26. ALDIZKARIA - 2008ko otsailaren 27a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.6. Beste batzuk

241/2008 EBAZPENA, otsailaren 5ekoa, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiak emana, Ingurumen baimen integratua ematen duena Iruñeko udal mugapean ibilgailuetarako transmisio osagaiak egiteko jarduerarako. Eskatzailea Mecanizados Industria Auxiliar, S.A. da.

Instalazio hori, jadanik badena, Kutsaduraren aurkako aurreneurri eta kontrol integratuei buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legearen I. eranskineko 2.5.b) epigrafean jasota dago, hots, "Burdinazkoak ez diren metalak galdatzeko instalazioak, aleazioa barne, baita berreskuratze produktuak ere (fintzea, galdaketan moldatzea), egunean 4 tona berun eta kadmio edo, gainontzeko metal guztien kasuan, 20 tona galdatzeko ahalmena dutenak" izenekoan. Horren ondorioz, Ingurumen baimen integratuaren araubidearen menpe dago.

Instalazio hori, jadanik badena, Ingurumena babesteko esku hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Legearen 2B eranskineko 2.5.b) epigrafean sarturik dago, "Burdinazkoak ez diren metalak galdatzeko instalazioak, aleazioa barne, baita berreskuratze produktuak ere (fintzea, galdaketan moldatzea), egunean 4 tona berun eta kadmio eta gainontzeko metal guztien 20 tona ekoizteko ahalmena dutenak" eta, beraz, Ingurumen baimen integratuaren eta Ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioaren araubidearen menpe dago.

Industria establezimendua ez dago ekainaren 16ko 1254/1999 Errege Dekretuaren aplikazio eremuan. Dekretu horrek istripu larriek sortzen dituzten arriskuak kontrolatzeko neurriak onetsi zituen, gai arriskugarriak tarteko diren kasuetarako.

Egin den tramitazio administratiboaren laburpena ebazpen honen IV. eranskinean dago.

Ingurumen arloko eskumenak Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiari, Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzuko zuzendariari eta Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendariari eskuordetzen dizkien urriaren 10eko 426/2007 Foru Dekretuaren bidez eskuratu ditudan ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Ingurumen baimen integratua ematea Iruñeko udal mugapean ibilgailuetarako transmisio osagaiak egiteko jarduerarako. Eskatzailea Mecanizados Industria Auxiliar, S.A. da.

2. Jarduera hori Ingurumen baimen integratuaren eskaeraren oinarrizko proiektuan eta 1125/06 (AAI) espediente administratiboko gainerako agirietan aipatzen diren baldintzei jarraikiz garatu beharko da, betiere ebazpen honen II., III. eta IV. eranskinetako neurriak betez.

3. Ingurumen arloko baimen honek zortzi urteko indarraldia du. Indarraldia amaitu baino hamar hilabete lehenago, gutxienez, titularrak berriztapena eskatu beharko du, erregelamendu bidez ezarriko den administrazio prozedurari jarraikiz.

4. Jarduera edonola ere aldatzeko, titularrak aldez aurretik Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari jakinarazi beharko dio. Arrazoiak emanda, adierazi beharko du aldaketa funtsezkoa, nabarmena edo garrantzirik gabea den, Ingurumena babesteko esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamenduan xedatutakoarekin bat.

5. Hondakin arriskugarrien sortzaileen erregistroan duen inskripzioa bere horretan uzten da, P/80/NA/2005 zenbakia hain zuzen. Hondakin arriskugarriak sortzen dituen jarduera A232 da, Hondakin toxiko eta arriskugarriei buruzko maiatzaren 14ko 20/1986 Legea betearazteko Erregelamenduaren I. eranskineko 6. taularen arabera. Erregelamendu hori uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuaren bidez onetsi zen. Sortzen ahal diren hondakin arriskugarriak Ingurumen baimen integratuaren III. eranskinean ageri dira. Hondakin arriskugarrien produkzioan egiten diren aldaketa guztiak jakinarazi beharko dira, erregistratzeko eta, bidezkoa bada, aipatu III. eranskin horretan sartzeko.

6. Hondakin arriskugarriak ahalik eta gehien gutxitzeko titularrak aurkeztu duen azterlana onestea, ekainaren 20ko 952/1997 Errege Dekretuaren bigarren xedapen gehigarrian xedatutakoarekin bat.

7. 2008ko ekainaren 30a baino lehen, titularrak irekitzeko baimena eskatu beharko du, martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamenduaren 40. artikuluan eta ebazpen honen II. eranskinean ezartzen diren baldintzetan xedatutakoarekin bat. Aipatutako erregelamendua abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen.

8. Departamentu honek araudi sektorial aplikagarriaren ondorioz baimenaren xede den jarduera edo instalaziorako emandako baimenak eta gainerako administrazio egintzak indarrik gabe uztea, betiere ebazpen honetan espresuki haiei buruz egindako adierazpena badago.

9. Ebazpen hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea.

10. Adieraztea ebazpen honek ez duela administrazio bidea agortzen eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, horren kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dutela, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du alde batera uzten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epe horiek ebazpen honen jakinarazpena egin edo, bestela, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik aurrera hasiko dira kontatzen.

11. Ebazpen hau jakinaraztea Mecanizados Industria Auxiliar, S.A.ri, Iruñeko Udalari, Nilsari, Nafarroako Larrialdietako Agentziari eta Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2008ko otsailaren 5ean.-Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusia, Andrés Eciolaza Carballo.

Oharra: ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura daude, Ingurumenaren eta Uraren Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan, Iruñeko Armada etorbideko 2ko behean (8. solairua, Ingurumenaren Integrazioko Zerbitzua) eta Nafarroako Gobernuko web atarian, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren sailean, "Ingurumen baimenak" kontsulten atalean.

Iragarkiaren kodea: F0801938