26. ALDIZKARIA - 2008ko otsailaren 27a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.6. Beste batzuk

587/2008 EBAZPENA, otsailaren 6koa, Enpresaren zuzendari nagusiak emana. Honen bidez administrazio-baimena ematen da Larragako udal mugapeko Larragako herrigunean, gas natural kanalizatua banatzeko.

Gas Navarra, S.A. enpresak 2007ko azaroaren 27an aurretiko administrazio-baimena eskatu zuen, Larragako herrigunean gas natural kanalizatua banatzeko proiektua aurkeztuta.

Eskaera hori jendaurrean jarri zen iragarkia paratuz 2008ko 6. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean, urtarrilaren 14koan, eta "Diario de Navarra" nahiz "Diario de Noticias" egunkarietan 2007ko abenduaren 18an, bai eta Larragako Udalaren iragarki oholean ere. Epe horretan ez da alegaziorik aurkeztu.

Proiektuaren oinarrizko datuak honako hauek dira:

Proiektuko banaketa sarearen presioa 2 eta 5 bar artekoa da Larragako hirigunearen hegoaldean NA-601 Larraga-Lerin errepideak eta La Cruz kaleak bat egiten duten gunearen inguruan jarriko den erregulazio armairuko irteeran. Sare hori dentsitate handiko polietilenozkoa izanen da UNE 53333-90 arauarekin bat, 6.338 metro luze ingurukoa eta, emarien arabera, diametro ezberdina izanen du.

Aurrekontuak hirurehun eta hirurogeita hamalau mila ehun eta emezortzi euro egiten du (374.118 euro).

Horrenbestez, Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentuko zuzendari nagusien eta idazkari tekniko nagusiaren aldi baterako ordezkoak izendatzeko Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentuko kontseilariak irailaren 27an eman 285/2007 Foru Aginduarekin bat, organoko titularra ez dagoenez,

EBATZI DUT:

1. Larragako herrigunean gas natural kanalizatua banatzeko administrazio-baimena ematea Gas Navarra, S.A. enpresari.

2. Instalazioak jartzeko baimena Zuzendaritza Nagusi honek eman behar du, ebazpen bidez, eta, horretarako, Gas Navarra, S.A. enpresak behin betiko proiektu teknikoa aurkeztu beharko du eta, hala balegokio, onura publikoaren deklaraziorako eskabidea.

3. Administrazio-baimena ondoko baldintzetara egokituko da:

Lehena.-Enpresak bi hilabeteko epean 7.482,36 euroko bermea jarri beharko du, espedientean agertzen diren instalazioen aurrekontuaren %2a, bere eginbeharrak beteko dituela ziurtatzeko. Bermea Nafarroako Gobernuko Ogasun Departamentuan jarri beharko da eta instalazioak abian jartzeko akta gauzatutakoan itzuliko da.

Bigarrena.-Enpresak Hidrokarburoen Sektoreari buruzko Legeko 74. artikuluan eta bereziki d) idatz-zatian aipatzen diren eginbeharrak beteko ditu. Artikulu horren indarrez Gas Navarra, S.A. beharturik dago hornidura ematera eta behar diren hedakuntzak egitera, baimen honen eremu geografikoaren barreneko edozein eskatzailek zerbitzua eskatuz gero.

Hirugarrena.-Administrazio-baimenaren titularra behartuta dago beste batzuk gas naturaleko sarera lotzeko kontratuak egitera, abuztuaren 3ko 949/2001 Errege Dekretuan, Hidrokarburoen Sektoreari buruzko urriaren 7ko 34/1998 Legean, haren aldaketetan eta hura garatzen duten gainerako xedapenetan ezarritakoari jarraikiz.

Laugarrena.-Aurretiko administrazio-baimenaren titularra abenduaren 27ko 1434/2002 Errege Dekretuko 10. artikuluan aipatzen diren eskubide eta baldintzak izanen ditu banatzailea den aldetik. Dekretu horren bidez arautzen dira gas naturala garraiatu, banatu eta merkaturatzeko jarduerak eta instalazioak baimentzeko prozedurak.

Bosgarrena.-Baimen honek ez du zerbitzua erabiltzeko eskubide esklusiborik ematen.

Seigarrena.-Zuzendaritza nagusi honek badu eskubidea baimena baliorik gabe uzteko baldin eta ezarritako baldintzak betetzen ez badira, hala emandako datuak zehatzak ez izateagatik nola horretarako bidea ematen duen beste edozein arrazoi berezirengatik.

Zazpigarrena.-Aurretiko administrazio-baimen hau ematen bada ere, ez dira alde batera utzi behar aplikatzekoak diren bestelako xedapenak, sektoreko legeria eta, bereziki, lurraldearen antolamenduari eta ingurumenari buruzkoa, kontuan izanik beharrezkoak diren kontzesioak eta baimenak.

4. Ebazpen hau Gas Navarra S.A.ri jakinaraztea (Antso Azkarra etorbideko 26, behea, 31008 Iruña), eta ohartaraztea administrazio bidea amaitzen ez duen ebazpen horren aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daitekeela, Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentuko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi eta biharamunetik aurrera.

5. Ebazpen hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea, orok jakin dezan.

Iruñean, 2008ko otsailaren 6an.-Azpiegituren, Instalazioen eta Industria Segurtasunaren Zerbitzuko zuzendaria, Enpleguaren zuzendari nagusiaren ordezkoa, José Antonio Ayesa Usabiaga.

Iragarkiaren kodea: F0802095