93. ALDIZKARIA - 2008ko uztailaren 30a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.2. Plantilla Organikoa, Lan Publikoaren Eskaintza, oposizioak eta lehiaketak

DEIALDIA, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak uztailaren 4an emandako 112/2008 Ebazpenaren bidez onetsia, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko sukaldeko urgazle izateko lanpostuak, tramitazio bidean den lekualdatze lehiaketa bidez hutsik geratzen direnak, oposizio bidez betetzeko.

Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak uztailaren 4an eman 112/2008 Ebazpenaren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko sukaldeko urgazle izateko apirilaren 21eko 1247/2008 Ebazpenak deitutako lekualdatze lehiaketaren bidez betetzen ez diren lanpostuak oposizio bidez betetzeko deialdia onetsi zen. Ebazpen hori 2008ko 60. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu zen, maiatzaren 14an, eta gaur egun tramitatzen ari da. Lanpostuak funtzionario araubidekoak eta D mailakoak dira.

Hautapen prozesua honako hauetan xedatutakoari jarraikiz eginen da: Nafarroako administrazio publikoen zerbitzuko langileen Estatutuaren testu bategina, abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsi zena, aipatu estatutua garatu eta gauzatzeko Sarrera Erregelamendua, gainerako aplikazio arauak eta deialdi honetako oinarriak.

1.-Deialdiaren xedea.

1.1. Deialdi honen xedea da sukaldeko urgazle izateko lanpostuak, tramitazio bidean den lekualdatze lehiaketa bidez hutsik geratzen direnak, oposizio bidez betetzea. Funtzionario araubidekoak eta D mailakoak dira.

Lanpostu hutsak txanda irekiaren eta igoera txandaren artean banatuko dira, abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsitako Nafarroako administrazio publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bateginaren 15. artikuluko 3. idatz-zatian ezarritako formulari jarraituz, hau da:

-Lehenbiziko lanpostua txanda irekikoa izanen da.

-Bigarren lanpostua igoera txandakoa.

-Hirugarrenetik aurrera, bakoitiak igoera txandakoak eta bikoitiak txanda irekikoak.

1.2. Hautapen prozesuan onartu eta baztertu diren izangaien behin betiko zerrenda onesteko Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak emanen duen ebazpenaren eranskin batean aipatutako lekualdatze lehiaketa horietan hutsik gelditu diren lanpostuen zerrenda agertuko da, horiek izanen baitira hautapen prozesu honetan beteko diren lanpostuak.

1.3. Igoera txandako lanpostuak hutsik geldituz gero, izangaiek hautapen probak gainditzeko behar den gutxieneko puntuazioa atera ez dutelako, txanda irekikoei gehituko zaizkie.

Bestaldetik, igoera txandan hutsik dauden lanpostuak baino izangai gehiagok gainditzen badute, txanda horretan lanpostuak eskuratzen ez dituztenek aukera izanen dute txanda irekiko lanpostu hutsak eskuratzeko, txanda horretako izangaiekin lehian eta eskuratutako azken puntuazioaren arabera.

Era berean, txanda irekiko lanpostuak eskuratzeko aukera izanen dute, aurreko lerroaldean adierazitako moduan, deialdiko 7.2 oinarrian agiriak aurkezteko ezartzen den epea bukatzen denean deialdiko 2.1.2 oinarriko eskakizun berariazkoak betetzen ez dituzten igoera txandako izangaiek.

1.4. Lanpostuek D mailako lansariak izanen dituzte, uztailaren 4ko 158/1984 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Lansarien Behin-behineko Erregelamenduan eta, kasuan kasu, aplikatu beharreko gainerako xedapenetan ezarritakoari jarraikiz.

1.5. Halaber, deialdi honen bidez, hautapen prozeduran lanposturik lortzen ez duten izangaiekin aldi baterako kontratatuak izateko izangaien zerrendak osatu nahi dira:

a) Probak gainditu bai baina lanposturik lortu ez duten izangaien zerrenda, bat bera departamentu eta erakunde autonomo guztientzat.

b) Azken-aurreko ariketa gainditu bai, baina probak gainditu arren plazarik gabe gelditu diren izangaien zerrenda, Administrazio Erroan aldi baterako kontratatuak izateko.

Aldi baterako kontratatuak izateko izangaien zerrendak 10. oinarrian xedatu bezala egin eta kudeatuko dira.

2.-Betebeharrak.

2.1. Oposizio honetan onartuak izateko, izangaiek, eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean eta agiriak aurkezteko epea amaitzen denetik (deialdiaren 7.2 atalean adierazia) lanpostuaren jabetza hartu arte, baldintza hauek bete beharko dituzte:

2.1.1. Izangai guztiek bete beharreko baldintzak.

a) Espainiarra izatea, edo Europar Batasuneko beste estatu batekoa, edo, Europar Batasunak izenpetu eta Espainiak berretsitako nazioarteko itunak direla medio, langileen zirkulazio librea aplikatzen den eremuko estatu batekoa.

Orobat, espainiarren eta Europar Batasuneko beste estatuetako edo aipatu nazioarteko itunek ukitutako estatuetako herritarren ezkontideek parte hartzen ahal dute, zuzenbidez bereizita ez badaude; halaber, haien ondorengoek eta ezkontidearenek, zuzenbidez bereizita ez badaude, 21 urtetik beherakoak badira, edo gorakoak, haien kontura biziz gero.

b) Hamasei urte beteak izatea eta erretiroa nahitaez hartzeko gehieneko adina ez gainditzea.

c) Lehen Mailako Lanbide Heziketako Sukaldaritza teknikari laguntzaileen titulua, Erdi Mailako Lanbide Heziketako Sukaldaritzako teknikarien titulua edo baliokidea izatea edo eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean lortzeko moduan egotea.

Atzerrian lortutako tituluak badira, homologazioa egiaztatzen duen kredentziala eduki beharko da.

d) Bete behar dituen eginkizunetan aritzeko adinako gaitasun fisiko eta psikikoa izatea.

e) Eginkizun publikoetan aritzeko ezgaitu edo gabetua ez egotea eta administrazio publikoren baten zerbitzutik bereizia ez izatea.

Espainiako nazionalitatea ez duten izangaiek frogatu beharko dute beren estatuko funtzio publikoan sartzea eragozten dien diziplina zehapenik edo zigor penalik ez dutela.

2.1.2. Igoera txandako izangaiek bete beharreko baldintza berariazkoak.

Igoera txandako izangaiek, aurreko atalean adierazitako betebeharrez gain, hauek ere bete beharko dituzte:

a) Nafarroako edozein administrazio publikotako langile finkoa izatea, edo Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari transferitutako Justizia Administrazioko zerbitzuei atxikitako langile finkoa, eta abiapuntuko lanpostuan borondatezko edo nahitaezko eszedentzian ez egotea.

b) Deialdiko lanpostu hutsen maila berekoa edo baxuagokoa izatea.

c) Administrazio publikoetan bost urteko antzinatasun onartua izatea, Nafarroako polizia kidegoetako kideen kasuan izan ezik, horiek frogatu beharko baitute zortzi urtez egin dituztela zerbitzuak kidego horietan.

Nafarroako administrazio publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren zortzigarren xedapen gehigarrian ezarri dena aplikatuz, igoera txandan esku hartzeko baldintzak betetzen dituzten Nafarroako Parlamentuko funtzionarioek ere txanda horretan parte hartzen ahalko dute.

2.2. Deialdiaren 3.3 oinarriaren hirugarren puntuan aipatzen den salbuespena salbuespen, izendatuak izateko proposatzen diren izangaiek deialdiaren 7.2 atalean ezarritako epean eta moduan frogatu beharko dituzte betebehar horiek.

3.-Eskabideak.

3.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorrean (Karlos III.aren etorbidea, 2; 31002 Iruña) aurkeztu beharko dira, edo Nafarroako Gobernuaren gainerako erregistro bulegoetako edozeinetan (zerrenda 2008ko 14. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu zen, urtarrilaren 30ean), edo, bestela, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan adierazi diren bideetakoren bat erabiliz, deialdia Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hogeita hamar egun naturaleko epean.

Eskabidea posta bulego batean aurkeztuz gero, gutun-azal irekian eginen da, postako langileek, ziurtatu aurretik, data eta zigilua jar ditzaten.

Eskabideak deialdi honen eranskinean dagoen ereduari lotu behar zaizkio eta, haietan, izangaiek adierazi beharko dute eskatutako baldintza guztiak betetzen dituztela. Eredu hori Nafarroako Gobernuaren edozein erregistro bulegotan dago eskuragarri. Interneten bidez ere lortzen ahal da, www.navarra.es helbidean, bai argitaratzen deneko aldizkari ofizialetik abiatuta bai aipu honetatik abiatuta: "Zerbitzuak", "Enplegu publikoa".

3.2. Ezgaitasun aitortua duten izangaiek, ariketak egin ahal izateko denbora edo baliabideetan egokitzapenik behar badute, zilegi izanen dute eskabidean eskatzea, eta hartarako, aparteko orri batean adierazi beharko dute nolako ezgaitasuna duten eta zer egokitzapen eskatzen duten. Horrekin batera, legeen arabera ezgaitasunen bat dutela frogatzeko agiriaren kopia konpultsatua ere aurkeztu beharko dute, organo eskudunak emana.

3.3. Eskabideari, behar bezala bete ondoren, agiri hauek erantsiko zaizkio:

Bat.-Nortasun Agiri Nazionalaren fotokopia, edo izangaiaren nazionalitatea eta nortasuna egiaztatzen dituen beste agiri baliokideren batena.

Bi.-Espedientea formalizatzeko eta azterketa eskubideetarako 6 euro ordaindu izanaren frogagiria. Azterketa eskubideen tasa ordaintzen ez bada, izangaia baztertu eginen da.

Sistema hauetakoren bat erabiliz ordaintzen ahalko da tasa hori:

-Behar bezala betetako ordainketa-gutunaren bitartez. Sistema horrek Nafarroako Foru Komunitateko banku entitateetan ordaintzeko balio du. Arestian aipatutako webgunean, deialdiaren iragarkian, ordainketa-gutunaren eredua dago.

-Banestoko (Banco Español de Crédito) 0030 8124 87 0870002271 kontuan eskudirutan edo bankuko transferentzia bidez ordainduz; horrelakoetan, ordainagirian datu hauek jarri beharko dira nahitaez:

-Izangaiaren izen-deiturak.

-NANa/IFZ.

-Ordainketa zein kontutan egiten den, haren zenbakia.

-Kontzeptua: oposizioak.

-Deialdiaren xede den lanpostua.

Honako hauek ez dute tasarik ordaindu beharko:

a) %33ko edo gehiagoko ezgaitasun aitortua dutela frogatzen duten pertsonak, organo eskudunak luzaturiko jatorrizko agiriaren edo behar bezala konpultsaturiko fotokopiaren bidez kreditatuz gero.

b) Hautaproben deialdia egin aurretik hilabete batez edo luzaroago lan-eskatzaile gisa inskribaturik egon diren pertsonak. Salbuespen hori aplikatzeko baldintza izanen da inskribaturik egon diren bitartean eskainitako inolako lan egokiri uko egin ez izana eta lanbide sustapen, prestakuntza edo aldaketarako ekintzetan parte hartzeari uko egin ez izana, justifikaturiko kasuetan izan ezik, eta, horrez gainera, lanbide arteko gutxieneko soldatatik gorakoa den diru-sarrerarik ez izatea hilabetero.

Lan-eskatzailea dela frogatzeko, enplegu bulegoak emandako agiria aurkeztu beharko da. Bertan, lan-eskatzaile gisa inskribatu zeneko data agertuko da eta, orobat, adieraziko da inskribaturik egon den bitartean ez diola uko egin handik eskainitako inolako lan egokiri, ez eta lanbide sustapen, prestakuntza edo aldaketarako ekintzetan parte hartzeari ere, justifikaturiko kasuetan izan ezik.

Hilabetero lanbide arteko gutxieneko soldatatik gorako diru-sarrerarik ez duela interesdunaren adierazpenaren bidez frogatuko da. Adierazpen eredua Nafarroako Gobernuko Informazio Bulegoan eskuratzen ahalko da, edo bestela Interneten bidez, arestian emandako helbidean.

Hiru.-Deialdian igoera txandan parte hartu nahi duten izangaiek, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioa ez den Nafarroako beste administrazio publikoren bateko langile finkoak badira, edo Nafarroako Foru Komunitateari eskualdatutako Justizia Administrazioko zerbitzuei atxikitako langile finkoak, lehengoaz gainera, deialdi honen 2.1.2 oinarrian jasotzen diren eskakizunak betetzen dituztela frogatzen duen agiria gehitu beharko diote eskabideari.

3.4. Eskabideak aurkezteko epea ezin izanen da luzatu.

3.5. Eskaeran atzematen diren akats materialak edo egitezkoak ofizioz edo interesdunak eskaturik zuzentzen ahalko dira, noiznahi ere.

4.-Izangaien onarpena eta erreklamazioak.

4.1. Eskaerak aurkezteko epea bukaturik, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak ebazpena emanen du, izangai onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara dadila aginduko.

4.2. Izangai baztertuek hamar egun balioduneko epea izanen dute, behin-behineko zerrenda Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen denetik, erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik egin badute, zuzentzeko.

4.3. Erreklamazioetarako epea bukatutakoan eta horiek ebatzita, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpena emanen du, eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara dadila aginduko.

4.4. Izangaiei egotzi beharreko arrazoiengatik baztertzen direnei ez zaizkie azterketa egiteko eskubideak itzuliko.

5.-Epaimahaia.

5.1. Epaimahaiak kide hauek izanen ditu:

-Mahaiburua: María Carmen Aguirre Hernández andrea, Nafarroako Mendekotasun Agentziako Mendekotasun Egoeretarako Prestazioen zuzendariordea.

-Ordezkoa: María José Larrea Alvarez andrea, Nafarroako Mendekotasun Agentziako Kudeaketaren eta Giza Baliabideen zuzendariordea.

-Mahaikidea: Enrique Armendáriz González jauna, Burlatako "Ibaialde-Burlada" Institutuko Ostalaritzako irakasle teknikoa.

-Ordezkoa: Juan Luis Esteban Gurpegui jauna, Burlatako "Ibaialde-Burlata" Institutuko Ostalaritzako irakasle teknikoa.

-Mahaikidea: Francisco Javier Sarriguren Jáuregui jauna, Burlatako "Ibaialde-Burlata" Institutuko Ostalaritzako irakasle teknikoa.

-Ordezkoa: Carlos Tomás Ruiz Bergara Gil jauna, Burlatako "Ibaialde-Burlata" Institutuko Ostalaritzako irakasle teknikoa.

-Mahaikidea: langileen ordezkari bat, Nafarroako Mendekotasun Agentziako Langile Batzordeak proposatua.

-Ordezkoa: langileen ordezkari bat, Nafarroako Mendekotasun Agentziako Langile Batzordeak proposatua.

-Mahaikide idazkaria: Carlos Arana Aicua jauna, Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuko Araubide Juridikoaren Ataleko burua.

-Ordezkoa: Agustín Oyaga Zalba jauna, Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuko Koordinazio eta Kudeaketa Administratiboaren Ataleko burua.

Epaimahaia hautaprobak hasi baino lehen eratuko da.

5.2. Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta aritu ere, kideen gehiengo osoa bertan izan gabe.

Organo kolegiatuaren eraketak eta jardunak balio izateko, mahaiburuak eta mahaikide idazkariak edo haien ordezkoek bertan egon beharko dute.

5.3. Epaimahaiko kideek ez dute parte hartuko, eta organo dei egileari horren berri emanen diote, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean parte ez hartzeko aipatzen diren egoeretakoren batean baldin badaude.

Izangaiek, halaber, zilegi dute mahaikideak errefusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean.

5.4. Epaimahaiak gehiengoz erabakiko ditu deialdiaren oinarriak ulertu eta aplikatzeko moduaren inguruan sortzen diren arazo guztiak.

5.5. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza izan dezake proba batzuetan nahiz guztietan. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko eta haietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.

6.-Oposizioa nola eginen den.

6.1. Oposizioa 2008ko abenduan hasiko da. Onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenean berean finkatuko dira probak hasteko tokia, eguna eta ordua.

Ondoren, epaimahaiak gainerako probak egiteko iragarkiak jakinaraziko ditu, arauz egin behar den moduan.

6.2. Oposizioak ariketa hauek izanen ditu:

Lehen ariketa: teorikoa, gai zerrendako bigarren zatiko gaiei buruzko galdera batzuk erantzun beharko dira idatziz. Galdera bakoitzak erantzun batzuk izanen ditu aukeran, baina bat bakarra izanen da egokia. Epaimahaiak ariketa hori egiteko zenbat denbora dagoen adieraziko du haren hasieran.

Bigarren ariketa: praktikoa, epaimahaiak deialdiaren xede den lanpostuaren eginkizunei buruz ezarritako proba edo probak egin beharko dira.

Hirugarren ariketa: teorikoa, gai zerrendako lehen zatiko gaiei buruzko galdera batzuk erantzun beharko dira idatziz. Galdera bakoitzak erantzun batzuk izanen ditu aukeran, baina bat bakarra izanen da egokia. Epaimahaiak ariketa hori egiteko izangaiek zenbat denbora duten adieraziko du haren hasieran.

6.3. Oposizioko ariketen balorazioan 100 puntu eman daitezke gehienez ere, honela banatuak:

Lehen ariketa: gehienez ere 30 puntu.

Bigarren ariketa: gehienez ere 60 puntu.

Hirugarren ariketa: gehienez ere 10 puntu.

6.4. Oposizioko ariketak baztergarriak izanen dira. Baztertuta geldituko dira lehen eta bigarren ariketetan gutxienez gehieneko puntuazioaren erdia lortzen ez duten izangaiak. Halaber, baztertuta geldituko da hirugarren ariketan 3 puntu baino gutxiago lortzen dituen izangaia.

6.5. Ariketak zuzendu ondoren, epaimahaiak jendaurrean jarriko du, Nafarroako Gobernuaren iragarki oholean eta ariketa egin den tokian, gainditu duten izangaien zerrenda, lortutako kalifikazioekin eta, halaber, oposizioaren hurrengo proba edo ariketa egiteko tokia, eguna eta ordua, gutxienez 48 ordu lehenago. Zerrenda Internet bidez ere kontsultatzen ahalko da, www.navarra.es helbidean, Zerbitzuen Katalogoan, Enplegu Publikoaren atalean, deialdiari buruz dagoen aiputik abiatuta.

6.6. Ariketa bakoitzerako deialdi bakarra eginen da. Izangaiek aldean izan beharko dute Nortasun Agiri Nazionala, pasaportea, gidabaimena edo epaimahaiaren iritziz identifikaziorako balio duen beste agiriren bat. Azterketara agertzen ez direnak edo arestian aipatutako agirietako baten bidez beren nortasuna egiaztatzen ez dutenak oposiziotik baztertuko dira.

6.7. Hautaprobak egiteko, ezgaitasun aitorturen bat dutenentzat bidezkoak diren denbora eta baliabide egokitzapenak eginen dira, eskaeran azaldutakoaren arabera.

7.-Probak gainditu dituztenen zerrenda, izendapen proposamena eta agirien aurkezpena.

7.1. Hautaprobak bukatuta, epaimahaiak jendaurrean jarriko du probak gainditu dituztenen zerrenda, oposizioan lortutako kalifikazioekin, Nafarroako Gobernuaren iragarki oholean. Gero, zerrenda hori Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzaileari igorriko dio, deialdiko probak puntuazio altuenekin gainditu dituzten izangaiak, deitutako lanpostuak adina, izendatzeko proposamenarekin eta espediente osoarekin batera. Proposamen hori Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko da. Zerrenda Internet bidez ere kontsultatzen ahalko da, www.navarra.es helbidean, Zerbitzuen Katalogoan, Enplegu Publikoaren atalean, deialdiari buruz dagoen aiputik abiatuta.

Gertatzen diren berdinketetan, bigarren ariketan puntu gehien lortzen dituztenen alde joko da eta berdinketak badirau, lehen ariketan lortutako puntuak hartuko dira aintzakotzat.

7.2. Izendapen proposamena Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu ondoko 30 egun naturaleko epean, proposatutako izangaiek inprimaki berariazko batzuk jaso, eta honako agiri hauek aurkeztu behar dituzte, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko Sarrerarako Hautapenaren Zerbitzuan:

7.2.1. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langile finko ez diren izangaiak:

a) Nortasun Agiri Nazionalaren bi fotokopia konpultsatu, edo izangaiaren nazionalitatea eta nortasuna frogatzen dituen beste agiri baliokideren batenak.

b) Deialdiaren 2.1.1.c) oinarrian eskatzen den tituluaren fotokopia konpultsatua, lortzeko eskubideak pagatu direla frogatzen duen gordekinarena edo, hala bada, eskaerak aurkezteko epean titulua eskuratzeko moduan dagoela frogatzen duen ziurtagiria.

c) Laneko Arriskuei Aurrea hartzeko Atalak emandako txostena, interesdunak karguan aritzea eragotziko liokeen eritasun edo akats fisiko edo psikikorik ez duela frogatzeko.

Ezgaitasunen bat alegatu duten izangaiek, gainera, ezgaitasuna deialdiko lanpostuarekin bateragarria dela dioen frogagiria aurkeztu beharko dute, balorazio eta orientazio talde eskudunek emana.

d) Eginkizun publikoetarako ezgaitua edo gabetua ez izatearen eta inongo administrazio publikoren zerbitzutik bereizia ez izanaren zinpeko aitorpena.

Izangaiek Espainiako nazionalitatea ez badute, agiria aurkeztu beharko dute, beren Estatuko Funtzio Publikoan sartzea eragozten dien diziplina zehapenik edo zigor penalik ez dutela adierazteko.

e) Nafarroako Foru Eraentza errespetatu, Konstituzioari eta legeei men egin eta karguari dagozkion eginkizunak zuzen beteko dituela adierazten duen zina edo hitzematea.

Deialdi hau egin ez duen Nafarroako beste administrazio publikoren bateko langile finko edo Nafarroako Foru Komunitateari eskualdatutako Justizia Administrazioko zerbitzuei atxikitako langile finko diren izangaiek, gainera, aurreko administrazioko espediente pertsonalean ageri diren inguruabar eta aurrekari guztiak frogatzen dituen ziurtagiria aurkeztu beharko dute, hots, sarrerari, antzinatasunari, mailari, egoera administratiboari eta abarrei buruzkoa.

7.2.2. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren edo haren erakunde autonomoen zerbitzuko langile finkoak diren izangaiak:

a) Deialdiaren 2.1.1.c) oinarrian eskatzen den tituluaren fotokopia konpultsatua, lortzeko eskubideak pagatu direla frogatzen duen gordekinarena edo, hala bada, eskaerak aurkezteko epean titulua eskuratzeko moduan dagoela frogatzen duen ziurtagiria.

Ezgaitasunen bat alegatu duten izangaiek, gainera, ezgaitasuna deialdiko lanpostuarekin bateragarria dela dioen frogagiria aurkeztu beharko dute, balorazio eta orientazio talde eskudunek emana.

7.3. Aipatu epearen barrenean, eta aski justifikaturik dauden ezinbesteko kasuak salbuetsiz, arestiko agiriak aurkezten ez dituztenak ezin izanen dira izendatu, eta ordura arteko egintza guztiak baliorik gabe geldituko dira, beren eskabidearen faltsukeria dela-eta legokiekeen erantzunbeharra galarazi gabe.

7.4. Aurreko atalean aurreikusitakoa gertatuz gero, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak probak gainditu dituztenen zerrendan, 7.1 atalean aipatutakoan, hurrengoa den izangaiarekin beteko du baja, eta horrekin ere aurreko ataletan adierazitako moduan jokatuko da.

7.5. Baldintzak eta betebeharrak frogatzeko agiriez gainera, Funtzio Publikoaren Zuzendaritza Nagusiak besteren bat eskatu nahi izanez gero, proposatzen den izangaiari eskatu beharko dio eta horrek deialdi honetako 7.2 arauan ezarritako moduan aurkeztu beharko du.

8.-Lanpostu hutsak hautatzea.

8.1. Aurreko oinarrian xedatu dena betetzen duten izangaiek Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuak (NAPI) hartarako jartzen dien epean aditzera eman beharko dute eskaintzen zaizkien lanpostuetatik zein hautatzen duten. Aukeratu beharreko lanpostuak hasieran deitutakoak izanen dira, edo beste batzuk, zerbitzuaren beharren arabera horiek aldatzea erabakitzen bada.

8.2. Hautaprobak igoera txandaren bidez gainditzen dituzten izangaiek, 8.3 ataleko bigarren lerroaldean aipatutako kasuan izan ezik, lehentasuna izanen dute deialdiko lanpostu hutsak aukeratzerakoan, txanda horretakoak ez diren izangaien aurretik.

8.3. Lanpostu hutsak aukeratzeko orduan, %33ko ezgaitasun aitortua edo handiagoa duten izangaiek lehentasuna izanen dute txanda irekiko izangaien aurretik.

Ezgaitasuna duen izangairik bada, eta horrek eragina badu lanpostu bat edo bestea hautatzeko, aukeratzen hasi aurretik, ezgaitasunarekin hobekien egokitzen direnak esleituko zaizkie, horren gainean balorazio eta orientazio talde eskudunek egindako txostenaren arabera.

9.-Izendapena, lanpostuen esleipena eta jabetza hartzea.

9.1. Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiak, ebazpen baten bitartez, aurreko oinarrietan ezarritakoa betetzen duten izangaiak Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioko funtzionario izendatuko ditu, sukaldeko urgazle lanetan aritzeko. Ebazpen horren bidez lanpostuen esleipena ere eginen da.

9.2. Izendapenak eta lanpostuaren jabetza hartzeak nomina eta plantillako funtzionario bilakatuko ditu izendatuak, indarra duten xedapenek ezartzen dituzten eskubide eta betebehar guztiak dituztela. Gizarte Segurantzako araubide orokorrean inskribatu eta kidetuko dira, araubide horretan ezarritakoaren babesean.

Aurrekoa gorabehera, Nafarroako administrazio publikoen zerbitzuko Langileen Estatutua onetsi zuen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren bederatzigarren xedapen gehigarriaren 3. puntuan xedatutakoa aplikatzearen ondorioz, Nafarroako administrazio publikoen edozein mutualitatetako eskubide pasiboen araubidekoak direnen kasuan, bi aukera izanen dituzte: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko mutualitatean segitzea, martxoaren 5eko 10/2003 Foru Legearen bidez arauturiko eskubide pasiboen araubideak babesturik, edo Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean sartzea.

9.3. Izendatzen diren izangaiek destinoko herrian bizi beharra dute eta, horretarako, udalerri horretan finkatuko dute bizilekua. Administrazio organo eskudunek destinoa aldatzen ahalko dute, aplikatzekoa den arautegian ezarritakoarekin bat.

9.4. Lanaldia zerbitzuaren beharretara egokituko da eta noiznahi aldatzen ahalko dute administrazio organo eskudunek, aplikatzekoa den araudian ezarritakoarekin bat.

9.5. Izendapena Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko da eta izangai izendatuak hilabeteko epean jabetu beharko du bere lanpostuaz, izendapenaren jakinarazpenetik kontatzen hasita.

Aipatu epean eta ezinbesteko kasuetan izan ezik, izangairen bat lanpostuaz jabetzen ez bada, Foru Komunitateko Administrazioaren funtzionario izateko eskubide guztiak galduko ditu. Hala bada, 7.4 atalean ezarritakoari jarraikiko zaio.

9.6. Izangai bat funtzionario bihurtu eta lanpostuan batere aritu gabe zuzenean eta berak eskatuta borondatezko eszedentzia ematen bazaio jabetza hartzearen egunetik bertatik, data horretan beste administrazio publiko batean ari delako, kasuko lanpostu hutsa ere deialdiaren 7.4 atalak agintzen duen moduan beteko da.

9.7. Aurreko bi ataletan aipatutako kasuetan, izendapena egin aurretik hautaturiko lanpostua ez da aldatuko. Beraz, funtzionario berriei, zuzenean, egoera horien ondoriozko lanpostuak esleituko zaizkie.

10.-Aldi baterako kontratuetarako izangaien zerrenda.

10.1. Nafarroako Administrazio Publikoan sartzeko Erregelamenduaren 42. artikuluan, lanpostuak aldi baterako betetzeko kudeaketa arauak onetsi zituen Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariaren azaroaren 14ko 146/2005 Foru Aginduan eta oinarri honexetan ezarritako prozedurari jarraikiz, aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrenda hauek prestatuko dira:

a) Probak gainditu bai, baina lanposturik lortu ez duten izangaien zerrenda.

b) Hautapen prozesuko azken-aurreko ariketa gainditu bai, baina probak gainditu arren plazarik gabe gelditu diren izangaien zerrenda, Administrazio Erroan aldi baterako kontratatuak izateko.

10.2. Nafarroako Administrazio Publikoaren Sarrerarako Hautapen Zerbitzuaren espedientea jasota, Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez, hautapen prozesua gaindituta ere lanposturik gabe gelditu diren izangaiei eta deialdian ezarritako azken-aurreko ariketa gainditu dutenei hamar egun balioduneko epea emanen zaie, ebazpena argitaratu eta biharamunetik hasita, ondoko dokumentazio hau aurkezteko:

Deialdiaren 2.1.1.c) oinarrian eskatzen den tituluaren fotokopia konpultsatua, titulua lortzeko eskubideak pagatu direla frogatzen duen gordekinarena edo sarrera prozesurako eskabideak aurkezteko epean titulua eskuratzeko moduan dagoela frogatzen duen ziurtagiria.

Ebazpen hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko da, eta langileen zerrendak Nafarroako Gobernuko iragarki oholean (Karlos III.aren etorbidea, 2, atalondoa, Iruña).

Eskatzen diren agiriak aipatu epean aurkezten ez dituztenak (aski justifikatutako ezinbesteko kasuetan izan ezik) eta eskatutako baldintzak betetzen ez dituztenak ez dira sartuko aldi baterako kontratuetarako izangaien zerrendan, eta deialdian parte hartzeagatiko eskubide guztiak galduko dituzte, betiere, parte hartzeko eskaera faltsutzeagatik legokiekeen erantzukizuna deusetan ukatu gabe.

10.3. Sarrera prozedurako eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunerako bete beharko dira baldintzak, eta hautaprobek dirauteino eta kontratazioaldiak iraun bitarte bete beharko dira.

10.4. Dokumentazioa aurkezteko epea bukatuta, Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez, aldi baterako kontratatzeko izangaien zerrendak onetsiko dira, eta Nafarroako Gobernuaren iragarki oholean argitaratuko (Karlos III.aren etorbidea, 2, atalondoa, Iruña).

10.5. Hauxe izanen da aldi baterako kontratazioen zerrendaren hurrenkera: oposizioa gainditu bai, baina lanposturik lortu ez dutenen kasuan, hautapen prozesuan lortutako puntuazioaren arabera; gainerako izangaien kasuan, gainditutako ariketetan lortutako puntuazioen batura. Berdinketarik dagoenean nor nagusitzen den erabakitzeko, deialdi honetan kasu horietarako ezarritako irizpideak hartuko dira kontuan.

11.-Errekurtsoak.

Epaimahaiak ematen dituen egintza eta ebazpenen kontra gora jotzeko errekurtsoa paratzen ahal da, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzaileari zuzendua, errekurtsoaren xede den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.

Deialdiaren, oinarrien eta oinarriak aplikatzeko egintzen kontra, epaimahaiak hartutakoen kontra izan ezik, zilegi izanen da gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritu nahi den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik kontatuta.

Hori guztia Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 57. artikuluarekin bat eta urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak aldatutako Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 114. eta 115. artikuluei jarraikiz.

Iruñean, 2008ko uztailaren 4an.-Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzailea, Ignacio Bandrés Urriza.

I. ERANSKINA

Eskabidea

Nafarroako Gobernua. Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentua. Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutua.

Izena: .............................., adinez nagusia. Nortasun Agiri Nazionala: .............. (edo balio bereko beste agiriren bat): ...................... Sorteguna: ..................... Sorterria: ...................... (.................), naziotasuna: ............, gaur egungo helbidea: .................... (kalea, zenbakia), ............. herria, .......... probintzia, ..... posta kodea, eta ........ telefonoa (........... laneko telefonoa) duena,

AZALTZEN DUT:

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko .............. izateko ............lanpostu ....................bidez betetzeko deialdian parte hartzeko onar nazatela eskatzen dudala (deialdia ...... zenbakiko Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu zen, .........an), txanda honetan:

f Txanda irekia

f Igoera txanda*

f Ezgaitasunen bat dutenentzako txanda*

Hautapen probak gainditzen ez baditut, lanpostuak behin-behinekoz betetzeko aukeraz baliatu nahi dudala, esparru hauetakoren batean (deialdiaren 1. arauan xedatutakoarekin bat):

f Administrazio erroa*

f Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzua*

f Nafarroako Mendekotasun Agentzia*

Ez dudala karguan aritzea galarazten didan eritasunik edo akats fisikorik nahiz psikikorik.

Indarra duten xedapenetan ezarritako ezintasunik ez dudala.

Ez naizela diziplinako espediente bidez ezein administrazio publikoren zerbitzutik bereizia izan eta ez nagoela desgaitua eginkizun publikoak betetzeko.

Deialdian eskatzen den titulazioaren jabe naizela.

Azterketa eskubideak ordaindu ditudala, deialdian ezarritako moduan, eta horren gordekina erantsi dudala, edo erantsitako agirien bidez frogatzen dudala tasa ordaintzetik salbuetsita nagoela.

Eskaerak aurkezteko epearen azken egunean beharkizun guztiak betetzen ditudala.

f Ezgaitua naizelakoz, orri bereizi batean adierazten ditudan denbora eta baliabide egokitzapenak eskatzen ditudala.

f Ezgaitasuna frogatzen duen agiria aurkezten dudala, erakunde eskudun batek emana.

f Euskararen gaitasunaren agiria edo ofizialki baliokidea den beste titulu bat aurkezten dudala*.

f Euskara maila jakiteko proba egitea eskatzen dudala*.

f Frantseseko eta ingeleseko nahikotasun frogak egitea eskatzen dudala.*

Horrenbertzez,

Eskaera hau ontzat hartu eta aipatu deialdian onartua izatea eskatzen dut.

Iruñean, 200...ko ................... aren .......(e)an.

(Sinadura)

(*) Bidezkoa bada.

II. ERANSKINA

Gai zerrenda

Lehen zatia.

1. gaia.-Espainiako 1978ko Konstituzioa (I): ezaugarriak. Zuzenbide estatu sozial eta demokratikoa: konstituzioaren printzipioak eta balore gorenak. Funtsezko eskubide eta askatasunak eta haien bermea. Politika sozial eta ekonomikoaren printzipio gidariak.

2. gaia.-Espainiako 1978ko Konstituzioa (II): estatuko aginteak. Koroa. Gorte Nagusiak. Gobernua eta Administrazioa. Botere judiziala Konstituzioan.

3. gaia.-Estatuaren lurralde antolaketa: Estatu autonomikoa. Konstituzio Auzitegia.

4. gaia.-Legea: kontzeptua eta motak. Erregelamendua: kontzeptua eta motak. Legearen eta erregelamenduaren arteko loturak. Erregelamenduak emateko ahalmena eta horren mugak. Erregelamenduen kontrola.

5. gaia.-Administrazio egintza: Kontzeptua, motak eta osagaiak. Administrazio egintzen baldintzak, eraginkortasuna, deuseztasuna eta deuseztagarritasuna.

6. gaia.-Administrazio prozedura erkidea: kontzeptua eta izaera. Faseak: hasiera, antolaketa, instrukzioa eta amaiera. Administrazioarekiko errekurtsoak: printzipio orokorrak eta motak.

7. gaia.-Nafarroako Foru Eraentza: bilakaera historikoa (1512-1982). 1841eko abuztuaren 16ko Nafarroako Lege Hitzartua. Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeko Lege Organikoa: egitura eta edukia.

8. gaia.-Nafarroako Parlamentua edo Gorteak: Osaera, antolakuntza eta eginkizunak. Nafarroako Foru Komunitateko arartekoa. Comptos Ganbera. Nafarroako Kontseilua.

9. gaia.-Botere betearazlea Nafarroan: Nafarroako Gobernuko lehendakaria. Nafarroako Gobernua. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioa.

10. gaia.-Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko langileak: Langile motak. Funtzionario publikoen hautapena. Funtzionario izaera eskuratzea eta galtzea. administrazio karrera. Administrazio egoerak. Lanpostuak betetzea. Ordainsariak.

Bigarren zatia.

1. gaia.-Sail bakoitzeko tresnak, lanabesak, ontziak eta makinak erabili eta zaintzea.

2. gaia.-Lantokia bildu eta erabat garbitzea: sutondoa, mahaiak, makineria, erremintak, etab.

3. gaia.-Barazkiak eta lekariak: prozedura, garbiketa, mozketa eta oinarrizko prestaketa.

4. gaia.-Zenbait barazkiren egosketa eta geroko kontserbazioa. Barazkiak gordinik eta sukaldean eginak prestatzea. Entsalada arruntak bukatzea.

5. gaia.-Lekari idor nahiz freskoen garbiketa eta beratzea. Oinarrizko platerak prestatzea lekari idor nahiz freskoak erabiliz: eltzariak, egosiak eta fabadak.

6. gaia.-Saldak, salda zuriak, zopak, kontsome arruntak prestatzea eta kontserbatzea.

7. gaia.-Okelen eta arrainen oinarrizko fondoak eta osagarriak prestatzea.

8. gaia.-Patata mota guztiak garbitu eta moztea: frijituak, errisolatuak, baporez eginak.

9. gaia.-Arraultzen prestaketa oinarrizkoa: gogorrak, urez pasatuak, mollet erara eginak eta galdarraztatuak, eta haien kontserbazioa. Arraultzak erabiliz platerak egitea.

10. gaia.-Italiako pasta lehorra prestatu, egosi eta gordetzea.

11. gaia.-Arrainak garbitzea, hezurrak kentzea eta moztea.

12. gaia.-Bakailoa moztu eta gezatzea.

13. gaia.-Oinarrizko behiki, zerriki eta ardikiak identifikatzea.

14. gaia.-Hanburgesak eta haragi-bolak prestatzea.

15. gaia.-Haragia prestatzea, erretzeko, txingarretan egiteko.

16. gaia.-Behikiarekin edo aratxekiarekin erregosiak eta salteatuak aurretik prestatzea.

17. gaia.-Oinarrizko saltsak prestatzea: tomatea eta bexamela.

18. gaia.-Frutak prestatzea, erretzeko, salteatzeko eta konpotak eta mazedoniak egiteko.

19. gaia.-Masa hautsi gazia, bizkotxo arrunta, crepeak, orly pasta eta esnegain eta zuringo montatua aurretik prestatzea.

20. gaia.-Pastel krema, arrozesnea, arraultzesnea, karamelu-budina, budina, torradak, buñueloak eta abar prestatzea.

21. gaia.-Zizka-mizka hotzak prestatzea.

22. gaia.-Aurreneurri higieniko-sanitarioak elikagaiak ez galtzeko.

23. gaia.-Sukaldeetako higienea: airetzea eta kea, lurrina eta usainak kentzea.

24. gaia.-Lan arriskuei aurrea hartzea eta istripuetan laguntzea.

25. gaia.-Laneko segurtasun eta higieneari buruzko erregelamendua, ostalaritzari aplikatua. Elikagaiak aurretik maneiatzea.

26. gaia.-Sukaldaritzako hitzak.

27. gaia.-Sukaldaritzako makina eta tresnak.

Oharra: arlo guztietako gaiek deialdia hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu egunean zegoen legedi indardunari jarraituko diote.

Iragarkiaren kodea: F0810877