32. ALDIZKARIA - 2008ko martxoaren 10a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.4. Dirulaguntzak eta bekak

215/2008 EBAZPENA, otsailaren 25ekoa, Arriskuen Prebentziorako eta Lanaren zuzendari nagusiak emana, laneko ekipoak egokitzeko inbertsioetarako diru-laguntzak emateko deialdia onesten duena.

2005-2007 Enplegu Planean, 2008rako luzatuko denean, Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentuko prebentzio programetan eta Gobernuak onetsitako Osasun Planean ezarritakoari jarraikiz, langileen osasuna eta segurtasuna sustatu eta bultzatu behar da, laneko ezbeharrak murrizteko. Hartara, ezinbestekoa da enpresetan dauden laneko ekipoen baldintza materialak hobetzea.

Nafarroako Gobernuak 2006ko martxoaren 20an hartutako erabakiaren bidez, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 17. artikuluan xedaturikoarekin bat, diru-laguntza hori banakako ebaluazioaren araubideari jarraikiz emateko baimena eman zen.

Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1 artikuluak ematen dizkidan eskurantzak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Onestea laneko ekipoak egokitzeko inbertsioak egiteko 2008ko inbertsioetarako diru-laguntzak emateko deialdia.

2. Deialdiko arauak onestea. Arau horiek ebazpen honen eranskinean ageri dira.

3. 703.184 euroko gastua baimentzea, ebazpen honetatik sortutako konpromisoetarako, 2008ko Gastuen Aurrekontuko 870000-83110-7709- 494100 kontusailaren kontura ("Laneko arriskuei aurrea hartzeko inbertsioak").

4. Ebazpen hau eta bere eranskina Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea.

Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa paratzen ahal da, Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iruñean, 2008ko otsailaren 25ean.-Arriskuen Prebentziorako eta Lanaren zuzendari nagusia, Imelda Lorea Echavarren.

I. ERANSKINA

2008an laneko ekipoak egokitzeko inbertsioetarako diru-laguntzak emateko arauak

1. araua. Diru-laguntzaren xedea.

Diru-laguntza honen xedea langileen osasuna eta segurtasuna sustatzea eta bultzatzea da, laneko ezbeharrak murrizteko. Hartara, beharrezkoa da enpresetan dauden laneko ekipoen baldintza materialak hobetzea, laneko baldintzetatik sortzen diren arriskuen aurrean babes-maila egokia lortze aldera.

2. araua. Diru-laguntzaren zenbatekoa eta diruz laguntzen ahal diren kontzeptuak.

Diruz lagun daitezkeen kontzeptuak kapital finkoko inbertsioetara mugatuko dira, betiere enpresak berak erabiltzeko badira, saldu edo errentan emateko eskuratutakoak bazter utzita, eta haien beharra enpresaren arriskuen ebaluazioan adierazten bada eta azaroaren 8ko Arrsikuen Prebentzioari buruzko 31/1995 Legeak aipatzen duen plangintza prebentiboan jasotzen bada. Kontu hauek hartuko dira aintzakotzat bakar-bakarrik:

a) Enpresan 1995eko urtarrilaren 1a baino lehenagotik abian dauden laneko ekipoak edo makinak uztailaren 18ko 1215/1997 Errege Dekretuan aurreikusitako xedapenetara egokitzea. Errege Dekretu hartan laneko ekipoak erabiltzerakoan langileen segurtasuna eta osasuna babesteko gutxieneko xedapenak ezarri ziren.

b) 1995eko urtarrilaren 1a baino lehen enpresan martxan jarri ziren makinen ordez makina baliokideak jartzea, EBren markatuarekin, baldin eta zailtasun tekniko bereziengatik ezin badira 1215/1997 Errege Dekretura egokitu edo egokitzapenak makina berriaren prezioaren %40a gainditzen badu. Aukera horrek makina nahitaez kentzea ekarriko du.

c) 1215/1997 Errege Dekretura fisikoki egokitu ezin diren laneko ekipoak UNE arau zehatzak betetzen dituzten beste batzuekin ordezkatzea (UNE-EN 1263 araua segurtasun sareentzat; UNE-EN 12810 eta UNE-EN 12811 arauak modulu-aldamioentzat; UNE-EN 60439-4 araua obra-multzoentzat, etab.). Aukera horrek ekarriko du enpresan normalizatu gabe dagoen ekipo osoa kentzea. Diru-laguntza, gehienez ere, enpresak eskaeraren unean duen kopuruari mugatuko zaio.

d) Estalki hauskorren ordez estalki ez-hauskorrak paratzea, betiere haien azalera eta bolumena handitzen ez baldin badira horren ondorioz.

e) Pertsonentzako igogailuak eskuratzea, Makinei buruzko azaroaren 27ko 1435/1992 Errege Dekretuaren IV. eranskinean daudenetakoak badira.

f) Lanpostuak egokitzea, irizpide ergonomikoak kontuan harturik, muskulu-hezurretako arazoen prebentziorako.

Onuradunei ematen ahal zaien diru-laguntzaren zenbatekoa egiten den kapital finkoko inbertsioaren %25 izanen da, arau honetan ezarritakoaren arabera. Diru-laguntza inolaz ere ez da 13.500 euro baino gehiagokoa izanen.

3. araua. Onuradunek bete beharreko baldintzak.

Diru-laguntza jaso nahi duten enpresek Nafarroan dituzten lantokietan 2008. urtean kapital finkoko inbertsioak egin beharko dituzte (deialdi araututakoak). Halaber, eskaera egiteko datan baldintza hauek bete behar dituzte:

1. Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako debekuetan ez egotea.

2. Enpresak 100 langile baino gutxiago izatea.

3. Zehapen irmorik jaso ez izana, lan-harremanetan urraketa oso larri bat edo bi urraketa larri baino gehiago egiteagatik, deialdia argitaratzeko egunaren aurreko bi urteetan.

Baldintza horiek betetzen direla frogatzeko, norberaren erantzukizunpeko aitorpena eman dezake eskatzaileak. Halere, Administrazioak ahalmena izanen du jaso dituen aitorpen edo adierazpenen egiazkotasuna ikertzeko.

4. araua. Eskaerak eta agiriak aurkeztea.

Deialdian parte hartu nahi duten enpresek inbertsioak egiten hasi aurretik, betiere 2008ko urriaren 16a baino lehen, eskaera aurkeztu beharko dute Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentuko erregistroan (Tomás Caballero parkea, 1, Iruña) edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 38.4 artikuluan ezarritako edozein tokitan.

2008. urtean deialdia argitaratu aurretik egiten diren inbertsioetarako, eskaerak aurkezteko epea 2 hilabetekoa izanen da, deialdia Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu ondoko egunetik aurrera zenbatuta.

Eskaera posta bulego batean aurkezten bada, gutunazal ireki batean egin beharko da, lehenengo orriko goiko aldean bulegoaren izena, eguna, tokia eta ordua (minutu eta guzti) adierazi ahal izateko. Datu horiek guztiak gordekinean ere azaldu beharko dira.

Eskabidearekin batera agiri hauek aurkeztu beharko dira:

1. a) Inbertsio-proiektua justifikatzen duen memoria. Bertan zehatz-mehatz azaldu behar dira oraingo egoera eta nolako aldaketak egin nahi diren. Egokitu beharreko ekipoen argazkiak, aldamioen krokisak, ekipoen edo ezaugarri teknikoen deskribapen-liburuxkak eta abar sartu behar dira, eta egin beharreko inbertsioa erabat erakusten duen beste edozein informazio ere bai.

b) Inbertsioa zein arautegirekin datorren bat, arautegi horren aipamen zehatza.

c) Erosi beharreko makina edo ekipoak EBren adostasun adierazpen baten beharra badauka, haren kopia bat aurkeztuko da, fabrikatzaileak emana.

d) Modulu-aldamioen kasuan, ziurtagiri bat aurkeztu behar da, aldamioak UNE-EN 12811-1 arauko 4., 5. edo 6. motetako baldintza teknikoak betetzen dituela frogatzeko. Aurrekontuak edo proformako fakturak osagai bakoitzaren marka, modeloa eta mota zehaztuko ditu.

e) Ekipoak 1215/97 EDra egokitzeko egiten bada eskaera, ekipoa arau horretara egokitzeko azterlana ere aurkeztu behar da.

2. Proiektuaren kostuaren aurrekontua edo proformako faktura xehea. Aurrekontuko kontusailetan, eskuratu beharreko objektua identifikatu behar da; ezinbestekoa izanen da, baldin eta objektu horrek UNE araua edo EBren markatua bete behar baditu.

Jardueraren aurrekontuak 12.000 euroko zenbatekoa gainditzen duenean, eskatzaileak frogatu beharko du hornitzailea eraginkortasun eta ekonomia irizpideak kontuan hartuz hautatu dela. Horretarako, eskaturiko eskaintzak eta hautaturiko eskaintzarako arrazoiak aurkeztu beharko ditu.

3. Arriskuen ebaluazioan, diruz lagunduko den ekintza zuzentzailea proposatzen den zatiaren kopia, eta enpresaren prebentzioko jardueraren urteko plangintzaren kopia osoa.

4. Estalki hauskorrak kendu behar badira, honako hau ere aurkeztu beharko da:

-Egin beharreko obraren plano edo krokisak.

-Estalki berria hauskorra ez dela dioen ziurtagiri teknikoa edo, zapaldu behar ez den eremuren bat baldin badago, bertatik goitik behera erortzeko arriskua saihesteko neurri teknikoak adieraztea.

-Estalkietara iristerakoan eta muntatzeko eta desmuntatzeko lanak egiterakoan goitik behera erortzeko arriskuari aurrea hartzeko eta horretatik babesteko neurrien plangintza zehaztua.

-Aldatu beharreko estalkia fibroporlanezkoa bada, amiantoa manipulatu behar duten enpresak identifikatuko dira, amianto arriskua duten enpresen erregistroan duten zenbakia barne, edo bertan izena emanda frogatzen duen agiriaren fotokopia. Laguntza kobratzeko beharrezkoa izanen da aurretik amiantoa kentzeko laneko plan espezifikoa onestea, martxoaren 31ko 396/2006 Errege Dekretuan araututakoa.

5. 2. arauan aipatutako makinak eta ekipoak ordezten direnean, eskaeran deskribatu beharko da horiek suntsitzeko erabiliko den prozedura, enpresaren bitartekoak erabiliz eginen den ala hondakin ez arriskugarriak kudeatzen dituen enpresa batek, zizaila edo zatitzailea duenak. Diru-laguntza kobratzeko, enpresak suntsipena frogatu beharko du.

6. Lanpostuetan egokitzapen ergonomikoak egin behar badira, hauek aurkeztu beharko dira:

a) Lanpostuaren azterketa ergonomikoa, gutxienez atal hauek dituena:

-Inbertsioa zer lanetan eginen den, horren deskribaketa xehea.

-Muskulu-hezurretako arriskuaren ebaluazioa, metodologia berariazko onartua aplikatuz (Niosh, I.N.S.H.T.n gida, Rula, Owas, IBV etab.). Ebaluazio horretan agertuko da noiz egin den eta zein teknikari eskudunek egin duen.

-Arrisku hori kontrolatzeko aplikatu beharreko neurri tekniko berariazko eta zehatzak.

b) Muskulu-hezurretako arazoei aurrea hartzeko enpresak ezarrita daukan plan integrala, besteak beste sentsibilizazio eta prestakuntza ekintzak biltzen dituena. Plan horretarako ezin da diru-laguntzarik jaso.

7. 3. arauan eskatzen diren baldintza guztiak betetzen dituela adierazten duen erantzukizunpeko aitorpena.

8. Enpresak aurreko hiru zerga ekitaldietan lortutako "de minimis" laguntzen aitorpena.

Aitorpenak arau hauetako II. eranskineko eredua erabiliz egin daitezke.

Aurkezten diren agiriak jatorrizkoak ez direnean, konpultsatuak izan beharko dute. Era berean, aurkezten diren erantzukizunpeko aitorpen guztietan sinatzaileek erabat identifikatuak izan beharko dute.

5. araua. Laguntzak emateko irizpideak.

Eskaerak 2. eta 4. arauetan ezarritako irizpideen arabera baloratuko dira eta jasotzen diren ordena berean tramitatu eta ebatziko dira, aurrekontuan horretarako kreditua dagoen neurrian.

6. araua. Laguntza emateko ebazpena.

Laneko Arriskuei Aurrea hartzeko Atalak, Nafarroako Lan Osasunaren Institutuak txostena eman ondoren, arau hauetan ezarritako irizpideei jarraituz ebaluatuko ditu eskaerak eta organo eskundunari ebazpen proposamena igorriko dio, non adieraziko baita onuradunek diru-laguntza lortzeko betebehar guztiak betetzen dituztela.

Arriskuen Prebentziorako eta Lanaren zuzendari nagusia izanen da diru-laguntza emateari buruz ebazteko organo eskuduna. Eskaera aurkezten denetik gehienez ere hiru hilabeteko epean eman eta jakinaraziko da ebazpena.

Epe horretan ebazpen espresurik jakinarazten ez bada, eskaera ezetsi egin dela ulertuko da.

Aurkeztutako eskaeraren berariazko edo presuntziozko ezespenaren aurka zilegi izanen da gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu kontseilariari zuzendua, administrazio prozedura erkideari buruzko legeriari jarraikiz.

7. araua. Justifikazioa eta diru-laguntzaren ordainketa.

Inbertsioak eginik daudenean, onuradunek diru-laguntza ordaintzeko eskatu beharko dute eta, horretarako, 2008ko abenduaren 15eko 14:30 baino lehen egindako gastuen eta ordainketen ziurtagiriak aurkeztu beharko dituzte.

2. d) arauan ezarritako kasuan, 4.4) arauan aipatzen den laneko planaren baimena ere aurkeztu beharko da.

Era berean, gastuaren eta ordainketaren justifikazioarekin batera, 4.2) arauan aurreikusitako kasuan, interesdunak eskaturiko eskaintzak eta eragingarritasun eta ekonomia irizpideekin bat hautaturiko eskaintzarako arrazoiak aurkeztu beharko ditu.

Ezarririko epean hala justifikatu ezik diru-laguntza kobratzeko eskubidea galduko da.

Egiaztagiriak azterturik, Laneko Arriskuei Aurrea hartzeko Atalak ordainketa egiteko ebazpenaren proposamena igorriko dio Arriskuen Prebentziorako eta Lanaren zuzendari nagusiari. Horrekin batera, onuradunek diru-laguntza kobratzeko eskubidea sortzen duten eginbeharrak bete dituztela frogatzen duen txostena aurkeztuko dute.

8. araua. Onuradunen betebeharrak eta haiek ez betetzearen ondorioak.

Diru-laguntza jasotzen dutenek honako betebehar hauek izanen dituzte:

a) Inbertsioak 2008ko abenduaren 15a baino lehen egitea.

b) Eskuratutako ekipoak, diru-laguntzaren xede direnak, gutxienez bi urtez mantentzea, ebazpenaren egunetik aurrera.

c) Administrazioak arau hauei buruz eskatzen dien informazio guztia ematea.

d) Diruz lagundutako inbertsioen finantzazioa publikoa izan dela jakinaraztea, publizitate egokiaren bidez.

e) Arriskuen Prebentziorako eta Lanaren Zuzendaritza Nagusiari jakinaraztea inbertsioak egiteari uko egiten diola eta uko egitearen arrazoiak azaltzea.

Halaber, onuradunek Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako baldintza orokorrak bete beharko dituzte.

Zerga arloko eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak eguneratuak dituela egiaztatzeko, aitorpenean berean (eredua arau hauen II. eranskinean dago) baimena eman beharko zaio departamentuari behar diren datuak kontsulta ditzan, laguntza emateko ebazpenaren proposamena egiten den unean onuradunak zerga arloko eta Gizarte Segurantzarekiko zorrik ez duela egiaztatzeko.

Diru-laguntza emateko ebazpenean, arau hauetan edo Diru-laguntzei buruzko Foru Legean ezarritako baldintzak osorik bete ezik, onartutako diru-laguntza kobratzeko eskubidea galduko da edo diru hori itzuli beharko da, foru lege hartako 35. artikuluan xedatutakoarekin bat.

Halaber, aurreko baldintzak hein batean ez badira betetzen, emandako diru-laguntzaren zenbatekoa berriro ere zehaztuko da, proportzionaltasun printzipioari jarraikiz edo, hala badagokio, dagokion zenbatekoa itzuli beharko da.

9. araua. "De minimis" laguntzak.

Ebazpen honetan biltzen diren laguntzak "de minimis" laguntzak dira, Europako Batzordeak abenduaren 15ean eman zuen 1998/2006 Erregelamenduan xedaturikoarekin bat. Erregelamendu hori Tratatuko 87. eta 88. artikuluak "de minimis" laguntzei aplikatzeko moduari buruzkoa da.

Erregelamendu horrekin bat, edozein enpresari emaniko "de minimis" laguntza osoa gehienez ere 200.000 eurokoa izanen da hiru zergaldiko edozein denboralditan.

Ondorio horrekin, enpresak behartuta daude araubide horri jarraituz aurreko hiru zerga ekitaldietan hartutako diru-laguntzak adieraztera, eskaera aurkezten dutenean. "De minimis" laguntzen baturak, diru-laguntza barne, gehieneko muga gainditzen badu, diru-laguntzaren zenbatekoa gutxituko da, muga hori ez gainditzeko.

10. araua. Bateraezintasunak.

Lan ekipoak egokitzeko inbertsioetarako ematen diren diru-laguntzak bateraezinak dira Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentuak industria inbertsiorako ematen dituen laguntzekin; laguntza horiek alternatiba gisa eska ditzakete enpresek.

11. araua. Gora jotzeko errekurtsoa.

Arau hauen aurka gora jotzeko errekurtsoa paratzen ahalko da, Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

12. araua. Emandako diru-laguntzen publizitatea.

Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 15. artikuluan xedatutakoarekin bat, Arriskuen Prebentziorako eta Lanaren Zuzendaritza Nagusiak jendaurrean jarriko ditu emandako diru-laguntzak Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentuaren webgunean, hauek zehaztuta: deialdia, laguntza zein programari eta aurrekontu-kredituri egotziko zaien, onuraduna, emandako diru kopurua eta diru-laguntzaren helburua.

II. ERANSKINA

Erantzukizunpeko aitorpena

Izen-deiturak NAN/IFZ

Helbidea

NIRE IZENEAN EDO HONAKO HAU ORDEZKATUZ

(ezabatu behar ez dena)

Izen-deiturak NAN/IFZ

Helbidea

Eskaturiko diru-laguntzari buruz, zera adierazten dut

1.-Adierazpena 3. arauan ezarritako baldintzei buruz.

3. arauan ezarritako baldintzak betetzeari buruz, zera adierazten dut:

a) Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako debekuetan ez nagoela.

b) 100 langile baino gutxiago ditudala.

c) Enpresak ez duela zehapen irmorik jaso, laneko segurtasun eta osasunaren arloan urraketa oso larri bat edo bi urraketa larri baino gehiago egiteagatik, deialdia argitaratu den egunaren aurreko bi urteetan.

2.-Lorturiko beste diru-laguntza batzuen adierazpena.

Eskaturiko diru-laguntzaren xedeari buruz, zera adierazten dut:

f Ez dudala eskuratu Espainiako edo atzerriko beste administrazio publiko, erakunde publiko edo pribatu edo partikularren diru-laguntzarik.

f Espainiako edo atzerriko beste administrazio publiko, erakunde publiko edo pribatu edo partikularren diru-laguntza hauek eskuratu ditudala:

(milaka eurotan)

"De minimis" araubideko laguntzei buruz, zera adierazten dut:

f Hiru zerga ekitalditan ez dudala eskuratu Espainiako edo atzerriko administrazio edo entitate publiko baten "de minimis" araubideko diru-laguntzarik.

f Hiru zerga ekitalditan "de minimis" araubideko diru-laguntza hauek eskuratu ditudala:

Datuen gaurkotzeari buruz, zera adierazten dut:

Hitz ematen dut adierazpen honetan zehazten diren diru-laguntzetan gertatzen ahal diren aldaketen berri idatziz jakinaraziko diodala Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentuari, gehienez ere 15 eguneko epean.

3.-Baimena.

Baimena ematen diot Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentuari diru-laguntza emateko ebazpen proposamena ematen denean egiazta dezan zerga guztiak ordainduta eta Gizarte Segurantzarekiko zor guztiak kitatuak dauzkadala.

..............(e)n, ........(e)ko ..........aren ..........(e)an.

Sinatua

Kargua

Eskatzailearentzako argibide interesagarriak

1. Eskaera honekin batera emandako datuen eta erantzukizunpeko aitorpenaren tratamendua Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan eta aplika litezkeen gainerako arauetan xedatutakoari lotuko zaio. Datuak sartzeko, zuzentzeko eta ezabatzeko prozedurak Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentuan eginen dira, betiere aipatutako legeriari jarraikiz.

2. Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentuak ikertzen ahalko du adierazitako datuak egiazkoak ote diren eta, gezurrezkoak badira, eskatzen ahalko du emandako diru-laguntza eta kasuan kasuko berandutza interesak itzul daitezela, eta arau-haustea oso larria bada, zehapen espedientea irekitzen ahalko du.

Iragarkiaren kodea: F0803193