92. ALDIZKARIA - 2008ko uztailaren 28a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.4. Dirulaguntzak eta bekak

322/2008 FORU AGINDUA, ekainaren 19koa, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak emana. Honen bidez aldatu egiten da ekainaren 12ko 317/2007 Foru Agindua, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak emana, Landa Garapeneko 2007-2013 urteetako Programaren barruan toki entitateek sustatzen dituzten oihaneko jarduerentarako laguntza araubidea ezartzen duena.

Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak 2007ko ekainaren 12an emandako 317/2007 Foru Aginduaren bidez, toki entitateek sustatutako oihaneko lanetarako laguntzen araubidearen oinarriak ezarri ziren 2007-2013 aldirako. Horixe da foru aginduaren indarraldia.

Hura aplikatzen hasi zenetik kanpaina bat igarota, zenbait aldaketa egin beharra dago laguntzen araubidearen eraginkortasuna hobetzeko. Hauek dira aldaketa garrantzitsuenak:

Espediente bakoitzeko eman daitekeen gehieneko diru-laguntza handitzea, Nafarroako Nekazaritza Garatzeko 2007-2013 urteetako Programan ezarritakoari eta oihangintzako jarduera handieneko toki entitateen eskakizunei egokitzeko.

Eskaera zein urtetako aurrekontuari egotzi behar zaion erabakitzeko erabiltzen ari diren epeak aldatzea, zeren bestela aldi berean egin behar baitira proposatutako jarduketak baimentzeko kontrolak eta egindako jarduketen ordainketak, eta horrek bi prozesuak moteltzen baititu.

Edozein jarduketaren aurretik eskatzaileek ezagutu behar dituzten prozedura kontu batzuk zehaztea.

Gainera, 317/2007 Foru Aginduaren testu argitaratuan atzemandako akats tipografikoak zuzenduko dira.

Hori horrela, Nafarroako Gobernuari eta lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluak ematen dizkidan eskumenak erabiliz,

AGINDU DUT:

Lehena.-2007-2013 aldian toki entitateek sustatutako oihaneko lanetarako laguntzen araubidearen oinarriak aldatzea, foru agindu honen eranskinean zehazten den moduan.

Bigarrena.-Foru agindu hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara dadila agintzea. Foru aginduaren aldaketa hau aplikagarria izanen da oihaneko lanetarako laguntzen 2008-2009 kanpainan eta hurrengoetan.

Hirugarrena.-Foru agindu hau Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzuari eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Idazkaritza Teknikoari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Laugarrena.-Foru agindu honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.

Foru agindu honen kontra administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, jakinarazi eta bi hilabeteko epean. Horrek ez du alde batera uzten aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epean.

Iruñean, 2008ko ekainaren 19an.-Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilaria, Begoña Sanzberro Iturriria.

1. ERANSKINA

Nafarroako Nekazaritza Garatzeko 2007-2013 urteetako Programaren barruan toki entitateek sustatutako oihaneko lanetarako laguntzen araubidearen oinarrien aldaketa

Lehenbizikoa.-Bigarren oinarria. Diru-laguntzen modalitateak. 4. puntua.-D modalitatea: dokumentazio teknikoa egitea eta obra zuzendaritza. D.1 idatz-zatia. Dokumentazio teknikoa egitea. Beste gidoi bat gehituko da.

"-Dokumentazio teknikorako diru-laguntza ordaintzeko baldintza izanen da espedienteko beste ekintza bat, gutxienez, ordaintzea.

Bigarrena.-Bigarren oinarria. Diru-laguntzen modalitateak. 5. puntua. E modalitatea: Natura Sareko neurriak. Bigarren gidoia. Honela geratuko da:

-Natura Sareko neurrien aurrekontu osoa gehienez ere 60.000 eurokoa izanen da eskaerako.

Hirugarrena.-Hirugarren oinarria. Diru-laguntzen zenbatekoa. 1. puntua. Honela geratuko da:

1. Gehienez ere, hirurehun mila (300.000) euroko inbertsioari emanen zaio laguntza. Laguntzen ahal den inbertsioaren gutxieneko muga 3.000 (hiru mila) eurokoa da. Aurreko kanpainetan diru-laguntza izan duten basoberritzeak edo Nafarroako Gobernuak osotara egindakoak mantentzeko lanak baizik hartzen ez duten eskaeren kasuan, ez da aplikatzekoa izanen diruz lagundu daitekeen inbertsioaren gutxieneko muga.

Laugarrena.-Laugarren oinarria. Laguntzetarako eskaerak. 2. puntua. Lehen eta bigarren paragrafoak. Honela geratuko dira:

2. Epeak. Deialdia irekita egonen da 2013ra arteko epeetan. Urte bakoitzeko abuztuaren 1a baino lehen jasotzen diren eskaerak hurrengo urteko aurrekontuaren kargura ebatziko dira, salbu eta eskaera aurkeztu den urte berean jarduketa amaitu eta urte horretako aurrekontuan ordaintzeko nahikoa diru dagoenean. 2008-09 kanpaina honetan, 2008ko kanpainarako onartuko dira 2008ko urriaren 1era arte aurkezten diren eskaerak.

Bosgarrena.-Seigarren oinarria: Lanen amaiera. 1. puntua. Epeak eta aurkeztu beharreko dokumentazioa. Honela geratuko da:

1.-Epeak eta aurkeztu beharreko dokumentazioa.

Eskaera N kanpainan aurkezten bada (hau da, eskaera N urteko abuztuaren 1a baino lehen aurkezten bada, edo, 2008-2009 kanpainarako soilik, 2008ko urriaren 1a baino lehen), lanak amaitzeko epea N+1 urteko irailaren 1ean bukatuko da; egun horretan Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzuan dokumentazio hau egon beharko da:

-Obra liburu osoa, ziurtagiri guztiekin. Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzuari aurkeztutako ziurtagiri bakoitza bere proiektuko obra unitateei lotua egonen da (edo hala bada, dagozkien aldaketei, betiere horiek aurretik onartuak izan badira eta horren gaineko akta baldin bada). Modu berean, aurkeztutako faktura edo gastuen egiaztagiri bakoitza dagokion ziurtagiriari lotua egonen da.

-V. eranskina, obra zuzendariak behar bezala betea, eta toki entitatearen adostasunarekin (zigilatua eta sinatua).

-Inbertsioen gastuen eta ordainketen frogagiriak. Aipatutako epean ordainketa agiri guztiak aurkeztu ezean onuradunak 60 egun naturaleko epea izanen du, laguntza ordaintzeko ebazpena sinatzen den egunetik, Plangintza eta Laguntza Atalean aurkezteko. Hala egiten ez badu, ordainketa frogatu ez den inbertsio zatia itzultzeko espedientea hasiko da.

-Obra zuzendaritza eskatzen ez den kasuetan, lanak bukatu direla egiaztatzen duen jakinarazpena aurkeztu beharko du onuradunak, faktura edo gastuen eta ordainketen egiaztagiri guztiekin batera; agiri horiek memorian aurreikusitako ziurtagiriei edo/eta obra unitateei dagozkienak izanen dira.

-Diruz lagundu daitekeen gastua 30.000 eurotik gorakoa denean, toki entitateko idazkariak txosten bat emanen du obrak esleitzeko prozedurari buruz, enpresa adjudikazio-hartzaileari eta hura hautatzea eragin zuen prozesuari buruzko datuekin, diru-laguntzen kudeaketan eskatzen diren eragimen eta ekonomia irizpideak bermatzeko xedeaz.

-Dokumentazioa epean aurkeztu ezean (gastuen frogagiriak aurkezteko xedatutakoa salbu), emandako diru-laguntzari %1 kenduko zaio justifikazioa atzeratzen den egun natural bakoitzeko, gehienez 25 egun. 25 egun baino gehiago atzeratuz gero, diru-laguntza galdutzat emanen da.

Eskaera N urteko abuztuaren 1etik aurrera aurkezten bada (aurreko puntuan 2008ko kanpainarako esandakoa salbu), lanak amaitzeko eguna N + 2 urteko irailaren 1a izanen da. Aurreko kasuko dokumentazio bera aurkeztuko da, eta epean ez aurkeztearen ondorioak berberak izanen dira.

Salbuespenez, kanpaina batean baimendutako lanak amaitzeko epearen luzapena eskatu ahalko da. Luzapenaren arrazoiak azaldu beharko dira. Luzapen horiek espresuki baimendu behar dira, Plangintza eta Laguntza Atalaren ofizioen bidez. Ofizioan lanak amaitzeko beste epe bat ezarriko da; hori dela eta, baliteke espedientea, osorik edo hein batean, hurrengo kanpainari dagokion kontusailaren kargura ordaintzea.

Seigarrena.-Zortzigarren oinarria. Onuradunaren betebeharrak: oinarriaren azken zatiaren letra zuzenduko da. Errepikatuta dagoen f) letraren ordez g) letra jarriko zaio.

Zazpigarrena.-Hamargarren oinarria. Basoberritzeak. 7. puntua. Makaldiak. Lehen paragrafoa. Honela geratuko da:

-Urteko areatzeak edo sastraka-garbiketak eta hurrengo urtekoak ere diruz lagunduko dira (eskaera-kanpaina bakoitzeko bi areatze edo bi sastraka-garbiketa), eta ekintza bereizi gisa aurkeztuko dira.

Zortzigarrena.-Hamaikagarren oinarria. Oihanzaintzako lanak. 4. puntua. Honela geratuko da:

4.-Deialdi honetan ez da diru-laguntzarik izanen VII. eranskinean zehazten den Kantauriko eskualdean dauden Pinus generoko espezieen landaketetan bakantzeak eta kimaketak egiteko, ez eta eginak diren landaketako mantentze-lanak ere, salbu eta 3 urtetik beherako basoberritzeetako garbiketetarako eta hutsarteen birlandatzeetan, Pinus generokoak ez diren espezieekin egin beharrekoetan. Oro har, basoberritzeetan eta hutsuneak betetzeko erabiliko diren espezieek kanpaina honetan onesten den araudi fitosanitarioa bete behar dute.

Bederatzigarrena.-Hemezortzigarren oinarria. Diru-laguntza jaso dezaketen ekintzen deskribatzailea.

Ekintzen deskribatzailearen 5. eta 6. lerroak aldatuko dira. Hona hemen nola geratuko diren:

MODALIT. EKINTZA AZPIEKINTZA

A. 1. Ha. Mantentze-lanak (makaldiak izan ezik). Udako garbiketak eta beste

Epe luzeko espezieak. Hutsarteak birlandatzea

A. 1. Ha. Mantentze-lanak (makaldiak izan ezik). Udako garbiketak eta beste

Epe erdiko espezieak. Hutsarteak birlandatzea

Hamargarrena.-Hemeretzigarren oinarria. Diru-laguntza jaso dezaketen ekintzen deskribatzailea.

Diru-laguntza jaso dezakeen beste ekintza bat gehituko da:

MODALIT. EKINTZA AZPIEKINTZA

A. 1. Ha. Makaldietan sasiak garbitzea (2 garbiketa)

Iragarkiaren kodea: F0810242