51. ALDIZKARIA - 2008ko apirilaren 23a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. ORDENANTZAK ETA BESTELAKO XEDAPEN OROKORRAK

CABANILLAS

Cabanillasko elbarriendako aparkatze-txartela arautzen duen ordenantzako aldaketa. Behin betiko onespena

Cabanillasko Udalak, 2008ko urtarrilaren 17an egin bilkura berezian, gehiengo aski zuela, hasiera batean onestea erabaki zuen Cabanillasko elbarriendako aparkatze-txartela arautzen duen ordenantza.

Erabakia 2008ko 21. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu zen, otsailaren 15ean, eta jendaurrean egon bitartean Amimet elkarteak aurkezturiko erreklamazioa 2008ko martxoaren 28ko bilkura berezian ebatzi ondoren, behin betiko onetsi da aipatu ordenantza; hori guztia Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan ezarritako legezko prozedurarekin bat.

Cabanillasen, 2008ko martxoaren 31n.-Alkatea, Ana María Rodríguez Enériz.

ELBARRIENDAKO APARKATZE-TXARTELA ARAUTZEN DUEN ORDENANTZA

1. artikulua. Xedea.

Ezgaitasuna dutenei aparkatzeko txartelak emateko edo berritzeko arauak ezartzea du helburu ordenantza honek, kontuan hartuz ezgaitasuna dutenen aukera berdintasuna eta haien gizarteratzea. Hori, legedi honekin bat: Europako Kontseiluak 1998ko ekainaren 4an egin zuen 98/376/CE Gomendioa eta EEAO C 62/24, 1998ko otsailaren 26koa; Oztopo fisiko eta zentzumenezkoei buruzko uztailaren 11ko 4/1988 Foru Legea, martxoaren 25eko 22/2003 Foru Legearen bidez aldatua; eta abenduaren 19ko 19/2001 Legearen 7.b artikulua; azken lege horrek Bide Segurtasunari eta Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari buruzko Legearen testu artikuluduna (martxoaren 2ko 339/1990 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsia) aldatu zuen.

2. artikulua. Betebeharrak.

Aparkatze txartela eskuratzeko, beharrezkoa da baldintza hauek betetzea:

1. Herriko biztanleen udal erroldan agertzea.

2. Mugikortasuna urritzen dion elbarritasuna izatea; xehetasun hauek frogatu beharko ditu:

A. %33ko edo gehiagoko elbarritasunak jota egotearen ziurtagiria.

B. Nafarroako Osasun Zerbitzuak emandako osasun agiria, elbarritasunak kasu hauetako batean modu larrian eragiten diola frogatzeko:

-Ibiltzeko, zangoetako edo gerri pelbikoko gaitz muskulu eskeletikoa dela-eta, eskumakila bat edo gehiago, protesiak edo ortesiak erabiltzera behartua izanik.

-Ehun metroko tartean gelditu gabe ibiltzeko, alterazio organiko edo funtzionalen ondorioz.

-Aulki gurpilduna behar izateko bere joan-etorrietan.

-Aparkatzeko maniobrak egiteko, zango-besoetako edo gerri pelbikoko eta/edo sorbalda-gerrikoko gaitz muskulu eskeletikoa dela-eta.

3. artikulua. Eskatzeko prozesua.

1.-Txartela Udalaren bulegoetan eskatuko da, eta eskabidearekin batera honako hauek aurkeztuko dira:

-Karnet neurriko argazki bat, kolorezkoa, elbarriarena.

-Elbarritasunaren jatorrizko ziurtagiria eta haren fotokopia.

-NANaren fotokopia.

-Eskaera familiako batek edo zaintzaile batek egiten duenean, elbarriaren eta eskatzailearen arteko loturari buruzko datuak sartuko dira.

2.-Udalak behar den dokumentazioa hartu ondoren, Alkatetzak erabakiko du aparkatzeko txartelak eman edo ez, horretarako organo eskuduna baita.

Segurtasuneko kidego eskudunek zaindu eta kontrolatuko dute txartelaren erabilera.

3.-Eskaerak ez baditu baldintzak betetzen edo ez badira aipatu dokumentuak gehitu, interesdunari galdatu eginen zaio hamar eguneko epean akatsak zuzentzeko edo beharrezko dokumentuak gehitzeko; oharraraziko zaio horrela egiten ez badu eskaera baztertu duela usteko dela, eta artxibatu eginen da.

4.-Eskaera aurkeztu eta 5 egun naturaleko epean, Alkatetzak erabakia hartuko du, txartela emateko edo ukatzeko.

4. artikulua. Txartelaren erabilera:

1. Txartela norberarena da eta inori utziezina; mugikortasuna urritua dutenei aparkatzeko eskubide eta erraztasunak ematen dizkio titularrari.

2. Txartelaren titularra pertsona fisikoa bada, edozein ibilgailutan erabil dezake, berea izan edo ez eta berak ibilgailua gidatu edo ez, bera barrenean bada.

Txartela ibilgailuaren aurreko partean jarriko da, txartelaren aurrealdea kanpotik ikusteko moduan dela.

3. Ibilgailu txartelduna aparkatu ahalko da:

a) Ordutegi mugarik gabe, ezgaituentzako erreserbatuta eta seinalatuta dauden lekuetan.

b) Denbora tarte mugatu batean, bai zamalanetarako erreserbatuta dauden lekuetan (seinale bidez aparkatzeko debekua adierazi denetan) bai bestelakoetan, udaltzainek espresuki baimena emanez gero.

4. Ondoko kasuetan, ezin izanen da inola ere ibilgailua aparkatu baimen honen babespean:

a) Txartelaren titularra barrenean ez denean.

b) Oinezkoen pasabideetan.

c) Espaloiaren gainean.

d) Orokorrean, ibilgailuen nahiz oinezkoen joan-etorria larriki trabatzen den tokietan.

5. Bi urteko indarraldia du, non ez den titularraren elbarritasuna aldi baterakoa; kasu horretan, elbarritasunaren ziurtagiriak noiz artekoa den aipatu, ordu arte balioko du txartelak.

Elbarritasunaren gradua eta epealdia behin betiko finkatua dutenentzat, 5 urteko indarraldia izanen du txartelak.

Indarraldia amaituta, ez du gehiago baliorik izanen, eta hartu zen tokian itzuli beharko da. Han, bidezko bada, berritu eginen da.

5. artikulua. Arau-hausteak eta zehapenak.

Arau-hauste administratiboak dira:

a) Txartela lortzeko aurkezten diren datuak faltsutzea eta txartela lortzea eragotziko luketenak gordetzea.

b) Txartelak kontzesio administratiborik gabe erabiltzea.

c) Beste baten txartela erabiltzea.

Faltsutzea egin dutenak eta txartela eskatzen dutenak izanen dira arau-haustearen erantzuleak.

Arau-hausteak zehatzeko, beharrezko zehapen espedientea abiaraziko da eta, haren ebazpena eman aitzin, interesdunei entzunaldia emanen zaie, zehapen ahalmena erabiltzeko prozedura onesten duen abuztuaren 4ko 1398/1993 Errege Dekretuan xedatutakoari jarraikiz.

AZKEN XEDAPEN BAKARRA

Ordenantza honek indarra hartu eta ondorio juridikoak izanen ditu ordenantzaren testua oso-osorik Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratutakoan eta Estatuko edo Foru Komunitateko Administrazioek toki entitateen egintza edo erabakiak indargabetzeko duten eskumena erabiltzeko epea iragandakoan.

Iragarkiaren kodea: L0804827