4. ALDIZKARIA - 2008ko urtarrilaren 9a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

2.2.2. Plantilla Organikoa, Lan Publikoaren Eskaintza, oposizioak eta lehiaketak

BURLATA

Deialdia, Burlata-Atarrabiako Hilarion Eslava Musika Eskolako tronboiko eta taldeetako irakasle izateko lanpostu misto bat oposizio-lehiaketa bidez eta lan-kontratu finkoarekin betetzeko

1. oinarria.-Arau orokorrak.

1.1. Deialdiaren xedea da Burlata-Atarrabiako Hilarion Eslava Musika Eskolako tronboiko eta taldeetako irakasle izateko lanpostu misto bat oposizio-lehiaketa bidez eta lan-kontratu finkoarekin betetzea.

1.2. Lanpostua lan-kontratu mugagabearekin beteko da. Sei hilabeteko probaldia ezarriko da; hartan patronatuko buruak kontratu harremana amaitu edo desegiten ahalko dute, emaitzak ez badira Musika Eskolaren nahiaren heinekoak.

1.3. Lanpostuak Musika Eskolako hitzarmenean agertzen diren ordainsariak izanen ditu.

1.4. Lanaldia zerbitzuaren beharren araberakoa izanen da, eta administrazio organo eskudunek noiznahi alda dezakete.

1.5. Halaber, deialdi honen bidez hautaprobak gainditu bai baina lanposturik lortzen ez duten izangaiekin aldi baterako kontratatuak izateko izangaien zerrenda bat osatu nahi da.

2. oinarria.-Izangaien betebeharrak.

2.1. Oposizio-lehiaketa honetara onartuak izateko, izangaiek, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, baldintza hauek bete beharko dituzte:

A.-Musikako erdi mailako irakasle titulua edukitzea, tronboi espezialitatekoa (abenduaren 21eko 421/1992 Foru Dekretuaren 12. artikuluarekin bat).

B.-Bete behar dituen eginkizunetan aritzeko behar den gaitasun fisiko eta psikikoa izatea.

C.-Eginkizun publikoak betetzeko ezgaitua edo gabetua ez izatea, eta inongo administrazio publikoren zerbitzutik berezia ez izana.

D.-Espainiako herritarra izatea, edo Europako Batasuneko bertze estatu batekoa, edo langileen zirkulazio librea aplikatzen den eremuko estatu batekoa, Europako Batasunak sinatu eta Espainiak berretsitako nazioarteko itunak direla medio; orobat, espainiarren eta Europako Batasuneko bertze estatuetako herritarren ezkontideek hartzen ahal dute parte, zuzenbidez bereizita ez badaude; halaber, haien ondorengoek eta ezkontidearenek, zuzenbidez bereizita ez badaude, 21 urtetik beheitikoak badira, edo goitikoak, haien kontura biziz gero.

2.2. Probak gainditu eta lanpostua lortzen duten izangaiek deialdi honek xedatzen duen moduan eta epean egiaztatu beharko dituzte aitzineko baldintzak. Hori guztia bete beharko da eskabideak aurkezteko epea burutzen den egunerako, baita oposizio prozedura osoan eta izendapen eguna arte ere.

3. oinarria.-Eskabideak.

3.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak Burlata-Atarrabiako Hilarion Eslava Musika Eskolako bulegoetan aurkeztu beharko dira (San Juan karrika, 18, Burlata) 15:30tik 20:30ra, edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkidearari buruzko azaroaren 20ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan ezarritako bideetako bat erabiliz. Horretarako, hogeita hamar egun naturaleko epea izanen da, deialdia Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hasita. Azken eguna baliogabea bada, hurrengo lehen egun balioduna arte luzatuko da epea.

Eskabidea I. eranskineko ereduari lotuko zaio, eta ondokoekin batera aurkeztuko da:

a) NANaren edo baliokidea den nortasun agiriaren fotokopia konpultsatua.

b) Deialdi honetako 2.A atalean eskatzen den tituluaren kopia kautotua edo fotokopia egiaztatua.

c) Aukerakoak, lanpostuarekin zerikusia duten eta bere gaitasun profesionala proba dezakeen meritu guztiak. Epaimahaiak ez ditu aintzat hartuko jatorrizko agiriarekin edo fotokopia konpultsatuarekin egiaztaturik ez dauden merezimenduak.

Eskabidea onartua izateko, inprimakia behar bezala bete behar da eta, aipatu dokumentazio erantsiaz gain, nahiz eta ez dagoen batera aurkeztu beharrik, bertze hau ere aurkeztu beharko da aipatu epearen barnean: Proiektu Pedagogikoa, deialdi honetako 6.1.2.3 oinarrian adierazia. Lan hori gutunazal itxian aurkeztuko da eta gutunazalaren kanpoko aldean ez da izangaiaren daturik ageriko, baina aukerakoa da lelo bat idaztea. Gutunazal horren barnean, lanaz gain, bertze gutunazal itxi batean, lana egin duen izangaiaren datuak ere agertuko dira.

3.2. Orobat, eskatzaileek, 3.1 oinarriko agiriekin batean, udal diruzaintzan hamabortz euro ordaindu izanaren gordekina ere aurkeztuko dute (dirusarrera eginez "Hilarión Eslava" Musika Eskolako udal patronatuaren 3035 0087 06 0870010356 kontu zenbakian, Euskadiko Kutxa finantza entitatean), azterketa eskubideengatik eta agiriak tramitatzeko tasagatik. Oinarri honetan xedatua betetzen ez bada, arrazoi aski izanen da deialditik baztertzeko.

3.3. Eskabideak aurkezteko epea luzaezina da.

4. oinarria.-Izangaien onarpena eta erreklamazioak.

4.1. Eskabideak aurkezteko epea burutu ondoan, Musika Eskolako patronatuko buruak izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesten duen ebazpena emanen du, eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko.

4.2. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta ondoko 10 egun balioduneko epean, izangai baztertuek erreklamazioak egiten ahalko dituzte eta eskabidean akatsik egin badute, horiek zuzendu.

4.3. Erreklamazioak aurkezteko epea burutu eta haiek ebatzi ondoan, Musika Eskolako patronatuko buruak izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko ebazpena emanen du, eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzeko aginduko.

Ebazpen berean zehaztuko da probak non, noiz eta zer ordutan hasiko diren.

5. oinarria.-Epaimahaia.

5.1. Epaimahaiak kide hauek izanen ditu:

-Epaimahaiburua: Burlatako alkatea.

Ordezkoa: Atarrabiako Alkatea.

-Mahaikidea: Musika Eskolako zuzendaria.

Ordezkoa: Musika Eskolako ikasketaburua.

-Mahaikidea: musika irakasle bat, tronboi espezialitatekoa.

Ordezkoak: aurreko baldintzak betetzen dituen bertze irakasle bat.

-Mahaikidea: musika irakasle bat, taldeetako espezialitatekoa.

Ordezkoa: aurreko baldintzak betetzen dituen bertze irakasle bat.

-Mahaikidea: Musika Eskolako langileen ordezkaria.

Ordezkoa: Eskolako langile bat, bertako langileen ordezkariak hautatua.

-Burlatako Udaleko idazkaria (hizpidea duela, baina botorik gabe)

Ordezkoa: Musika Eskolako idazkari akademikoa.

5.2. Epaimahaia hautaprobak egin aitzin eratuko da eta bere eraketak eta jarduketak balio izateko gutienez ere kideen erabateko gehiengoa beharko da elkartu.

5.3. Epaimahaiak gehiengoz erabakiko ditu deialdiaren oinarriak ulertu eta aplikatzeko moduaz sor daitezkeen afera guztiak.

6. oinarria.-Oposizio-lehiaketaren nondik-norakoa.

6.1. Oposizio-lehiaketa bi alditan eginen da, lehiaketaldia lehenbizi eta oposizioaldia gero, oinarri hauetan zehazten den gisara.

6.1.1. Lehiaketaldia.

Epaimahaiak II. eranskinean agertzen den merezimenduen baremoaren arabera baloratuko ditu izangaiek alegatzen dituzten merezimenduak.

Oposizio-lehiaketan parte hartu nahian, eskabidea aurkezten dutenean alegatu eta frogatuko dituzte izangaiek merezimendu guztiak agiri bidez.

Epaimahaiak ez du inoiz merezimendurik onartuko ez bada alegatu edo agiri bidez frogatu.

6.1.2. Oposizioaldia.

Oposizio egileek alfabetoaren araberako ordenan eginen dituzte ariketak; haietara, NANa aldean daramatela joan beharko dute.

Lau proba izanen ditu, eta horiek honelakoak:

1.-Interpretazio ariketa praktikoa.

Ariketa honetan gehienez ere 15 puntu lortzen ahalko dira eta, gutienez, 9 beharko dira gainditzeko.

Kontzertuko programa bat interpretatuko da. Izangaiak berak aukeratuko du eta gehienez ere 30 minutu iraunen du.

Hona zer baloratuko duen epaimahaiak: programaren barietatea, aurkezten diren obren zailtasuna, interesa eta kalitatea, eta izangaiaren kalitatea eta heldutasuna bai teknikoa bai musikala.

Izangaiak ekarriko du bere laguntzailea.

Ariketa burutu ondoan, izangaien puntuazioen zerrenda agertuko du epaimahaiak iragarki oholean, eta han hurrengo proba non eta noiz eginen den adieraziko da.

2.-Irakaskuntzako ariketa praktikoa.

Ariketa honetan gehienez ere 20 puntu lortzen ahalko dira eta, gutienez, 12 beharko dira gainditzeko.

Ikasle hasi berri bati eskola eman beharko zaio, eta bertze bat hastapena egina duen bati. Eskola bakoitzak gehienez ere 30 minutu iraunen du.

Eskolak buruturik, izangaiak horietan egin duen planteamendua defendatuko du epaimahaiaren aitzinean, goiti-beheitirik izan baldin bada horien gainean ariko da eta emaitzaren balorazioa eginen du.

Epaimahaiak mota guztietako galdera eta azalpenak egin eta eskatuko dizkio izangaiari, eskolaren eta horren defentsaren gainean.

Ariketa burutu ondoan, izangaien puntuazioen zerrenda agertuko du epaimahaiak iragarki oholean, eta han hurrengo proba non eta noiz eginen den adieraziko da.

3.-Proiektu pedagogikoa.

Ariketa honetan gehienez ere 15 puntu lortzen ahalko dira eta, gutienez, 9 beharko dira gainditzeko.

Proiektu pedagogikoa aurkeztu eta defendatu beharko da epaimahaiaren aitzinean. Proiektu hori idatzita aurkeztuko da, oinarrietan adierazi den bezala, epaimahaiak azter dezan izangaiak horren defentsa egin aitzin. Epaimahaiak ez du jakinen proiektu pedagogiko bakoitza norena den, harik eta defenditzeko unea iritsi arte.

Proiektu pedagogikoan, tronboiaren gaineko bere proposamen pedagogiko osoa bilduko du izangaiak. Proiektuan hau sartu beharko du: helburuen eta edukien proposamen justifikatua, horien sekuentziazioa ikasturtez ikasturte eta mailaz maila, metodologiari eta ebaluazioari dagozkion baliabide guztiak, eskolak antolatzeko orientabideak eta abar. Aipatu lanean ere izangaiak biltzen ahalko du prestakuntzan eta praktikan duen esperientzia, eta, esperientzia hori oinarritzat harturik, egin den etengabeko gogoetaren ondotik lortu duen musika hezkuntzari buruzko planteamendua. Halaber, izangaiak berak sortutako material didaktikoak, unitate didaktikoak, bibliografia eta abar aurkezten ahalko ditu.

Izangaiak bere planteamendu pedagogikoak hobeki ilustratzeko egokitzat jotzen dituen material guztiak (teknikoa, didaktikoak...) aurkezten ahalko ditu eta, nolanahi ere, aitzinetik jakinarazi beharko dio Udalaren Musika Eskolako zuzendariari, horrek deus prestatu behar izanez gero, presta dezan.

Izangaiak gehienez ere 30 minutu izanen ditu bere proiektu pedagogikoa defendatzeko. Jarraian, eztabaida dialektikoan ariko da epaimahaiarekin. Epaimahaiak denetariko galderak egin eta azalpenak eskatzen ahalko dizkio izangaiari, defendatutako proposamenari buruz.

Hona zer baloratuko duen epaimahaiak: aurkezturiko lanaren kalitatea, ideien argitasuna hura defendatzerakoan, izangaiak erakutsitako jakintza, bere planteamenduen koherentzia, sormena, originaltasuna, hala nola proposamen osoa bat heldu den Hilarión Eslava Musika Eskolak ikastetxe gisa duen filosofiarekin.

Musika Eskolak bermatuko du proba honetan aurkezturiko informazioaren konfidentzialtasuna. Aipatu informazioa gordeko da hautapen prozesu hauen espedientean, eta ez da inola ere hedatuko.

Epaimahaiak antzemanez gero aurkezturiko lana ez dela izangaiak egina, izangaia zuzen-zuzenean baztertuko du hautapen prozesu honetatik.

Izangai bakoitzaren oposizioaldiko ariketetako puntuazioa ateratzeko parte hartzen duten mahaikide guztien kalifikazioen banaz bertzeko aritmetikoa eginen da, baina muturreko kalifikazioak, hots, handiena eta txikiena, baliogabetuko dira.

4.-Helbidea.

Ariketa honetan gehienez ere 14 puntu lortzen ahalko dira eta, gutienez, 8 beharko dira gainditzeko.

Proba honetan probasaio bat egin beharko da Eskolako 4 eta 5. mailetako ikasleen haize talde batekin, gehienez ere 45 minutuan.

Epaimahaiak probak hasten diren egunean emanen die oposizio egileei landu beharreko lana. Zuzendaritzaren alderdi teknikoak baloratuko dira, baita taldea gobernatzeko trebetasunak eta probasaioaren azken emaitza ere.

5.-Konponketa.

Proba honetan gehienez ere 6 puntu lortzen ahalko dira eta, gutxienez, 4 beharko dira gainditzeko.

Konponketa estandar baten zatia egokitu beharko da, Eskolako musika tresnen taldearendako. Lehiatzaileek euskarri informatikoa izanen dute eskura (PC, Windows XP duena, eta Encore eta Finale editoreak). Izangaiek bertze editore edo bertsio bat erabili nahi badute, berek ekarri beharko dute software hori.

Epaimahaiak erabakiko du Izangaien ariketak zenbat denbora iraunen duen.

6.2. Oposizio-lehiaketa 2008ko maiatzean eta ekainean eginen da.

7. oinarria.-Probak gainditzen dituztenen zerrenda eta agirien aurkezpena.

7.1. Azken ariketa zuzendurik, epaimahaiak probak gainditu dituztenen zerrenda, bakoitzaren puntuazioaren hurrenkeraren arabera egina, paratuko du jendearen aitzinean Musika Eskolako iragarki oholean. Horretarako, izangai bakoitzak lehiaketaldiko fase bakoitzean eta oposizioko ariketetan lortutakoak batuko ditu eta zerrenda horrekin batera, puntuaziorik handiena lortzen duen izangaia izendatzeko proposamena igorriko dio Burlata-Atarrabiako Hilarion Eslava Musika Eskolako patronatuari. Proposamen hori Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko da.

7.2. Izendapen proposamena Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara eman eta 30 egun naturaleko epearen barnean, proposatutako izangaiak honako agiri hauek aurkeztu beharko ditu Burlata-Atarrabiako Hilarion Eslava Musika Eskolako bulegoan:

a) Osasun ziurtagiri edo txostena, interesdunak karguan aritzea eragotziko dion eritasun edo akats psiko-fisikorik ez duela egiaztatzen duena.

b) Zinpeko aitorpena, eginkizun publikoetan aritzeko ezgaiturik edo gabeturik ez dagoela eta ezein administrazio publikoren zerbitzutik baztertua izan ez dela dioena.

7.3. Epearen barrenean izangaiak agiri horiek aurkezten ez baditu, ezinbertzeko eta aski justifikatutako kasuetan salbu, ezin izanen da izendatua izan eta bere jarduketa guziak baliogabetuta geldituko dira, deusetan ukatu gabe, hala bada, hasierako eskabidean egindako faltsukeriagatik letorkeen erantzunkizuna.

Aurreko atalean aurreikusitakoa gertatuz gero, puntuazioen zerrendako hurrengo izangaiarekin beteko da lanpostua.

Probak gainditu dituzten izangaien zerrenda eginen da, aldi baterako kontratazioetarako erabiltzeari begira, Burlata-Atarrabiako Hilarion Eslava Musika Eskolaren beharren arabera.

8. oinarria.-Izendapena eta kontratazioa.

8.1. Hautapen prozedura burututa eta izangaiak aitzineko 7.2. oinarrian zehaztutako agiriak aurkezturik, organo eskudunak proposaturiko izangaia izendatu eta kontratatuko du, eskatutako baldintzak ezarritako moduan eta epean bete baditu.

Izendapena Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko da.

8.2. Izangai izendatuak, izendapena jakinarazi eta ondoko hilabetean formalizatu beharko du kontratu mugagabea. Ezinbertzeko kasuetan salbu, epe horretan ez badu kontratu mugagabea formalizatzen, izendapenak lekarzkiokeen eskubide guztiak galduko ditu, 7.3 atalean ezarritako moduan eta ondorio berekin.

9. oinarria.-Errekurtsoak.

Deialdi honen aurka, haren oinarri eta aplikazio egintzen aurka ere, honako errekurtso hauetako bat paratzen ahal da, hautara:

a) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Administrazioarekiko Auzien Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, erabaki hau argitaratu edo errekurritu nahi den aplikazio egintza jakinarazi eta biharamunetik aitzina, edo bertzenaz,

b) Gora jotzeko errekurtsoa Nafarroako Administrazio Epaitegiari zuzendua, hilabeteko epean errekurritutako erabaki edo egintzak jakinarazi eta biharamunetik aitzina.

c) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza gauzatu duen organoari berari zuzendua, hilabeteko epean errekurritutako erabakiak argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik aitzina.

I. ERANSKINA

Eskabide eredua

Izena: ............................................, adinez nagusia, NAN zenbakia: ....................., jaioteguna: ......................, jaioterria: ............................... (...........), bizilekua: ................., karrika: .............., zenbakia: ...... PK: ........, telefonoa: ..............

Zure aitzinera agertu eta adierazten dut:

Onartua izatea eskatzen dudala Burlata-Atarrabiako Hilarion Eslava Musika Eskolako ............... izateko lanpostu bat oposizio-lehiaketa bidez betetzeko deialdian (zenbaki honetako ..... Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratua, data honetan: ............).

Orobat, karguan aritzea galarazten didan eritasun edo akats fisikorik edo psikikorik ez dudala.

Ez naizela diziplina espediente bidez inongo administrazio publikoren zerbitzutik bereizia izan eta ez nagoela desgaitua eginkizun publikoak betetzeko.

Deialdiko 2. oinarrian aipatzen den titulazioa badudala.

Eskabideak aurkezteko epea burutzen den egunean, behar diren baldintza guztiak betetzen ditudala.

Horrenbertzez,

Eskabide hau onartu eta, horren ondorioz, Burlata-Atarrabiako Hilarion Eslava Musika Eskolako ............... izateko lanpostu bat oposizio-lehiaketa bidez betetzeko deialdian onartua izatea eskatzen dut.

Halaber,

Euskaraz dakidala frogatzeko proba egin nahi dudala aditzera ematen dut. f BAI f EZ

Burlatan, 2008ko ................aren ..............(e)an.

(Eskatzailearen sinadura)

II. ERANSKINA

Merezimenduen baremoa

1.-Aitzineko esperientzia irakasle lanetan.

Administrazio publikoen musika eskoletan edo kontserbatorioetan, lortu nahi den lanpostuaren espezialitateko irakasle gisa egindako ikasturte oso bakoitzeko: 2 puntu urte bakoitzeko eta gehienez ere 10 puntu. Lan egindako hilabeteak proportzioz puntuatuko dira, 0,2 puntu emanez hilabete bakoitzari.

Administrazio publikoenak ez diren bertzelako ikastetxeetan, lortu nahi den lanpostuaren espezialitateko irakasle gisa egindako ikasturte oso bakoitzeko: puntu 1 urte bakoitzeko eta gehienez ere 3 puntu. Lan egindako hilabeteak proportzioz puntuatuko dira, 0,1 puntu emanez hilabete bakoitzari.

Atal honi dagokionez, ikasturte osotzat hartuko da irailaren 1etik ekainaren 30a arteko aldia.

Zerbitzuak aldi berean ikastetxe batean baino gehiagotan eman badira, puntuazioak ez dira batuko.

Atal honi dagozkion egiaztagiriak:

Titulu administratiboaren edo izendapenaren nahiz kontratuaren fotokopia egiaztatua edo kasuan kasuko ikastetxeko idazkariak luzatu eta zuzendariaren oniritzia duen ziurtagiria, bertan ikasgaia eta zerbitzuen egiazko iraupena jasoko direla.

2.-Prestakuntza ikastaroak.

Deialdiko musika tresnen gaineko hobekuntza ikastaroak edo hobekuntza orokorrekoak musikaren didaktikari aplikatuta, 0,1 puntu ikastaroko 10 ordutik eta gehienez ere 5 puntu.

Honi dagokionez, ikastaro guztietako orduen batura eginen da eta ez da kontuan hartuko 10 ordu baino gutiagoko gerakina.

Egiaztagiriak:

Horien ziurtagiria, zenbat ordu egin diren edo kreditu kopurua adieraziko duena.

3. Deialdian parte hartzeko eskatu ez bezalako musika titulu bakoitzagatik, maila berekoa edo goragokoa bada, puntu 1 eta gehienez ere 2 puntu.

4. Euskara. Euskaraz jakiteagatik, gehienez ere 10 puntu. Hizkuntza eskola ofizial batek luzaturiko gaitasun agiriaren edo ofizialki haren baliokidetzat jotzen den titulazioaren kopia kautotu edo fotokopia egiaztatuarekin frogatzen ahalko da, edo, bertzenaz, epaimahaiak zehaztuko duen proba gaindituz.

Burlatan.-Patronatuko burua, José Muñoz Arias.

Iragarkiaren kodea: L0718984