100. ALDIZKARIA - 2009ko abuztuaren 14a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

132/2009 FORU AGINDUA, uztailaren 3koa, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak emana, aitorpen-likidazioak, autolikidazioak, urteko aitorpen-laburpenak, informazio aitorpenak, jakinarazpenak eta zerga arloko araudiak eskatutako beste agiri batzuk baliabide telematikoen bidez eta ordenagailuak irakurtzen ahal duen euskarriaren bidez aurkeztera behartzen duten kasuak arautu dituena.

Nafarroako Zerga Ogasunak ahalegin handia egin du azken urteotan, herritarrei zerga betebeharrak beren borondatez betetzea errazteari begira teknologia berriek eskaintzen dituzten aukerak aprobetxatzeko.

Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legeak eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legeak herritarren eta Administrazioaren arteko harremanetan baliabide informatikoak eta telematikoak gehitzea babestu eta errazten dute.

Alde horretatik, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan Administrazio Elektronikoa ezartzeko apirilaren 4ko 11/2007 Foru Legeak informazioaren eta komunikazioaren teknologien alde egin du, administrazioa herritarrei hurbiltzeko eta zerbitzu publikoen zeregina hobetzeko.

Zergen esparruan, Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorrak teknologia horiek nola erabili arautzen du hainbat alorretan (jakinarazpenak, ordezkaritza, agirien azterketa eta zerga arloko aitorpen edo autolikidazioen aurkezpena).

Alor horretan izandako lorpenak eta etekinak handiak izan dira, batez ere Nafarroako Zerga Ogasunaren esparruan baliabide elektroniko, informatiko eta telematikoen (EIT) erabilera arautu duen uztailaren 17ko 50/2006 Foru Dekretua atera zenetik. Horrela, ezaguna eta nabaria da zerga aitorpenak Interneten bidez aurkezteko orduan egon den gehikuntza handia.

Tributudunei betebeharrak betetzea bizkortzen eta errazten jarraitzeko asmoz, foru agindu honek oinarrizko bi helburu ditu:

1. Aitorpenak eta zerga arloko araudian ezarritako beste agiri batzuk baliabide telematikoen bidez aurkezteko sistema zerga administrazioan arautzen duten arauak antolatu, homogeneizatu eta erraz ikusaraztea. Horrela, araudia sinplifikatzen eta argitzen lagunduko da, baita haren sakabanaketa saihesten ere, gaur egun erregulazioa hainbat xedapenetan barreiatuta baitago.

2. Ikusirik baliabide telematikoak gero eta gehiago erabiltzen eta onartzen direla eta kontuan harturik zergak kudeatzeko orduan tributudunei zein administrazioari eskaintzen dizkieten abantailak, baliabide telematikoak derrigorrean erabiliz aurkezteko esparrua handituko da. Hori guztia kolektibo jakin batzuei eta eredu edo jakinarazpen zehatz batzuei lotuta dago.

Aitorpen-likidazioen, urteko aitorpen-laburpenen, informazio aitorpenen, jakinarazpenen eta zerga arloko araudiak eskatutako beste agiri batzuen aurkezpenari dagokionez, komeni da, alde batetik, horiek egitera behartuta dauden subjektu pasiboak eta, beste aldetik, aurkezteko erabili beharreko moduak edo modalitateak bereiztea. Foru agindu honek ez du aldaketarik ezarri nahi aitorpenak, ereduak edo jakinarazpenak aurkeztera behartuta dauden subjektu pasiboen gainean. Izan ere, asmoa da aitorpenak, ereduak edo jakinarazpenak aurkeztera behartuta dauden subjektu pasibo jakin batzuek derrigorrean aurkezteko modu zehatz bat erabiltzea; modu hori izan daiteke telematika erabiltzea (Internet edo teleprozesua) edo ordenagailuak irakurtzen ahal duen euskarria. Horrek berarekin dakar gaur egun aitorpenak telematikaren bidez edo ordenagailuak irakurtzen ahal duen euskarriaren bidez aurkeztea arautzen duten foru aginduak aldaraztea (zati batean eta aitorpena aurkezteko moduari dagokionez).

Laburbilduz, aitorpenak baliabide telematikoak erabiliz aurkezteko arauak bateratzeko asmoz -foru agindu honetan bilduta egon daitezen aurkezteko modu hori erabiltzera behartzen duten kasu guztiak-, oinarrizko hurrengo arauak ezarri dira:

a) Derrigorrean eta aldioro erabili beharko dute baliabide telematikoen (Internet) bidez aurkezteko modalitatea sozietate anonimoaren edo erantzukizun mugatuko sozietatearen izaera juridikoa duten tributudunek (aurkezteko modalitate hori dagoen guztietan, jakina), aurreko urtean 200.000 eurotik gorako negozio zifraren zenbateko garbia izan dutenek, Balio Erantsiaren gaineko Zergan likidazio-aldi bakoitzaren amaieran haien alde dagoen saldoa itzultzea aukeratu dutenek, Fabrikazioko Zerga Berezietako baten baten subjektu pasiboak direnek, Nafarroako toki entitateek eta hirugarrenen izenean aitorpen-likidazioak aurkezteko baimena duten pertsonek.

b) Tributudunak aurreko inguruabarretan ez badaude ere, nolanahi ere baliabide telematikoak (Internet) erabiliz aurkezteko modalitatea erabili beharko da 15 erregistro baino gehiago dituzten urteko aitorpen-laburpenetan edo informazio aitorpenetan, 349, F 66, 430, 480, 569, 322, 353 eta 039 ereduetan eta kuotak itzultzeari zein gasolioa erosteari lotutako zenbait eskabidetan.

c) Teleprozesuaren bidezko aurkezpen telematikoa baliabide telematikoak erabiliz aurkezteko beste modu bat dela arautuko da.

d) Ordenagailuak irakurtzen ahal duen euskarriaren bidez aurkezteko moduaren erregulazioa bateratuko da; izan ere, modu hori derrigorrezkoa dela ezarri da, baliabide telematikoen bidez aurkeztu beharra finkatuta, 12.000 erregistro edo gehiago dituzten aitorpenetarako.

Alor horretan argitasuna eta erraztasuna eskaini nahi zaizkie tributudunei eta horregatik da hain zehatza erregulazioa. Gauzak horrela, erregulazio horrek foru agindu honen edukia berriro aldatzea ekarriko du, etorkizunean aurkezpen telematikoaren derrigorrezkotasunaren esparrua aldatzen denean.

Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariaren eskumena honako hauetan adierazten diren gaikuntzetatik ondorioztatzen da: Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorra, Nafarroako Zerga Ogasunaren esparruan baliabide elektroniko, informatiko eta telematikoen (EIT) erabilera arautu duen uztailaren 17ko 50/2006 Foru Dekretua eta zerga arloko aitorpenak aurkezteko moduari buruzko zergak.

Horrenbestez,

AGINDU DUT:

1. artikulua. Baliabide telematikoak (Internet) erabiliz derrigorrean aurkeztea aplikatzeko esparrua.

1. Tributudunek baliabide telematikoak (Internet) erabiliz aurkezteko modua erabili beharko dute derrigorrean aitorpen-likidazio, autolikidazio, urteko aitorpen-laburpen, informazio aitorpen, jakinarazpen eta zerga arloko araudiak ezarritako beste agiri guztietan, aurkezteko modalitate hori erabiltzeko aukera dagoen guztietan eta honako baldintzetako baten bat betetzen denean:

1. Sozietate anonimoaren edo erantzukizun mugatuko sozietatearen izaera juridikoa izatea.

2. Aurreko urteko negozio zifraren zenbateko garbia 200.000 eurotik gorakoa izatea. Zifra hori Kontabilitate Plan Orokorrean ezarritakoaren arabera zenbatuko da.

3. Balio Erantsiaren gaineko Zergan likidazio-aldi bakoitzaren amaieran haien alde dagoen saldoa itzultzea aukeratzea.

4. Fabrikazioko Zerga Berezietako baten baten subjektu pasiboak izatea, salbu Elektrizitateari buruzko Zerga Bereziaren subjektu pasiboak bakarrik direnak eta 560 ereduko aitorpen-likidazioa aurkeztera behartuta ez daudenak.

5. Nafarroako toki entitateak edo haien mendeko erakunde publikoak izatea.

2. Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariaren ekainaren 29ko 130/2009 Foru Aginduan ezarritakoaren arabera, hirugarrenen izenean aitorpen-likidazioak, autolikidazioak, urteko aitorpen-laburpenak, informazio aitorpenak, jakinarazpenak eta zerga arloko beste agiri batzuk aurkezteko baimena duten pertsonek edo entitateek baliabide telematikoak erabiliz (Internet) aurkezteko modua erabili beharko dute derrigorrean, aurkezteko modalitate hori erabiltzeko aukera dagoen guztietan.

Derrigorrean aurkezteko modu horrek ordezkatuei zein norberaren buruari buruzko aitorpenei eta jakinarazpenei eraginen die.

3. Aurreko idatz-zatian ezarritakoa kontuan hartu gabe, nolanahi ere baliabide telematikoak (Internet) erabiliz aurkezteko modua erabili beharko da hurrengo aitorpen-likidazio, autolikidazio, urteko aitorpen-laburpen edo informazio aitorpenetan, aurkezteko modalitate hori erabiltzeko aukera dagoen guztietan:

a) 15 erregistro baino gehiago dituzten urteko aitorpen-laburpenak edo informazio aitorpenak.

b) 349 eredua, Europar Batasunaren barneko eragiketei buruzko aitorpen laburtua biltzen duena.

c) F 66 eredua, Balio Erantsiaren gaineko Zergaren hileko aitorpena biltzen duena.

d) 430 eta 480 ereduak, Aseguru Primen gaineko Zergaren hileko aitorpen-likidazioa eta urteko aitorpen-laburpena biltzen dituztenak.

e) Hidrokarburoen gaineko Zergari dagokionez:

-Gasolio profesionalaren onuradunen erroldan inskribatzeko eskaera.

-Gasolio horniduren zerrenda norberaren kontsumorako instalazioetan.

-Egindako kilometroen urteko zerrenda.

-Gasolioa erostean nekazariek eta abeltzainek ordaindu behar dituzten kuotak salbuespen gisa itzultzeko eskaera.

f) 569 eredua, zenbait hidrokarburoren txikizkako salmenten gaineko zerga biltzen duena.

g) 322, 353 eta 039 ereduak, entitate taldearen Balio Erantsiaren gaineko Zergako araubide bereziari buruzkoak.

4. Ezin izanen da erabili baliabide telematikoen (Internet) bidez aurkezteko modua, baldin eta aitorpen-likidazioek, autolikidazioek, urteko aitorpen-laburpenek, informazio aitorpenek, jakinarazpenek edo zerga arloko agiriek 12.000 erregistro edo gehiago badituzte.

5. Artikulu honetan ezarritakoa ez da aplikatuko Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren (F-90 eredua eta baliabide telematikoak erabiliz aurkezteko moduaren erregulazioa), Sozietateen gaineko Zergaren eta Ez-egoiliarren Errentaren gaineko Zergaren (finkagune iraunkorra) (S-90 eta 220 ereduak) aitorpenak edo autolikidazioak aurkezteko orduan; izan ere, haien berariazko araudiak zuzentzen ditu horiek.

2. artikulua. Baliabide telematikoak (Internet) erabiliz aurkezten diren aitorpenen baldintza orokorrak, prozedura eta ordainketa.

Aitorpen mota bakoitza aurkezteko modua arautzen duten foru aginduek ezarriko dituzte baldintza orokorrak, baliabide telematikoak (Internet) erabiliz aurkezteko prozedura eta, hala denean, bidezko ordainketa tramitatzeko eta gauzatzeko modua.

3. artikulua. Ordenagailuak zuzenean irakurtzen ahal duen euskarriaren bidez aurkezteko modua.

Tributu arloko zenbait arauk behartzen dute ordenagailuak zuzenean irakurtzen ahal duen euskarriaren bidez aurkeztera aitorpenak (kasuan kasuko arauek ezarritako aitorpenak). Bada, aurreko artikuluetan xedatutakoari kalterik egin gabe, indarrean jarraituko dute arau horiek.

Hala ere, foru agindu honen 1.4 artikuluan adierazitakoarekin bat etorriz, zerga arloko araudiak baliabide telematikoak erabiliz aurkezteko modua ezarri badu baina aitorpen-likidazioek, autolikidazioek, urteko aitorpen-laburpenek, informazio aitorpenek, jakinarazpenek edo zerga arloko agiriek 12.000 erregistro edo gehiago badituzte, ordenagailuak zuzenean irakurtzen ahal duen euskarriaren bidez aurkeztuko dira.

4. artikulua. Teleprozesuaren bidezko aurkezpen telematikoa.

1. Aitorpenen teleprozesuaren bidezko aurkezpen telematikoa borondatezkoa izanen da eta http://www.hacienda.navarra.es Interneteko helbidean adierazi diren ereduetarako erabiltzen ahalko da, baldintzak eta baztertzeko kasuak errespetatuta.

2. Teleprozesuaren bidez aurkeztutako ereduen fitxategiak aurretik baliozkotzeko prozesu baten pean jarriko dira, ereduaren egitura ezarritako baldintza teknikoekin bat datorrela kontrolatzeko asmoz. Fitxategiak aurretik baliozkotzen badira, xml formatua duen fitxategia sortuko da, zerbitzuko erabiltzaileen eskura egonen dena eta bidalitako fitxategien hartu izanaren agiri gisa erabiltzen ahalko dena. Aurretik baliozkotzen ez diren fitxategiak, ostera, baztertu, eta sistematik ezabatuko dira.

3. Foru agindu honetan baliabide telematikoen edo ordenagailuak irakurtzen ahal duen euskarriaren bidez aurkezteko moduaren derrigorrezkotasunari buruz ezarritako ondorioetarako, betetzat joko dira betebehar horiek aitorpenen teleprozesuaren bidezko aurkezpen telematikoari esker, artikulu honetan ezarritakoaren arabera.

Xedapen indargabetzailea.-Arauak indargabetzea.

1. Foru agindu honek indarra hartzen duenetik aurrera, aitorpen-likidazioak, autolikidazioak, urteko aitorpen-laburpenak, informazio aitorpenak, jakinarazpenak eta beste agiri batzuk baliabide telematikoak erabiliz aurkezteko moduak arautzen dituzten foru aginduen arau guztiak indargabetu eginen dira, baldin eta foru agindu honetan ezarritakoari aurka egiten badiote, eta foru agindu honi aurka egiten dioten aldeei dagokienez.

Bereziki, indargabetu eginen dira 04, 030, F-65, 170, 180, 182, 184, 190, 193, F-50, 130, 308, 309, 318, 319, 345, 349, 480, F-69 eta S-91 ereduak baliabide telematikoak erabiliz aurkezteko modua arautzen duten foru aginduen arauak, foru agindu honetan ezarritakoari aurka egiten dioten alde guztiei dagokienez.

2. Kasu bakoitzean aitorpenak, jakinarazpenak eta zerga arloko araudiak eskatutako beste agiri batzuk aurkeztera behartuta dauden subjektu pasiboak ezartzen dituzten foru aginduen arauek, aldiz, indarrean egoten jarraituko dute.

Azken xedapen bakarra.-Indarra hartzea.

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra, eta 2009ko irailaren 1etik aurrera aurkezten diren aitorpen-likidazioei, autolikidazioei, urteko aitorpen-laburpenei, informazio aitorpenei, jakinarazpenei eta beste agiri batzuei aplikatuko zaie.

Iruñean, 2009ko uztailaren 3an.-Ekonomia eta Ogasuneko kontseilaria, Álvaro Miranda Simavilla.

Iragarkiaren kodea: F0919155