31. ALDIZKARIA - 2008ko martxoaren 7a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.2. Plantilla Organikoa, Lan Publikoaren Eskaintza, oposizioak eta lehiaketak

DEIALDIA, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak martxoaren 6ko 22/2008 Ebazpenaren bitartez onetsia, Nafarroako Foruzaingoko foruzain izateko ehun (100) lanpostu oposizio bidez betetzeko.

Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak martxoaren 6an emandako 22/2008 Ebazpenaren bitartez, Nafarroako Foruzaingoko foruzain izateko ehun (100) lanpostu huts oposizio bidez betetzeko deialdia onetsi da.

ARAUAK

1.-Deialdiaren xedea.

Deialdi honen bidez Nafarroako Foruzaingoko foruzain izateko ehun (100) lanpostu huts bete nahi dira, txanda irekian eta oposizio bidez, zenbaki hauek dituztenak hain zuzen: 172, 205, 403, 5722, 6008, 6708, 6972, 6999, 7910, 7911, 7912, 7913, 7914, 7879, 7880 eta 8192tik 8276ra, biak barne.

2.-Aplikatzekoak diren arauak

Prozedura hau ondoko arauek erregulatuko dute: Nafarroako Poliziei buruzko martxoaren 23ko 8/2007 Foru Legea; Nafarroako Polizia Kidegoetako Langileen Erregelamendua onesten duen abenduaren 29ko 718/2003 Foru Dekretua; Nafarroako Foruzaingoko Lanpostuak Betetzeko Erregelamendua onesten duen martxoaren 25eko 57/2002 Foru Dekretua; Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bategina onesten duen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua; Nafarroako Administrazio Publikoetan Lanpostuak Betetzeko Erregelamendua onesten duen azaroaren 6ko 215/1985 Foru Dekretua; Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen organoetako langileen arloko eskurantzak zehazten dituen martxoaren 25eko 30/2005 Foru Dekretua; foru dekretu horri azaroaren 5eko 235/2007 Foru Dekretuak emandako testu berria; aplikatu beharreko gainerako arauak eta deialdiaren arauak.

3.-Izangaiek bete beharreko baldintzak

3.1. Oposizio honetan onartuak izateko, izangaiek ondoko baldintzak bete beharko dituzte:

a) Espainiako herritarra izatea.

b) Adinez nagusi izatea eta oraindik 36 urte bete ez izana.

c) Batxilergoko titulua, Lanbide Heziketako bigarren mailakoa edo baliokideren bat izatea.

Aurrekoa gorabehera, Nafarroako Poliziei buruzko martxoaren 23ko 8/2007 Foru Legearen 30 artikuluan xedatutakoaren arabera, deialdi honetan onartua izateko, nahikoa da eskola-graduatua, lehen mailako lanbide-heziketako titulua edo baliokidea izatea, halako moduz non, deialdi honetako 7.2.2 arauan aurreikusitako prestakuntza ikastaroa gaindituta, teknikoki baliokideak izanen baitira oinarrizko ikastaro hori eta batxilergoa, bigarren mailako lanbide-heziketa edo horien baliokidea; baliokidetasun hori, hala ere, ondorio administratiboetarako baino ez da izanen, hau da, C mailako funtzionario izendatzeko, eta ez du inoiz balioko eta ez da onartuko arlo akademiko, irakaskuntzako edo hezkuntzakoan, ezta maila horretako lanpostuak okupatzeko ere administrazioko beste arlo batean.

d) Deialdiaren xede den lanpostuari dagozkion eginkizunak betetzeko behar diren gaitasun fisiko eta psikikoa izatea eta ez edukitzea deialdiaren IV. eranskinean zehazten diren bazterbide medikoetako bat.

e) Gizasemeek 1,70 metroko garaiera bederen izatea eta emakumezkoek 1,65 metrokoa.

f) Doluzko delitu bat dela kausa kondenatua ez izana, ez eta administrazio publiko baten zerbitzutik baztertua ere, eta eginkizun publikoetan aritzeko desgaitua edo gabetua ez izatea, deusetan galarazi gabe errehabilitazioaren onura aplikatzea, zigor eta administrazio arloetako arauei jarraikiz.

g) Gutxienez, A, B eta BTP motetako ibilgailuak gidatzeko baimenak edo horien baliokideak izatea.

h) Armak aldean izateko konpromisoa, eta, egoki bada, horiek erabiltzekoa. Horretarako eskatzaileak aitorpena eginen du.

3.2. Eskabideak aurkezteko epearen azken egunean bete beharko dira arestiko baldintzak, eta postuaz jabetu bitartean. Bi salbuespen izanen dira: g) letran adierazitakoari dagokionez, jendaurrean jartzen denean deialdiaren 7.2.2 atalean aipatutako oinarrizko prestakuntzako ikastaroko izangaien behin-behineko zerrenda, egun horretan eta horretatik aurrera bete beharko da baldintza hori, eta b) letran adierazitakoari dagokionez, baldintza hori eskabideak aurkezteko egunean betetzea aski izanen da.

4.-Eskabideak

4.1. Deialdian parte-hartzeko eskabideak aurkezteko tokia eta epea:

a) Deialdian parte-hartzeko eskabideak aurkezteko epea 30 egun naturalekoa izanen da, deialdia Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Eskabideak Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorrean (Karlos III.aren etorbidea, 2, 31002 Iruña) edo erregistro horretako beste edozein bulegotan (zerrenda 2008ko 14. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu zen, urtarrilaren 30ean) aurkeztu beharko dira, edo, bestela, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/2008 Legeko 38.4 artikuluan adierazitako bideren bat erabiliz.

c) Eskabidearen eredu ofiziala deialdiaren I. eranskinean ageri da. Eredu hori Nafarroako Gobernuaren edozein erregistro bulegotan dago eskuragarri. Internet bidez ere lortzen ahal da, www.navarra.es helbidean, bai argitaratzen deneko aldizkari ofizialetik abiatuta bai aipu honetatik abiatuta: "Zerbitzuak", "Enplegu publikoa".

4.2. Izangaiek aurkeztu beharreko gainerako agiriak:

Bat.-Izangaiek III. eranskinean agertzen diren proba fisikoak egiteko gaitasuna dutela egiaztatuko duen ziurtagiri mediko ofiziala.

Bi.-Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren kontuan 12 euro ordaindu izana frogatzen duen agiria. Kopuru horrekin espedientearen formalizazioa eta azterketa eskubideak ordainduko dira.

Hautaproben deialdia egin egin baino gutxienez hilabete (1) lehenago lan-eskatzaile gisa inskribaturik egon diren pertsonak tasa ordaintzetik libre egonen dira. Salbuespen hori aplikatzeko baldintza izanen da inskribaturik egon den bitartean eskainitako inolako lan egokiri uko egin ez izana eta lan-igoera, prestakuntza edo eraberritze ekintzetan parte hartzeari uko egin ez izana, justifikaturiko kasuetan izan ezik, eta, horrez gainera, lanbide arteko gutxieneko soldatatik gorako den dirusarrerarik ez izatea hilabetero.

Lan eskatzailea dela frogatzeko, Enplegu Bulegoak emandako agiria aurkeztu beharko da. Bertan, lan-eskatzaile gisa inskribatu zeneko data agertuko da eta, orobat, adieraziko da inskribaturik egon den bitartean ez diola uko egin handik eskainitako inolako lan egokiri, ez eta lan-igoera, prestakuntza edo eraberritze ekintzetan parte hartzeari ere, justifikaturiko kasuetan izan ezik.

Hilabetero lanbide arteko gutxieneko soldatatik gorako dirusarrerarik ez duela interesdunaren erantzukizunpeko aitorpenaren bidez frogatuko da. Adierazpen eredua Nafarroako Gobernuko Informazio Bulegoan eskuratzen ahalko da, edo bestela Internet bidez, arestian emandako helbidean.

Salbuetsita dagoela frogatu ezean, tasa ordaintzen ez badu, izangaia baztertu eginen da.

Hiru.-Nortasun Agiri Nazionalaren bi aldeen fotokopia konpultsatua.

Lau.-Deialdian eskatutako titulu akademikoaren fotokopia konpultsatua.

4.3. Eskabideak aurkezteko epea ezin izanen da luzatu.

4.4. Eskabidean atzematen diren akats materialak edo egitezkoak ofizioz edo interesdunak eskaturik zuzentzen ahalko dira, noiznahi ere.

5.-Onartuen behin-behineko zerrenda, erreklamazioak eta behin betiko zerrenda

Eskabideak aurkezteko epea amaiturik, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onetsiko du eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara dadila aginduko, ohartaraziz hurrengo hamar (10) egun balioduneko epean baztertuek erreklamazioak egin ditzaketela deialdia egin duen organoaren aurrean eta, akatsik baldin badago, haiek zuzendu.

Ezarritako epean eskabiderik aurkezten ez bada, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak deialdia bete gabe gelditu dela deklaratzeko ebazpena emanen du. Ebazpen hori Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu beharko da.

Erreklamazioak egiteko epea bukatu eta, kasua bada, haiek ebatzitakoan, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onetsiko du eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzeko aginduko.

Halaber, oposizioko onartu eta baztertuen behin-behineko eta behin betiko zerrenda interesdunen esku egonen da Nafarroako Gobernuko web orrialdean (www.navarra.es, "Zerbitzuak", "Enplegu Publikoa").

6.-Epaimahaia

6.1. Osaera.

Epaimahaiak kide hauek izanen ditu:

-Epaimahaiburua: Alfonso Fernández Díez jauna, Nafarroako Foruzaingoko burua.

-Ordezkoa: Gerardo Goñi Ilundain jauna, Komisario Nagusia eta Nafarroako Foruzaingoko Herritarren Segurtasunerako Arloko burua.

-Mahaikidea: Eduardo Sáinz de Murieta García de Galdeano jauna, Komisario Nagusia eta Barne Araubideko Dibisioko burua.

-Ordezkoa: José Mario Zunzarren Angós jauna, Komisario Nagusia eta Polizia Administratiboaren Arloko burua.

-Mahaikidea: Pilar Zapico Revuelta andrea, Barne Zuzendaritza Nagusiko Araubide Juridikoaren eta Langileriaren Zerbitzuko zuzendaria.

-Ordezkoa: María Jesús González Muñoz andrea, Barne Zuzendaritza Nagusiko Zehapen Prozeduraren Ataleko burua.

-Mahaikidea: dagokion Langileen Batzordearen ordezkari bat, batzordeak berak proposatua.

-Ordezkoa: dagokion Langileen Batzordearen ordezkari bat, batzordeak berak proposatua.

-Mahaikide idazkaria: José María Canales Arana jauna, Barne Zuzendaritza Nagusiko Giza Baliabideen ataleko burua.

-Ordezkoa: María Paz Diago Rodríguez andrea, Barne Zuzendaritza Nagusiko administraria.

6.2. Eraketa eta jarduketa.

Onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda argitaratu ondoko bost (5) eguneko epean eratuko da epaimahaia.

Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta aritu ere, kideen gehiengo osoa bertan izan gabe.

Organo kide anitzekoaren eraketak eta jardunak balio izateko, mahaiburuak eta mahaikide idazkariak edo haiek legez ordezten dituztenak bertan egon beharko dute.

Epaimahaiak gehiengoz erabakiko ditu deialdiaren arauak aplikatzeko moduaz sortzen diren arazo guztiak.

Administrazio prozeduraren arauetan aipaturiko arrazoiren bat gertatzen denean, epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta horren berri eman deialdia egin duen organoari.

Izangaiek, halaber, zilegi dute mahaikideak errefusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean.

Epaimahaiak aholkulari espezialistak biltzen ahalko ditu. Aholkulari horiek dagozkien espezialitate teknikoetan aritzera mugatuko dira, eta epaimahaiari horietan baizik ez diote lagunduko.

7.-Oposizioa nola eginen den

7.1. Oposizioa 2008ko irailean hasiko da.

Onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenean berean zehaztuko da ariketak non, noiz eta zer ordutan hasiko diren.

7.2. Oposizioaren lehen fasea hautatzekoa izanen da, eta hartan proba baztergarriak eginen dira, honako hauen gainean: kultura orokorra, sasoia neurtzeko probak, psikoteknikoak eta proba medikoak. Bigarren fasean, berriz, oinarrizko prestakuntzako ikastaroa gainditu beharko da.

7.2.1. Hautapenaldia:

Hautapenaldiak proba hauek izanen ditu:

a) Lehenbizikoa.-Proba objektiboa da. Lau ariketa egin beharko dira deialdi honen II. eranskineko lau gai-multzoen edukien gainean.

b) Bigarrena.-Deialdiaren III. eranskinean ageri diren ariketa fisikoak egin beharko dira, eta haietako bakoitzak balioko du jendea baztertzeko, egiten den markaren arabera. Proba honen ariketak epaimahaiak zehaztutako hurrenkeran eginen dira.

Proba honekin batera, 3.1.e) arauak jasotzen duen baldintza betetzen dela ziurtatzeko, izangaien luzera neurtuko da.

Izangai guztiak antidoping kontrola egitera behartuta egonen dira, ariketak egin bitartean edo beste noiznahi, epaimahaiak hala eskatuz gero. Praktika debekatuak atzeman edo egiaztatzeko egindako analisiak, dagokion organo espezializatuak eginen ditu. Horretarako, debekatuta daude Kiroletako Kontseilu Gorenak 2007ko abenduaren 28an emandako ebazpenaren I. eranskinean ageri diren substantzia, gai farmakologiko, doping metodo eta manipulazioak, kirolean debekaturik dauden substantzia eta metodoen zerrenda (2008ko 5. Estatuko Aldizkari Ofiziala, urtarrilaren 5ekoa) eta Kiroletako Kontseilu Gorenaren Lehendakaritzak 2006ko abenduaren 21ean emandako ebazpenaren IV. eta V. eranskinetan jasotakoak (haren bidez onesten zen kirolean debekatutako substantzia eta metodoen zerrenda, zeina baitzen animalia, erbi-txakur eta zaldi lehiaketei buruzkoa). Indarrean dira, Kirolean osasuna babestu eta dopingari buruzko azaroaren 21eko 7/2006 Lege Organikoaren lehenbiziko xedapen gehigarrian ezarritakoarekin bat. Halaber, VI. eranskina indarrean da, UNESCOren kirolean dopinga izatearen kontrako Nazioarteko Konbentziaren II. eranskinarekin kontraesanean ez dagoen horretan. Bazterturik geldituko dira kontrol horretan positibo ematen duten izangaiak eta kontrol horri uko egiten diotenak.

c) Hirugarren.-Proba psikoteknikoak egin beharko dira, izangaiak lanpostuaren ezaugarri profesiografikoen eskakizunei noraino egokitzen zaizkien neurtzeko. Proba hauek Nafarroako Administrazio Publikoak eginen ditu, eta haren balorazioa lotzailea izanen da epaimahaiarendako.

Egin baino lehen, foruzainburuak lanpostuaren ezaugarri profesiografikoak onets ditzala proposatuko dio Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzaileari. Onespen hori epaimahaiari jakinaraziko zaio.

Proba hau berrehundik (200) gora izangaik gainditzen badute, hirugarren probara lehenbiziko berrehunak (200) baizik ez dira pasatuko. Berrehungarren (200) postuan puntuazio berarekin izangai bat baino gehiago egonez gero, denak pasatuko dira hurrengo probara. Gainerako izangaiak oposiziotik baztertuak izanen dira.

Hautapenaldiko ariketa bakoitza zuzendu ondoren, epaimahaiak jendaurrean jarriko du, Nafarroako Gobernuaren iragarki oholean eta ariketa egin den tokian, gainditu duten eta ez dutenen izangaien zerrenda, lortutako kalifikazioekin eta, halaber, oposizioaren hurrengo proba edo ariketa egiteko tokia, eguna eta ordua, gutxienez berrogeita zortzi (48) ordu lehenago.

d) Laugarrena.-Egungo gai bat idatziz garatzea. Epaimahaiak agindua ematen ahalko du proba hori lehenbiziko probako gainerako ariketekin batera egiteko. Kasu horretan, izangaiek hirugarren proba gainditzen ez badute, ez da laugarren proba hau kalifikatuko.

e) Proba medikoak.-Aurreko a) b) c) eta d) ataletan aurreikusitako probak eginik, epaimahaiak oinarrizko prestakuntza ikastaroan behin-behinekoz onartutako izangaien zerrenda jarriko du Nafarroako Gobernuaren iragarki oholean. Deialdiaren 7.2.2 atalean aipatu da zerrenda hori, puntuazioaren arabera ordenatuko dena, eta horretan ezin izanen dira agertu ehun (100) ikasle baino gehiago.

Oinarrizko prestakuntza ikastaroan behin-behinekoz onartutako izangaiek beharrezkoak diren proba mediko guztiak pasatuko dituzte, egoera psikofisikoa frogatzearren, deialdiaren 3.1 arauaren d) letran ezarritakoari jarraikiz.

Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuko Funtzio Publikoaren Zuzendaritza Nagusiko Laneko Arriskuei Aurrea Hartzeko Atalak eginen du osasun azterketa hori, eta haren balorazioa loteslea izanen da epaimahaiarendako.

Hautapenaldiko probak egiteko dei bakarra eginen da. Izangaiek Nortasun Agiri Nazionala, pasaportea edo gidatzeko baimena eraman beharko dute. Iragarritako egunetan, orduetan eta tokietan agertzen ez diren izangaiak, arrazoia edozein dela ere, oposiziotik baztertuak izanen dira.

7.2.2. Oinarrizko prestakuntza ikastaroa:

Ikastaroa Nafarroako Segurtasun Eskolak emanen du, gainditu egin beharko da eta gobernatuko dute Nafarroako Segurtasun Eskolaren antolamendu eta funtzionamendurako Erregelamendua onesten duen irailaren 12ko 113/2005 Foru Dekretuak horren gainean ezarritako aginduek eta aplikagarriak diren gainerako xedapenek.

Oinarrizko prestakuntza ikastaroan parte hartu ahal izateko, izangaiek agiriz frogatuko dute, hamabost (15) egun naturaleko epean (prestakuntza ikastaroan onartutako izangaien behin-behineko zerrenda Nafarroako Gobernuko iragarki oholean argitaratzen den egunetik hasita), deialdiaren 3.1 ataleko f), g) eta h) baldintzak betetzen dituztela. Horretarako, ondotik datorren agiriak aurkeztuko dituzte Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokorrean, Epaimahaiko idazkariari zuzenduak:

-Deialdian eskatutako gidabaimenaren aurreko eta atzeko aldeen fotokopia konpultsatuak.

-Erantzukizunpeko aitorpena, doluzko delitu bat dela kausa ez dutela kondenatu adieraziz, ez eta administrazio publiko baten zerbitzutik baztertu ere, eta ez dagoela eginkizun publikoetan aritzeko desgaitua edo gabetua, deusetan galarazi gabe errehabilitazioaren onura aplikatzea, zigor eta administrazio arloetako arauei jarraikiz.

Barne Zuzendaritza Nagusiak Justizia Ministerioaren Zigortu eta Auzi-iheslarien Erregistro Nagusiari eskatuko dio eta ofizioz emanen du izangaiek aurrekari penalik ez dutela edo horiek deuseztu direla frogatzen duen txostena.

-Nafarroako Foru Eraentza errespetatzeko, Konstituzioari eta legeei men egiteko eta karguaren eginkizunak zintzo betetzeko zina edo hitzematea.

-Armak aldean izateko konpromisoa hartzeko erantzukizunpeko aitorpena.

-Gizarte Segurantzaren txartelaren fotokopia konpultsatua.

-Hala izanez gero, deialdiaren 9.4 atalean aipatzen den aukeraz baliatu dela adierazten duen agiria.

Epaimahaiak, ikusirik izangaiek aurkeztutako dokumentazioa eta azterketa medikoaren emaitzak, hautapen prozesuan sortutako bajak ezarriko ditu, eta baja haiek bazterturik gelditu ez diren beste izangai batzuekin beteko ditu, betiere proba medikoak gainditu eta eskatutako dokumentazioa aurkezten badute. Hori egindakoan, oinarrizko prestakuntzako ikastarora onartutakoen behin betiko zerrenda argitaratuko da.

Prestakuntza ikastaroan parte hartzen duten izangaiak, aurretik Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren funtzionarioak direnak izan ezik, praktiketako funtzionario izendatuak izanen dira.

Funtzio Publikoaren Zuzendaritza Nagusiak, ebazpen bidez, izangaiak atxikiko dizkio Nafarroako Segurtasun Eskolari eta horren izendapenak eginen ditu.

2007ko martxoaren 23ko 8/2007 Foru Legearen 29.3 eta 43.3 artikuluetan ezarritakoarekin bat, izangairen batek deialdian eskatutako ikastaroaren antzeko bat, Nafarroako Segurtasun Eskolak antolatua, egin badu, aski izanen da Nafarroako Segurtasun Eskolak ikastaro hori baliozkotzea. Hori frogatzeko egiaztagiri ofiziala aurkeztuko da, ikastaroen edukien berdintasuna edo baliozkotasuna frogatzen duena, eta baliozkotutako ikastaroan edo ikastaroetan lortutako kalifikazioak. Egiaztagiri hori interesdunak eskatuko dio Nafarroako Segurtasun Eskolari. Halaber, Nafarroako Segurtasun Eskolari dagokio beste ikastaro eta diploma batzuk osotasunean edo zati batean baliozkotzea, antzeko eginkizunak dituzten organismo publikoek eman dituztenean, edo Nafarroako Segurtasun Eskolak berak lehenago, betiere edukiak baliokideak badira. Halakoetan, kasua bada, kalifikazioa ere emanen da.

Izangaiek, prestakuntza ikastaroak dirauen bitartean, C mailaren hasierako soldatari dagokion lansaria jasoko dute, bai eta, hala badagokie, familia laguntza ere.

Bestetik, Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean afiliatuko dira eta alta emanen zaie, salbu eta lehendik Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Eskubide Pasiboen beste araubide batean afiliatuta zeudenen kasuan, horrexetan segituko baitute.

Praktiketako funtzionario izateak ez du ematen lortu gogo den lanpostuari dagokion eskubiderik.

Ikastaroan baja emateak oposizioaldian jarraitzeko eskubidea galtzea eta praktiketako funtzionario izateari uztea ekarriko du berarekin. Gertatzen denean, deialdia egin duen organoari jakinaraziko zaio.

Oinarrizko prestakuntzako ikastaroan behin betikoz onartuak izan baino lehen egindako osasun azterketaz gain, ikastaroa bitartean edo hura bukatutakoan izangaiek agintzen zaizkien proba mediko guztiak pasatu beharko dituzte, deialdiaren 3.1 d) atalean aipatzen den baldintza betetzen segitzen dutela frogatzeko. Proba horien bidez egiaztatzen bada baztertzeko arrazoirik badela, epaimahaiak izangai horiek hautapen prozesutik kentzeko aginduko du; ondorioz, praktiketako funtzionario izateari utziko zaio.

Hautapen prozesuetan gaitasun psikofisikoa galtzeagatik baja emandadakoak izan ez diren eta prestakuntza ikastaroa gainditu duten izangaiek praktiketako funtzionarioak izaten segituko dute lanpostuaz jabetzen ez diren bitartean.

8.-Proben eta prestakuntza ikastaroaren balorazioa.

8.1. Lehenbiziko proban, "test" motako ehun (100) galdera izanen dira, aukerako hiruna (3) erantzunekin; berrogeita hamar (50) Nafarroako legeria eta erakundeei buruzkoa izanen dira, hogeita hamar (30) Nafarroako geografiari buruzkoak, hamar (10) zientziei buruzkoak eta hamar (10) hizkuntzari buruzkoak.

Ongi erantzundako galdera bakoitzak puntu bateko (1) puntuazioa izanen du. Gaizki erantzundako galdera bakoitzak puntu erdiko (0,50 puntu) balorazio negatiboa izanen du.

Galdera bakoitzak erantzun zuzen bakarra izanen du.

Baztertuta geldituko dira guztira, ariketen emaitzen batuketa eginda, berrogeita hamar (50) puntu eskuratzen ez dituztenak, baita ariketaren batean zero (0) puntu lortzen dutenak ere.

8.2. Bigarren probako ariketetan izangaien kalifikazioa "gai" edo "ez gai" izanen da, III. eranskinean ezarritako gutxienekoen arabera.

Ariketaren batean "gai" kalifikazioa lortzen ez dutenak eta dopinga galarazteko kontroletan positiboa ematen dutenak baztertuko dira.

8.3. Hirugarren proba zerotik (0) hirurogei (60) puntura baloratuko da. Bazterturik geldituko dira gutxienez hogeita hamar (30) puntu eskuratzen ez dituzten izangaiak.

8.4. Laugarren proba zerotik (0) hogei (20) puntura baloratuko da. Baztertuak izanen dira gutxienez hamar (10) puntu lortzen ez dituztenak.

8.5. Proba medikoetan izangaien kalifikazioa "gai" edo "ez gai" izanen da. "Gai" kalifikazioa lortzen ez dutenak bazterturik geldituko dira.

8.6. Oinarrizko prestakuntzako ikastaroa gainditzen ez dutenak ere bazterturik geldituko dira oposiziotik.

Prestakuntza ikastaroan Nafarroako Segurtasun Eskolak epaimahaiari igorriko dizkion izangaien kalifikazioak lotzaileak izanen dira.

8.7. Izangai bakoitzaren azken kalifikazioa ateratzeko, hautapen aldian lortutako puntuazioei prestakuntza ikastarokoak gehituko zaizkie.

9.-Izendapena eta lanpostuen esleipena

9.1. Izendapena.

Eskatutako agiriak aurkeztu ondoren, Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiak oposizioa gainditzen duten izangaiak Nafarroako Foruzaingoko foruzain izendatuko ditu ebazpen baten bidez, lortutako puntuazioaren hurrenkeran.

Izendapena Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko da.

9.2. Atxikipena.

Barne zuzendari nagusiak kasuan kasuko antolaketako unitateetara atxikiko ditu izendatuak, kasua bada kontuan hartuta foruzainburuaren proposamena eta izangaiek egindako aukeraketa, deialdiaren 9.1 arauak aipatzen duen izendapenaren ebazpeneko hurrenkerarekin bat.

9.3. Karguaz jabetzea.

Izangai izendatuek izendapenaren ebazpenean paratuko den egunean hartu beharko dute karguaren jabetza. Horretarako zin egin edo hitzeman beharko dute Nafarroako Foru Araubidea errespetatuko dutela, Konstituzioari eta legeei men eginen dietela eta zintzo beteko dituztela beren karguko betebeharrak.

Nafarroako Foruzaingoko foruzain plazaz jabetzeak berarekin ekarriko du praktiketako funtzionario izateari uztea.

Ezarritako egunean hitzematen edo zin egiten ez dutenek edo lanpostua hartzen ez dutenek Nafarroako Foruzaingoko kidegoan sartzeko eskubide guztiak galduko dituzte, ezinbesteko kasuetan gertatu denean izan ezik.

9.4. Aurreikuspen sozialeko araubidea.

Hautaprobak gainditu eta deialdiaren xede diren lanpostuetarako izendatuak izan ondoren, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan sartu eta funtzionario bihurtzen diren izangaiek Gizarte Segurantzako Araubide Orokorrean izena emanen dute eta bertan kidetuko dira eta araubide horrek babestuko ditu, salbu eta Nafarroako Administrazio Publikoetako Langileen Estatutuan eta gainerako xedapen osagarrietan aipatzen den Eskubide Pasiboen eta Osasun eta Gizarte Laguntzako araubidean izena emanak badira, izendatu aitzin, orduan babes araubide horretan irautea erabakitzen ahalko dute edo aipatutako Gizarte Segurantzaren araubide orokorrera afiliatzen ahalko dira.

9.5. Bizileku betebeharra.

Izendatutako izangaiek destinoa duten herrian bertan bizi beharra dute, eta hori betetzeko udalerri horretan finkatuko dute beren bizilekua. Administrazioko organo eskudunek destinoa aldatzen ahalko dute.

10.-Errekurtsoak

Epaimahaiak ematen dituen egintza eta ebazpenen kontra gora jotzeko errekurtsoa paratzen ahalko da, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzaileari zuzendua, errekurtsoaren xede den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko (1) epean.

Deialdi honen, arauen eta arauak aplikatzeko egintzen kontra, epaimahaiak hartutakoen kontra izan ezik, zilegi izanen da gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariari zuzendua, hilabeteko (1) epean, errekurritu nahi den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik kontatzen hasita.

Hori guztia Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 57. artikuluarekin bat, eta Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 114. eta 115. artikuluei jarraikiz.

Iruñean, 2008ko martxoaren 6an.-Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzailea, Ignacio Bandrés Urriza.

I. ERANSKINA

Eskabidea

Izen-abizenak: ..........................., adinez nagusia, NAN zenbakia (edo baliokidea): .............., jaioteguna: ...................., jaioterria (herria): ................., probintzia: ................, nazionalitatea: ...................., helbidea (herria): ....................., probintzia: .........., kalea: ........................., zenbakia: ......, solairua: ......, letra: ...., posta kodea: ...... telefonoa: ..................., lantokiko telefonoa: ....................., sakelako telefonoa: ....................

AZALTZEN DUT:

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko Nafarroako Foruzaingoko foruzain izateko 100 lanpostu ....................bidez betetzeko deialdian parte hartzeko onar nazatela eskatzen dudala, (deialdia ...... zenbakiko Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu zen, ................... egunekoan).

-Karguan aritzea galarazten didan eritasun edo akats fisiko edo psikikorik ez dudala.

-Indarra duten xedapenetan ezarritako baterazintasunerako arrazoirik ez dudala.

-Doluzko delitu bat dela kausa ez naizela kondenatua izan, ez eta administrazio publiko baten zerbitzutik baztertua ere, eta ez naizela eginkizun publikoetan aritzeko desgaitua edo gabetua, deusetan galarazi gabe errehabilitazioaren onura aplikatzea, zigor eta administrazio arloetako arauei jarraikiz.

-Deialdian eskatzen den titulazioaren jabe naizela.

-Azterketa eskubideak ordaindu ditudala deialdian ezarritako moduan eta horren gordekina erantsi dudala, edo erantsitako agirien bidez frogatzen dudala tasa ordaintzetik salbuetsita nagoela.

-Eskabideak aurkezteko epearen azken egunean bete beharreko baldintza guzti-guztiak betetzen ditudala, 3.2 arauarekin bat.

-Nafarroako Gobernuaren Barne Zuzendaritza Nagusiari berariazko baimena ematen diodala deialdiaren 7.2.2 arauan aurreikusitako egiaztagiria eskatzeko.

Horrenbestez,

Eskabide hau ontzat hartu eta aipatu deialdian onartua izatea eskatzen dut.

Iruñean, 2008ko .................aren ............(e)an.

(Sinadura)

NAFARROAKO GOBERNUA. LEHENDAKARITZA, JUSTIZIA ETA BARNE DEPARTAMENTUA. NAFARROAKO ADMINISTRAZIO PUBLIKOAREN ZUZENDARI KUDEATZAILEA

II. ERANSKINA

Lehen probarako gai zerrenda

1.-Nafarroako Legeria eta erakundeak.

1.1. Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoa, martxoaren 26ko 1/2001 Lege Organikoak aldatua. Atariko titulua.

1.2. Nafarroako Parlamentua edo Gorteak. Parlamentuko Mahaiaren 2007ko urriaren 8ko erabakia, Parlamentuaren Erregelamenduaren Testu Bategina onesten duena: IV. titulua, "Nafarroako Parlamentuaren antolamendua" eta V. titulua, "Funtzionamenduari buruzko arau orokorrak". Nafarroako Foru Komunitateko arartekoa: uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legea.

1.3. Nafarroako Gobernuari eta lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legea.

1.4. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legea.

1.5. Nafarroako Segurtasun Publikoari buruzko uztailaren 20ko 8/2006 Foru Legea.

1.6. Nafarroako Poliziei buruzko martxoaren 23ko 8/2007 Foru Legea.

1.7. Nafarroako Foruzaingoko lanpostuak betetzeko Erregelamendua onesten duen martxoaren 25eko 57/2002 Foru Dekretua.

1.8. Nafarroako Foruzaingoko kideen lanaldien, ordutegien eta ordainsarien Erregelamendua onesten duen urtarrilaren 10eko 1/2005 Foru Dekretua.

1.9. Nafarroako Foruzaingoaren zerbitzuen gutuna onesten duen otsailaren 23ko 38/2006 Foru Agindua, Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariak emana.

1.10. Abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bategina onesten duena.

1.11. Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legea, urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak aldatua: VII. Tituluko ("Administrazio errekurtsoak") II. Kapitulua eta IX. Titulua ("Zehapen ahalmena").

1.12. Zigor Kodeari buruzko azaroaren 23ko 10/1995 Lege Organikoa; atariko titulua: "Zigor-bermeak eta zigor-legearen aplikazioa", I. Titulua: "Arau-hauste penala", II. Titulua: "Delitu eta faltei dagokienez erantzukizun kriminala duten pertsonak", eta III. Titulua: "Zigorrak".

1.13. Herritarren Segurtasuna Babesteari buruzko otsailaren 21eko 1/1992 Lege Organikoa.

1.14. Polizia-deontologia. Etika, moral eta deontologia kontzeptuak. Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsala. Europako Kontseiluaren Ministroen Komitearen 2001/10 Gomendioa, poliziaren etikaren Europako kodeari buruzkoa. Segurtasun Indar eta Kidegoei buruzko martxoaren 13ko 2/1986 Lege Organikoa: I. Tituluko II. Kapitulua, "Segurtasun Indar eta Kidegoen jokabidearen funtsezko oinarriak"

Oharra.-Zein egunetan argitaratzen den deialdia Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean, egun horretako legeriaren arabera eskatuko dira gai guztiak.

2.-Nafarroako geografia.

2.1. Nafarroako geomorfologia: morfoegitura unitate nagusiak: Ebroren arroa eta Pirinioak.

2.2. Nafarroako orografia: ezaugarri nagusiak eta Iparraldeko eta Hegoaldeko Pirinioen adarrak. Biztanleriaren eta ekonomiaren gaineko eragina.

2.3. Nafarroako klimatologia: Nafarroan kliman eragiten duten faktoreak. Klima motak Nafarroan. Landaredia: motak eta banaketa.

2.4. Nafarroako hidrologia. Nafarroako ibaien ezaugarriak. Isurialdeak eta arroak: azterketa eta deskribapena. Unitate hidrogeologikoak.

2.5. Nafarroako nekazaritza: eskualdeak eta motak. Nafarroako abeltzaintza: espezieak, eskualdeak, produkzioa eta kokapena. Nafarroako meatzaritza.

2.6. Nafarroako industria: bilakaera, kokapena, arazoak Nafarroan.

2.7. Nafarroako hirugarren sektorea: hezkuntza, komunikazioak, merkataritza. Nafarroako errepideen sarea. Mendateak.

2.8. Nafarroako biztanleria: ezaugarriak, bilakaera, banaketa, eremuak, migrazio mugimenduak. Nafarroako habitata. Biztanleen lanbide eta gizarte egitura.

2.9. Ipar-mendebaldeko eta Pirinioetako Nafarroa hezearen azterketa.

2.10. Pirinioetako arroen azterketa.

2.11. Erdialdeko ekialdeko eta mendebaldeko Nafarroaren azterketa.

2.12. Ekialdeko eta mendebaldeko Erriberaren azterketa.

3.-Zientziak.

3.1. Ekologia: faktoreak, esku-hartzea, ekosistemak, oreka biologikoa. Natura zaintzea.

3.2. Mugimendua: mota desberdinen azterketa problemak ebazteko aplikaturik.

3.3. Indarrak, masa eta azalerazioarekin lotuta. Indar unitateen erabilera.

3.4. Lana, potentzia, energia eta makinak. Problemetarako aplikazioa.

3.5. Berotasunaren azterketa eta makina termiko batzuetarako aplikazioak.

3.6. Elektrizitatea: motak, unitateak, zirkuitu baten osagaiak eta korronte elektrikoaren efektuak.

3.7. Materiaren egitura atomikoa eta molekularra.

3.8. Zatikiak. Eragiketetarako aplikazioak.

3.9. Proportzionaltasuna. Hiruko erregela bakun eta konposatua, ehuneko hainbat, banaketa proportzionala eta interes bakuna eta interes konposatua.

3.10. Nazioarteko neurri sistema.

3.11. Geometria: planoa, poligonoak. Ariketa praktikoak.

3.12. Geometria: espazioa, poliedroak, piramidea, konoa, esfera. Ariketa praktikoak.

4.-Hizkuntza.

4.1. Substantiboaren, adjektiboaren eta aditzaren morfologia. Esaldi bakunaren sintaxia.

4.2. Esaldi konposatuaren sintaxia. Deskribapena: hainbat mota. Deskripzioaren objektibotasuna eta subjektibotasuna.

4.3. ortografia.

4.4. Sinonimoak eta antonimoak.

III. ERANSKINA

Bigarren probari dagozkion ariketak

1.-Uretan aritzeko gaitasunari buruzko testa (igeriketa).

Abiatzeko jarrera: zutik, igerilekuaren kanpo-ertzean. Ezin izanen da erabili urpean igeri egiteko betaurrekorik ez bertze baliabiderik ere, baina bai igeri egiteko betaurrekoak.

Nola egin: ateratzeko seinalea entzun ondoan, izangaia uretan murgildu eta 50 metro igerian eginen ditu, ur azalean nahiz urpean, ahalik eta denbora laburrenean. Irteeratik 10 metrora urpean eginen du igeri, bi metro, horretarako propio jarritako tartean, eta gero kontrako paretaraino segituko du, han buelta eman eta irteerara itzuliko da. Arestian aipatu tartera iristean berriz ere urpean eginen ditu bi metro, eta paretaraino segituko du gero.

Ondokoak dira kanporatzeko arrazoiak:

a) Kortxoetan pausatu, atseden hartu edo haietaz baliatuz bultzada hartzea.

b) Igerilekuaren ertzean pausatu edo atseden hartzea.

b) Igerilekuaren hondoan bultzada hartzea.

c) Kalez aldatzea.

d) Urpean igeri egiteko eremuan burua ur gainera ateratzea.

Kanporatuak geldituko dira, halaber, baliorik gabeko bi irteera egiten dituztenak (ateratzeko seinalea eman baino lehen).

Kalifikazioa: egindako denborak kontuan hartuz.

GIZONEZKOAK EMAKUMEZKOAK KALIFIKAZIOA

55" baino gehiago 58" baino gehiago Ez gai

55" edo gutiago 58" edo gutiago Gai

Denbora neurtuko da ehunenak kontuan hartu gabe.

2.-Erresistentzia proba: Course Navette-ren testa.

Izangaiek lasterka egin beharko dute, joan eta etorri, 20 metroko bide puska batean, magnetofoi bateko seinaleen bidez agintzen zaien erritmoan.

Izangaiek, seinalea entzutean, ibilbidearen bi muturrak seinalatzen dituzten marrak zapaldu beharko dituzte, lehenik bat eta gero bestea. Buelta emanen da oin baten gainean bermatuz eta marra zapalduz. Zintak soinua emanen du tarte erregularren arabera; probaren hasieran abiadura motela izanen da, baina gero eta azkarragoa bilakatuko da.

Testaren xedea da magnetofoiak markatzen duen erritmoari eustea.

Ondokoak izanen dira izangaiak kanporatzeko arrazoiak:

a) Izangaia gelditzen denean.

b) Izangaia bere kaletik ateratzen denean.

c) Izangaiak ibilbide bat bukatzeko haren muturreko marra zapaltzen ez duenean.

d) Seinale akustikoa entzutean marra zapaltzen ez badu hiru aldiz jarraian (seinalea entzuten denean, lineatik metro bateko tartea onartuko da).

Kalifikazioa: bide puska zenbat aldiz egiten den kontuan harturik.

GIZONEZKOAK EMAKUMEZKOAK KALIFIKAZIOA

10 baino gutiago 8 baino gutiago Ez gai

10 edo gehiago 8 edo gehiago Gai

3.-Besoetako indarraren testa.

Abiatzeko jarrera: barratik zintzilik egonen da izangaia, besoak flexionatuta, esku ahurrak gibelera begira, zangoak luze-luze eta oinak lurra ukitzen ez dutela. Kokotsa barraren gainetik, barra eta eskuak ukitzeke. Eskuak hutsik, eskularrurik edo beste inolako lagungarririk gabe.

Nola egin: helburua da hasierako posizioari eustea eskatutako denboran, gutxienez. Kronometroa martxan jarriko da izangaia hasierako posizioan modu egokian jarri bezain laster.

Ondokoak izanen dira izangaiak kanporatzeko arrazoiak:

a) Izangaiak barra zein eskuak kokotsarekin ukitu edo kokotsa barra baino beherago jaisten badu.

b) Izangaiak zangoak flexionatzen baditu.

c) Izangaiak gorputza kulunkatzen badu.

Kalifikazioa: proba bukatutzat ematen den arte, izangai bakoitza hasierako posizioan egondako denboraren eta ondoko eskalaren arabera:

GIZONEZKOAK EMAKUMEZKOAK KALIFIKAZIOA

40" baino gutxiago 25" baino gutxiago Ez gai

40 edo gehiago 25 edo gehiago Gai

Denbora neurtuko da hamarrenak kontuan hartu gabe.

4.-Gorako jauziaren testa.

Abiatzeko jarrera: zutik "Bosco System" plataformaren barnean. Izangaiak besoak mugi ditzake eta enbor-belaunak tolestu ere bai, baina oinak mugitzerik ez du, ezta lurretik osorik nahiz apur bat bereizterik ere, jauzia egin aitzin.

Nola egin: izangaiak ahalik eta jauzi altuena egin behar du eta airean egon ahalik eta luzeen. Zutik erori behar du plataformaren barruan, oreka galdu eta errebotatu gabe.

Jauzia baliogabetuko da honelakoetan:

a) Izangaia plataformatik kanpo erortzen bada, oin batekin edo biekin.

b) Izangaiak plataforma ukitzen duenean oinez bertzeko edozein gorputz-atalekin.

c) Izangaiak errebotatzen duenean plataformara erortzean.

Izangaiak nahi adina saio egiten ahalko ditu bi jauzi teknikoki baliagarri direnak egin arte.

Kalifikazioa: jauzi egitean izangaiak airean irauten duen denboraren arabera, "Bosco System" plataformak neurtzen duen bezala, hots, zatikiak ehunenetan.

GIZONEZKOAK EMAKUMEZKOAK KALIFIKAZIOA

0"57 baino gutxiago 0"47 baino gutxiago Ez gai

0"57 edo gehiago 0"47 edo gehiago Gai

Denbora neurtuko da milarenak kontuan hartu gabe.

5.-Zalutasun proba (Barrow testa).

Abiatzeko jarrera: zutik zutoinaren ondoan, irteera marraren gibelean.

Nola egin: probaren helburua da ahalik eta lasterren korritzea "zortzi" baten itxurako zirkuitu bat, bortz zutoinez mugatua. Horietako lauk 8,66 bider 5 metroko laukizuzen baten erpinak seinalatzen dituzte eta borzgarrena erdi-erdian dago (ikus grafikoa). Izangaiek bi aldiz egin behar dute zirkuitua, behin norabide bakoitzean (A eta B ibilbideak grafikoan).

Saio baliogabea izanen da honako hau gertatzen denean:

a) Izangaiak zutoin bat botatzen duenean.

b) Izangaia ibilbidetik ateratzen denean.

Abiadura - zalutasun (Barrow testa)

Izangai bakoitzak bi saio izanen ditu ibilbide bakoitzean, saioa baliogabetzat hartzen bada.

Ondokoak dira kanporatzeko arrazoiak:

a) Ibilbideetako batean (A edo B) bi saio baliogabe egitea.

b) Probarako gehienez aurreikusitako denbora gainditzea.

Kalifikazioa: izangaiek bi ibilbideetan (A + B) emandako denbora batuko da, kontuan hartuz horiek bukatzen direla izangaia irteera-marrara iristen denean.

GIZONEZKOAK EMAKUMEZKOAK KALIFIKAZIOA

25"8 baino gehiago 27"8 baino gehiago Ez gai

25"8 edo gutiago 27"8 edo gutiago Gai

IV. ERANSKINA

Bazterbide medikoak

1.-Ikuspegia. Begien sistema

-Zuzendu gabeko begi zolitasuna:

-4/10 bi begietan, edo

-3/10 begirik okerrenean eta 5/10 onenean, edo

-2/10 begirik okerrenean eta 6/10 onenean.

-Ikuseremu monokularra: ezin izanen da plano horizontalean 120º-tik beherakoa izan, eta murrizketa nabarmenik gabekoa izanen da ikuseremuko meridiano batetik bestera.

-Diplopia.

-Diskromatopsia larriak.

-Estereopsi falta.

-Keratotomia erradiala.

2.-Entzumena. Entzuteko sistema

-Belarri zolitasuna, belarri batean 45 dB-ko edo gehiagoko galera duena 500tik 3.000 Hz bitarteko frekuentzietan.

-Orekari loturiko alterazioak, edozein etiologiatakoak.

3.-Mintzamena

-Afasiak, disfoniak, disfemiak (hitz toteltasuna), disartria eta diglosia iraunkorrak, polizia lanetan aritzea zaildu edo galarazten dutenak.

4.-Giharren eta eskeletoaren aparatua

-Artikulazioren baten galera anatomikoa edo ankilosia, eginkizunetarako duen eraginaren arabera.

-Prozesu artikularrak, eginkizunetarako duten eraginaren arabera, zeinahi etiologiaren ondorio direla ere.

-Eskoliosiak, 20º baino handiagoak.

-Zifosiak, 30º baino handiagoak.

-Espondilolisia, espondilolistesia, ornoen bategiteak eta ornoarteko diskoaren arazoak.

-Espondilitis ankilosantea.

-Paget-en eritasuna.

-Osteoporosia eta osteomalazia (eginkizunetarako duen eraginaren arabera).

-Fibromialgia.

-Deformazio anatomikoak, eginkizunetarako duten eraginaren arabera.

5.-Digestio aparatua

-Crohn-en eritasuna eta kolitis ultzeraduna.

-B eta C hepatitisa aktiboa izatea edo birusaren eramailea izatea.

-Gibeleko gutxiegitasuna, ebaluazio mahaiak baloratu beharrekoa.

-Zirrosi hepatikoa.

-Behazun-zirrosi primarioa.

-Pankreatitis kronikoa.

-Fibrosi kistikoa.

-Sabelaldeko paretako etena, ebaluazio mahaiak baloratu beharrekoa.

-Kakari eutsi ezina.

6.-Bihotz-hodietako sistema

-Bihotzeko gutxiegitasuna, maila guztietan.

-Arritmia eta blokeoak: aurre-eszitazio sindromea eta bihotzaren erritmoaren edo kondukzioaren alterazio mota guztiak, salbu eta arritmia sinusala, BGE edo BE solteak, 1. mailako blokeo AB, Eskuineko Adarraren Blokeo Osoa eta Ezkerreko Adarraren hemiblokeoak.

-Kardiopatia iskemikoa, maila guztietan.

-Balbulopatiak.

-Miokardiopatiak.

-Perikardiopatia kronikoak.

-Biriketako hipertentsio primarioa eta sekundarioa.

-Arterietako iskemia kronikoaren sindromea.

-Arterietako hipertentsioa (TAS > 140 eta TAD > 90).

-Arterietako hipotentsioa (TAS < 90 eta TAD < 45).

-Zainen eta baso linfatikoen gutxiegitasuna.

7.-Arnas aparatua

-Arnas aparatuaren afekzio kronikoak (Bronkitis kronikoa, BBEK, Enfisema, Bronkiektasiak).

-Pleurako isuri berrituak.

-Berezko pneumotorax berrituak.

-Eritasun interstizialak eta/edo biriketako fibrosia.

-Asma eta bronkioetako hiperrerreaktibotasuna.

8.-Nerbio-sistema

-Epilepsia.

-Esklerosi anizkoitza eta bertzelako eritasun desmielinizanteak.

-Neurona motorearen eritasunak.

-Ataxiak.

-Buruko eta integrazioko funtzioen alterazioak (arrazoitze abstraktoa, oroimena, adimena eta funtzio betearazleak).

-Parkinson-en eritasuna eta bertzelako alterazio estrapiramidalak.

-Odol-hodien afekzio iskemikoak, hemorragikoak edo malformazioren baten ondoriozkoak.

-Miastenia larria eta juntura neuromuskularraren bertzelako arazoak.

-Bertigoak.

-Siringomielia.

-Hidrozefalia.

-Miopatiak.

-Nerbio-sistema zentralaren lesioaren ondoriozko paralisia.

-Nerbio-sistema periferikoaren lesioaren ondoriozko paralisia, funtzioetan duen eraginaren arabera.

-Nerbio-sistema periferikoaren eritasunak, funtzioetan duten eraginaren arabera.

-Neke kronikoaren sindromea.

-Anosmia.

-Beste alterazio motore batzuk (tikak, estereotipia motoreak, loaren alterazioak), giza harremanetan eta lanean izan dezaketen eraginaren arabera.

9.-Alterazio psikiatrikoak.

-Buruko alterazio organikoak, prozesu automugatuak eta itzulgarriak kenduta.

-Buruaren eta jokabidearen alterazioak, substantzia psikotropikoen kontsumoaren ondoriozkoak (alkohola barne).

-Eskizofrenia eta bertzelako alterazio psikotikoak.

-Gogo-aldartearen alterazioak (jokabide bipolarrak, alterazio depresibo errepikariak, depresioaldi handia, alterazio distimikoak).

-Antsietate-alterazioak, ondorio kliniko nabarmena baldin badute.

-Barne-bultzaden kontrolaren eta izaeraren alterazioak, giza harremanetan eta lanean eragina dutenak.

10.-Sexu eta gernu-aparatua

-Giltzurruneko gutxiegitasuna, bilakaera eta pronostikoaren arabera.

-Pixari eutsi ezina.

-Giltzurruneko polikistosia.

11.-Sistema endokrinologikoa

-Ardatz hipotalamo-hipofisarioaren alterazioak.

-Hipertiroidismoa eta hipotiroidismoa, bilakaeraren eta pronostikoaren arabera.

-Addison, Cushing, Feokromozitoma eta giltzurrunen gaineko guruinen bertzelako alterazioak.

-Hipoaldosteronismo primarioa eta sekundarioa.

-Mellitus diabetesa.

-Adenomatosi endokrino anizkoitza.

-Hipoparatiroidismoa eta hiperparatiroidismoa, bilakaeraren eta pronostikoaren arabera.

12.-Larrua, fanerak eta guruin exokrinoak

-Orbainak eta azalaren prozesu kronikoak, baldin eta haien hedadura, funtzioetan izan dezaketen eragina eta kokapena ikusirik, polizia lanetan aritzea eragozten baldin badute.

13.-Odola eta organo hematopoietikoak

-Muineko aplasia, gaueko hemoglobinuria paroxistikoa, sindrome mieloproliferatiboak, anemia hemolitiko kronikoak, ß-talasemia anemiadunak.

-Linfomak, bilakaeraren eta pronostikoaren arabera.

-Sindrome linfoproliferatibo kronikoak, bilakaeraren eta pronostikoaren arabera.

-Mieloma anizkoitza eta Waldeström-en eritasuna.

-Hemofiliak eta hemostasiaren bertzelako alterazioak.

-Inmunoeskasiak.

-Esplenektomia.

-Antikoagulatzaileak (Heparinak, Sintrom), Interferon, kortikoideak edo EPO erabiltzen dituzten tratamendu kronikoak.

14.-Bestelakoak

-GIB birusaren antigorputzen eramailea.

-Amiloidosia.

-Kolagenosia.

-Lupus eritematoso sistemikoa.

-Artritis erreumatoidea.

-Esklerodermia.

-Sjögren-en sindromea.

-Baskulitisa, ebaluazio mahaiak baloratu beharrekoa.

-Obesitatea (GMI > 25).

15.-Ohar orokorrak

-Baztertzeko moduko patologiak ebaluazio mahaiak baloratuko ditu funtzioetan duten ondorioen arabera eta polizia lanetan aritzeko pronostikoaren arabera.

-Prozesu neoplasikoetan eta organoen transplanteen kasuetan, ebaluazio mahaiak gaitasuna baloratuko du, bilakaeraren eta pronostikoaren arabera.

-Funtzioetan eragina duten gorputzeko bertzelako aparatu edo sistemetako afekzioak, balorazio mahaiaren iritziz, polizia lanetan aritzea eragozten baldin badute.

Iragarkiaren kodea: F0803561