60. ALDIZKARIA - 2008ko maiatzaren 14a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.6. Beste batzuk

ERABAKIA, 2008ko apirilaren 21ekoa, Nafarroako Gobernuak hartua. Honen bidez Nafarroako Foru Komunitateko Azpiegituren Lurralde Plana, "Cableuropa, S.A.U.k aurkeztua, jendaurrean jartzen da eta, aldi berean, udal ukituei entzunaldia ematen zaie.

I.-Planaren aurrekariak eta helburua.

Azken urteotan telekomunikazioen merkatuan geroz eta liberazio handiagoa izan denez, asko handitu eta ugaritu dira konpainia operatzaileek zerbitzuak kalitatez emateko beharrezkoak diren elementu eta azpiegiturak. Foru Komunitate osoan zabaldu dira eta zabaltzen ari dira azpiegitura horiek, bai hiri inguruetan bai landa eremuetan, eta gure inguruneari lotuta ikusten ditugu.

Nafarroako Foru Komunitatean uhin elektromagnetiko ez-gidatuen bidezko telekomunikazioko oinarrizko estazioak antolatu eta planifikatzearren, herritarren osasunerako prebentzio eta babes neurriak hartzearren, azpiegitura horien ingurumen, begi eta hirigintza inpaktua gutxitzearren, maiatzaren 6ko 10/2002 Foru Legea onetsi zen (Nafarroako Foru Komunitatean uhin elektromagnetiko ez-gidatuen bidezko telekomunikazioko oinarrizko estazioak antolatzekoa).

Foru lege horrek halako estazioen instalazio eta funtzionamendurako baldintza eta muga batzuk ezartzen ditu, eta instalazioen kontrola eta aldizkako ikuskapena aurreikusten du. Esposizioko gehieneko mailak finkatzen ditu, Zientzia eta Teknología Ministerioak onetsitako araudian ezarritakoak baino zorrotzagoak, eta dituen helburuetako bat da instalazioak partekatu beharra, azpiegitura horien inpaktua arintzeko.

Halaber, ezartzen du operadoreek azpiegiturei buruzko lurralde plan bat -hemendik aurrera ALP- aurkeztu behar dutela, non gaur egun dauden estazio finkoak eta sare osoa ezarri eta garatzeko dauden aurreikuspenak azalduko diren; azpiegitura planak, 10/2002 Foru Legearen 10. artikuluaren arabera, ondoko informazioa azaldu beharko du laburbilduta, euskarri grafikoan eta euskarri informatikoan:

-Oro har: sarea garatzeko titulu gaitasun-emailea, instalazio berriak jartzeko programa eta egutegia, enpresa garapenaren nahiz lehiatzeko gaitasunaren gaineko eragina, bai eta Nafarroako Foru Komunitatearen lurralde nahiz gizarte kohesioaren hobekuntzaren gainekoa ere, erantzukizun zibileko asegurua, emandako zerbitzuei eta erabilitako teknologiei buruzko azalpena, eta informazio teknikoa eta sarearen eskema orokorra.

-Kokapen bakoitzari buruzko fitxa bat ere eginen da, ondoko datuekin gutxienez ere: lekuaren kokapena, sarbideak eta hornidurak, zoruaren hirigintza-kalifikazioa, ingurumen-ukipenak eta ondare historiko-artistikoak izanen dituen ukipenak, batera erabiltzeko aukera, azpiegiturarako proposaturiko konponbide teknikoaren justifikazioa eta zehaztasunak, kokalekuari buruzko azalpena, kota altimetrikoa, estaldura eremuak, frekuentzien tartea eta emisioaren potentzia, instalazioaren emisio elektromagnetiko handiena iristeko moduko lekuan, bai eta arretazko erabilerako leku hurbilenetan ere.

-Kokalekuei buruzko informazio grafikoa, UTM koordenadak erabiliz eta kartografiaren bitartez.

2008ko urtarrilaren 16an Cableuropa, S.A.U.k Nafarroako Foru Komunitaterako duen Azpiegiturei buruzko Lurralde Plana aurkeztu zuen, oinarrizko estazio bakarra aurreikusten duena, Iruñean.

Aurkeztutako planean kokaguneari buruzko berariazko fitxa eta erantzukizun zibileko aseguruaren ziurtagiria ageri dira.

II.-Emandako txostenak.

Ondoren, Nafarroako Gobernuko zenbait departamentuk Azpiegiturei buruzko Lurralde Planaren gainean emandako txostenen laburpena emanen dugu.

II. 1. Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentua.

2008ko otsailaren 5ean, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuak txostena aurkeztu zuen. Hona hemen haren edukiaren laburpena:

"Plana osatzeko, dokumentazio hau falta da:

-Administrazio eskudunak emandako titulu edo lizentziaren kopia, egin nahi den azpiegituren sarea garatzeko gaitasuna ematen duena.

-Enpresen arteko lehiakortasunean eta enpresa garapenean izanen dituen ondorioak eta, orobat, Nafarroako Foru Komunitatearen gizarte eta lurralde kohesioan izanen duen eragina.

-Sarearen eskema orokorra eta informazio teknikoa.

PdP Iruña kokalekua Cordovillako industrialdeko 3. nabean dago, Galarren (UTM koordenatuak: X: 611.258 Y: 4.738.635). Lurzati hori industriarako hiri-lurzoru gisa sailkaturik dago. Nabe bat da.

Eraikuntza hartuko duen lurzatiak, fitxan adierazi bezala, ez du eremu sentiberarik 100 metroko inguruan.

Hiri-lurzoruko estazio bat denez, naturgunearen gaineko ukipen adierazgarririk ez da egonen.

Begi-inpaktua moderatua da, izan ere, sareta gisako profilak dituen 20 metro luzeko metalezko dorre bat izan arren, industria nabe baten barrenean dago, eremu erabat humanizatu batean.

Estaziora joateko edo hornidura elektrikoaren sarea aztertzeko joan-etorrietan ez da inpakturik aurreikusten, eremu urbanizatua delako.

Aurkeztutako eskaera onesteko modukotzat hartu da, natur ingurunearen gaineko ukipenen ondorioetarako bakar-bakarrik."

II. 2. Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentua.

"Cableuropa, S.A.U.k" operadoreak aurkeztu duen Nafarroako Foru Komunitateko Azpiegiturei buruzko Lurralde Planaz den bezainbatean, eta, zehazki, telekomunikazioei dagokienez, Azpiegituren, Instalazioen eta Industria Segurtasunaren Zerbitzuak 2008ko otsailaren 29an aldeko txostena eman dio, oro har, Nafarroako Foru Komunitatean uhin elektromagnetiko ez-gidatuen bidezko telekomunikazioko oinarrizko estazioak antolatzeko maiatzaren 6ko 10/2002 Foru Legean bildutako eskakizunak betetzen dituelako, baita planean sartutako telekomunikazioko oinarrizko estazioen eremu elektromagnetikoen eraginpean egoteko lege hartan finkatutako mugak ere.

II. 3. Osasun Departamentua.

Osasun Departamentuari ere txostena eskatu zaio eta txosten horren emaitzak kontuan hartuko dira espedientearen gaineko ebazpena emateko.

Horrenbestez, Lurraldearen Antolamenduko Batzordearen txostenarekin bat, eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legeari eta aplikatu beharreko gainerako arauei jarraikiz, Nafarroako Gobernuak, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak proposaturik,

ERABAKI DU:

1. Nafarroako Foru Komunitateko Azpiegituren Lurralde Plana, "Cableuropa, S.A.U.k aurkeztua, eta erabaki honen II. atalean aipatzen diren departamentuen txostenak jendaurrean jartzea eta instalazio horiek ukituko dituzten eremuetako udalei entzunaldia ematea. Bi tramite horiek batera eginen dira eta hilabete iraungo dute.

Hartarako, espedientea ikusgai egonen da interesdunen eskura Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuaren bulegoetan (Armada Etorbidea, 2, 3. maila, Iruña), eta epe horretan zilegi izanen da idatziz nahi adina alegazio aurkeztea.

2. Behin betiko onespena eman aurretik, entitate sustatzaileak Lurralde Planaren testu bategina aurkeztu beharko du, paperean eta euskarri digitalean, Ingurumenaren eta Uraren Zuzendaritza Nagusiak egindako txostenean jasotako akatsak, hots, erabaki honen II. atalean agertzen direnak, zuzendurik emateko.

3. Erabaki hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea eta Iruñeko Udalari, Ingurumenaren eta Uraren Zuzendaritza Nagusiko Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuari eta Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzuari, Enpresa Zuzendaritza Nagusiko Azpiegituren, Instalazioen eta Industria Segurtasunaren Zerbitzuari, "Vianako Printzea" Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuko Ondare Historikoaren Zerbitzuari, Osasun Publikoaren Instituari eta sustatzaileari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2008ko apirilaren 21ean.-Nafarroako Gobernuko kontseilari eta idazkaria, Javier Caballero Martínez.

Iragarkiaren kodea: F0806312