4. ALDIZKARIA - 2008ko urtarrilaren 9a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.6. Beste batzuk

ERABAKIA, 2007ko abenduaren 27koa, Nafarroako Gobernuak hartua. Haren bidez Barne zuzendari nagusiari ahalmena ematen dio, behin-behinekoz, ekintza berezietarako diren Nafarroako Foru Komunitateko aerodromoen eta heliportuen funtzionamendua baimentzeko.

Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoko 44. artikuluko 3. idatz-zatiak xedatzen duenaren arabera, Nafarroak eskumen osoa du interes orokorrekoak ez diren aireportuen eta heliportuen gaietan. Eskumen hori, Foru Komunitateak garatu ez duena, ez lege mailan ez arau mailan, honakoetarako baimena ematean datza: larrialdietarako edo polizien jardueretarako erabiltzen diren aldi baterako zein behin betiko heliportuak eraikitzeko, aldatzeko eta aireko trafikorako zabaltzeko. Konstituzioko 149.1.20 artikuluaren arabera, baimenak Estatuaren eskumen esklusiboa diren aire-espazioa kontrolatzeari, airetik ibiltzeari eta aireko garraioari buruzko arautegiaren menpe izanen dira betiere.

Sustapen Ministerioak Abiazio Zibileko Zuzendaritza Nagusiaren bidez, holako heliportuen funtzionamendurako baimena eman zuen 2006a arte Nafarroako Foru Komunitatean, kasuan kasuko eragiketa-gutunak emanez poliziaren zeregin taktikoetarako, larrialdietako osasun garraiorako eta su itzaltze eta salbamenduetarako. Hala ere, 2007tik aurrera, Sustapen Ministerioak, kontuan hartuz Foru Komunitatearen eskumen eremua, eskatu zuen Foru Komunitatea izan zedila azpiegitura horietarako baimena ematen duena, instalazioen maila fisiko hutsean.

Horregatik, Nafarroako Gobernuak, 2007ko urtarrilaren 8ko Erabakiaren bidez Barne zuzendari nagusiari ahalmena eman zion, behin-behinekoz 2007rako, ekintza berezietarako diren Nafarroako Foru Komunitateko aerodromoen eta heliportuen funtzionamendua baimentzeko.

Poliziaren gaietan eta larrialdietarako gaietan zerbitzuak behar bezala emateko, beharrezkoa da Nafarroako Foru Komunitateko Barne Zuzendaritza Nagusiaren menpeko, zuzenean nahiz zeharka, aerodromo eta heliportu multzo bat izatea, aireko baliabideak ibili ahal izateko. Eskumen hori Barne zuzendari nagusiaren esku uzteko zergatikoak bere horretan dirauenez, bidezko da Nafarroako Gobernuak beste erabaki bat har dezala, hura berresten duena.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuak, Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariak proposaturik,

ERABAKI DU:

1. Barne zuzendari nagusiari dagokio, behin-behinekoz, ekintza berezietarako diren Nafarroako Foru Komunitateko aerodromoen eta heliportuen funtzionamendua abian jartzeko baimena ematea. Xedea Nafarroako Gobernuaren zerbitzura dauden aireontziek zeregin berezietarako erabiltzea da, hala nola, poliziaren zeregin taktikoetarako, bilaketa eta salbamendu lanetarako, istripuetan, larrialdietan edo katastrofeetan laguntza emateko, larrialdietarako osasun garraiorako, suteen prebentziorako eta itzaltze lanetarako eta antzeko beste batzuetarako.

2. Baimen hori txosten teknikoan oinarrituz emanen da, baldintza teknikoei eta bereziki arloan aplikatzen den araudia betez eskatzen ahal diren babes eremuei, zortasun aeronautikoei, instalazioei eta oztopoen azalera mugatzaileei dagokienez. Baimena eskuratzeko beharrezkoa izanen da aire-espazioaren bateragarritasun ziurtagiria eskuratua izatea, aeronautikaren arloko Estatuko organo eskudunak emana eta, aplikatu beharreko araudian ezarritakoari jarraikiz, ematen ahal diren administrazioaren bestelako baimenak ezertan eragotzi gabe.

3. Baimenduriko instalazioen gainean sor daitezkeen baimenak, aldaketak eta bestelako gorabeherak aeronautika gaietan eskumena duen Estatuko organoari eta ukitzen dituen udalei jakinarazi beharko zaizkie.

4. Erabaki hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea eta haren berri ematea Barne zuzendari nagusiari eta Sustapen Ministerioko Abiazio Zibilaren zuzendari nagusiari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2007ko abenduaren 27an.-Nafarroako Gobernuko kontseilari eta idazkaria, Javier Caballero Martínez.

Iragarkiaren kodea: F0720001