31. ALDIZKARIA - 2008ko martxoaren 7a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

2.2.2. Plantilla Organikoa, Lan Publikoaren Eskaintza, oposizioak eta lehiaketak

VILLAFRANCA

Deialdia, eskolazain lanpostu bat oposizio bidez betetzeko

1.-Arau orokorrak.

1.1. Villafrancako Udalaren zerbitzuko eskolazain lanpostu bat oposizioz betetzea du xede deialdi honek. Eskolazainak El Castellar ikastetxe publikoan beteko ditu bere eginkizunak, Haur eta Lehen Hezkuntzako eraikinean, hau da hainbat zerbitzu osagarri eta Udalak haren esku uzten dituen beste zeregin batzuk dagokion kategoriaren barrenean.

1.2. Besteak beste, lanpostu horretan aritzekoa denak betebehar hauek izanen ditu:

-Eskolazaintzari dagozkion egitekoak beteko ditu, ikastetxean jarduna dagoen orduetan, ordutegi orokorrean eta eskolaz kanpoko jarduerak egiten direnean; horien artean sartzen dira atezaintzaz eta berogailuaz arduratzea.

-El Castellar ikastetxe publikoko eskolazain lanpostuak Villafrancako udalerrian bizitzera behartuko du, zerbitzua behar bezala egin dezan. Oporraldia beti izanen da eskola-egutegitik kanpo.

-Goiz eta arratsaldez (ordutegi zatituan) betetzea bere egitekoak, eskolarako ezartzen den ordutegiari eta zerbitzuaren beharrei lotuta.

-Ateak irekitzea eta langileen sartu-irtenak kontrolatzea bide informatiko edo eskuzkoen bidez, eta langileei kasu egitea. Atal honetan sartzen dira ikastetxearen patioko ateak.

-Ikastetxeko telefono-guneaz eta faxaz arduratzea, eta baita erosgai eta paketeak kontrolatu, jaso eta entregatzeaz ere.

-Informatika, elektrizitate, igeltserotza eta beste lan batzuetan aritzen diren gremioetako langileei kasu egin eta laguntzea.

-Iturgintza, elektrizitate, zurgintzako lantxoak egitea, altzariak jartzea, landare eta zuhaitzak zaintzea etab.

-Solairuetako argiak kontrolatu eta itzaltzea, leihoak ixtea etab.

-Kasu berezietan, eraikinaren kanpo aldea txukuntzea.

-Atsedenaldi bakoitza bukatzen denean, haurren parkea eta ataripeak garbitzea.

-Eskolako altzariak eta lokalak garbitzea, edozein arrazoirengatik zikintzen direnean, eta berehala garbitzea premiazkoa denean.

-Botikinaz arduratzea, eta istripua izandako haurrei laguntzeko lanetan aritzea.

-Fotokopiak eta koadernatze txikiak egitea, erakunde eta enpresetara joatea etab.

-Lanpostuak betetzera behartzen dituenak, bereziki ikastetxeko zuzendariak bere eskumenen barrenean agintzen dizkionak.

-Hainbat zerbitzu osagarri eta, dagokion maila eta kategoriaren barrenean, Udalak haren esku utzitako beste batzuk, eskolazain lanetan ari ez denean.

1.3. Izendapenak nomina eta plantillako lan-kontratudun finko bilakatuko du izendatua.

1.4. Lanpostuak D mailako lansariak izanen ditu, uztailaren 4ko 158/1984 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Lansarien Behin-behineko Erregelamenduan eta aplikatu beharreko gainerako xedapenetan ezarritakoari jarraikiz. Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuari (251/1993 Legegintzako Foru Dekretuari) lotutako funtzionarioentzat ezarritakoak berak izanen dira, lanaldiari dagokionez, ordu kopurua, oporrak, baimenak, lizentziak eta antzinatasuna.

1.5. Oposizioa gainditu ondotik deialdi honetako lanpostua betetzeko izendatua izan eta lan-kontratudun finko bihurtzen den izangaia Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean kidetuko da, araubide horretan aurreikusitako babesa izan dezan.

1.6. El Castellar ikastetxe publikoan, Lehen eta Haur Hezkuntzako eraikinean lan egiteko izendatzen den izangaiak 1.2 atalean adierazitako tokian bizi beharko du.

1.7. Lanaldia ere 1.2 atalean aipatutakoa izanen da, eta administrazio organo eskudunek noiznahi aldatzen ahal dute.

2.-Izangaiek bete beharreko baldintzak.

Oposizio honetan onartuak izateko, izangaiek, eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean eta agiriak aurkezteko epea (deialdiaren 7.2 atalean adierazia) bukatzen den unetik eta lanpostuaren jabetza hartu arte, baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Espainiarra izatea, edo Europar Batasuneko beste estatu batekoa, edo Europar Batasunak sinatu eta Espainiak berretsitako nazioarteko itunak direla medio, langileen eta haien familiakoen zirkulazio librea aplikatzen den eremuko estatu batekoa, abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren 7. artikuluan ezarri den bezala.

b) Adin nagusikoa izatea eta erretiroko gehienezko adina ez izatea.

c) Lanbide Heziketako Lehen Mailako ziurtagiria, Oinarrizko Hezkuntza Orokorrekoa edo horien baliokideak izatea, edo eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean titulu hori eskuratzeko moduan egotea.

d) Bete behar dituen eginkizunetan aritzeko adinako gaitasun fisiko eta psikikoa izatea.

e) Eginkizun publikoetan aritzeko desgaitu edo gabetua ez egotea eta Administrazio Publikoren baten zerbitzutik bereizia ez izatea.

f) B1 gidabaimena izatea.

Espainiako nazionalitatea ez duten izangaiek frogatu beharko dute beren estatuko funtzio publikoan sartzea eragozten dien diziplina zehapenik edo zigor penalik ez dutela.

3.-Eskabideak.

3.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak Villafrancako Udalaren Erregistro Orokorrean (Cava kalea, 22; Kultura Etxea-Maristen eraikina) aurkeztu beharko dira edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aurreikusitako bideetako edozein baliatuz, deialdia Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hogeita hamar egun naturaleko epean. Epearen azken eguna jaieguna bada, Udalaren bulegoak jendearentzat irekita dauden hurrengo eguna arte luzatuko da. Eskabideak deialdi honetako eranskinean argitaratutako ereduari jarraikiz aurkeztuko dira eta horietan izangaiek adierazi beharko dute eskatutako baldintza guztiak betetzen dituztela eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunerako.

3.2. Ezgaitasunen bat aitortua duten lehiatzaileek, ariketak egin ahal izateko denbora edo baliabideetan egokitzapenik behar badute, zilegi izanen dute eskabidean eskatzea, eta hartarako, aparteko orri batean adierazi beharko dute nolako ezgaitasuna duten eta zer egokitzapen eskatzen duten. Horrekin batera, legeen arabera elbarriak direla frogatzeko agiria ere aurkeztu beharko dute, organo eskudunak emana.

3.3. Eskabideari, behar bezala bete ondoren, agiri hauek erantsiko zaizkio:

a) NANaren fotokopia.

b) Deialdian eskatutako titulazioaren fotokopia.

c) Izangaiek alegatzen dituzten merezimenduak frogatzeko agiriak.

3.4. Eskabideak aurkezteko epea ezin da luzatu.

4.-Izangaien onarpena eta erreklamazioak.

4.1. Eskabideak aurkezteko epea bukatutakoan, Villafrancako Udaleko alkateak ebazpena emanen du, onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzeko aginduko du.

4.2. Izangai baztertuek hamar egun balioduneko epea izanen dute, behin-behineko zerrenda Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen denetik, erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik egin badute, zuzentzeko.

4.3. Erreklamazioetarako epea amaitutakoan eta erreklamazioei erantzun ondoren, alkateak ebazpena emanen du onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzeko aginduko du. Ebazpen horretan, oposizioa noiz, non eta zer ordutan hasiko den adieraziko da.

4.4. Izangai onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda behin betiko bihurtu ahalko da berehala, izangai bat ere ez bada baztertzen.

5.-Epaimahaia.

5.1. Epaimahaiak kide hauek izanen ditu:

-Epaimahaiburua: María Carmen Segura Moreno andrea, Villafrancako Udaleko alkate udalburua.

Ordezkoa: Enrique Marín San Miguel jauna, Villafrancako Udaleko lehen alkateordea.

-Mahaikidea: Ignacio Parco Legaz jauna, Villafrancako El Castellar ikastetxe publikoko zuzendaria.

Ordezkoa: Enrique Mayayo Amigot jauna, Villafrancako El Castellar ikastetxe publikoko irakasle titularra.

-Mahaikidea: ................ Nafarroako Gobernuko Toki Administrazioko Departamentuak izendatua.

Ordezkoa: ............. Nafarroako Gobernuko Toki Administrazioko Departamentuak izendatua.

-Mahaikidea: Gelasio Fernández Morales jauna, Villafrancako Udaleko arkitektoa.

Ordezkoa: Guzmán Soret Ruiz jauna, arkitekto teknikoa.

-Mahaikidea: Estanislao Las Muñoz jauna, langileen ordezkaria.

Ordezkoa: Luis Angel Pascual Alvarez jauna, langileen ordezkaria.

-Idazkaria, hizpidea duena baina botorik ez: Juan José Iribarren Laita jauna, Villafrancako Udaleko idazkaria.

Ordezkoa: Vicente Busto Aizpún jauna, Villafrancako Udaleko kontu-hartzailea.

5.2. Epaimahaia hautaprobak hasi baino lehen eratuko da.

5.3. Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta aritu ere, kideen gehiengo osoa bertan izan gabe. Kide anitzeko organoaren eraketak eta jardunak balio izateko, mahaiburuak eta mahaikide idazkariak edo haien ordezkoek bertan egon beharko dute.

5.4. Epaimahaiko kideek ez dute parte hartuko, eta organo dei egileari horren berri emanen diote, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean parte ez hartzeko aipatzen diren egoeretakoaren batean baldin badaude. Izangaiek, halaber, zilegi dute mahaikideak errefusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean.

5.5. Epaimahaiak gehiengoz erabakiko ditu deialdiaren oinarriak ulertu eta aplikatzeko moduaren inguruan sortzen diren arazo guztiak.

5.6. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza izan dezake proba batzuetan nahiz guztietan. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko eta horietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.

6.-Oposizioa nola eginen den.

Izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda argitaratzean adieraziko da non, noiz eta zein egunetan hasiko den oposizioa. Proba guztiak baztertzaileak dira.

Horren ondotik, epaimahaiak behar denean eta Erregelamenduari jarraikiz emanen ditu aditzera gainerako proben iragarkiak.

6.1. Oposizioaldia.

Hauek izanen dira oposizioko probak eta ariketak:

a) Lehendabiziko proba.-Teorikoa, kultura orokorrari buruzkoa.

Gehienez ere, bi orduz erantzun beharko dira kultura orokorreko hainbat galdera. Erantzun laburrak edo test motakoak emanen dira, idatzita, II. eranskineko gaiei buruz. Okerreko erantzunei 0,20 puntuko zigorra ezarriko zaie. Baztertuak izanen dira 20 puntura iristen ez diren izangaiak.

b) Bigarren proba.-Praktikoa. Epaimahaiak zehaztuko ditu zein ariketa praktiko egin, bete beharreko eginkizunekin zerikusia dutela. Okerreko erantzueni 0,15 puntuko zigorra ezarriko zaie. Baztertuak izanen dira gutxienez 15 lortzen ez dituztenak.

c) Hirugarren proba.-Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko Psikologia Zerbitzuak prestatutako hainbat proba psikotekniko eginen dira, izangaiak deialdiaren xedeko lanpostuaren izaerari eta ezaugarriei nola egokitzen zaizkien baloratzeko. Zerbitzu horrek izangai bakoitzari ematen dion puntuazioa loteslea izanen da oposizioko epaimahaiarentzat, eta proban 15 puntu eskuratzen ez dituena baztertuta geldituko da.

Oposizioko ariketak egiteko, egokitzapenak jarriko dira denbora eta baliabide aldetik urritasunen bat dutenentzat, eskabidean eskatutakoaren arabera.

Kasu praktiko bakoitza egiteko ordubete izanen da, gehienez ere.

Ariketen balorazioa.

Oposizioko ariketen balorazioan 100 puntu eman daitezke gehienez ere, honela banatuak:

Lehenbiziko proba: gehienez 40 puntu.

Bigarren proba: gehienez 30 puntu.

Hirugarren proba: gehienez 30 puntu.

Ariketa bakoitzerako dei bakarra eginen da. Hartara nortasun agiri nazionala, pasaportea, gidabaimena edo epaimahaiak baliozkotzat jotzen duen beste nortasun agiri bat aldean dutela agertu beharko dute izangaiek. Azterketara agertzen ez direnak edo nor diren egiaztatzen ez dutenak oposiziotik baztertuko dira.

Ariketak zuzendu ondoren, epaimahaiak jendaurrean jarriko du, Villafrancako Udalaren iragarki oholean eta ariketa egin den tokian, haiek gainditu dituzten izangaien zerrenda, lortutako kalifikazioekin, baita nor diren baztertuak ere; halaber, hurrengo ariketa egiteko tokia, eguna eta ordua, gutxienez 48 ordu lehenago.

Oposizioko ariketa bakoitza bukatutakoan, Villafrancako Udalaren iragarki oholean jarriko da proba gainditu duten izangaien zerrenda, lortu dituzten kalifikazioekin batera.

7.-Probak gainditu dituztenen zerrenda, izendapen proposamena eta agirien aurkezpena.

7.1. Azken ariketaren kalifikazioa bukatuta, epaimahaiak, Villafrancako Udalaren iragarki oholean eta ariketa egin den tokian, jendaurrean jarriko du probak gainditu dituztenen zerrenda, ariketa bakoitzean lortutako kalifikazioekin eta haien guztien arteko baturarekin batean. Gero, espediente osoarekin batean, oposizioa gainditu dutenen zerrenda eta puntuazio handieneko izangaiaren aldeko izendapen proposamena (behar izanez gero, hurrengoena puntuazio ordenaren arabera) igorriko dizkio Villafrancako Tokiko Gobernu Batzarrari. Proposamen hori Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko da.

Oposizioaren azken emaitzan diren berdinketetan, bigarren proban, praktikoa baita, puntu gehien lortzen dituztenen alde joko da.

7.2. Izendapen proposamena Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu ondoko 30 egun naturalen barrenean, proposatutako izangaiak honako agiriok aurkeztu beharko ditu:

a) Nortasun agiri nazionalaren fotokopia egiaztatua, edo izangaiaren nazionalitatea eta nortasuna frogatzen dituen beste agiri baliokideren batena.

b) Deialdiaren 2. oinarrian eskatzen den tituluaren fotokopia egiaztatua, edo hura eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekinarena.

c) Udalak izendatzen dituen zerbitzu medikuek egindako txostena, karguaren eginkizunetan aritzea eragozten dion eritasun nahiz akats fisiko edo psikikorik ez duela frogatzeko.

Izangaiak ezgaitasunen bat alegatu badu, gainera, ezgaitasun mailaren egiaztagiria aurkeztu beharko du, hala nola ezgaitasuna deialdiko lanpostuarekin bateragarria dela dioen frogagiria, balorazio eta orientazio talde eskudunek lemana.

d) Eginkizun publikoetarako ezgaitua edo gabetua ez izatearen eta inongo administrazio publikoren zerbitzutik bereizia ez izanaren zinpeko aitorpena.

Izangaiak nazionalitate espainiarra ez badu, agiri bat aurkeztu beharko du, bere Estatuko Funtzio Publikoan sartzea eragozten dion diziplina zehapenik edo zigor penalik ez duela adierazteko.

e) Zin egin edo hitz ematea, Nafarroako Foru Eraentza errespetatu, Konstituzioari eta Legeei men egin, eta karguari dagozkion eginkizunak zuzen beteko dituela.

7.3. Epe horretan, eta behar adina justifikatutako ezinbesteko kasuetan izan ezik, izangaiak ez baditu dokumentu horiek aurkezten, ezin izanen da izendatu, eta haren ekintza guztiak baliogabetuko dira, eskabidean gezurra esateagatik egotzi ahal zaion erantzunbeharra ezertan galarazi gabe.

7.4. Aurreko atalean aurreikusitako kasuan, Villafrancako Udalak oposizioa gainditu dutenen zerrendan, 7.1 atalean aipatzen den horretan, hurrengoa den izangaiarekin beteko du lanpostua, eta horrekin aurreko ataletan adierazitako moduan jokatuko du.

8.-Izendapena, esleipena eta jabetza hartzea.

8.1. Aurreko oinarrietan ezarritakoa beterik, Villafrancako Udalak epaimahaiak proposaturiko izangaia eskolazain lanpostuan aritzeko izendatuko du, eta lanpostu hutsa esleituko dio.

8.2. Izendapena Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko da.

8.3. Izangai izendatuek, izendapena jakinarazi eta ondoko hilabetean hartu beharko dute lanpostuaren jabetza.

8.4. Epe horretan, hala egiten ez badute, eta ezinbesteko kasuetan izan ezik, deialdiaren xedeko lanpostuarekin loturiko eskubide guztiak galduko dituzte. Hala gertatuz gero, Villafrancako Udalak oposizioa gainditzen dutenen zerrendan, 7.1 atalekoan, hurrengoa den izangaiarekin beteko du hutsunea.

9.-Errekurtsoak.

9.1. Deialdi honen eta bere oinarri eta egintzen kontra, honako errekurtso hauetako bat jarri ahalko da:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, Villafrancako Udaleko Tokiko Gobernu Batzarrari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik aitzina.

b) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazten edo argitaratzen denetik aitzina.

c) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Auzitegi Nagusiko arlo bereko salari zuzendua, bi hilabeteko epean, argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik aitzina.

I. ERANSKINA

Eskabide eredua

Izena: ........................, adinez nagusia. Nortasun agiri nazionala: ....... Jaioteguna: ............. Jaioterria: .......... (........). Nazionalitatea: ................. Gaur egungo helbidea (herria, probintzia, kalea, posta kodea): kodea): ........................................ Telefonoa: ............ Laneko telefonoa: ........

Villafrancako Udalaren aurrean agertu eta adierazten dut:

Villafrancako Udalaren zerbitzuko eskolazain lanpostua oposizioz betetzeko deialdian onartua izatea eskatzen dudala, eginkizunak El Castellar ikastetxe publikoan, Lehen eta Haur Hezkuntzako eraikinean, betetzeko, hau da hainbat zerbitzu osagarri edo, bere kategoriari dagozkionak izanik, Udalak haren gain utzitako beste lan batzuk. ............ eguneko .... Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu zen deialdia.

Ez dudala karguan aritzea galarazten didan eritasunik edo akats fisikorik nahiz psikikorik.

Ez dudala indarra duten xedapenetan ezarritako ezintasunik.

Ez naizela diziplina espediente bidez inongo administrazio publikoren zerbitzutik bereizia izan eta ez nagoela desgaitua eginkizun publikoak betetzeko.

Deialdian eskatzen den titulazioaren jabe naizela.

Eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, behar diren baldintza guztiak betetzen ditudala.

Ezgaitasuna dudala (hori dutenen kasuan) eta, beraz, behar ditudan egokitzapenak eskatzen ditudala, haietarako arrazoiak adierazita. (Beste orri batean azaldu behar dira eskatzen diren egokitzapenak eta haietarako arrazoiak). Ezgaitasuna frogatzen duen agiria aurkezten dudala, erakunde eskudun batek emana.

Horrenbestez,

Villafrancako Udalaren zerbitzuko eskolazain lanpostua oposizioz betetzeko deialdian onartua izatea eskatzen dut, eginkizunak El Castellar ikastetxe publikoan, Lehen eta Haur Hezkuntzako eraikinean, betetzeko, hau da hainbat zerbitzu osagarri edo, nire kategoriari dagozkionak izanik, Udalak nire gain utzitako beste lan batzuk.

Villafrancan, .............ko .........aren.....(e)an.

(Sinadura)

VILLAFRANCAKO UDALEKO ALKATE UDALBURUA.

II. ERANSKINA

Kultura orokorreko gaiak

II.1. Komunikazio arloa:

1.-Erabilera ohikoa duten idazkiak (informatiboak, literarioak,...) ulertzea, ideia nagusien eta haien arteko harremanen laburpena. Testu mota ezberdinei dagozkien oinarrizko alderdi batzuk aztertzea (egitura, hiztegia, puntuazio ikurrak...).

2.-Hainbat motatako testu errazak egitea (narrazioak, deskripzioak, elkarrizketak, txostenak...) dagokien testu egitura erabiliz, ortografiako arauak betez eta testuari batasuna ematen dioten oinarrizko prozedurak (loturak, aditz denbora, puntuazio ikurrak...) erabiliz.

3.-Sinboloak, irudiak, planoak eta grafiko sinpleak ulertzea.

4.-Ordena alfabetikoa ongi ezagutzea, hiztegia, gida, telefonoa, zerrendak..., aise erabiltzeko.

5.-Inprimakiak, galdera sortak eta formulario sinpleak ulertu eta betetzea: NANa, telegramak, igorpenak, bankuko agiriak, eskabideak.

II.2. Matematika arloa:

1.-Zenbaki natural eta hamartarrak irakurri, idatzi eta ordenatzea.

2.-Eguneroko bizitzan aurkitzen ditugun arazo txikiak konpontzea oinarrizko lau eragiketak (batuketa, kenketa, biderketa eta zatiketa) erabiliz, zenbaki naturalekin zein hamartarrekin.

3.-Luzera, azalera, masa, kapazitate eta denbora neurriak. Multiplo eta azpimultiplo erabilienak. Unitateen konbertsioa.

4.-Irudi lau eta gorputz geometriko ezagunenak bereiztea. Oinarrizko osagaiak (aldea, angelua, erpina, aurpegia, oinarria eta altuera) zein diren jakitea.

II.3. Ingurune sozialaren eta naturalaren arloa:

Villafrancako Udalaren egitura eta haren gobernu organoak.

Villafranca.-Erliebea, klima, egoera geografikoa, fauna eta flora.-Aurrekari historikoak.-Egungo egoera.-Nekazaritza, abeltzaintza, industria, merkataritza eta zerbitzuak.

III. ERANSKINA

1.-Eraikinetako banaketa koadroak, potentzia kontrolatzeko etengailua, magnetotermikoak eta diferentzialak.

2.-Oinarrizko argi-zirkuituak: etengailuak, kommutadoreak, entxufe-oinak, lanparak, pitzarazgailuak eta erreaktantziak.

3.-Iturgintzako eta berokuntzako instalazioen mantentze-lanak: aparatu sanitarioak, txorrotak, zisternak, sifoiak, berokuntza zirkuituak, erradiadoreak betetzea eta purgatzea, galdara-gelak eta haien osagai nagusiak.

4.-Korronte elektrikoaren atarian. Korronte jarraitua eta aldizkako korrontea. Oinarrizko magnitude elektrikoak, horien kontrola eta neurria. Korronte elektrikoaren ondorioak. Etxebizitzetako instalazio elektrikoak. Tresnak nola erabili segurtasunez.

5.-Zurgintzako oinarrizko eragiketak: ate eta leihoak doitzea, sarrailak, sarraila-zilindroak, pertsianak.

6.-Oinarrizko ezagupenak, telefono banagunea, faxa, fotokopiagailuak, koadernagailuak, ikus-entzunezko materiala eta agiriak suntsitzeko gailuak erabiltzeko.

7.-Sinboloak, irudiak eta grafiko sinpleak ulertzea; inprimakiak, galde-sortak, formulario errazak, bankuko agiriak, eskabideak eta postako inprimakiak interpretatu eta betetzea.

8.-Iragarki ohol ofizialen mantentze eta kontrol lana; orobat, bulegoko materialak, altzariak eta garbiketa gaiak.

9.-Kartazaletan sartzea, etiketak jartzea, paketeak eta korrespondentzia eraikinean barrenean eta eraikinetik kanpoan banatzea, baita korrespondentzia ofizialaren frankeoa edo zigilatzea ere.

10.-Gidak, zerrendak, telefonoak aise erabiltzeko hurrenkera alfabetiko eta numerikoak ezagutzea eta menderatzea, kontrol xumeak egitea eta dokumentuak artxibatzea.

Villafrancan, 2008ko otsailaren 4an.-Alkate udalburua, María Carmen Segura Moreno.

Iragarkiaren kodea: L0802465