92. ALDIZKARIA - 2008ko uztailaren 28a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.4. Dirulaguntzak eta bekak

355/2008 FORU AGINDUA, ekainaren 27koa, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak emana, enpresak kudeatzeko planetarako nekazari kooperatibei laguntzak emateko arauak ezarri eta 2008ko deialdia onesten duena.

Nafarroako Foru Komunitatea, bere foru araubideari esker, eskumen osoaren titularra da nekazaritza eta abeltzaintza gaietan, ekonomiaren antolamendu orokorraren arabera, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 50.1.a) artikuluari jarraikiz.

Halaber, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 56.1.a) artikuluan xedaturikoaren arabera, ekonomia orokorraren arauekin eta haren antolaketarekin bat, Nafarroako Foru Komunitateari dagokio eskumen osoa Nafarroaren barruan jarduera ekonomikoa planifikatu eta garapen ekonomikoa sustatzeko.

Nafarroako Nekazaritzarako Plan Estrategikoa prestatzean eginiko diagnostikoa dela-eta, lehen sektoreko ekoizpena erabateko aldaketak, oso azkarrak, jasaten ari da. Hori dela-eta, sektorea egokitu egin behar da, lehiakortasunari eta eragimenari eutsiko bazaie eta iraunkortasunari eta bizi kalitateari ere bai.

Enpresen esparru guztietan, nekazaritzan gehienbat, nabari da eragile ekonomikoak enpresak kudeatzeko sistema eta tresnez hornitu behar direla, merkatuan lehiakorrak izan ahal daitezen.

Nafarroako Foru Komunitatearendako nekazari kooperatiben bilbearen eginkizunak adierazgarriak dira, bai lehen sektorean, bai landa esparru osoan. Kooperatibak hobetu eta garatzeko eta haien produktuak merkaturatu ahal izateko, kudeaketako, informazioko eta gaurkotze teknologikoko teknika berriak eskuratu behar dira, gehienbat enpresa txiki eta ertainendako, horrelakoxeak baitira gehienak sektore horretan.

Beraz, beharrezkoa da laguntzen eskaintza handitzea eta haietariko batzuk nekazari kooperatibendako laguntza teknikorako eta kudeaketarako planetan erabiltzea. Horrek bide emanen die aurrerapen teknologikoak eskuratzeko, enpresak epe ertainera eta luzera dituen estrategia eta planak zehazteko, merkatuen gaurko eskakizunetarako eta bezeroen eta hornitzaileen arteko harreman sistemetarako egokitu ahal izateko eta, oro har, lehen sektorearen lehiakortasuna handitzeko.

Helburu horiek bat datoz 2006an onetsi zen Nafarroako Nekazaritzarako Plan Estrategikoan aipatzen ziren helburuekin, bereziki "Nekazaritzako egitura eta azpiegiturak" izeneko 1. ardatz estrategikoan, non helburu estrategiko hau izanen baita: "Ustiategien lehiakortasuna hobetzeko zerbitzuak" eta bereziki "Kooperatibismoaren eboluzioari laguntza ematea" izeneko L.4.2. lerroa.

Deialdi honetako laguntzak Europako Batzordeak abenduaren 15ean emandako 1857/2006 EE Erregelamenduaren 15. artikuluan xedatutakoaren araberakoak dira. Erregelamendu hori nekazaritzako produktuak ekoizten dituzten enpresa txiki eta ertainetarako Estatuko laguntzei buruzko EE Tratatuaren 87. eta 88. artikuluak aplikatzeari buruzkoa da, eta 70/2001 EE Erregelamendua aldatu du.

Foru agindu honi Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legea aplikatuko zaio.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluak ematen dizkidan eskumenak erabiliz,

AGINDU DUT:

Artikulu bakarra.-Enpresak kudeatzeko planetarako nekazari kooperatibei laguntzak emateko arauak onestea.

Enpresak kudeatzeko planetarako nekazari kooperatibei laguntzak emateko arauak onesten dira, foru agindu honen eranskinean ageri direnak.

Lehen xedapen gehigarria.-2008. urterako laguntzen deialdia.

Enpresak kudeatzeko planetarako nekazari kooperatibei laguntzak emateko arauak onestea, 2008rako.

Eskabideak aurkezteko epea bi hilabetekoa izanen da, foru agindu honek indarra hartzen duenetik aurrera.

Bigarren xedapen gehigarria.-Aurrekontuetako kredituak.

145.000 euroko gastua baimentzen da, 2008rako gastu aurrekontuko "Auditatu, kontuak eguneratu eta txostenak prestatzeko" izeneko 721000-72210-4700-413100 kontusailetik.

Hirugarren xedapen gehigarria.-Aplikatzeko data.

Laguntza araubidea 1857/2006 EE Erregelamenduan salbuespenerako aipatzen den eskabideko erregistro zenbakia Europako Batzordeko Nekazaritza eta Landa Garapenerako Zuzendaritza Nagusiaren webgunean argitaratzen denetik aurrera aplikatuko da.

Laugarren xedapen gehigarria.-Errekurtsoak.

Deialdi honen aurka gora jotzeko errekurtsoa paratzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Azken xedapen bakarra.-Indarra hartzea.

Foru agindu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2008ko ekainaren 27an.-Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilaria, Begoña Sanzberro Iturriria.

ERANSKINA

Enpresak kudeatzeko planetarako nekazari kooperatibendako laguntzei buruzko arauak

1. artikulua. Xedea eta helburua.

1. Arau hauen xedea enpresak kudeatzeko planetarako eta aldian aldikoak ez diren auditoretzetarako diru-laguntzak arautzea da, nekazari kooperatibendako.

2. Laguntza hauen helburu nagusia nekazari kooperatiben esparruan enpresak kudeatzeko sistema eta tresnak bildu eta erabiltzea da, ingurune tekniko eta ekonomikoaren eskakizun berriekin bat datozenak eta geroan enpresa bideragarri eta iraunkorrak izateko jokabideak zehazteko bide ematen dietenak.

2. artikulua. Onuradunak.

1. Nafarroako Kooperatibei buruzko apirilaren 11ko 14/2006 Foru Legearen 65. artikuluaren arabera definituriko nekazari kooperatibak izaten ahalko dira onuradunak, Nafarroako Foru Komunitatean badihardute.

2. Betiere, entitate onuradunek enpresa txiki edo ertaina izateko baldintzak beteko dituzte, 2001eko urtarrilaren 12ko 70/2001 EE Erregelamenduaren I. eranskinean ezarritakoari jarraikiz. Hura enpresa txiki eta ertainetarako Estatuen laguntzei buruzko EE Tratatuaren 87. eta 88. artikuluak aplikatzeari buruzkoa zen.

3. Krisian dauden enpresen kategorian sartzen ez diren nekazaritza ustiategiei soilik ematen ahalko zaizkie laguntzak.

3. artikulua. Laguntza jaso dezaketen jarduketak.

Auditoretzak eta kudeaketari buruzko txostenak egiteko aholkulari zerbitzuek jasotzen ahalko dute diru-laguntza. Hona hemen kontzeptu batzuk:

-Diagnostikorako auditoretzak eta kudeaketa plan bat prestatu baino lehenagokoak egitea.

-Kudeaketa plan bat prestatzea.

-Enpresa kudeatzeko plana gauzatu eta gero expost auditoretza edo ebaluazioak egitea.

-Kudeaketari buruzko txostenak egitea.

Entitate onuradunek eten gabe edo aldian-aldian egiten dituzten ekintzetarako laguntza teknikoetarako ez da behin ere izanen.

4. artikulua. Diru-laguntza jaso dezaketen gastuak.

1. Entitate onuradunek proposaturiko laguntza teknikoko planetarako gastuek ere jasotzen ahalko dute diru-laguntza, 3. artikuluan aipatzen den helbururako erabiltzen badira.

2. Laguntza teknikoak hirugarren pertsona fisiko edo juridikoei esleitu beharko zaizkie, eginkizun horietarako aski den legezko gaitasuna dutenei.

5. artikulua. Kanpo gelditzen diren gastuak.

1. Ekipo ondasunak erosteko gastuak eta jarduteko gastu hutsak.

2. Eskabideak aurkeztu aitzin eginiko gastuak.

6. artikulua. Diru-laguntzaren zenbatekoa.

Laguntza diru-laguntza jaso dezaketen gastuen %50ekoa izanen da, gehienez ere 3.000 euro entitate onuradun bakoitzarendako. Laguntza zerbitzuetan emanen da eta ezin izanen zaie zuzenean ekoizleei dirutan pagatu.

7. artikulua. Onuradunaren betebeharrak.

Onuradunak honako hauek bete beharko ditu:

1. Ekintzak foru agindu honekin bat burutzea eta bertan eta laguntza emateko ebazpenean aurreikusten diren konpromisoak betetzea.

2. Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuan frogatzea hartutako funtsak diru-laguntza emateko zergatikoa izan zen horretarako erabili dela, ezarritako moduan eta epeetan gauzatu dela inbertsio plana, eta hartutako funtsak erabiltzeko izandako gastuak justifikatzea.

3. Laguntza ongi eman dela eta konpromisoei eutsi zaiela egiaztatzeko behar diren kontrolak onartzea.

4. Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari eskabidea igortzea eta, halakorik bada, helburu bereko beste diru-laguntza publiko batzuk eskatu izanaren berri ematea.

5. Hartutako laguntzaren kobraketa kontabilitatean edo erregistro liburuan jasotzea, indarreko arauen arabera horrelako liburuak izatera behartuta baldin badago.

6. Eginbehar fiskalak eta Gizarte Segurantzarekikoak bete izana.

8. artikulua. Eskabidearekin batera ondoko agiri hauek aurkeztu behar dira.

Ekintza deialdiaren xedeen araberakoa dela frogatzeko, eskabidearekin batera ondoko agiri hauek aurkeztuko dira:

1. Nortasunaren agiria:

a) IFKren kopia.

b) Laguntza hauek eskatzeko erabakia biltzen duen agiria, entitateko lehendakariak edo legeak gaituriko pertsona batek sinatua.

2. Argibide hauek entitate onuradunari buruz:

a) Zer sektoretan diharduen.

b) Negozioaren tamaina.

c) Langileen plantilla, kontratu motaren arabera sailkatua.

3. Argibideak aurreikusten den laguntza teknikoari buruz:

a) Aurreikusten diren gastuen aurrekontua.

b) Hornitzaileak eraginkortasunaren eta ekonomiaren irizpideei jarraikiz hautatu direla frogatzea, edo irizpide horiek aplikatzea galarazten duten arrazoiak, gastuak 12.000 eurotik gorakoak direnean. Horri dagokienez, aurreikusten diren gastuak 12.000 eurotik gorakoak direnean, aholkularitzako edo laguntza teknikoko enpresek emaniko zerbitzuetan, entitate eskatzaileak hornitzaile batzuei eskaturiko eskaintzak aurkeztu beharko ditu. Diru aldetik abantaila gehien eskaintzen dituen enpresa hautatu ezik, horretarako zergatikoak adierazi beharko dira espresuki memorian.

4. Adierazpenak, baimenak eta ziurtagiriak:

a) Erantzukizuneko aitorpena, dioena helburu bererako ez duela bestelako laguntzarik eskatu edo hartu, ez eta eskatuko ere.

b) Onuradun izateko ezarritako edozein debekutan ez dagoela dioen erantzukizuneko aitorpena.

c) Zergak eta Gizarte Segurantzarekiko eginbeharrak egiaztatzeko baimena, hitzez hitz honako hau dioena: "Nik, ..............., nire izenean (edo .......................en izenean) baimena ematen diot Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari, nekazari kooperatibendako enpresak kudeatzeko planetarako laguntzen deialdiak tramitatzeko prozeduran, nik (edo ordezten dudan entitateak) zerga guztiak eta Gizarte Segurantzarekiko eginbehar guztiak eguneratuak ditudala egiaztatzeko".

9. artikulua. Eskabideak aurkezteko epea.

1. Eskabideak aurkezteko epea hiru hilabetekoa izanen da, urtean urteko deialdia argitaratzen denetik hasita.

2. Eskabideak Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentura igorriko dira eta Departamentuko Erregistroan aurkeztu beharko dira. Halaber, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38. artikuluan ezarritako tokietako edozeinetan aurkez daitezke.

3. Eskabidea horretarako ezarritako ereduan aurkeztuko da. Eredu hori Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Erregistroan eta Nafarroako Gobernuaren www.navarra.es webguneko atariko zerbitzuen katalogoan eskuratzen ahal da. Harekin batera, 7. artikuluan aipatzen diren agiriak aurkeztu beharko dira.

10. artikulua. Diru-laguntza ordaintzeko modua.

1. Foru agindu honek arautzen dituen laguntzak norgehiagoka emanen dira.

2. Onuradun guztiei finantziazioa ematea interesagarria denez, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 17. artikuluarekin bat, onarturiko eskabide guztiak aurreikusten zen zenbatekoaz finantzatzeko adina diru ez bada aurrekontuetan, hasiera batean onartu ziren laguntzak hein berean gutxituko dira, aurrekontuetako diruarekin bat etorri arte.

11. artikulua. Ebaluazio organoa.

Nekazaritzako Elikagai Industrien eta Nekazaritzako Ustiategien Zerbitzuak ebaluatuko ditu eskabideak.

12. artikulua. Deialdiaren antolamendua, prozedura eta ebazpena.

1. Eskabidea harturik, 8. artikuluan aipatzen diren agiri guztiak aurkeztu dituen egiaztatuko da. Eskatutako agiri guztiak aurkezten ez baditu, interesdunari eskatuko zaio hamabost egun naturaleko epean ekar ditzala, eta ohartaraziko, hala egin ezean, eskabidea bertan behera uzten duela ulertuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena eman eta halaxe jakinaraziko zaiola.

2. Agiri guztiak bildu ondoren, egiaztatuko da betebehar guztiak betetzen dituzten. Horretarako, bidezko diren kontrolak egiten ahalko dira.

3. Eskabideak ebaluatu ondoren, Nekazaritzako Elikagai Industrien eta Nekazaritzako Ustiategien Zerbitzuak diru-laguntza emateko ebazpena proposatuko du.

4. Landa Garapenerako zuzendari nagusiak ebazpen bat emanen du diru-laguntzei buruz, arrazoi eta guzti, eta espresuki adieraziko ditu ezetsi diren eskabideak.

5. Prozeduraren gainean ebazteko epea sei hilabetekoa izanen da, eskabideak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita. Epea espresuki ebazpenik gabe bukatzen bada, ezetsitzat jotzen ahalko da eskabidea, administrazioaren isiltasunagatik.

13. artikulua. Diru-laguntzaren helburua lortu dela eta harturiko dirua erabili dela frogatzeko epea eta modua.

1. Diru-laguntzaren xede diren jarduketak bukatu ondoren, betiere hura eman den ekitaldiko abenduaren 1a baino lehen, onuradunak ondoko agiriak aurkeztuko ditu.

a) Laguntza teknikoko aholku-emailearen ziurtagiria, laguntza hori egiazki eman eta eskabidean aurreikusten denarekin bat datorrela frogatzen duena.

b) Izandako gastuen fakturak, diru-laguntza eskatzeko aurkeztutako aurrekontuko epigrafeen arabera antolatuak, BEZik gabeko prezio garbia zehaztuta.

c) Transferentzia bidez kobratzeko eskabidea, laguntza teknikoa ematen duen hirugarrenak aurkeztua.

2. Nekazaritzako Elikagai Industrien eta Nekazaritzako Ustiategien Zerbitzuak agiri guztiak miatuko ditu eta onetsiko ditu aurkezturiko gastuak, frogagirien balioa eta beste agirien askitasuna. Halaber, aipatutako zerbitzuak egiaztagiri osagarriak eskatzen ahalko ditu, egoki baderitzo, aurkeztutako agiriak zehaztu, argitu edo osatzeko asmoz.

14. artikulua. Ordaintzeko modua eta epeak.

1. Laguntzak ematen diren urte berean pagatuko dira, ordainketa bakarrean, egoki diren egiaztapenak egiteko behar diren frogagiriak aurkeztu eta gero.

2. Pagatu beharreko zenbatekoa ezarririko laguntza portzentajea laguntza jaso dezaketen egiazko gastuei aplikaturik aterako da. Hasiera batez onartu zena izanen da gehieneko kopurua.

3. Ordainketa hori ordaintzaile alternatiboa den aldetik laguntza teknikoa ematen duen hirugarrenari pagatuko zaio zuzenean.

15. artikulua. Laguntzen bateragarritasuna.

Ekintza beretarako, foru agindu honen bidez arautzen diren laguntzak bateraezinak dira legez ezarririko beste edozeinekin, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak otsailaren 27an emaniko 77/2008 Foru Aginduan aurreikusten direnekin koordinatuko dira, behar diren bateraezintasunak ezarri dira eta. Foru agindu horren bidez kooperatibak elkarganatzeko prozesuak nekazaritza kooperatibak berregituratzeko esparruan bultzatzeko 2008ko deialdia onetsi zen.

16. artikulua. Onuradunen eginbeharrak publizitateari dagokionez.

Laguntzen onuradunek entitatearen egoitzan plakak edo panelak paratuz egin beharko dute laguntzen publizitatea.

17. artikulua. Ezarririko baldintzak ez betetzearen ondorioak.

1. Arau hauetan ezarritako baldintzak eta onuradunak bete beharreko gainerako guztiak betetzen ez badira, laguntza guztiak edo horien parte bat galdu eta oker jasotako dirua itzuli egin beharko da, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Legean ezarritako moduan, eta zehapenak ere sortzen ahal dira horren ondorioz.

2. Onuradunak, enpresa txiki edo ertaina izateari utziz gero, laguntza osorik itzuli beharko du, legez dagozkion interesak barne; lau urteko epea diru-laguntza ordaintzen den egunean hasiko da.

18. artikulua. Emandako diru-laguntzak argitaratzea.

Arau honetako laguntzak hartzen dituztenen zerrenda Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko iragarki oholean argitaratuko da, Iruñeko Tutera kaleko 20an.

Iragarkiaren kodea: F0810653