92. ALDIZKARIA - 2008ko uztailaren 28a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. ORDENANTZAK ETA BESTELAKO XEDAPEN OROKORRAK

MURILLO EL FRUTO

Erregelamendua, udal artxibo eta agiriak aztertzeko eskubidearen erabilera arautzen duena

Udalak, 2008ko maiatzaren 30eko osoko bilkuran, udal artxibo eta agiriak aztertzeko eskubidearen erabilera arautzen duen erregelamendua onetsi zuen. Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 326. artikuluan xedatutakoari jarraikiz, testu horren xedapen zatia ematen da argitara. Hona hemen:

ATARIKO TITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua.

Erregelamendu honen xedea da Murillo el Frutoko Udaleko zinegotziek izanen dituzten arauak ezartzea agiriak, artxiboak etab. begiratu eta aztertzeko.

2. artikulua.

Orokorrean, espedientea, agiria edo agirien aurrekariak artxibo orokorrean edo udal egoitzetan aztertu ahalko dira, eskatzaileari eskura emanda edo kopia aterata, hala behar denean.

Halako jarduketak eta eskaera bera jendea hartzeko ordutegian egin beharko dira, astelehenetik ostiralera, hamaiketatik ordu bietara. Alkatetzak jendea hartzeko ordutegia alda dezake, ebazpen arrazoituaren bidez betiere.

3. artikulua.

Artxibo administratiboetan dauden datu, erregistro, aurrekari, espediente eta agirietan begiratzeko, agiri multzo jakin batzuetan begiratzeko arauak edo haien guztien tratamendurako baldintzak ezartzen dituen araudi sektorialari jarraituko zaio, hau da, eskubide hori arautzeko kontuan hartu beharreko araudi guztiari: hirigintzakoa, ingurumenekoa, katastrokoa, erroldakoa, zergen arlokoa, datu pertsonalen babesari dagokiona, etab.

I. TITULUA

Zinegotziek agiriak nola eskuratu

4. artikulua.

1. Udaleko zinegotziek Udalbatzako zerbitzuen esku dauden agiri, artxibo, aurrekari, datu edo jakingarri guztiak eskuratu ahalko dituzte, beren eginbeharrak betetzeko ezinbestekoak diren heinean.

2. Eskaria edo eskaera arrazoiak azalduz ebatzi beharko du alkateak edo buruak edo Tokiko Gobernu Batzarrak, toki entitateko erregistroan aurkeztu ondoko bost egun naturaleko epean. Udalbatzako kideei informazioa ukatzen dien horrek ukoaren erantzukizuna hartu beharko du bere gain.

5. artikulua.

Informazioak eskuratzeko eskaria isiltasun administratiboaren bidez emantzat joko da baldin eta udalburuak edo Gobernu Batzordeak eskaria egiten denetik bost eguneko epean ukatzeko ebazpenik ematen ez badu.

Informazioa edo dokumentazioa eskuratzea ukatzen bada, ebazpen arrazoituaren bidez egin beharko da betiere.

6. artikulua.

Aurreko artikuluko 1 zenbakian xedatutakoa gorabehera, ondoren zehazten diren kasuetan tokiko zerbitzu administratiboek informazioa eman beharra izanen dute udalbatzako kideak horretarako baimena duela frogatu beharrik izan gabe:

a) Ordezkaritzak edo kudeaketako erantzukizunak bere gain dituzten zinegotziek beren erantzukizun horiei dagozkien informazioak eskatzen dituztenean.

b) Zinegotziek, kide anitzeko organo bateko kide izanik, organo horietan landuko diren gaiei buruzko informazioa eta agiriak eskuratu nahi dituztenean, baita edozein udal organok harturiko erabaki edo ebazpenak eskuratu nahi dituztenean ere.

c) Udalbatzako kideek herritarren eskura dauden informazioak edo agiriak eskuratu nahi dituztenean.

7. artikulua.

1. Espedienteak, liburuak eta dokumentazio orokorra aztertzeko ondoko arau hauei jarraituko zaie:

a) Oro har, espedientea edo espedienteen aurrekariak artxibo orokorrean aztertuko dira, edo zer egoitzatan dauden, hantxe bertan. Zinegotzi interesdunari jatorrizkoa edo kopia emanen zaio, hark bere bulegoan edo zinegotziendako diren aretoetan azter dezan. Zinegotziek informazioa libreki eskura dezaketen kasuetan (6. artikulua) eta Gobernu Batzordeko udalburuak baimen espresua ematen duenean baizik ez dira kopiak emanen.

b) Espediente, liburu eta agiriak ezin izanen dira inolaz ere atera ez Herriko Etxetik edo probintziako jauregitik ez tokian tokiko egoitza edo bulegoetatik.

c) Akten liburuak eta udalburuaren ebazpenen liburuak artxiboan edo Udal Idazkaritzan aztertu beharko dira.

d) Bilkuretan erabili beharreko espedienteak, deialdia egiten den unetik ikusgai jartzen diren tokietan baizik ezin dira aztertu.

2. Aurreko zenbakiko a) idatz-zatian zehazturiko kasuetan, eta administrazioak behar bezalako kontrola egin ahal izateko, interesdunak hartu-agiria sinatu beharko du. Espedientea edo agiria beranduenez ere berrogeita zortzi orduren buruan itzuli beharko du, edo lehenago, espediente jakin horren tramiteak nolakoak diren.

8. artikulua.

Oro har, espedientea edo espedienteen aurrekariak udal bulegoetan edo Osoko Bilkuren aretoan aztertzen ahalko dira, ondoko arau hauei jarraikiz betiere:

a) Erregelemendu honen 6. artikuluan aipatu kasuetan, hots, zinegotziek informazioa libreki eskura dezaketenean, eta Gobernu Batzarreko udalburuak baimen espresua ematen duenean, kontsulta jendea hartzeko orduetan egiten ahalko da, 2. artikuluan ezarritako moduan.

b) Gainerako kasuetan, Udal Idazkaritzan, Osoko Bilkuren aretoan edo, hala behar denean, horretarako egokituko diren egoitzetan eginen da kontsulta, eta ostegunetan soilik, hamabietatik ordu bietara. Ostegunen bat ondorio administratiboetarako baliogabea denean, aste bereko asteazkenean egiten ahalko da kontsulta.

c) Aztertu nahi diren agiri edo espedienteak, libreki eskura daitezkeen horiek kenduta, espresuki garbi eta zehatz eskatu beharko dira, kontsulta noiz egin nahi den, hiru egun lehenago eskatu ere, Idazkaritzan prest eduki eta eskatzailearen eskura jar daitezen.

d) Aztertu nahi diren agirien edo espedientearen antzinatasuna hiru urtekoa baino zaharragoa bada, zazpi egun natural lehenago egin beharko da eskaera, halakoak Udal Artxiboan bilatu behar dira-eta.

9. artikulua.

Udalbatzako kideek isilpean gorde behar dituzte beren eginkizunetan jardun ahal izateko ematen zaizkien informazioak, bereziki oraindik hartu gabe dauden erabakien aurrekari diren horiek. Halaber, ez dute zabalduko aztertzera ematen ahal zaien dokumentazioa, ez jatorrizko agiririk ez kopiarik.

10. artikulua.

Gai zerrendan sartutako gaien dokumentazio guztia, eztabaidarako eta, hala behar badu, bozketarako oinarria izanen denez, zinegotzien eskura egonen da, deialdiaren egun beretik, Udalbatzako Idazkaritzan.

Hortaz, Udalbatzako kide guztiek aukera izanen dute dokumentazio hori aztertzeko eta are hura osatzen duten agirien kopiak eskuratzeko. Guztiarekin ere, jatorrizkoak ezin izanen dira eskura jarri diren toki horretatik atera.

11. artikulua.

Eskatzen denean agiri zehatzetan bilduta ez dagoen informazio idatzia eskatu eta emateko, hau da, Idazkaritzak kontsultatu, prestatu eta idatzi beharko duen informazio hori eskuratzeko, honako arau hauei jarraituko zaie:

a) Tramite bidean daudelako edo berriki ebatzi direlako Udal Idazkaritzan dauden espedienteei edo gai zehatzei buruzko informazio eskaerak hamabost egun naturaleko epean erantzunen dira, eskaera egiten denetik hasita.

b) Eskatutako informazioa aurkitu eta prestatzeko ahalegin berezia egin behar denean, agiri kopurua, konplexutasuna, antzinatasuna edo antzeko inguruabarrak direla-eta, eskaera egin eta hilabeteko epea egonen da erantzuteko. Inguruabar horiek arrazoituko dira eta eskatzaileari jakinaraziko zaizkio.

c) Salbuespenez, eta aurreko idatz-zatian aipaturiko inguruabarrak bereziki konplexuak direnean, Idazkaritzak erantzuteko epea bi hilabetera arte luzatzea eskatzen ahalko dio Alkatetzari, eskaera arrazoituz betiere. Alkatetzak eskaera hori ebatzi, eta zinegotzi eskatzaileari edo eskatzaileei jakinaraziko zaie.

AZKEN XEDAPENA

Indarra hartzea

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legeko 326. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz, erregelamendu honek ez du sortuko ondorio juridikorik harik eta testu osoa Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta Estatuko Administrazioak edo Foru Komunitateko Administrazioak toki erakundeei egintzak edo erabakiak deuseztatzeko errekerimenduak egiteko ahalmena erabiltzeko ezarritako epea igaro arte.

Murillo el Fruton, 2008ko ekainaren 26an.-Alkatea, Javier Gárriz Gabari.

Iragarkiaren kodea: L0810348