32. ALDIZKARIA - 2008ko martxoaren 10a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.6. Beste batzuk

82/2008 EBAZPENA, otsailaren 15ekoa, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendariak emana. Honen bidez Ingurumen ukipenetarako baimena ematen da Fustiñanako 11. poligonoko 747-754, 756-779, 888, 897, 998, 999, 1078, 422, 452, 454-462, 542 eta 543. lurzatietan, "Corraliza vecinal" alderdian, 4.564 kW-ko eguzki-parke fotovoltaiko baten proiektua gauzatzeko. Eremu horrek 44,78 ha ditu eta horietatik 34,35 ha okupatuko dira eguzki-parke fotovoltaikorako, eta gainerako lurra eboluzio naturalerako utziko da Opde, S.L. da sustatzailea.

Jarduera hori Ingurumena babesteko esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2.C eranskineko I) atalean dago jasota, eta horrenbestez, Ingurumen ukipenetarako baimena behar du.

2007ko urriaren 22an, goian aipatutako espedienteari dagokion Ingurumen ukipenetarako baimena lortzeko eskaera sartu da Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuan.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuko 36. artikuluak ezartzen du eskaera aurkeztu eta lau hilabeteko epean Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak Ingurumen ukipenetarako baimena eman ala ukatzeko ebazpen arrazoitua emanen duela.

Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du Ingurumen ukipenetarako baimenak lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jarduerena bilduko duela eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen dituela.

Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendariak azaroaren 2an eman 384/2007 Ebazpenaren bidez (2007ko 148. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean, azaroaren 28an, argitaratua), Fustiñanako udal mugapeko "Corraliza Vecinal" alderdian 4.564 kW-ko eguzki-parke fotovoltaikoa handitzeko proiektuaren espedientea jendaurrean jarri zen. Opde, S.L. enpresak sustatu du.

Jendaurreko aldian alegazio bat jaso da, Gurelur, Fondo Navarro para la Protección del Medio Natural elkartearena.

Gurelur elkarteak aurkezturiko alegazioak adierazten du inguru horretan eguzki-parke multzo handia biltzen dela eta horrek eragina izan dezakeela zonalde horretako faunan. Era berean, adierazten du eguzki-parke fotovoltaiko osoa Bardeako Batasunaren Intereseko Lekuaren barnean egonen litzatekeela eta, neurri handi batean, Fustiñanako estepako hegaztien babes eremuan. Aipatzen da, orobat, itxiturak zer-nolako eragina izan dezakeen animaliek mugitzeko duten aukeran.

Alegazioei erantzunez aditzera ematen da Fustiñanako udal mugapean baimenduriko eguzki-parke fotovoltaiko bakarra dagoela, 15,7 hektarea ingurukoa (bertako handitzea barne) Fustiñanako hirigunetik 700 metro baino gertuago. Hurbilen dagoen eguzki-parkea Cabanillasko udal mugapean dago, 3 kilometrora. Orain tramitatzen ari den instalazioa herriko hilerriaren ondoan dago, hirigunetik 500 metrora soilik. Aurkeztu den Ingurumen ukipenetarako azterlanean bi azterlan daude: eguzki instalazioak metatzearen eraginari buruzko azterlana eta eguzki-parkea instalatzeko gune zehatza hegaztiek zein neurritan erabiltzen duten ikusteko azterlana. Azkenik, ondorioztatzen da eremu horretako hegaztiak funtsean nekazaritzako alorretan ibiltzen diren espezie generalistak eta hiriguneari loturiko espezieak direla. Halaber, aipatu behar da landare eta animaliei buruzko behar bezalako azterketa egin dela, eta egiaztatu dela jarduketa eremuan ez dagoela ez mehatxatutako landare bereziei ez habiak egiteko guneei kalte egiteko arriskurik. Eguzki-parkea jartzeko lurzatien 44,78 ha-etatik 34,35 ha bakarrik erabiliko dira eguzki-parkeko instalazioetarako. Gainerako lur eremua, horren barnean Fustiñanako estepako hegaztien babeserako Intereseko Eremuko leku batzuk, eboluzio naturalerako utziko da neurri konpentsatzaile gisa. Horrenbestez, eguzki moduluak jartzeko lur eremu bakar batek ere ez du ukituko estepako hegaztien babeserako Intereseko Eremua. Gainera, itxiturako sareak neurri ertain eta txikiko animaliak pasatzeko moduko begiak izanen ditu.

Dena dela aipatu behar da toki horretan 16 ha-ko eguzki-parke bat dagoela eta orain tramitatzen ari den 34,35 ha-ko parkea 600 metrora duela; egoera horrek eremu hori eguzki-parke fotovoltaiko gehiago instalatzeko saturatutzat jotzera garamatza ingurumenaren aldetik, Ingurumen zuzendari nagusiak emandako otsailaren 9ko 197/2007 Ebazpenaren 1. puntuan ezarritakoari jarraikiz. Ebazpen horren bidez 2005-2010 urteetako Nafarroako Energia Planaren Ingurumen ondorioen adierazpena egin da. Planaren sustatzailea Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan Departamentua da.

Fustiñanako Udalak proiektuari buruzko adostasun txostena eman zuen 2007ko abenduaren 10ean. Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuak eta Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzuak txostena egin dute.

Abenduaren 19an Opde, S.L.k alegazioei idatziz erantzun zien.

Espedientean dauden txostenak ikusirik, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak urriaren 10eko 426/2007 Foru Aginduaren bidez eman dizkidan eskumenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea Fustiñanako 11. poligonoko 747-754, 756-779, 888, 897, 998, 999, 1078, 422, 452, 454-462, 542 eta 543. lurzatietan, "Corraliza vecinal" alderdian, 4.564 kW-ko eguzki-parke fotovoltaiko baten proiektua gauzatzeko. Eremu horrek 44,78 ha ditu eta horietatik 34,35 ha okupatuko dira eguzki-parke fotovoltaikorako, gainerako lurra eboluzio naturalerako utziz. Opde, S.L. da sustatzailea.

2. Baimena ingurumenaren gaineko honako neurri hauek betetzearen baldintzapean ematen da:

-Fustiñanako 11. poligonoko 747-754, 756-779, 888, 897, 998, 999, 1078, 422, 452, 454-462, 542 eta 543. lurzatiek, "Corraliza Vecinal" alderdian, 44,78 ha dituzte eta horietatik 34,35 ha okupatuko dira eguzki-parke fotovoltaikorako, gainerako lurra eboluzio naturalerako utziz.

-Energia ateratzeko linea elektrikoa lurpean egonen da, Calvarioko sakaneko gurutzagunean izan ezik, lur gainekoa izaten ahal baita eraikuntzaren ikuspuntutik mugarik bada.

-Energia ateratzeko linea eraiki aurretik Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzuko Plangintza eta Laguntza Atalak ematen duen txosten lotesleko baldintzak bete beharko dira, Taustetik Urbasa eta Andiara arteko Errege Altxonbideko ukipenak direla-eta.

-Obra bukatutakoan, behar den landare tratamendua eginen da, lurzoruaren higadura murrizteko helburuz. Tratamenduak egin beharreko jarduerarekin bateragarria izan beharko du, eta obrak ukitutako eremu guztiak berriz landareztatu beharko dira, Ingurumen ukipenetarako azterlanean zehaztutako hazi nahasketa erabiliz.

-Inguruko hesiak animalia txikiak pasatzen utzi beharko du; beraz, beheko aldean gutxienez ere 20 cm-ko tartea izanen duen sarea erabiliko da.

3. Baimen honek, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legeko 117. artikuluan ezartzen diren ondorioak izanen ditu (lurzoru urbanizaezinean egin behar diren jarduerak baimentzeko prozedura), baldintza hauekin:

-Hesiak hiru metroko bide-zorra utzi beharko du lurzatiak inguruan dituen bide publiko guztien ondoan.

-Egin nahi den jarduerak uki ditzakeen edo horren trabagarri izan daitezkeen azpiegitura eta bide-zorrei dagokienez, enpresa sustatzaileak, obrak egiten hasi baino lehen, behar diren baimen guztiak eskuratuko ditu kasuan kasuko gaian eskudun diren organoetan.

4. Obrak hasi baino lehen, ezinbestekoa da 40.000 euroko fidantza jartzea, baimendutako jarduerak kalterik sortzen badu horiek konpondu edo txikiagotuko direla bermatzeko, Ingurumena babesteko esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen 69. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

Lanak hasi baino lehen fidantza jarri izanaren frogagiria jarri beharko da, ikuskatzaileari obrek irauten duten denboran aurkezteko.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea agortzen eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, horren kontra gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du alde batera uzten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunean hasiko dira kontatzen.

6. Ebazpen hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea.

7. Ebazpen hau Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuari, Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuari, Ingurumen Zaintzari, Fustiñanako Udalari, alegaziogileari eta interesdunari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2008ko otsailaren 15ean.-Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.

Iragarkiaren kodea: F0802737