104. ALDIZKARIA - 2009ko abuztuaren 24a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ARESO

Ordenantza, Areson etxerako egurraren aprobetxamendua arautzen duena. Behin betiko onespena

Aresoko Udalak, 2009ko maiatzaren 7an egin bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Areson etxerako egurraren aprobetxamendua arautzen duen ordenantza. Erabakia 2009ko 71. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, ekainaren 10ean.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluari jarraituz, eta jendaurrean egoteko epea inork alegaziorik aurkeztu gabe iraganik, ordenantza hori behin betiko onetsi eta osorik argitaratzeko agindu da, behar diren ondorioak izan ditzan.

Areson, 2009ko uztailaren 30ean.-Alkatea, Mikel Baraibar Garmendia.

ORDENANTZA, ARESON ETXEKO EGURRAREN APROBETXAMENDUA ARAUTZEN DUENA

1. artikulua. Aresoko udal mugapean etxeko egurraren aprobetxamendua antolatzen duten arauak ezartzea du xede ordenantza honek.

2. artikulua. Herrilurretako ondasunak dira herri honetako bizilagun guztiek aprobetxatu eta erabil ditzaketenak.

3. artikulua. Herrilurretako ondasunak besterenezinak, preskribaezinak eta bahitezinak dira, eta ez dute beren gain tributurik izanen.

Haien izaerak eta tratamendu juridikoak ez dute aldaketarik izanen, edozein dela ere haiek aprobetxatu edo erabiltzeko era.

4. artikulua. Herrilurretako ondasunen gaineko arauak hauek dira: Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea eta haren erregelamenduzko xedapenak; Nafarroako Foru Zuzenbide Administratiboaren gainerako arauak; herrilurren ordenantza hau eta, bestela, Foru Zuzenbide Pribatuaren arauak, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 40. artikuluko hirugarren idatz-zatian xedatutakoa deusetan galarazi gabe.

5. artikulua. Aresoko Udalari dagokio herrilurretako ondasunen gainean xedatu, administratu, antolatu eta haien aprobetxamendua arautzeko ahalmena, ordenantza honetan azaltzen den moduan.

Herrilurretako ondasunen inguruan Aresoko Udalak hartutako erabakiek Nafarroako Gobernuaren baimena beharko dute Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legean ezarritako kasuetan.

6. artikulua. Ordenantza honek aprobetxamendu hauek arautzen ditu:

-Etxerako egurraren aprobetxamendua.

7. artikulua. Aresoko Udala herrilurren ekoizpena abian jartzen, hobetzen eta egoki aprobetxatzen ahaleginduko da, eta duten izaera sozialarekin bateragarri eginen du.

8. artikulua. Herrilurretako aprobetxamenduen onuradun izateko, familia unitateen titularrek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Adinez nagusi izatea, edo bere kontu bizi den adingabea izatea nahiz judizialki gaitua.

b) Eskaera egunaren aurretik, Udalaren erroldan bizilagun gisa inskribatua egotea 3 urteko antzinatasunaz.

c) Udal honekin dituen zerga betebeharrak egunean izatea.

d) Aurreko urteetako etxeko egur loteen kuota ordainduta izatea.

e) Herrilurraren titularra den herrian urtean bederatzi hilabetez gutxienez jarraian bizitzea.

9. artikulua. Familia unitateko kideak etxe berean bizi diren guztiak izanen dira. Nolanahi ere, familia unitate independentetzat hartuko da guraso jubilatuek osatua, familiakoekin bizi arren, betiere haien diru-sarrerak lanbide arteko gutxieneko soldata baino apalagoak baldin badira.

10. artikulua. Udalak ezartzen duen epean aurkeztuko dira aprobetxamendurako eskaerak udal bulegoetan, eta dokumentazio hau erantsiko zaie:

a) NANaren fotokopia eta kontu korrontearen zenbakia, dagokion kuota kargatzeko.

b) Eskaera epea hasten denean Aresoko bizilagun gisa 3 urteko antzinatasuna duela frogatzea.

c) Udal honekiko betebehar fiskalak ordainduta dituela frogatzea.

11.1. artikulua. Egurra banatzeko, eta eskaera adina lote egonik, Aresoko Udalak irizpide hau hartuko du: eskaera egin eta ordenantza honetako 8. artikuluko baldintzak betetzen dituztenei banatzea etxeko egurra.

Udalaren iragarki oholean jarriko da ikusgai esleipenaren zerrenda.

11.2. Eskaera guztietarako adina egur ez bada, Aresoko Udalak berdintasunez eta justiziaz jokatuko du, eta lehentasuna emanen die baldintza hauek betetzen dituzten herriko familia unitateetako titular hauei:

a) Diru-sarrera gutxien duten familia unitateak. Irizpideak datu objektiboetan oinarrituko dira, hala nola Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren aitorpena.

11.3. Haizeak botatako zuhaitzen egurra aprobetxatzeko, 8.1 artikuluko baldintzak beharko dira bete, eta tramite hauek beteko dira:

A.) Zuhaitzak arrazoi naturalengatik erori izanaren berri izanik Udalak, basozainak markatu eta Aresoko Udalean erregistratuko ditu. Haien kokalekua ere adieraziko du, ondoren aprobetxatzeko.

B.) Azaldutako guztia beterik, lehentasun ordena hau izanen da egurra aprobetxatzeko:

A.1.) Etxeko egur loteen aprobetxamendurako azken kanpainan onuradun izan ez eta erreserban gelditu diren eskatzaileak.

A.2.) Epez kanpo egin diren eskaerak, udal erregistroan duten sarrera ordenaren arabera, edo etxeko egur loteen aprobetxamendurako azken kanpainan loterik eskatu ez dutenak, hurrenez hurren.

C.) Arrazoi naturalengatik eroritako zuhaitzen egurra aprobetxatzeko kontzesioak etxeko egur aprobetxamendu gisa hartuko dira kontuan.

D.) Mendi zaindariak egindako balorazioa izanen da haizeak botatako zuhaitzen aprobetxamendurako kanona ordaintzeko irizpidea.

12. artikulua. Mendian aski izan eta, Nafarroako Gobernuak baimendu eta Mendi Zerbitzuak markatu ondoren, Aresoko Udalak etxeko egur loteak banatuko dizkie ordenantza honen 8.1. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten familia unitateei.

13. artikulua. Aresoko Udalak urtero finkatuko du familia unitateei esleitu beharreko etxeko egur loteen bolumena, mendian dagoen egurraren arabera. Noizbait beharrezkoa baldin bada, eten eginen da aprobetxamendu hori, Udalari egoki iruditzen zaion denborarako.

14. artikulua. Egur loteak zuzenean erabili beharko dira eta onuradunak ezin izanen ditu saldu.

15. artikulua. Egur lotea markatzearekin batean, Aresoko Udalak finkatuko du etxerako egurra aprobetxatzeagatik ordaindu beharreko kanona. Langile espezializatu batek loteak markatu, zuhaitzak bota eta motozerraz zatitzeko kostuak hartuko dira kontuan, betiere behar bezala justifikatzen badira eta zuzenean loteei egozten ahal bazaizkie.

16. artikulua. Loteak biltzeko epea hiru hilabetekoa da, esleipen zerrenda iragarki oholean agertu edo jakinarazten denetik. Udalak, klimatologia dela eta, badu eskubidea epe hori aldatzeko, baita egur loteak entregatzeko eguna eta egokiak iruditzen zaizkion beste aldaketa batzuk egiteko ere. Epealdi hori iraganik, loteak aztertuko dira.

17. artikulua. Onuradunak behartuta daude hondarrak bildu eta pilatzera, egurra bildu ondotik, eta ez dira bide, mendiko pista, kale edo oztopo izan daitezkeen tokietan metatuko; betiere, Udalak ematen dituen jarraibideei kasu eginen zaie.

Artikulu honetan ezarritakoa betetzen ez dutenei hiru urte arte ukatuko zaie aprobetxamendua.

AZKEN XEDAPENAK

Lehendabizikoa.-Ordenantza honek arautzen ez duen hartan, 6/1990 Foru Legean eta horrekin bat heldu den araudi indardunean ezarritakoari jarraituko zaio.

Bigarrena.-Ordenantza honek indarra hartuko du eta ondorio juridiko osoak sortuko ditu, testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoan.

Iragarkiaren kodea: L0920365