69. ALDIZKARIA - 2008ko ekainaren 4a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

170/2008 FORU AGINDUA, maiatzaren 22koa, Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu kontseilariak emana, Enpresa Baimendunen Erregistroa sortzen duena eraikuntzaren arloan.

ZIOEN AZALPENA

Eraikuntzaren sektoreko azpikontratazioa arautzen duen urriaren 18ko 32/2006 Legearen 6.1 artikuluak ezartzen du nahitaezkoa dela Enpresa Baimendunen Erregistroa sortzea kasuan kasuko lan agintaritzaren mende; halakotzat jotzen da, enpresa kontratistaren edo azpikontratistaren egoitza zein autonomia erkidegotan dagoen, autonomia horri dagokiona.

Bestalde, aipatu legea garatzen duen abuztuaren 24ko 1109/2007 Errege Dekretuko 3. artikuluak dio Enpresa Baimendunen Erregistroan inskribatu behar direla, kontratua gauzatzen hasi baino lehen, eraikuntza obra batean zenbait lanetarako kontratatu edo azpikontratatu nahi diren enpresa guztiak.

Halaber, errege dekretu horretako laugarren xedapen gehigarriaren arabera, lankidetza protokolo bat prestatu behar da Lan eta Immigrazio Ministerioaren eta autonomia erkidegoen artean, Enpresa Baimendunen Erregistroen artean komunikazio egokia izan dadin eta autonomia erkidegoen erregistroetan dauden datuak jendearen eskura egon daitezen.

Horrela, Enpresa Baimendunen Erregistroak ziurtatuko du eraikuntza obretan aritzen diren enpresek gutxieneko kaudimena eta kalitatea dutela azpikontratazioko prozesuetan esku hartzeko, eta, era berean, enpresa komisio-emaileei segurtasun juridiko handiagoa lortzeko aukera emanen die erraz lortzen ahal den ziurtagiri baten bidez.

Beste alde batetik, Nafarroako Foru Komunitateko administrazioan administrazio elektronikoa ezartzeari buruzko apirilaren 4ko 11/2007 Foru Legearen 33. artikuluak honako hau dio: "Nafarroako Foru Komunitatearen lege edo administrazio xedapenek sortutako erregistro publikoetako inskribatzeen kasuan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak zuzeneko sarbide bat sortuko du Nafarroako Gobernuaren interneteko web atariaren bidez, interesduna bere eskabidea Erregistro Orokor Elektronikoan aurkeztera behartu gabe".

Hori guztia kontuan izanik, komenigarria dela uste da Lan eta Immigrazio Ministerioak garatutako aplikazio informatikoa erabiltzea Erregistroaren euskarri informatiko gisa, eta horretarako zuzeneko sarbide bat sortu da http://www.navarra.es web atariaren bidez, enpresak Enpresa Baimendunen Erregistroan inskribatu ahal daitezen.

Hala bada, foru agindu honen xedea da Nafarroako Foru Komunitatean Enpresa Baimendunen Erregistroa sortzea, erregistro hori antolatu eta funtzionamendu arauak ezartzea, bai eta baliabide elektronikoen bidez administrazio prozedura normalizatua ezartzea ere, zuzenean inskribatu eta tramite guztiak egin ahal izateko.

Nafarroako Gobernuari eta lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41.1 g) artikuluak xedatzen duenarekin bat,

AGINDU DUT:

1. artikulua. Xedea.

Foru agindu honen xedea da Nafarroako Foru Komunitatean Enpresa Baimendunen Erregistroa sortu eta arautzea, eraikuntzaren sektoreko azpikontratazioa arautzen duen urriaren 18ko 32/2006 Legean aurreikusitakoari jarraikiz.

Erregistro hori, administrazio izaerakoa eta publikoa, Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentuko Arriskuen Prebentziorako eta Lanaren Zuzendaritza Nagusiari atxikita egonen da, edo laneko arriskuei aurrea hartzearen arloko eskumenak dituen organoari.

2. artikulua. Erregistroaren xedea eta eginkizunak.

1. Nafarroako Foru Komunitateko Enpresa Baimendunen Erregistroak erregistro horretan inskribatutako enpresen identifikazio datuei dagokien informazioan sartzeko aukera bermatuko du eta, betiere, datu pertsonalek indarra duen legerian ezarritako babesa eta bermea izanen dute.

2. Xede hori betetzeko, Enpresa Baimendunen Erregistroak eginkizun hauek izanen ditu:

a) Inskripzioa egin eta berritzeko eskeren prozedurak, datu aldaketak eta deuseztatzeak tramitatzea.

b) Edozein erregistrotan dauden inskripzioei buruzko ziurtagiriak luzatzea, hots, enpresa kontratistei eta azpikontratistei dagozkienak, horiek eskatuta edo beste edozein pertsona fisiko edo juridikok, edozein entitate edo erakunde publiko zein pribatuk eskatuta.

c) Enpresa Baimendunen edozein Erregistrotan dauden datuak jendearen eskura jartzea, pertsonen intimitateari dagozkionak izan ezik.

d) Lan eta Immigrazio Ministerioak sortutako datu basean sartzea Erregistroan inskribatutako enpresen identifikazio datuak, bai eta eskaerarekin batera aurkeztutako dokumentazioa ere. Dena dela, eskaera bulegoan bertan aurkezten denean, dokumentazio hori datu base orokorrean sartzea nahitaezkoa izanen da lan agintaritzak edo Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskaritzak eskatzen badu soilik.

e) Erregistroan inskribatutako datuak eguneratuta izatea eta datu base orokorrean sartzea.

f) Erregistroan inskribatutako enpresek aurkezten duten dokumentazioa gorde eta zaintzea.

3. artikulua. Inskribatu beharra duten enpresak.

Erregistroan inskribatu beharko dute, lanean hasi aurretik, helbidea Nafarroan duten eta eraikuntza obra batean zenbait lanetarako kontratatu edo azpikontratatu nahi diren enpresa guztiek.

Betebehar hori bera izanen dute, halaber, azaroaren 29ko 45/1999 Legean aurreikusitakoaren arabera langileak Espainiara ekartzen dituzten enpresek, baldin eta langile horiek lehenengo lan aldia Nafarroan izan behar badute. Lege hori nazioz haraindiko prestazioen esparruan langileak lekuz aldatzeari buruzkoa da.

4. artikulua. Inskribatzeko eskaera.

1. Erregistro honetan inskribatu ahal izateko, enpresa interesdunek datu hauek jasoko dituen inskripzio eskaera aurkeztu beharko dute, ahal bada bide telematikoz:

a) Enpresaren izena eta, hala denean, enpresa ordezkatzen duen pertsonarena, bai eta jakinarazpenak jasotzeko lehentasunezko bidearen edo tokiaren identifikazioa ere.

b) Sozietatearen helbidea.

c) Identifikazio fiskaleko zenbakia.

d) Gizarte Segurantzako kotizazio kontu nagusiaren kodea.

e) Enpresaren jarduera, Jarduera Ekonomikoen Sailkapen Nazionalaren arabera identifikatua.

f) Eskatzailearen sinadura; tokia eta data.

2. Halaber, inskripzio eskaerarekin batera ondokoa aurkeztuko da:

a) Adierazpena, enpresaren ordezkariak sinatua, urriaren 18ko 32/2006 Legearen 4. artikuluko 1. eta 2.a) ataletan aipatutako baldintzak betetzearen ingurukoa.

b) Enpresak Laneko arriskuei aurrea hartzeari buruzko azaroaren 8ko 31/1995 Legearen araberakoa den prebentzio antolamendua duela frogatzen duen dokumentazioa.

c) Zuzendaritzaren eta produkzioaren eremuetan laneko arriskuei aurrea hartzearen arloan beharrezkoa den prestakuntza duten langileak badituela frogatzen duen dokumentazioa.

d) Ordezkapen ahalordea, eskaeraren titularra ordezkatuz aritu behar izanez gero.

3. Sinadura elektronikoaren titularra eskaeran emandako datuen egiazkotasunaren erantzulea izanen da, bai eta eskaerari lotutako agiri elektronikoen benetakotasunarena ere.

5. artikulua. Inskribatzeko prozedura.

1. Erregistroko bulego publikoak aurkeztu diren agiriak aztertuko ditu, eta enpresa eskatzaileak araudian eskatutako betebehar formalak betetzen dituen begiratuko du.

Eskaerak eta horri erantsitako adierazpenak 1109/2007 Errege Dekretuan ezarritako baldintzak betetzen badituzte, enpresa kontratista edo azpikontratista Erregistroan inskribatu eta inskripzioaren ziurtagiria luzatuko da, 15 eguneko epean; erregistroan identifikatzeko gako bat emanen zaio bakoitzari, eta hori bakarra izanen da enpresa bakoitzarentzat eta Estatu osorako. Gakoak hamaika digitu izanen ditu: lehenengo lauak 1431 izanen dira eta gainerako zazpiek enpresa bakoitzari esleitutako inskripzio ordenaren zenbakia jasoko dute.

2. Eskaeran ez badira araudian ezarritako datu eta agiriak agertzen, eskatzaileari eskatuko zaio hamar eguneko epean zuzenketa egin dezala, eta ohartaraziko zaio hori egiten ez badu eskaerari uko egin diola ulertuko dela, aurretik horri dagokion ebazpena emanda. Kasu horretan, Erregistroko inskripzioa ukatzeko epea etenda egonen da errekerimendua jakinarazten denetik enpresa hartzaileak egiazki betetzen duen arte edo, bestela, emandako epea bukatu arte.

3. Eskaeran eta horri erantsitako adierazpenean datuak ematen ez badira edo araudiak ezarritako agiriak aurkezten ez badira soilik ukatuko da Erregistroko inskripzioa. Halakoetan, lan agintaritzak inskripzioa ukatzeko ebazpena emanen du hamabost eguneko epean, eskaera organo eskudunaren erregistroan tramitaziorako sartzen denetik hasita, eta hurrengo hamar eguneko epean jakinaraziko da. Epe hori bukatu eta inskripzioa ukatzeko ebazpenik eman ez bada, eskatzaileak ondorioztatzen ahalko du eskaera isiltasun administratiboaren bidez onartu dela eta, orduan, enpresa Erregistroan inskribatu izanari buruzko ziurtagiria eskatzen ahalko da.

6. artikulua. Inskripzioaren ondorioak.

1. Erregistroko inskripzioak, bakarra eta Estatu osorako izanen denak, aukera emanen die erregistratutako enpresei eraikuntzaren sektoreko azpikontratazioan kontratista edo azpikontratisa gisa esku hartzeko, eta 3 urterako indarra izanen du, nahiz eta beste horrenbeste denborarako berritzen ahalko den interesdunak eskatuz gero.

2. Inskribatuta egonda ere enpresaren betebeharra da lan agintaritzak eskatzen dionean urriaren 18ko 32/2006 Legearen 4. artikuluko baldintzak betetzen segitzen duela frogatzea.

3. Enpresa komisio-emaileak enpresa azpikontratista batek Erregistroan duen inskripzioari buruzko ziurtagiria lortzen duenean, horrek esan nahi du enpresak komisio-emaileak bete duela enpresa azpikontratista horrek urriaren 18ko 32/2006 Legearen 4. artikuluko 1. eta 2. idatz-zatietan ezarritako baldintzak betetzen dituen begiratzeko duen obligazioa. Halakoetan, enpresa komisio-emailea salbuetsita egonen da, kontratuaren indarraldian eta eraikuntza obra bakar baterako, azpikontratistak baimen eta erregistro betebeharrak betetzen ez dituen kasurako lege horren 7.2 artikuluak ezarritako erantzukizunetik.

Aurreko lerroaldean adierazitakoak ez ditu alde batera uzten beste xedapen sozial batzuetan ezarritako betebehar eta erantzukizunak. Langileen Estatutuaren 42. eta 43. artikuluetan ezarritako erantzukizuna eskatuko da, bertan aurreikusitako kasuetan.

4. Artikulu honetan aipatu den ziurtagiria kontratua gauzatzen hasi aurreko hilabetean eskatu behar da, eta organo eskudunak hamar egun naturaleko epean igorriko du, eskaera jasotzen denetik hasita; enpresa ukituaren ondorengo erregistro egoera zein den alde batera utzita izanen ditu ondorioak.

7. artikulua. Datu aldaketak jakinaraztea.

Enpresaren identifikazio datuetan, eskaeran ageri direnetan, aldaketak izaten badira, horiek ere Erregistroan inskribatuko dira, aldez aurretik jakinarazita. Aldaketen berri horiek gertatu eta hilabeteko epean emanen da.

Enpresak sozietatearen helbidea aldatzen duenean, eta horrek beste lan agintaritza baten mende jartzea ekartzen badu Enpresa Baimendunen Erregistroko inskripzioari begira, lan agintaritza eskudunari datu aldaketa jakinaraziko zaio, helbide berria dela-eta. Jakinarazpen horren ondorioz enpresa Erregistro berrian inskribatuko da inskripzioa berritu bitarteko denborarako, eta zuzenean deuseztatuko da aurreko Erregistroko inskripzioa.

8. artikulua. Inskripzioa berritzea.

Inskripzioa berritzeko eskaerak inskripzioaren balioa bukatu aurreko sei hilabeteen barnean aurkeztu beharko dira.

Inskripzioa berritzeko prozeduretan, eskaera ezarri den epean aurkeztuz gero, inskripzioaren balio aldia luzatu eginen da, non ez den ukatze ebazpenik ematen eta hori jakinarazi bitarte.

Inskripzioaren balio aldia bukatu eta berritzea epearen barnean eskatu ez bada, inskripzioa zuzenean deuseztatuko da Erregistroan.

9. artikulua. Inskripzioa deuseztatzea.

1. Enpresek Enpresa Baimendunen Erregistroko inskripzioa deuseztatzeko eskatu beharko dute aplikazio esparruan sartzeko arrazoi izanen zen jarduera uzten dutenean edo inskripziorako legez eskatzen diren baldintzak betetzeari uzten diotenean.

Eskaera horiek lan agintzaritza eskudunari igorri beharko zaizkio, eta gertaera izan eta hilabeteko epean.

2. Lan agintaritzak ofizioz deuseztatzen ahalko du enpresen inskripzioa, enpresak inskripziorako legez eskatzen diren baldintzak betetzeari utzi diola jakiten duenean, Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskaritzaren jardueraren ondorioz edo beste edozein prozeduraren bidez.

Erregistroa zein lan agintaritzaren mende dagoen, agintaritza horren erabakiz hasiko da deuseztatze prozedura, eta dagokion enpresari jakinaraziko zaio.

Enpresak hamabost eguneko epea izanen du, jakinarazpen egunetik hasita, egokiak iruditzen zaizkion alegazioak aurkezteko.

Ebazpen proposamena idatzi aurretik entzunaldi tramitea eginen da, eta bidezkoa den ebazpena eman eta jakinarazi beharko da, prozedura hasteko erabakia hartu eta hiru hilabeteko epean gehienez.

10. artikulua. Erregistroan sartzea.

1. Erregistroko jarduketak honela egin daitezke:

a) Arriskuen Prebentziorako eta Lanaren Zuzendaritza Nagusiaren mendeko bulego eta lokaletan bertan.

c) Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38. artikuluan ezarri diren bideetako edozein erabiliz.

b) Bide elektronikoaz baliaturik.

2. Interesdunek bide elektronikoa erabiltzen badute, Nafarroako Gobernuaren http://www.navarra.es atarian sartuko dira, horrela, bide elektronikoaz baliaturik, inskripzioa eta tramite guztiak zuzenean egin ditzaten.

Aurkezten ahal diren eskaera, idazki eta jakinarazpen guztien zerrenda eguneratua eta eskaera eredu normalizatuak ikus daitezke helbide elektroniko horretan, bai eta aplikazio elektronikoa erabili ahal izateko ekipoek izan behar dituzten ezaugarri teknikoak ere.

Azken xedapen bakarra. Indarra hartzea.

Foru agindu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2008ko maiatzaren 22an.-Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu kontseilaria, José María Roig Aldasoro.

Iragarkiaren kodea: F0808290