56. ALDIZKARIA - 2008ko maiatzaren 5a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.2. Plantilla Organikoa, Lan Publikoaren Eskaintza, oposizioak eta lehiaketak

632/2008 EBAZPENA, apirilaren 11koa, Hezkuntza Departamentuko Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariak emana, erlijio katolikoko irakasleak 2008-2009 ikasturtean berrantolatzeko deialdia onesten duena.

Hezkuntza kontseilariak maiatzaren 28an emandako 64/2007 Foru Aginduak Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuaren mendeko ikastetxeetako erlijio irakasleen destinoak esleitzeko prozedura eta mugikortasuna arautzen ditu. Foru agindu hori Hezkuntza kontseilariaren uztailaren 3ko 80/2007 Foru Aginduaren bidez aldatu zen.

Aipatutako foru aginduaren laugarren oinarriak xedatzen duenez, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuaren mendeko ikastetxe publikoen ikasturte hasierako plantillan zehaztutako lanpostuak betetzeko, Giza Baliabideen Zerbitzuak apezpikuak proposatutako irakasleak esleituko ditu, oinarri horretan bertan xedatutako irizpideei jarraikiz.

Halaber, bosgarren oinarrian izangaiei ordezkapenetarako deitzea xedatzen da.

Foru agindu horren bigarren xedapen iragankorrean "Aurretiazko irakasle-esperientzia" izeneko I. ataleko merezimenduak baloratzeko aldi baterako sistema bat jasotzen da 2007-2008 ikasturterako, eta I. eranskinean hurrengo deialdietan aplikatu beharreko merezimenduen baremoa jasotzen da.

Horregatik, beharrezkoa da erlijio katolikoko irakasleak berrantolatzeko deialdia onestea "Aurretiazko Irakasle-esperientzia" izeneko I. ataleko merezimenduak langile kontratatu guztiei eta aldi baterako kontratazioetarako izangaien zerrendetan daudenei baloratzeko eta "Etengabeko prestakuntza" izeneko II. ataleko merezimenduak eta "Beste merezimendu batzuk" izeneko III. atalekoak, berriz, 2006ko irailaren 1etik 2007ko abuztuaren 31ra bitarte egin baldin badira bakar-bakarrik, Hezkuntza kontseilariaren maiatzaren 28ko 6472007 Foru Aginduaren I. eranskinean agertzen den baremoari jarraikiz.

Hori horrela, eta Hezkuntza Departamentuaren mendeko ikastetxeetan dauden langile beharrak ikusita, eta Hezkuntza Departamentuko Ikuskapenaren eta Zerbitzuen zuzendari nagusiaren irailaren 19ko 155/2007 Ebazpenaren bidez eman dizkidan ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Deialdi hau onestea:

Erlijio irakasleak berrantolatzeko deialdia, bai mugagabeko lan harremana dutenena, bai aldi baterako kontratazioetarako izangaien zerrendetan daudenena

Lehena.-Erlijio irakasle lanetan ari diren langile kontratatuek eta aldi baterako kontratazioetarako izangaien zerrendetan daudenek Hezkuntza kontseilariaren maiatzaren 28ko 64/2007 Foru Aginduaren bidez onetsitako beremoan agertzen diren merezimenduak justifikatzeko agiriak aurkeztu beharko dituzte. Foru agindu hori Hezkuntza kontseilariaren uztailaren 3ko 80/2007 Foru Aginduaren bidez aldatu zen gero. Erabiliko den baremoa ebazpen honen eranskinean ageri da.

"Aurretiazko irakasle-esperientzia" izeneko I. atalean 2007ko abuztuaren 31 bitarte egindako merezimendu guztiak baloratuko dira eta "Etengabeko prestakuntza" izeneko I. atalean eta "Beste merezimendu batzuk" izeneko III. atalean, berriz, 2006ko irailaren 1etik 2007ko abuztuaren 31ra bitarte egindakoak, bakar-bakarrik.

Bigarrena.-EGA (Euskararen Gaitasun Agiria) edo antzeko titulua aurkeztea.

Erlijio irakasleen euskarazko lanpostuetan aritu nahi duten langile kontratatuek eta aldi baterako kontratazioetarako izangaiek EGA (Euskararen Gaitasun Agiria) edo balio bereko titulurik gabe ageri badira zerrendetan eta titulu hori eskuratu badute zerrendetan sartu ondoren, zilegi izanen dute tituluaren fotokopia konpultsatua aurkeztea, eskabideak aurkezteko epe berean, eta horren arabera berrantolatuko dira titulazio hori dutenen zerrendako gainerako izangaiekin.

Hirugarrena.-Eskabideak eta dokumentazioa.

Merezimenduak frogatzen dituzten agiriekin batera, interesdunek "Berrantolamendua" eskabidea aurkeztu beharko dute.

1. "Aurretiazko irakasle-esperientzia" I. ataleko merezimenduak aurkeztea.

Izangaiek bide hauetako bat aukeratu beharko dute eta egindako hautuaren berri eskabidean emanen dute:

a) "Aurretiazko irakasle-esperientzia" I. ataleko merezimendu guztien egiaztagiriak aurkeztea. Dokumentazio horrek beren espediente pertsonalean dagoen guztia ordeztuko du.

Aukerabide hori hautatzen duten izangaiek interesdunek aurkeztutako merezimenduei dagokien balorazioa besterik ez dute lortuko.

b) Interesdunaren espediente pertsonalean dagoen dokumentazioa balora dezatela hautatzea, eta horri 2006ko irailaren 1etik 2007ko abuztuaren 31ra bitarte lortutako esperientzia besterik ez zaio gehituko

Kasu bietan, Giza Baliabideen Zerbitzuak ofizioz gehituko ditu Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuarentzat 2006ko irailaren 1etik 2007ko abuztuaren 31ra bitarte egindako zerbitzuak, izangaiak parte hartzeko eskabidean hala eskatzen badu.

Kasu bietan, departamentu honen mende ez dauden beste ikastetxe publiko edo pribatuetan jasotako esperientziaren dokumentazioa interesdunek aurkeztu beharko dute.

2. "Etengabeko prestakuntza" II. ataleko eta "Beste merezimendu batzuk" III. ataleko merezimenduak aurkeztea.

Izangaiek, bakar-bakarrik, 2006ko irailaren 1etik 2007ko abuztuaren 31ra bitarte egindako merezimenduen egiaztagiriak aurkeztu behar dituzte, ebazpen honen eranskinean agertzen den baremoari jarraikiz.

3. Merezimenduen baremoko "Beste merezimendu batzuk" izeneko III. atala horretarako izendatuko den batzordeak baloratzeari dagokionez, interesdunek merezimendu horien egiaztagiriak parte hartzeko eskabideari eransten zaizkion agirietatik bereiz aurkeztu beharko dituzte. Horretarako, berrantolaketa eskabidearekin batera emanen den fitxa bete beharko da.

4. Lan-harreman mugagabea duten erlijio irakasleek destino berria aukeratzeko lehentasuna izanen dute kontrataziorako izangai berrien aurretik, ebazpen honen eranskinean agertzen den merezimenduen baremoa aplikatuz lortzen duten puntuazioaren arabera.

Horretarako, berrantolamenduaren eskabidean adierazi beharko dute, behar den tokian.

Laugarrena.-Eskaerak aurkezteko epea.

Eskaerak aurkezteko epea hamar egun baliodunekoa izanen da, ebazpen hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Parte hartzeko eskabideak Hezkuntza Departamentuko Argibide eta Agiri Bulegoan eta Hezkuntza Departamentuaren web-orrian eskuratzen ahalko dituzte interesdunek: http://www.pnte.cfnavarra.es.

Bosgarrena.-Aurkezteko epea.

Parte hartzeko eskabidea eta dokumentazioa Hezkuntza Departamentuaren Erregistro Bulegoan aurkeztuko da edo, bestela, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 38. artikuluak aipatzen dituen tokietako edozeinetan. Eskaera posta bulego batean aurkezten dutenek, gutun-azal irekian egin beharko dute, posta funtzionarioak, gutuna ziurtatu baino lehen, zigilua eta data jar diezazkion eskabideari.

Seigarrena.-Interesdunek erantsitako dokumentazioaren konpultsak eta hizkuntza.

Aurkezten diren agiri guztietan izangaiaren izen-deiturak agertuko dira. Agiriak jatorrizkoen fotokopien bidez aurkeztea zilegi den kasuetan, fotokopietan hauetako batek egindako konpultsa-eginbidea agertuko da nahitaez: Hezkuntza Departamentuaren mendeko ikastetxeetako zuzendariak, Hezkuntza eta Kultura kontseilariaren maiatzaren 18ko 182/2001 Foru Aginduaren arabera (79. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALa, ekainaren 29koa), edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 38. artikuluaren 4. atalak aipatzen dituen organoak.

Gaztelaniara itzuli beharko dira atzerriko hizkuntza batean idatzitako agiriak eta beste autonomia erkidego bateko hizkuntza ofizial propioan idatzitakoak, euskarazkoak izan ezik, eta zinpeko itzultzaileek egindako itzulpenak izan beharko dira.

Merezimenduen baremoko I. eta II. atalen arabera izangaiei dagokien puntuazioa Giza Baliabideen Zerbitzuari atxikitako langileek finkatuko dute. III. atalean aurkeztutako merezimenduak, berriz, horretarako izendatuko den organoak baloratuko ditu.

Zazpigarrena.-Berdinketak hausteko irizpideak.

Zerrendaren batean izangaien arteko puntu-berdinketarik gertatzen bada, ebazpen honen eranskineko baremoko ataletan, hurrenez hurren, ateratako puntuaziorik handiena hartuko da aintzat, bertan ageri diren hurrenkera berean hartuz. Berdinketak halere irauten badu, azpiataletan ateratako puntuazioa hartuko da aintzat, baremoan ageri diren hurrenkera berean hartuta haiek ere. Atalen kasuan, aintzat hartzen den puntuazioa ez da inoiz izanen atal bakoitzari baremoak ematen dion puntuaziorik handiena baino gehiagokoa. Berdinketa hausteko baremoko azpiataletako puntuazioa kontuan hartu beharra badago, haietako bakoitzean izandako guztirako puntuazioa hartuko da aintzat.

Hala badagokio, eta berdinketa hausteko azken irizpidetzat, betebehar gisa aurkeztu den tituluaren ikasketen espedienteko batez besteko nota eta lehen deituraren hurrenkera alfabetikoa erabiliko dira eta, behar izanez gero, bigarren deiturarena (kontuan harturik zozketa bat eginen dela Giza Baliabideen Zerbitzuan finkatzeko zer letratatik hasiko den kontatzen).

Zortzigarrena.-Behin-behineko zerrendak.

Eskabideak aurkezteko epea amaiturik, eta izangaien merezimenduak ebazpen honen eranskinean ezarritako merezimendu baremoaren arabera baloratu ondoren, Giza Baliabideen Zerbitzuak jendaurrean jarriko ditu bai Argibide eta Agiri Bulegoan bai Hezkuntza Departamentuaren web-orrian (http://www.pnte.cfnavarra.es) ondoko zerrenda hauek onesten dituen ebazpena, izangai bakoitzaren puntuazioa adierazita:

-Lan-harreman mugagabea duten irakasleen behin-behineko zerrenda.

-Lan-harreman mugagabea izanik, 2008-2009 ikasturtean destino berria lortu nahi duten irakasleen behin-behineko zerrenda.

-Aldi baterako kontratazioen bitartez, 2008-2009 ikasturtean irakasle lanpostuak bete nahi dituzten izangaien behin-behineko zerrenda.

-Bazter utzi diren izangaien zerrenda eta baztertzearen arrazoia.

Behin-behineko zerrenda horiek onesteko ebazpena argitaratzearekin ulertuko da interesdunei egin beharreko jakinarazpena egin dela, azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 59. artikuluan aurreikusten diren ondorioetarako.

Zerrenda horien kontra interesdunek zilegi izanen dute erreklamazio idazkiak aurkeztea argitaratu eta biharamunetik hasita bost egun naturaleko epean.

Izapide horretan ezin izanen dira inolaz ere zuzendu merezimenduak frogatzen dituzten agiriak.

Bederatzigarrena.-Behin betiko zerrendak.

Interesdunek egindako erreklamazioak ebatzi ondoren, Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariak ondoko zerrendak onesteko ebazpena emanen du, izangai bakoitzaren puntuazio eta guzti:

-Lan-harreman mugagabea duten irakasleen behin betiko zerrenda.

-Lan kontratu mugagabea izanik, 2008-2009 ikasturtean destino berria lortu nahi duten irakasleen behin betiko zerrenda.

-Aldi baterako kontratazioen bitartez, 2008-2009 ikasturtean irakasle lanpostuak bete nahi dituzten izangaien behin betiko zerrenda.

-Bazter utzi diren izangaien behin betiko zerrenda eta baztertzearen arrazoia.

Ebazpen hori argitara emanen da Hezkuntza Departamentuko Argibide eta Agiri Bulegoan (Santo Domingo kalea, zk.g., Iruña) eta Hezkuntza Departamentuaren webgunean: www.pnte.cfnavarra.es.

Behin betiko zerrenda horiek onesten dituen ebazpena argitaratzearekin ulertuko da interesdunei egin beharreko jakinarazpena egin dela, azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 59. artikuluan aurreikusten diren ondorioetarako.

Ebazpen horren kontra interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahal dute, Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

2008-2009 ikasturteko destinoak esleitu aurretik, 2007-2008 ikasturtean egon diren ikastetxean beharrik ez egoteagatik 2008-2009 ikasturtean destino berria aukeratu behar duten irakasle kontratatu finkoen zerrenda argitaratuko da.

Langile horiek destino berria aukeratzeko lehentasuna izanen dute destino berria lortu nahi duten irakasle kontratatu finkoen aurretik eta kontrataziorako izangai berrien aurretik, ebazpen honen eranskinean agertzen den merezimenduen baremoa aplikatuz lortzen duten puntuazioaren arabera.

Hamargarrena.-Erlijio irakasle gisa aldi baterako kontratatzeko izangai berriak onartzea.

Giza Baliabideen Zerbitzuak ahalmena izanen du 2008-2009 ikasturtean sortzen diren zerbitzu beharrak aldi baterako kontratazioen bitartez betetzeko izangai berriak onartzeko, apezpikuak proposaturik.

Apezpikuak erlijio irakasle gisa aldi baterako kontratuen bidez aritzeko izangai berrien zerrenda bat proposatuko dio Giza Baliabideen Zerbitzuari, oinarri honetan xedatutakoari jarraikiz.

1. Apezpikuak proposatzen dituen kontratatugaiek baldintza hauek bete beharko dituzte:

1. Betebehar orokorrak:

a) Espainiarra izatea edo Europar Batasuneko gainerako estatuetako batekoa, edo ondoko arauak aplikatuak dituen estaturen batekoa: langileen joan-etorri askeari buruz Europako Parlamentuak emandako 2004/38/EE Zuzentaraua eta Europar Batasuneko edo Europako Esparru Ekonomikoari buruzko Akordioari lotutako beste estatu batzuetako herritarrak Espainian sartu eta bizitzeari eta horien joan-etorri askeari buruzko otsailaren 16ko 240/2007 Errege Dekretua.

Ezkontideak ere parte har dezake, zuzenbidez bananduta ez badaude, bai eta bere ondorengoek eta ezkontidearenek ere, zuzenbidez bananduta ez badaude eta, ondorengoei dagokienez, hogeita bat urtetik beherakoak badira edo, zaharragoak izanez gero, haien bizkar bizi badira edo ezgaiak badira. Halaber, izangaiaren aurreko ahaide zuzenek eta haren ezkontidearenek parte hartzen ahal dute, zuzenbidez bananduta ez badaude eta haren kargura bizi badira.

Espainiako nazionalitatea ez badute, izangaiek gaztelania maila zehazteko proba bat egin beharko dute, baldin eta ez badute atzerritarrentzako Espainieraren Goi Mailako Diploma, edo hizkuntza eskola ofizial batek emandako atzerritarrentzako Espainieraren Gaitasun Agiria edo filologia hispanikoko edo erromanikoko lizentziadun titulua, edo titulua eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren ziurtagiria.

b) Hemezortzi urte beteak izatea eta eskuarki erretiroa hartzeko ezarritako adina ez izatea.

c) Bere eginkizunak betetzea galarazten dion eritasunik edo muga fisiko edo psikikorik ez izatea.

d) Zehatua edo diziplina espediente bidez bereizia ez izatea, eta ez egotea desgaitua edo zuzenbidearen arabera baztertua eginkizun publikoetan aritzeko.

Espainiakoa ez beste nazionalitatea dutenek ere diziplina-zehapen edo zigor arloko kondenaren bidez haien jatorriko estatuetako funtzioetan aritzeko gabetuta ez daudela egiaztatu beharko dute.

2. Berariazko betebeharrak:

1. atalean ezarritako baldintza orokorrak betetzeaz gainera, izangaiek baldintza hauek bete beharko dituzte, kontratatuak izan baino lehen: irakaskuntza ez-unibertsitarioko irakasle funtzionarioei hezkuntza maila bakoitzean aritzeko eskatzen zaizkien titulu eta gainerako betekizun berberak biltzea, Hezkuntzari buruzko Lege Organikoan aipatu bezala; apezpikuak irakasgai hori emateko proposatua izatea eta apezpikuak luzatutako egokitasun aitorpena edo ziurtagiri baliokidea edukitzea.

3. Euskara titulua.

Euskarazko lanpostuetan aritzeko izangai zerrendetan sartzeko, titulu hauetakoren bat eduki beharko da: irakasle titulua (euskal filologia espezialitatea), euskal filologiako lizentziadun titulua, EGA titulua (Euskararen Gaitasun Agiria), Euskaltzaindiaren Gaitasun Agiria, Hizkuntza Eskola Ofizial batek luzatutako Euskararen Gaitasun Agiria edo baliokidetzat jotzen den titulu bat.

Hala ere, titulu hori izan ez eta lanpostu horietan aritu nahi dutenek proba bat gainditu beharko dute, behar adinako maila duten ala ez erabakitzeko. Proba horren edukia eta ezaugarriak Euskararen Nafar Institutuak finkatuko ditu.

Proba gainditzen duten izangaiak EGA edo balio bereko beste titulu baten jabe direnen zerrenda berean sartuko dira, baina haien ondoren.

EGA edo antzeko titulua euskarazko jakite-maila neurtzeko probak baino lehen lortzen duten izangaiek probaren egunean kreditatzen ahalko dute epaimahaiaren aurrean, proba hori ez egiteko. Izangaiak berrantolatzeko geroko deialdietan, EGAren edo antzeko tituluaren fotokopia konpultsatua aurkeztu beharko dute, zerrenda horietan titulu hori daukaten beste izangaiekin batera berriro antolatzeko. Hala ere, 2008-2009 ikasturtean EGA edo antzeko titulua eduki eta parte hartzeko eskabidearekin batera frogatu dutenen ondoren sartuko dira zerrendan.

4. Aipatutako baldintza guztiak eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean bete behar dira eta Administrazioak zerbitzu ematen hasteko deitzen duen unera arte izan, baita kontratatua zerbitzu ematen aritzen den denboran ere.

5. Izangai berrien lehentasun ordena.

Izangaiak dagozkien zerrendetan sartuko dira, ebazpen honen eranskinean agertzen den mezimenduen baremoa aplikatuta lortutako puntuazioaren arabera dagokien hurrenkeran. Horretarako, 2007ko abuztuaren 31 arte egindako merezimenduak besterik ez dira kontuan hartuko.

6. Eskabideak aurkezteko epea.

Eskaerak aurkezteko epea hamar egun baliodunekoa izanen da, apezpikuak egindako proposamena izangaiari jakinarazi eta biharamunetik hasita.

Parte hartzeko eskabideak Hezkuntza Departamentuko Argibide eta Agiri Bulegoan eta Hezkuntza Departamentuaren web-orrian eskuratzen ahalko dituzte interesdunek: http://www.pnte.cfnavarra.es.

7. Eskaerak eta agiriak.

Apezpikuak proposatutako izangaiek parte hartzeko eskabidea aurkeztu beharko dute Hezkuntza Departamentuko Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariari zuzendua. Bertan, zein mailatan aritu nahi duten, horretarako gaituta dauden eta zein hizkuntza erabiliko duten (gaztelania edo euskara) adierazi beharko dute.

Izangaiek agiri hauek aurkeztu beharko dituzte, parte hartzeko eskabidearekin batera:

1. Nortasun Agiri Nazionalaren edo nortasun agiri baliokidearen fotokopia konpultsatua. Agiri hau DIN-A4 paperean aurkeztuko da. Espainian bizi diren atzerriko izangaiek ondoko hauek aurkeztu beharko dituzte: beren nortasun agiriaren edo pasaportearen fotokopia konpultsatua eta Europar Batasunean bizi delako indarreko txartelarena edo Europar Batasunean bizi den baten ahaidea izatearen indarreko txartelarena edo, kasuaren arabera, Europar Batasunean aldi baterako bizi delako indarreko txartelarena edo Europar Batasuneko mugaz gaindiko langilearena.

Europar Batasuneko herrialdeetakoak diren izangaiek, ez badira Espainian bizi, atzerrian bizi direlako edo Espainian egonaldi erregimenean daudelako, nortasun agiri nazionalaren edo pasaportearen fotokopia konpultsatua aurkeztu beharko dute.

Aurreko horien ahaideek ondoko agirien fotokopia konpultsatua aurkeztu beharko dute: pasaportearena, bisatuarena eta, kasuaren arabera, behar den txartela eskatu izanaren gordekinarena edo bisatuaren salbuespena eskatu izanaren gordekinarena eta dagokion txartelarena. Agiri horiek eskatu ezean, agintaritza eskudunek ahaidetasun lotura egiaztatzeko emandako agiriak aurkeztu beharko dituzte, baita, zein espainiarrekin edo Europar Batasuneko zein herritarrekin duten ahaidetasun lotura, horren zinpeko aitorpena edo hitzematea ere, non adieraziko duen bere ezkontidearengandik zuzenbidez bananduta ez dagoela eta, kasuaren arabera, izangaia bere bizkar bizi dela edo bere kargupean dagoela. Bestela, izangaiaren egoera frogatzeko beste agiri batzuk, Europar Batasuneko edo Europako Esparru Ekonomikoari buruzko Akordioari lotutako beste estatu batzuetako herritarrak Espainian sartu eta bizitzeari eta horien joan-etorri askeari buruzko otsailaren 16ko 240/2007 Errege Dekretuaren arabera.

Deialdian parte hartzeko eskabidean, nazionalitate espainiarra ez duten izangaiek "Nortasun Agiri Nazionalari" dagokion laukian adierazi beharko dute beren estatuko Nortasun Txartelari dagokion zenbakia edo pasaportearena. Halaber, zein nazionalitate duten adierazi beharko dute eta gaztelaniaren jakite maila frogatzeko azterketa egitetik salbuetsiak dauden ala ez.

2. Ebazpen honen eranskineko baremoan agertzen diren merezimenduen egiaztagiriak; 2007ko abuztuaren 31ra arte egindakoak baizik ez dira aintzat hartuko eta data horretatik aurrerakoak ez dira puntuatuko.

Baremoko "Beste merezimendu batzuk" izeneko III. atalari dagokiona horretarako izendatutako batzordeak edo batzordeek baloratzeari begira, interesdunek merezimendu horien egiaztagiriak parte hartzeko eskabideari eransten zaizkion agirietatik bereiz aurkeztu beharko dituzte. Horretarako, parte hartzeko eskabidearekin batera emanen den fitxa bat ere bete beharko da. Atal horren 1. puntuan, 1990eko irailaren 1etik aurrera egindako etengabeko prestakuntza baizik ez da baloratuko.

3. Zinpeko aitorpena edo hitzematea, horren bidez adierazteko izangaia ez dagoela diziplina espedientearen bidez inongo administrazio publikotatik bereizita eta ez dagoela eginkizun publikoak betetzeko ezgaituta.

Espainiakoa ez beste nazionalitatea dutenek ere diziplina-zehapen edo zigor arloko kondenaren bidez haien jatorriko estatuetako funtzioetan aritzeko gabetuta ez daudela egiaztatu beharko dute.

4. Aukeratutako hezkuntza mailan irakasle lanetan aritzeko eskatzen den tituluaren fotokopia konpultsatua edo titulua eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren ziurtagiria. Halaber, egokitasun aitorpena duela frogatzen duen egiaztagiriaren fotokopia konpultsatua aurkeztu beharko da.

Titulua atzerrian eskuratu bada, horren fotokopia konpultsatua aurkeztuko da, eta horrekin batera homologatuta dagoela egiaztatzen duen agiria.

5. Nazionalitate espainiarra ez badute, aurkeztu beharko dute atzerritarrentzako Espainieraren Goi Mailako Diplomaren fotokopia konpultsatua, edo hizkuntza eskola ofizialek emandako atzerritarrentzako Espainieraren Gaitasun Agiria edo filologia hispanikoko edo erromanikoko lizentziadun titulua, edo titulua eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren ziurtagiria. Titulazio hori aurkeztu ezean, gaztelania proba egin nahi dutela adieraziko dute parte hartzeko eskabidean.

6. Euskarazko lanpostuak eskuratu nahi izanez gero, titulu hauetakoren baten fotokopia konpultsatua: irakasle titulua (euskal filologia espezialitatea), euskal filologiako lizentziadun titulua, EGA titulua (Euskararen Gaitasun Agiria), Euskaltzaindiaren Gaitasun Agiria, Hizkuntza Eskola Ofizial batek luzatutako Euskararen Gaitasun Agiria edo baliokidetzat jotzen den titulu bat. Titulazio hori aurkeztu ezean, euskara proba egin nahi dutela adieraziko dute parte hartzeko eskabidean.

8. Hizkuntza maila neurtzeko probak eta epaimahaiak.

Osatuko diren epaimahaiek deialdia eginen dute euskara edo gaztelania maila erakusteko proba bat gainditu behar duten izangaientzat, probak egiteko tokia, eguna eta ordua adierazteko.

9. Izangai berriei ebazpen honen bosgarren oinarritik bederatzigarrenera bitarte xedatutakoa aplikatuko zaie.

Hamaikagarrena.-Behin eratu direlarik ebazpen honetan ezarritako irizpideen arabera kontratatzeko izangaien zerrendak, izangaiei deitzeko sistema, inor zerrendetatik kentzeko irizpideak eta kontratazio horrekin lotutako beste zenbait alderdi finkatzeko, Hezkuntza kontseilariaren maiatzaren 28ko 64/2007 Foru Aginduak xedatzen duena hartuko da aintzat. Foru agindu hori Hezkuntza kontseilariaren uztailaren 3ko 80/2007 Fotu Aginduak aldatu du.

Hamabigarrena.-Ebazpen honen kontra interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahal dute, Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariari zuzendua, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

Hori guztia Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 57. artikuluarekin bat eta Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 114. eta 115. artikuluei jarraikiz.

2. Ebazpen hau igortzea Idazkaritza Tekniko Nagusira, Zerbitzuak Ikuskatzeko eta Ikuskapen Teknikorako Zerbitzura, Langileriaren Kudeaketarako Atalera, Giza Baliabideen Zerbitzuko Langileriaren Araubide Judidikoaren Atalera eta Argibide eta Agiri Bulegora eta interesdunei, behar diren ondorioak izan ditzan.

3. Ebazpen hau eta bere eranskina Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea.

Iruñean, 2008ko apirilaren 11n.-Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendaria, Begoña Unzué Vela.

ERANSKINA

Erlijio irakasleak kontratatzeko merezimenduak baloratzeko baremoa

Baremo hau aplikatuta 32 puntu lor daitezke, gehienez ere.

I.-Aurretiazko irakasle-esperientzia.

Atal honetan 24 puntu eskuratzen ahalko dira, gehienez ere.

1. Irakasle-esperientzia ikastetxe publikoetan.

1.1. Ikastetxe publikoetan, betetzeko dagoen lanpostuari dagokion hezkuntza maila berean erlijio irakasle lanetan aritutako urte bakoitzeko: 1,000 puntu.

Aurreko atalean aipatzen diren lanpostuetan emandako hilabete edo urteko zatiki bakoitzeko: 0,0833 puntu.

1.2. Ikastetxe publikoetan, betetzeko dagoen lanpostuari dagokion hezkuntza mailan ez, beste batean erlijio irakasle lanetan aritutako urte bakoitzeko: 0,5 puntu.

Aurreko atalean aipatzen diren lanpostuetan emandako hilabete edo urteko zatiki bakoitzeko: 0,0416 puntu.

1.3. Ikastetxe publikoetan, betetzeko dagoen lanpostuari dagokion hezkuntza maila berean beste espezialitateetako irakasle lanetan aritutako urte bakoitzeko: 0,25 puntu.

Aurreko atalean aipatzen diren lanpostuetan emandako hilabete edo urteko zatiki bakoitzeko: 0,0208 puntu.

1.4. Ikastetxe publikoetan, betetzeko dagoen lanpostuari dagokion hezkuntza mailan ez, beste batean beste espezialitateetako irakasle lanetan aritutako urte bakoitzeko: 0,125 puntu.

Aurreko atalean aipatzen diren lanpostuetan emandako hilabete edo urteko zatiki bakoitzeko: 0,0104 puntu.

1.5. Hautapen prozesuaren deialdia egin aurreko azkeneko ikasturtean erlijio irakasle gisa aritu den ikastetxe publiko berean, edozein hezkuntza mailatan, etenik gabe iraun duen urte bakoitzeko: 1 puntu.

Aurreko atalean aipatzen den lanpostuan emandako hilabete edo urteko zatiki bakoitzeko: 0,083 puntu.

Frogagiriak: emandako zerbitzuen ziurtagiria, Hezkuntzako Zuzendaritza Probintzialak edo hezkuntza administrazio eskudunak emana. Kasu guztietan adierazi beharko da zein maila eta etapatarako izendatu zuten, bai eta zerbitzuen hasierako eta bukaerako data zehatzak ere. Kasu orotan adierazi behar da irakaslea zerbitzua ematen zein egunetan hasi zen eta zein egunetan bukatu zuen, baita zein ikastetxetan eman diren ere. Ziurtagiri horietan adierazten ez bada zerbitzuak ikastetxe publikoetan eman direla, aipatu zerbitzuak bestelako ikastetxeetan emanak bailiran baloratuko dira, hots, 2.1, 2.2, 2.3 edo 2.4 ataletan ezarritakoaren arabera, kasuan-kasuan. Ez dira onartuko jabetza hartzeko eta zerbitzuak uzteko orriak.

Giza Baliabideen Zerbitzuak, izangai bakoitzaren espediente per- tsonalean dagoen dokumentazioari jarraikiz, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuarentzat eginiko zerbitzuak, erlijio ikasgaiari ez dagozkionak, ofizioz gehituko ditu, izangaiak parte hartzeko eskabidean hala eskatzen badu. Hezkuntza eta Kultura Ministerioaren Nafarroako Zuzendaritza Probintzialarentzat 1990eko urriaren 1a baino lehen eginiko zerbitzuen ziurtagiria espresuki eskatu beharko dute interesdunek.

Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuarentzat 2000ko irailaren 1etik aurrera erlijio irakasle gisa eginiko zerbitzuak ofizioz gehituko ditu Giza Baliabideen Zerbitzuak, izangai bakoitzaren espediente pertsonalean dagoen dokumentazioari jarraikiz, izangaiak parte hartzeko eskabidean hala eskatzen badu. Ikastetxe publikoetan 2000ko irailaren 1a baino lehen eskolak eman dituzten erlijio irakasleek egindako zerbitzuen ziurtagiria aurkeztu beharko dute, Elizbarrutiko Irakaskuntzako Ordezkaritzek luzatutakoa, edo espediente pertsonalean dagoena baloratuko zaie. Zerbitzuok merezimenduen baremoko 1. atalari jarraikiz baloratuko dira: irakasle-esperientzia ikastetxe publikoetan.

2. Irakasle-esperientzia bestelako ikastetxeetan.

2.1. Ikastetxe publikoetan, betetzeko dagoen lanpostuari dagokion hezkuntza maila berean erlijio irakasle lanetan aritutako urte bakoitzeko:0,5 puntu.

Aurreko atalean aipatzen diren lanpostuetan emandako hilabete edo urteko zatiki bakoitzeko: 0,0416 puntu.

2.2. Ikastetxe publikoetan, betetzeko dagoen lanpostuari dagokion hezkuntza mailan ez, beste batean erlijio irakasle lanetan aritutako urte bakoitzeko: 0,25 puntu.

Aurreko atalean aipatzen diren lanpostuetan emandako hilabete edo urteko zatiki bakoitzeko: 0,0208 puntu.

2.3. Bestelako ikastetxeetan, betetzeko dagoen lanpostuari dagokion hezkuntza maila berean beste espezialitateetako irakasle lanetan aritutako urte bakoitzeko: 0,125 puntu.

Aurreko atalean aipatzen diren lanpostuetan emandako hilabete edo urteko zatiki bakoitzeko: 0,0104 puntu.

2.4. Bestelako ikastetxeetan, betetzeko dagoen lanpostuari dagokion hezkuntza mailan ez, beste batean beste espezialitateetako irakasle lanetan aritutako urte bakoitzeko: 0,0625 puntu.

Aurreko atalean aipatzen diren lanpostuetan emandako hilabete edo urteko zatiki bakoitzeko: 0,0052 puntu.

Frogagiriak: ikastetxearen ziurtagiria, Zerbitzuak Ikuskatzeko eta Ikuskapen Teknikorako Zerbitzuaren oniritziarekin, bertan hezkuntza etapa eta maila eta zerbitzuen benetako iraupena ageri direla, hasierako eta bukaerako data zehatzak adieraziz. Ziurtagiri horiek ikus-onesteko, Zerbitzuak Ikuskatzeko eta Ikuskapen Teknikorako Zerbitzuak interesdunei eskatuko die aurkez ditzatela Gizarte Segurantzaren kotizazio ziurtagiria eta kontratuak eta lan bizitzaren ziurtagiria, Gizarte Segurantzaren Institutu Nazionalaren organo eskudunak luzatua.

I. atalerako oharrak:

1. Ez dira kontuan hartuko interesdunek sinaturiko kontratuen fotokopien bidez soilik egiaztatzen diren zerbitzuak, ez eta ikastetxe pribatuek emandako ziurtagiriak ere, nahiz eta Gizarte Segurantzari kotizatutakoaren ziurtagiriak erantsi, bertan Zerbitzuak Ikuskatzeko eta Ikuskapen Teknikorako Zerbitzuaren oniritzirik ez bada agertzen.

2. Ez dira kontuan hartuko zerbitzuen hasierako eta bukaerako data zehatzak adierazten ez dituzten ziurtagiriak, nahiz eta bertan adierazi zerbitzuen iraupena ikasturte batekoa izan dela.

3. Zerbitzuak zein mailatan eman diren zehazten ez bada, beste hezkuntza maila batean bailiran baloratuko dira.

4. Atzerrian egindako zerbitzuak herrialde hartako Hezkuntza Ministerioak luzatutako ziurtagirien bidez egiaztatuko dira, eta bertan emandako hezkuntza etapa eta zerbitzualdia, hasierako eta bukaerako data zehatzak barne, ageriko dira, baita ikastetxe mota ere: publiko edo pribatua. Ziurtagiri horiek gaztelaniara itzulita ekarri beharko dira. Zinpeko itzultzaileek egin behar dituzte itzulpen horiek.

5. Unibertsitateko irakasle-esperientzia egiaztatzeko ikastetxearen ziurtagiria beharko da. Bertan ondokoa adieraziko da: zerbitzuak noiz hasi eta bukatu ziren, data zehatzak adierazita; zerbitzu horiek irakasle lanetakoak izan zirela; eta ikastetxearen izaera publikoa edo pribatua.

6. Ikastetxe publikoak dira hezkuntza administrazioek sortu eta sostengatutako ikastetxeen sare publikoan dauden ikastetxeak.

7. Atal honen ondorioetarako, puntuak ezin izanen dira pilatu zerbitzuak aldi berean ikastetxe batean baino gehiagotan eman badira.

II.-Prestakuntza akademikoa.

Gehienez ere 2 puntu.

1. Ezinbesteko betebehar gisa alegatu den tituluaren espediente akademikoa.

Atal honetan orokorki eskatzen den tituluari dagokion espediente akademikoaren batez besteko nota baloratuko da bakar-bakarrik, honela kalkulatua:

1.1. 6 puntutik 6,99raino: 1 puntu.

1.2. 7 puntutik 8,49raino: 1,25 puntu.

1.3. 8,50 puntutik 10 puntura bitarte: 1,50 puntu.

Zenbateko zehatza agertzen ez den kasuetan batez bestekoa ondoko baliokidetzen arabera aterako da:

Nahikoa: 5,5 puntu.

Oso ongi: 7,5 puntu.

Bikain: 9 puntu.

Ohorezko matrikula: 10 puntu.

Frogagiriak: izangaiak ziurtagiri akademiko pertsonala, jatorrizkoa edo fotokopia konpultsatua, igorri beharko du; alegatutako titulua lortzeko irakasgai eta kurtso guztietako puntuazioak azalduko ditu, bai halaber, kasuan kasuko ikasketa planean horietako bakoitzari esleitutako kreditu kopurua, horrelakorik baldin badago.

Ez da kontuan hartuko ziurtagiri akademikoan agertzen den batez besteko nota, irakasgaien puntuazioak zenbaki bidez adierazita ez daudenean. Horrelakoetan arestian aipatu baliokidetzen arabera lortuko da.

Batez bestekoa ateratzeko, puntuazio guztien batuketaren emaitza zati irakasgaien kopurua eginen da. Kredituen sistemaren bidez lorturiko tituluetan, ikasketa espedientearen batez besteko puntuazioa ateratzeko, formula hau erabiliko da: izangaiak lortutako kredituen batuketa, horietako bakoitza kasuko kalifikazioen balioarekin biderkatuta, zati guztira lortutako kreditu kopurua, irailaren 5eko 1125/2003 Errege Dekretuan ezarritakoaren arabera. Ondorio horietarako, praktiketako nota beste irakasgai bat balitz bezala baloratuko da. Espedientean irakasgai baliozkotuak edo "gai" kalifikazioa dutenak azaltzen badira, ez dute inolako baliorik izanen, lehiatzaileak aurkezten ez badu baliozkotutako edo "gai" gisa kalifikatutako irakasgaiaren zenbakizko balioa azaltzen duen ziurtagiria.

Ikasketa planaren barrenean ez dauden prestakuntza jardueren bidez lortutako kredituak ez dira zenbakitara ekarriko, eta ez dira aintzat hartuko ikasketa espedientearen batez bestekoa ateratzeko.

2. Doktoretza eta aparteko sariak.

2.1. Doktore titulua izateagatik urtarrilaren 13ko 3/1995 Errege Dekretuan ezarritako lizentziaturetatik edozeinetan (dekretu horrek Espainiako Estatuak eta Vatikanoak unibertsitate mailako Eliza Zientzien ikasketen eta titulazioen gainean Irakaskuntzari eta Kultur Gaiei buruz sinatutako Akordioan xedatutakoa betearaztea du helburu), edo bertan ezarritako unibertsitate doktoretzaren titulazio baliokideetako bat izateagatik: 0,50 puntu.

2.2. Ikasketa aurreratuen ziurtagiri-diplomagatik (apirilaren 30eko 778/1998 Errege Dekretua) edo master titulu ofizialagatik (urtarrilaren 21eko 56/2005 Errege Dekretua): 0,25 puntu.

Frogagiriak: tituluaren fotokopia konpultsatua edo, hala badagokio, titulua emateko eskubideak ordaindu izanaren egiaztagiria.

3. Unibertsitateko beste titulazio batzuk.

Atal honetan beste titulazio ofizial batzuk baloratuko dira, lanpostuaren deialdian sartzeko baldintza gisa alegatu ez direnak betiere.

3.1. Erlijio zientzietako eta eliza ikasketetako diplomatura bakoitzarengatik eta urtarrilaren 13ko 3/1995 Errege Dekretuan ezarritako lizentziaturetako baten lehenengo zikloari dagozkion ikasketengatik: 0,5 puntu.

3.2. Diplomatura, ingeniaritza tekniko edo arkitektura teknikoko titulu bakoitzeko edo legez baliokide diren tituluak eta lizentziatura, arkitektura edo ingeniaritza bateko lehen zikloari dagozkion ikasketak: 0,25 puntu.

3.3. Urtarrilaren 13ko 3/1995 Errege Dekretuan jasotako lizentziaturetako baten bigarren zikloari dagozkion ikasketak, hots, errege dekretu horren eranskinean azaltzen direnak: 0,75 puntu.

3.4. Lizentziatura, ingeniaritza edo arkitekturako bigarren zikloko ikasketak edo legez horien baliokide diren tituluei dagozkienak: 0,50 puntos.

Frogagiriak: ezinbesteko betebehar gisa aurkeztutako tituluaren eta espediente akademikoaren fotokopia konpultsatua, bai eta Elizaren egokitasun adierazpena eta merezimendu gisa alegatzen diren titulu guztiena ere, edo, bestela, titulua eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren ziurtagiria.

Lehen zikloko titulazioak puntuatuko badira, ezinbestekoa izanen da diplomatura tituluaren fotokopia aurkeztea edo, bestela, lizentziatura, ingeniaritza edo arkitektura bateko lehenbiziko hiru kurtsoetako irakasgai guztiak egin eta gainditu direla azalduko duen ziurtagiri akademiko pertsonala. Egokitzapen kurtsoa gainditzea ez da hartuko lehen zikloko titulaziotzat.

Lizentziadun, ingeniari edo arkitekto tituluaren fotokopia aurkezten bada, aintzat hartuko dena bigarren zikloko titulazioari dagokion puntuazioa izanen da soilik, salbu eta aurreko atalean aipatzen diren egiaztagiri akademikoak eransten badira 3.1 eta 3.2 atalen arabera baloratzeko.

4. Araubide Bereziko eta Berariazko Lanbide Heziketako irakaskuntzen tituluak.

Hizkuntza eskola ofizialek, kontserbatorio profesionalek, musikako goi mailako kontserbatorioek eta arte eskolek ematen dituzten araubide bereziko titulazioak, baita berariazko lanbide heziketakoak ere, ondoren aipatzen denari jarraikiz baloratuko dira, betiere alegaturiko titulua lortzeko ezinbestekoak izan ez badira:

4.1. Musikako eta Dantzako erdi mailako gradua: 0,125 puntu.

4.2. Hizkuntzen irakaskuntza:

4.2.1. Goi zikloa: 0,125 puntu.

4.2.2. Erdi mailako zikloa: 0,125 puntu.

4.2.3. EGA titulua edo balio berekoa: 0,125 puntu.

4.3. Arte plastikoetako eta diseinuko goi mailako teknikarien titulua: 0,125 puntu.

4.4. Lanbide Heziketako goi mailako teknikarien titulua: 0,125 puntu.

Frogagiriak: merezimendu gisa alegatutako tituluaren fotokopia konpultsatua edo titulua emateko eskubideak ordaindu izanaren egiaztagiria, hala nola erlijio irakasle titulua lortzeko beharrezkoak izan diren titulu guztien fotokopia konpultsatua.

Euskarazko lanpostuetarako lehiatzen bada, ez da euskarazko titulu bakar bat ere baloratuko. Gaztelaniazko lanpostuetarako lehiatzen bada eta baliokideak diren euskarazko titulu bat baino gehiago aurkezten badira, titulu horietako bat bakarra baloratuko da.

Baliokideak diren zenbait hizkuntza titulu aurkeztuz gero, horietako bat bakarrik baloratuko da.

III.-Beste merezimendu batzuk.

Gehienez ere 6 puntu.

1. Etengabeko prestakuntza.

Atal honetan 1990eko irailaren 1etik aurrera egindako etengabeko prestakuntza hau besterik ez da baloratuko.

a) Hezkuntza administrazioek ILZko erlijio irakasleen prestakuntza planaren barruan deitutako eta elizbarrutietako irakaskuntzako ordezkaritzek koordinatutako edo etengabeko prestakuntzarako akordioen barrenean egindako ikastaroak, mintegiak, lantaldeak eta ikastetxeetako prestakuntza proiektuak, bukatu direnak eta zerikusia dutenak eskolako antolaketarekin, hezkuntzari aplikatutako teknologia berriekin, hezkuntzako psikopedagogia eta psikologiarekin edo didaktikarekin oro har, bakoitzarengatik: 0,05 puntu ikastaroko hamar orduko edo kreditu akademiko bat.

Ondorio horietarako, ikastaro guztien orduak batuko dira, eta ez dira puntuatuko hamarretik beherakoak diren gainerako orduak.

b) Aurreko a) atalean aipatzen diren prestakuntza ikastaro edo jardueretan zuzendari, koordinatzaile, txostengile, irakasle edo tutore moduan parte hartzeagatik: 0,01 puntu, prestakuntza jardueraren ordu bakoitzeko.

Aipatu a) eta b) atalengatik gehienez ere 4 puntu lor daitezke.

Frogagiriak: ikastaro edo prestakuntza jardueren ziurtagiria, zenbat ordu edo zenbat kreditu egin diren eta prestakuntza jarduera zein datatan egin den espresuki azaltzen duena.

Eliza erakundeek antolatutako ikastaroen egiaztagiria dagokion Elizbarrutiko Irakaskuntzako Ordezkaritzak luzatuko du. Haietan, zenbat ordu edo zenbat kreditu egin diren eta prestakuntza jarduera zein datatan egin den espresuki azalduko da.

2. Argitalpenak.

Erlijio ikasgaiaren alderdi zientifikoei buruz, curriculumaren alderdi orokorrei buruz edo eskolaren antolaketari buruz egindako argitalpen zientifiko edo didaktikoengatik: gehienez ere 2 puntu.

Azaroaren 2ko 2984/1972 Dekretuak xedatutakoaren ondorioz ISBNa azaldu behar izan arren horrelakorik ez duten argitalpenak ez dira baloratuko, ez eta egileak editatu dituenak ere.

Frogagiriak: argitalpenen aleak, bai eta argitaletxearen ziurtagiria ere, non aleak zenbat izan diren eta haiek liburu-denda komertzialetan zabaldu direla adieraziko baita.

Argitalpenak bakarrik formatu elektronikoan izan badira, txosten ofizial bat aurkeztuko da, non erakunde emaileak ziurtatuko baitu argitalpena datu base bibliografikoan ageri dela. Agiri horretan datu basea, argitalpenaren izenburua, egileak, aldizkaria, alea, urtea eta hasierako eta bukaerako orrialdeak adieraziko dira.

3. Erlijio ikasgaiarekin lotutako jarduerak (gehienez ere 2 puntu).

Eliza erakundeek Elizbarrutiko Irakaskuntza Ordezkaritzarekin batera antolatutako jardueretan parte hartu eta horiek antolatu eta koordinatzeagatik, baldin eta erlijio ikasgaiarekin lotuta badaude, Artzapezpikutzak ofizialki aitortzen baditu eta Hezkuntza Departamentuak aldez aurretik abalatzen baditu: 0,05 puntu, hamar jardun-orduko.

Ondorio horietarako, jarduera guztien orduak batuko dira, eta ez dira puntuatuko hamarretik beherakoak diren gainerako orduak.

Frogagiriak: Elizbarrutiko Irakaskuntzako Ordezkaritzak luzatutako egiaztagiria, garatutako jarduera, partaidetza orduen kopurua eta jarduera zein datatan egin den espresuki azaltzen duena, bai eta Hezkuntza Departamentuak emandako kreditazioa ere.

III. atalerako oharrak:

1. Eskola orduak edo kredituak zehazten ez dituzten ziurtagiriak kreditu batekoak bezala baloratuko dira.

2. III. atal honetan ez dira inola ere baloratuko titulu akademiko baten, master baten edo graduatuondoko beste titulazio baten curriculuma osatzen duten ikastaro edo irakasgaiak (doktoretzakoak edo ikasketa aurreratuen diplomakoak barne). Behin ikastaroak amaituta eta dagozkien tituluak eskuratuta, titulu horiek, bidezkoa bada, baremoko II. atalaren arabera baloratuko dira.

3. Ez dira baloratuko unibertsitateek antolatzen dituzten eta ikasketa-espedientean azaltzen diren ikastaroak, ez bada frogatzen dagokion unibertsitateak emandako ziurtagiriaren bidez espedientearen zati ez direla.

4. Irakasgaitasun Ziurtagiria eta Espezializazio Didaktikoaren Titulua ez dira baloratuko.

Merezimenduen baremo osorako oharrak:

1. 2007ko abuztuaren 31rako burutu diren merezimenduak besterik ez dira baloratuko, izangaiek eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunerako aurkezten badituzte.

2. "Prestakuntza akademikoa" izeneko II. atalean eta "Beste merezimendu batzuk" izeneko III. atalean sartutako merezimenduak baloratuko dira bakar-bakarrik 2006ko irailaren 1etik 2007ko abuztuaren 31ra bitarte egin eta bukatu badira.

3. Atzerriko hizkuntza batean idatzitako agiriak eta beste autonomia erkidego bateko hizkuntza ofizial propio batean idatzitakoak gaztelaniara itzuli beharko dira. Itzulpenak zinpeko itzultzaileek eginak izanen dira.

Iragarkiaren kodea: F0805905