51. ALDIZKARIA - 2008ko apirilaren 23a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.6. Beste batzuk

614/2008 EBAZPENA, martxoaren 26koa, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiak emana, Antonio Iriarte Esparza jaunak Kasedako udal mugapean (San Isidro del Pinar) sustatu duen zerri gizendegiari Ingurumen baimen integratua eman eta proiektu horrek ingurumenean duen eragina adierazten duena.

Instalazio hori Kutsaduraren aurkako aurreneurri eta kontrol integratuei buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legearen I. eranskineko 9.3.b) epigrafean jasota dago, "Hegaztien edo zerrien hazkuntza intentsiborako instalazioak, 30 kg-tik gorako gizentzeko zerrientzat 2.000 toki baino gehiago dituztenak" izenekoan. Horren ondorioz, Ingurumen baimen integratuaren araubidearen menpe dago.

Era berean, Ingurumena babesteko esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen 2B eranskineko 9.1 c) epigrafean dago jasota, "Hegaztien edo behi nahiz zerri aziendaren hazkuntza intentsiborako instalazioak, 30 kg-tik gorako hazteko zerrientzat 2.000 toki baino gehiago dituztenak" izenekoan. Horren ondorioz, Ingurumen baimen integratuaren araubidearen menpe dago.

Bestaldetik, instalazioa sarturik dago ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioari buruzko ekainaren 28ko 1302/1986 Legegintzako Errege Dekretua aldatzen duen maiatzaren 8ko 6/2001 Legearen I. eranskineko 1. taldeko e) atalean.

Ingurumena babesteko esku hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Legean xedaturikoarekin bat tramitatu da espedientea, eta halaxe eman zaio adostasun txostena. Ingurumen baimen integratua emateko prozesuan sartu dira martxoaren 8ko 6/2001 Legean aurreikusi diren ingurumen ebaluazioaren arloko jarduketak. Lege horren bidez ingurumen eraginaren ebaluazioari buruzko ekainaren 28ko 1302/1986 Legegintzako Errege Dekretua aldatu zen.

Ebazpen honen IV. eranskinean, orain arte egin den tramitazio administratiboaren laburpena ageri da. V. eranskinak, berriz, jendaurrean egoteko aldian aurkeztutako alegazioak eta bakoitzari eman zaion erantzuna biltzen ditu.

Ingurumena babesteko esku hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen bidez eskuratu ditudan ahalmenak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. Ingurumen baimen integratua ematea Kasedako 52. poligonoko 24. eta 21. lurzatietan (San Isidro del Pinar) dagoen zerri gizendegiari. Ustiategi horren titularra Antonio Iriarte Esparza da.

2. Instalazio proiektuak ingurumenean duen eragina adieraztea. Proiektua bideragarritzat jotzen da ingurumenaren arlotik.

3. Instalazio horri lurzoru urbanizaezinean aritzeko baimena ematea, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legean xedaturikoaren arabera.

4. Jarduera Ingurumen baimen integratua eskatzeko oinarrizko proiektuan eta 0005/06 (AAI) espediente administratiboko agiri osagarrietan aipatzen diren baldintzei jarraituz garatzea eta betiere ebazpen honen II. eta III. eranskinetan aipatzen diren neurriak betez.

5. Ingurumen baimen integratuak zortzi urteko indarraldia du. Iraungi baino gutxienez ere hamar hilabete lehenago, titularrak baimena berritzeko eskatu beharko du, Ingurumena babesteko esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamenduaren 30. artikuluko administrazio prozedurarekin bat. Erregelamendu hori abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen.

6. Jarduera edonola ere aldatzeko, titularrak aldez aurretik Ingurumenaren eta Uraren Zuzendaritza Nagusiari jakinarazi beharko dio. Arrazoiak emanda, adierazi beharko du aldaketa funtsezkoa den ala ez, Ingurumena babesteko esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen 11. artikuluan ezarritakoaren arabera.

7. Instalazioa Nafarroako Hondakin Arriskugarrien Sortzaile Txikien Erregistroan inskribatzea PP/1722/NA/2007 zenbakiarekin, 312/1993 Foru Dekretuan ezarritakoarekin bat. Hondakin arriskugarriak sortzen dituen jarduera A102 (3) da (zerri ustiategia), Hondakin toxiko eta arriskugarriei buruzko maiatzaren 14ko 20/1986 Oinarrizko Legea betearazteko Erregelamenduaren I. eranskineko 6. taularen arabera. Erregelamendu hori uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuaren bidez onetsi zen. Sortzen ahal diren hondakin arriskugarriak Ingurumen baimen integratuaren III. eranskinean ageri dira. Hondakin arriskugarriak sortzean egiten diren aldaketak jakinarazi egin beharko dira, erregistratzeko eta, bidezkoa bada, aipatu III. eranskinean sartzeko.

8. Nekazaritzako instalazio horretan simaurrak sortu eta kudeatzeko plana onetsi da (IV. eranskina).

9. Ebazpen hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea.

10. Adieraztea ebazpen honek ez duela administrazio bidea agortzen eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, horren kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dutela, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du alde batera uzten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epe horiek ebazpen honen jakinarazpena egin edo, bestela, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik aurrera hasiko dira kontatzen.

11. Ebazpen hau jakinaraztea Antonio Iriarte Esparzari, Kasedako Udalari eta Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuko Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuari eta Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2008ko martxoaren 26an.-Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusia, Andrés Eciolaza Carballo.

Iragarkiaren kodea: F0804993