26. ALDIZKARIA - 2008ko otsailaren 27a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.6. Beste batzuk

68/2008 EBAZPENA, otsailaren 6koa, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendariak emana, abenduaren 31ko 487/2007 Ebazpena, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendariak emandakoa, hein batean aldatzen duena. Ebazpen horren bidez Ingurumen ukipenetarako baimena eman zitzaion, zenbait baldintzarekin, Zangozako, Oibarko eta Kasedako udal mugapeetan 66 kV-eko aireko linea elektrikoa, zirkuitu bikoitzekoa, Zangoza Eraldaketa Azpiestazioa-Viscofan 2 Eraldaketa Azpiestazioa bitarte instalatzeko, Viscofan S.A. enpresaren baterako sorkuntzarako plantako energia ateratzeko. Horren sustatzailea Iberdrola Distribución Eléctrica, S.A.U. da.

2008ko urtarrilaren 15ean, Viscofan SAk idazki bat igorri zuen adieraziz lehen aipatutako 487/2007 Ebazpenean ageri dela sustatzailea Iberdrola Distribución Eléctrica, S.A.U. dela, eta zuzentzeko eskatu du, Ingurumen ukipenetarako baimena Viscofan, S.A.ri eman dakion, bera baita proposamenaren sustatzailea.

Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Foru Legearen (4/1999 Legeak aldatu zuena) 105. artikuluan ezartzen da Administrazioak bere egintzak alda ditzakeela, aldaketa antolamendu juridikoaren kontrakoa ez bada.

Espedientean dauden txostenak ikusirik, eta aipatutako 4/2005 Foru Aginduaren 28.1 artikuluan agertzen diren eskumenak erabiliz, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak urriaren 10ean emandako 426/2007 Foru Aginduan ezarritakoaren arabera nire esku baitaude,

EBATZI DUT:

1. 487/2007 Ebazpena, abenduaren 31koa, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendariak emana, hein batean aldatzea. Ebazpen horren bidez Ingurumen ukipenetarako baimena eman zitzaion Iberdrola Distribución Eléctrica, S.A.U.ri, Zangozako, Oibarko eta Kasedako udal mugapeetan 66 kV-eko aireko linea elektrikoa", zirkuitu bikoitzekoa, Zangoza ST-ST Viscofan 2 bitarte instalatzeko, Visfofan S.A. enpresaren baterako sorkuntzarako plantako energia ateratzeko. Ebazpenaren 1. atalak testu hau izanen du:

"1. Viscofan, S.A. enpresari Ingurumen ukipenetarako baimena ematen diona, Zangozako, Oibarko eta Kasedako udal mugapeetan 66 kV-eko aireko linea elektrikoa", zirkuitu bikoitzekoa, Zangoza ST-ST Viscofan 2 bitarte instalatzeko, Viscofan S.A. enpresaren baterako sorkuntzarako plantako energia ateratzeko".

2. Baimena baldintza eta neurri zuzentzaile hauek betetzearen menpe ematen da:

-Burutu aitzin, sustatzaileak Vianako Printzea Erakundearen adostasun txostena aurkeztu beharko du, ondare kulturarekiko (historiko-artistikoarekiko) ukipenari dagokionez, eta Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzuko Plangintza eta Laguntza Atalarena Donejakue Bidearekiko eta P-43 Iraganbidea, T-10 Zeharbidea eta P-19 Iraganbidea izeneko abelbideekiko.

-La Mueda putzuko ingurunean loreen jarraipen espezializatua eta txosten bat eginen dira, flora interesgarriarekiko ukipenak saihesteko, Baldellia ranunculoides eta Orchis laxiflora espezieekikoak bereziki. Bestelako balio naturalak ahalik eta gutxien ukitzeko, honako hauek hartuko dira kontuan:

a) Makineria edo materiala garraiatzeko ibilgailuak sartzeko, ahal dela, dauden bideak erabili beharko dira. b) Oraingo linea kentzeko, hezeguneak saihestuko dira. c) Hegaztien ugaltze aroari ez eragozteko, martxotik uztailera bitarte ez da lanik eginen.

-Obrak bukatzean, jarduketa horrek aldaturiko lurrak lehengoratu eta zehatz-mehatz garbituko dira. Hondealanetik sortutako soberakinak. hondakinak eta deseginiko materialak hondakindegin baimendun batera eramanen dira.

-Egin nahi diren jarduerek uki ditzaketen edo obren trabagarri izan daitezkeen azpiegitura eta bide-zorrei dagokienez, enpresa sustatzaileak, obrak gauzatzen hasi baino lehen, behar diren baimen guztiak eskuratuko ditu kasuan kasuko gaian eskudun diren organoetatik.

3. Ebazpen honek ez du administrazio bidea agortzen eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, horren kontra gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du alde batera uzten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunean hasiko dira kontatzen.

4. Ebazpen hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea.

5. Ebazpen hau Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuari, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuko Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuari, Ingurumen Zaintzari, Kasedako, Oibarko eta Zangozako udalei eta interesdunari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2008ko otsailaren 6an.-Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.

Iragarkiaren kodea: F0802333