95. ALDIZKARIA - 2008ko abuztuaren 4a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

68/2008 FORU AGINDUA, ekainaren 10ekoa, Osasun kontseilariak emana, Diabetearen Batzorde Aholku-emaile Teknikoaren osaera eta eginkizunak aldatzen dituena.

Osasun Sistema Nazionalaren kohesio eta kalitateari buruzko maiatzaren 28ko 16/2003 Legearen arabera, Osasun Sistema Nazionaleko kalitate planetan dagokion eperako kalitate helburu nagusiak agertuko dira, erkidegoek osasun-plangintzan eta zerbitzuen antolaketan dituzten eskumenak ezertan galarazi gabe.

Osasun Sistema Nazionalaren Kalitate Plana langileen eta osasun antolaketa publikoaren bikaintasuna lortzeko asmoarekin sortu zen, goi mailako praktika klinikoaren oinarriak ezarriz kalitatean eta berdintasunean oinarritutako osasun laguntza lortzeko eta, ondorioz, lurraldearteko esparru kohesionatu bateko biztanleriaren osasun-adierazleak hobetzeko.

Gaur egungo Osasun Sistema Nazionalaren Kalitate Planean "Osasun Sistema Nazionalaren Diabetearen Estrategia" sartu zen 2006ko urrian. Horren misioa da Mellitus diabetearekin zerikusia duten operazioen eta emaitzen kalitatea hobetzeko helburu batzuk ezartzea, modu errealistan, erabilgarri dauden baliabideen arabera eta autonomi erkidegoen eskumenen eremuan.

Horrenbestez, gaur egun Osasun Sistema Nazionalaren lehentasunetako bat diabetesari aurre egitea da, eta beharrezkoa da autonomi erkidego guztien artean homologatzen ahal diren estandar batzuk ezartzea eta informazio sistema berriak egokitzea Espainiako lurralde osoan datu bilketak era berean egin daitezen.

Osasun kontseilariak 1992ko azaroaren 16an emandako foru aginduaren bitartez, Diabetearen Batzorde Aholku-emaile Teknikoa sortu zen, eta 284/1996 Foru Aginduaren bitartez aldatu.

Gaur egun beharrezkoa da Batzorde Aholku-emaile Teknikoaren osaera eta eginkizunak Osasun Sistema Nazionalaren Kalitate Planetik sortutako egoera berriari egokitzea.

Horrenbestez, osasun arloko aholkularitza zientifiko-teknikoa egituratzeko Osasun kontseilariaren 1990eko urtarrilaren 12ko Foru Aginduaren 6. artikuluan ezarritakoarekin bat,

AGINDU DUT:

1. Diabetearen Batzorde Aholku-emaile Teknikoa, Zuzendaritza Nagusiari atxikia, aldatzea. Ebazpen hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen denetik, hau izanen da bere osaera:

-María José Lasanta Sáez, Nafarroako Osasun Agentziako zuzendaria.

-LLuis Forga Llenas, Nafarroako Ospitaleko Endokrinologia Zerbitzuko burua.

-Mirentxu Oyarzábal Irigoyen, Bideko Ama Birjina Ospitaleko Pediatria Ataleko burua.

-Endokrinologiako bi espezialista eta Diabetearen aditua den erizaintzako diplomadun bat, Osasun zuzendari nagusiak izendatutakoak.

-Oinarrizko Osasun Laguntzako bi sendagile, Oinarrizko Osasun Laguntzako zuzendariak izendatuak.

-Familiako Medikuntzaren eta Oinarrizko Osasun Laguntzaren Nafarroako Elkartearen ordezkari bat.

-María Jesús Guembe Suescun, Osasunaren Irakaskuntza, Ikerketa eta Garapen Zerbitzuko zuzendaria.

-Epidemiologiako espezialista bat, Osasun Publikoaren Institutuko zuzendariak izendatua.

-Erizaintzako diplomadun bat, Oinarrizko Osasun Laguntzako zuzendariak izendatua.

2. Batzordearen eginkizunak aldatzea. Ebazpen hau argitaratzen denetik, honakoak izanen dira:

a) "Osasun Sistema Nazionalaren Diabetearen Estrategia" gure autonomia erkidegoan ezartzea.

b) "Osasun Sistema Nazionalaren Diabetearen Estrategia"-ra egokitzeko beharrezkoak diren aldaketak aztertzea eta abian jartzea.

c) "Osasun Sistema Nazionalaren Diabetearen Estrategia"-rako datuak biltzeko informazio iturri baliagarriak aztertzea.

d) Oinarrizko Osasun Laguntzako eta Arreta Bereziko informazio sistemak "Osasun Sistema Nazionalaren Diabetearen Estrategia"-ra egokitzea.

e) "Osasun Sistema Nazionalaren Diabetearen Estrategia"-n ezarritako estandarren betearazpen mailaren jarraipena egitea eta maila hori hobetzeko neurriak abian jartzea.

f) Organo eskudunak esleitzen dizkion gainerakoak.

Nafarroako Ospitaleko Endokrinologia Zerbitzuko burua -edo ordezkoa- arituko da lehendakari gisa.

Batzordeko idazkari lanetan batzordekideek aukeratzen duten kidea arituko da.

3. Batzordeak egoki iruditzen zaizkion aholkulari espezialistei deitzen ahal die laguntza eskatzeko.

4. Batzordearen araubidea ondoko hauek osatzen dute: foru agindu honek, batzordearen barne araudiak eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legean agertzen diren kide anitzeko organoendako jarraibideek, betiere Administrazio Publikoen araubide juridikoari buruzko oinarrizko araudia errespetatuz.

5. Foru agindu hau igortzea Idazkaritza Tekniko Nagusira, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileari, Oinarrizko Osasun Laguntzako zuzendariari, Osasun Publikoaren Institutuko zuzendariari, Familiako Medikuntzaren eta Oinarrizko Osasun Laguntzaren Nafarroako Elkarteari eta interesdunei jakinaraztea, jakin dezaten eta behar diren ondorioak izan ditzan.

6. Foru agindu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen denetik aurrera izanen du indarra.

Iruñean, 2008ko ekainaren 10ean.-Osasun kontseilaria, María Kutz Peironcely.

Iragarkiaren kodea: F0809984