69. ALDIZKARIA - 2008ko ekainaren 4a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.4. Dirulaguntzak eta bekak

169/2008 FORU AGINDUA, apirilaren 21ekoa, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak emana, elkarteei nekazaritzako ustiategietan trazabilitate sistemak ezartzeko proiektu kolektiboetarako laguntzak nola eman arautu, eta 2008ko deialdia onesten duena.

Nafarroako Foru Komunitatea, bere foru araubideari esker, eskumen osoaren titularra da nekazaritza eta abeltzaintza gaietan, ekonomiaren antolamendu orokorraren arabera, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 50.1.a) artikuluak onartzen duenez.

Halaber, Hobekuntzako 56.1.a) artikuluan xedaturikoaren arabera, orotariko ekonomiaren oinarriekin eta haren antolaketarekin bat, Nafarroako Foru Komunitateari dagokio erabateko eskumena Nafarroaren barruan jarduera ekonomikoa planifikatu eta garapen ekonomikoa sustatzeko.

Europako Parlamentuak eta Kontseiluak 2002ko urtarrilaren 28an emandako 178/2002 EE Erregelamenduaren bitartez, elikagaiei buruzko legeen printzipio eta betebehar orokorrak ezarri, Elikagaien Segurtasunerako Europako Agintaritza sortu eta elikagaien segurtasunari buruzko prozedurak finkatu ziren. Haren 18. artikuluaren arabera, elikagaien sektoreak elikagaien trazabilitatea bermatu behar du haiek ekoitzi, eraldatu eta saltzeko etapa guztietan, eta horretarako, trazabilitate sistema bat eman behar die elikadura katearen eragile guztiei.

Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak, elikagaien segurtasuna bermatzearren, komenigarritzat jotzen du nekazaritzako produktuen trazabilitatea jatorrian sustatzea, laguntza ekonomikoen bidez. Nekazaritzako elikagaien industriari ere xede bererako laguntzak ematen dizkio.

Neurri hori 2006an onetsitako Nafarroako Nekazaritzaren Plan Estrategikoan ageri diren helburuei lotuta dago, bereziki "Eraldatzea, merkaturatzea, kalitatea eta elikagaien segurtasuna" izeneko 2. ardatz estrategikoan ageri direnei, bertan ezartzen baitira lehentasunezko 1. helburua, "Produkzioaren baldintzak hobetzea Nafarroako produktuek merkatuetan leku hobea izan dezaten", hain zuzen ere, eta lehentasunezko 3. helburua, "Prestakuntzarako, merkaturatzeko, kalitaterako eta elikagaien segurtasunerako laguntza teknikoa" izenekoa. Foru agindu honetan ezarritakoa aurreikusten duten jarduketa lerroak eta neurriak horietan bildurik daude.

Helburu horiek lor daitezen, botere publikoek parte hartu behar dute. Laguntzak eman behar dituzte ekipo eta sistema informatikoetan inbertsioak egiteko, prestakuntzarako, aholkularitzarako eta ustiategiak teknologia eta prozedura horietara egokitzeko.

Inbertsioen errentagarritasuna bermatze aldea, komeni da diru-laguntza nagusiak irabazi-asmorik gabeko elkarteei edo nekazaritzako lanbide erakundeei ematea, horiek, zerbitzu koordinatu eta zentralizatua eskainiz, inbertsioa zerbitzu integraletarako erabiliko dela ziurtatzen baitute. Azken finean banakako nekazariak izanen dira inbertsio eta zerbitzu horien onuradun bakarrak.

Deialdi honetako laguntzak Europako Batzordeak 2006ko abenduaren 15ean emandako 1857/2006 EE Erregelamenduaren 4. eta 14. artikuluetan xedatutakoaren araberakoak dira. Erregelamendu horrek zehazten du nola aplikatu behar zaizkien EE Itunaren 87. eta 88. artikuluak nekazaritzako produktuak ekoizten dituzten enpresa txiki eta ertainentzako estatu-laguntzei, eta 70/2001 EE Erregelamendua aldatzen du (L 358 Aldizkari Ofiziala, 2006ko abenduaren 16koa).

Laguntza hauek koordinaturik daude Nafarroako Nekazaritza Garatzeko 2007-2013 Programako "Nekazaritzako ustiategien modernizazioa" izeneko neurrian aurreikusitakoekin, bateraezintasunak ezarri baitira.

Foru agindu honi Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legea aplikatu behar zaio.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta haren lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluak ematen dizkidan eskumenak erabiliz,

AGINDU DUT:

Artikulu bakarra.-Elkarteei nekazaritzako ustiategietan trazabilitate sistemak ezartzeko proiektu kolektiboetarako laguntzak emateko arauak onestea. Arauok foru agindu honen eranskinean daude.

Lehenbiziko xedapen gehigarria.-2008ko laguntzetarako deialdia.

Elkarteei nekazaritzako ustiategietan trazabilitate sistemak ezartzeko proiektu kolektiboetarako laguntzak emateko deialdia onestea 2008rako. Eskabideak aurkezteko epea 30 egunekoa izanen da, foru agindu honek indarra hartzen duenetik hasita.

Deialdi honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Bigarren xedapen gehigarria.-Aurrekontuko kredituak.

Baimena ematea 200.000 euroko gastua egiteko laguntza hauen finantzaketan, 2008ko Aurrekontu Orokorretako "Nekazaritzako elikagaien katean trazabilitate sistemak ezartzea" izeneko 721000-72210-7701-413104 kontusailaren kargura.

Azken xedapen bakarra.-Indarra hartzea.

Foru agindu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2008ko apirilaren 21ean.-Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilaria, Begoña Sanzberro Iturriria.

ERANSKINA

Elkarteei nekazaritzako ustiategietan trazabilitate sistemak ezartzeko proiektu kolektiboetarako laguntzak emateko arauak

1. artikulua. Xedea eta helburua.

1. Foru agindu honen xedea da arauak ezartzea elkarteei nekazaritzako ustiategietan trazabilitate sistemak ezartzeko proiektu kolektiboetarako laguntzak emateko.

2. Arau honen bidez trazabilitate sistemen ezarpena eta hobekuntza sustatu nahi dira elikagaien ekoizpenaren lehenbiziko urratsetan, kontsumitzaileei elikagaien segurtasuna eta kalitatea ahalik ongien bermatzeko.

2. artikulua. Onuradunak.

1. Onuradun izan daitezke:

a) Landalurren kooperatibak eta lurra elkarrekin ustiatzeko kooperatibak, Nafarroako kooperatibei buruzko abenduaren 11ko 14/2006 Foru Legearen 81. artikuluko a) eta c) ataletan definituak, eta bigarren mailako eta maila handiagoko kooperatibak, 81. artikuluan definituak, kooperatiben erregistro ofizialetan inskribaturik badaude.

b) Nafarroako kooperatibei buruzko 14/2006 Foru Legearen 81. artikuluan azaltzen den moduan kooperatiben arteko akordioa dagoenean, akordioaren sustatzaile eta erantzulea den entitatea. Akordio hori Nafarroako Kooperatiben Erregistroan inskribatzeko eskaerak egina izan behar du.

c) Eraldaketarako Nekazaritza Sozietateak (ENZ), erregistro ofizialean inskribaturik badaude.

d) Nekazaritzako lanbide erakunde nagusiak eta irabazi-asmorik gabeko entitateak, baldin eta nekazaritzako ustiategiak badira inbertsioaren bidezko hobekuntzen eta ezarritako prozedura berrien erabiltzaile eta hartzaileak.

2. Betiere, entitate onuradunek ETT izateko baldintzak bete behar dituzte, 2001eko urtarrilaren 12an emandako 70/2001 EE Erregelamenduaren I. eranskinean ezarritakoaren arabera. Erregelamendu horretan zehazten da nola aplikatu behar zaizkien EE Itunaren 87. eta 88. artikuluak enpresa txiki eta ertainentzako estatu-laguntzei.

3. Krisian dauden enpresen kategorian sartzen diren nekazaritzako ustiategiek ezin dituzte laguntza hauek jaso.

3. artikulua. Diru-laguntzaren xede izan daitezkeen jarduketak eta gastuak, eta laguntzarik izanen ez dutenak.

1. Jarduketa hauek dira diru-laguntza jaso dezaketenak:

a) Datuak erregistratu eta igortzeko sistemak informatizatu eta automatizatzeko inbertsioak (kostu orokorrak barne, hala nola ordainsariak, azterlanak eta lizentziak).

Gastu hauek diru-laguntzaren xede izan daitezke: trazabilitate sistemak ezarri edo hobetzeko programa informatikoak erosi edo garatzea eta datuak bildu, kontrolatu, jarraitu, erregistratu eta automatikoki transmititzeko ekipo berriak erosi eta instalatzea (ordenagailuak, barra-imprimagailuak, datuak irrati-frekuentzia bidez transmititzeko sistemak, PDAk eta abar).

b) Trazabilitatearekin eta haren ezarpenarekin zerikusia duten metodo eta sistemak aplikatu behar dituzten langileei prestakuntza emateko kostuak.

Gastu hauek diru-laguntzaren xede izan daitezke: kanpoko enpresa bat kontratatzea langileentzako prestakuntza ekintzak diseinatu eta gauzatu ditzan eta ustiategiaren kudeaketaren inguruko behar berrietara egokitzeko aholkuak eman ditzan.

2. Inbertsio eta ekintza hauek laguntzetatik kanpo gelditzen dira:

a) Nafarroatik kanpo egiten direnak.

b) Aurreko batzuk ordeztekoak diren inbertsioak.

c) Eskabideak aurkeztu aitzin hasiak.

d) Ekipo erabiliak (bigarren eskukoak).

4. artikulua. Diru-laguntzaren zenbatekoa.

1. Inbertsioetarako:

a) Gehieneko laguntza inbertsioaren %40 izanen da 3. artikuluko 1.a) atalean aipatutako ekintzetarako.

b) Diru-laguntza jaso dezakeen gutxieneko inbertsioa 10.000 euro izanen da proiektu bakoitzeko.

c) Onuradun bati ematen zaion laguntzak ezin du 60.000 euroko muga gainditu, ezta hiru zergaldian 400.000 euroko muga ere.

2. Prestakuntza ekintzetarako:

Kostuaren %75eko laguntza eman daiteke 3. artikuluko 1.b) atalean azaltzen diren jarduketetarako, gehienez ere 6.000 euro elkarte bakoitzari.

5. artikulua. Diru-laguntza emateko modua, lehentasunak eta irizpideak.

1. Deialdi honetako laguntzak lehia bidez emanen dira.

2. Eskabideak baremo honen arabera lehenetsiko dira:

a) Proiektuaren kokapena:

-Eskualde menditsuan dagoen egoitza, lokal edo bulego bakoitzeko: 40 puntu.

-Eskualde behartsuan dagoen egoitza, lokal edo bulego bakoitzeko: 20 puntu.

b) Aurkeztutako trazabilitate proiektuari atxikitako ustiategien kopurua:

-200 ustiategi baino gehiago: 50 puntu.

-100-200 ustiategi: 40 puntu.

-30-99 ustiategi: 30 puntu.

-10-29 ustiategi: 20 puntu.

-10 ustiategi baino gutxiago: 10 puntu.

c) Sektorea:

-Ardi eta behi aziendaren sektorea osorik: 50 puntu.

-Abeltzaintzako beste sektore batzuk: 40 puntu.

-Mahastizaintza: 30 puntu.

-Baratzezaintza eta frutagintza: 20 puntu.

d) Produkzio mota:

-Kalitatezko deiturek babesturiko produktuak (JD, AGK, Ekoizpen Ekologikoa edo Nekazaritzako Elikagaien Artisautza), inskribatzeko fasean diren produktuak barne: 30 puntu.

-Baimendutako entitate batek emandako marka ziurtatua duten produktuak: 20 puntu.

Zenbait eskaerak puntu kopuru bera lortzen badute, sektorearen arabera lehenetsiko dira eta, ondoren, trazabilitate proiektuari lotutako ustiategien kopuruaren arabera.

6. artikulua. Eskabideak aurkezteko epea.

1. Laguntzen xede izanen diren inbertsio eta jarduketak egin baino lehen aurkeztu beharko dira eskabideak.

2. Eskabideak Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari zuzenduko zaizkio eta departamentu horretako Erregistroan aurkeztuko dira. Halaber, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38. artikuluan aurreikusitako moduan aurkezten ahal dira eskabideak.

3. Eskabideak aurkezteko epea bi hilabetekoa izanen da deialdia argitaratzen denetik hasita, 2008ko laguntzetarako deialdiari buruz xedatutakoa salbu.

4. Eskabidea berariaz ezarritako ereduan aurkeztuko da, 7. artikuluan azaltzen diren agiriekin batera. Eskabidearen eredua Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Erregistroan, nekazaritza bulegoetan eta Nafarroako Gobernuaren www.navarra.es webguneko zerbitzuen katalogoan eskuratzen ahal da.

7. artikulua. Baldintzak betetzen direla frogatzeko modua.

Proiektua deialdiaren xedeen araberakoa dela frogatzeko, eskabidearekin batera ondoko agiri hauek aurkeztuko dira:

1. Kooperatibak edo nekazaritzako eraldaketa sozietateak badira, entitatearen idazkariak luzatu eta kooperatiba-buruak ikus-onetsitako ziurtagiria, ondokoen berri ematen duena: bazkideen zerrenda eguneratua, zuzendaritza organoko kideen zerrenda, bazkideei arreta emateko bulego edo egoitzen zerrenda eta horien helbideak.

2. Kooperatiben arteko akordioa sustatu duen kooperatiba bada, 2.1 b) artikuluan azaltzen dena alegia, akordioan parte hartzen duten entitateen zerrenda, entitate horien zuzendaritza organoetako kideak, entitate bakoitzaren bazkideen kopurua, kooperatiben arteko akordioaren kopia, eta akordioa Nafarroako Kooperatiben Erregistroan inskribatzeko eskabidearen fotokopia.

3. Lanbide erakundeak edo irabazi-asmorik gabeko elkarteak badira, entitatearen idazkariak luzatu eta entitate-buruak ikus-onetsitako ziurtagiria, ondokoen berri ematen duena: zuzendaritza organoko kideen zerrenda, bazkideei arreta emateko bulegoen zerrenda eta horien helbideak, eta bulego bakoitzean arreta jaso dezaketen bazkideen kopurua.

4. Jarduketaren memoria, ondoko alderdi hauen berri emanen duena:

a) Entitate eskatzailearen deskripzioa, jarduera nagusiak eta negozio bolumena.

b) Proiektuari lotutako ustiategietarako arreta ematen duten egoitza, lokal edo bulegoen zerrenda, eta horien helbideak, telefono eta fax zenbakiak eta helbide elektronikoak.

c) Erantzukizuneko aitorpena, informazio hauekin:

-Laguntzaren xede izanen den trazabilitate proiektuari lotutako ustiategien kopurua.

-Trazabilitate proiektuaren produkzio sektorea.

-Trazabilitate proiektuari lotutako produkzioen kalitatea ziurtatzeko sistemak.

d) Egin beharreko ekintzen deskripzioa, eta horien balorazioa, proformako fakturekin edo hiru hornitzaileren eskaintzekin, inbertsioa 12.000 eurotik gorakoa denean; edo, kasua bada, hornitzailearen hautapena irizpide teknikoetan edo esklusibarako eskubideak babesteko irizpideetan oinarritu delako justifikazioa.

e) Sistema ezartzeko aurreikusitako egutegia.

5. Erantzukizuneko aitorpena, xede bererako beste ezein laguntza eskatu edo jaso ez dela azaltzen duena.

6. Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean onuradun izateko ezarritako ezein debekutan ez dagoela dioen erantzukizuneko aitorpena.

7. Diru-laguntzaren xede diren ondasunak gutxienez bost urtean, edo, gutxiago irauten badute, haien balio-bizitza osoan, hirugarrenek erabiltzeko eskualdatu, alokatu edo lagako ez direla dioen konpromisoa.

8. Zergak eta Gizarte Segurantzarekiko eginbeharrak egiaztatzeko baimena, hitzez hitz honako hau dioena: "Nik ............... jaunak/andreak, nire izenean (edo ......................en izenean) baimena ematen diot Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari, elkarteei nekazaritzako ustiategietan trazabilitate sistemak ezartzeko proiektu kolektiboetarako laguntzak emateko deialdiaren tramitazioan, nik (edo ordezkatzen dudan entitateak) zerga guztiak eta Gizarte Segurantzarekiko eginbehar guztiak eguneratuak ditudala egiaztatzeko."

9. Eskatzaileak laguntzak lehenbizikoz hartu behar dituenean edo laguntzak kobratzeko kontua aldatu nahi duenean, laguntzarako eskabidearekin batera transferentzia bidez kobratzeko eskabidea aurkeztu beharko du, behar bezala beterik.

8. artikulua. Ebaluazio organoa.

Nekazaritzako Elikagai Industrien eta Nekazaritzako Ustiategien Zerbitzuak ebaluatuko ditu eskabideak.

9. artikulua. Deialdiaren antolamendua, prozedura eta ebazpena.

1. Eskabidea harturik, 2., 3. eta 7. artikuluetan ezarritako baldintzak betetzen dituen begiratuko da. Dokumentazioa osorik ez badago, interesdunari eskatuko zaio hogeita hamar eguneko epean zuzen dezala, eta ohartaraziko, hala egin ezean, eskaera bertan behera uzten duela ulertuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena eman eta jakinaraziko zaiola.

2. Landa Garapenerako zuzendari nagusiak ebazpen arrazoitua emanen du diru-laguntzei buruz, eta hartan espresuki adieraziko du zein eskaera ezetsi diren.

3. Prozeduraren gainean ebazteko epea sei hilabetekoa izanen da. Epea ebazpenik eman gabe bukatzen bada, eskaera ezetsitzat joko da.

10. artikulua. Diru-laguntzaren helburua lortu dela eta harturiko dirua erabili dela frogatzeko epea eta modua.

Diru-laguntzaren xede diren jarduketak amaiturik, eta nolanahi ere diru-laguntza ematen den urteko abenduaren 1a baino lehen, entitate onuradunak agiri hauek aurkeztu beharko ditu:

1. Erositako ekipo eta aplikazioen, instalatutako sistemen eta abarren fakturak, bai eta egindako gainerako gastuenak ere, diru-laguntza eskatzean aurkeztutako aurrekontuko epigrafeen arabera ordenatuak, BEZik gabeko prezio garbia zehaztuta.

2. Ordainketen frogagiriak, aurreko puntuko ordena berean. Jatorrizko agiriak eta fotokopiak aurkeztu beharko dira. Fotokopiak Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuan gordeko dira, jatorrizko agiriak entitate onuradunari itzultzen zaizkionean.

3. Egindako ekintzen azalpen memoria, jarduera arloen arabera ordenatua, eta gutxienez ondoko eduki hau duena: egindako jardueren deskribapena, erabilitako metodologia, jardueren zabaltze maila eta lorturiko emaitzen balorazioa.

11. artikulua. Ordaintzeko modua eta epeak.

1. Nekazaritzako Elikagai Industrien eta Nekazaritzako Ustiategien Zerbitzuak agiri guztiak aztertuko ditu eta aurkezturiko gastuak, frogagirien balioa eta beste agirien askitasuna onetsiko ditu. Egiaztagiri osagarriak ere eskatzen ahalko ditu, egoki baderitzo, aurkeztutako agiriak zehaztu, argitu edo osatzeko.

2. Halaber, behar bezala egiaztatuko du laguntzen xede diren ekintzek ez dutela finantzaketa bikoitza jasotzen Nafarroako Nekazaritza Garatzeko 2007-2013 Programako "Nekazaritzako ustiategien modernizazioa" izeneko neurrian inbertsioetarako aurreikusitako laguntzen bitartez.

3. Laguntzak bi hilabeteko epean pagatuko dira, egoki diren egiaztapenak egiteko behar diren frogagiriak aurkezten direnetik hasita. Epe hori bertan behera geldituko da onuradunak eskatzen zaizkion agiri osagarriak aurkeztu bitarte.

12. artikulua. Interes publikoak bermatzeko neurriak.

Laguntzen onuradunek ez dituzte diru-laguntzaren xede izandako ondasunak eskualdatu, alokatu edo hirugarrenek erabiltzeko lagako, gutxienez bost urtean, edo, gutxiago irauten badute, haien balio-bizitza osoan.

13. artikulua. Diru-laguntzaren bateragarritasuna.

Foru agindu honetan araututako laguntzak, guztira 4. artikuluan aipatzen diren mugak gainditzen ez badituzte, legez ezarritako beste edozein laguntzarekin bateratzen ahalko dira, 11. artikuluko 2. atalean aipatutakoekin izan ezik.

14. artikulua. Onuradunen publizitate baldintzak.

Laguntzen onuradunek finantzaketaren publizitatea egin beharko dute enpresan jarritako informazio panelen bidez edo beren web orrien bitartez.

15. artikulua. Emandako laguntzaren aldaketa, ezarririko baldintzak ez betetzeagatik.

Inbertsio proiektua buruturik, egiazko inbertsioaren zenbatekoa onetsiriko inbertsiotik beherakoa baldin bada, laguntzen zenbatekoa doituko da, proportzioan gutxituz, inolako zehapenik gabe, baldin eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak uste badu burututako planek balio tekniko eta ekonomikoa dutela.

16. artikulua. Ezarritako baldintzak ez betetzearen ondorioak.

1. Arau hauetan ezarritako baldintzak betetzen ez badira, onuradunak ETE izateari uzten badio edota onuradunaren gainerako betebeharrak betetzen ez badira, laguntza osoa edo laguntzaren zati bat galduko da eta oker jasotako diru kopurua itzuli beharko da, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Legean xedatuarekin bat, bidezkoak izan daitezkeen zehapenez gain.

2. Ez-betetzea 12. artikuluan aipatutakoa bada, laguntza osoa itzuli beharko da, legezko korrituekin batera. Diru-laguntza ordaintzen den egunetik hasita kontatuko da epea.

17. artikulua. Eskualde menditsuak eta behartsuak.

Foru agindu honetan ezarritakoari dagokionez, Nafarroako eskualde menditsuak eta Nafarroako eskualde behartsuak dira Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariak 2002ko maiatzaren 15ean emandako Foru Aginduan hala izendatzen direnak, edo, horren ordezkorik ematen bada, bertan izendatzen direnak.

Iragarkiaren kodea: F0806370