordunak ibiltzea. Ardatz bakoitzeko 3,5 tonatik goitiko ibilgailuak ibil daitezke, betiere baserriaren bizimoduarekin lotuak dauden erabilera edo zerbitzuetakoak badira.

6. artikulua. Baimena, motozikleta eta ardatz bakoitzeko 3,5 tonatik beheitiko pisua duten ibilgailu motordunentzako, pista jakin batzuetan barna zirkulatzeko.

Udalak onetsiko du pista nagusien zerrenda bat, zeinetan barna motozikletek eta ardatz bakoitzeko 3,5 tonatik beheitiko pisua duten ibilgailu motordunek libre izanen baitute ibiltzea. Udalak berak aldatzen ahalko du zerrenda hori, kontuan hartuz une bakoitzeko goiti-beheitiak, pisten egoera edo berak ikusten duen beste arrazoiren bat.

7. artikulua. Udalaren baimena eskatzen duten jarduerak.

a) Pista eta mendi bide horietatik oihangintzako produktu zurgaiak ateratzea, ibilgailu motordunetan eginez gero, etxerako egurrerako denean izan ezik.

b) Pista eta mendi bide horietan eraikuntzako materialak garraiatzea, ibilgailu motordutetan eginez gero.

c) Pista eta mendi bide horietan pisu handiko makinak ibiltzea, udalak berak hala eskatuta ez baldin bada.

d) Leitzako ehiza-barrutiko errentari diren ehiztariak kontrolatutako pistetan ibiltzea.

e) Bide edo lur publikoan edozein material mota biltzea.

8. artikulua. Debekua, gainerako pistetan ibiltzeko.

Leitzako gainerako pistetan debeku da ibilgailu motordunak baimenik gabe ibiltzea, salbu eta nekazaritzari, abeltzaintzari, basogintzari edo baimena duten bestelako jarduerei lotutako ibilgailuak badira.

9. artikulua. Baimena eskatu behar duten subjektuak.

a) Zura eraman behar denean, oihangintzako produktuak ateratzen dituen enpresa. Halakorik egon ezean, zuraren jabea izanen da arduraduna.

b) Eraikuntzako materialen kasuan, obraren sustatzailea.

c) Pisu handiko makinen kasuan, makina horien zerbitzua kontratatzen duen pertsona.

d) Aurrerago aipatutakoak beste era batean erabiltzeko sarbidea nahi duten partikularrak.

10. artikulua. Eskumena, baimena emateko.

Udalak emanen du Leitzako pistetan barna ibiltzeko baimena. Baimena eskatzen ahalko dute Leitzako herritarrek, baldin eta ibilgailuren bat badute udalerrian erregistraturik, bai eta beste pertsonek ere, baldin eta beren ibilgailuekin ibiltzeko beharra arrazoitzen badute.

Baimenak izaten ahal dira bide orotarako eta urtebeterako edo denbora tarte baterako eta toki jakin batzuetan ibiltzeko.

Kasu bakoitzean abal moduan tokatzen den zenbatekoa ordaindu ondoren emanen da baimena.

Abala = lotearen prezio zenbatetsiaren %10 x m³ x km.

11. artikulua. Baimena, ardatz bakoitzeko 3,5 tona baino gehiagorako ibilgailuetarako.

3,5 tonatik gorako ibilgailu guztiek baimena beharko dute Leitzako herribide publiko guztietan barrena ibiltzeko.

12. artikulua. Garraioa, zura ateratzeko aprobetxamendu pribatuetarako.

Mendi pribatuetako zur aprobetxamenduetarako betebeharrak eta kargak dagokion ordenantza fiskalean ezarriko dira.

13. artikulua. Erakunde eta entitate publikoen ibilgailuek ez dute baimenik behar, beren egitekoetan ari direnean.

14. artikulua. Ibiltzeko gehieneko abiadura.

a) Leitzako mendiko pista guztietan gehieneko abiadura 30 kilometro orduko izanen da.

b) Istripurako arriskuak apaltzeko, eta oinezko, txirrindulari eta animaliei trabarik ez egiteko, gidariek beren abiadura egokitu beharko dute, maldetan eta toki arriskutsuetan behar adina mantsotuz, baita aziendak hurbil dabiltzanean eta oinezkoak agertzean ere, edo denbora idorra denean, pistetan hautsa pilatzen baita.

15. artikulua. Jarduera debekatuak.

Lehiaketak, lasterketak eta taldeka eta motorretan antolatzen diren turismo jarduerak espresuki debekaturik gelditu dira, hala nola pasealariei, txirrindulariei, etxeko animaliei eta basa-faunari arriskua ekartzen ahal dieten gidatze molde arriskutsu guztiak. Salbuespen gisa, Udalak baimena ematen ahalko du taldean antolatzen diren ibilgailu motordunen lehiaketa ofizialak eta jarduera turistikoak egiteko.

16. artikulua. Erabiltzaileen erantzukizuna.

Erabiltzaileek beren gain izanen dute ordenantza honetan aipatzen diren arauak ez betetzeagatik pistetan egiten dituzten kalteen erantzukizuna.

17 artikulua. Pisten inbentarioa.

Laster onartuko den Leitzako herrilurrak antolatzeko proiektuan Leitzako pista guztien inbentarioa eta sailkapena egonen da.

18. artikulua. Arau-hausteak.

Ordenantza honetan ezarritakoa ez betetzea arau-haustetzat hartuko da.

19. artikulua. Zehapenak.

Arau-hausteek isuna ekarriko dute, zehapen gisara; gehienez ere 150 euro izanen da, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Foru Legeko 52. artikuluan ezarritakoaren arabera.

Nork bere borondatez ordaintzen ez badu, premiamendu bidez eginen da isunen diru-bilketa.

Iragarkiaren kodea: L0920436