8. ALDIZKARIA - 2008ko urtarrilaren 18a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. ORDENANTZAK ETA BESTELAKO XEDAPEN OROKORRAK

AURITZ

Ordenantza. Behin betiko onespena

Aurizko Udalak, 2007ko abuztuaren 9an egin osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Auritzen Batzarre erakundea biziberritzeko eta haren funtzionamendua arautzeko ordenantza.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluari jarraikiz, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatu baitzuen, eta jendaurrean egoteko epea inork alegaziorik aurkeztu gabe iraganik, 2007ko abenduaren 13ko osoko bilkuran hartutako erabakiaren bidez Udalak behin betiko onetsi du ordenantza hori eta, beraz, osorik argitaratuko da, behar diren ondorioak izan ditzan.

Auritzen, 2007ko abenduaren 20an.-Alkatea, José Irigaray Gil.

I. ERANSKINA

Auritzen Batzarre erakundea biziberritzeko eta haren funtzionamendua arautzeko ordenantza

Atarikoa

Antzinako garaietatik XX. mendean bete-betean sartu arte Batzarrea herriko gobernurako erakunde garrantzitsua izan da. Udal bilkuretako akten liburuetan ageri denez, Udalbatzaren bilkurak (zinegotziak, alkatea eta sindikoak) eta Batzarrearen bilkurak bereizten ziren.

Herritarrek Udalaren kudeaketan parte hartzeko bitarteko nagusia Batzarrea zen.

Gaur egun, dituen berezitasun administratiboengatik, parte hartzeko modu hori Aezkoan eta Baztanen bakarrik erabiltzen da, eta udalek beren ordenantzetan jasorik dute. Halaber, esan genezake kontzeju eta udal irekiek ere badutela figura hori.

Herritarrek udal bizitzari ematen dioten arreta areagotu beharra dago. Herritarrak ikusle hutsak diren gizarte mota baztertu nahi dugu, non herritarrek lau urtean behin botoa eman besterik ez duten egiten eta botereari esku luzea ematen zaion, erabiltzen dituen gaiak gizartearen kontrolpean jarri gabe. Antzina-antzinatik gurea dugun erakunde hori biziberrituz demokrazia esku-hartzaile, malgu eta egiazkoa lortuko delakoan, ordenantza hau egin eta onetsi da, erakundea egungo garaietara egokituz.

LEHEN TITULUA

Batzarre motak

1. artikulua. Batzarreak bi motatakoak izanen dira:

a) Informazio batzarreak: deialdian zehazten diren kontu, aurrekontu edo proiektuen berri emanen da.

b) Aholku batzarreak: parte-hartzaileei gai jakinen gaineko iritzia azaltzeko eskatuko zaie. Bozketen emaitzak aholku gisa hartuko dira eta ez dira inoiz lotesleak izanen Udalak hartu behar dituen erabakietarako.

2. artikulua. Batzarreak ez ditu inola ere bereganatuko indarra duen legeriak Udalari ematen dizkion eskubideak, betebeharrak, eginkizunak eta eskumenak.

BIGARREN TITULUA

Batzarrerako deiak

3. artikulua. Aurizko alkateari edo hura legez ordezkatzen duen pertsonari dagokio Batzarrerako deia egitea.

4. artikulua. Alkateak edo haren ordezkoak Batzarrerako deia egin behar du, gutxienez 48 ordu lehenago eta aztergaien zerrenda eran- tsita, Udaleko kideen gehiengo soilak hala eskatuz gero.

5. artikulua. Alkateak Batzarrerako deia egin behar du erroldatutako biztanleen %20k edo gehiagok hala eskatuz gero, 20 egun igaro baino lehen, eta eskatzaileek proposaturiko aztergaien zerrenda jarriko du.

6. artikulua. Deialdia udalerriko etxe guztietara banatuko da eta Udaletxeko iragarki oholean jarriko da.

7. artikulua. Batzarrerako deialdiko aztergaien zerrendan inoiz ez da kontu pertsonalik jasoko. Aurizko erkidego osoari eragiten dioten gaiak eztabaidatuko dira bakar-bakarrik. Horrela erakundearen garbitasunari eutsi nahi zaio.

HIRUGARREN TITULUA

Batzarrearen maiztasuna

8. artikulua. Batzarrea urtean behin eginen da gutxienez, aurreko urteko kontuak azaldu eta aurrekontuak aurkezteko. Informazio batzarrea izanen da berariaz. Bi gai horiei buruzko alegazioak indarra duen legerian ezarritako bide arruntetatik egin ahalko dira.

LAUGARREN TITULUA

Nortzuek osatzen duten Batzarrea eta nola erabiltzen den eskubidea

9. artikulua. Udalerrian erroldaturik dauden adin nagusiko bizilagunek osatuko dute Batzarrea.

10. artikulua. Norberak joan behar du Batzarrera eta ezin da ordezkorik bidali. Botoa Batzarrean bertan emanen da, inoiz ez da postaz bidaliko. Bozketa eskua jasoz egin daiteke edo sekretua izan daiteke, lehendakariak egoki deritzona.

BOSGARREN TITULUA

Batzarrea egitea

11. artikulua. Batzarrea deialdi bakarrean eginen da, deialdi ofizialean ezarritako orduan.

12. artikulua. Batzarrea Aurizko Udaletxean eginen da, edo bestela lehendakariak adierazten duen leku publikoan. Aurizko alkatea edo haren ordezkoa izanen da buru.

SEIGARREN TITULUA

Batzarreko lehendakariaren eginkizunak

13. artikulua. Alkatea edo hura legez ordezkatzen duen pertsona izanen da Batzarreko lehendakaria.

14. artikulua. Ondokoak dira lehendakariaren eginkizunak:

-Aztergaien zerrendako puntuak aurkeztea.

-Bizilagunei hitza ematea modu ordenatuan.

-Bozketak zuzentzea, behar denean.

ZAZPIGARREN TITULUA

Bozketak

15. artikulua. Betiere bozketak eskua jasoz eginen dira, lehendakariak zehazten duen moduan. Lehendakariak egokitzat jotzen badu, bozketa sekretua izanen da.

16. artikulua. Bozketa eskua jasoz egiten denean, parte-hartzaile guztiek beren botoaren zentzua aktan agerrarazteko eskubidea izanen dute.

ZORTZIGARREN TITULUA

Aktak eta Batzarreen Liburua

17. artikulua. Lehendakariak izendatzen duen pertsonak eginen ditu batzarreetako aktak. Udaleko idazkariak eginkizun hori bete dezake.

18. artikulua. Batzarrearen amaieran akta irakurriko da, zuzenketak proposatu ahal izan daitezen, eta jarraian onetsiko da.

19. artikulua. Aktak Udalaren zigilua duten orrietara transkribatuko dira eta orriei zenbaki bana jarrita akten liburua osatuko da. Liburu hori Udaletxean gordeko da. Aktak Aurizko Udalaren orri ofizialetan idatziko dira, lehendakariak eta idazkariak sinatuko dituzte eta Udalaren zigilua jarriko zaie.

20. artikulua. Aktetan ondokoak jasoko dira gutxienez:

-Parte-hartzaile guztien izenak.

-Emandako informazioa.

-Parte-hartzaileek azaldutako iritziak.

-Bozketen emaitza, eta botoaren zentzua, parte-hartzaileren batek hori agerrarazi nahi badu.

21. artikulua. Aktak jendaurrekoak izanen dira uneoro, eta haiek egin ondoren kopia bana emanen zaie Batzarrean izan direnei.

22. artikulua. Akta hobeki egiteko, idazkariak grabagailua edo egokitzat jotzen dituen baliabideak erabili ahal izanen ditu. Parte-hartzaileek ere Batzarrearen bilkura grabatu ahal izanen dute.

Xedapen iragankorra.-Ordenantza honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iragarkiaren kodea: L0719758