7. ALDIZKARIA - 2008ko urtarrilaren 16a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.4. Dirulaguntzak eta bekak

297/2007 FORU AGINDUA, abenduaren 10ekoa, Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilariak emana, 2008. urtean garapenerako lankidetzaren barrenean gizarte sentsibilizazio ekintzak egiteko dirulaguntzetarako deialdia egiten duena.

Nafarroako Parlamentuak, gure Foru Komunitatearen kontzientzia sozialaz jabetuta, herri eta herrialde pobretuen giza garapen iraunkorrari laguntzeko asmoz, funtsak eman izan ditu, Garapenerako Laguntza Ofizial gisa.

Garapenaren aldeko Lankidetzari buruzko martxoaren 9ko 5/2001 Foru Legeak nazioarteko lankidetzaren arauak, helburuak eta bitartekoak finkatzen ditu, besteak beste. Partikularzki, 14. artikuluak xedatzen du besteak beste funts publikoak erabiliko direla garapenerako lankidetzarako ekintzak sustatzeko. Halaber, 7.2 artikuluan adierazten du Nafarroako administrazio publikoek garapenaren aldeko lankidetzarako egiten dituzten programetan gizarte sentsibilizazio eta garapenarako hezkuntza ekintzak sartuko dituztela, zuzenean edo garapenaren aldeko gobernuz kanpoko erakundeekin lankidetzan burutuko direnak.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak dirulaguntza publiko guztiak arautzen ditu eta bertan ezartzen dira printzipio orokorrak, kontzeptuak, irizpideak, eskumenak, eginbeharrak eta erantzukizunak, eta dirulaguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko bidea.

Horrenbestez, beharrezkoa da Nafarroako gizartea garapenerako lankidetzaren arloan sentsibilizatzeko ekintzak egiteko dirulaguntzei buruzko arauak ezarri eta urtean urteko deialdi baten bidez argitaratzea, dirulaguntza horietan publizitatearen, gardentasunaren, konkurrentziaren, objektibotasunaren, berdintasunaren, bereizkeriarik ezaren eta kontrolaren printzipioak bermatzeko, baita Administrazio emaileak finkatutako helburuak lortzeko efikazia eta baliabide publikoak esleitu eta erabiltzeko eraginkortasuna ere.

Horrenbestez, eta Nafarroako Gobernuari eta lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluak ematen dizkidan eskumenak erabiliz,

AGINDU DUT:

Lehena.-2008. urtean garapenerako lankidetzaren barrenean gizarte sentsibilizazio ekintzak egiteko dirulaguntzetarako deialdiko arauak onestea. Foru agindu honen eranskinean ageri dira.

Bigarrena.-500.000 euroko gastua baimentzea, 2008ko gastuen aurrekontuko "Garapenerako Nazioarteko Lankidetza" izeneko 900000 91200 4819 143102 kontusailaren kargura, horretarako baldintza izanik bertan dirua izatea.

Hirugarrena.-Foru agindu hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2007ko abenduaren 10ean.-Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilaria, María Isabel García Malo.

ERANSKINA

2008. urtean garapenerako lankidetzaren barrenean gizarte sentsibilizazio ekintzak egiteko dirulaguntzetarako deialdiaren arauak

Lehenengoa.-Xedea eta helburua.

Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuak dirulaguntzetarako dei egin du 2008rako, Nafarroako garapenerako gobernuz kanpoko erakundeekin batera gizarte sentsibilizazio ekintzak finantzatzeko, horrela garapen bidean dauden herrien arazoak hobeki ulertzeko. Nafarroako erakundeek proposatzen dituzten ekintzak formatu hauen bidez gauzatzen ahalko dira, besteak beste: dibulgazio kanpainak, informazio zerbitzuak, bidezko merkataritzaren eta ardurazko kontsumoaren aldeko ekimenak garapen bidean dauden herrietatik datozen produktuak babesteko, erakusketak edo material didaktikoaren prestaketa. Prestakuntza ekintza arautuak eta arautugabeak eta hezkuntzarako besterik ez diren proiektuak bazter utziko dira espresuki.

Bigarrena.-Aurrekontua.

Deialdi honetarako zenbatekoa 500.000 eurokoa da, Nafarroako 2008ko aurrekontu orokorreko "Garapenerako nazioarteko lankidetza" izeneko kontusailaren kargura, baldintza izanik bertan dirua izatea.

Hirugarrena.-Garapenerako gobernuz kanpoko erakundeen betekizunak.

Deialdi honen xede diren dirulaguntzak hartu ahal izateko Garapenerako Gobernuz Kanpoko Erakundeek beharkizun hauek bete beharko dituzte:

a) Pertsona juridiko pribatuak izatea eta legez osatuak. Gainera, bi GGKE edo gehigoren elkarteek ere hartzen ahalko dute parte, berez nortasun juridikoa edukita edo ez, eta onuradunak izaten ahalko dira, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeko 8. artikuluko 2. eta 3. idatz-zatietan xedatutakoarekin bat.

Gainera, bi GGKE edo gehigoren elkarteek ere hartzen ahalko dute parte, berez nortasun juridikoa edukita edo ez, eta onuradunak izaten ahalko dira, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeko 8. artikuluko 2. eta 3. idatz-zatietan xedatutakoarekin bat.

b) Eskaerak aurkezteko epea bukatzen denean, Nazioarteko Lankidetzarako Agentzia Espainiarraren Garapenerako Gobernuz Kanpoko Erregistroan inskribatuak izatea.

c) Irabazi asmorik ez edukitzea.

d) Estatutuetan egotea, erakundearen xede gisa, garapenerako lankidetzarekin eta herrien arteko elkartasunarekin ikustekoa duten jarduerak egitea.

e) Egoitza edo ordezkaritza iraunkorra Nafarroako Foru Komunitatean izatea. Oinarri honetako b) atalak aipatzen duen erregistroko inskripzioaren bidez frogatu beharko da hori.

f) Helburuak bete ahal izateko egitura egokia izatea eta proposatutako helburuak lortzeko behar den esperientzia eta gaitasun operatiboa frogatzea.

g) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeko 13. artikuluko 2. idatz-zatian aipatutako egoeraren batean dauden entitateak ezin izanen dira deialdi honen xede diren laguntzen onuradun izan.

h) GGKE taldeak izanez gero, elkarteko entitate bakoitzak bete beharko ditu betebehar guztiak.

Laugarrena.-Garapenerako lankidetzaren arloan gizartea sentsibilizatzeko ekintzek bete beharrekoak.

Dirulaguntzen onuradun izan ahal izateko, GGKEek aurkezten dituzten gizartea sentsibilizatzeko ekintzek honako beharkizun hauek bete beharko dituzte:

a) Deialdi honetako 1. oinarriko xede eta helburuei eta Garapenaren aldeko Lankidetzari buruzko martxoaren 9ko 5/2001 Foru Legearen 2., 3. eta 7. artikuluei lotzea.

b) Finantzaketaren %20, gutxienez, erakundeen funtsetatik aterako da, beste administrazio publikoetatik -Nafarroako Gobernuaren beste departamentuak eta erakunde autonomoak kenduta- edo beste entitate batzuetatik.

c) Emandako dirulaguntzen zenbatekoak ez du sekula gaindituko, bakarrik edo beste erakunde edo entitate pribatu zein publikoen laguntzekin batuta, egin beharreko sentsibilizazio ekintzaren kostua.

d) Gehienez ere 25.000 euro eskatzen ahalko dira, edo GGKE elkarteen kasuan, 50.000 euro.

e) Sentsibilizazio ekintzak 2008. urtean egin beharko dira.

Bosgarrena.-Eskaerak aurkezteko tokia eta egunak.

1. GGKEek 30 egun naturaleko epea izanen dute eskaerak aurkezteko, deialdi hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.

2. Eskaerak Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorrera igorriko dira, edo Gizarte Gaien eta Garapenerako Lankidetzaren Zuzendaritza Nagusian (Yanguas y Miranda kalea, 27, behea, 31003, Iruña) edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legean ezarritako tokietan. Eskaera posta bulegoen bidez bidaltzen badira, kartazala zabalik aurkeztu beharko da, posta-funtzionarioak, ziurtatu baino lehen, eguna eta zigilua jar diezazkion eskaerari.

Seigarrena.-Aurkeztu beharreko agiriak.

Deialdian parte hartu nahi duten GGKEek Nafarroako Gobernuaren eskabide orokorraren bidez eskatuko dute parte-hartzea eta, eskabidearekin batera, ondoko dokumentazioa aurkeztu beharko dute (agiri motak bereizteko egindako 2 multzoetatik bakoitzari dagokiona karpeta edo gutunazal batean):

a) Dirulaguntza eskatzen duen GGKEaren gaineko dokumentazioa, jatorrizkoa edo fotokopia konpultsatuak (dagoeneko Foru Komunitatearen eskuetan ez badago edo dokumentazioaren edukia aldatu bada).

a.1) Nazioarteko Lankidetzarako Agentzia Espainiarraren GGKEen Erregistroan egin den inskripzioaren ziurtagiria, eta bereziki adierazirik Nafarroako Foru Komunitatearen lurraldean ordezkaritza ireki dela.

a.2) Identifikazio Fiskaleko Txartela.

a.3) Transferentzia bidez ordaintzeko eskaera, aurreko dirulaguntzak sartzeko bankuko kontua aldatu bada.

a.4) Bi ekintza edo gehiagotarako dirulaguntza eskatzen bada, aurreko ataletako dokumentazioa eskaeretako bakar batean aurkeztuko da.

a.5) Eskaera GGKEen batasun batena izanez gero, agiri hauek aurkeztu beharko dira:

a.5.1) GGKEen batasuna osatzea. Batasunak berezko nortasun juridikorik ez badu, osaerako agirian onuraduna den aldetik dagozkion eginbeharrak egiteko adina gaitasun duen ahaldun edo ordezkariaren izenak agertu beharko du espresuki eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean preskribatzeko aipatzen den epea bukatu arte ez desegiteko konpromisoak ere bai.

a.5.2) Talde edo elkartea osatzen duen GGKE bakoitzaren eginkizunak adieraziko dituen agiria, non elkartearen izenean eta horren kontu gizarte sentsibilizazio ekintza burutzeko konpromisoa hartuko baitu. Haietariko bakoitzari dagokion dirulaguntzaren zenbatekoa ere azalduko da.

a.6. Hirugarren oinarriko i) atalaren arabera onuradun izateko egoeretan ez dagoela dioen erantzukizunpeko adierazpena.

b) Gizartea sentsibilizatzeko ekintzaren gaineko dokumentazioa:

b.1) Sentsibilizatzeko ekintzaren memoria, inprimaki ofizialean eta euskarri informatikoan.

b.2) Agiri grafiko, tekniko eta ekonomikoak (proforma fakturak, aurrekontu profesionalak, lurren peritazioa eta abar), eta mikroekintzaren ezaugarriez ongi jabetzeko eskaini nahi diren bestelako agiriak.

b.3) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako langileek sentsibilizazio ekintzako zikloaren edozein fasetan zuzenean edo zeharka parte hartuz gero, langile horien izen-deituren zerrenda, denboraldia eta sentsibilizazio ekintzarako egin beharreko eginkizunak aurkeztu beharko dira; horrekin batera, pertsona horietako bakoitzaren erantzukizunpeko aitorpena, beren lana mikroekintzaren esparruko zereginekin bateraezina ez dela dioena.

b.4) Eskatzailearen adierazpena, non esanen baitu konpromisoa hartzen duela sentsibilizazio ekintzaren kostuaren eta eskatutako dirulaguntzaren arteko aldea berak zuzenean edo hirugarren pertsonen bidez jarriko duela.

Zazpigarrena.-Instrukzioa.

1. Gizarte Gaien eta Garapenerako Lankidetzaren Zuzendaritza Nagusiak tramitatuko ditu eskaerak. Garapenerako Nazioarteko Lankidetza Zerbitzua izendatuko da organo instruktore. Horrexek egiaztatuko du dirulaguntzak hartzeko betebeharrak betetzen direla, eta eskabideak ofizioz baloratuko ditu, arau hauen arabera.

2. Eskaerak identifikazio datuak biltzen ez baditu, eskaturiko dirulaguntzarenak, entitate eskatzailearenak edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legeko 70. artikuluan aipatzen direnenak, interesdunari eskatuko zaio, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeko 19,3 artikuluarekin bat, hamar egun balioduneko epean, hutsegiteak zuzendu edo aginduzko agiriak aurkeztu ditzala. Aditzera emanen zaio, horrela egin ezik, eskaera bertan behera utzi duela ulertuko dela, espedientea artxibatzeko ebazpena eman ondoren.

Zortzigarrena.-Eskaeren balorazioa eta dirulaguntzaren zenbatekoa nola finkatuko den.

1. Eskaerak 0 puntutik 100 puntura bitarte baloratuko dira, irizpide objektibo hauek eta horien ponderazioa kontuan hartuz:

a) Gaitasun instituzionala (%20): Erakunde eskatzailearen oinarri soziala (10 puntu arte) eta gaitasun operatiboa (10 puntu arte) baloratu nahi dira. GGKE batasunak izanez gero, hori dena batasun osoarendako baloratuko da eta batasuna bi GGKEk osatzen badute 1,2rekin biderkatuko da eta 1,4rekin gainerako kasuetan.

b) Ekintzaren kalitate teknikoa (%50): Sentsibilizazio ekintzaren osagai teknikoak baloratuko dira. Hona hemen baremoa:

b.1) Ekintzaren barne koherentzia (20 puntu bitarte): Oinarria (5 puntu bitarte), helburu eta jardueren arteko koherentzia (5 puntu bitarte) eta jardueren zehaztasuna (5 puntu bitarte).

b.2) Aurrekontua (10 puntu bitarte): Gastuaren koherentzia edo eraginkortasuna (5 puntu bitarte), gastuaren beharra (5 puntu bitarte).

b.3) Metodologia eta ekintzaren xede diren biztanleak (20 puntu abitrte): gizartearen partaidetza eta lankidetza mekanismoak (5 puntu bitarte); metodo didaktikoak eta berrikuntza (10 puntu bitarte) eta herritar onuradunak (5 puntu bitarte).

c) I. Plan Zuzentzaileko zeharkako ildoekiko egokitasuna (%30): Sentsibilizazio ekintzak hauetako bakoitzaren aski elementu dituela egiaztatuko da: pobrezia errotik erauztea (6 puntu bitarte), genero berdintasuna bultzatzea (6 puntu bitarte), ingurumenaren iraunkortasuna bermatzea (6 puntu bitarte), giza eskubideak babestea, demokratizazioa eta nortasun kulturala errespetatzea (6 puntu bitarte) eta gizartea antolatzeko gaitasuna sortzea (6 puntu bitarte).

2. Dirulaguntzarako eskaera onartzeko, sentsibilizazio ekintzak gutxienez ere 50 puntu lortu beharko ditu guztira, eta horietatik 10 gutxienez Plan Zuzentzaileko zeharkako ildoekiko egokitasun irizpideei lotutakoak izanen dira.

3. Dirulaguntza lortzen den puntuazioaren arabera eta helburu horretarako bideratzen den aurrekontuaren arabera emanen da.

Aurreikusitako diru-kontsignazioa gainditzen baldin bada, dirulaguntza kalkulatzeko tarte proportzional hauek finkatuko dira, eskatutako laguntzatik abiatuta eta erdietsitako puntuazioen arabera: 50,00 eta 64,99 puntuen artean eskatutakoaren %70a, 65,00 eta 79,99 puntuen artean eskatutakoaren %85, 80,00 puntu edo gehiago, eskatutakoa.

Ehunekoen tarteak ezartzearen ondorio diren kopuruak, zenbatekoaren osokoen zatira borobilduz ezarriko dira, zenbaki hamartarrik gabe,

Bederatzigarrena.-Alegazioen tramitea.

1. Organo instruktoreak txosten-proposamenaren aurretik interesatuei entzuteko tramitea egin daiteke, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 84. artikuluari jarraikiz.

2. Proposatutako dirulaguntzaren zenbatekoa aurkeztutako eskaeran ageri dena baino txikiagoa baldin bada, organo instruktoreak eskaera berregiteko eskatzen ahalko du, xedea eta ezaugarriak errespetaturik, konpromisoak eta baldintzak emanen zaion dirulaguntzari egokitzeko. Aldaketaren aurrekontua ez da txikiagoa izanen proposaturiko dirulaguntzaren zenbatekoaren eta hasiera batean baldintza antzekoetan aurreikusiriko kofinantzaketaren batua baino.

Hamargarrena.-Ebazteko epea.

1. Gizarte Gaien eta Garapenerako Lankidetzaren zuzendari nagusiari dagokio aurkezten diren eskaeren gainean ebaztea, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen bidez eta Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen irailaren 3ko 125/2007 Foru Dekretuari jarraikiz emandako ahalmenez baliatuz.

2. Deialdiaren gaineko ebazpenean dirulaguntzak hartzen dituzten eskatzaileak, dirulaguntzen helburua, zenbatekoa, pagatzeko modua eta justifikatzeko modua eta epea agertuko dira eta beste eskaerak ezesteko zergatikoak ere bai, Dirulaguntzei buruzko arazoaren 9ko 11/2005 Foru Legeko 21. artikuluan xedatu bezala.

3. Eskaerak ukatutzat joko dira, aurkezteko epea bete eta handik sei hilabetera ebazpen espresurik eman ez bada.

Hamaikagarrena.-Jakinarazpena.

Deialdiaren gaineko ebazpena banan-banan eta Nafarroako Atarian argitaratuz jakinaraziko zaie interesdunei.

Hamabigarrena.-Dirulaguntzaren aurrerakinak.

Ekonomia eta Ogasun Departamentuak propio baimenduz gero, dirulaguntzak emateko ebazpenean dirua aurretik ordaintzeko agintzen ahalko da.

Hamahirugarrena.-Dirulaguntzen justifikazioa.

1. 2009ko martxoaren 31 baino lehen, onuradunek azken txosten tekniko eta ekonomikoa aurkeztuko dutesentsibilizazio ekintzaren betetze mailaz, inprimaki ofizialean eta euskarri informatikoan. Garapenerako Nazioarteko Lankidetza Zerbitzuan eskuratzen ahalko da, Yanguas y Miranda kaleko 27ko behean.

2. Azken txostena justifikazio kontu baten gisakoa izanen da, eta osagai hauek izanen ditu:

a) Kontuan ageri diren datu guztiak egiazkoak direla dioen erantzukizunpeko aitorpena, entitate onuradunaren legezko ordezkariak sinatua.

b) Sentsibilizazio ekintzaren gauzatzeari buruzko txosten teknikoa, eredu ofizialaren araberakoa.

c) Sentsibilizazio ekintzako dirusarreren eta gastuen balantzea.

d) Gastu guztien zerrendak, jardueren, gastu motaren eta finantziazioaren iturriaren arabera sailkatuak. Gastu bakoitzean honako kontu hauek agertuko dira: zerrendako agiri zenbakia, egiaztagiri zenbakia, eman zeneko eguna, igorlearen izena eta helbidea eta haren identifikazio fiskalerako zenbakia edo antzekoa, kontzeptua, egiaztagiriko testua (luzea izanez gero, laburtzen ahalko dena), pagatzeko modua, pagatu deneko diru mota eta zenbatekoa eurotan.

e) Beste edozein dokumentazio grafiko edo idatzi, borondatez eman nahi dena, diruz lagundutako sentsibilizazio ekintzaren exekuzioaren edo bilakaera onaren berri emateko.

3. Aurkezten diren gastu guztien egiaztagiriak eduki beharko dira.

Egiaztagiri horiek fakturak edo merkataritzako trafikoan edo arlo juridikoan froga gisa erabil daitezkeen balio bereko bestelako agiriak izan daitezke, baina, betiere, zerrendan agertzen diren datuak bildu beharko dituzte.

Egiaztagiriak jatorrizkoak edo fotokopia konpultsatuak izanen dira, eta ordainketa egin izana frogatu beharko dute.

Hamalaugarrena.-Diruz laguntzen ahal diren gastuak.

1. Dirulaguntzen xede izan daitezkeen gastuak kontusail hauetakoak izan daitezke:

a) Zuzeneko gastuak:

a.1) Ondasun higiezinak alokatzea.

a.2) Ekipoak, materialak eta hornidurak.

a.3) Langileen gastuak.

a.4) Bidaiak, ostatu-hartzea eta dietak.

b) Zeharkako gastuak.

Sentsibilizazio ekintzaren zeharkako kostuengatik dirulaguntzari %10eko edo hortik beherako zenbatekoa aplikatzen ahalko zaio. Zeharkako gastuak GGKE eskatzaileak dituen gastu administratiboak dira, alegia: langile, lokal eta bulegoko materialen gastuak eta bestelako gastu arruntak.

Gastuak frogatzeko, hamahirugarren arauan ezarritakoari jarraikiko zaio, frogatzeko zail diren gastuak izan ezik. Hala gertatuz gero, GGKE onuradunaren legezko ordezkariak gastu horien gaineko ziurtagiria egin beharko du. Ziurtagirian zenbatekoa, gastu motaren erreferentzia, diruz lagundutako sentsibilizazio ekintzarekiko lotura eta arau orokorren arabera ezin justifikatu izan dena agertuko da.. Gainera, gastuaren egiaztagiriak aurkeztuko dira: fakturak, kontabilitatearen egoera-orri auditatuak edo gastua egiazki burutu dela frogatzen duten bestelako agiriak. Ziurtagiri horren bitartez justifikatuko den diru kopuruak ez du zeharkako gastuen %30 edo dirulaguntzaren %3 gaindituko.

2. Dirulaguntzen xede diren gastuak ekipo ondasunak erosteko edo aholkularitza edo laguntzako enpresek zerbitzuak emateko erabiltzen direnean, 12.000 eurotik goitikoak izanez gero eta Europar Batasunaren barruan kontratatuz gero, txosten gehigarri bat aurkeztuko da hornitzaileak hautatzeko prozedurari eta irizpideei buruzkoa, gutxienez haietako hiruri eskatutako aurrekontuekin batera.

3. Gastu finantzarioak, notarioenak eta erregistrokoak eta bankuaren bermearenak dirulaguntzaren xede izaten ahalko dira jarduerari zuzenean lotuak badaude eta hura prestatu edo burutzeko ezinbestekoak badira.

4. Nafarroako Gobernuaren dirulaguntzaren etekin finantzarioak dirulaguntzaren zenbatekoari gehituko zaizkio eta dirulaguntzaren xede den jarduerari ere aplikatuko zaizkio.

5. Boluntarioek egiten dituzten lanak ezin izanen dira diruz ordaindu eta, beraz, ezin izanen dira baloratu beharreko gastu gisa sartu sentsibilizazio ekintzaren aurrekontuan.

Hamabosgarrena.-Azpikontratazioa.

Entitate onuradunak ekintzaren zati baten exekuzioa hirugarrenekin azpikontratatzen ahalko du, diruz lagundutako aurrekontuaren %15ari dagokiona, gehienez, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 26. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

Hamaseigarrena.-Betebeharrak.

Sentsibilizazio ekintza jakin baterako dirulaguntza jasotzen duten entitateek ondoko hauek bete beharko dituzte:

a) Ekintza dirulaguntza emateko baldintzetan xedatu bezala burutzea. 2008ko urtarrilaren 1etik 2008ko abenduaren 31ra bitarte egiten ahalko da.

b) Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuaren baimena eskatu eta lortzea dirulaguntzaren xede den ekintzan aldaketak egin ahal izateko, ekintza hori burutzen ari den bitartean entitate onuradunaren herrialdean edo egoitzan ekintza garatzea eragotzi edo zailtzen duten gorabeherak gertatzen direnean; helburuak, emaitzak, xede-populazioa eta kokagunea ukitzen dituztenak bakarrik izanen dira funtsezko aldaketak. Esku-hartzearen bitartean gertatzen diren gainerako gorabehera eta aldaketak azkeneko txostenean jakinaraziko dira.

c) Nafarroako Gobernuaren dirulaguntza hartu ondoren helburu bererako edozein erakunde publiko edo pribaturi eskatu eta horrek emandako dirulaguntzen zenbatekoa jakinaraztea.

d) Organo emailearen aurrean betebeharrak eta baldintzak bete direla, dirulaguntzaren xede den jarduera egin dela eta dirulaguntza hartzeko helburua lortu dela justifikatzea, deialdi honetako hamahirugarren oinarrian aipatzen den azkeneko txostenaren bidez.

e) Dirulaguntzak ematen dituen ebazpenaren proposamena egin orduko, Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak eta zergen gainekoak eguneratuak edukitzea.

f) Nafarroako Gobernuari laguntzea sentsibilizazio ekintzaren garapenaren berri ematen, Nafarroako iritzi publikoa garapenerako lankidetzaren arloan sentsibilizatzearren.

g) Proiektuaren publizitatea eta hedatze guztietan dirulaguntza norena den adieraztera. Hedakuntza lana idatzia edo grafikoa baldin bada, Nafarroako Gobernuaren logotipoa erabiliko da, Nafarroako Gobernuaren sinbolo ofiziala eta haren erabilera arautzen duen maiatzaren 3ko 189/2004 Foru Dekretuak xedatzen duen moduan, dirulaguntzaren onuradunen logotipoarekin batean, tamaina berean eta berdin ikusteko moduan.

h) Organo emaileak eginen dituen egiaztapenak eta kontrol organo eskudunek egin ditzaketen egiaztapen eta kontrol finantzarioak onartzera eta jarduketa horietan eskatzen zaizkien argibide guztiak ematera. Bereziki, hamahirugarren arauko 3. idatz-zatian aipatzen diren gastuen frogagiriak organo emailearen esku uztea, eskatuz gero. Horrela egin ezik, ulertuko da Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeko 42. artikuluko 1.1.f) idatz-zatia hautsi dela.

i) Jasotako diruaren erabilpenari buruzko frogagiriak gordetzea, egiaztatze eta kontrol lanak egin ahal izateko.

j) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeko 35. artikuluan eta deialdi honetako hamazazpigarren oinarrian aipatzen diren kasuetan, hartutako funtsak itzultzea, berandutzagatik dagozkion legezko interesak barne.

k) Ondasun inbentariagarriak erosi, eraiki, zaharberritu eta hobetuz gero, onuradunek ondasun horiek dirulaguntzaren xede den helbururako erabili beharko dituzte, gutxienez ere zazpi urtez erregistro publikoetan inskribatzen ahal diren ondasunak badira, eta bi urtez bestelakoak badira.

Hamazazpigarrena.-Ez-betetzeak.

1. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeko 35. eta 37. artikuluetan aipatzen diren kasuetan eta bertan ezartzen diren baldintzetan, dirulaguntzen onuradunek hartutako dirua itzuli beharko dute.

2. Dirulaguntza emateko kontuan hartutako gorabehera, betebehar eta baldintzen edozein aldaketa aurreko oinarrian aipatzen den baimen administratiboa eduki gabe eginez gero, ez-betetzat hartuko da.

3. Ez-betetzeak mailakatzeko honako hauek hartuko dira kontuan:

-Sentsibilizazio ekintzaren betetze-maila, arlo teknikoari eta aurrekontuei dagokienez.

-Aldez aurretik baimen administratiboa eduki gabe egindako aldaketen zenbatekoa eta nolakoa.

4. Aurreko atalean aurreikusten dena ezertan galarazi gabe, lege-hauste eta zehapenei dagokien guztian azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 42. eta hurrengo artikuluek eta Garapenaren aldeko Lankidetzari buruzko martxoaren 9ko 5/2001 Foru Legearen VII. kapituluak xedatzen dutena hartuko da aintzat.

Hemezortzigarrena.-Errekurtsoak.

Deialdi honen arauen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, baita deialdia aplikatzeko egintzen kontra ere, Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritu nahi den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.

Iragarkiaren kodea: F0719461