26. ALDIZKARIA - 2008ko otsailaren 27a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.6. Beste batzuk

ERABAKIA Nafarroako Unibertsitate Publikoaren 2008ko ekitaldiko aurrekontua eta beste arau osagarri batzuk onesteari buruzkoa.

Unibertsitateko Estatutuen 134. artikuluan xedatutakoaren arabera, unibertsitate publikoaren aurrekontua publikoa, bakarra eta orekatua izango da, baimenduriko gastu guztiak hartuko ditu, eta, Unibertsitateei buruzko 6/2001 Legearen 81. artikuluak ezarritakoaren arabera, Unibertsitateak urte natural bakoitzean egiten dituen diru-sarreren balioespena. Halaber, aipatu manu horretan xedatzen da Kudeatzailetzak aurrekontuaren aurreproiektua egingo duela, eta honek Foru Erkidegoari eskatzen zaion finantzaketaren zenbatekoa adieraziko du. Eskatutako finantzaketa zehazturik, Gobernu Kontseiluak aurrekontu-proiektua onetsiko du, eta Gizarte Kontseiluari onesteko emango dio.

Gizarte Kontseiluaren Ekonomia Batzordeak 2007ko irailaren 25ean hartutako erabakiaz ezarri ziren Nafarroako Unibertsitate Publikoaren 2008. urteko aurrekontuaren proiektua prestatzeko irizpide orokorrak.

Irizpide horien arabera, Plangintza, Prospektiba eta Ekonomia Gaietarako Errektoreordetzak behar den analisia egin du, eta guztirako zenbatekoak ezarri ditu, Gizarte Kontseiluak onetsitako arauak aplikatu ondoren.

Gobernu Kontseiluak proposatuta, Ekonomia Batzordearen txostenarekin, eta bere kideek eztabaidatu eta gero, honako hau da Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Gizarte Kontseiluak, 2007ko abenduaren 28an egindako bileran, hartu duen

19/2007 ERABAKIA

Lehenengoa.-Nafarroako Unibertsitate Publikoaren 2008. urteko aurrekontua onestea, bere diru-sarreren eta gastuen egoera-orrien arabera. Aurrekontua 82.487.601,08 eurokoa da, eta honela dauzka banatuta gastuak eta diru-sarrerak:

GASTUAK:

I. Kapitulua.-Langileak: 48.320.686,44 euro.

II. kapitulua.-Ohiko ondasun eta zerbitzuak: 16.381.741,81 euro.

III. kapitulua.-Finantza gastuak: 7.671,81 euro.

IV. kapitulua.-Transferentzia arruntak: 1.799.335,26 euro.

VI. kapitulua.-Inbertsio errealak: 15.978.165,76 euro.

Gastuak guztira: 82.487.601,08 euro.

DIRU-SARRERAK:

III. kapitulua.-Tasak, prezio publikoak eta bestelako diru-sarrerak: 9.154.259,52 euro.

IV. kapitulua.-Transferentzia arruntak: 57.253.778,96 euro.

V. kapitulua.-Ondarezko diru-sarrerak: 371.122,09 euro.

VII. kapitulua.-Kapital transferentziak: 10.300.002,00 euro.

VIII. kapitulua.-Finantza-aktiboak: 5.408.438,50 euro.

Diru-sarrerak guztira: 82.487.601,08 euro.

Bigarrena.-Abenduaren 9ko 20/1994ko Foru legearen 2.5 c) artikuluan eta Unibertsitateei buruzko Lege Organikoaren 81.4 artikuluan ezarritakoa betetzeko, onestea irakasleen eta ikertzaileen, eta administrazio eta zerbitzuetako langileen kostuak. Ordainketa-sarien gehikuntzak Nafarroako eta Estatuko Aurrekontu Orokorren legeekin bat etorriz beteko dira.

Hirugarrena.-Unibertsitateak 2008. urterako duen aurrekontua Betetzeko Oinarriak onestea.

Laugarrena.-2008. urteko aurrekontuaren II. eranskinean azaltzen diren prezio publikoak onestea.

Bosgarrena.-Unibertsitate-Gizarte Fundazioaren 2008ko aurrekontua onestea. 2008ko aurrekontuaren III. eranskinean agertzen da.

Seigarrena.-Lurralde nazional osoan ofizialak eta baliodunak diren tituluak erdiesteko ikasketen prezio publikoak ordaintzeko salbuespenak Estatuak edo Foru Erkidegoak beren eskumenak betez emandako araudian ezarritakoak izango dira, eta, betiere, aipatu prezio publiko horiek urtero arautzen dituen foru-arauan aurreikusitakoak.

Zazpigarrena.-Hasierako aurrekonturako "Diruzaintzako Gerakin Orokorra" 870.01 kontusailean aurreikusten zen Diruzaintzako Gerakin Orokorra, 5.408.438,50 eurokoa, 2008ko aurrekontuaren defizitaren finantzaketara bideratzea.

Zortzigarrena.-Irakasleen eta Ikertzaileen Lanpostu Zerrendari buruzko proposamena onestea eta errektorea gaitzea, eskumena duen errektoreordeak proposaturik, unibertsitateko irakaskidegoetakoak ez diren lanpostuen zerrendak aldatu ahal ditzan.

Bederatzigarrena.-Nafarroako Unibertsitate Publikoaren administrazio eta zerbitzuetako langileen 2008ko Lanpostu Zerrenda aldatzeko proposamena onestea, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Negoziazio Mahaian ordezkaritza duten sindikatuei entzun eta gero, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren administrazio eta zerbitzuetako langileei aplikatu beharreko araubide juridikoa egokitzeari buruzko erabakia kontuan hartuz, eta maiatzaren 12ko 110/2003 Foru Dekretuak, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Estatutuak onesten dituenak, 106.1 artikuluan ezarritako arau-agindua betez.

Hamargarrena.-Abenduaren 1eko 19/98 Foru Legearen 2. artikulua betetzeko, Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakasleen ordainsariak onestea:

a) Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakasleen ordainketei buruzko abenduaren 1eko 19/98 Foru Legean ezarritakoarekin bat etorriz, irakaskidegoetako funtzionarioen ordainketa kontzeptuak aplikatzetik aterako den zenbatekoa 2.388.832 eurokoa dela kalkulatu da, eta "Irakaskidegoetako ordainketa-osagarriak norberaren merezimenduengatik" izeneko 121.03 azpikontzeptu ekonomikoaren kargura beteko da.

b) Aurrekontuaren I. eranskinean jartzea, eta hor sartuko dira zenbateko horren guztiaren banaketarako irizpideak, ekainaren 2an Gizarte Kontseiluak 309/99 erabakian hartuak. (12/2001 erabakiak aldatua).

c) Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakasleen ordainketei buruzko 19/98 Foru Legearen 2.c artikulua betetzeko, Nafarroako Unibertsitate Publikoko 2008ko aurrekontuaren eranskinean jarriko da norberaren ordainketa kontzeptuak jasoko dituzten pertsonen zerrenda, hartzaile bakoitzari dagokion zenbatekoa zehaztuz, Gizarte Kontseiluak 2008ko ekitaldirako osagarriak esleitzeko erabakia hartu bezain laster. Zerrenda hori Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Kontseilariari bidaliko zaio, jakinaren gainean egon dadin.

Hamaikagarrena.-LOU legearen 83. artikuluaren babesean izenpetutako kontratuen ekarpen ekonomikoak, honako jarduera hauetarako erabiliko dira:

a) % 8 unibertsitatearen gastu orokorretarako

b) Sailek, institutuek edo ikerketa-zentroek, Saileko Kontseiluak edo organo eskumendunak gai horri buruz hartutako erabakiaren bidez, aldatzen ahal dute sailek jasaten duten zeharkako kostuen ehunekoa, betiere % 3a eta % 7a bitartekoa bada.

Ehuneko hori urtero aldatzen ahalko da, baina, betiere, bi urte natural osoko indarraldia izan behar du. Ehunekoa finkatu eta gero, 15 egun naturaleko epean, unibertsitateko Ekonomia eta Ikerketa Zerbitzuei eman behar zaie horren berri, eta, nolanahi ere, aplikatu behar den urteko unibertsitatearen aurrekontua onetsi baino lehen.

Azkenean, ehuneko horiek arautegiaren bidez ezarriko dira, eta arautegi hori Gobernu Kontseiluan onetsiko da.

c) Zeharkako kostuen % 7 aplikatuko da Elektronika eta Komunikazioetako I+G zentroan garatzen diren proiektuetan.

Hamabigarrena.-Kudeatzaileari, Plangintza, Prospektiba eta Ekonomia Gaietarako errektoreordeari, Ekonomia Gaietarako Zerbitzuko zuzendariari eta kontu-hartzaileari erabaki honen berri ematea.

Hamahirugarrena.-Erabaki hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea.

Hamalaugarrena.-Erabaki hau errektoreari igortzea, bete dadin.

Iruñean, 2008ko abenduaren 28an.-Gizarte kontseiluko burua, Jesús Irurre Arigita.

Iragarkiaren kodea: F0801895