51. ALDIZKARIA - 2008ko apirilaren 23a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. ORDENANTZAK ETA BESTELAKO XEDAPEN OROKORRAK

ANTSOAIN

Antsoainen Herritarren Partaidetza arautzen duen udal ordenantza. Behin betiko onespena

Antsoaingo Udalak, 2008ko urtarrilaren 30ean egin osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Antsoainen Herritarren Partaidetza arautzen duen udal ordenantza. Hura 2008ko 24. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu zen, otsailaren 22an.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 21. artikuluari jarraikiz, eta jendaurrean egoteko epea inork alegaziorik aurkeztu gabe iraganik, behin betikoz onetsi da Antsoainen Herritarren Partaidetza arautzen duen udal ordenantza. Ondotik haren testu osoa eransten da.

Antsoainen, 2008ko martxoaren 31n.-Alkatea, Antonio Gila Gila.

HERRITARREN PARTAIDETZAREN UDAL ORDENANTZA

Sarrera

Zioen azalpena.

Herritarren Partaidetzaren Erregelamendu honen bidez Antsoaingo Udalak formalizatu egin nahi du herritarren entitateek, elkarte mugimenduak eta Udalak berak elkarren arteko harremanetan azken urteetan bizi izan duten esperientzia. Herritarren proposamenak udal arlo guztietako eguneroko lanean aintzat hartzeko asmo irmoa duela agertu nahi du.

Erregelamendu honen bitartez partaidetzarako bide egonkorrak ezarri nahi dira, horrela elkarte, entitate, kolektibo eta norbanakoek erabakiak hartzen parte hartu ahal dezaten. Aldi berean gardentasuna bermatu nahi da udal kudeaketan, eta herritarren beharrak hobeki ase. Gizarte sare antolatuari, herritarren interesak eta kezkak adierazten dituen plataforma artikulatu hurbilena denez, funtsezko eginkizuna dagokio toki erakundeen mailako demokrazia eta partaidetza areagotzeko bidean.

Borondate politiko hori gauzatzeko, Herritarren Elkarte eta Entitateen Udal Erregistroa sortu da orobat, Antsoaingo lurraldean diharduten entitate irabazi asmorik gabeko guztiak bildu behar dituen erakundea. Gisa hartara, herrian diren elkarteen benetako egoera ezagutu nahi da, gogoeta egiteko eta gizarte sare antolatu eta modernoa sendotzen lagunduko duten ildoak definitzeko, gizarte sare horrek bide berriak bilatu behar baititu eta hobeki egokitu behar baitzaio gaurko herritarrek axola dieten arazoetan parte hartu eta jarduteko duten interesari.

ATARIKO TITULUA

Xedapen orokorrak

Oinarriko araudia.

Erregelamendu honek xedea du Antsoaingo herritarrek eta udalerriko herritarren elkarteek udal jardueran parte hartzeko bitarteko, modu eta prozedurak arautzea, Toki Araubideak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 1, 4.1.a) eta 69. artikulutik 72.enera bitartekoetan aurreikusitakoari jarraikiz, Tokiko gobernua modernizatzeko neurrien gaineko abenduaren 16ko 57/2003 Legeak eman zion idazketa berrian. Aipatu artikuluez gain xedapen hauek ere oinarritu dute Erregelamendu hau:

a) Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 92. artikulutik 96.era bitartekoak eta 318.1 artikulua.

b) Toki Entitateen Esparruko Herri Kontsultak arautzen dituen azaroaren 21eko 27/2002 Foru Legea.

c) Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 35 eta 37. artikuluetan bereziki, herritarren eskubideez aritzen direnak administrazio publikoen jardueraz den bezainbatean.

Erregelamendu honek indarra izanen du partaidetzari buruzko egungo araudiak dirauen bitartean eta, aldiz, aldatu beharko da hura aldatuz gero.

1. artikulua. Xedea.

Erregelamendu honen xedea da Antsoaingo bizilagunek eta herritarren elkarte zein entitateek udal kudeaketan parte hartzeko eta informazioa jasotzeko manerak, bitartekoak eta prozedurak arautzea, bai eta herritarrek benetan parte har dezaten eta administrazioa herritarrengana hurbil dadin sortuko diren organoen antolaketa, eskumenak eta funtzionamendua ere.

2. artikulua. Helburuak.

Antsoaingo Udalak, erregelamendu honen bidez, ondoko helburuak lortu nahi ditu:

1. Antsoaingo bizilagun guztien eskubideen erabilera hobetzea.

2. Bere jarduera, zerbitzu, proiektu eta programei buruz ahalik eta informazio zabalena ematea.

3. Bizilagunek eta entitateek udal kudeaketan parte har dezaten sustatzea eta horretarako bideak jartzea, Udaleko ordezkaritza organoek erabakiak hartzeko duten ahalmena ukatu gabe.

4. Herritarren eta udalerriko sektore guztien artean parte hartzeko eta komunikaziorako bideak eta moduak sor daitezen sustatu eta erraztea.

5. Herrian elkarte bizitza sustatzea.

6. Onura publikoko ekimenen garapena sustatu eta lehenestea, egungo arazoak konpontzeko.

7. Bizikidetza solidario eta orekatua sustatzea, herriaren intereseko afera publikoen gaineko alternatiben lehia irekian.

3. artikulua. Aplikazio eremua.

Araudi hau Antsoaingo Udal Erroldan inskribaturik dauden bizilagun guztiei aplikatuko zaie, bai eta herritarren elkarteei ere, egoitza soziala edota jarduera eremua Antsoainen badute eta Herritarren Elkarte eta Entitateen Antsoaingo Udal Erregistroan inskribaturik badaude.

Halaber aplikagarria izanen da aurreko idatz-zatian aipatu ez diren herritarrentzat, beren eskaerak modu arrazoituan egiten badituzte.

I. TITULUA

Informazioa eta publizitatea

4. artikulua. Informazioa izateko eskubidea.

Udalak Antsoaingo bizilagunei bermatuko die udal eskumen eta zerbitzuen kudeaketaren gaineko informazioa jasotzeko eskubidea, betiere Konstituzioaren 105. artikuluko b) letran aipatzen diren mugen barnean, indarra duten legezko xedapenetan eta araudi honetan ezartzen denaren arabera.

5. artikulua. Hedabideak.

1.-Udalaren erabaki, arau eta, oro har, jarduketak modu egoki eta errazenean emanen dira aditzera, bizilagun guztiek haien berri jakin dezaten eta uler ditzaten.

Udalak, herritarrei bere kudeaketaren gaineko informazioa emateko, hedabideetara joko du, argitalpenak, liburuxkak eta bandoak argitaratuko ditu, kartelak, publizitate hesiak, iragarki oholak eta informazio panelak paratuko ditu, bideoak emanen ditu, informazio ekitaldiak antolatuko ditu eta beharrezkotzat jotzen diren gainerako bitartekoak erabiliko ditu. Gainera, bizilagun eta entitateen iritzia jakiteko, informazio kanpainak, eztabaidak, batzarrak, bilerak, kontsultak, inkestak eta iritzi zundaketak egiten ahalko ditu.

2.-Halaber, Herritarren Elkarte eta Entitateen Antsoaingo Udal Erregistroan inskribatutako elkarte eta entitateek, Udalari idatziz eskatuz gero, udal organoen erabaki eta ebazpenak jasotzen ahalko dituzte, horien edukiak eragina badu kasuan kasuko entitatearen xede sozialarekin zerikusia duten gaietan edo entitateari interesatzen zaizkion gaietan.

3.-Elkarte horiek interesatzen zaizkien gaiei buruzko udal argitalpenak ere jasotzen ahalko dituzte, hala eskatuz gero.

4.-Udalak, dokumentazioa igortzeko egiten zaizkion eskaeren kopuruaren arabera, dokumentazioa inskribatutako elkarte interesatuen eskura jartzeko argitalpen sistemak antolatzen ahalko ditu.

6. artikulua. Osoko bilkuren deialdiak.

Osoko bilkuretarako deialdiak aditzera emateko, Herriko Etxeko iragarki oholean jarriko dira ikusgai eta herritarrari informazioa emateko 012 Infolocal zerbitzua erabiliko da. Gainera, Herritarren Elkarte eta Entitateen Antsoaingo Udal Erregistroan inskribaturik dauden elkarte eta entitateei ere jakinaraziko zaie, hala eskatzen badute, bilkurako zerrendan haien xede sozialarekin zerikusia duen edo interesatzen zaien gairen bat egonez gero.

7. artikulua. Informazio batzordeetan parte hartzeko deialdiak.

1.-Tokiko Gobernu Batzarraren bilkurak ez dira jendaurrekoak, ezta informazio batzordeenak ere. Hala ere, Herritarren elkarte eta entitateen Udal Erregistroan inskribaturik dauden herritarren elkarte edo entitateen ordezkariak eta norbanakoak joaten ahalko dira azken horien bilkuretara, kasuan kasuko informazio batzordeko gehiengoak baimendu edo gonbidatu baditu.

Informazio batzorde batean adierazpen bat egin nahi badute beren elkarteko xedeekin ikusteko duen gairen baten gainean, baimena eskatu beharko diote batzordeburuari.

Batzordeak eta, salbuespenetan, batzordeburuak baimendurik, delako bizilagunak edo delako elkarteak bere iritzia ematen ahalko du, gehienez ere hiru ordezkariren bitartez, aitzinetik adierazten zaion denboran. Elkartearen estatutuen araberako legezko ordezkaria izanen da mintzatzen den kidea. Nolanahi ere, ordezkaritza hori egiaztatu beharko da.

Batzordeburuak, aztergaiaren arabera, Udaleko kideen eztabaidak atea itxita egitea erabakitzen ahalko du.

2.-Parte hartze horrek ez ditu inola ere ukatuko informazio batzordeetako kideek erabakiak hartzeko dituzten ahalmenak, araudi aplikagarrian ezarritakoak.

8. artikulua. Udalaren jarduketen gaineko informazioa.

Herritarren Elkarte eta Entitateen Antsoaingo Udal Erregistroan inskribaturiko elkarte eta entitateek eta bizilagunek, idatziz eta arrazoiak emanda, informazioa eskatzen ahalko dute Udalaren jarduketez eta horien aurrekariez eta, oro har, udal zerbitzu eta jarduera guztiez. Udal erabakien eta horien aurrekarien kopiak eta ziurtagiriak eskuratzen ahalko dituzte, indarra duen araudiak horretarako aukera ematen duen guztietan, non eta informazio hori eskura ez dagoen Udal honen webgunean.

9. artikulua. Informazioaren teknologiak.

Antsoaingo Udalak informazioaren eta komunikazioaren teknologien erabilera interaktiboa sustatuko du, bizilagunekiko harremanak eta parte hartzea errazteko, agiriak aurkezteko eta administrazio tramiteak, inkestak eta herritarrekiko kontsultak egiteko, haiek arautzen dituen foru legearen esparruan.

II. TITULUA

Herritarrek udal organoetan parte hartzea

10. artikulua. Osoko bilkuran parte hartzea.

1. Bizilagunek, bakarka nahiz taldean, edo Herritarren Elkarte eta Entitateen Antsoaingo Udal Erregistroan inskribaturiko elkarte edo entitateek osoko bilkuran zerbait adierazi nahi dutenean zerrendako gairen bati buruz, betiere gai horren administrazio tramiteetan interesdun gisa esku hartu badute, Alkatetzari eskaera eginen diote bilkuraren eguna baino 10 egun baliodun lehenago, gutxienez. Hartan zehaztuko dute zer gairen gainean mintzatu nahi duten, eta erran nahi dutenaren laburpena eskainiko dute.

2. Eledunen Batzordearen oniritziaren ondotik Alkatetzak baimena emanda, ordezkari bakar baten bidez, bere iritzia agertzen ahalko du, gai zerrendan sarturiko proposamenaren irakurketaren, eztabaidaren eta bozketaren aitzin Alkatetzak gehienez ere zehaztuko duen denboran.

Gai zerrendako puntu batera etorrita jendea mintzatu ahal izateko, alkateak etenaldi bat eginen du eta adierazpena burutu ondoan jarraipena emanen zaio bilkurari.

Izaera orokorra ez duten mozioak direnean, botoa emateko eskubidea duten bizilagunek proposatzen ahalko dute Udala osoko bilkuran gai batez ari dadin, bi bide erabilita:

1. Udal talde baten bitartez, mozio gisara.

2. Bizilagunen %10en sinaduren abalarekin, beranduenez osoko bilkura egin baino 10 egun baliodun lehenago aurkeztuta.

Elkarte edo entitatearen izenean osoko bilkuran mintzatzen ahalko dira hura legez ordezkatzen dutenak, haren estatutuen arabera, edo berariaz horretarako izendatutako bertze edonor. Betiere, ordezkaritza frogatu beharko da. Bizilagun talde batek osoko bilkuran mintzatzeko eskatzen duenean, eskaera orrian lehenbizi sinatzen duena izanen da taldearen ordezkaria.

11. artikulua. Galdera txanda osoko bilkuran.

1. Antsoaingo bizilagunek, beren kabuz, eta Herritarren Elkarte eta Entitateen Antsoaingo Udal Erregistroan inskribatutako elkarte eta entitateen ordezkariek, alkateari galderak egiten ahalko dizkiote herriaren intereseko gai zehatzen gainean, behin bilkura buruturik, eskaerak eta galderak egiteko tenorean. Alkateak Udaleko edozein kideri ahalmena ematen ahalko dio galdera horiei erantzuteko.

2. Bilkura bakoitzean 2 aldiz mintzatzeko aukera izanen da; Alkatetzaren lana izanen da eztabaida kudeatu eta zuzentzea.

3. Udal taldeek beren jarrera agertzen ahalko dute laburki, galde-eskeen txandan. Informazio eskaera izanez gero, erantzuna idatziz eman beharko da 15 egun balioduneko epean. Horrek ez du galaraziko berehalako erantzuna ematea.

12. artikulua. Bertzelako erakundeetan parte hartzea.

Antsoaingo Udalaren menpeko patronatu, fundazio eta bertze erakunde autonomo edo erakunde aholku emaile batzuen oraingo edo geroko estatutuetan arautzen ahalko da herritarren parte hartzea, haien jarduerari eta gobernu organoei dagokienez.

III. TITULUA

Herritarren ekimena

13. artikulua. Kontzeptua.

Herritarren ekimena parte hartzeko modu bat da. Hitzarmen bidez, herritarrak Udalarekin lankidetzan aritzen dira haren eskumeneko eta interes publikoko jarduera jakin bat egin dadin, eta horretarako baliabide ekonomikoak, ondasunak, eskubideak edo pertsonen lana jartzen dituzte.

14. artikulua. Prozedura.

1. Udal hauteskundeetan botoa emateko eskubidea duten bizilagunak herri ekimenaz baliatzen ahal dira, legeek ezarritako ildotik, erabaki edo jarduketa proposamenak edo xedapen orokorretarako proiektuak aurkeztuz udal eskumeneko gaietan.

2. Ekimena jaso ondoan, departamentu egokiak txostena emanen du hilabete iragan baino lehen.

3. Emandako txostena ikusirik, Udalak hilabeteko epean ebatziko du, txostena emateko epea burutu eta biharamunetik hasita.

4. Udalak, bere erabakia hartzeko, kontuan hartuko du batez ere ekimenaren xedearen interes publikoa eta herritarrek egiten dituzten ekarpenak.

IV. TITULUA

Herritarrei kontsulta egitea

15. artikulua. Esparrua.

Udalak, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen Legearen 71. artikuluan, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 96. artikuluan eta toki esparruko herri kontsultak arautzen dituen urriaren 28ko 27/2002 Foru Legean ezarritakoari jarraituz, herri kontsulta egiten ahalko du, herritarrentzat garrantzi handikoak diren udal eskumeneko gai lokaletan, toki ogasunari buruzkoetan izan ezik.

16. artikulua. Gutxieneko bermeak.

Herri kontsultak betiere baldintza hauek beteko ditu:

1. Zentsaturik dauden herritar guztien eskubidea kontsultatuak izateko.

2. Kontsultagai diren aukeren berri izateko eskubidea, idatziz nahiz irudi bidez ahalik eta informazio gehien jasoz.

3. Eztabaidaguneak eskaini behar dira proposamen guztiak azaldu eta entzuteko.

17. artikulua. Prozedura.

1. Udalari dagokio bere eskumeneko gaietan herri kontsulta egiteko behar diren tramiteak egitea.

2. Halaber herri kontsulta egiteko eskatzen ahalko da, herritarren ekimenez sustaturiko erabakiak hartu ondoan, udalerriko hauteskunde erroldan dauden herritarren %10ek, gutxienez, horretarako eskaera kolektiboa sinatzen badute.

Titulu honetan aurreikusirik ez dagoen orotan, Nafarroako Foru Komunitateko legerian xedatuari jarraituko zaio, edo bertzenaz, Estatukoari.

V. TITULUA

Baliabide publikoen erabilera eta Udalaren dirulaguntzak

18. artikulua. Udalaren lokalak erabiltzea.

1. Udalak, ahal duen heinean, udalerriko lokal publikoak eta bertze baliabide batzuk erabiltzen utziko die Herritarren Elkarte eta Entitateen Antsoaingo Udal Erregistroan inskribaturik dauden elkarte eta entitateei.

2. Eskaerak idatziz eginen dira eta Antsoaingo Udalaren erregistro orokorrean aurkeztuko. Baimena emateko tenorean kontuan hartuko dira programatutako jarduerak, erabilgarri dauden tokiak, langileak eta ordutegiak, eta eskatutako baliabideak kudeatzeko ardura duten unitateek finkatzen dituzten irizpideak.

19. artikulua. Prestakuntza jarduerak.

Herritarren Elkarte eta Entitateen Antsoaingo Udal Erregistroan inskribaturik dauden elkarteek parte hartzen ahalko dute Antsoaingo Udalak elkartegintza sustatzeko bultzatzen dituen prestakuntza ekintzetan.

20. artikulua. Elkarteen jardueretarako dirulaguntzak.

1. Udalak jardueretarako dirulaguntzak emanen dizkie herriko bizilagunen interes orokor edo sektorialak defendatzen dituzten elkarteei, baldin eta Herritarren Elkarte eta Entitateen Antsoaingo Udal Erregistroan inskribaturik badaude edo inskripzioa eskatu badute, eta kasu bakoitzean dirulaguntzak emateko onesten diren oinarrietan ezarritakoa betetzen badute. Betiere, Udalak bere baliabideak aski diren neurrian emanen du diru-laguntza.

2. Udalak helburu horretarako kontusail bat ezarriko du bere aurrekontuetan.

3. Herritarren elkarte edo entitateendako laguntzen banaketan kasu bakoitzerako onesten diren oinarrietako arauak beteko dira, eta kontuan hartuko dira haien ordezkaritasun maila, xedeen interes edo onura publikoa, ahalmen ekonomikoa, autonomia, eta bertze entitate publiko edo pribatu batzuek ematen dizkieten laguntzak.

21. artikulua. Dirulaguntzak eskatzeko eredua.

Herritarren Elkarte eta Entitateen Antsoaingo Udal Erregistroan inskribaturik dauden elkarte eta entitateek Udalari laguntza ekonomikoa eskatzen ahalko diote, araudi honetan eta herritarren interes orokor edo sektorialen defentsarako diru-laguntzak emateko kasuan kasuko oinarrietan ezarritako baldintzak betez gero. Honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte:

a) Laguntzen xede diren jardueren programazio arrunta.

b) Jardueretarako aurreikusten den diru sarrera eta gastuen aurrekontua.

c) Aurreko urteko jarduerei buruzko memoria.

d) Aurreko urtean Udaletik jasotako dirulaguntzen erabileraren egiaztagiria, lehendik aurkeztu ez bada.

e) Bertzelako instituzio edo erakunde publiko nahiz pribatuetatik jaso diren diru-laguntzen ziurtagiria.

f) Nafarroako Ogasun Publikoaren eta Antsoaingo Udalaren ziurtagiria, zergak ordainduak dituela adierazten duena.

g) Deialdi bakoitzeko dirulaguntzak arautzeko oinarrietan eskatzen diren gainerako agiriak.

22. artikulua. Diru-laguntzen justifikazioa.

1. Herritarren elkarte eta entitateek diru-laguntzak hartzen badituzte, frogatu beharko dute hartutako dirua dirulaguntzaren xederako erabili dutela, kasuan kasuko dirulaguntza arautzen duen oinarrian ezarritako moduan eta halabereko epeetan.

2. Hori frogatu ezean, hartutako diru kopuruak Antsoaingo Udalari itzuli beharko dizkiote eta diru-laguntza gehiago izateko eskubidea galduko dute.

VI. TITULUA

Herritarren elkarte eta entitateen udal erregistroa

23. artikulua. Xede eta ezaugarriak.

1.-Herritarren Elkarte eta Entitateen Udal Erregistroaren xedea da Udalari bide ematea udalerrian diren entitateen kopurua, motak, xedeak, ordezkaritza eta eragina ezagutzeko, hiriko elkarte sarea sendotzen lagunduko duen udal politika egokia antolatze aldera.

2.-Herritarren Elkarte eta Entitateen Udal Erregistroak ez du loturarik Elkarteen Erregistro Orokorrarekin. Beraz, entitate edo erakunde bat bigarren horretan inskribatzeak ez du erran nahi lehenengoan inskribatzen denik, eta alderantziz.

3.-Herritarren Elkarte eta Entitateen Udal Erregistroko datuak nornahik ikus ditzake.

24. artikulua. Erregistroan inskribatzea.

Erregistroan inskribatzen ahalko dira irabazteko asmorik gabeko herritarren elkarte eta entitateak, baldin eta haien xedea udalerriaren interes orokor edo sektorialak defendatu, sustatu edo hobetzea bada; batez ere, auzoen elkarteak, aita eta amen elkarteak, kultura, kirol eta josteta elkarteak, gazteen elkarteak, sindikatu, enpresa eta lanbide elkarteak, eta Antsoaingo lurralde eremuan diharduten gisako entitate guztiak.

25. artikulua. Inskribatzeko prozedura.

Inskripzioa egin nahi duten herritarren elkarte eta entitateek eskaera aurkeztu beharko dute Antsoaingo Udalaren Erregistro Orokorrean, ondoko agiriak erantsita:

1. Estatutuen kopia eta elkartearen eratze dataren ziurtagiria.

2. Elkarteen Erregistro Orokorreko eta bertzelako erregistro publikoetako inskripzio zenbakiak.

3. Zuzendaritza karguetan dauden pertsonak izendatzeko onetsi eta batzarretako aktetan jaso ziren erabakien hitzez hitzeko ziurtagiriak, kargudunen izenekin.

4. Helbidea.

5. Urteko aurrekontua.

6. Urte horretako jardueren egitaraua.

7. Bazkide kopuruaren ziurtagiria.

26. artikulua. Inskribatzeko eskaeraren gaineko ebazpena.

Antsoaingo Udaleko Idazkaritza orokorrak behar diren egiaztapenak eginen ditu elkartea inskribatzeko; erregistroa eskatzen denetik hasi eta hamabortz egun balioduneko epean inskripzio zenbakia jakinarazi beharko dio elkarte interesdunari.

Epe hori eteten ahalko da, elkarteari agiri gehiago eskatu behar bazaizkio hasieran aurkeztutakoez gainera. Elkarteak, ematen zaion epean, eskatutako datuak aurkezten ez baditu, inskribatzeko asmoa bertan behera utzi duela ulertuko da.

Arestian aipatutako hamabortz egun balioduneko epean elkarte eskatzailearen inskribatzeko eskaerari erantzuten ez bazaio, inskripzioa egintzat joko da, baldin eta elkarteak aitzineko artikuluan eskatzen diren agiriak aurkeztuak baditu.

27. artikulua. Interes edo onura publikoaren deklarazioa.

1. Elkarte inskribatuek udalerriaren interes edo onura publikoko elkarte deklaratu ditzatela eskatzen ahalko dute, baldin eta haien xede soziala eta egiten dituzten jarduerak altruistak eta udal eskumenen osagarriak badira. Udalak, osoko bilkuran, erabakiko du deklarazio hori eman edo ukatzea, zerbitzu tekniko eskudunek txostena egin ondoren. Deklarazio hori beharrezkoa izanen da ezartzen ahal diren onurak lortzeko. Izan daitezkeen onurak aplikatzeko den araudiaren eta kasuan kasuko ordenantzen araberakoak izanen dira.

2. Hona elkarteak udalerriaren onura publikokoak deklaratuak izateko prozedura eta tramitaziorako behar diren agiriak:

-Eskabidea, alkate udalburuari zuzendua.

-Izendapen hori onartzeko bidea ematen duren arrazoien azalpena.

-Udalbatzako idazkariak luzaturiko ziurtagiria, Herritarren Elkarte eta Entitateen Udal Erregistroko inskripzio datuak jasotzen dituena.

-Entitateko lehendakari eta idazkariaren zinpeko aitorpena, udalerriaren onura publikoa eskatzeko tenoreko kide kopurua egiaztatzen duena.

-Eskabidearen aitzin urtean egindako jarduketen memoria.

-Inskripzio zenbakiaren ziurtagiria, Nafarroako Gobernuko Elkarteen Erregistroan.

-Espedientea baloratzeko beharrezkotzat jotzen den bertze edozein agiri.

28. artikulua. Herritarren elkarte eta entitate inskribatuen betebeharrak.

1. Herritarren elkarte eta entitate inskribatuek Herritarren Elkarte eta Entitateen Antsoaingo Udal Erregistroan jakinarazi beharko dituzte beren inskripzio datuen aldaketa guztiak, gertatzen diren egunetik hasi eta hilabeteko epean.

2. Urtean behin, urtarrilean, erregistroa kudeatzeko ardura duen unitateak eskatuta, herritarren elkarte eta entitateek, memoria labur baten bidez, urteko jardueren programa eta aurrekontua aurkeztuko dituzte. Halaber, eskatzen zaizkien erregistro-datu eguneratu guztiak emanen dituzte.

3. Herritarren elkarte eta entitateek erantzukizuna izanen dute udal instalazioen erabilerarengatik eta haietan eragiten ahal dituzten kalteengatik.

4. Betebehar horiek bete ezean, behar den espedientea tramitatu ondotik, herritarren elkarte edo entitatea erregistrotik kentzen ahalko da. Horrek erregelamendu honetan jasotako eskubideak galtzea ekarriko du.

XEDAPEN IRAGANKORRAK

Xedapen iragankor bakarra

Erregelamendu hau argitaratzen den egunean Antsoaingo udal mugapean jardunean izan eta Herritarren Partaidetzari buruzko Erregelamenduan aitortutako eskubideak dituzten herritarren elkarte eta entitateek inskripzioa eskatu beharko dute sei hilabeteko epean, erregelamendu hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen den egunetik hasita. Epe hori iraganik, inskribatu gabe daudenek ordura arte izandako eskubideak galduko dituzte.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Xedapen gehigarri bakarra

Herritarren Partaidetzarako Kontseilua sortzen ahalko da, Udalaren ekimenez edo eremu sektorial nahiz orokorreko herritarren entitateek hala eskatuz gero, beren partaidetza beharren arabera.

AZKEN XEDAPENA

Erregelamendu honek indarra hartuko du hamabortz egun iraganik behin betiko onespenaren erabakia eta testu osoa Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen direnetik hasita.

Iragarkiaren kodea: L0804772