59. ALDIZKARIA - 2008ko maiatzaren 12a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

172/2008 FORU AGINDUA, apirilaren 22koa, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilarik emana, Nafarroako Foru Komunitatean tomatea belzten duen birusa edo "Tomato Spotted Wilt Virus (TSWV)" badela adierazi, organismo horren aurkako borroka onura publikoa dela aitortu eta horren kontrolerako neurriak hartzen dituena.

Landareentzako edo landarekientzako kaltegarriak diren organismoak Europar Batasunean ez sartzeko eta Europar Batasunaren barnean ez hedatzeko babes neurriak ezarri zituen 2000ko maiatzaren 8ko Kontseiluaren 2000/29/EE Zuzentarauak.

Urtarrilaren 21eko 58/2005 Errege Dekretuak landareentzako edo landarekientzako kaltegarriak diren organismoei Espainian eta Europar Batasunean sartzea eta beste estatu batzuetara esportatu edo haietan barna hedatzea eragozteko neurriak ezartzen ditu. Aipatutako errege dekretuko II. eranskineko A zatiko II. atalean, Europar Batasunean dauden eta Europar Batasun guztirako ondorio garrantzitsuak dituzten organismo kaltegarriak aipatzen dira. Horien artean, "Birusak eta antzeko organismoak" atalean, "Tomato Spotted Wilt Virus (TSWV)" delakoa edo tomatea belzten duen birusa agertzen da.

Organismo kaltegarri hori oso zabaldua dago Espainiako zenbait eskualdetan. Nafarroako Foru Komunitatean foku bakan batzuk aurkitu dituzte egindako kanpainetan, eta dagozkien neurri fitosanitarioak hartu dira, zabal ez daitezen. Dena dela, zaila da ohiko bitartekoen bidez "Frankliniella occidentalis"en tripsen aurka borrokatzea (organismo kaltegarri hori eraginkorren transmititzen duen bektorea da); horregatik, horren kontrola zehaztea ere zaila da.

Horrelako organismoen kasuan horiei aurre egiteko metodoek ez dutenez zerikusirik horien eragilearekin, eta kontuan izanik horrelako nahiz bestelako birosi gehienak intsektu bektoreek transmititzen dituztela, Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioak, ekainaren 12ko 1190/1998 Errege Dekretuaren esparruan (horren bidez barazkietarako kaltegarriak diren eta oraindik lur nazionalean egonkortu ez diren organismoak desagerrarazteko edo kontrolatzeko programa nazionalak arautu ziren), irailaren 27ko 1938/2004 Errege Dekretua onetsi zuen, barazkien birusak garraiatzen dituzten intsektuak kontrolatzeko programa nazionala ezartzeko. Horretan, nahitaezko neurrien artean honako hauek jaso dira, besteak beste: borroka biologikoa sustatzea, intsektu lagungarriekin bateragarriak diren gai aktiboak dituzten intsektiziden bidezko tratamenduak eta lugorriak belar gaiztorik eta barazki hondarrik gabe mantentzea.

Nafarroako Foru Komunitateari dagokionez, Landare osasunari buruzko martxoaren 23ko 4/2007 Foru Legeak antolatzen eta arautzen ditu Nafarroako laboreen babes fitosanitarioari buruzko alderdi guztiak. Aipatutako foru legearen III. kapituluan, izurriei aurre egin eta horiek kontrolatzeari dagokionez, aipatzen du, orokorrean, zein kasutan aitortuko den ofizialki badela izurri bat, eta horren kontrako borroka noiz izendatuko den onura publikoa. Kasu hauetan egiten ahalko ditu izendapen horiek Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak: esaterako, intentsitate, zabalkunde nahiz eskatutako teknikengatik ezohiko bitartekoak behar direnean, partikularrek beren gain ezin hartu dituztenak, edo populazioek eta zabalkundeak gorako erritmoa adierazten dutenean eta, hortaz, aurreikusten ahal denean eremu handia har dezaketela eta kalte ekonomiko handiak eragin.

Aipatu foru legeak, kapitulu horretan berean, abisu-estazioa arautu zuen, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak laguntza teknikorako duen tresna. Izurriak aurkitu eta horiei jarraipena egiteko da, bereziki garrantzi ekonomiko handia izaten ahal dutenen kasuan. Abisu-estazioko eginkizunak betetzen dituzten langileen lanak onartu eta erraztu behar dituzte nekazariek. Hori dena, nekazariek duten betebehar nagusia galarazi gabe, alegia, laboreak zaintzea egoera fitosanitario egokia izateko, organismo kaltegarrien ezohiko sintomak agertzen direnean administrazioari jakinaraztea eta ezartzen diren nahitaezko osasun neurriak betetzea.

Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariaren apirilaren 4ko 62/2005 Foru Aginduan aurreikusitako jarduerak zehaztea beharrezkoa da (foru agindu horren bidez laboreetako izurri eta gaitzen kontra borrokatzeko neurri fitosanitario nahitaezkoak eta gomendatuak ezarri ziren), organismo kaltegarriaren ezaugarrien arabera eta transmititzeko moduen eta kutsa daitezkeen laboreen arabera.

Organismo kaltegarriek eragindako arazo fitosanitarioei dagokienez, landareen osasunari buruzko berariazko arautegiez gain (Europar Batasunekoa, Estatukoa eta autonomia erkidegokoa), kontuan hartu behar da "higienearen paketea" delakoa osatzen duten Europar Batasuneko arauetan xedatutakoa. Europako Parlamentuak eta Kontseiluak 2002ko urtarrilaren 28an eman 178/2002 Erregelamenduaren bidez elikagaiei buruzko legeriaren irizpide eta betebehar orokorrak ezarri, Elikagaien Segurtasunerako Europako Agintaritza sortu eta elikagaien segurtasunari buruzko prozedurak zehaztu ziren. Elikagai eta pentsuen ekoizpen, eraldatze eta banatzearen etapa guztiei aplikatzen zaie, eta beren enpresan elikagai arloko baldintzak aplikatzearen ardura "elikagai eta pentsu enpresen ustiatzaileen" gain jartzen du.

Elikagaien higieneari buruzko Europako Parlamentuaren eta Kontsei- luaren apirilaren 29ko 852/2004 Erregelamenduko I. eranskineko (lehen ekoizpenari eta horrekin lotutakoei aplikatzeko higieneko xedapen orokorrei buruzkoa) A zatiko 5. zenbakian ezartzen da landarekiak ekoiztu edo biltzen dituzten elikagai enpresetan dihardutenek neurriak hartu beharko dituztela, besteak beste, ahal den neurrian animaliek eta izurriek kutsadura sor ez dezaten. Eranskin bereko 9. atalean xedatzen da landarekiak ekoiztu edo biltzen dituzten elikagai enpresetan dihardutenek erregistroak izan behar dituztela, landareetatik eratorritako produktuei eragiten ahal dieten izurri eta gaitzak jasotzeko, baita horietatik defendatzeko erabilitako bitarteko fitosanitarioak jasotzeko ere.

Lehen aipatutako arauak ez betetzeak ekar dezakeen erantzukizuna deusetan galarazi gabe, Kontseiluaren irailaren 29ko 1782/2003 Erregelamenduak (horren bidez xedapen orokorrak ezarri ziren Europar Batasunaren Nekazaritza Politikan zuzeneko laguntzarako araubideak aplikatzeari buruz) ezarri duenez, zuzeneko laguntzak jasotzen dituzten nekazariek kudeaketarako legezko beharkizunak bete beharko dituzte, eta, horien artean, 2006ko urtarrilaren 1etik aurrera aplikatzekoa da Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren urtarrilaren 28ko 178/2002 Erregelamendua.

Tomatea belzten duen birusa edo "Tomato Spotted Wilt Virus (TSWV)" delakoaren aurkako borroka onura publikoa dela adierazita, honako hauek zehaztu dira: aplikatzeko eremua, aplikatu beharreko neurri fitosanitarioak, bai nahitaezkoak bai gomendatuak, partikularrek bete behar dituzten beharkizunak eta jarduera plana. Halaber, abisu-estazioari agindu zaio birusa aurkitzeko azterketak eta kontrol sistematikoak egin ditzala.

Kutsatze maila larria gertatzen denean laborea erauzi eta suntsitzea jotzen da neurri fitosanitariorik egokiena. Neurri horrek dagokion kalte-ordaina izanen du. Era berean, gauzatan emateko laguntzak ezarri dira, diruz lagundutako zerbitzuen bidez. Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak emanen ditu zerbitzu horiek, zuzenean edo bere zerbitzuko erakundeen bitartez. Bi laguntza horiek Batzordeak 2006ko abenduaren 15ean emandako 1857/2006 EE Erregelamenduaren araberakoak dira. Nekazaritzako produktuak ekoizten dituzten enpresa txiki eta ertainetarako Estatuko laguntzei buruzko EE Tratatuaren 87. eta 88. artikuluak nola aplikatu azaltzen da aipatutako erregelamenduan, eta horren bidez 70/2001 EE Erregelamendua aldatzen da.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluak ematen dizkidan eskumenak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. artikulua. Helburua.

Hauxe da foru agindu honen helburua: Nafarroako Foru Komunitatean tomatea belzten duen birusa edo "Tomato Spotted Wilt Virus (TSWV)" (hemendik aurrera "organismoa") badela adierazi, organismo horren aurkako borroka onura publikoa dela aitortu eta hori kontrolatzeko jarduera plana onestea.

2. artikulua. Aplikazio eremua.

1. Azkeneko kanpainetan birusa eta horren eraso larriak zenbait herritan edo horietako eskualde zehatzetan aurkitu dira ofizialki. Hortaz, foru agindu honetan ezarritako neurriak bi eremutan aplikatuko dira:

-A eremua: ondoko herrien muga hauen barnean:

-Buñuel: 7. poligonoko lurzatiak.

-Ribaforada: honako eskualdeetako lurzatiak:

.1. poligonoan: Lodosako ubideak, ermitako bideak eta 2. poligonoak mugatutako lurzatiak.

.2. poligonoan: lurzati guztiak.

-Azagra: 6. poligonoan eta itsas mailaren gaineko 295 metrotik behera dauden lurzatiak.

-Azkeneko kanpainetan birusa aurkitu den lurzatiak. Foru agindu honetako I. eranskinean jaso dira.

-B eremua: Nafarroako Foru Komunitateko gainerako herriak.

2. A eremua tomatea, piperrak, uraza eta tabakoa ezartzeko gomendatzen ez den eskualde gisa sailkatu da. Gomendio horretatik salbuetsita daude Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak organismoa hobeki ezagutzeko eta horren kontrako beste borroka bide batzuk ezagutzeko egiten dituen saioak (beste erakunde batzuen bitartez egin ere).

3. artikulua. Jarduteko plana.

Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak honela jardunen du:

-Borrokarako beste metodo batzuk, esaterako borroka biologikoa, zehazteko ikerketa eta saiakuntzak egitea.

-Ustiategiei laguntza teknikoa ematea, organismoa aurkitzeko azterketak egiteko.

-Fauna lagungarria errespetatzen duten produktu fitosanitarioen erabilera sustatzea.

-Sektorerako prestakuntza jarduerak.

-Organismoa kontrolatzeko jarduerak landan.

4. artikulua. Neurri fitosanitarioak.

1. Organismoa eta hori garraiatzen duten intsektuak kontrolatzeko nahitaezko neurri fitosanitarioak (foru agindu honetako II. eranskinean zehaztu dira) Nafarroako Foru Komunitate osoan bete behar dira.

2. Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak II. eranskinean gomendatu diren neurriak nahitaezko bihurtzen ahal ditu, organismoa kontrolatzeko teknikoki justifikatutako beste batzuk ere har ditzake, eta, behar denean, neurriak gauzatuko ditu, zuzenean edo bere zerbitzuko erakundeen bidez, banakako ekintza taldekako ekintzarako oztopo izan daitekeenean eta eraginkortasuna galaraz dezakeenean. Hori dena Landare osasunari buruzko martxoaren 23ko 4/2007 Foru Legearen 17. artikuluan jasotako kasuetan.

5. artikulua. Organismoa aurkitzeko eta kontrolatzeko neurri fitosanitarioak.

1. Nafarroako abisu-estazioak azterketak eta kontrolak eginen ditu sistemaz, A eremuan bereziki, berezko edo landatutako barazkietan organismoa baden jakiteko, kutsatzeko arriskua duten honako hauen artean:

-Solanazeoen familia (tomatea, piperra, alberjinia, patata).

-Kukurbitazeoen familia (meloia, angurria, pepinoa, kalabazina).

-Kruziferoen familia (azak, brokolia, azalorea, erromaneskoa).

-Konposatuen familia (alkatxofa, kardua, uraza, eskarola, endibia).

2. Azterketen ondorioz organismoa aurkitzen bada, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak ukitutakoari jakinaraziko dio, organismoa ez zabaltzeko hartu beharreko neurrien berri emanen dio eta neurriak betetzen diren ikusteko behar diren egiaztapenak eginen ditu. Neurri horien artean, Landare osasunari buruzko martxoaren 23ko 4/2007 Foru Legearen 15. artikuluarekin bat, laboreak erabat edo zati batean erauzi eta suntsitu ahal izanen dira.

3. A eremuan ondoko kutsadura mailatik aurrera erabaki ahal izanen du Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak laboreak erauzi eta suntsitzea: nekazaritzako lurzatiko landareen %10 kutsatuak, lehenbiziko fruituak ernatu arte, fruituak ematen dituzten espezieetan, eta %20 gainerako sasoietan edo gainerako espezieetan.

4. B eremuan, balorazio teknikoak eginda ezartzen bada dagoen kutsatze mailarekin organismoa hedatzeko arrisku handia dagoela, laborea suntsitzea agintzen ahalko da. Uzta biltzeko eguna jotzen dena iristeko 20 egun edo gutxiago falta badira, laborea erauzi eta erabat suntsitu ordez biltzeko eguna aurreratzeko aukera ematen ahalko da.

Landareak banaka erauzi eta suntsitzea ere agintzen ahalko da.

6. artikulua. Partikularren betebeharrak.

1. Ustiategien titularrek eta defentsa fitosanitarioarekin zerikusia duten jardueretan aritzen diren nekazariek, merkatariek, teknikariek eta profesionalek berehalakoan jakinarazi beharko diote Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari organismo kaltegarrien sintomak ohiz kanpo agertzea, baita beste edozein gertaera ezohiko ere, eta, departamentuak hala eskatzen duenean, egoera fitosanitarioari buruzko era guztietako informazioa eman beharko dute.

2. Ukitutakoek gauzatuko dituzte foru agindu honetan ezarri diren nahitaezko neurriak eta ezartzen diren beste guztiak, eta, hala behar duenean, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko teknikarien arduradunen jarraibideei men eginen diete.

3. Ukitutakoek arestiko atalean aipatutako neurriak ez badituzte betetzen, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak beteko ditu subsidiarioki, Landare osasunari buruzko 4/2007 Foru Legearen 44. artikuluan xedatutakoarekin bat.

7. artikulua. Jarduteko plana betetzeko laguntzak.

1. Batzordearen 2006ko abenduaren 15eko 1857/2006 Erregelamenduaren 10. artikuluaren 1. atalean xedatutakoarekin bat, gauzatan emanen dira ikertzeko, saiakuntzak egiteko, ustiategietarako laguntza teknikorako, azterketak egiteko, argibideak emateko eta hezteko laguntzak, baita fauna lagungarria errespetatzen duten produktu fitosanitarioak sustatzeko laguntzak ere. Horretarako Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak zerbitzuak emanen ditu (diruz lagunduak), zuzenean edo bere zerbitzuko erakundeen bidez.

2. Laguntza, gordinean, ez da %100 baino handiagoa izanen.

3. Gastua egin edo galera erregistratu ondoren sartu beharko dira laguntzak kanpaina honetan. Edonola ere, gastua egin dela justifikatzeko unean ordainduko dira.

8. artikulua. Laboreak erauzi edo suntsitzeagatik ematen diren kalte-ordainak.

1. Batzordearen 2006ko abenduaren 15eko 1857/2006 Erregelamenduaren 10. atalaren 2. atalean xedatutakoari jarraiki, foru agindu honen III. eranskinean jasotako irizpide eta baremoen araberakoak izanen dira nekazariak konpentsatzeko kalte-ordainak, laboreak erauzi edo suntsitzeagatik izandako galerak direla-eta.

2. A eremuan ez denez gomendatzen 2. artikuluko 2. atalean aipatutako espezieak ezartzea, organismoak kutsatzeko arrisku handia izateagatik, organismoa ez hedatzeko hartu beharreko neurriek ez dute kalte-ordaina hartzeko eskubiderik sortuko.

3. B eremuan, soilik organismoa ez hedatzeko jarduerek kaltetutako neurrian ordainduko zaizkie kalte-ordainak ustiategien titularrei.

4. Neurri fitosanitarioak aplikatzeagatik izandako galerengatik ez da kalte-ordainik jasoko baldin eta nekazaritzako aseguru konbinatuen lerroek estaltzen badituzte ekoizpenak birosi arriskuaren aurrean. Era berean, ukituak ez du kalte-ordainik jasoko baldin eta Landare osasunari buruzko martxoaren 23ko 4/2007 Foru Legearen 19. artikuluan jasotako kasuren batean badago.

5. Kalte-ordaina sortu duen neurri fitosanitarioa gauzatu dela egiaztatu ondoren eginen da ordainketa.

Xedapen gehigarria.-Aurrekontuko zuzkidura.

1. Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren 2008ko gastuen aurrekontuko "Landaketak erauztegatik ematen diren kalte-ordainak" izeneko 71210 710000 4700 412100 kontusailaren kargura ordainduko dira foru agindu honen ondoriozko laguntzak eta kalte-ordainak. Horretarako 180.000 euro bideratuko dira.

2. Foru agindu honetan zehaztutako neurrien ondoriozko kalte-ordainek gainditzen badituzte ezarritako aurrekontuetako konpromisoak, arestiko atalean adierazitako kontusailean behar den kreditua prestatuko da.

Azken xedapena.-Indarra hartzea.

Foru agindu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2008ko apirilaren 22an.-Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilaria, Begoña Sanzberro Iturriria.

I. ERANSKINA

Azkeneko kanpainetan birusa agertu dela ofizialki egiaztatu den A eremuko lurzatien zerrenda

HERRIA POLIGONOA LURZATIA

ABLITAS 3 252

ABLITAS 1 2113

ABLITAS 3 166

AZAGRA 1 3099

AZAGRA 2 26

AZAGRA 6 104

AZAGRA 6 167

AZAGRA 6 1095

AZAGRA 6 5091

BUÑUEL 1 456

BUÑUEL 3 301

BUÑUEL 5 712

CABANILLAS 4 137

RIBAFORADA 1 35

RIBAFORADA 3 170

RIBAFORADA 4 286

RIBAFORADA 5 611

RIBAFORADA 5 827

RIBAFORADA 5 828

RIBAFORADA 6 974

SARTAGUDA 3 1341

II. ERANSKINA

Tomatea belzten duen birusa (TSWV) eta hori garraiatzen duten intsektuak kontrolatzeko nahitaezko neurriak eta neurri gomendatuak

1.-Nahitaezko neurriak.

1.1.-Orokorrak.

1.1.1.-Neurri fitosanitarioak.

1. Intsektu bektoreak izan daitezkeenen populazioei (bereziki Frankliniella occidentalis) jarraipena egitea eta horiek kontrolatzea eskura dauden borroka bide guztiekin, esku-hartzeko teknikarien irizpideei jarraituta. tratamendu kimikoen kasuan, toxikotasun txikienekoak eta fauna lagungarria gehien errespetatzen dutenak erabiltzea. Aplikazioak talde kimiko desberdinetako produktuekin txandakatzea.

2. Berotegietan intsektu bektoreei jarraipena egin eta horiek harrapatzeko tranpa kromotropikoak erabiltzea.

3. Berezko landaretzako guneak errespetatzea. Debekatua dago landaretza egonkorra duten landatu gabeko guneak produktu fitosanitarioekin tratatzea, fauna lagungarria mantentzeko.

1.1.2.-Neurri higienikoak.

1. Uzta bildu ondoren laboreen hondakinak suntsitu eginen dira. Ez utzi bertan behera landaketarik edo landare hondakinik, baldin eta izurrien bektorerik izaten ahal badute. Debekaturik dago landaketak bere horrela bertan behera uztea.

2. Landarekiak maneiatzen dituzten egokitze zentroek eta nekazaritzako elikagaien industriek, izurriaren bektoreak izaten ahal badituzte, hondakinak behar bezala suntsitu beharko dituzte, zabaldu ez daitezen. Debekaturik dago kanpoko aldean landare hondakinak isolamendu sistema egokirik gabe uztea, baldin eta birusarekin nahiz bektoreekin kutsatuta egoteko arriskua badute.

3. Alorretan, oro har, eta landaketen arteko aldietan, indartu eginen dira landare hondakinak eta flora arrotzak garbitzeko neurriak.

4. Intsektu bektoreek garraiatutako birusen aurrean honela jokatuko da:

-Birusak ukitutako landareak berehala erauzi eta suntsitu, bektoreak barreiatu ez daitezen.

-Uzta bildu ondoren labore hondakinak eta, hala denean, bektoreak berehalakoan suntsituko dira. Landaketak berotegian direnean: tenperaturak uzten duen urteko sasoietan, berotegiak itxiko dira landareak erabat lehor daitezen. Aldez aurretik intsektu bektoreen aurkako tratamendu intsektizida eginen da. Ondoren landare hondakinak behar bezala ezabatuko dira. Beste sasoi batzuetan bektoreen kontrako tratamendua egin eta labore hondakinak ezabatuko dira.

1.1.3.-Agronomia arloko neurriak.

1. Landare-materiala mintegi baimenduetan erosi behar da.

2. Dagokion pasaporte fitosanitarioa duen landare-materiala erabili beharko da.

1.2.-Mintegiak.

1.2.1.-Neurri higienikoak.

1. Erretilu, tresna eta material lagungarriaren osasun-kalitatea bermatuko da. Horretarako behar bezala garbitu eta desinfektatu beharko dira, ez badira erabilera bakarreko materialak.

2. Nabeetan eta ondoko kanpoko eremuetan garbitasunik handiena bermatzea. Ez dira landare-materialak metatuko, ezta desinfektatu gabeko tresna eta erretiluak ere.

3. Landare-material hondakinak eta substratuak sistema egokien bidez suntsitzea.

4. Instalazioetatik kanpoko langileek eskuz inolako kontakturik ez du izan beharko. Horretarako sarbidea mugatuko da.

5. Sarreran oinezkoentzako pasabide fitosanitarioa izanen da. Hartan desinfekzio sistema egokia mantenduko da.

6. Tomatea belzten duen birusa agertzen bada, ekoizpen unitateak landare-materialez arras hustu eta egitura eta tresnak desinfektatuko dira.

1.2.2.-Agronomia arloko neurriak.

1. Baratzeko landareen eta apaingarritarako landare edo bestelakoen ekoizpena fisikoki bereiztea.

2. Instalazioetan ustiategitik kanpoko landarerik sartzen bada, ekoizpen eremutik isolaturik mantentzea.

1.2.3.-Mintegiko landareen ekoizleek hartu behar dituzten beste neurri batzuk.

Plantulak produzitzen dituztenek betebehar hauek dituzte: landare-material osasuntsutik lortzea landare osasuntsuak, landareen ekoizle, merkaturatzaile eta inportatzaileen erregistro ofizialean izena ematea, dagozkien pasaporte fitosanitarioak ematea eta foru agindu honetan aurreikusitako neurriak betetzea.

Barazkien eta landare apaingarriak hazteko materialen ekoizleek landare-material osasuntsutik lortu behar dituzte landare osasuntsuak, eta horretarako betebehar hauek dituzte:

1. Osasun-bermea izateko behar diren neurriak hartzea hazi, ur, substratu eta bestelako ekoizpen bitartekoak erabiltzen direnean.

2. Instalazioaren barnean dauden hazi sorta bakoitzeko hazien identifikazioa mantentzea (espeziea, barietatea, lote zenbakia eta erakunde ekoizle edo inportatzailea). Erregistro batean jasoko dira kanpainan erabilitako hazi guztiak, baita hazi sorta bakoitzaren xedea ere, eta erosleari albarana emanen zaio.

3. Barazki-landareen eta ugalketarako materialen ekoizpen, eskuraketa eta merkaturatze erregistro bat izatea. Erosi den materialari buruzko informazio guztia jasoko da erregistro horretan, material hori instalazioetan biltzeko edo landatzeko izan nahiz ekoizteko prozesuan edo beste batzuei bidalia izan. Gainera, 1994ko urriaren 28ko aginduan ezarritako gainerako beharkizunak bete beharko dira (barazki-landareen eta barazkiak ugaltzeko haziak ez beste materialen ekoizpena eta merkaturatzea kontrolatzeko erregelamendu teknikoa) baita otsailaren 11ko 200/2000 Errege Dekretua ere (apaingarritarako landareak ugaltzeko materialak ekoiztea eta merkaturatzea kontrolatzen duen erregelamendu teknikoa).

2.-Neurri gomendatuak.

2.1.-Orokorrak.

1.-Labore-lerroen artean belar arrotzak agertzea saihestea.

2.-Hodiak eta egiturak desinfektatzea.

3.-Berotegietara nolanahi bisitak egitea saihestea.

4.-Berotegien sarreretan ate bikoitza edo atea eta sarea erabiltzea (gutxienez 10×20 hari/cm²).

5.-Borroka biologikorako bitartekoak erabiltzea.

6.-Solarizazioa gomendatzen da eta, berotegien kasuan, horretaz gain denbora batean ixtea, tenperatura igotzeko.

7.-Elkarrekin ez jartzea kutsatzeko arriskua duten laboreak.

8.-Haize-babesak erabiltzea.

2.2.-Mintegiak.

1.-Ekoizpen modulu edo unitateak halako moduan banatzea non erabat desinfektatzeko bidea emanen duten.

2.-Osasun-pasabidea prestatzea ibilgailuak instalazioetan sartzeko.

3.-Garraioak aldian behin desinfektatzea (ibilgailuak eta material lagungarriak).

4.-Langileak instalazioetara sartzeko osasun arloan behar diren neurriak hartzea eta jantzi eta zapata desinfektatuak eskura izatea.

III. ERANSKINA

Tomatea belzten duen birusa (TSWV) eta hori garraiatzen duten intsektuak kontrolatzeko neurri fitosanitarioak ekarritako kalteak konpentsatzeko kalte-ordainak

1.-Laboreak erauzi edo suntsitzea.

1.1.-Tomatea.

Kontuan harturik birosi arriskua sarturik dagoela Nekazaritza Aseguru Konbinatuko Planeko aseguru lerro konbinatuan eta tomate hazkuntzaren salbuespeneko kalteenean, ezartzen den kalte-ordaina baldintza honekin emanen da: landareak landatu eta errotzen diren unetik 10 lehenbiziko asteen ondoren eman izana laborea suntsitzeko agindua. Aseguruarengatik izan zitekeen kalte-ordainaren osagarria izanen da aipatutako kalte-ordaina, gehienez ere Aseguratutako Ekoizpenaren Balioaren (AEB) %15 edo Espero den Egiazko Ekoizpenaren Balioaren (EEEB) %15 (1), hori txikiagoa baldin bada.

Lehengo paragrafoan aipatutako aseguru lerroko aseguru poliza batean sartuta ez dauden lurzati ukituetan asegurua sinatzeko azken eguna hartuko da landaketa eguntzat, eta aseguratutako ekoizpenaren balioa (AEB) kalkulatzeko hauek hartuko dira kontuan:

-Kontuan hartuko da Nafarroako Foru Komunitatean dagokion kanpainan aipatutako aseguru lerroan aseguratutako hektareako etekin txikiena, edo lurzatian espero den egiazko ekoizpena, txikiagoa baldin bada.

-Aseguratu den batez besteko prezioa, aipatutako aseguru lerroan tomate motari dagokiona, xedearen arabera (zuritua edo beste erabilera batzuk).

1.2.-Tomatea berotegian.

1. Landaketako 10 lehenbiziko asteetan egindako jarduerak.

Landaketa egin eta landareak errotu direnetik kontatuko dira lehenbiziko 10 asteak.

Une horretaraino izandako ekoizpeneko kostu operatiboei dagokiena izanen da kalte-ordaina. Hala ere, ezin izanen du gainditu dagokion Nekazaritza Aseguru Konbinatuen Planeko aseguru konbinatuko eta tomatearen hazkuntzan hazkuntza babestuetarako salbuespeneko kalteetarako lerroko aseguru poliza batean sartuta dagoen lurzatiaren aseguratutako ekoizpenaren balioaren (AEB) %50, edo espero den egiazko ekoizpenaren balioarena (EEEB), AEB baino txikiagoa bada.

2. Lehenbiziko 10 asteak iragan ondoko jarduerak.

Ukitutako lurzatiari dagokion kalte-ordainaren zenbatekoa honela zehaztuko da:

I = Laguntza Modulua (euroak) x Laguntza Moduluari aplikatzeko Koefizientea (%).

Laguntza Modulua (euroak): dagokion Nekazaritza Aseguru Konbinatuen Planeko aseguru konbinatuko eta tomatearen hazkuntzan hazkuntza babestuetarako salbuespeneko kalteetarako lerroko aseguru poliza batean sartuta dagoen lurzatiaren AEB.

Lurzatiaren espero den egiazko ekoizpenaren balioa (EEEB) aseguratutako ekoizpena baino txikiagoa bada, kontuan hartuko dena lurzatiaren espero den egiazko ekoizpenaren balioa (EEEB) izanen da.

Laguntza Moduluari aplikatzeko koefizientea (%): honela zehaztuko da:

%50 + %5 lehen atalean aipatutako 10. astetik aurrera iragandako asteko edo zatikiko, eta %80 gehienez ere.

-Kalte-ordainaren gehieneko zenbatekoak ez du gaindituko 5 euro/m² landaketa normaletan eta 8 euro/m² landaketa hidroponikoetan.

-Dagokion kalte-ordainetik, dena dela, beste edozein aseguru araubidek emandako kalte-ordaina kenduko da.

3. Aseguru polizarik ezean kontuan izan beharrekoak.

Aipatutako aseguru lerroko aseguru poliza batean sarturik ez dauden ukitutako lurzatietan AEB honela zehaztuko da:

-Kontuan hartuko da Nafarroako Foru Komunitatean dagokion kanpainan aipatutako aseguru lerroan aseguratutako hektareako etekin txikiena, edo lurzatian espero den egiazko ekoizpena, txikiagoa baldin bada.

-Kontuan hartuko da Nafarroako Foru Komunitatean dagokion kanpainan aipatutako aseguru lerroan aseguratu den batez besteko prezioa.

-Aseguru sisteman aipamenik ez badago, datu horiek, landaketa eguna barne, departamentuak egokien jotako informaziotik jasoko dira.

1.3.-Piperrak.

1. Landaketako 10 lehenbiziko asteetan egindako jarduerak.

Landaketa egin eta landareak errotu direnetik kontatuko dira lehenbiziko 10 asteak.

Une horretaraino izandako ekoizpeneko kostu operatiboei dagokiena izanen da kalte-ordaina. Hala ere, ezin izanen du gainditu dagokion Nekazaritza Aseguru Konbinatuen Planeko aseguru konbinatuko piperrak kanpoan hazteko udaberriko eta udako barazkietako salbuespeneko kalteetarako lerroko aseguru poliza batean sartuta dagoen lurzatiaren aseguratutako ekoizpenaren balioaren (AEB) %50 edo piperrak berotegian hazteko hazkuntza babestuetako salbuespeneko kalteetarako lerrokoa, edo espero den egiazko ekoizpenaren balioarena (EEEB), AEB baino txikiagoa bada.

2. Lehenbiziko 10 asteak iragan ondoko jarduerak.

Ukitutako lurzatiari dagokion kalte-ordainaren zenbatekoa honela zehaztuko da:

I = Laguntza Modulua (euroak) x Laguntza Moduluari aplikatzeko Koefizientea (%).

Laguntza Modulua (euroak): dagokion Nekazaritza Aseguru Konbinatuen Planeko aseguru konbinatuko piperra hazteko udaberriko eta udako barazkietarako salbuespeneko kalteetarako lerroko aseguru poliza batean sartuta dagoen lurzatiaren AEB.

Lurzatiaren espero den egiazko ekoizpenaren balioa aseguratutako ekoizpena baino txikiagoa bada, kontuan hartuko den laguntza modulua lurzatiaren EEEB izanen da.

Laguntza Moduluari aplikatzeko koefizientea (%): honela zehaztuko da:

%50 + %5 lehen atalean aipatutako 10 lehenbiziko asteetatik aurrera iragandako asteko edo zatikiko, eta %80 gehienez ere.

-Kalte-ordainaren gehieneko zenbatekoak ez du gaindituko 6.878 euro/ha kanpoko landaketetan, 5 euro/m² berotegi normaleko landaketetan eta 8 euro/m² berotegi hidroponikoetako landaketetan.

-Dagokion kalte-ordainetik, dena dela, beste edozein aseguru araubidek emandako kalte-ordaina kenduko da.

3. Aseguru polizarik ezean kontuan izan beharrekoak.

Aipatutako aseguru lerroko aseguru poliza batean sarturik ez dauden ukitutako lurzatietan AEB honela zehaztuko da:

-Aipatutako aseguru lerroan asegurua sinatzeko azken eguna hartuko da piperrak kanpoan landatzeko eguntzat. Berotegiko piperretarako, frogagirietan oinarrituz zehaztuko da egun hori.

Kontuan hartuko da Nafarroako Foru Komunitatean dagokion kanpainan dagokion aseguru lerroan aseguratutako hektareako etekin txikiena, edo lurzatian espero den egiazko ekoizpena, txikiagoa baldin bada.

-Kontuan hartuko da Nafarroako Foru Komunitatean dagokion kanpainan aipatutako aseguru lerroan aseguratu den batez besteko prezioa.

Aseguru sisteman aipamenik ez badago, datu horiek Departamentuak egokien jotako informaziotik jasoko dira.

1.4.-Uraza.

1. Landaketako 5 lehenbiziko asteetan egindako jarduerak.

Landaketa egin eta landareak errotu direnetik kontatuko dira lehenbiziko 5 asteak.

Une horretaraino izandako ekoizpeneko kostu operatiboei dagokiena izanen da kalte-ordaina. Hala ere, ezin izanen du gainditu dagokion Nekazaritza Aseguru Konbinatuen Planeko aseguru konbinatuko urazaren hazkuntzarako salbuespeneko kalteetarako lerroko aseguru poliza batean sartuta dagoen lurzatiaren aseguratutako ekoizpenaren balioaren (AEB) %50, edo espero den egiazko ekoizpenaren balioarena (EEEB), AEB baino txikiagoa bada.

2. Lehenbiziko 5 asteak iragan ondoko jarduerak.

Ukitutako lurzatiari dagokion kalte-ordainaren zenbatekoa honela zehaztuko da:

I = Laguntza Modulua (euroak) x Laguntza Moduluari aplikatzeko Koefizientea (%).

Laguntza Modulua (euroak): dagokion Nekazaritza Aseguru Konbinatuen Planeko aseguru konbinatuko eta urazaren hazkuntzarako salbuespeneko kalteetarako lerroko aseguru poliza batean sartuta dagoen lurzatiaren AEB.

Lurzatiaren espero den egiazko ekoizpenaren balioa aseguratutako ekoizpena baino txikiagoa bada, kontuan hartuko den modulua lurzatiaren EEEB izanen da.

Laguntza Moduluari aplikatzeko koefizientea (%): honela zehaztuko da:

%50 + %5 lehen atalean aipatutako 5 lehenbiziko asteetatik aurrera iragandako asteko edo zatikiko, eta %80 gehienez ere.

-Kalte-ordainaren gehieneko zenbatekoak ez du gaindituko 6.389 euro/ha kanpoko landaketetan eta 2 euro/m² berotegiko landaketan.

-Dagokion kalte-ordainetik, dena dela, beste edozein aseguru araubidek emandako kalte-ordaina kenduko da.

3. Aseguru polizarik ezean kontuan izan beharrekoak.

Aipatutako aseguru lerroko aseguru poliza batean sarturik ez dauden ukitutako lurzatietan aseguratutako ekoizpenaren balioa honela zehaztuko da:

-Frogagirietan oinarrituz zehaztuko da landaketaran eguna.

-Kontuan hartuko da Nafarroako Foru Komunitatean dagokion kanpainan dagokion aseguru lerroan aseguratutako hektareako etekin txikiena, edo lurzatian espero den egiazko ekoizpena, txikiagoa baldin bada.

-Aipatutako aseguru lerroari dagokion batez besteko prezioa.

Aseguru sisteman aipamenik ez badago, datu horiek departamentuak egokien jotako informaziotik jasoko dira.

2.-Mintegietan erauzi eta suntsitzea.

Suntsitutako landareen merkatuko balioaren gehienez %80 ordainduko da kalte-ordain gisa. Apaingarritarako landareak ekoizten dituzten establezimenduen kasuan merkatuko balioaren gehienez %50 ordainduko da kalte-ordain gisa. Merkatuko balioa ezartzeko mintegiko salmenta-fakturak hartuko dira oinarri, antzeko landareena datarik hurbilenetan, eta, halakorik ezean, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak egokien jotzen dituen informazioak.

3.-Laboreak erauzi edo suntsitzeak dituen kostu erantsiak.

Bai landaketetan bai mintegietako landare-materialetan, ofizialki ezartzen denean landaketa erauzi edo mintegietako landare-materiala suntsitu aurretik herbizida eta/edo intsektizida tratamendua aplikatu behar dela, neurri eraginkorrena delakoan landaketaren suntsitzeko lanak errazteko eta/edo intsektu bektorea hedatzeko arriskua gutxitzeko, halakoetan aplikatutako produktu fitosanitarioen kostua konpentsatuko da. Horretarako faktura bidez justifikatu beharko dira, edo produktuaren kostua egiaztatzeko bidea ematen duen beste edozein bitarteko edo frogagiriren bidez. Nolanahi ere, zehaztutako dosian aplikatzeko beharrezkoa den produktu kantitatea konpentsatuko da.

4.-Tomatearen bilketa aurreratzea.

Kalte-ordaina kalkulatzeko, 1.1 puntuan zehaztutako AEBari edo EEEBari aplikatuko zaio saltzeko heldutasuna lortu ez duen tomatearen portzentajea, betiere heldutasuna lortu ahal izan balu, bilketa eguna aurreratu gabe.

(1) EEEB landan zehaztuko da, aseguru enpresaren perituak egindako tasazioaren bidez, edo, halakorik ezean, teknikari eskudunak egindakoaren bidez.

Iragarkiaren kodea: F0806333