52. ALDIZKARIA - 2008ko apirilaren 25a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.6. Beste batzuk

30/2008 FORU AGINDUA, martxoaren 31koa, Osasun kontseilariak emana, Nafarroako Foru Komunitateko Arreta Podologikoari buruzko Adituen Lantaldea sortzen duena.

Osasunari buruzko azaroaren 23ko 10/1990 Foru Legeak xedatzen du osasun administrazioak osasuna babesteko eskubidea bermatzera bideratu behar dituela bere baliabide eta jarduketak, osasuna sustatuz, eritasunei aurrea hartuz eta osasun laguntza emanez.

Osasunaren ikuspegi integral horren barnean, arreta podologikorako bidea eman behar zaie prebentziozko jarduketa baten onura jaso dezaketen pertsonei.

Arriskua duten pertsonen oinak ongi zainduta anputazioak murriztu eta kaltetutako pertsonen autonomia hobetzen dela ikusi da.

Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren zerbitzuen zorroa zabaltzeari begira, horretan arreta podologikoa sartuz, zehaztu egin behar da zein herritarrek jasoko duen arreta podologikoaren programa baten onura, betiere kostua eta eraginkortasuna bateratzen dituzten irizpideak erabiliz.

Horrenbestez, osasun arloko aholkularitza zientifiko-teknikoa egituratzeko Osasun kontseilariaren 1990eko urtarrilaren 12ko Foru Aginduaren 6. artikuluan ezarritakoarekin bat,

AGINDU DUT:

1. Nafarroako Foru Komunitateko Arreta Podologikoari buruzko Adituen Lantaldea sortzea. Eginkizun hauek izanen ditu:

a) Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zerbitzuen zorroan arreta podologikoa sartu beharra aztertzea.

b) "Arriskuko oinen" irizpide klinikoak zehaztea.

c) Prebentziozko jardueraren onura jaso dezaketen "arriskuko herritarrak" zehaztea.

d) Arreta podologikoa izateko indikazioen protokoloa prestatzea.

e) Osasun zerbitzuaren barnean sartu behar diren osasun jarduera eta prestazioak zehaztea.

f) "Arriskuko oina" duten pertsonentzako arreta zirkuitu bat proposatzea.

g) Arlo honetako prestazioen antolaketa, jarduera, emaitzak eta kalitatea hobetzeko asmoz, organo eskudunak agintzen dizkion gainerako eginkizunak.

2. Adituen Lantaldea honela osatuta egonen da:

-Nafarroako Osasun Agentziako zuzendaria.

-Oinarrizko Osasun Laguntzako zuzendaria.

-Nafarroako Ospitaleko Angiologia eta Hodietako Kirurgiako Zerbitzuko burua.

-Nafarroako Ospitaleko Endokrinologia Zerbitzuko burua.

-Bideko Ama Birjina Ospitaleko Barne Medikuntza Zerbitzuko burua.

-Nafarroako Ospitaleko Medikuntza Prebentiboaren eta Ospitaleko Kalitatearen Zerbitzuko burua.

-Tuterako Osasun Barrutiko Zuzendaritzako Erizaintza Zerbitzuko burua.

Lantaldeko burua Nafarroako Osasun Agentziako zuzendaria edo horren eskuordetza hartzen duena arituko da.

Lantaldeko idazkari lanetan lantaldeko kideek aukeratzen duten kidea arituko da.

3. Lantaldeak egoki iruditzen zaizkion aholkulari espezialistei deitzen ahal die laguntza eskatzeko.

4. Lantaldearen araubidea ondoko hauek osatzen dute: foru agindu honek, batzordearen barne araudiak eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legean agertzen diren kide anitzeko organoendako jarraibideek, betiere Administrazio Publikoen araubide juridikoari buruzko oinarrizko araudia errespetatuz.

5. Foru agindu hau Idazkaritza Tekniko Nagusiari eta Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileari igortzea eta interesdun guztiei jakinaraztea, orok jakin dezan eta behar diren ondorioak izan ditzan.

6. Foru agindu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen denetik aurrera izanen du indarra.

Iruñean, 2008ko martxoaren 31n.-Osasun kontseilaria, María Kutz Peironcely.

Iragarkiaren kodea: F0804963