4. ALDIZKARIA - 2008ko urtarrilaren 9a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

2.2.2. Plantilla Organikoa, Lan Publikoaren Eskaintza, oposizioak eta lehiaketak

CASTEJON

Deialdia, Castejongo Udaleko administrari laguntzaile izateko lanpostu bat, funtzionarioen araubidekoa eta lanaldi erdikoa, oposizio-lehiaketa bidez betetzeko

Alkatetzaren 2007ko abenduaren 11ko 434. ebazpenaren bidez onetsi zen Castejongo Udaleko administrari laguntzaile izateko lanpostu bat, funtzionarioen araubidekoa eta lanaldi erdikoa, oposizio-lehiaketa bidez betetzeko deialdia. Hona hemen haren oinarriak:

ARAUAK

1. oinarria.-Arau orokorrak.

1.1. Deialdi honen xedea da Castejongo Udaleko administrari laguntzaile izateko lanpostu bat oposizio-lehiaketa bidez betetzea.

1.2. Izendapenaren ondorioz hautatua gertatzen dena Castejongo Udaleko funtzionario bilakatuko da, ondorio guztietarako, karguaz jabetzen den egunetik hasita, eta Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean alta emanen zaio.

1.3. Lanpostuak D mailako lansariak izanen ditu, Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutua arautzen duen Foru Legean eta 1984ko uztailaren 4ko Lansarien Behin-behineko Erregelamenduan ezarri bezala.

1.4. Lanaldia erdia izanen da, eta zerbitzuaren beharretara egokitzen ahalko denez, noiznahi aldatzen ahalko dute organo eskudunek.

1.5. Bere lan eta eginkizunak deialdiko maila eta kategoriari eta eskaturiko ikasketei dagozkienak izanen dira, bertzeak bertze barne direla ordenagailuak eta pantaila terminalak erabiltzea, testu-lanketak eta kontabilitate programak barne, eta, oro har, berezkoak dituen eginkizunen artetik agintzen zaizkion lan guztiak.

2. oinarria.-Izangaien betebeharrak.

2.1. Proba honetan onartuak izateko, izangaiek baldintza hauek bete beharko dituzte eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean:

a) Espainiako nazionalitatea edo Europar Batasuneko bertze edozein estatutakoa edukitzea eta adinez nagusi izatea.

b) Gutienez, eskola graduatuko edo lehen mailako lanbide heziketako titulua edukitzea, edo horien baliokideren bat.

c) Bete behar dituen eginkizunetan aritzeko gaitasun fisiko eta psikikoa izatea.

d) Eginkizun publikoak betetzeko ezgaiturik edo gabeturik ez egotea, eta administrazio publikoaren zerbitzutik baztertua ez izana zehapen espedientearen bitartez.

2.2. Azterketa gainditu eta lanpostua eskuratzen duen izangaiak aipatu baldintza horiek betetzen dituela frogatu beharko du, deialdi honetako oinarrietan ezartzen diren epean eta moduan. Baldintzak bete beharko ditu, hain zuzen ere eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean, eta horien jabe beharko du izan hautapenaldiak dirauen bitartean eta izendapena egiten den arte.

3. oinarria.-Eskabideak.

3.1. Deialdi honetan parte hartu ahal izateko eskabideak Udaleko erregistro orokorrean aurkeztu beharko dira, 30 egun naturaleko epean, deialdi hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hasita, azken eguneko 14:00ak baino lehen. Eskabideak I. eranskinean azaltzen den ereduaren araberakoak izanen dira.

3.2. Eskabidearekin batera honako agiri hauek aurkeztu beharko dira:

a) NANaren fotokopia konpultsatua.

b) Lehiaketaldian baliarazi nahi diren merezimenduen jatorrizko egiaztagiriak, edo, horrela egiaztatu ezin den bertzelakorik bada, tituluen, ikastaroetan parte hartu izanaren ziurtagirien eta kontuan hartzea nahi liratekeen gainerakoen kopia kautotuak.

3.3. Ezintasuna dutenek eskabidean azaldu beharko dute zein den eta, halaber, probak egiteko denboraren zein bitartekoen aldetik behar dituzten egokitzapenak eskatu ere.

3.4. Eskabideak aurkezteko epea luzaezina izanen da.

3.3. Izangaiek eskabidearekin batera Udal Diruzaintzan 6 euro ordaindu izanaren egiaztagiria aurkeztu beharko dute, espedientea osatu eta azterketa eskubideagatik. Agiria ez aurkezteak probetara ezin aurkeztea ekarriko du.

4. oinarria.-Izangaien onarpena eta erreklamazioak.

4.1. Eskabideak aurkezteko epea bukatutakoan, alkateak ebazpena emanen du onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzeko aginduko du.

4.2. Izangai baztertuek 10 egun balioduneko epea izanen dute, behin-behineko zerrenda Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen denetik, erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik egin badute, zuzenketak egiteko.

4.3. Erreklamazioetarako epea bukatutakoan eta horiei erantzun ondotik, alkateak ebazpena emanen du onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzeko aginduko du.

5. oinarria.-Epaimahaia.

5.1. Epaimahaiak kide hauek izanen ditu:

Mahaiburua: Francisco Javier Sanz Carramiñana, Castejongo alkatea.

Mahaiburuaren ordezkoa: Olga Mesa Romeo, Castejongo Udaleko alkateordea.

1. mahaikidea: Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioko (FNMC) teknikaria.

Ordezkoa: Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioko (FNMC) teknikaria.

2. mahaikidea: Nafarroako Gobernuko Toki Administrazioko Departamentuak izendatua.

Ordezkoa: Nafarroako Gobernuko Toki Administrazioko Departamentuak izendatua.

3. mahaikidea: Castejongo Udaleko langileen ordezkari bat.

Ordezkoa: Castejongo Udaleko langileen ordezkari bat.

4. mahaikidea: Idazkaria: Sonia Mateo Ortega, Castejongo Udaleko idazkaria.

Ordezkoa: Raquel García Pérez, Cadreitako Udaleko idazkaria.

5.2. Hautaprobak egiten hasi aitzin eratuko da epaimahaia. Ezin izanen da eratu, ezta jardun ere, bere kideen gehiengo osoa bederen agertu gabe.

5.3. Bertaratutako kideen gehiengoz hartuko dira erabakiak, eta berdinketa suertatzen bada, mahaiburuaren kalitatezko botoak erabakiko du.

5.4. Epaimahaiak gehiengoz erabakiko ditu deialdiaren oinarriak ulertu eta aplikatzeko moduaz sortzen diren afera guztiak.

5.5. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza izan dezake proba batzuetan nahiz guztietan. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko eta haietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.

6. oinarria.-Oposizio-lehiaketaren hasiera eta garapena.

6.1. Onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko ebazpenean berean adieraziko du Udalak oposizioa zein tokitan, zein egunetan eta zein ordutan hasiko den.

6.2. Lehenengo lehiaketaldia izanen da eta ondotik oposizioaldia hasiko da oinarri hauetan ezarritako moduan.

6.3. Alegatutako merezimenduen balorazioa. Epaimahaiak balorazio hau III. eranskinean ageri den baremoaren arabera eginen du. Merezimenduen frogagiriak eskabidearekin batera aurkeztuko dira. Balorazioa 30 puntukoa izanen da, gehienez.

Lehiakideek alegatutako merezimenduen gaineko azalpenak eta datu osagarriak eskatzen ahal ditu epaimahaiak noiznahi. Izangaiak deialdia argitaratzen den egunean dituen merezimenduak eta espedientean agirien bidez frogatuak daudenak bakarrik hartuko dira kontuan. Nafarroako administrazio publikoetan egindako zerbitzuen ziurtagirietan, egindako lanaldiaren ehunekoa agertu beharko da.

Baremoko multzo berean sartutako zerbitzuak batera egin badira, ez dira bi aldiz kontatuko. Baloratu behar den urte kopurua osoa ez bada, proportzioan dagokiona emanen zaio.

6.4. Lehiaketaldia bukatutakoan, epaimahaiak argitara emanen ditu Udalaren iragarki oholean lehiaketaldian izangaiek lortutako puntuazioak.

6.5. Oposizioa plika itxien sistema erabiliz eginen da eta gehienez ere 70 puntu lortzen ahalko dira.

Epaimahaiak erabakiko du proben iraupena zenbatekoa den, haiek hasi aurretik; ariketa hauek egin beharko dira:

Lehen ariketa.

A) Zati teorikoa.-Idatziz erantzun beharko da II. eranskineko gaiei buruzko galdera laburrez edo test modukoez osaturiko galdetegia. Gehienez ere, 20 puntu. Hurrengo ariketa egin ahal izateko gutxienez 10 puntu beharko dira.

B) Zati praktikoa.-Bi agiri edo gehiago egin beharko dira, toki entitate bateko administrari laguntzaileek egin ohi dituztenen gisakoak. Ariketa honek, gehienez ere, 25 puntu izanen ditu. Baztertu eginen dira gutxienez 12,50 puntu lortzen ez dituzten izangaiak.

Deialdia seinalatzeko iragarkian adieraziko da ariketa hauek egun bakar batean egin behar diren.

Bigarren ariketa.

Informatikako proba: ariketa praktiko bat edo gehiago egin beharko dira, toki administrazioan erabili ohi diren aplikazio informatikoez baliatuz. Ariketa honetan gehienez ere 25 puntu lortzen ahalko dira eta bazterturik geldituko dira 12,50 puntu eskuratzen ez dituzten izangaiak.

6.6. Ariketa bakoitza zuzendu ondotik, epaimahaiak Udaleko iragarki oholean jarriko du izangaien zerrenda, bakoitzak lortu dituen puntuekin.

6.7. Ariketa bakoitzerako deialdi bakarra eginen da eta izangaiek aldean nortasun agiri nazionala eraman beharko dute.

6.8. Hautapen probak egiteko, denbora eta baliabide aldetik egokitzapenak eginen dira eskabidean horren eskaera egiten duten ezinduentzat. Epaimahaiak ezinduei beren egoera froga dezaten eskatzen ahalko die, organo eskudunak emandako ziurtagiria, alegia.

7. oinarria.-Probak gainditzen dituztenen zerrenda eta agirien aurkezpena.

7.1. Ariketa bakoitzaren kalifikazioa burutu eta plikak jendaurrean ireki ondotik, epaimahaiak probak gainditu dituzten izangaien zerrenda jarriko du Herriko Etxeko iragarki oholean eta, orobat, hurrengo ariketa egiteko eguna, tokia eta ordua zehaztuko ditu.

7.2. Ariketa bakoitzerako deialdi bakarra eginen da eta izangaiek Nortasun Agiri Nazionala aldean dutela agertu beharko dute eta, hala eskatzen bazaie, erakutsi egin beharko dute; bertzenaz, kanporatuak edo baztertuak gertatuko dira, salbu eta zuzenbidean onarturiko bertze moduren batean nortasuna aski frogatzen badute egintza horretan bertan.

7.3. Azkeneko kalifikazioa lortzeko oposizio-lehiaketako puntuazio guztiak batuko dira.

7.4. Azken ariketaren kalifikazioa buruturik, epaimahaiak jendaurrean emanen du, Udaleko iragarki oholean, gainditu dutenen zerrenda, lortutako puntuazioaren arabera ordenatuta, eta puntu gehien lortu duen izangaia izendatzeko proposamena eginen dio Udalari. Proposamen hori Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu beharko da.

7.5. Izendapen proposamena Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara eman eta hogeita hamar egun naturaleko epearen barrenean, proposatutako izangaiak honako agiri hauek aurkeztu beharko ditu Udalean:

a) N.A.N.

b) Eskatzen den titulazioaren fotokopia egiaztatua.

c) Eginkizun publikoetarako ezgaitua edo gabetua ez izatearen, eta inongo administrazio publikoren zerbitzutik bereizia ez izanaren zinpeko aitorpena.

d) Osasun ziurtagiria, karguaren eginkizunetan aritzeko galarazten dion eritasunik edo akats fisikorik nahiz psikikorik ez duela erakusten duena.

7.6. Aipatu epean eta ongi frogatutako ezinbertzeko kasuetan izan ezik, agiri horiek aurkezten ez dituztenak ezin izanen dira izendatuak izan eta baliorik gabe geldituko dira haien jarduketa guztiak, deialdian parte hartzeko eskabidean egin faltsukeriagatik etor lekiekeen erantzukizuna deusetan galarazi gabe.

7.7. Arestiko atalean azaldutakoa gertatuz gero, 7.4 oinarriak aipatzen duen zerrendan ondo-ondotik heldu den izangaiak beteko du utzitako hutsunea, eta horrekin ere aitzineko ataletako prozedura bera erabiliko da.

8. oinarria.-Izendapena eta jabetza hartzea.

8.1. Hautapen prozesua buruturik, eta izangaiek 7.5 oinarrian aipatutako agiriak aurkeztu ondotik, alkateak, ebazpen bidez, proposatutako izangaia Castejongo Udaleko funtzionario izendatuko du, administrari laguntzaile gisa aritzeko.

8.2. Izendapena Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko da.

8.3. Izendatutako izangaiak lanpostuaz jabetu beharko du, izendapena jakinarazi eta hilabeteko epearen barrenean. Epe horretan, eta aski arrazoituriko kasuak izan ezik, lanpostuaren jabetza hartzen ez badu, Castejongo Udaleko administrari laguntzaile izateko eskubide guztiak galduko ditu. Horrelakorik gertatuz gero, 7.7 oinarrian ezarritakoari jarraituko zaio.

9. oinarria.-Errekurtsoak.

Deialdiaren, oinarrien eta horiengatik eta hautapen organoen jarduketengatik etorritako egintza administratiboen kontra, errekurtso hauek paratzen ahalko dira, aukeran:

a) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, jakinarazpen hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Berraztertzeko errekurtsoa, aukerakoa, egintza honen organo egileari zuzendua, hilabeteko epean, erabaki hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hasita; edo bertzenaz

c) Gora jotzeko errekurtsoa, zuzenean Nafarroako Administrazio Auzitegiari, hilabeteko epean, deialdi hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Castejonen, 2007ko abenduaren 11n.-Alkatea, Francisco Javier Sanz Carramiñana.

I. ERANSKINA

Eskabide eredua

Izena: ................, adinez nagusia, NAN zenbakia.: NAN zenbakia.: .................., sorteguna: .........., sorlekua: ....................., bizilekua: ..............., karrika: ...................., zenbakia: ........., solairua: ....., telefonoa: ......... Zure aitzinera agertzen naiz eta azaltzen dut:

Castejongo Udaleko administrari laguntzaile izateko lanpostu bat oposizio-lehiaketa bidez betetzeko deialdian onartua izatea eskatzen dudala.

Ez dudala karguan aritzea galarazten didan eritasunik edo akats fisikorik nahiz psikikorik.

Indarra duten xedapenetan ezarritako ezintasunik ez dudala.

Ez naizela diziplina espediente bidez inongo administrazio publikoren zerbitzutik bereizia izan eta ez nagoela desgaitua eginkizun publikoak betetzeko.

Badudala deialdiko 2. oinarrian adierazten den titulazioa.

Eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean baldintza guzti-guztiak betetzen ditudala.

Ezintasuna dudala eta, beraz, eransten den egokitzapena eskatzen dudala, adierazten diren arrazoiengatik: .....................

Ez dudala ezintasunik.

Horrenbertzez:

Eskabide hau onartu eta, beraz, Castejongo Udaleko administrari laguntzaile izateko lanpostu bat oposizio-lehiaketa bidez betetzeko deialdian onartua izatea eskatzen dut.

Castejonen, 2007ko ....(a)ren ...(e)an.

II. ERANSKINA

1. gaia.-Espainiako 1978ko Konstituzioa. Egitura eta edukia. Printzipio orokorrak.

2. gaia.-Nafarroako Toki Administrazioa. 6/1990 Foru Legea, uztailaren 2koa, Toki Administrazioari buruzkoa.

3. gaia.-Tokiko ordenantza eta erregelamenduak.

4. gaia.-Udaleko gobernu organoak. Alkatea. Osoko bilkura: osaera eta eginkizunak. Zinegotzien hautaketa. Tokiko gobernu batzarra eta alkateordeak. Organo osagarriak.

5. gaia-Bilkurak eta udal erabakiak. Aktak. Erabakien argitalpenak, jakinarazpenak, komunikazioak eta ziurtagiriak. Agirien erregistroa.

6. gaia.-Udalaren aurrekontuak eta kontuak: kontzeptua, printzipioak, onespena eta tramitazioa. Aurrekontuaren betearazpena eta likidazioa.

7. gaia.-Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legea.

8. gaia.-Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko 35/2002 Foru Legea, abenduaren 20koa. Planeamendurako tresnak. Hirigintzako betearazpen tresnak. Hirigintzako lizentziak.

9. gaia.-6/2006 Foru Legea, ekainaren 9koa, Nafarroako Administrazio Publikoen Kontratuei buruzkoa.

10. gaia.-Administrazio prozedura: hasiera, antolamendua, instrukzioa eta bukaera. Zehapen prozedura. Administrazio egintzen berrikuspena.

11. gaia.-Hirilurren eta landalurren aberastasunaren eta jarduera ekonomikoen erregistroen kudeaketa eta mantentze lanak.

12. gaia.-Biztanleen udal errolda.

13. gaia.-Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bategina (abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua). Edukia eta egitura.

14. gaia.-339/1990 Legegintzako Errege Dekretua, martxoaren 2koa, Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide Segurtasunari buruzko Legearen testu artikuluduna onesten duena.

15. gaia.-Informatikako oinarrizko kontzeptuak. Hardware, Software, MS-DOS sistema. Windows. Word testu-lanketa. Excel kalkulu-orria. Access datu-basea. Internet eta posta elektronikoa.

III. ERANSKINA

Merezimenduen baremoa

-Nafarroako administrazio publikoetan administrari laguntzailearen lanpostuan egindako zerbitzuengatik: 4 puntu urteko, eta 20 puntu gehienez ere. Egindako urteak eta egindako lanaldia osoak ez badira, proportzioan kontatuko dira.

-Lanpostuaren betekizunei loturik dauden gaiei buruzko prestakuntza eta sakontze ikastaroetan parte hartu izanaren titulu-egiaztagiri bakoitzagatik:

-100 ordu edo gehiagoko ikastaro bakoitzeko: 4

puntu/ikastaroa.

-50 ordutik 99ra bitarteko ikastaro bakoitzeko: 2

puntu/ikastaroa.

-20 ordutik 49ra bitarteko ikastaro bakoitzeko: 1

puntu/ikastaroa.

Ez dira aintzat hartuko informatikarekin ikusteko duten merezimenduak, deialdi hau argitaratzen denetik duela 10 urte baino zaharragoak badira.

-Gehienez ere 10 puntu emanen dira, osotara, ikastaroengatik.

Merezimendu gisa alegatu eta baremoaren barrenean balorazio zehatza duten titulu akademikoak lortzeko beharrezkoak diren maila apalagoko tituluak ez dira baloratuko.

Lehiaketaldian gehienez ere 30 puntu lortzen ahalko dira.

Iragarkiaren kodea: L0719019