95. ALDIZKARIA - 2008ko abuztuaren 4a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.2. Foru Dekretuak

80/2008 FORU DEKRETUA, ekainaren 30ekoa, Hezkuntza Departamentuko Hezkuntzako Ikuskapenaren antolaketa eta funtzionamendua arautzen dituena.

ZIOEN AZALPENA

Konstituzioaren 27.8 artikuluaren arabera, botere publikoek hezkuntza sistema ikuskatu eta homologatu behar dute, legeak betetzen direla bermatzeko. Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren VII. titulua hezkuntza sistemaren ikuskapenari buruzkoa da, bai goi mailako ikuskapenari dagokionez, bai hezkuntza ikuskapenari dagokionez. 148. artikuluan xedatu zuenez, administrazio publiko eskudunei dagokie bakoitzak bere lurralde-eremuaren barruan ikuskapena antolatzea, arautzea eta gauzatzea. Bestalde, Hezkuntzari buruzko Lege Organikoak hezkuntza sistemaren ebaluazioa arautu zuen VI. tituluan. Agindu zuen ebaluazioa egin behar duten erakundeak Ebaluazio Institutua eta hezkuntza administrazioen erakunde egokiak izanen direla, beren eskumenen eremuan hezkuntza sistema ebaluatuko dutenak. Horrenbestez, Nafarroako Foru Komunitateari dagokio Hezkuntzako Ikuskapena arautzea eta hezkuntza sistema ebaluatzea, bere kudeaketa eremuan.

Gaur egungo testuinguruan, ezagutzaren gizartean, heziketarako beharrizan berriak daude, eta Nafarroako hezkuntza sistema erronka berriei erantzuten saiatzen da. Helburua kalitate eta berdintasun handiko hezkuntza eskaintzea da, Europar Batasunak datozen urteetarako hezkuntzarako planteatutako helburuekin bat etorriz.

Testuinguru honetan, jendeak behar eta eskatzen duen hezkuntza profila aldatzen da. Hezkuntzaren edukien eta baliabideen kontrol hutsaz haratago, planteamendu zabalago batera hedatu da interesa, hezkuntzaren emaitzen arreta eta emaitza onak lortzeko prozesuak hobetzeko aintzat hartzen dituena. Ondorioz, ikastetxeen kudeaketa eta pedagogi autonomia bultzatu behar da. Horretara, era berean, kontuak emateko eta ebaluazioak egiteko sistemak beharrezkoak dira.

Helburu hauek ahalik eta erarik eraginkorrenean lortze aldera, hezkuntzako ikuskapenaren eginkizuna arautu behar da, kalitate eta berdintasun handiko hezkuntza lortzeko orduan jokoan dauden faktore guztiek zuzen eta harmoniaz funtzionatzen dutela behar adina frogatu ahal izateko. Foru dekretu honetan, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuaren eginkizun eta eskumenak eta haren antolaketa eta funtzionamendua ezarriko dira.

Nafarroako Hezkuntzako Ikuskapenaren ezaugarri zehatzak kontuan izanik, Ikuskapen Zerbitzuaren antolaketak ikuskatzaileen esku-hartzea maila ezberdinetan baimendu eta bultzatu behar du: batetik, esku-hartze orokor bat egin behar dute, haiei agindutako betekizunak bete ahal izateko. Esku-hartze honen eremua ikuskatzaile bakoitzari dagozkion ikastetxe guztiek osatzen dute, eremuen aldeko antolaketaren arabera. Gainera, ikuskatzaileak berariazko, curriculumeko edo egiturazko arlo ezberdinei atxikita egon daitezke, zerbitzuari agindutako eginkizunak behar bezala betetzeko horrelako arloak ezartzen baldin badira.

Azkenik, antolaketa funtzionamendu eguneratuak izanen baditugu, ezinbestekoa da etengabeko hobekuntzaren eta kalitatearen printzipioak eta metodologiak kontuan izatea. Hartara, beharrezkoa izanen da ikuskapen-jarduketa guztien identifikazioa, prozesu elkartuen definizioa eta prozesu horiek erakundearen osagai ezberdinei atxikitzea.

Horrenbestez, Hezkuntza kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak 2008ko ekainaren 30eko bilkuran harturiko erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

I. KAPITULUA

Hezkuntzako Ikuskapena

1. artikulua. Helburua eta aplikazio eremua.

Foru dekretu honen helburua da Nafarroako Foru Komunitateko Hezkuntzako Ikuskapenaren antolaketa eta funtzionamendua arautzea.

2. artikulua. Definizioa.

1. Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 148. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, Nafarroako Foru Komunitateko Hezkuntza Administrazioak, bere eskumenak betez, ikuskapenak eginen ditu hezkuntza sistemaren elementu eta alderdi guztietan, legeak betetzen direla ziurtatzeko, irakaskuntza eta ikaskuntza prozesuetan parte hartzen duten pertsona guztien eskubideak bermatzeko eta betebeharrak betearazteko, hezkuntza sistema hobetzeko, eta irakaskuntzaren kalitatea eta berdintasuna hobetzeko.

2. Hezkuntzako ikuskapen lana Nafarroako Foru Komunitateko Hezkuntza Administrazioak eginen du, Hezkuntzako Ikuskatzaileen Kidegoko funtzionario publikoen bidez, eta Hezkuntza Administrazioaren Zerbitzuko Ikuskatzaileen Kidegoa zenaren (Funtzio Publikoaren Erreformarako Neurriei buruzko abuztuaren 2ko 30/1984 Legearen bidez sortu zena eta gaur egun deseginda dagoena) funtzionario publikoen bidez, bere unean Hezkuntzako Ikuskatzaileen Kidegoan sartzea erabaki ez zutenak.

3. Hezkuntza Departamentuaren egitura organikoaren barruan, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzua administrazio unitate bat izanen da, zeinean Hezkuntzako Ikuskatzaileen Kidegoak bere eginkizunak beteko baititu.

4. Hezkuntzako Ikuskapenaren Zerbitzua, beraz, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren arabera eta indarrean dauden gainerako legeen arabera, eta ikastetxe bakoitzaren autonomia eta izaera berezia errespetatuz, legeak betearazten dituen administrazio organoa da. Gainera, hezkuntza gainbegiratzen eta ebaluatzen du, eta Hezkuntza Administrazioarentzat eta ikastetxeentzat txostenak egiten ditu, hezkuntza sistemaren kalitatea hobetzeko asmoz.

3. artikulua. Hezkuntzako Ikuskapenaren eginkizunak.

Hezkuntzako Ikuskapenaren eginkizunak goragoko aginduz, ofizioz edo hezkuntza komunitateak eskatuta (eta arrazoituta) beteko dira. Ondoko hauek dira bete beharreko eginkizunak:

a) Pedagogi eta antolaketa ikuspegitik, unibertsitateenak ez diren hezkuntza zentroen (titularitate publikoa nahiz pribatua izan) eta haietan dabiltzan programen funtzionamendua gainbegiratzea eta kontrolatzea.

b) Irakaskuntzako lana eta zuzendaritzako eginkizuna gainbegiratzea, eta etengabeko hobekuntzan laguntzea, baita hezkuntzaren erreformako eta pedagogi berriztapeneko prozesuetan ere.

c) Hezkuntza administrazioak ezarri planekin bat etorriz, foru komunitatearen hezkuntza sistema eta hura osatzen duten elementuak ebaluatzea.

d) Hezkuntza Departamentuak Ebaluazioaren Institutuan eta estatuko zein nazioarteko ebaluazio ikerketetan duen parte hartzea koordinatzea eta bideratzea.

e) Ikastetxeetan, hezkuntza sistemari dagozkion legeak, erregelamenduak eta indarra duten gainerako xedapenak betetzen direla begiratzea eta, hala ez bada, ikastetxe horien jarduna indarra duen arautegira egokitzea eskatzea.

f) Maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoan eta gainerako hezkuntza lege eta xedapenetan jasotzen diren printzipioak eta balioak betetzen eta aplikatzen direla zaintzea, baita gizonen eta emakumeen berdintasun erreala bultzatzeko direnak ere.

g) Hezkuntza komunitatearen sektore ezberdinei aholkuak, orientazioa eta informazioa ematea, beraien eskubideak gauzatzeko eta beraien betebeharrak betetzeko. Irizpide ezberdinak edo ezadostasunak daudenean, bitartekaritza lanak eginen dituzte.

h) Nafarroako Foru Komunitateko Hezkuntza Administrazioak eskatzen dituen txostenak, edo Hezkuntzako Ikuskapenaren errealitatearen ezagutzak eskatzen dituztenak, egitea, erregelamenduko bideak erabiliz.

i) Ondokoetan parte hartzea: batzordeetan eta epaimahaietan, bereziki hezkuntzako kidego eta espezialitateetan sartzekoetan, tituluak erdiesteko ohiz kanpoko probetan, eta heziketa zikloetan eta unibertsitatean sartzekoetan.

j) Eratzen diren lan-eremu zehatzetako eginkizunak garatzea.

k) Zerbitzuaren funtzionamendu egokirako agintzen zaizkion bestelako eginkizunak.

4. artikulua. Hezkuntzako Ikuskapenaren eskurantzak.

Hezkuntzako Ikuskapenaren eginkizunak betetzeko, ikuskatzaileek ondoko eskurantza hauek izanen dituzte:

a) Ikastetxeetan egiten diren jarduera guztiak zuzenean ezagutzea. Ikastetxeetan sartzeko bidea izanen dute.

b) Eskolen eta bestelako hezkuntza jardueren garapena ikustea. Ebaluazio tresna egokien bidez, prozesuen egokitasuna eta hezkuntzaren emaitzak egiaztatzea.

c) Ikastetxeetako irakaskuntza, pedagogi eta administrazio agiriak aztertzea eta egiaztatzea.

d) Gainerako funtzionarioek eta hezkuntza zerbitzu eta zentro publiko eta pribatuetako arduradunek beren jarduerak egiteko behar duten laguntza emanen diete.

e) Hezkuntza Departamentuko beste organo eta zerbitzu batzuen informazioa eskuratzea, bere eginkizunak betetzeko beharrezkoa baldin bada, eta hartara ezarri diren prozedurak betez.

f) Zuzendaritza eta koordinazio didaktikoko organoekin eta hezkuntza komunitateko sektoreetako kideekin batzarrak deitzea eta batzarretako buru jardutea.

g) Bere eskumenen esparruan esleitzen zaion beste edozein eginkizun.

5. artikulua. Hezkuntzako Ikuskapena gauzatzea.

1. Ikastetxeen bisitaldiak eta txostenak eta, baleude, aktak, izanen dira ohiko lan sistema ikuskatzaile lanak egiteko.

2. Plangintza, koordinazio eta eraginkortasun printzipioen arabera eginen da ikuskapen bisita. Urteko Jarduketa Planeko lanak burutzea xede duten bisitak arruntak izanen dira, eta alderdi batek eskaturik edo ofizioz egiten diren bisitak bereziak izanen dira. Ikuskapeneko esku-hartzeen edo jarduketen emaitza ohikoa eta arrunta txostena izanen da.

3. Ikuskatzaileak, beren eginkizunak betetzeko, agintaritza publikoa izanen dira. Agintari publiko diren aldetik, hezkuntza komunitateko kideek eta gainerako agintari eta funtzionarioek beren jarduera egiteko behar diren laguntza eta lankidetza eskaini behar dizkiete.

II. KAPITULUA

Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuaren antolaketa eta funtzionamendua

6. artikulua. Antolaketako oinarrizko printzipioak.

Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzua antolaketa printzipio hauen arabera eratuko da: hierarkia, plangintza, profesionaltasuna, espezializazioa, taldeko lana eta emaitzen ebaluazioa.

7. artikulua. Prozesuz prozesuko kudeaketa sistema.

1. Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuaren antolaketa eta funtzionamendua etengabeko hobekuntzaren eta kalitatearen printzipioetan eta metodologietan oinarrituko dira. Hartara, beharrezkoa izanen da ikuskapen-jarduketa guztien identifikazioa, prozesu elkartuen definizioa eta prozesu horiek erakundearen osagai ezberdinei atxikitzea. Horrela, jarduera oro prozesu bat izanen da. Betekizun jakin batzuen arabera diseinatu, dokumentatu, onetsi, ezarri, kontrolatu eta hobetu behar da. Gainera, oro har, ikuskapen prozesuen garapenak txosten bat sortuko du, betekizun edo zehaztapen batzuk bete behar dituena.

2. Prozesuak, zerbitzuak planeatzeko eta emateko, eta kontrolerako eta hobekuntzarako, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuaren Plan Estrategikoan ezarritako prozesuen matrizean zehaztuko dira.

3. Matrizeko prozesuak lan-eremu zehatzei edo zonetako ikuskatzaileei aginduko zaizkie, Plan Estrategikoaren edo Urteko Jarduketa Planen errekerimenduen arabera.

8. artikulua. Zerbitzuaren antolaketa.

1. Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzua hierarkia, lurralde eta espezializazio irizpideak betez antolatzen da. Hezkuntzako Ikuskapenaren lurralde antolaketa ikuskapen zonetan eginen da. Hezkuntzako Ikuskapenaren antolaketa espezializatua lan-eremu zehatzetan eginen da.

2. Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak honela antolatzen du bere funtzionamendua:

a) Zerbitzuko zuzendaria.

b) Ikuskatze eremuak.

c) Berariazko lan arloak.

3. Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak, gainera, atalak eta bulegoak izan ditzake bere egitura organikoan. Atal eta bulego horiek beharrezkoa den laguntza eta lankidetza eskainiko dute agindu zaizkion eginkizunak betetzeko.

9. artikulua. Zerbitzuko zuzendaria.

1. Zerbitzuko zuzendaria izendatuko da Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzurako, Nafarroako Gobernuaren foru dekretu baten bidez.

2. Zerbitzuko Zuzendaritzak betekizun hauek izanen ditu:

a) Zerbitzuko kideen jarduera koordinatzea eta haien berehalako zuzendaritza lanak betetzea.

b) Zerbitzuaren ordezkaritza instituzionaleko lanak betetzea.

c) Zerbitzuko langileei dagokienez, behar diren jarduketak sustatzea: plazak definitzeko eta betetzeko proposamenak eta beharrizanen azterketa.

d) Barne antolaketako irizpideak ezartzea, ikuskapen lanak hobeki egiteko. Zuzendariaren albokoaren eta ikuskatzaile koordinatzaileen izendapena proposatzea Zerbitzuak Ikuskatzeko eta Ikuskapen Teknikorako Zerbitzuari.

e) Diseinatutako prozesuak onestea eta haien ezarpena agintzea.

f) Plan Estrategikoa eta Urteko Jarduketa Planak egiteko irizpideak ezartzea eta agintaritza eskudunari aurkeztea, eta haiek betetzea zuzentzea eta ebaluatzea.

g) Departamentuaren beste instantzia batzuei ikuskatzaileek egin txostenak gainbegiratzea eta tramitatzea.

h) Hezkuntzako agintaritzei txostenak, irizpenak eta proposamenak aurkeztea.

i) Ikuskatzaileak eguneratzeko, trebatzeko eta hobetzeko plana onestea.

j) Hezkuntza sistema ebaluatzeko lanak zuzentzea.

k) Zerbitzuaren funtzionamendu egokirako agintzen zaizkion bestelako lanak.

3. Agindutako eginkizunak hobeki betetze aldera, zerbitzuko zuzendariak zuzendariaren alboko ikuskatzailea izan dezake. Koordinatzaile kategoria izanen du eta Ikuskapenaren eta Zerbitzuen zuzendari nagusiak izendatuko du, zerbitzuko zuzendariak proposatuta. Plantillako behin betiko ikuskatzaileen artean aukeratuko du.

4. Zerbitzuko zuzendariak zuzendariaren alboko ikuskatzaileari ondoko eginkizun hauek agindu ahal dizkio:

a) Plan Estrategikoa egiteko koordinazioa.

b) Urteko Jarduketa Plana egiteko koordinazioa.

c) Urteko Jarduketa Planean dauden ikuskatze prozesuen kudeaketa koordinatzea.

d) Zerbitzuko zuzendariari laguntzea Plan Estrategikoaren eta Urteko Jarduketa Planen jarraipenean eta ebaluazioan.

e) Ikuskatzaileak eguneratzeko, trebatzeko eta hobetzeko plana planifikatu eta diseinatzea.

f) Lan-eremu zehatzen eta zonen lana koordinatzea, eta eremuko eta zonako koordinatzaileei aholku ematea.

g) Zerbitzuko zuzendaria ordezkatzea, ez baldin badago.

h) Zerbitzuko zuzendariak ematen dizkion bestelako eginkizunak.

10. artikulua. Ikuskapen zonak.

1. Ikuskapen eginkizuna betetzeko, zerbitzuko zuzendariak Nafarroako lurraldea ikuskapen zonetan zatituko du, funtzionaltasun irizpideekin, eta eskola maparen lurralde antolaketari eta eskola errealitateari egokituz.

2. Ikuskapen zona bakoitzari ikuskatzaile talde bat egokituko zaio. Zonako ikuskatzaile taldeak koordinazioko lehentasunezko eremua osatzen du, Urteko Jarduketa Planetik eratorritako jarduketak egiteko. Era berean, zonako ikuskatzaileei esleitutako prozesuen lantalde arduraduna da.

3. Urteko Jarduketa Planaren garapenean, ikuskatzaileetako bakoitza esleitzen zaizkion ikastetxe, programa, jarduera eta zerbitzuak kontrolatzearen, gainbegiratzearen, ebaluatzearen eta aholkatzearen zuzeneko arduraduna izanen da. Administrazio jarduketa egokiak ere egin behar izanen ditu. Ikuskatzaile bakoitzaren zuzeneko erantzukizunak ez du baztertzen dagokion zonako lantaldearen erantzukizun-kidetza.

4. Era berean, ikuskatzaile bakoitzari prozesu bat edo gehiago esleituko zaizkio diseinatzeko, dokumentatzeko, ezartzeko, kontrolatzeko eta hobetzeko. Beharrezkoa bada, Zerbitzuko zuzendariak zonako beste ikuskatzaile batzuk izenda ditzake, prozesuaren zuzeneko arduradunarekin batera jardun dezaten.

5. Zona, lan talde den aldetik, ikuskatzaileen partaidetza eta lankidetzarako gunea eta lanbide-prestakuntzarako ohiko instantzia izanen da.

6. Ikuskapen zonek urteko lan plana prestatuko dute, Urteko Jarduketa Planarekin koherentea dena, eta amaierako memoria ere bai.

7. Zonen eginkizunak ondokoak dira:

a) Zonako ikuskatzaileei esleitu zaizkien prozesuak kudeatzea, prozesuen matrizearekin bat etorriz.

b) Kuskatzaileei esleitutako prozesuei buruz aholkatzea.

c) Hezkuntzako Ikuskapenari esleitutako eginkizunetatik sortzen diren zereginetan irizpide komunak aplikatzen direla bermatzea.

d) Araudiaren aplikazioa homogeneizatzea, zerbitzuan araudiaz egin den interpretazioaren arabera.

e) Zonako kideei esleituriko ikastetxe, zerbitzu eta programa guztien eskari, arazo eta beharrak eta horiei ematen zaizkien erantzunak ezagutu eta baloratzea.

f) Zonan Urteko Jarduketa Planaren jarraipena egitea.

g) Zerbitzuko Zuzendaritzak agintzen dizkion bestelako eginkizunak.

11. artikulua. Ikuskapen zonako koordinatzaileak.

1. Zonako ikuskapeneko talde bakoitzak koordinatzaile bat izanen du. Ikuskapenaren eta Zerbitzuen zuzendari nagusiak izendatuko ditu ikuskapen zonetako ikuskatzaile-koordinatzaileak, ahal dela plantillako behin betiko ikuskatzaileen artetik, ebazpen bidez, Zerbitzuko zuzendariaren proposamenari jarraituz, zonako ikuskatzaile taldeko kideei entzun ondoren. Ikuskatzaile-koordinatzaileak kargugabetzeko, Ikuskapenaren eta Zerbitzuen zuzendari nagusiak ebazpena eman behar du, zerbitzuko zuzendariak proposatuta.

2. Zonako ikuskatzaile-koordinatzaileak eginkizun hauek izanen ditu:

a) Zonako urteko lan plana egitea.

b) Zona eratzen duten ikuskatzaileei esleitu zaizkien ikuskapen prozesuak zuzentzea eta koordinatzea.

c) Zerbitzuko zuzendariaren albokoari laguntza ematea Plan Estrategikoa eta Urteko Jarduketa Plana egiteko.

d) Urteko Jarduketa Plana egitean zonako ikuskatzaileen esku-hartze koordinatua eta taldeko lana bermatzea.

e) Zerbitzuko zuzendariaren albokoari laguntza ematea Plan Estrategikoaren eta Urteko Jarduketa Planen jarraipena egiteko.

f) Zerbitzuaren Urteko Memoria egiten zuzendariaren albokoari laguntzea.

g) Ikuskapen Zerbitzuko kideak eguneratzeko, trebatzeko eta hobetzeko plana egiten laguntzea.

h) Hezkuntzako Ikuskapenaren ebaluazioan Zerbitzuko zuzendariari laguntzea.

i) Zerbitzuko zuzendariak ematen dizkion bestelako eginkizunak.

12. artikulua. Berariazko lan arloak.

1. Berariazko lan arloak ikuskatzaileen jarduketa eta trebakuntza espezializaturako esparrua dira. Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuan berariazko lan arloak sor daitezke, bai egiturazkoak, bai curriculumekoak.

2. Egiturazko arloen helburua esleitzen zaizkien prozesuak kudeatzea izanen da. Kontrol eta gainbegiratze, ebaluazio, bizikidetza, kalitate eta kudeaketa, eskola antolaketa, baliabideen plangintza, ikasleen eskolatze eta erabakitzen diren beste eremu batzuetakoak izan daitezke.

3. Curriculum arloek hezkuntza sistema antolatzen duten etapa, ikasgai eta programa ezberdinekin bat etorri behar dute.

4. Berariazko arloek urteko lan plana eta amaierako memoria eginen dituzte.

5. Berariazko lan arloak Ikuskapenaren eta Zerbitzuen zuzendari nagusiaren ebazpenez sortuko dira, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuaren Urteko Jarduketa Planen arabera.

6. Berariazko lan arlo bakoitzari ikuskatzaile talde bat egokituko zaio.

13. artikulua. Berariazko lan arloen koordinatzaileak.

Arlo bakoitzak ikuskatzaile-koordinatzaile bat izanen du. Berariazko lan arloko koordinatzaileak eginkizun hauek beteko ditu:

a) Berariazko arloaren urteko lan plana eta amaierako memoria egitea.

b) Esleitutako prozesuak diseinatzearen, dokumentatzearen, ezartzearen, kontrolatzearen eta hobetzearen ardura hartzea.

c) Bere arloan dauden ikuskatzaileen lana koordinatzea, Urteko Jarduketa Planek agindutako lanen garapenean.

d) Bere arloko laneko plana garatzea eta haren betetze mailaren jarraipena egitea, eta zuzendariaren albokoari jarraipen horren berri ematea.

e) Zuzendariaren albokoari ikuskatzaileen trebakuntza eta eguneratze premiak proposatzea, bere arloari dagokionez.

f) Kuskatzaileei esleitutako prozesuei buruz aholkatzea.

g) Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuaren ebaluazioan laguntzea.

h) Arloaren funtzionamendu hoberako agintzen zaizkion bestelako eginkizunak.

14. artikulua. Ebaluazio Atala.

Ebaluazio Atalak eginkizun hauek bete behar ditu:

a) Nafarroako Hezkuntza Sistemaren etapa eta irakaskuntza ezberdinen kanpo ebaluazioak diseinatzea, antolatzea eta egitea.

b) Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoan aurreikusitako diagnostikoko ebaluazioak antolatzea.

c) Hezkuntza, Gizarte Politika eta Kirolen Ministerioko Ebaluazio Institutuak zuzentzen dituen estatuko eta nazioarteko ebaluazioak Nafarroan koordinatzea.

d) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Hezkuntza Departamentuak Hezkuntza, Gizarte Politika eta Kirolen Ministerioaren Ebaluazio Institutuak duen parte hartzea koordinatzea eta bideratzea.

e) Urteroko txostenak egitea, lehen hezkuntzako, derrigorrezko bigarren hezkuntzako, batxilergoko eta lanbide heziketako emaitza akademikoei buruz.

f) Nafarroako hezkuntza adierazleak egitea, estatuko eta nazioarteko adierazleen sistemen testuinguruaren barnean.

g) Ebaluazio gaiei buruzko txostenak eta azterlanak egitea.

h) Hezkuntza Departamentuaren beste instantzia batzuekin batera aritzea, hezkuntza sistemaren funtzionamenduari buruzko informazioa emanez.

i) Ikastetxeak, irakasleak eta programak ebaluatu behar dituzten Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuko arloei laguntza teknikoa ematea.

j) Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuko zuzendariak bere kudeaketa eremuan agintzen dizkion gainerako eginkizunak.

15. artikulua. Berariazko lantaldeak.

Zerbitzuko Zuzendaritzak hezkuntzako ikuskatzaileak lantaldeetan sar ditzake, lan zehatzak egiteko, denbora-tarte zehatzetarako.

16. artikulua. Koordinazio taldea.

1. Koordinazio taldea zerbitzuko zuzendariak, zuzendariaren albokoak eta zonako lantaldeetako koordinatzaileek osatuko dute.

2. Koordinazio taldearen eginkizuna jarduketa irizpideak eta lan prozedurak bateratzea izanen da. Zerbitzuko Zuzendaritzari aholku eta laguntza eman beharko dio, eskatzen diotenean.

17. artikulua. Ikuskatzaileen atxikipena.

1. Hezkuntzako ikuskatzaileen lana unibertsitatekoa ez den hezkuntza sistema osatzen duten irakaskuntza eta maila ezberdinetan eginen da.

2. Ikuskatzaile bakoitza ikuskapen zona bati atxikiko zaio eta, hala badagokio, laneko arlo jakin bati, lanbide eta hizkuntz profilaren arabera, eta Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuaren beharrizan funtzionalen arabera. Lanbide profila definitzeko irizpideak ondoko hauek izanen dira: unibertsitate titulazioak, hezkuntzako ikuskapenean lan esperientzia, trebakuntza ikastaroak ikuskapenean, Hezkuntzako Ikuskatzaileen Kidegoan zein profilen bidez sartu den, eta irakaskuntzako lan esperientzia.

3. Ikuskatzaileak ikuskapen zonei atxikitzea Zerbitzuko Zuzendaritzak eginen du, hiru urtetik bostera bitarteko denboraldietarako, salbu eta zerbitzuaren beharrizanek sortutako salbuespenetan edo ikuskatzaileek besterik eskatzen (eta arrazoitzen) badute. Zerbitzuko Zuzendaritzak atxikipena egiteko, aurreko atalean ezarri diren irizpideak ez ezik, ikuskatzaileen plantillaren antzinatasuna ere kontuan izanen da. Gainera, interesdunei entzunaldia emanen zaie. Ikuskapen zona bati atxikitzeak ikuskatzaile bakoitzari esleitutako programa eta ikastetxe guztiak izanen ditu jarduketa eremu.

4. Zerbitzuko Zuzendaritzak atxikiko ditu ikuskatzaileak lan arlo zehatzetan, Urteko Jarduketa Planen arabera. Laneko arlo zehatzen atxikipenaren jarduketa eremua Nafarroako Foru Komunitatearen lurralde osoa edo bere izaerak behar duena izanen da.

III. KAPITULUA

Hezkuntzako Ikuskapenaren Urteko Jarduketa Plana eta Plan Estrategikoa

18. artikulua. Plan Estrategikoa.

Hezkuntzako Ikuskapenaren epe ertaineko gidalerroak islatzen dituen agiri instituzionala da Plan Estrategikoa. Plan horrek helburuak, estrategiak eta barne ekintzako helburuak ezarriko ditu, eta Ikuskapenaren eta Zerbitzuen zuzendari nagusiaren ebazpenaz onetsiko da.

19. artikulua. Urteko Jarduketa Plana.

1. Plan Estrategikoa Urteko Jarduketa Planen bidez garatu eta zehaztuko da. Urteko plan horiek Ikuskapenaren eta Zerbitzuen zuzendari nagusiaren ebazpenaz onetsiko dira.

2. Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak memoria bat eginen du urtero. Ikuskapenaren eta Zerbitzuen zuzendari nagusiari Urteko Jarduketa Planaren betetze mailaren berri emanen dio. Era berean, hezkuntza sistemaren funtzionamenduari buruzko txostenak egin ditzake, hezkuntzako agintariei aurkeztu ahal zaizkienak, arauzko bideen bitartez.

IV. KAPITULUA

Ikuskatzaileen trebakuntza

20. artikulua. Ikuskatzaileen trebakuntza.

1. Lan egiteko modua hobetzea eta eguneratzea hezkuntzako ikuskatzaile guztien eskubidea eta betebeharra da. Etengabeko trebakuntza ikuskapenari lotuta egonen da eta ikuskapen eginkizun guztiak hobeki garatzen lagundu behar du.

2. Hezkuntza Departamentuak eskaintza nahikoa bermatzen duten trebakuntza planak ezarriko ditu. Trebakuntza planak garatze aldera, Hezkuntza Departamentuak lankidetza akordioak ezar ditzake uniber- tsitateekin, hezkuntza administrazioekin eta bestelako erakundeekin.

V. KAPITULUA

Hezkuntzako Ikuskapenaren ebaluazioa

21. artikulua. Hezkuntzako Ikuskapenaren ebaluazioa.

1. Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak, Plan Estrategikoa eta Urteko Jarduketa Planak egitean, jarraipen eta ebaluazio sistema ezarriko du, proposatutako helburuen lorpen maila neurtzeko eta jarduketa ezberdinen emaitzak baloratzeko.

2. Ikuskapen jarduketek emaitzen ebaluazioa eta jarraipena egiteko adierazleak aintzat hartuko dituzte.

3. Barne ebaluazioko sistema horiek ez ezik, erabakitzen diren kanpo ebaluazioko prozesuak bete beharko ditu Hezkuntzako Ikuskapenak.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehena.-Hezkuntzako Ikuskatzaileen Kidegoaren plantilla organikoa.

Hezkuntzako Ikuskatzaileen Kidegoaren plantilla organikoa Nafarroako Gobernuaren foru dekretu baten bidez onetsiko da, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta bere erakunde autonomoen plantilla organikoa onesten duena, hain zuzen ere.

Bigarrena.-Hezkuntzako Ikuskatzaileen Kidegoan sartzea.

Hezkuntzako Ikuskatzaileen Kidegoan sartzeko prozedura oinarrizko araudiak eta deialdiek ezartzen dutena izanen da.

Hirugarrena.-Ikuskatzaile lanpostuak aldi baterako betetzea.

1. Hezkuntzako Ikuskatzaileen Kidegoko plantillako lanpostu hutsak irakaskuntzako funtzionarioek beteko dituzte aldi batez, zerbitzu eginkizunetan, berdintasun, meritu, gaitasun eta publizitate printzipioak kontuan izanik.

2. Irakaskuntzako funtzionario horiek Hezkuntzako Ikuskatzaileen Kidegoan sartzeko ezarri betekizunak bete behar dituzte.

3. Lanpostu huts horien adjudikazioan, lehentasuna emanen zaie betiere azken hautapen prozesuko oposizio fasea gainditu duten eta plazarik eskuratu ez duten hautagaiei, zerbitzuan behar diren lanbide eta hizkuntz profilekin bat etorriz.

Laugarrena.-Ikuskatzaile lanpostuko ordainsariak.

1. Hezkuntzako ikuskatzaile lanpostua A mailakoa da.

2. Hezkuntzako ikuskatzaile lanpostuak ordainsari osagarri hauek izanen ditu:

a) Dedikazio esklusiboko osagarria.

b) Lanpostuko osagarria %17,88 da. Portzentaje horri legez xedatzen diren eguneratzeak aplikatuko zaizkio.

Osagarri honek, ikuskatzaile guztiei modu orokorrean esleitzen zaiena, koordinatzaile lanak egiteagatik emanen da, Hezkuntzako Ikuskapena antolatzen den zona eta eremuetan, organo eskudunak egin beharreko eginkizun esleipenaren arabera.

Bosgarrena.-Zerbitzuaren izena.

Zerbitzuak Ikuskatzeko eta Ikuskapen Teknikorako Zerbitzua izendapena ageri den arau guztietan, izendapen horren ordez Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzua ulertu beharko da.

Seigarrena.-Genero berdintasuna.

Zenbait pertsona, kargu edo lanposturi buruz ari denean foru dekretu honek genero gramatikal maskulinoko izenak erabiltzen dituen kasu guztietan (gaztelaniazko "consejero", "director", "inspector", "coordinador", "funcionario", eta abar) ulertu behar da adierazpideen ekonomia hutsagatik jokatzen dela horrela, eta postu horiek orokorrean hartzen dituela hizpide, haiek bai emakumezkoek bai gizonezkoek betetzen dituztela ere, erabateko berdintasun baldintzetan, ondorio juridikoen ikuspegitik.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Bakarra.-Arauak indargabetzea.

Foru dekretu honetan xedatutakoaren aurkako arauak, lerrun berekoak nahiz lerrun txikiagokoak, indargabetuta geratuko dira. Berariaz 365/1999 Foru Dekretua, irailaren 13koa, eta hura garatzen duten xedapenak indargabetuko dira. Beraren bidez, Hezkuntza eta Kultura Departamentuko Hezkuntzako Ikuskapenaren antolaketa eta funtzionamendua arautu ziren, eta Hezkuntzako Ikuskatzaileen Kidegoan sartu eta bertako lanpostuak betetzeko sistema ezarri zen.

AZKEN XEDAPENAK

Lehena.-Hezkuntza Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen irailaren 3ko 122/2007 Foru Dekretuaren aldaketak.

1. Hezkuntza Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen irailaren 3ko 122/2007 Foru Dekretuaren 53. artikulua aldatzen da. Honela idatzita geratuko da:

"53. artikulua. Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuaren eginkizunak.

Hezkuntza Departamentuko Hezkuntzako Ikuskapenaren antolaketa eta funtzionamendua arautzen dituen foru dekretuan ezarritako eginkizunak beteko ditu Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak".

2. Hezkuntza Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen irailaren 3ko 122/2007 Foru Dekretuaren 53. ter artikulua aldatzen da. Honela idatzita geratuko da:

"53. ter artikulua. Ebaluazio Atalaren eginkizunak.

Hezkuntza Departamentuko Hezkuntzako Ikuskapenaren antolaketa eta funtzionamendua arautzen dituen foru dekretuan ezarritako eginkizunak beteko ditu Ebaluazio Atalak".

Bigarrena.-Garatzeko araudia.

Ahalmena ematen zaio Hezkuntza kontseilariari foru dekretu hau bete eta garatzeko behar diren xedapen guztiak eman ditzan.

Hirugarrena.-Indarra hartzea.

Foru dekretu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2008ko ekainaren 30ean.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma.-Hezkuntza kontseilaria, Carlos Pérez-Nievas López de Goicoechea.

Iragarkiaren kodea: F0810592