51. ALDIZKARIA - 2008ko apirilaren 23a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.3. Nahitaezko desjabetzeak

ERABAKIA, 2008ko apirilaren 7koa, Nafarroako Gobernuak hartua, "Erriberriko mendebaldeko hondakin uren hodia eta ponpaketa" izeneko proiektuaren lanek ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa presakoa dela adierazten duena, nahitaez desjabetzeko.

Toki Administrazioko zuzendari nagusiak, otsailaren 4ko 24/2008 Ebazpenaren bidez, aipatutako proiektua eta ukitutako ondasun eta eskubideen zerrenda jendaurrean jarri zituen hamabost egunez.

Jendaurrean egoteko epea bukatuta eta interesdunek alegaziorik aurkeztu ez dutenez, Toki Administrazioko zuzendari nagusiak martxoaren 17an emandako 338/2008 Ebazpenaren bidez, behin betiko onetsi zen aipatutako proiektua.

Proiektuak ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa presakoa da funtsezkoa delako saneamenduko eta arazketako instalazio egokiak azkar egitea, berehala konpontzeko egungo hondakin ur landugabeen isurtzeak sortzen dituen osasun eta ingurumen arazoak Erriberrin.

Nafarroako Gobernuak, Nafarroako Toki Azpiegiturak, S.A. (Nilsa) enpresak alegatutako arrazoiak ikusita eta aurrekontuan balio justua ordaintzeko behar adina diru-izendapena dagoela egiaztatuta, bidezkotzat jo du desjabetzeak ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa presakoa dela adieraztea.

Horrenbestez, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 57 b) artikuluak eta Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluak emandako ahalmenak erabiliz, Nafarroako Gobernuak, Toki Administrazioko kontseilariak proposatuta,

ERABAKI DU:

1. "Erriberriko mendebaldeko hondakin uren hodia eta ponpaketa" izeneko proiektuaren lanek ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa presakoa dela adieraztea.

2. Erabaki hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea, argitaratzen den egunetik ondorioak sortzeko, eta aditzera ematea erabaki honek administrazio bidea agortzen duela eta haren aurka, aukeran, berraztertzeko errekurtsoa jartzen ahal dela, Nafarroako Gobernuari zuzendua, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean edo, bestela, zuzenean, Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko auzien salan, argitaratu eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean.

Administrazio publikoek, berraztertzeko errekurtsoaren ordez, aldez aurretik errekerimendua egin dezakete, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

3. Erabaki hau "Nafarroako Toki Azpiegiturak, S.A." (Nilsa) enpresari jakinaraztea.

Iruñean, 2008ko apirilaren 7an.-Nafarroako Gobernuko kontseilari eta idazkaria, Javier Caballero Martínez.

Iragarkiaren kodea: F0805377