92. ALDIZKARIA - 2008ko uztailaren 28a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.4. Dirulaguntzak eta bekak

254/2008 FORU AGINDUA, ekainaren 24koa, Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilariak emana, kontsumitzaile eta erabiltzaileen elkarteei diru-laguntzak emateko 2008ko deialdia onesten duena.

Kontsumitzaileak eta erabiltzaileak babesteari buruzko ekainaren 20ko 7/2006 Foru Legeak hauxe xedatzen du 21. artikuluan: "Legez eratutako kontsumitzaile elkarteek kontsumitzaileen interesak defendatzea izanen dute helburu. Haien onura publikoa deklaratu ahal izanen da eta onesten diren laguntza publikoak eman ahal izanen zaizkie beren xedeak betetzeko. Halaber, kontsumoko arbitraje sisteman parte hartu ahal izanen dute."

Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak Nafarroako Aurrekontu Orokorren kontura emandako diru-laguntzen araubide juridiko orokorra ezarri zuen. Diru-laguntzak eman baino lehen, organo eskudunak haien arauak ezarri beharko ditu, eta horiek argitaratu beharko dira. Horrela jarduerak egiten dituztenek eta deialdiaren xede den egoeran daudenek eskuratzen ahalko dituzte.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen eta Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen irailaren 3ko 125/2007 Foru Dekretuaren bidez eskuratu ditudan eskurantzen arabera,

AGINDU DUT:

1. Kontsumitzaile eta erabiltzaileen elkarteei diru-laguntzak emateko 2008ko deialdia onestea. Oinarriak ebazpen honen eranskinean ageri dira.

2. Foru agindu honen ondoriozko konpromisoei aurre egiteko 208.830 euroko gastua onestea, 2008ko gastuen aurrekontuetako 951001 92410 4819 492300 kontu-sailaren kontura.

3. Foru agindu hau eta eranskina Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea.

4. Foru agindu hau Idazkaritza Tekniko Nagusiko Aurrekontuen Kudeaketarako Atalari eta Familiaren, Haurraren eta Kontsumoaren Zuzendaritza Nagusiko Kontsumo Zerbitzuari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2008ko ekainaren 24an.-Osasun kontseilaria (Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilariaren ordez, Nafarroako Gobernuko lehendakariaren ekainaren 23ko 10/2008 Foru Dekretuarekin bat), María Kutz Peironcely.

ERANSKINA

Nafarroako kontsumitzaile eta erabiltzaileen elkarteei diru-laguntzak emateko 2008ko deialdiaren oinarri arautzaileak

1. oinarria. Xedea.

Deialdiaren xedea da kontsumitzaile eta erabiltzaileen elkarteei 2008an diru-laguntzak emateko araubidea ezartzea, haien eginkizunak betetzeko.

2. oinarria. Modalitateak.

1. Deialdiaren ondorioetarako, diruz lagundutako proiektuetan modalitate hauek ezartzen dira:

a) Kontsumitzaile eta erabiltzaileen elkarteen funtzionamenduarekin eta langile teknikoekin lotutako gastuak.

b) Kontsumitzailearen babesarekin lotutako programak garatzea.

2. Bi diru-laguntza modalitate horiek elkarren osagarri eta bateragarriak dira.

3. oinarria. Diru-laguntza har dezaketen gastuak eta diru-zenbatekoa.

1. Aurreko oinarrian aipatzen den a) modalitateari dagokionez, gastu hauek diruz laguntzen ahalko dira:

A.-Kontsumitzaileak eta erabiltzaileak babesteko jarduera garatzeko behar diren funtzionamendu gastuak, hala nola honako hauek:

-Jarduera garatzeko egoitza edo bulegoen -jendeari irekiak daudenak- alokairua eta komunitate gastuak.

-Egoitza edo bulegoetako ur eta argindar gastuak.

-Telefoniako eta Interneteko gastuak (gehienez ere 150 euro hilean).

B.-Diruz-lagundutako jardueran lan egiten duten elkarteko langileen gastuak: soldatak eta Gizarte Segurantzarekiko kotizazio gastuak.

C.-Jarduerarako kontratatutako kanpo aholkulariekin, baita aholkulari juridikoekin ere, lotutako gastuak.

D.-Diru-laguntzaren zenbatekoak ez du diruz laguntzen ahal diren gastuen %80 gaindituko. Elkarteak bere funtsekin estaliko du diruz lagundu ez den zenbatekoa.

E.-Elkarte batek kontsumitzaileentzako argibideetarako udal bulego baten ardura esleitua baldin badu, haren gastuak deialditik kanpo gelditzen dira, bai eta erakundeei egiten dizkien zerbitzu ordainduak ere.

F.-Deialditik kanpo gelditzen dira, halaber, aktibo finko materialetan eginiko inbertsioen ondoriozko gastuak.

2. Aurreko oinarrian aipatzen den b) modalitateari dagokionez, kontsumitzaileak eta erabiltzaileak babesteko egiten diren jarduera espezifiko hauen ondoriozko defizitari dagozkion gastuak diruz laguntzen ahalko dira:

a) Eduki nagusia kontsumo arloa duten aldizkari, liburuxka, argitalpen edo bestelako materialak argitaratzea.

b) Kontsumo gaiei buruzko azterlan berariazkoak egitea, gero argitaratzen badira edo zabalkunde irekia ematen bazaie.

c) Kontsumitzaile eta erabiltzaileak informatu eta prestatzeko jardunaldiak, ikastaroak, mintzaldiak edo beste edozein jarduera antolatzea.

d) Komunikabideetan esku-hartzea, jarduera espezifikoei dagokienez.

e) Erakunde, topagune eta abarretan kontsumitzaile eta erabiltzaileen izenean parte hartzeko gastuak, ordainsaririk ez bada. Urtean 3.000 euro gehienez.

4. oinarria. Onuradun izateko baldintzak.

Kontsumitzaile eta erabiltzaileen elkarteek Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan aipatzen diren orotariko betebeharrez gain, honako hauek ere bete beharko dituzte:

a) Legez eratuak eta inskribatuak egotea Nafarroako Kontsumitzaile eta Erabiltzaileen Elkarteen Erregistroan, diru-laguntza eskaera aurkezteko epea amaitzen den egunean.

b) Jendeari arreta egiteko bulegoa izatea. Bulegoa egunero egonen da zabalik, asteburu, jaiegun eta arauzko oporraldietan izan ezik.

c) Irabazi-asmorik ez izatea.

5. oinarria. Baldintzak frogatzeko modua eta noiz arte bete behar diren.

1. Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 13. artikuluan onuradun izateko adierazita dauden debekuetatik bat ere ez dutela frogatzeko, eskatzaileek "erantzukizuneko aitorpena" egin beharko dute, deusetan galarazi gabe administrazioak aurkezten diren aitorpenak edo justifikazioak egiazkoak ote diren ikertzeko duen ahalmena.

2. Aurreko oinarrian adierazitako berariazko baldintzak egiaztatzeko, elkarteko idazkariaren edo, bestela, buruaren ziurtagiria aurkeztu beharko da.

3. Baldintza horiek 2008. urte osoan bete beharko dira.

6. oinarria. Eskabideak eta agiriak aurkeztea.

1. Eskaerak elkarteburuak sinatu beharko ditu, eta horiek aurkezteko epea 15 egun naturalekoa izanen da, deialdia Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hasita.

2. Eskaerak Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuko erregistroan (González Tablas kalea, zk.g., Iruña) edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 38.4 artikuluan ezarritako tokietakoren batean aurkezten ahalko dira.

Agiriak posta bulego batean aurkezten badira, gutun-azal ireki batean egin beharko da, lehenengo orriko goiko aldean bulegoaren izena, eguna, tokia eta ordua (minutu eta guzti) adierazi ahal izateko. Datu horiek guztiak gordekinean ere azaldu beharko dira.

3. Eskabidearekin batera ondoko agiri hauek aurkeztu behar dira:

a) Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 13. artikuluan onuradun izateko ezarritako ezein debekutan sarturik ez dagoela frogatzen duen agiria.

b) Elkarteko idazkariaren ziurtagiria, edo, bestela, buruarena, datu hauek azaltzen dituena:

Zuzendaritza batzordeak laguntza eskatzeko hartutako erabakia.

Deialdiaren 4. oinarrian ezartzen diren baldintzak betetzen dituela.

Elkartearen bulegoen zerrenda, posta helbidea, jendearentzako orduak eta haien ardura duten pertsonen identifikazioa.

Elkartean diru-laguntza zein jardueratarako eskatzen den, jarduera horietan lan egiten duten eta horietaz arduratzen diren pertsonen izenen zerrenda.

Zerrendan kontratu mota, nomina eta lanaldia adierazi beharko dira. Ekartean egiten den lanaldia %100 ez bada, deialdian diruz laguntzen diren jardueretan benetan egiten den lan portzentajea adierazi beharko da.

c) 2007ko abenduaren 31ko egoera balantzea eta urte bereko irabazi eta galeren kontua.

d) 2008ko aurrekontua, 2007ko irabazi eta galeren konturako ezarritako xehetasunak azaltzen dituena.

Bai 2007ko aurrekontuko bai 2008rako aurreikusitako aurrekontuko diru-sarrerak honelaxe bananduko dira: bazkideen kuotak, erakundeei egindako zerbitzuengatik jasotako dirua, Nafarroako Gobernuaren diru-laguntza, bestelako diru-laguntzak edo dohaintzak eta abar.

2007ko aurrekontuko nahiz 2008rako aurreikusitako aurrekontuko gastuen banantzea diru-laguntza jaso dezaketen gastuen araberakoa izanen da.

e) 2008an garatuko diren programak.

f) Elkartean diru-laguntza zein jardueratarako eskatzen den, jarduera horietan lan egiten duten langileen kontratuak, nominak eta Gizarte Segurantzarekiko kotizazio buletina.

7. oinarria. Diru-laguntza emateko irizpide objektiboak.

Diru-laguntzaren zenbateko osoa elkarte onuradunen artean hainbanatuko da, irizpide hauek kontuan hartuta:

A.-Bazkide kopurua, Elkarteen Erregistroko datuen araberakoa izanen dena, %80 ponderatuko da gehienez.

B.-Elkartearen bulegoetan jendeari arreta egiten emandako benetako denbora (orduak/hilabetea) %20 ponderatuko da gehienez.

8. oinarria. Ebazteko organo eskudunak eta gehieneko epeak.

1. Batzorde batek baloratuko ditu aurkezten diren eskaerak. Batzorde horrek kide hauek izanen ditu:

-Kontsumo Zerbitzuko zuzendaria.

-Kontsumo Ataleko burua.

-Familiaren, Haurraren eta Kontsumoaren zuzendari nagusiak izendatutako teknikari bat.

Organo instruktoreak arlo juridikoko administrazio publikoko teknikari baten laguntza izanen du. Teknikariak bereziki egiaztatuko du eskatzaileek deialdian eskatutako agiriak aurkeztu dituztela eta unitate organiko horrek antolamendurako eta instrukziorako egindako prozedura eta balorazioa deialdiaren araberakoak izan direla; horretarako, dagokion txosten juridikoa igorriko du.

2. Batzorde horrek organo eskudunari ebazpen proposamena igorriko dio, non adieraziko baita onuradunek diru-laguntza lortzeko betebehar guztiak betetzen dituztela.

3. Familiaren, Haurraren eta Kontsumoaren zuzendari nagusiak du deialdia ebazteko eskumena.

4. Gehieneko epea eskaerak aurkezteko epea amaitu eta bi hilabetekoa da. Epe horretan ez bada ebazpen espresurik aurkeztu, eskaera ezetsitzat joko da.

5. Aurkeztutako eskaeraren berariazko edo ustezko ezespenaren aurka interesdunek zilegi izanen dute gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilariari zuzendua, administrazio prozedura erkideari buruzko legeriari jarraikiz.

9. oinarria. Onuradunek bete beharrekoak eta ez-betetzearen ondorioak.

1. Diru-laguntza jasoko duten kontsumitzaile eta erabiltzaileen elkarteek betebehar hauek izanen dituzte:

Kontsumitzaileei eta erabiltzaileei informazio orokorra eta oinarrizkoa ematea beren eskubideez eta eskubide horiek defendatzeko moduaz.

Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuarekin elkarlanean aritzea, kontsumitzaileak eta erabiltzaileak babesteko ekintzetan. Bereziki, argitaratzen duten eta diruz laguntzen diren argitalpen, esku-orri edo argibide guztien hiru ale gutxienez bidali beharko dituzte departamentu horretara.

Emandako diru-laguntzen jarraipena eta kontrola behar bezala egiteko beharrezkotzat jotzen diren datuak, dokumentazioa eta frogagiriak bidaltzea departamentu horretara.

Behar bezala iragartzea laguntza jaso duten programek, jarduerek, inbertsioek edo jarduketek finantzazio publikoa izan dutela.

-Oinarrietan aipatutako frogagiriak Kontsumo Zerbitzura igortzea.

2. Halaber, onuradunek Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako baldintza orokorrak bete beharko dituzte.

Zerga arloko eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharren ordainketan egunean dagoela egiaztatzeko, eskabidean baimena eman beharko zaio departamentuari behar diren datuak kontsulta ditzan, laguntza emateko ebazpenaren proposamena egiten den unean onuradunak betebehar horiek egunean dituela frogatze aldera.

3. Diru-laguntza emateko ebazpenean, oinarriotan edo Diru-laguntzei buruzko Foru Legean ezarritako betebeharrak osorik bete ezik, onartutako diru-laguntza kobratzeko eskubidea galduko da edo diru hori itzuli egin beharko da, foru lege horren 35. artikuluan xedatutakoarekin bat.

Halaber, aurreko betebeharrak hein batean bete ezik, emandako diru-laguntzaren zenbatekoa berriro ere zehaztuko da, proportzionaltasun printzipioari jarraikiz edo, hala badagokio, dagokion zenbatekoa itzuliko.

10. oinarria. Onuradunek eginiko gastuak eta ordainketak justifikatu beharra.

1. Hala gastuak nola ordainketak 2008. urtea bukatu baino lehen egin beharko dira.

2. Gastuen eta haien ordainketen frogagiriak jatorrizkoak edo administrazioak konpultsaturiko fotokopiak izanen dira eta betebehar hauek bete beharko dituzte:

Diru-laguntza zein kontzepturengatik eman zen, haien arabera taldekatuta aurkeztuko dira, bakoitzak bere zenbakia duela. Gainera, kontzeptu bakoitzeko agirien zerrenda bat erantsiko da, non azalduko baitira emandako zenbaki korrelatiboa, hornitzailea, agirian ageri den kontzeptua, diru-zenbatekoa eta ordainketaren eguna.

Gastuak justifikatzeko, fakturak erabiliko dira, baldin eta legeak haiek ematera behartzen badu, baita haien ordainagiriak ere, hala nola gordekinak eta bankuko letrak eta karguak.

Langileen gastuak justifikatzeko, nominak eta Gizarte Segurantzarekiko kotizazio orriak aurkeztuko dira.

Fakturak edo nominak ez diren frogagirietan argi eta garbi azalduko da zer ordaintzen den, hartzailea nor den, IFZ edo IFK barne, dagozkien atxikimendu fiskalak eta, behar baldin bada, BEZa.

11. oinarria. Diru-laguntza justifikatu eta ordaintzeko epeak.

1. Diru-laguntza eskaera eta lehenengo seihilekoko gastuen frogagiriak aztertu eta gero, diru-laguntza eman eta ordaintzeko ebazpena emanen da.

Lehenengo seihilekoko gastuen frogagiriak deialdia Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta hurrengo 15 egun naturaletan aurkeztuko dira. Ekainaren 30a arte (egun hori barne) egindako jardueren memoria eta horien ondoriozko gastuen frogagiriak aurkeztu beharko dira.

2. Bigarren eta azken ordainketa, bigarren seihilekoan egindako gastuena, alegia, aurkeztutako agiriak aztertu ondotik eginen da, eta kontuan hartuko dira lehenengo seihilekoko gehiegizko gastuak.

Bigarren seihilekoko gastuen frogagiriak 2008ko azaroaren 28ko 14:30 baino lehen aurkeztuko dira. Ekitaldi osoan egindako jardueren memoria eta horien ondoriozko gastuen frogagiriak aurkeztu beharko dira.

12. oinarria. Laguntzen bateragarritasuna.

1. Deialdiaren xede den diru-laguntza bateragarria izanen da helburu berarako emandako beste laguntza batzuekin, indarra duen araudiak ezartzen duenarekin bat.

2. Aurrekoa galarazi gabe, bestelako diru-laguntzak jaso ondoren, diru-laguntzak emateko deialdiaren xede diren jarduera eta gastuen kostua gainditzen bada, soberakina Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari itzuli beharko zaio.

13. oinarria. Oinarri arautzaileen aurkako errekurtsoa.

Deialdiaren kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hasita.

14. oinarria. Emandako diru-laguntzen publizitatea.

Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 15. artikuluan xedatutakoarekin bat, Kontsumo Zerbitzuak jendaurrean paratuko ditu emandako diru-laguntzak, eta bertan azalduko dira deialdia, aurrekontuko zein programari eta kredituri egotzi zaizkien, onuraduna, zenbatekoa eta diru-laguntzaren helburua.

15. oinarria. Ordezko araudia.

Deialdi honetan ezarrita ez dagoen guztian Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutakoari jarraituko zaio.

Iragarkiaren kodea: F0810674