39. ALDIZKARIA - 2008ko martxoaren 26a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.4. Dirulaguntzak eta bekak

229/2008 EBAZPENA, otsailaren 22koa, Herri Lan zuzendari nagusiak emana, 2008ko ekitaldian zientzia helburuko espeleologia eta geologia jarduerak egiteko dirulaguntzen deialdia onesten duena.

Proiektu, Trenbide eta Obra Hidraulikoen Zerbitzuak aditzera eman du Nafarroako Foru Komunitatean zientzia helburuarekin egiten diren espeleologia eta geologia jarduerak sustatu eta hobetu beharrean direla. Hartarako, arau batzuk eratu dira 2008ko ekitaldi honetan jarduera horiek partez finantzatzeko diru-laguntzen deialdia arautzeko, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak gai horretan ezarri duen lege esparruaren barrenean.

Horrenbestez, Proiektu, Trenbide eta Obra Hidraulikoen Zerbitzuak jakinarazi duenarekin bat, azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeko 7. artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz, otsailaren 24ko 47/2005 Foru Dekretuko 8. artikuluari dagokionez,

EBATZI DUT:

1. Zientzia helburuekin espeleologia eta geologia arloko jarduerak egiteko 2008. urteko dirulaguntzen deialdia onestea, ebazpen honen eranskinean jasotako arauek arautuko dutena.

2. 20.000,00 euroko gastua baimentzea 2008ko aurrekontuko "Espeleologia" 610002 61320 4819 456300 kontusailaren kargura. Espediente zenbakia RCSA 753.

3. Ebazpen hau jakinaraztea Proiektu, Trenbide eta Obra Hidraulikoen Zerbitzuari eta Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuan Ekonomia eta Ogasunekoak duen kontu-hartzaile delegatuari.

4. Ebazpen hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea.

Iruñean, 2008ko otsailaren 22an.-Herri Lan zuzendari nagusia, José Luis Echávarri Arraiza.

ERANSKINA

Espeleologia eta geologia arloko jardueretan zientzia helburuekin aritzeko 2008ko dirulaguntzen deialdiaren arauak

1.-Xedea.

Deialdiaren xedea da Nafarroako Foru Komunitateko mendiguneetan esplorazio-kanpainak partez finantzatzeko diru-laguntzak ematea, alde jakin batzuetan helburu zehatzak lortzeko edo espezialitate lanak egiteko, hala nola:

-Eremu interesgarrietan leize jakin batzuk esploratzea.

-Zenbait mendigunetako leizeak esploratzea, inbentariatzea eta katalogatzea.

-Haitzulo jakin baten gaineko ikerketa, haren sorrera, morfologia, tektonika eta estratigrafia ikertuz eta kokaleku duen mendigunean nola dagoen moldatuta zehaztuz.

-Lur azpiko sarearen klima ikertzea, aire-ur-harri osagaiei dagokienez eta kanpoko aldaketek nolako eragina duten aztertuz.

-Lur azpiko hidrologia ikertzea, urak karst batean duen jarioa arautzen duten gertakari fisiko-kimikoak ikertuz.

-Hidrokimika, geologia eta abarren gaineko ikerketak.

-Lur azpiko leizeen topografia, tamaina eta formen gaineko ikerketak, Nazioarteko Espeleologia Elkartearen sinboloak erabiliz eta haren garapen espezifikoaren gai diren lan eta ikerketa guztiak sartuz.

Diru-laguntza horien xedea zientzia helburuekin Nafarroako Foru Komunitatean egiten diren espeleologia eta geologia jarduerak sustatzea eta hobetzea da.

Diru-laguntza ematen zaien jarduerak 2008an egin beharko dira, eta beraz ez da laguntzarik emanen deialdi honen aurretik eginda zeuden jarduera edo funtzionamendu gastuengatik.

2.-Onuradunak.

Eskabidea aurkeztean behar diren merezimenduak frogatzen dituzten pertsonek nahiz taldeek hartzen ahalko dituzte deialdi honetako laguntzak.

Ez da zilegi izanen eskatzaileak aldi berean helburu bereko beste laguntzarik hartzea.

3.-Eskaerak.

Eskaerak, Proiektu, Trenbide eta Obra Hidraulikoen Zerbitzuari zuzenduta, Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuaren Erregistro Orokorrean aurkeztuko dira, deialdia Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean, Iruñeko San Ignazio etorbideko 3ko beheko oinean, edo ekainaren 24ko 137/2000 Foru Dekretuaren zerrendako Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokorraren gainerako bulegoetako edozeinetan edo bestela Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 38.4 artikuluan adierazitako erregistro edo bulegoetan.

Eskaerei honako dokumentazio hau erantsiko zaie:

a) Diru-laguntzaren xede den jarduera edo proiektua deskribatzen duen txostena, lanen kostu xehetua espresuki adieraziz eta bai lanok non eta noiz egin behar diren ere.

b) 2. arauan ezartzen diren merezimenduen frogak.

c) Helburu bereko beste laguntzarik aldi berean ez jasotzeko zinpeko aitorpena.

d) Transferentzia bidezko pagamendu eskaera, NAN edo IFZ adieraziz, pertsona den edo elkartea den.

e) Eranskineko ereduaren araberako eskabidea.

f) Harremanetarako telefonoa.

g) Zilegi izanen da agiriekin batera beharrezkotzat jotzen diren beste osagai guztiak ere aurkeztea, merezimenduak hobeki frogatzeko eta eskaerak hobeki ebaluatzeko.

h) Aurreko agirietariko baten bat aurkezten ez bada eskabidea baliogabetuko da.

4.-Prozedura antolatzeko, instruitzeko eta ebazteko eskumena duten organoak.

Deialdi honetan ezarritako ondorioetarako, diru-laguntzak emateko prozedura antolatu eta instruitzeko eginkizunak Proiektu, Trenbide eta Obra Hidraulikoen Zerbitzuari dagozkio, batzorde tekniko baten bidez. Batzordeko burua zerbitzu horretako zuzendaria izanen da, eta gainerako kideak Geologia eta Geoteknia atalburua, Kontrol Administratiboaren bulegoburua, idazkari lanetan arituko dena, eta Azpiegitura Geologikoaren bulegoburua dira. Arau hauetan "organo instruktorea" aipatzen delarik, ulertzen da batzorde tekniko horretaz ari dela.

Diru-laguntzak emateko prozedura bukatutzat emateko eskumena Herri Lan zuzendari nagusiari dagokio.

5.-Diru-laguntzak emateko prozedura eta baloratzeko arau orokorrak.

Deialdi honetan aipatzen diren laguntzak emateko prozedura lehia bidez tramitatuko da, aurkezten diren eskaerak konparatuz, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 17. artikuluko 1. idatz-zatian xedatutakoarekin bat.

Organo instruktoreak baloratuko ditu aurkezten diren eskaerak.

Puntuatzen ahal diren irizpide objektiboak ezartzea ezinezkoa denez, baloratzeko aintzat hartuko da aurkeztu den proiektua nolakoa den, zenbat partaide dituen eta zer kualifikazio eta Foru Komunitatearentzat zenbateko interesa eta errentagarritasun soziala duen.

Batzorde teknikoak aurkezturiko agiriei buruz argibideak emateko eta eskatzailea agertzeko eskatzen ahalko du, bere erabakia hobeki oinarritzeko. Gaur egun departamentuaren jarduera eta helburuetarako interesik ez duten lanetarako dirulaguntzen eskabideak ezesten ahalko ditu.

6.-Ematea.

Herri Lan zuzendari nagusiaren ebazpen batek emanen edo ukatuko ditu diru-laguntzak, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeko 21. artikuluak agintzen duenez. Ebazpen hori hiru hilabeteko epean emanen da eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik aurrera. Epe hori ezer espresuki ebatzi gabe iragan delarik, diru-laguntzarako eskaera ukatutzat hartuko da. Ematen diren diru-laguntzak Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko dira, eta bertan ondokoak azalduko: deialdia, programa, diru-laguntzak finantzatzeko aurrekontuko dirua, onuraduna, onarturiko zenbatekoa eta diru-laguntzaren helburua.

7.-Zenbatekoa eta finantzabidea.

Ebazpenean finkatu eginen da diru-laguntza zenbatekoa izanen den.

Espeologia jardueretarako diru-laguntza eskatzen duten proiektuek gehienez 3.000,00 euroko diru-laguntza jasotzen ahal dute.

Geologia jardueretarako diru-laguntza eskatzen duten proiektuek gehienez 6.000,00 euroko diru-laguntza jasotzen ahal dute.

2008ko ekitaldiko aurrekontuetako "Espeleologia" izeneko 610002 61320 4819 456300 kontusailetik emanen dira laguntzok, bertan dagoen saldoaren zenbatekoa egin arte.

8.-Ordainketa.

Diru-laguntzak lanak bukatzean emanen dira, gastuak justifikatu eta kasuan kasuko memoria aurkeztu ondoren.

9.-Onuradunen betebeharrak.

Laguntzak hartzen dituztenek honako betebeharrak izanen dituzte:

1. Diru-laguntzapeko jarduera burutzea eta Proiektu, Trenbide eta Obra Hidraulikoen Zerbitzuak egin nahi duen edozein kontrol eta jarraipen lani trabarik ez jartzea.

2. Proiektu, Trenbide eta Obra Hidraulikoen Zerbitzuari aditzera ematea jarduera bererako beste laguntzarik eskatu edo jaso den, eta bai ere proiektua kostuz edo edukiz aldatzen duen gorabeherarik izan den proiektuaren garapenean. Aldaketa horri buruz Foru Komunitateko Administrazioak ez du konpromisorik hartuko, non eta ez duen espresuki bere egiten.

3. Diru-laguntzak ematen dituen ebazpenaren proposamena egin baino lehen, Gizarte Segurantzarekiko obligazioak eta zergen gainekoak eguneratuak dituztela frogatzea.

4. 2008ko azaroaren 20a baino lehen egindako jardueraren gainean txosten bat eta gastuen azalpenak aurkeztea. Txosten horretan esploratu diren leizeen plano topografikoak ere egonen dira, leizean dauden ekipamenduen fitxa teknikoa eta bai testuak ere, eta harekin batera testuok Word 97 edo berriagoko batean dituen disketean ere aurkeztuko dira; leizeen planoak Autocad 2.000 edo Micro Station-erako egokiak diren fitxategietan aurkeztuko dira; eta leizeen oinarrizko datuen laburpena (Excel 97 orrietan edo horietatik goitikoetan edo Access 97 fitxategietan edo horietatik goitikoetan). Argazki lanak negatiboekin edo argazki paperean eginiko horien kopiekin batera aurkeztuko dira; argazki digitalen kasuan, RAW formatuan edo antzekoan aurkeztuko dira argazkiak. Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuak eman zaizkion material eta agiriak nahi bezala erabili ahalko ditu, betiere autorea nor den aipatuz.

5. Diruz lagundutako jardueraren finantziazioa publikoa dela jakinaraztea, publizitate egokiaren bidez.

6. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeko 28.3 artikuluan ezarritako ondorioetarako, diru-laguntzaren xede diren jarduerak egiteko hornitzaileak eraginkortasun eta ekonomia irizpideei jarraikiz hautatu direla frogatzeko adierazpena aurkeztea.

10.-Ez-betetzea.

Arau hauetan aipatzen diren betebeharrak ez betetzeak diru-laguntza galtzea ekarriko du, eta, hala tokatzen bada, jasotako dirua itzuli beharra, azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeko 35. artikuluak agintzen duen moduan.

Era berean, onuradunak lege horren IV. tituluak xedatzen duenari lotuko zaizkio.

11.-Errekurtsoak.

Deialdi honen eta arau hauen kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuko Herri Lan, Garraio eta Komunikazio kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

ESKABIDE EREDUA

Izena:........................., helbidea: ......................, kalea edo plaza: ................., zenbakia: ..............., NAN/IFK: ........................, nire izenean edo ondokoa ordezkatuz: ............................

Honako hau azaltzen dut:

Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuak bultzatuta 2008ko .... ean ......garren Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu den espeleologia eta geologia jarduerentzako dirulaguntzen deialdiak eskatzen dituen baldintza guztiak betetzen ditudala, deialdi horretako arauak bere hartantxe onartzen ditudala eta ez dudala jasotzen jarduera bereko beste laguntzarik. Horren frogagarri, eskatzen diren agiriak aurkezten ditut eta diru-laguntza horietako bat emateko eskatzen, ............ eurokoa (eskatzen den diru kopurua letraz eta zifraz jarri), .................... izeneko jarduera finantzatzeko. Eta beraz,

Eskatzen dut:

Eskabide hau onartu eta erantsi diren agiri guztiak hautapen bidean jar ditzazula.

(Eguna eta sinadura)

Iragarkiaren kodea: F0803247