41. ALDIZKARIA - 2008ko martxoaren 31

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.2. Plantilla Organikoa, Lan Publikoaren Eskaintza, oposizioak eta lehiaketak

DEIALDIA, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak martxoaren 14an emandako 27/2008 Ebazpenaren bidez onetsia, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko zundatzaile izateko lanpostu bat oposizio bidez betetzekoa.

Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak martxoaren 14an emandako 27/2008 Ebazpenaren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko zundatzaile izateko lanpostu bat oposizio bidez betetzeko deialdia onetsi zen.

Hautapen prozesua ondoko hauetan xedatutakoari jarraikiz eginen da: Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bategina, abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsi zena, aipatu estatutua garatu eta burutzeko Sarrera Erregelamendua, gainerako aplikazio arauak eta deialdi honetako arauak.

1.-Deialdiaren xedea.

1.1. Deialdi honen xedea oposizio bidez zundatzaile lanpostu bat betetzea da. Lanpostua funtzionario araubidekoa da, C mailakoa. Plantilla organikoan 6886 zenbakia du, Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuari atxikita dago eta Cordovillan aritzekoa da.

1.2. Lanpostuak C mailako lansariak izanen ditu, uztailaren 4ko 158/1984 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Lansarien Behin-behineko Erregelamenduan eta aplikatu beharreko gainerako xedapenetan ezarritakoari jarraikiz.

1.3. Halaber, deialdi honen bidez hautaprobak gainditu bai baina lanposturik lortzen ez duten izangaiekin aldi baterako kontratatuak izateko izangaien zerrendak osatuko dira, deialdi honetako 9. arauan xedaturikoarekin bat.

2.-Betebeharrak.

2.1. Oposizio honetan onartuak izateko, izangaiek, eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean eta agiriak aurkezteko epea amaitzen denetik (deialdiaren 7.2 atalean adierazia) lanpostuaren jabetza hartu arte, baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Espainiarra izatea, edo Europar Batasuneko beste estatu batekoa, edo, Europar Batasunak sinatu eta Espainiak berretsitako nazioarteko itunak direla medio, langileen zirkulazio librea aplikatzen den eremuko estatu batekoa.

Orobat, espainiarren eta Europar Batasuneko beste estatuetako edo aipatu nazioarteko itunen aplikazio esparruaren barreneko estatuetako herritarren ezkontideek parte hartzen ahal dute, zuzenbidez bereizita ez badaude; halaber, haien ondorengoek eta ezkontidearenek, zuzenbidez bereizita ez badaude, 21 urtetik beherakoak badira, edo gorakoak, haien kontura biziz gero.

b) Hamasei urte beteak izatea eta erretiroa nahitaez hartzeko ezarritako gehieneko adina ez izatea.

c) Eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean Batxilergoko titulua, Bigarren Graduko Lanbide Heziketakoa edo horien titulu baliokide bat izatea edo hori eskuratzeko moduan egotea.

Atzerrian lorturiko tituluak badira, homologazioaren egiaztagiria eduki beharko da.

d) C motako ibilgailuak gidatzeko baimena izatea.

e) Bete behar dituen eginkizunetan aritzeko adinako gaitasun fisiko eta psikikoa izatea.

f) Eginkizun publikoetan aritzeko ezgaitu edo gabetua ez egotea eta administrazio publikoren baten zerbitzutik bereizia ez izatea.

Espainiako nazionalitatea ez duten izangaiek frogatu beharko dute beren estatuko funtzio publikoan sartzea eragozten dien diziplina zehapenik edo zigor penalik ez dutela.

3.-Eskabideak.

3.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorrean (Karlos III.aren etorbidea, 2, 31002 Iruña) edo erregistro horretako beste edozein bulegotan (zerrenda 2008ko 14. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu zen, urtarrilaren 30ean) aurkeztu beharko dira, edo, bestela, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 20ko 30/2008 Legearen 38.4 artikuluan adierazitako bideren bat erabiliz, deialdia Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hogeita hamar egun naturaleko epean.

Eskabidea posta bulego batean aurkeztuz gero, gutun-azal irekian eginen da, postako langileek, ziurtatu aurretik, data eta zigilua jar ditzaten.

Eskabideak deialdi honen eranskinean dagoen ereduari lotu behar zaizkio eta, haietan, izangaiek adierazi beharko dute eskatutako baldintza guztiak betetzen dituztela. Eredu hori Nafarroako Gobernuaren edozein erregistro bulegotan dago eskuragarri. Internet bidez ere lortzen ahal da, www.navarra.es helbidean, bai argitaratzen deneko aldizkari ofizialetik abiatuta bai Zerbitzuen Katalogoko Enplegu Publikoan dagoen deialdiaren aiputik abiatuta.

3.2. Ezgaitasun aitortua duten lehiatzaileek, ariketak egin ahal izateko denbora edo baliabideetan egokitzapenik behar badute, zilegi izanen dute eskabidean eskatzea, eta hartarako, aparteko orri batean adierazi beharko dute nolako ezgaitasuna duten eta zer egokitzapen eskatzen duten. Horrekin batera, legeen arabera ezgaitasunen bat dutela frogatzeko agiriaren kopia konpultsatua ere aurkeztu beharko dute, organo eskudunak emana.

3.3. Eskabideari, behar bezala bete ondoren, agiri hauek erantsiko zaizkio:

Bat.-Nortasun Agiri Nazionalaren fotokopia konpultsatua, edo izangaiaren nazionalitatea nahiz nortasuna egiaztatzen dituen beste agiri baliokideren batena.

Bi.-Espedientea formalizatzeko eta azterketa eskubideetarako 12 euro ordaindu izanaren ziurtagiria. Azterketa eskubideen tasa ordaintzen ez bada, izangaia baztertu eginen da.

Sistema hauetako bat erabiliz ordaintzen ahalko da tasa hori:

-Behar bezala betetako ordain-gutunaren bitartez. Sistema honek Nafarroako Foru Komunitateko banku entitateetan ordaintzeko balio du, ez kanpokoetan. Ordain-gutunaren eredua lehen adierazitako Interneteko helbidean jaso daiteke, deialdiari dagokionean.

-Banestoko (Banco Español de Crédito) 00308124 87 0870002271 kontuan eskudirutan edo bankuko transferentzia bidez ordainduz; horrelakoetan ordainagirian datu hauek jarri beharko dira nahitaez:

-Izangaiaren izen-deiturak.

-NANa/IFZ.

-Ordainketa zein kontutan egiten den, haren zenbakia.

-Kontzeptua: oposizioak.

-Deialdiaren xede den lanpostua.

Honako hauek ez dute tasarik ordaindu beharko:

a) %33ko edo gehiagoko ezgaitasun aitortua dutela frogatzen duten pertsonek, organo eskudunak luzaturiko jatorrizko agiriaren edo behar bezala konpultsaturiko fotokopiaren bidez.

b) Hautaproben deialdia egin aurretik hilabete batez edo luzaroago lan-eskatzaile gisa inskribaturik egon diren pertsonak. Salbuespen hori aplikatzeko baldintza izanen da inskribaturik egon diren bitartean eskainitako inolako lan egokiri uko egin ez izana eta lanbide sustapen, prestakuntza edo aldaketarako ekintzetan parte hartzeari uko egin ez izana, justifikaturiko kasuetan izan ezik, eta, horrez gainera, lanbide arteko gutxieneko soldatatik gorako diru-sarrerarik ez izatea hilabetero.

Lan-eskatzailea dela frogatzeko, Enplegu Bulegoak emandako agiria aurkeztu beharko da. Bertan, lan-eskatzaile gisa inskribatu zeneko data agertuko da eta, orobat, adieraziko da inskribaturik egon den bitartean ez diola uko egin handik eskainitako inolako lan egokiri, ez eta lanbide sustapen, prestakuntza edo aldaketarako ekintzetan parte hartzeari ere, justifikaturiko kasuetan izan ezik.

Hilabetero lanbide arteko gutxieneko soldatatik gorako diru-sarrerarik ez duela interesdunaren adierazpenaren bidez frogatuko da. Adierazpen eredua Nafarroako Gobernuko Informazio Bulegoan eskuratzen ahalko da, edo bestela Internet bidez, arestian emandako helbidean.

3.4. Eskaerak aurkezteko epea ezin izanen da luzatu.

3.5. Eskabidean atzematen diren akats materialak edo egitezkoak ofizioz edo interesdunak eskaturik zuzentzen ahalko dira, noiznahi ere.

4.-Izangaien onarpena eta erreklamazioak.

4.1. Eskaerak aurkezteko epea bukaturik, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak ebazpena emanen du izangai onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara dadila aginduko du.

4.2. Izangai baztertuek hamar egun balioduneko epea izanen dute, behin-behineko zerrenda Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen denetik, erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik egin badute, zuzentzeko.

4.3. Erreklamazioetarako epea bukatutakoan eta horiek ebatzita, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpena emanen du, eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara dadila aginduko.

4.4. Izangaiei egotziriko arrazoiengatik baztertzen direnei ez zaizkie azterketa egiteko eskubideak itzuliko.

5.-Epaimahaia.

5.1. Epaimahaiak kide hauek izanen ditu:

-Mahaiburua: Cristina Presmanes Zatarain andrea, Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuko Proiektu, Trenbide eta Lan Hidraulikoen Zerbitzuko zuzendaria.

-Ordezkoa: Jesús González Albero jauna, Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuko Bide eta Eraikuntza Zerbitzuko zuzendaria.

-Mahaikidea: Esteban Faci Paricio jauna, Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuko Geologia eta Geoteknia Ataleko burua.

-Ordezkoa: Carlos Acaz Biesa jauna, Nafarroako Gobernuko Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuko Azpiegitura Geologikoaren Bulegoko burua.

-Mahaikidea: José Castiella Muruzábal jauna, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Ur Baliabideen Ataleko burua.

-Ordezkoa: M.ª Carmen González Martínez andrea, Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuko Proiektu, Trenbide eta Lan Hidraulikoen Zerbitzuko Garraioko Azpiegiturak Kudeatzeko Ataleko burua.

-Mahaikidea: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Langileen Batzordearen ordezkari bat, batzordeak berak proposatua.

-Ordezkoa: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Langileen Batzordearen ordezkari bat, batzordeak berak proposatua.

-Mahaikide idazkaria: Maite Ezkurra Mata andrea, Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuko Araubide Juridikoaren Ataleko burua.

-Ordezkoa: M.ª Carmen Castiella Sánchez-Ostiz andrea, Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuko Garraioen Ikuskapenaren eta Arbitraje Batzordearen Ataleko burua.

Epaimahaia hautaprobak hasi baino lehen eratuko da.

5.2. Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta aritu ere, kideen gehiengo osoa bertan izan gabe.

Kide anitzeko organoaren eraketak eta jardunak balio izateko, mahaiburuak eta mahaikide idazkariak edo haien ordezkoek bertan egon beharko dute.

5.3. Epaimahaiko kideek ez dute parte hartuko, eta organo dei egileari horren berri emanen diote, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean parte ez hartzeko aipatzen diren egoeretakoaren batean baldin badaude.

Izangaiek, halaber, zilegi dute mahaikideak errefusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean.

5.4. Epaimahaiak gehiengoz erabakiko ditu deialdiaren oinarriak ulertu eta aplikatzeko moduaren inguruan sortzen diren arazo guztiak.

5.5. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza izan dezake proba batzuetan nahiz guztietan. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko eta horietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.

6.-Oposizioa nola eginen den.

6.1. Oposizioa 2008ko ekainean hasiko da. Onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenean berean finkatuko dira probak hasteko tokia, eguna eta ordua.

Ondoren, epaimahaiak gainerako probak egiteko iragarkiak jakinaraziko ditu, arauz egin behar den moduan.

6.2. Oposizioak ariketa hauek izanen ditu:

-Lehenbiziko ariketa: teorikoa; gai-zerrendako lehenengo zatitik zozketaz aterako den gai bat idatziz jorratzea, gehienez ere ordu batean.

-Bigarren ariketa: teorikoa; ariketa honek bi proba izanen ditu:

-1. proba: Gai-zerrendako bigarren zatitik zozketaz aterako den gai bat idatziz jorratzea, gehienez ere ordu bat eta erdian.

-2. proba: Zulaketaren gaineko alderdi praktikoei buruzko

test moduko 80 galdera erantzutea idatziz, gehienez ere 30 minutuan.

-Hirugarren ariketa: proba praktikoa izanen da, zundaketa makinak nola erabiltzen dituen eta perkusio eta errotazio bidezko zulaketa lanak nola egiten dituen aztertzeko.

6.3. Oposizioko ariketetan 100 puntu bil daitezke gehienez ere, honela banatuak:

-Lehenbiziko ariketa: 10 puntu gehienez.

-Bigarren ariketa: 60 puntu gehienez.

-1. proban, 30 puntu gehienez.

-2. proban, 30 puntu gehienez.

-Hirugarren ariketa: 30 puntu gehienez.

6.4. Oposizioko bigarren eta hirugarren ariketak baztergarriak izanen dira. Kanporaturik geldituko dira bigarren ariketan edo hirugarren ariketan gehieneko puntuazioaren erdia gutxienez lortzen ez duten izangaiak. Orobat, bazterturik geldituko dira lehenengo ariketan edo bigarren ariketako 1. edo 2. proban 0 puntuko kalifikazioa ateratzen dutenak.

6.5. Ariketa bakoitza zuzendu ondoren, epaimahaiak jendaurrean jarriko du, Nafarroako Gobernuaren iragarki oholean eta ariketa egin den tokian, gainditu duten izangaien zerrenda, lortutako kalifikazioak adierazita, baita oposizioaren hurrengo proba edo ariketa egiteko tokia, eguna eta ordua ere, gutxienez 48 ordu lehenago. Zerrenda Interneten bidez ere kontsultatzen ahalko da, www.navarra.es helbidean, Zerbitzuen Katalogoan, Enplegu Publikoaren atalean, deialdiari buruz dagoen aiputik abiatuta.

6.6. Ariketa bakoitzerako dei bakarra eginen da. Izangaiek nortasun agiri nazionala, pasaportea edo gidabaimena eraman beharko dute. Azterketara agertzen ez direnak edo arestian aipatutako agirietako baten bidez beren nortasuna egiaztatzen ez dutenak oposiziotik baztertuko dira.

6.7. Hautaprobak egiteko, ezgaitasun aitortua dutenentzat bidezkoak diren denbora eta baliabide egokitzapenak eginen dira, eskabidean adierazten dutenaren arabera.

7.-Probak gainditu dituztenen zerrenda, izendapen proposamena eta agirien aurkezpena.

7.1. Azken ariketaren kalifikazioa bukatuta, epaimahaiak Nafarroako Gobernuaren iragarki-oholean eta proba egin den tokian argitaratuko du hura gainditu dutenen zerrenda, lortutako kalifikazioak adierazita, eta Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzaileari igorriko dizkio oposizioa gainditzen dutenen zerrenda eta puntuazio handieneko izangaia izendatzeko proposamena, espediente osoarekin batera. Proposamen hori Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko da.

Berdinketarik gertatuz gero, hirugarren ariketan puntu gehien lortu dutenen alde ebatziko da. Eta hala ere berdinduta segitzen badute, bigarren ariketan eta lehenengo ariketan lortutako puntuazioak hartuko dira kontuan, ordena horrexetan.

7.2. Izendapen proposamena Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu ondoko 30 egun naturaleko epean, proposatutako izangaiak inprimaki berariazko batzuk jaso eta honako agiri hauek aurkeztu behar ditu Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko Sarrerarako Hautapenaren Zerbitzuan:

7.2.1. Izangaia Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langile finkoa ez bada:

a) Nortasun Agiri Nazionalaren bi fotokopia konpultsatu, edo izangaiaren nazionalitatea eta nortasuna frogatzen dituen beste agiri baliokideren batenak.

b) Deialdiaren 2.1.c) arauan eskatzen den tituluaren fotokopia konpultsatua edo lortzeko eskubideak pagatu direla frogatzen duen gordekinarena; bestela, eskabideak aurkezteko epean titulua eskuratzeko moduan dagoela frogatzen duen ziurtagiria.

c) C motako ibilgailuak gidatzeko baimenaren fotokopia konpultsatua, deialdiaren 2.1.d) arauan eskatzen baita.

d) Laneko Arriskuei Aurrea hartzeko Atalak emandako txostena, interesdunak karguan aritzea eragotziko liokeen eritasun edo akats fisiko edo psikikorik ez duela frogatzeko.

Izangaiak ezgaitasunen bat alegatu badu, gainera, ezgaitasuna deialdiko lanpostuarekin bateragarria dela dioen frogagiria aurkeztu beharko du, balorazio eta orientazio talde eskudunek emana.

e) Eginkizun publikoetarako ezgaitua edo gabetua ez izatearen eta inongo administrazio publikoren zerbitzutik bereizia ez izanaren zinpeko edo hotsandiko aitorpena.

Proposatutako izangaiek Espainiako nazionalitatea ez badute, zinpeko aitorpen bat aurkeztu beharko dute, beren estatuko funtzio publikoan sartzea eragozten dien diziplina zehapenik edo zigor penalik ez dutela adierazteko.

f) Zin egin edo hitz ematea Nafarroako Foru Eraentza errespetatu, Konstituzioari eta legeei men egin eta karguari dagozkion eginkizunak zuzen beteko dituela.

Proposatutako izangaia deialdi hau egin duen administrazioa ez den Nafarroako beste administrazio publiko bateko langile finkoa bada, gainera, aurreko administrazioko espediente pertsonalean ageri diren inguruabar eta aurrekari guztiak frogatzen dituen ziurtagiria aurkeztu beharko du, hots, sarrerari, antzinatasunari, mailari, egoera administratiboari eta abarrei buruzkoa.

7.2.2. Proposatutako izangaia Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langile finkoa bada:

a) Deialdiaren 2.1.c) arauan eskatzen den tituluaren fotokopia konpultsatua edo lortzeko eskubideak pagatu direla frogatzen duen gordekinarena; bestela, eskabideak aurkezteko epean titulua eskuratzeko moduan dagoela frogatzen duen ziurtagiria.

b) C motako ibilgailuak gidatzeko baimenaren fotokopia konpultsatua, deialdiaren 2.1.d) arauan eskatzen baita.

Izangaiak ezgaitasunen bat alegatu badu, gainera, ezgaitasuna deialdiko lanpostuarekin bateragarria dela dioen frogagiria aurkeztu beharko du, balorazio eta orientazio talde eskudunek emana.

7.3. Epe horretan, eta behar adina justifikatutako ezinbesteko kasuetan izan ezik, izangaiak ez baditu agiri horiek aurkezten, ezin izanen da izendatu, eta haren ekintza guztiak baliogabetuko dira, eskabidean gezurra esateagatik egotzi ahal zaion erantzunbeharra ezertan galarazi gabe.

7.4. Aurreko atalean aurreikusitakoa gertatuz gero, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari nagusiak probak gainditu dituztenen zerrendan, 7.1 atalean aipatutakoan, hurrengoa den izangaiarekin beteko du baja, eta horrekin ere aurreko ataletan adierazitako moduan jokatuko da.

7.5. Baldintzak eta betebeharrak frogatzeko agiriez gainera, Funtzio Publikoaren Zuzendaritza Nagusiak besteren bat eskatu nahi izanez gero, proposatzen den izangaiari eskatu beharko dio eta horrek deialdi honetako 7.2 arauan ezarritako moduan ekarri beharko du.

8.-Izendapena, lanpostuaren esleipena eta jabetza hartzea.

8.1. Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiak, ebazpen baten bitartez, aurreko arauetan ezarritakoa betetzen duen izangaia Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioko funtzionario izendatuko du, zundatzaile lanetan aritzeko, eta dagokion lanpostu hutsa esleituko dio.

8.2. Izendapenak eta lanpostuaren jabetza hartzeak nomina eta plantillako funtzionario bilakatuko dute izendatua, indarra duten xedapenek ezartzen dituzten eskubide eta betebehar guztiak izanen dituela. Gizarte Segurantzako araubide orokorrean inskribatu eta kidetuko da, araubide horretan aurreikusitakoaren babesean.

Aurrekoa gorabehera, Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutua onetsi zuen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren bederatzigarren xedapen gehigarriaren 3. puntuan xedatutakoa aplikatzearen ondorioz, izendatua Nafarroako administrazio publikoen edozein mutualitatetako eskubide pasiboen araubidean afiliaturik badago, bi aukera izanen ditu: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren mutualitatean segitzea, martxoaren 5eko 10/2003 Foru Legearen bidez arauturiko eskubide pasiboen araubideak babesturik, edo Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean sartzea.

8.3. Izendatzen den izangaiak destinoko herrian bizi beharra du eta, horretarako, udalerri horretan finkatuko du bizilekua. Administrazio organo eskudunek destinoa aldatzen ahalko dute, aplikatzekoa den arautegian ezarritakoarekin bat.

8.4. Lanaldia zerbitzuaren beharretara egokituko da eta noiznahi aldatzen ahalko dute administrazio organo eskudunek, aplikatzekoa den araudian ezarritakoarekin bat.

8.5. Izendapena Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko da eta izangai izendatuak hilabeteko epean jabetu beharko du bere lanpostuaz, izendapenaren jakinarazpenetik kontatzen hasita.

Aipatu epean eta ezinbesteko kasuetan izan ezik, izangaia lanpostuaren jabe egiten ez bada, Foru Komunitateko Administrazioaren funtzionario izateko eskubide guztiak galduko ditu. Hala bada, 7.4 atalean ezarritakoari jarraikiko zaio.

8.6. Izangairen bat funtzionario bilakatu eta lanpostuan batere aritu gabe zuzenean eta berak eskatuta borondatezko eszedentzia ematen bazaio jabetza hartzearen egunetik beretik, data hartan beste administrazio publiko batean ari delako, dagokion lanpostu hutsa deialdiko 7.4 atalak agintzen duen bezala beteko da.

9.-Aldi baterako kontratuetarako izangaien zerrendak.

9.1. Nafarroako Administrazio Publikoan sartzeko Erregelamenduaren 42. artikuluan, lanpostuak aldi baterako betetzeko kudeaketa arauak onetsi zituen Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariaren azaroaren 14ko 146/2005 Foru Aginduan eta arau honexetan ezarritako prozedurari jarraikiz, aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrenda hauek sortuko dira:

a) Probak gainditu bai baina lanposturik lortu ez duten izangaien zerrenda.

b) Hautapen prozesuaren ariketa guztiak gainditu ez dituzten izangaien zerrenda.

9.2. Epaimahaiaren espedientea jasota, Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez, hautapen prozesua gaindituta ere lanposturik gabe gelditu diren izangaiei eta deialdian ezarritako azkenaurreko ariketa gainditu dutenei hamar egun balioduneko epea emanen zaie, ebazpena argitaratu eta biharamunetik hasita, ondoko dokumentazio hau aurkezteko:

a) Deialdiaren 2.1.c) arauan eskatzen den tituluaren fotokopia konpultsatua, titulua lortzeko eskubideak pagatu direla frogatzen duen gordekinarena edo sarrera prozesurako eskabideak aurkezteko epean titulua eskuratzeko moduan dagoela frogatzen duen ziurtagiria.

b) C motako ibilgailuak gidatzeko baimenaren fotokopia konpultsatua, deialdiaren 2.1.d) arauan eskatzen baita.

Aipatutako ebazpen hori Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko da, eta langileen zerrendak Nafarroako Gobernuko iragarki-oholean (Karlos III.aren etorbidea, 2, atalondoa, Iruña).

Eskatzen diren agiriak aipatu epean aurkezten ez dituztenak (aski justifikatutako ezinbesteko kasuetan izan ezik) eta eskatutako baldintzak betetzen ez dituztenak ez dira sartuko aldi baterako kontratuetarako izangaien zerrendetan, eta deialdian parte hartzearen ondoriozko eskubide guztiak galduko dituzte, betiere parte hartzeko eskabidea faltsutzeagatik legokiekeen erantzukizuna deusetan ukatu gabe.

9.3. Sarrera prozedurako eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunerako bete beharko dira baldintza horiek, baita hautaprobek eta kontratazioaldiak iraun bitarte ere.

9.4. Dokumentazioa aurkezteko epea bukaturik, Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez, aldi baterako kontratuetarako izangaien zerrenda hauek onetsiko dira eta Nafarroako Gobernuaren iragarki-oholean argitaratuko (Karlos III.aren etorbidea, 2, atalondoa, Iruña):

a) Probak gainditu bai baina lanposturik lortu ez duten izangaien zerrenda.

b) Deialdiaren azkenaurreko ariketa gainditu bai baina lanposturik gabeko gaindituen zerrendan ez daudenen zerrenda.

9.5. Hauxe izanen da aldi baterako kontratazioen zerrendaren ordena: oposizioa gainditu bai baina lanposturik lortu ez dutenen kasuan, hautapen prozesuan guztira lortutako puntuazioaren arabera; gainerako izangaien kasuan, gainditutako ariketetako puntuak batu eta guztira lortutako puntuazioaren arabera. Berdinketarik dagoenean nor nagusitzen den erabakitzeko, deialdi honetan horrelako kasuetarako ezarritako irizpideak hartuko dira kontuan.

10.-Errekurtsoak.

Epaimahaiak ematen dituen egintza eta ebazpenen kontra gora jotzeko errekurtsoa paratzen ahalko da, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzaileari zuzendua, errekurtsoaren xede den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.

Deialdi honen, arauen eta arauak aplikatzeko egintzen kontra, epaimahaiak hartutakoen kontra izan ezik, zilegi izanen da gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritu nahi den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik kontatuta.

Hori guztia Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 57. artikuluarekin bat, eta urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak aldatutako Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 114. eta 115. artikuluei jarraikiz.

Iruñean, 2008ko martxoaren 14an.-Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzailea, Ignacio Bandrés Urriza.

I. ERANSKINA

Eskabidea

Nafarroako Gobernua. Lehendakaritza, Justizia eta Barne departamentua. Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutua.

Izena: ................., adinez nagusia; NAN zenbakia (edo antzeko agiriaren zenbakia): ........, sorteguna: ........, sorlekua: .............., nazionalitatea: ........, bizilekua: ................, kalea: ................, posta kodea: ........., telefonoa: ..........., laneko telefonoa: ............

AZALTZEN DUT:

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren zerbitzuko ........... izateko ...............lanpostu .................bidez betetzeko deialdian parte hartzeko onar nazatela eskatzen dudala, ondoko txandan (deialdia ...... zenbakiko Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu zen, .........(e)an):

f Txanda irekia

f Igoera txanda*

f Ezgaitasunen bat dutenendako txanda*

Hautaprobak gainditzen ez baditut, lanpostuak behin-behinekoz betetzeko aukeraz baliatu nahi dudala, honako esparruotako batean:

f Administrazio erroa*

f Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzua *

f Nafarroako Mendekotasun Agentzia *

(Esparruetako bakar bat aukeratu daiteke).

Ez dudala karguan aritzea galarazten didan eritasunik edo akats fisikorik nahiz psikikorik.

Indarra duten xedapenetan ezarritako ezintasunik ez dudala.

Ez naizela diziplinako espediente bidez ezein administrazio publikoren zerbitzutik baztertua izan eta ez nautela eginkizun publikoak betetzeko gaitasunik gabe utzi.

Deialdian eskatzen den titulazioaren jabe naizela.

Azterketa eskubideak ordaindu ditudala deialdian ezarritako moduan eta horren gordekina erantsi dudala, edo erantsitako agirien bidez frogatzen dudala tasa ordaintzetik salbuetsita nagoela.

Eskaerak aurkezteko epearen azken egunean beharkizun guztiak betetzen ditudala.

f Ezgaitasuna dudanez, orri bereizi batean adierazten ditudan denbora eta baliabide egokitzapenak eskatzen ditudala.

f Ezgaitasuna frogatzen duen agiria aurkezten dudala, erakunde eskudun batek emana.

f Euskararen gaitasunaren agiria edo ofizialki baliokidea den beste titulu bat aurkezten dudala*.

f Euskara maila neurtzeko proba egitea eskatzen dudala*.

f Frantses eta ingeles maila neurtzeko frogak egitea eskatzen dudala*.

Horrenbestez,

Eskabide hau ontzat hartu eta aipatu deialdian onartua izatea eskatzen dut.

Iruñean, ..........(e)ko .............aren ............(e)an.

(Sinadura)

(*) Bidezkoa bada.

II. ERANSKINA

Gai zerrenda

Lehen zatia.

1. gaia.-Espainiako 1978ko Konstituzioa: ezaugarriak. Konstituzioaren printzipioak eta balio gorenak. Funtsezko eskubideak eta haien bermea. Politika sozial eta ekonomikoaren printzipio gidariak.

2. gaia.-Nafarroako Erresumaren egitura politiko-administratiboa. Foruei buruzko legeak, bereziki 1841eko Lege Itundua. Nafarroako Foru Eraentza. Haren bilakaera.

4. gaia.-Nafarroako Foru Eraentza Birrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoa: prestakuntza prozesua. Izaera eta esanahia. Egitura. Atariko titulua.

5. gaia.-Nafarroako Parlamentua edo Gorteak: osaera, antolakuntza eta eginkizunak. Comptos Ganbera. Nafarroako Kontseilua. Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoa.

6. gaia.-Nafarroako Gobernuari eta lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legea. Horren egitura eta edukiaren analisia.

7. gaia.-Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legea. Horren egitura eta edukiaren analisia.

8. gaia.-Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko langileak: langile motak. Funtzionario publikoen hautapena. Funtzionario bihurtu eta izatetik gelditzea. Karrera administratiboa. Administrazio egoerak. Lanpostuak betetzea. Ordainsariak.

9. gaia.-Nafarroak herri lanen, garraioaren eta komunikazioen arloan dituen eskumenak. Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentua: egitura organikoa. Herri Lan Zuzendaritza Nagusia: eskumenen esparrua.

Bigarren zatia.

1. gaia.-Lurpeko urak eta haien sorburua. Akuiferoak eta lurpeko uren bilketak; motak eta ezaugarriak.

2. gaia.-Nafarroako ur motak, ezaugarri orokorrak eta banaketa. Kasu bakoitzerako zulaketa-metodorik egokienak.

3. gaia.-Lurpeko urak ateratzeko putzu bertikalak. Ezaugarri orokorrak.

4. gaia.-Perkusio bidezko zulaketak. Makinaren azalpena eta eginkizunak. Makinaren zatiak, funtzionamendurako mekanismoak eta mantentze-lanak.

5. gaia.-Perkusio bidezko zulaketak. Zulaketaren zutoina. Elementuen azalpena.

6. gaia.-Perkusio bidezko zulaketak. Zulaketaren mekanika arroka motaren arabera. Laginak hartzea eta zulaketaren kontrola.

7. gaia.-Beste zulaketa mota batzuk. Zuzeneko zirkulazio bidezko errotazioa. Atzeranzko zirkulazio bidezko errotazioa. Errotazio-perkusioa. Azalpena eta aplikazioak. Bakoitzaren alde onak eta txarrak.

8. gaia.-Tutuak eta zementazioa. Tutuen hautapena. Zementazioaren helburua eta prozedura. Injekzio materiala eta dosifikazioa.

9. gaia.-Putzuetan ura hartzeko zona. Sareta motak eta eginkizunak. Sareta aukeratzea eta instalatzea. Legarrez betetzeko lanak. Betegarria jartzea.

10. gaia.-Putzuen garapena. Metodoen azalpena. Lur motaren arabera egokiena aukeratzea.

11. gaia.-Emaria neurtzeko ekipoak. Ekipoaren elementuak. Neurtzeko metodoak. Aire konprimituaren bidez ura ateratzea. Datuak hartzea eta punpaketaren zatiak.

12. gaia.-Arakatze-zundaketak. Makinaren azalpena eta eginkizunak. Arakatzeko makina motak. Mantentze-lanak.

13. gaia.-Arakatze-zundaketak. Zulatzeko tresnak. Elementuen azalpena. Koroa motak eta horien erabilera, zulatu beharreko lurraren arabera.

14. gaia.-Arakatze-zundaketak. Zulaketaren mekanika lur motaren arabera. Laginak hartzea eta zulaketaren kontrola.

15. gaia.-Saiakuntza geoteknikoak arakatze-zundaketetan. Saiakuntza motak eta ateratzen diren datuak. Lagin aldatu gabeak.

16. gaia.-Penetrazio saiakuntzak. Penetrometro motak eta datuak hartzea. Penetrazio estandarreko saiakuntza (SPT). Saiakuntzarako tresnak eta mekanika.

17. gaia.-Iragazkortasunaren saiakuntzak. Saiakuntza motak arakatze-zundaketetan. Lugeonen saiakuntza. Saiakuntzarako tresnak eta mekanika.

18. gaia.-Sakonera handiko arakatze-zundaketak. Plangintza eta agertzen diren arazoak. Wire-line sistemak.

19. gaia.-Zundaketa talde bateko langileak makineriaren arabera: Perkusioa eta ikuskatzea. Eginkizunak eta behar diren baliabide materialak.

Oharra.-Zein egunetan argitaratzen den deialdia Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean, egun horrexetako legeriaren arabera eskatuko dira gai guztiak.

Iragarkiaren kodea: F0804335