4. ALDIZKARIA - 2008ko urtarrilaren 9a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.4. Dirulaguntzak eta bekak

3559/2007 EBAZPENA, azaroaren 26koa, Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak emana, enpleguaren eta prestakuntzaren alorretan jardunaldiak, kongresuak, bilkura zientifikoak eta sentsibilizazio ekintzak antolatzeko, sariak eta esker onak emateko eta materiala argitaratu eta zabaltzeko dirulaguntzetarako 2008ko deialdia onesten duena.

Nafarroako Enplegurako 2005-2007 Plana, 2008rako luzatua, xedetzat du Nafarroan kalitatezko enplegua sustatzea gizonen zein emakumeen enplegu betea bermatu arte, enpleguaren kalitatea ahaztu gabe, ikerketa, berrikuntza eta garapen teknologikoa lagunduz.er Hori dela-eta, Nafarroako Gobernuak enplegua eta haren arazoak hobeki ezagutzeko balio duten ideiak, ikerketak eta ekarpenak bultzatu nahi ditu, bai eta konponbideak bilatu ere egindako jarduketak sendotzeko, eta egiteko daudenak ahalik eta egokien bideratzeko. Horretarako, komenigarria da jarduketa koordinatu bat abiaraztea jardunaldiak, kongresuak eta bilkurak antolatu eta zabaltzeko, eta xede horietarako diru-zuzkidura izatea.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak dirulaguntzak emateko prozedura arrunta ezartzen du. Haren arabera, besteak beste, deialdia eta haren arauak ezarri behar dira.

Horrenbestez, azaldutakoarekin bat, eta espedientea osatzen duten Nafarroako Enplegu Zerbitzuko Batzorde Iraunkorraren adostasun txostenarekin, txosten teknikoa eta kontu-hartzailetzaren adostasuna duen proposamen-txostena ikusirik, maiatzaren 21eko 47/2007 Foru Dekretuaren bidez ematen dizkidan eskurantzez baliaturik,

EBATZI DUT:

1. Enpleguaren eta prestakuntzaren alorretan jardunaldiak, kongresuak, bilkura zientifikoak eta sentsibilizazio ekintzak antolatzeko, sariak eta esker onak emateko eta materiala argitaratu eta zabaltzeko dirulaguntzetarako 2008ko deialdia onestea.

2. Deialdiko arauak onestea. Arau horiek ebazpen honen eranskinean ageri dira.

3. Deialdi honetarako dirua "Sentsibilizaziorako eta sustapenerako ekintzak" izeneko 880000-84000-4819-241305 kontusailean dagoena izanen da, edo 2008ko gastuen aurrekontuan helburu bera duen kontusailera bideratzen dena.

4. Ebazpen hau eta bere eranskina Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea.

Iruñean, 2007ko azaroaren 26an.-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailea, José Luis Ruiz Ciruelos.

ERANSKINA

1.-Xedea.

Deialdi honen xedea da enpleguaren eta prestakuntzaren alorretan jardunaldiak, kongresuak, bilkura zientifikoak eta sentsibilizazio ekintzak antolatzeko, sariak eta esker onak emateko eta materiala argitaratu eta zabaltzeko dirulaguntzetarako 2008ko deialdia arautzea, Nafarroako Enplegurako 3. Planean azaltzen diren xede eta helburuekin bat.er

Horrelako jardueren helburuak hauek dira: batetik, Nafarroan enpleguaren eta prestakuntzaren arloan esku hartzen duten erakundeek parte hartzeko ekintzak eta guneak sustatzea eta, bestetik, enpleguari lotutako gaien inguruan gogoeta egin eta sakontzeko topaguneak sortzea.

Dirulaguntza eskatzeak deialdi hau arautzen duten oinarriak onartzea dakar berarekin.

2.-Proiektuak edo jarduerak egiteko esparrua.

Nafarroako Enplegurako 3. Planaren esparruan, enpleguaren eta prestakuntzaren alorretan antolatzen diren jardunaldiek, kongresuek, bilkura zientifikoek eta sentsibilizaziorako edo zabalkunderako ekintzek har dezakete laguntza, bai eta pertsonaren edo entitateren baten jardunbidea edo merezimenduak goresteko jarduerek ere, betiere 2008. urtean eta Nafarroako Foru Komunitatean egiten badira. er

3.-Onuradunak.

Dirulaguntzak nortasun juridikoa duten entitate eta erakundeek eskatzen ahalko dituzte, baldin eta legez eraturik badaude eta egoitza, ordezkaritza edo batzorde antolatzailea Nafarroan badute.

Jarduera 2008. urteko urtarriletik abendura bitartean egin beharko da. Geroratzea dela eta, abendurako aurreikusiak dauden jardunaldiak, urriaren 31 baino lehen jakinarazi beharko zaizkio Nafarroako Enplegu Zerbitzuari. Bestela, entitateak dirulaguntzari uko egin diola ulertuko da.

Entitateek jardueraren arduradun bat izendatuko dute administrazioarekin harremanak izateko.

4.-Dirulaguntzak emateko prozedura.

Deialdi honetako dirulaguntzak lehia bidez tramitatuko dira, 7. arauan ezarritako balorazio irizpideei jarraikiz.

5.-Aurkeztu beharreko eskaerak eta dokumentazioa.

Eskatzaileek Nafarroako Enplegu Zerbitzuko Erregistroan, Iruñeko Arcadio María Larraona kaleko 1ean, edo ekainaren 24ko 137/2002 Foru Dekretuan aipatzen diren Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorreko bulegoetan aurkeztuko dituzte eskaerak, ebazpen hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean. Foru dekretu horren bidez Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorraren antolamendua eta funtzionamendua arautu zen. Horrez gain, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 38. artikuluko 4. idatz-zatian aipatzen diren beste tokietan ere aurkezten ahalko dira. Eskaerarekin batera, ondoko agiri hauek aurkeztu beharko dira:

a) Eskaera orria, entitate eskatzailearen lege ordezkariak sinatua.

b) IFZ eta entitatearen eskriturak.

c) Egin beharreko edo egindako jardueraren gaineko txosten zehatza. Nahitaez alderdi hauek aipatu beharko ditu, ordena honetan berean azalduak:

-Aurreikusitako jarduera burutzeko datak eta tokia.

-Proiektuaren berariazko helburuak.

-Ekintzaren helburu den jendea.

-Aurreikusitako programa zehatza (ekitaldiak, ordutegiak, parte-hartzaileak, hizlariak, solasaldiak eta iraupena, komunikazio jarduerak,...)

-Dirusarreren eta gastuen aurrekontua guztira, sailez sail xehetua, eskatzen den dirulaguntzaren azalpenarekin.

-Garatu beharreko proiektuaren gainean interesgarritzat jotzen den beste edozein agiri.

Ebazpen hau argitaratu aurretik aurkeztutako laguntza eskaerak eta burutuak dauden jarduerak deialdi honen barrenean sar daitezke, baina deialdiko baldintza guztiak bete beharko dituzte.

Eskaerak baldintza horiek betetzen ez baditu, organo eskudunak interesdunari eskatuko dio epe jakin batean zuzentzeko. Horretarako 30 egun emanen dizkio gehienez. Akatsak ezartzen den epean zuzendu ezean, eskaerari uko egin diola ulertuko da eta espedientea artxibatuko da.

6.-Baloraziorako batzorde teknikoa.

Batzorde tekniko batek eskaera guztiak aztertu eta eman beharreko dirulaguntzak proposatuko ditu. Batzorde horrek kide hauek izanen ditu:

-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko Enpleguaren eta Prestakuntzaren Behatokiko Zerbitzuko zuzendaria.

-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko Enplegua Sustatzeko eta Aukera Berdintasunerako Zerbitzuko zuzendaria.

-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko Prestakuntza eta Bitartekaritza Zerbitzuko zuzendaria.

-Enpleguaren eta Prestakuntzaren Behatokiko Zerbitzuko Analisi eta Berriztapen Ataleko burua.

7.-Balorazio irizpideak.

Deialdian eskatzen diren baldintza guztiak betetzeak ez du esan nahi nahitaez laguntza emanen denik.

Laguntzak emateko proposamenek, gehienez ere, 100 puntu bilduko dituzte, ondoko ebaluazio irizpide hauei jarraikiz:

-Egin behar den jardueraren kalitate/prezio erlazioa: gehienez 30 puntu.

-Jarduketen hedadura eta eragina: gehienez 20 puntu.

-Aurkezten den proposamenaren funtsa eta koherentzia: gehienez 10 puntu.

-Jardueraren zehaztasun eta xehetasun maila: gehienez 10 puntu.

-Programatutako jarduera edo ikerketaren interesa eta berezitasuna: gehienez 10 puntu.

-Entitate batzuek baterako proposamena aurkeztea edo entitate batzuen artean jarduketa koordinatuak egitea: gehienez 10 puntu.

-Jarduera burutu behar duten pertsonen edo entitateen berme profesionala, ibilbidea eta esperientzia: gehienez 10 puntu.

65 puntura iristen ez diren eskaerak baztertu eginen dira.

Deialdi honi jarraikiz emandako dirulaguntzak bateragarriak izanen dira beste edozein dirulaguntza publiko edo pribaturekin. Dena den, jasotako dirulaguntzek, guztira, ez dute inola ere gaindituko diruz lagundutako jardueraren aurrekontua.

8.-Ebazpena.

Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak onartuko ditu laguntzak, ebazpen baten bidez, 6. arauan aipatzen den batzorde teknikoak proposatu ondoren.

Eskaerak aurkezteko epea bukatu eta biharamunetik hiru hilabeteko epean horretarako ebazpenik jakinarazten ez bada, ukatu direla ulertuko da.

Nafarroako Enplegu Zerbitzuak dirulaguntzak argitara emanen ditu Nafarroako Enpleguaren atarian (www.empleo.navarra.es), Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 15.1 artikuluan ezarritako baldintzekin bat.

9.-Laguntzen zenbatekoa eta ordaintzeko modua.

9.1. Aurkeztutako aurrekontua aztertu ondoren, Balorazio Batzordeak onartzen den aurrekontua finkatuko du, egin nahi den jarduerak merkatuan duen benetako prezioaren arabera.

Laguntza jaso dezaketen gastuak diruz lagundutako jarduera gauzatzeko edo xedea lortzeko beharrezkoak diren guztiak izanen dira, hala nola, prestaketa gastuak, egintza antolatzekoak, sarietan edo antzekoetan izandakoak, hizlarien gastuak eta dietak, edizioak, argitalpenak, ikus-entzunezkoak, eta abarretakoak.

Egin beharreko jardueraren edo ekintzaren antolaketarekin edo garapenarekin lotura zuzena ez duten gastuetarako ez da laguntzarik emanen inola ere.

9.2. Dirulaguntzaren zenbatekoa finkatuko da diruz laguntzeko onartzen den aurrekontuaren arabera eta deialdiko 7. arauan ezarritako irizpideei jarraikiz lortutako puntuazioaren arabera. Guztira eman beharreko dirua aurrekontuetan dagoena baino gehiago bada, bidezko banaketa proportzionala eginen da.

Laguntzak emateko ebazpenean diruz laguntzeko onartu diren kontzeptuak zehaztuko dira, hala nola bakoitzari esleitutako zenbatekoa. Gastuak justifikatzeko orduan, diruz laguntzeko modukotzat hartu ez ziren kontzeptuak ez dira inolaz ere onartuko.

Dirulaguntza lortutako puntuazioaren arabera finkatuko da, honela:

Proposamena

Puntuak Ehunekoa:

65-70 %60

71-75 %70

76-80 %80

81-85 %90

86 eta gehiago %100

Ordainketa jarduera bukatutakoan eginen da, emaitzen memoria eta dirusarreren eta gastuen egiaztagiriak aurkeztu ondotik (denak 2008. urtekoak izanen dira). Nolanahi dela ere, lagundutako jardueraren dirusarrerak izan diren gastuak baino altuagoak baldin badira, laguntza dagokion neurrian gutxituko da.

10.-Onuradunen betebehar orokorrak.

a) Onuradunek onesten den proiektuan egin nahi duten edozein aldaketa idatziz jakinarazi beharko dute. Aldaketa horrek Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren baimena izan beharko du.

b) Nafarroako Enplegu Zerbitzuari jakinarazi beharko zaizkio, halaber, jardueren behin betiko programazioa, jarduerak egiteko datak eta hizlarien izen-abizenak, horrelakorik badago, hori guztia behar den denborarekin eta bertaratzeko behar diren ondorioetarako.

c) Diruz lagundutako ekintzaren informazioa hedatzean, berariaz eta nabarmenki azalduko da Nafarroako Gobernuaren babesa izan dela, eta horretarako legeak finkatutako logotipoak paratuko dira.

d) Laguntza hauek bateragarriak dira administrazio honetatik, beste administrazio publiko batetik, beste erakunde publiko edo pribatuetatik edo partikularrengandik, nazio zein nazioartekoetatik, jarduera berbererako jasotzen den beste edozein laguntzarekin.

Diruz lagundutako proiekturako beste dirusarreraren edo laguntzaren bat erdietsiz gero, Nafarroako Enplegu Zerbitzuari jakinarazi beharko zaio, eta honek emandako dirulaguntza aldatu edo deuseztatzen ahalko du dirusarrera guztien batura lagundu den jardueraren kostua baino altuagoa baldin bada.

e) Dirulaguntza emateko arrazoitzat jo den jarduera egitea.

f) Laguntza emateko oinarri izan den jarduera egin dela justifikatzea, eta, orobat, laguntza hartzeko edo baliatzeko eskatu diren baldintza eta beharkizunak betetzen dituela. Diruz lagundutako jarduera bukatu eta hurrengo hilabetean, laguntza jaso duen entitate onuradunak jardueraren azken txostena aurkeztuko du Nafarroako Enplegu Zerbitzuan. Txostenean diru-funtsak nola aplikatu diren azalduko da eta, horekin batera, dirulaguntza jaso dezaketen kontzeptuak egiaztatzeko fakturak edo balio bereko agiriak aurkeztuko dira, fakturazio betebeharrak arautzen dituen Erregelamendua onesten duen maiatzaren 17ko 205/2004 Foru Dekretuan xedatzen den moduan beteak. Halaber, aurkeztu diren fakturen ordainagiriak ere aurkeztuko dira.

Hala ez bada, Nafarroako Enplegu Zerbitzuari ezinbestean jakinarazi beharko dizkiote eskatutako agiriak aurkeztu ez izanaren arrazoiak. Nafarroako Enplegu Zerbitzuak erabakiko du entitate onuradunaren argudioak onartzen dituen edo ez. Entitatearen argudioak onartuko balira beste epe bat emanen da, luzaezina, 30 egunekoa, agiriak aurkezteko.

Jardueraren gaineko agiriak aurkeztu ezean, laguntza emateko Ebazpena bertan behera utziko da.

g) Zerbitzua aholkularitza edo laguntza enpresek ematen dituztenean, dirulaguntza jaso dezaketen gastuak 12.000 eurotik goitikoak badira, onuradunak frogatu beharko du hornitzailea eraginkortasun eta ekonomia irizpideei jarraituz hautatu dela, salbu eta dirulaguntzaren xede diren gastuen ezaugarrien berezitasuna dela-eta, merkatuan hornidura edo zerbitzua emateko behar adina enpresa ez badago, edo gastua egin bada dirulaguntza eskatu baino lehen. Nolanahi ere, Dirulaguntzei buruzko 11/2005 Foru Legearen 28.3 artikuluan ezarritakoa aplikatuko da.

h) Eskumena duten organoek, eman edo jaso diren dirulaguntzen inguruan, egiten dituzten egiaztapen lan guztiak onartzea.

i) Dirulaguntzak ematen dituen ebazpenaren proposamena egin baino lehen, Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak eta zergen gainekoak eguneratuak dituztela frogatzea dagozkien agirien bidez.

j) Kontabilitate liburuak, erregistro diligentziatuak eta behar bezala auditaturiko bestelako agiriak eduki beharko dira, onuradunei aplikatzen ahal zaizkien merkataritzari eta sektoreari buruzko legeetan xedatu bezala.

k) Jasotako diruaren erabilpenari buruzko frogagiriak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztatze eta kontrol lanak egin ahal izateko.

11.-Laguntzaren jarraipena.

Laguntzen izapidea, segimendua eta kontrola, alderdi guztietan, Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren esku geldituko dira (Analisi eta Berriztapen Atala). Azken honek behar diren txosten teknikoak eta aholkularitza eska ditzake.

Jarraipen horren ondotik desadostasun txostena ematen bada, emandako diru-kopuru osoa edo zatiak eskatzen ahalko ditu, sor litezkeen gainerako erantzukizunengatik bidezko erantzukizuna batere ukatu gabe. Horrelakoetan, Dirulaguntzei buruzko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan eta ondokoetan ezarritakoa aplikatuko da.

12.-Araudia.

Arau hauetan aurreikusirik ez dauden gaietan Dirulaguntzei buruzko ekainaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutakoa aplikatuko da.

13.-Errekurtsoak.

Deialdi honen eta bere arauen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuko Berrikuntza, Merkataritza eta Enplegu kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iragarkiaren kodea: F0719083