95. ALDIZKARIA - 2008ko abuztuaren 4a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.6. Beste batzuk

1219/2008 EBAZPENA, ekainaren 25ekoa, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiak emana, Barbaringo Udal Planeko onespenari buruzko ingurumenaren gaineko eraginaren adierazpena egin eta ingurumenari dagokionez egokia dela adierazten duena.

Ingurumena babesteko esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen 3.A eranskinaren B) 1. idatz-zatian ezarritakoaren arabera, udalez gaindiko plan orkorrei Ingurumen ebaluazio estrategikoa eta Ingurumen ondorioen adierazpena egin behar zaizkie, plan horiek onestearekin batera edo lehenago.

2004ko azaroaren 3an, Ingurumenaren Integrazioko Zerbitzuak, Barbaringo lurraldea okupatzeko estrategiaren eta ereduaren dokumentazioa ikusirik, Udal Plan Orokorrean ingurumen arloan kontuan izan beharreko alderdiei buruzko txostena egin zuen.

Udal Plan Orokorraren espedientea hilabetez egon zen jendaurrean, Barbaringo Udalak iragarkia argitaraturik, 2005eko 80. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean, ekainaren 6an.

Barbaringo Udal Plan Orokorrak hurrengo hauek ditu xede nagusitzat: lehendik dauden hiri-sareen iraupena eta hobekuntza bermatuko duen lurralde eredua proposatzea, udalerriaren landa izaera gordez eta, barneko bide-komunikazioa hobetuz, lurzoru beharrak asetzea, bigarren etxebizitzetarako, ekonomia nahiz industria jardueretarako eta udalerriaren turismorako gaitasuna indartzea. Lurzoru urbanizaezinerako lehentasuna izanen da balio naturalen eta kultur ondarearen araberako babes eta zainketa eremuak mugatzea eta lurzoru mota horretan egiten diren jarduerak arautzea.

Halaber, indarra duen planeamendua abenduaren 20ko Lur Antolamendu eta Hirigintzari buruzko 35/2002 Foru Legean ezarritakoaren arabera eguneratu eta egokitu da, hirigintzako legeriara moldatuz, lurzoru urbanizaezinari dagokionez bereziki. Aurreko planeamenduan lurzoru mota horri eta haren babes araubideari buruzko xehetasun azterlanik ez zegoen, eta orain zuzendu egin da hori.

Barbaringo Udal Planeko proposamenek udalerri osoa ukitzen dute (8,4 km²). Udal Planak etxebizitzen kopuruaren hazkunde handi baterako beharrezkoa den lurzorua aurreikusten du, eraikuntza arautzen da, dagoen homogeneotasun tipologiko eta formala mantentzearren, industriarako lurzorua erreserbatzen du eta herrigunetik eta Arroitz Iruña-Logroño autobiarekin lotzen duen errepidearen proiektuaren trazaduratik kanpo egonen den bidea eraikitzea aurreikusten du.

Ingurumen ondorioen azterlanari ingurunearen azterlana ere gehitu zaio ingurumen unitateak zehaztuz egina, alegia, hor zehazten dira jarduketa zehatz baten aurrean modu homogeneoan erantzuten duten lurraldearen zatiak. Oraingoan hiru hauek dira: babeserako interes berezia duen landaredia, lurzati handi edo txikiz osatutako lehorreko lurrak eta ibaiak edo ur ibilguak.

Geologiari, edafologiari, erliebeari eta higadurari buruzko informazioa biltzen duten ingurune fisikoko datuak sartu dira. Barbarin Ebroko sakonunearen iparraldeko mugan dago, ipar-ekialdean erliebea menditsuagoa da eta harearriak, limoak eta buztinak dira nagusi. Hegoaldean erliebea lauagoa da, bertan igeltsuak eta margak agertzen dira eta sakanak egotea ahalbidetzen dute.

Lur azaleko ur sareari buruzko datuak jasotzen ditu; ur-emari irregularreko errekek osatua da, esate baterako, Bueno eta Salado errekek eta el Agolar sakanak.

Azterketa bioklimatikoan eta geobotanikoan oinarriturik, Nafarroako Erdialdeko eremu mediterraneo horretan berezkoa den landarediaren serie eta geoserieak identifikatu dira.

Udalerrian gutxi dira kartografiatutako berezko landarediaren serieen aztarnak, nabarmentzekoak dira udalerriaren iparraldeko erkamezti hondarrak eta Sakaneta eta Alto del Pinoko alderdietako bazterretako lurren sastrakadi mediterraneoak. Bueno eta Salado errekei eta sakanei loturiko komunitateen artean nabarmentzekoak dira ihidi eta lezkadi mediterraneoen azalera txikiak, kontserbazio egoera irregularrean.

Hauek dira naturaren eta paisaiaren aldetik interes handiena duten udalerriko elementuak: abeldibideak (Imastik Iratxera doan errege altxonbidea eta 10. adarra) eta Done Jakue bidea.

Ingurumen ondorioen azterlanaren arabera, ngurumeneko eraginei buruzko ondorioak honako hauek dira: eremu hauetan izanen dituztela ondorio nagusiak, ez direla ertain-jasangarria kalifikaziotik gorakoak eta biztanleriaren hazkundeak eraginak direla.

Plan honetan lurraldeko balio nagusien kontserbazioa bermatzen da, lurzoru babesgarriaren kategorian ondoko lurzoru urbanizaezin hauek sartu baitira: abelbideak (Errege Altxonbidea, 10. adarra) eta Done Jakue bidea, Interes Kulturaleko Ondasun gisa, eta ur ibilgu nagusiak (Bueno eta Salado). Gorde beharreko Lurzoru Urbanizaezinaren kategorian: baso lurzoruak, Europar Batasunaren intereseko habitatak, kultur balioa duten elementuak (Santa Maria eta San Jorge baselizak eta Salado errekaren gaineko zubi erromanikoa), %20tik gorako malda eta landarezko estaldurarik gabeko eremuak eta Agolar arroa.

Horrenbestez, espedientean dauden txostenak ikusirik, kontuan izanik Ingurumen ebaluazio estrategikorako prozedura osorik bete dela, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak urriaren 10eko 426/2007 Foru Aginduaren bidez emandako eskurantzak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Ingurumen eraginaren adierazpena egitea eta Barbaringo Udal Plana ingurumenaren aldetik egokia dela adieraztea.

2. Proiektuak agiri hauek izan behar ditu erantsirik:

-Udal mugapeko lurzoru urbanizaezinean dauden erreketako eta sakanetako landaredi naturalaren kasuan, babes araubideak erabilera-aldaketa debekatua duela azaldu beharko du, Nafarroako oihan ondarea babestu eta garatzeari buruzko abenduaren 31ko 13/1990 Foru Legea aldatzen duen otsailaren 21eko 3/2007 Foru Legearen 17. artikuluan ezarritakoa kontuan hartuta.

-Lan-eskala dela-eta, Planeko "Natura aldetik ustiatzeko balioa duen lurzorua (Nekazaritzako lurra)" azpikategoriaren mapetan ez dira sartu ekologiaren nahiz paisaiaren aldetik balio handia duten zenbait baso eremu, arboldunak zein arbolarik gabeak. Horregatik, Hirigintzako Araudi Partikularrean, zehazki 7. artikulua "'Ustiapen naturalerako duen balioagatik gorde beharreko lurzorua" izenekoan landarediko elementu horien presentziari buruzko aipamen bat eginen da eta baita haien babes araubideari buruzkoa ere.

3. Ebazpen hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea.

4. Ebazpen hau jakinaraztea Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuari, Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuari eta Barbaringo Udalari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2008ko ekainaren 25ean.-Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusia, Andrés Eciolaza Carballo.

Iragarkiaren kodea: F0810472