69. ALDIZKARIA - 2008ko ekainaren 4a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.6. Beste batzuk

885/2008 EBAZPENA, apirilaren 30ekoa, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiak emana, Ingurumen baimen integratua ematen duena Atarrabiako udal mugapean kartoia fabrikatzeko jarduerarako. Jardueraren titularra Newark San Andrés, S.L. enpresa da.

2006ko abenduaren 28an, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuan Ingurumen baimen integratua eskatu zuen Newark San Andrés, S.L. enpresak, Atarrabian duen industria instalaziorako.

Instalazio hori, jadanik badena, Kutsaduraren aurkako aurreneurri eta kontrol integratuei buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legearen I. eranskineko 6.1.b epigrafean dago jasota, "Papera eta kartoia egiteko instalazio industrialak, egunean 20 tonatik gorako ekoizpen ahalmena dutenak" izenekoan. Horren ondorioz, Ingurumen baimen integratuko araubidearen menpe dago.

Era berean, Ingurumena babesteko esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legeko 2B eranskineko 6.1.b) epigrafean jasota dago, "Papera eta kartoia egiteko instalazio industrialak, egunean 20 tonatik gorako ekoizpen ahalmena dutenak" izenekoan. Horren ondorioz, Ingurumen baimen integratuaren eta Ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioaren araubidearen menpe dago. Hala ere, Ingurumen eraginaren adierazpenaren tramitazioa ez da egin lehenagotik zegoen instalazioa delako, 4/2005 Foru Legea garatzeko erregelamendua onesten duen abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuko lehen xedapen iragankorrean ezarritakoarekin bat.

Industria establezimendua ez dago ekainaren 16ko 1254/1999 Errege Dekretuaren aplikazio eremuan. Istripu larriek sortzen dituzten arriskuak kontrolatzeko neurriak onetsi zituen dekretu horrek, gai arriskutsuak tarteko diren kasuetarako.

Baimen honen barnean dago isurketak Ultzama ibaira egiteko baimena, Uren Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 20ko 1/2001 Legegintzako Errege Dekretuaren hamargarren xedapen gehigarriarekin bat; horri begira, isurketak egitearen gaineko onargarritasunari buruzko txostenaren edukia erantsi da. Txostena Ebroko Ur Konfederazioak eman zuen.

Egin den tramitazio administratiboaren laburpena ebazpen honen IV. eranskinean dago eta entzunaldi tramitera aurkeztutako alegazioak V. eranskinean ageri dira.

Ingurumenaren arloko eskumenak Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiari, Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzuko zuzendariari eta Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendariari eskuordetzen dizkien urriaren 10eko 426/2007 Foru Aginduaren bidez eskuratu dudan ahalmena erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Ingurumen baimen integratua ematea Atarrabiako udal mugapean papergintza jarduerarako. Instalazioaren titularra Newark San Andrés, S.L. enpresa da.

2. Jarduera Ingurumen baimen integratua eskatzeko oinarrizko proiektuan eta 1046/06 (AAI) espediente administratiboko agiri osagarrietan aipatzen diren baldintzei jarraituz garatzea, betiere ebazpen honen II. eta III. eranskinetan aipatzen diren neurriak betez.

3. Ingurumen baimen integratuak zortzi urteko indarraldia du. Iraungi baino gutxienez ere hamar hilabete lehenago, titularrak baimena berritzeko eskatu beharko du, Ingurumena babesteko esku hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamenduaren 30. artikuluan xedaturikoarekin bat. Erregelamendu hori abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuak onetsi zuen.

4. Ingurumen arloko baimen honek bost urteko indarraldia du, eta iraupen bereko epeetarako berritutzat joko da beti ere isurketek aldian-aldian indarra duten ingurumen kalitatearen arauak betetzen badituzte. Indarraldi honen zehar legeriak isurketa baimenetarako epe handiagoa ezarriko balu, ez luke eragozpen teknikorik izanen hasierako epea arauak aurreikusten duen gehienezko eperaino zabaltzeko. Guzti hau legeek aurreikusitako kasuetan Ebroko Ur Konfederazioak Ingurumen baimen integratua aldatzeko prozedurari ekiteko eskatzen ahalko dio organo autonomikoa (uztailaren 1eko 16/2002 Legeko 26. artikulua eta uztailaren 2ko 1/2001 Legegintzako Errege Dekretuaren 104. artikulua). Halaber, hondakin urak isurtzeko ezarririko baldintzak behin eta berriro bete ezik, isurtzeko baimena kentzeko arrazoia izanen da, Ur Jabari Publikoari buruzko Erregelamenduaren 263. eta 264. artikuluetan ezarririko prozedurarekin bat.

5. Jarduera edonola ere aldatzeko, titularrak aldez aurretik Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari jakinarazi beharko dio. Arrazoiak emanda, adierazi beharko du aldaketa funtsezkoa, nabarmena edo garrantzirik gabea den ala ez, Ingurumena babesteko esku hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamenduan xedatutakoarekin bat. Aipatutako erregelamendua abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen.

6. Instalazioak Nafarroako Hondakin Toxiko eta Arriskugarrien Sortzaile Txikien Erregistroan duen inskripzioa bere horretan uztea, PP/668/NA/2006 zenbakia hain zuzen, urriaren 13ko 312/2005 Foru Dekretuan xedatutakoarekin bat. Hondakin arriskugarriak sortzen dituen jarduera A802 da, hots, papera eta kartoia fabrikatzea, hondakin toxiko eta arriskugarriei buruzko maiatzaren 14ko 20/1986 Oinarrizko Legea betearazteko Erregelamenduaren I. eranskineko 6. taularen arabera. Erregelamendu hori uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuaren bidez onetsi zen. Sortzen ahal dituen hondakin arriskugarriak Ingurumen baimen integratuaren III. eranskinean ageri dira.

7. Hondakin arriskutsuak ahalik eta gehien gutxitzeko plana onestea, ekainaren 20ko 952/1997 Errege Dekretuaren bigarren xedapen gehigarrian xedatutakoarekin bat. Planeko neurriak titularrak aurkeztutako dokumentazioan sartu dira.

8. Ontzien hondakinen aurkako aurreneurrien enpresen plana onetsi da. Ontziei eta ontzi hondakinei buruzko apirilaren 24ko 11/1997 Legearen 7. xedapen gehigarrian ezarritakoaren arabera, ontziratzaileek plan hori egin eta autonomia erkidegora igorri beharko dute hiru urtetik behin, apirilaren 30eko 782/1998 Errege Dekretuan zehaztutako ontzi hondakinen kopurua sortu dezaketen produktu ontziratuak edo industria edo merkataritza ontziak merkaturatzen badituzte. Ontzi hondakin horien ekoizpena eta kaltegarritasuna ahal den txikiena izan eta jatorrian aurrea hartzeko neurriak aurreikusirik daude titularrak arkeztu duen dokumentazioan, hobekuntza teknikoen barruan.

9. 2008ko uztailaren 31a baino lehen, titularrak irekitzeko baimena eskatu beharko du, Ingurumena babesteko esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamenduaren 40. artikuluan eta ebazpen honen II. eranskinean ezartzen diren baldintzetan xedatutakoarekin bat. Aipatutako erregelamendua abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen.

10. Departamentu honek araudi sektorial aplikagarriaren ondorioz baimenaren xede den jarduera edo instalaziorako emandako baimenak eta gainerako administrazio egintzak indarrik gabe uztea, betiere ebazpen honetan espresuki haiei buruz egindako adierazpena badago.

11. Ebazpen hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea.

12. Adieraztea ebazpen honek ez duela administrazio bidea agortzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, horren kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dutela, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazioek ebazpenaren kontra administrazioarekiko auzi-erre- kurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Auzitegi Nagusiko arlo bereko Salari zuzendua, jakinarazi edo Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik bi hilabeteko epean. Horrek ez du alde batera uzten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epe horiek foru agindu honen jakinarazpena egin edo, bestela, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik aurrera hasiko dira kontatzen.

13. Ebazpen hau jakinaraztea Newark San Andrés, S.L. enpresari, Atarrabiako Udalari, Ebroko Ur Konfederazioari, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuari eta Nafarroako Larrialdietako Agentziako Babes Zibilerako Zuzendaritzari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2008ko apirilaren 30ean.-Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusia, Andrés Eciolaza Carballo.

Oharra: ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura daude, Ingurumenaren eta Uraren Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan, Iruñeko Armada etorbideko 2ko behean (8. solairua, Ingurumenaren Integrazioko Zerbitzua) eta Nafarroako Gobernuko web atarian, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren sailean, "Ingurumen baimenak" kontsulten atalean.

Iragarkiaren kodea: F0807371