63. ALDIZKARIA - 2008ko maiatzaren 21a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.6. Beste batzuk

ERABAKIA, 2008ko apirilaren 28koa, Nafarroako Gobernuak hartua. Honen bidez Nafarroako Foru Komunitateko Azpiegiturei buruzko Lurralde Plan baten aldaketa, Telefónica Móviles España, S.A.k aurkeztua, jendaurrean jartzen da eta, aldi berean, udal ukituei entzunaldia ematen zaie.

I.-Aurrekariak eta aldaketarako proposamena.

Nafarroako Foru Komunitatean uhin elektromagnetiko ez-gidatuen bidezko telekomunikazioko oinarrizko estazioak antolatzeko maiatzaren 6ko 10/2002 Foru Legearekin bat, eta lege horren 9. artikulua betetzeko, lehendik dauden estazio finkoak eta sarea ezarri eta garatzeko aurreikuspenak biltzen dituen Azpiegiturei buruzko Lurralde Plana aurkeztu beharra ezartzen baitu, 2002ko azaroan Telefónica Móviles España, S.A. operadoreak bere jabetzako telefonia mugikorreko oinarrizko estazioen artxiboa aurkeztu zion Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuari. Geroago operadore horrek bere Azpiegiturei buruzko Lurralde Plana osatu du Nafarroako Foru Komunitaterako, lehendik dauden estazio finkoak eta sare osoaren ezarpen eta garapenerako aurreikuspenak biltzen dituena.

Nafarroako Gobernuak 2006ko ekainaren 19an hartutako Erabakiaren bidez, Telefónica Móviles España, S.A.k Nafarroako Foru Komunitaterako aurkeztutako Azpiegiturei buruzko Lurralde Planaren jendaurreko aldiaren tramitea ebatzi zen, eta Plan hori onestea telekomunikazioen arloko departamentu eskudunari zegokiola zehaztu zen. Erabaki hori 2006ko 87. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu zen, uztailaren 21ean.

Ondoren, Ekonomia eta Ogasun kontseilariak ekainaren 26an emandako 216/2006 Foru Aginduaren bitartez, Telefónica Móviles España, S.A.k aurkeztutako Azpiegiturei buruzko Lurralde Plana onetsi zen, zehaztapen batzuk erantsita. Foru agindu hori 2006ko 91. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu zen, uztailaren 31n.

219/2006 Foru Aginduan ezarritako zehaztapenetako batek honakoa dio:

"4. Operadoreek azpiegiturei buruzko lurralde planak aldatu edo eguneratzeko eskaeren berri eman behar diote telekomunikazioen arloko departamentu eskudunari.

Aldaketa horien ondorioz kokaleku berriak sortzen badira, gaurko azpiegituren kokalekua aldatzen bada edo eragin berri handiak agertzen badira, Lurralde Planaren aldaketa gisa tramitatu beharko dira. Gainerako aldaketak, aurreko lerroaldean aipatutakoak bezalako aldaketarik sortzen ez duten zerbitzu berrien ezarpenak barne, telekomunikazioen arloko departamentu eskudunari aurkeztuko zaizkio, gutxienez hilabete lehenago, planaren datu teknikoak kontrolatu eta eguneratzeko.

Zehaztapen hori ikusirik eta 10/2002 Foru Legearen 13. artikuluari jarraituz, Telefónica Móviles España, S.A.k 2006ko abenduan bere Azpiegiturei buruzko Lurralde Planaren aldaketa aurkeztu zuen, Planean 24 kokaleku gehiago eta 19 mikrozelula sartzeko. Geroago, 2007ko urrian eta abenduan, hurrenez hurren, operadoreak kokaleku berri bat, Izabakoa, eta Ezkirozko kokalekurako fitxa berri bat aurkeztu zituen.

Kokapen horiek ondoko udalak ukitzen dituzte: Aranguren, Basaburua, Baztan, Beriain, Berriobeiti, Cabredo, Eulate, Galar, Izaba, Txulapain, Larragoa, Lesaka, Marañón, Murillo el Cuende (Arrada), Noain-Elortzibar, Ollaran, Iruña, Gares, Erronkari, Tiebas-Muru Artederreta, Tutera, Bidankoze eta Zizur Nagusia.

II.-Emandako txostenak.

Nafarroako Gobernuko zenbait departamentuk Telefónica Móviles España, S.A.ren Azpiegiturei buruzko Lurralde Plana aldatzeko espedientearen gainean emandako txostenen laburpena emanen dugu ondoren.

II.1. Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentua.

2008ko urtarrilaren 16an, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuak txostena eman zuen aldaketa honi buruz. Aldaketaren bidez 14 instalazio gehiago sartu nahi dira lurzoru urbanizaezinean, 12 instalazio gehiago hiri lurzoruan eta 18 mikrozelula hiri lurzoruan. Ingurumenaren aldetik proposamen guztiekin ados agertu zen, baina haietako batzuei buruzko zehaztapenak egin zituen:

-Osatu eginen da, 10/2002 Foru Legeak eskatzen duen moduan, fitxa hauen dokumentazioa: Beruete OE, Iterrizoki/Belate UE, Eulate OE, Larragoa OE, P/Galerias eta Tutera/Azpiestazioa.

-Iterrizoki/Belate UE izeneko instalazioa behar bezala tramitatu ahal izateko, aurkeztu den fitxaren 2.10 puntua zuzendu behar da, intereseko naturgunerik ez izateari dagokionez.

-Beste estazio hauen kokalekuak gutxi gorabeherakoak dira: Ollakarizketa, Dorre-Elortzibar, Ollo/Egillor eta Ollaran. Estazio horiek behar bezala tramitatu ahal izateko, aurkeztutako fitxak osatu behar dira maiatzaren 6ko 10/2002 Foru Legeari jarraituz (10. artikulua).

-Marañón OE izeneko instalaziorako argindar linea lur azpikoa izanen da.

-P/Paulino Caballero izeneko instalaziorako, maiatzaren 6ko 10/2002 Foru Legearen 2. eranskinean agindutakoa eginen da, hau da, eremu sentikorretarako berariazko azterlana aurkeztu.

-Izabako kokalekua (Zanpori) baimentzen ahal da, zehaztapen honekin: ondorengo tramitean, Ingurumena babesteko esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legean ezarritakoari jarraituz, Ingurumen ukipenen azterlan zehatza aurkeztu behar da, Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzuko Habitaten Atalaren txostena barne.

Bestalde, 2007ko irailaren 10ean Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzuak aldeko txostena eman zion aldaketari. Hala ere, txostenean hau adierazi zuen: egin beharreko lur mugimenduek oihanetako lurzorua ukitzen badute, Oihanak Kudeatzeko Atalari jakinarazi beharko zaio, obrak hasi baino lehen.

Geroago, 2008ko otsailaren 27ko txostenean, Ingurumenaren eta Uraren Araubide Juridikoaren Atalak, Izabako kokalekuari buruz (Zanpori), adierazi zuen kokaleku hori Larrako erreserba naturalaren (RN-12) inguruko babes eremuan zegoela, eta, Telekomunikazioei buruzko azaroaren 3ko 32/2003 Lege Orokorraren arabera interes orokorreko azpiegitura izanik, baimena ematen ahal zitzaiola. Aurrekoaren ondorio gisa, txosten horrek zioen antena hori Azpiegiturei buruzko Lurralde Planean sartzea hasiera batean onar zitekeela, baina argi utzi behar zela ez zegoela artean instalaziorako baimenik, eta ez zitzaiola baimena nahitaez eman beharko. Halaber, txosten horretan adierazi zen antena ezartzeko proiektu zehatza egiten zenean Ingurumena babesteko esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legean ezarritako Ingurumen ukipenetarako baimenaren prozedura bete beharko zela eta ingurumen arloko agintaritzak erabakiko zuela prozeduraren emaitza, eragin zitezkeen ukipenak edo ezar zitezkeen zuzenketa neurriak ikusirik.

II.2. Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentua - Azpiegituren, Instalazioen eta Industria Segurtasunaren Zerbitzua.

Telekomunikazioen arloan, Azpiegituren, Instalazioen eta Industria Segurtasunaren Zerbitzua, 2008ko urtarrilaren 16ko txostenean, aurkeztutako proposamenaren alde agertu zen, oro har, Nafarroako Foru Komunitatean uhin elektromagnetiko ez-gidatuen bidezko telekomunikazioko oinarrizko estazioak antolatzeko maiatzaren 6ko 10/2002 Foru Legean agindutakoa betetzen zuela iritzita, telekomunikazioko oinarrizko estazioen eremu elektromagnetikoen esposizio mailetarako lege horretan ezarritako mugak barne.

Aurrekoa gorabehera, zerbitzu horrek zehaztapenak ezarri zituen kokaleku batzuetarako, lurzoru urbanizaezineko azpiegitura batetik bestera 2.000 metrotik beherako distantzia dagoenean azpiegiturak partekatu egin behar direlako, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak azaroaren 27an emandako 1324/2000 Foru Arauak, Telekomunikazioetako oinarrizko estazioak partekatzeko prozedura arautzen duenak, 2. artikuluan agintzen duenez. Distantzia hori, foru aginduaren arabera, laburtu egin daiteke salbuespen gisa eta, betiere, arrazoi tekniko bereziak egonez gero. Horren haritik txostenak dioenez, Beruete OE, Eulate OE, Ollaran Eulate, Ollo/Egillor eta Ollaran kokalekuetan ez dago arrazoi teknikorik 1324/2000 Foru Arauan ezarritako distantzia laburtzeko. Beraz, ez litzateke bidezkoa Telefónica Móvilesek proposaturiko azpiegitura berri horiek jartzea; aitzitik, lehendik dauden azpiegiturak partekatu behar lirateke.

II.3. Osasun Departamentua-Nafarroako Osasun Zerbitzua-Osasun Publikoaren Institutua.

2007ko uztailaren 30eko eta azaroaren 20ko txostenetan hau adierazi zuen:

"-Esposizio mailak maiatzaren 6ko 10/2002 Foru Legean (Nafarroako Foru Komunitatean uhin elektromagnetikoen bidezko telekomunikazioko oinarrizko estazioak antolatzen ditu) datozenak baino apalagoak dira. Horrela jaso da Ekonomia eta Ogasun Departamentuko Informazioaren eta Telekomunikazioen Gizartea Sustatzeko Zerbitzuak emandako txostenean.

Maiatzaren 6ko 10/2002 Foru Legeak, 5. artikuluaren 3. puntuan, honela dio Osasun Publikoaren Institutua dela eta: "Nafarroako Osasun Publikoaren Institutuak ikerketa epidemiologiko bat hasiko du Nafarroako Foru Komunitatean datu egiaztatuak izateko eta horien bidez zehaztasun handiagoarekin ezarri ahal izateko, ebidentzia zientifikoaren argitan, zein diren epe ertain eta luzera foru lege honek xedatutako esposizio muga handiago edo txikiagoak."

-Gure komunitatean dagoen populazio txikiagatik ezin da horrelako azterlanik egin, mota horretako azterlanei baliagarriak izateko eskatu behar zaizkien berme guztiekin.

-Osasunaren Mundu Erakundearen 2002ko urtarrilaren 23ko aitorpenak hauxe dio: "Berriki egindako ikerketan ez da ondorioztatzen sakelako telefonoek edo dagozkien oinarrizko estazioek igorritako irrati-frekuentzia eremuetan egotea osasunerako kaltegarria denik. Hala ere, azterketa horietan hutsuneren bat atzeman baita, zentzuzkoa da ikerketa berriak abiaraztea arriskuak hobeki baloratze aldera. 2007. urtean ikerketa horiek bukatu eta ebaluatuko direla aurreikusi da. Hortaz, ordura arte ezin izanen da osasunean jasaten ahal diren arriskuen gaineko behin betiko emaitzarik argitaratu."

-Erradiazio ez-ionizatzaileek osasunean dituzten eraginak ez daude ongi zehaztuta eta subjektiboak dira. Horregatik zaila da ikerketa epidemiologiko batean haiek modu objektiboan neurtzea.

-Egun, MOE, IARC (International Agency for Research on Cancer) eta beste erakunde batzuk gaia aztertzen ari dira. Nazioarteko ikerketa horien emaitzak izan arte itxoin behar dugu, izan ere, haien diseinu epidemiologikoa zabala eta lurraldeartekoa baita, bide emanen dute eraginari buruzko adierazleak modu fidagarriagoan aztertzeko.

-Populazio gune txikietan adierazle puntualek ausazko aldakortasun handia dutenez, herriak batu behar izaten dira aldakortasuna gutxitze aldera. Hala egiten dute MOE edo IARC bezalako nazioarteko erakundeek zentro askoren arteko ikerketetan.

-Nafarroan, orain arte, ezarritako gomendioak betetzen ari dira. Erakundeak egiten ari diren ikerketek osasunerako arriskuak zehaztasun zientifikoz baloratuko dituztelakoan, haien emaitzen esperoan gaude Gobernuari haiek gomendatutakoa proposatzeko.

-Ikerketa horiek bukatutakoan, osasunerako eraginak objektiboki frogatzerik izan, eta Nafarroan herritarrak eta eragin eremu diferenteak egonez gero, hasiera eman ahalko litzaioke mota horretako ikerketa bati, betiere, legeak zehazten duen modura, zehaztasun zientifikoan oinarrituta, epe ertain eta luzera.

Horren ondorioz eta maiatzaren 6ko 10/2002 Foru Legean xedatutakoaren ondoreetarako, aldeko txostena eman zaio Telefónica Móviles España, S.A. enpresak aurkeztutako Nafarroako Foru Komunitateko Azpiegituren Lurralde Planaren aldaketari, betiere Lurralde Planean agertzen diren oinarrizko estazio ezberdinen berariazko baimenei buruzko prozesuan 10/2002 Foru Legearen I. eta II. eranskinean ezarritakoa eta sentikortzat jotako gune edo lekuetarako ezarritako berariazko xedapenak betetzen direla justifikatzen bada."

Operadoreak bidalitako azken kokalekuari (Ezkirotz/Poligonoa) dagokienez, txostena eskatu zitzaion Osasun Departamentuari eta txosten horren ondorioak kontuan hartuko dira espedientea ebazterakoan.

II.4. Kultura eta Turismo Departamentua - Ondare Historikoaren Zerbitzua.

2007ko otsailaren 21ean eta abenduaren 20an, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalak aldeko txostenak egin zituen, espedientea tramitatzeko. Halaber, telefoniako hargailuak instalatzeko hautatutako kokalekuek Nafarroako Inbentario Arkeologikoan katalogatutako aztarnategi arkeologikoei eragiten ez zietela adierazi zuen.

Aurrekoa gorabehera, oroitarazi behar zaio sustatzaileari ezen, aurreikusitako lanetan, horren berririk izan ez eta aztarna arkeologikoren bat agertuko balitz, lanak gelditu eta horren berri eman beharko diola, berehala, Ondare Arkeologikoaren Bulegoari, ondare historikoaren alorrean indarrean dagoen legeriarekin bat (Nafarroako Kultur Ondareari buruzko azaroaren 22ko 14/2005 Foru Legearen 59. artikuluan eta Espainiako Ondare Historikoari buruzko ekainaren 25eko 16/1985 Legearen 43.3 eta 44. artikuluak). Halaber, adierazten du ezen, azaldu dioten bezala jokatzen ez badu, aipatu foru legearen 101.h artikulua aplikatzeko, oharpen hori ez betetzeagatik ondare historikoari gerta lekiokeen edozein ukipen arau-hauste larritzat joko litzatekeela.

Sustatzaileak aurkeztu dituen azken kokalekuei Departamentu honek ez die txostenik egin, lehendik diren kirol edo argindar instalazioetan daudelako.

III.-Edukia.

10/2002 Foru Legearen 10. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, ebatzi baino lehen, espedientea hurrengo informazioaz osatu beharko da:

-Instalazio berriak burutzeko programa eta egutegia.

-Erantzukizun zibilaren asegurua, aurreikusitako jarduerak eragin ditzakeen kalte-galerak hirugarrenei ordaindu beharra estaltzen duena.

-Informazio teknikoa eta sarearen eskema orokorra.

Horrenbestez, Lurraldearen Antolamenduko Batzordearen txostenarekin bat etorririk eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legean eta aplikatu beharreko gainerako arauetan xedatutakoari jarraikiz, Nafarroako Gobernuak, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak proposaturik, hauxe

ERABAKI DU:

1. Telefónica Móviles España, S.A.k aurkeztu duen Nafarroako Foru Komunitateko Azpiegiturei buruzko Lurralde Planaren aldaketa eta erabaki honen II. atalean aipatzen diren departamentuen txostenak jendaurrean jartzea eta instalazio horiek ukituko dituzten eremuetako udalei entzunaldia ematea. Bi tramite horiek batera eginen dira eta hilabete iraunen dute.

Hartarako, espedientea ikusgai egonen da interesdunen eskura Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuaren bulegoetan (Armada Etorbidea, 2, 3. maila, Iruña), eta epe horretan zilegi izanen da idatziz nahi adina alegazio aurkeztea.

2. Espedientea behin betiko onetsi aurretik, entitate sustatzaileak testu bategin bat aurkeztu behar du, paperean eta formatu digitalean, departamentuetako txostenetan eta erabaki honetako "III. Edukia" atalean azaldu diren gabezien eta hutsuneen ondoriozko aldaketak bilduko dituena.

Departamentuetako txostenetan azaldutakoari jarraikiz kokalekuei buruzko dokumentazioa osatzen edo zuzentzen ez bada, horiek planetik kanpo geldituko dira.

Espedientea behin betiko onetsi baino lehen, Telefónica Móviles España, S.A.k bere sarearen eskema orokorra aurkeztu beharko du, espediente honetako kokaleku guztiak eta onetsita dagoen Planekoak bilduko dituena. Halaber, kokaleku horien zerrenda aurkeztu beharko da euskarri informatikoan, guztien UTM koordenatuak adierazita.

3. Erabaki hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea eta udal hauei jakinaraztea: Aranguren, Basaburua, Baztan, Beriain, Berriobeiti, Cabredo, Eulate, Galar, Izaba, Txulapain, Larragoa, Lesaka, Marañón, Murillo el Cuende (Arrada), Noain-Elortzibar, Ollaran, Iruña, Gares, Erronkari, Tiebas-Muru Artederreta, Tutera, Bidankoze eta Zizur Nagusia, baita Ingurumenaren eta Uraren Zuzendaritza Nagusiari, Enpresa Zuzendaritza Nagusiko Azpiegituren, Instalazioen eta Industria Segurtasunaren Zerbitzuari, "Vianako Printzea" Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuko Ondare Historikoaren Zerbitzuari, Osasun Publikoaren Institutuari eta sustatzaileari ere, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2008ko apirilaren 28an.-Nafarroako Gobernuko kontseilari eta idazkaria, Javier Caballero Martínez.

Iragarkiaren kodea: F0806752