59. ALDIZKARIA - 2008ko maiatzaren 12a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.1. Lurraldearen antolamendua eta hirigintza

ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2008ko apirilaren 21ean hartua, "Gasbidea, APA sarea Gares-Izarbeibar eremua" proiektua udalez gaindiko proiektu sektorial deklaratzen duena. Gas Natural Distribución, S.D.G., S.A. enpresak sustatu du.

I.-UPSaren aurrekariak eta helburua.

Ministroen Kontseiluak Argindar eta Gas Sektoreen Plangintza onetsi zuen 2002ko irailaren 13an. Plangintza horren helburua da data hartatik 2011. urtera bitarteko energia hornidurako eta kontsumoko premiei erantzutea. Azpiegitura plan horren hornidurako iturri nagusiak energia berriztagarriak eta gas naturala dira. Beraz, gas naturalaren kontsumoa egungo %12,2tik %22,5era haziko da eta, horretan oinarrituz, enpresa sustatzaileak aurreikusi du Nafarroako Foru Komunitatean gas naturalaren hornidura handitzea, bai industriarako bai etxeko erabilerarako.

Aurkeztutako espedientearen arabera, Gas Natural Distribución, S.D.G., S.A. enpresak aurreikusi du, Nafarroako Foru Komunitateko eta, zehazkiago, Garesko, Obanosko, Legardako, Muruzabalgo eta Utergako udalerrietako gas naturaleko eskaerari erantzunez, gasa goi presioan banatzeko azpiegitura eraikitzea, udalerri horiek eta haietan etorkizunean eginen diren industrialdeak gas natural kanalizatuz hornitzeko.

II.-Azpiegituraren azalpena.

Proposatu den gas hornidurarako azpiegiturak Garesko, Obanosko eta Legardako udal mugapeak okupatuko ditu, eta lurpetik joanen den altzairuzko eta DN6"-ko hodi bidez eginen da, gutxienez ere 16 bar-eko presioan.

Proposatutako trazadura lau adarretan banatuko da. Adar horiek honela izendatzen dira aurkeztu den proiektuan: adar nagusia, 1. adarra, 2. adarra eta 3. adarra. Guztira 8.898 m luze izanen da eta ENEGASen Faltzes-Irurtzun gasbideko balbulen kokagunetik abiatuko da. Kokagunea Garesko hirigunearen hego-ekialdean, udal hilerritik gertu dago.

Gasbidearen adar nagusia 4.978 m luze izanen da eta iparraldetik hegoaldera joanen da, ENAGASen Faltzes-Irurtzun gasbidearekiko paralelo, Garestik Obanoseraino. Azken udalerri horretan, Donejakue bidea, Robo ibaia eta NA-601 eta NA-6061 errepideak zeharkatuko ditu. Ondoren, Legardako udal mugapearen barruan, berdeguneetatik eta bideetatik, "Izarbeibarko jarduera ekonomikorako eremua" izeneko UPSa, tramitazioan dena, zeharkatuko du, eta aipatutako industrialdeko erregulazio armairu batean bukatuko da.

1. adarra, 3.142 metrokoa, Garesko udalerretik igaroko da. Adar nagusia bezala, hori ere ENAGASen Faltzes-Irurtzun gasbidearekiko paralelo joanen da, 5 metroko distantziara, eta Milagrotik Aezkoara doan altxonbidea zeharkatuko du.

2. adarra, 763 metrokoa, adar nagusitik abiatuko da, Obanosko hirigunearen ingurutik, eta NA-601 eta NA-111 errepideen arteko bidegurutzean bukatuko da, etorkizuneko Gares/Obanos industrialderako hargune batekin. Adar horren trazadura NA-601 errepidearekiko paralelo joanen da, eta Donejakue bidea, Ximindoa erreka eta NA-601 eta NA-111 errepideak zeharkatuko ditu.

3. adarra adar nagusitik abiatuko da eta Legardako udalerretik eta aipatutako "Izarbeibarko eskualdeko jarduera ekonomikoetarako eremua" izeneko UPSetik igaroko da.

Aurreikusten diren azken puntuek "Gares/Obanos" industrialdeko, "New Ark" paper industriako eta tramitazioan den "Izarbeibarko jarduera ekonomikorako eremua" izeneko UPSeko horniduraguneekin bat eginen dute. Puntu horietatik Garesko, Obanosko, Legardako, Muruzabalgo eta Utergako hiriguneetako harguneak aterako dira etorkizunean.

Pistak hamar metro izanen ditu zabal, eta, bertan, lan plataforma eta hondeaketatik ateratako materiala egonen dira. Gasbidearen alboan eta zangan bertan, telekomunikazio kableak eta telemandoa babesteko hiru hoditako kanalizazioa jarriko da. Instalazio osagarrien artean, hargune balbuletako kutxeta bat, ebakitze balbuletako hamar kutxeta eta hornidura elektrikorako hargunea duen babes katodikoko estazio bat eraikiko dira.

Instalazioa 10 astetan eginen dela kalkulatu da.

Azpiegitura egitearen eta ezartzearen ondorioz finka partikularretan zer ukituko den ageri da proiektuan:

1. Nahitaezko desjabetzea: lur gaineko instalazio finkoak eraikitzeko behar diren lurretan.

2. Zortasun iraunkorra:

-Bide zortasuna: hodiaren trazadura osoan, 3 m zabal.

-Trazadura-ardatzetik 5 metro baino hurbilago, bi aldeetan, edozein obra egiteko titularrari jakinarazi beharko zaio.

3. Aldi baterako okupazioa. Obrak egiteko beharrezkoak diren lurretan.

Gasbiderako aurreikusi den aurrekontua 1.498.000 eurokoa da.

III.-Hirigintzaren eta lurraldearen gaineko zehaztapenak eta egindako txostenak.

III. 0. Aurrezko gogoetak.

Hauek dira azpiegitura horren xedeak, aurkeztutako agiriaren arabera: gasez hornitzea Garesen eginen den "New Ark" paper industria, "Gares/Obanos" industrialdea eta "Izarbeibarko jarduera ekonomikorako eremua" izeneko UPSa , eta ahaleginak egitea hornidura hori etorkizunean Garesko, Obanosko, Legardako, Muruzabalgo eta Utergako hiriguneetaraino irits dadin.

Ildo horretan, sustatzaileari jakinarazten zaio azpiegitura ezin izanen dela gauzatu, harik eta adierazitako ezarpenen tramiteak burutzen ez diren arte.

Halaber, gasbidearen trazadurak, oro har Faltzes-Irurtzun gasbidearekiko paralelo joatea aurreikusten denak, "Izarbeibarko jarduera ekonomikorako eremua" izeneko UPSaren antolamenduan gasbide horrentzat hartzen den azken trazadurarekiko paralelotasun hori mantendu beharko du.

Bere aldetik, "Gares/Obanos" industrialdea behin betiko onetsi da baterako plan gisa, Etxebizitza eta Lurraldearen Antolamenduko kontseilariak uztailaren 27an eman zuen 398/2007 Foru Aginduaren bidez. Agindu horrek 2008ko apirilaren 9an indarra hartu zuen.

III. 1. Hirigintza planeamendua.

Proposatu diren instalazioak, oro har, lurzoru urbanizaezintzat jotzen dira, instalazio horiek eginen direneko herrietan indarra duten hirigintza planeamenduei jarraikiz. Planeamendu horiek aztertuta, mota guztietako lurzoru urbanizaezinen babes araubidea bat dator aurreikusitako azpiegiturarekin, alde batera utzita babesteko lurzoruei aplikatu beharreko araudi sektoriala.

Neurri txikiagoan, aurreikusitako azpiegiturak hiri lurzoruak eta lurzoru urbanizagarriak zeharkatuko ditu. Garesko udal mugapean, berriki onetsi den Obanos-Garesko baterako planaren esparrua ukitzen du. Planaren helburua industria eta zerbitzu sektorea garatzea da. Ezarpena berdegunetzat jotzen den eremu batean eginen da, eta, bertan, hargune bat paratzea aurreikusi da.

Obanosko udal mugapean, gasbidearen trazadurak ENAGASen Faltzes-Irurtzun gasbidearekiko paralelo jarraituko du. Bi trazadurek lurzoru urbanizagarri sektorizatugabeko bi esparru eta ezarritako herriko saihesbidea zeharkatuko dituzte, bertan dagoen gasbideak eta ez neurri handiagoan proposatutako gasbide berriak bultzatuta.

III. 2. Bestelako trazadurekiko bat-egiteak.

Bereziak dira gasbidea eta elementu esanguratsu hauek (dagozkien mota eta babesekin) gurutzatzen direneko puntuak:

-NA -601 (hiru gurutze), NA-6061 eta N-111 errepideak; zulaketa horizontal bidez.

-Robo ibaia eta Ximindoa erreka; aire zabalean.

-Donejakue bidea.

-Milagrotik Aezkoara doan altxonbidea.

Azpiegitura edo ibilbide horiek guztiak, bai eta ukituak gertatzen diren elektrikoak, gasezkoak nahiz telefonokoak eta beren zortasunak ere, kontuan izan beharko dira obrak egiten direnean.

III. 3. Ondare arkeologiko eta arkitektonikoa ukitzea.

Txostena eskatu zaio Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuko Ondare Historikoaren Zerbitzuari. Haren ondorioak kontuan hartuko dira espedientea ebazterakoan.

III. 4. Ibai ibilguak ukitzea.

Gas hodiak bere ibilbidean ibai, sakan, erreka eta erretenak gurutzatu behar baititu edo haietatik hurbil pasatu, sustatzaileari adierazi behar zaio arlo horretan eskumena duten erakundeen baimena beharko dela obrak egiteko.

III. 5. Errepide sarea ukitzea.

Herri Lan zuzendari nagusiak, 2007ko martxoaren 1ean, txostena eman zuen Nafarroako Foru Komunitateko errepide sareari buruz. Bertan, hainbat zehaztapen ezarri zituen gasbideak errepideak gurutzatzen dituenerako edo haiekiko paralelo doanerako. Beste determinazio batzuk ere ezarri zituen Errepideetarako II. Plan Zuzentzailean aurreikusi diren bi obra (oraindik burutu gabeak) eta gasbidearen obra koordinatzeko.

III. 6. Ingurumen arloko zehaztapenak.

Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendariak txosten hau igorri zuen 2008ko otsailaren 28an: "Gares-Izarbeibar eremuko (Nafarroa) APA 16 bar gas hornidura-sarea udalez gaindiko proiektu sektorial deklaratzeko tramitean, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuak ingurumenaren gaineko txostena igorri zuen, 2007ko azaroaren 13an. Bertan, aginduzko jendaurreko informazioaren aurretik, gehiago zehaztu beharreko zenbait auzi aipatzen ziren.

2007ko abenduaren 7an, sustatzaileak hasierako dokumentazioaren eranskina aurkeztu zuen. Hartan, aipatutako auziei laburki erantzun zien. Egiten ahal diren garrantzi gutxiagoko zenbait zehaztapen alde batera utzita, aipatu beharra dago eranskinaren eduki orokorrak agerian uzten duela sustatzaileak agertu duen jarrera egokia ingurumen eraginak saihesteko, eta aipatutako auziak aise kontrolatzen direla Ingurumena Zaintzeko Planean, hortaz, bidezko da ezarritako tramitearekin jarraitzea.

Horrenbestez, Lurraldearen Antolamenduko Batzordearen txostenarekin bat, eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legeari eta aplikatu beharreko gainerako arauei jarraikiz, Nafarroako Gobernuak, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak proposaturik,

ERABAKI DU:

1. "Gasbidea, APA sarea Gares-Izarbeibar eremua" proiektua udalez gaindiko proiektu sektorial deklaratzea, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legean ezarritako ondorioak izan ditzan. Proiektua Gas Natural Distribución, S.D.G., S.A. enpresak sustatu du.

2. Gasbidearen azken trazadurak Faltzes-Irurtzun gasbidearekiko paralelotasuna mantendu beharko du eta "Izarbeibarko jarduera ekonomikoetarako eremua" izeneko UPSaren antolamenduan gasbide horrentzat hartzen den azken trazadurara egokituko da.

3. Sustatzaileak bete beharko ditu Herri Lan Zuzendaritza Nagusiak 2007ko martxoaren 1ean eta Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuko Ondare Historikoaren Zerbitzuak emandako txostenetan ezarritako baldintzak.

4. Deklarazio horrek ez ditu deusetan galaraziko proiektua gauzatzeko behar diren baimen guztiak.

5. Espedientea, hogeita hamar eguneko epean, jendaurrean jarri eta proiektuak ukituko dituen eremuetako udalei entzunaldia egitea, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legean eta Ingurumena babesteko esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legean ezarritakoarekin bat.

Hartarako, espedientea ikusgai egonen da interesdunen eskura, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuaren bulegoetan (Armada Etorbidea, 2, 3. maila, Iruña), eta epe horretan zilegi izanen da idatziz nahi adina alegazio aurkeztea.

6. Erabaki hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea eta jakinaraztea Herri Lan Zuzendaritza Nagusiari, Kultur Ondarearen Zuzendaritza Nagusiari, Ingurumenaren eta Uraren Zuzendaritza Nagusiari, Nekazaritzako Azpiegituren Zerbitzuari eta Garesko, Obanosko, Legardako, Muruzabalgo eta Utergako udalei, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2008ko apirilaren 21ean.-Nafarroako Gobernuko kontseilari eta idazkaria, Javier Caballero Martínez.

Iragarkiaren kodea: F0806311