4. ALDIZKARIA - 2008ko urtarrilaren 9a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.6. Beste batzuk

2491/2007 EBAZPENA, azaroaren 30ekoa, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiak emana, Ingurumen baimen integratua ematen duena Lakuntzako udal mugapean galdaketa lanak egiteko jarduerarako, Sakana Sociedad Cooperativak eskaturik.

Egina dagoen instalazio hori Kutsaduraren aurkako aurreneurri eta kontrol integratuei buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legearen I. eranskineko 2.4 epigrafean dago jasota, "Metal ferrosoen galdategiak, egunean 20 tonatik gorako ekoizpen ahalmena dutenak" izenekoan. Horren ondorioz, Ingurumen baimen integratuaren araubidearen menpe dago.

Era berean, Ingurumena babesteko esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen 2B eranskineko 2.4 epigrafean dago jasota, "Metal ferrosoen galdategiak, egunean 20 tonatik gorako ekoizpen ahalmena dutenak" izenekoan. Horren ondorioz, Ingurumen baimen integratuaren araubidearen eta Ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluaziokoaren menpe dago.

Industria establezimendua ez dago ekainaren 16ko 1254/1999 Errege Dekretuaren aplikazio eremuan. Istripu larriek sortzen dituzten arriskuak kontrolatzeko neurriak onetsi zituen dekretu horrek, gai arriskutsuak tarteko diren kasuetarako.

Halaber, 93/2006 Errege Dekretuaren lehenengo xedapen iragankorraren arabera, egina dagoen instalazio horretarako ez da beharrezkoa proiektuen ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioa egitea.

Egin den tramitazio administratiboaren laburpena ebazpen honen IV. eranskinean dago. Jendaurreko epean ez da alegaziorik aurkeztu.

Ingurumen arloko eskumenak Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiari, Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzuko zuzendariari eta Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendariari eskuordetzen dizkien urriaren 10eko 426/2007 Foru Aginduaren bidez eskuratu ditudan ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Ingurumen baimen integratua ematea Lakuntzako udal mugapean jardunean ari den galdaketa instalazio baterako. Instalazioaren titularra Sakana Sociedad Cooperativa da.

2. Jarduera Ingurumen baimen integratua eskatzeko oinarrizko proiektuan eta 1076/06 (AAI) espediente administratiboko agiri osagarrietan aipatzen diren baldintzei jarraituz garatzea eta betiere ebazpen honen II. eta III. eranskinetan aipatzen diren neurriak betez.

3. Ingurumen arloko baimen honek zortzi urteko indarraldia du. Indarraldia amaitu baino hamar hilabete lehenago, gutxienez, titularrak berriztapena eskatu beharko du, erregelamendu bidez ezarriko den administrazio prozedurari jarraikiz.

4. Jarduera edonola ere aldatzeko, titularrak aldez aurretik Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari jakinarazi beharko dio. Arrazoiak emanda, adierazi beharko du aldaketa funtsezkoa, nabarmena edo garrantzirik gabea den, Ingurumena babesteko esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamenduan xedatutakoarekin bat.

5. Hondakin arriskutsuen sortzaileen erregistroan duen inskripzioa bere horretan uzten da, P51/NA/2004 zenbakia hain zuzen. Hondakin arriskutsuak sortzen dituen jarduera A231 da, Hondakin toxiko eta arriskutsuei buruzko maiatzaren 14ko 20/1986 Legea betearazteko Erregelamenduaren I. eranskineko 6. taularen arabera. Erregelamendu hori uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuaren bidez onetsi zen. Sortzen ahal dituen hondakin arriskutsuak Ingurumen baimen integratu honen III. eranskinean ageri dira. Hondakin arriskutsuen produkzioan egiten diren aldaketa guztiak jakinarazi beharko dira, erregistratzeko eta, bidezkoa bada, aipatu III. eranskin horretan sartzeko.

6. Hondakin arriskutsuak ahalik eta gehien gutxitzeko titularrak aurkeztu duen azterlana onestea, ekainaren 20ko 952/1997 Errege Dekretuaren bigarren xedapen gehigarrian xedatutakoarekin bat.

7. 2008ko urtarrilaren 31 baino lehenago, titularrak irekitzeko baimena eskatu beharko du, Ingurumena babesteko esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamenduaren 40. artikuluan eta ebazpen honen II. eranskinean ezartzen diren baldintzetan xedatutakoarekin bat. Aipatutako erregelamendua abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen.

8. Departamentu honek araudi sektorial aplikagarriaren ondorioz baimenaren xede den jarduera edo instalaziorako emandako baimenak eta gainerako administrazio egintzak indarrik gabe uztea, betiere ebazpen honetan espresuki haiei buruz egindako adierazpena badago.

9. Ebazpen hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea.

10. Adieraztea ebazpen honek ez duela administrazio bidea agortzen eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, horren kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dutela, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du alde batera uzten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epe horiek ebazpen honen jakinarazpena egin edo, bestela, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik aurrera hasiko dira kontatzen.

11. Ebazpen honen berri ematea Sakana Sociedad Cooperativari, Lakuntzako Udalari, Ebroko Ur Konfederazioari, Nafarroako Larrialdietako Agentziari, Nilsari eta Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2007ko azaroaren 30ean.-Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusia, Andrés Eciolaza Carballo.

Oharra: foru agindu honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura daude, Ingurumenaren eta Uraren Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan, Iruñeko Armada etorbideko 2ko behean (8. solairua, Ingurumenaren Integrazioko Zerbitzua) eta Nafarroako Gobernuko web atarian, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren sailean, ingurumen baimenak kontsultatzeko atalean.

Iragarkiaren kodea: F0718665